Urt 09 08

Simone de Beauvoirren jaiotzaren mendeurrena

Duela 100 urte jaio zen, 1908ko urtarrilaren 9an, Parisen, Simone de Beauvoir. Idazlea, pentsalaria, eragile soziala, XX. mendeko pertsonaia nabarmenen artean tokia egina du paristar emakumeak. Saiakera eta literaturaren alorrean hainbat lan egindakoa, feminismoari egindako ekarpenak gogoratzen zaizkio batik bat, eta, bizitza osoan bere emakumetasuna aldarrikatu zuenari, Jean Paul Sartrerekiko (eta existentzialismoarekiko) harremana. Eleberriak, saiakerak eta memoria liburuak idatzi zituen, baina euskaraz bakarra irakur daiteke: Besteen odola. Ibaizabalek Literatura Unibertsalaren bilduman kaleratua, Oier Alonso Etxebarriak euskaratua, osorik eskaintzen dugu.

Familia burges eta kristau batean hazia, letrak ikastekoa zenak unibertsitatera iritsi eta filosofiarantz jo zuen, eta irakasle aritu Marseillan, II. Mundu Gerrak irakasletza eten zion arte. Unibertsitatean Jean Paul Sartre ezagutua, bizitza osoan bikote (amour necessaire, beste batzuk amour contingent zirela) izan zuenarekiko harremana hasi zuen, eta harekin batera baita mugimendu existentzialista osoarekiko ere. Gerra garaian eta ostean Parisen, taldearen emaitza da Temps modernes aldizkaria, Simone de Beauvoir sortzaileen artean izan zuena.

Sartreren lagun baino askoz gehiago izan zen, dena den, Simone de Beauvoir. Pentsalari eta eragile soziala izan zen, eta bere ekarpena handia izan zen feminismoaren alorrean, batez ere Le Deuxième Sexe liburua plazaratuz gero. Eta idazle izan zen. Literaturan lehen liburua –L’invitée– plazaratu zuenetik izan zuen harrera ona eta arrakasta, eta bere saiakera eta literatur lanek idazle jardutea ahalbidetu zioten. Munduan zehar bidaiatu zen, Kuba, Txina, Aljeria eta hainbat tokitako garaiko errealitatea ezagutuz eta ezagutaraziz. Kubarekiko harremanak handiak izan ziren, Aljeriako gerraren salaketa egin zuen, eta Hego Amerikan ere ibili zen (hara Nelson Algren idazle estatubatuarrarekin joan zen, bere beste amour handiarekin: Goncourt saria erdietsi zuen Les Mandarines liburuak harreman hau du kontagai). Hil zen arte, Frantziako kultur eta literatur mugimenduan erreferentzia izan zen.

Bere lan orotarik Besteen odola da euskaraz irakur daitekeen bakarra. Oier Alonsok euskaratua, II. Mundu Gerran eta erresistentziaren eremuan kokatua, Frantzia okupatuan, militanteen arteko harremanen gainean eta konpromisoarekiko harremanei buruz dihardu.

Aurten, mendeurrena dela eta, ekitaldi eta omenaldiak antolatuak dira Frantzian. Ponte izenez Jeanne Marie Bertrand de Beauvoir izan zena, Simone de Beauvoir, 1986ko apirilaren 14an zendu zen, Parisen. Montparnasseko hilerrian datza, Jean Paul Sartre lagun duela.

Eleberriak

  • L’Invitée (1943)
  • Le Sang des autres (1945)
  • Tous les hommes sont mortels (1946)
  • Les Mandarins (1954)
  • Les Belles Images (1966)
  • La Femme rompue (1968)
  • Quand prime le spirituel (1979)

Saiakera:

  • Pyrrhus et Cinéas (1944)
  • L’Existentialisme et la Sagesse des nations (1945)
  • Pour une morale de l’ambiguïté (1947)
  • Le Deuxième Sexe (1949)
  • Privilèges (1955)
  • La Longue Marche (1957)
  • La Vieillesse (1970)
  • Faut-il brûler Sade? (1972)

Memoria liburuak:

  • L’Amérique au jour le jour (1948)
  • Mémoires d’une jeune fille rangée (1958)
  • La Force de l’âge (1960)
  • La Force des choses (1963)
  • Une mort très douce (1964)
  • Tout compte fait (1972)
  • La Cérémonie des adieux (1981)
  • Journal de guerre (1990)
  • Lettres à Sartre, Tome I et II (1990)
  • Lettres à Nelson Algreen (1997)
  • Correspondance croisée. 1937-1940 (2004)
  • Cahiers de jeunesse (2008)

Antzerkia:

    Les Bouches inutiles (1945)

Interneten ez dago Simone de Beauvoirri buruzko gune berezitu gehiegi, baino asko dira haren ekarpenaren ingurukoak, batez ere feminismoaren alorrekoak. Bere bizitza eta lanari buruzkoak, orokorrak:

Agenda

Efemerideak

Kritikak