Abu 13 08

Mahmud Darwish hil da

67 urte zituela zendu da Mahmud Darwish idazlea 2008ko abuztuaren 9an. Palestinako poeta eta kulturgizon ezagunena, 1941ean sortu zen Al Biwra-n, zazpi urte geroago israeldarrek suntsitu zuten herrixkan. Geroztik erbestean eta borroka politikoan jarduna exilioan —1996an Ramallara itzul zedin baimen espresoa eman zion arte Israelgo Legebiltzarrak—, bere poemen bitartez herri palestinarraren adierazle handienetako bat izatea lortu du. Darwishen bederatzi poema euskaraturik bidali dizkigu Koldo Izagirrek, eta 1988an Itxaro Bordak itzulitakoekin batera, hogeita bost poema eskaintzen dizkizuegu orain.

Mundu arabe osoan ezagutua, idazletzaz gain, kultur eta politiko eragile gisa ere aritu da hil den arte; berak idatzi zuen 1988an Palestinaren Independentziaren Adierazpena. Palestinarrentzat zoritxarraren eguna den Naqba (Israelgo estatuaren sorrera) egunaren 60. urteurrena iragan berri dela, duela hogei urte, 1988an, 40. urteurrenaren karietara, Maiatz aldizkariak Palestinako literaturari buruzko artikulu bat plazaratu zuen bere 16. zenbakian, hainbat poeta palestinarren olerkiak euskaratuz. Itxaro Bordak prestatu eta itzuli zituen lanok, horien artean Mahmud Darwishen 16 poema.

Interneten badira Mahmud Darwishi buruzko guneak, bere poemak, elkarrizketak, bideoak… Gune ofizialean, adibidez, idazlearen ahotsez entzungo dituzu poemak; eta Wikipediako frantsesezko artikuluak loturak eskaintzen ditu. Arabez idatzia, Darwishek zuzentzen zuen Al Karmel aldizkaria ere kontsulta dezakezu sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak