Uzt 12 07

Euzko-Gogoa aldizkariko
literatur kritikak

XX. mendeko euskal kultur eta literatur aldizkarien erreferentzia ezinbestekoa, erbestetik euskararen aldarria egin zuen Euzko-Gogoa agerkariak ere heldu zion literatur kritikari, hasieratik, 1950eko bigarren zenbakitik. Zaitegirekin batera aldizkariaren motor zen Andima Ibinagabeitiak egindakoak gehienak, 71 kritika edo azterlan kaleratu zituen, 1950eko hamarkadako euskal literaturaren produkzioari segimendua eginez. Gerraosteko belaunaldiaren agertoki, iruzkindutako egileen zerrenda ere horixe da: Iokin Zaitegi, Jon Etxaide, Orixe, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Xabier Iratzeder, A.M. Labaien, Agustin Anabitarte… Hemen dituzu kritika guztiok.

Gerraondoko euskal proiektu lehenetako bat Euzko-Gogoa aldizkaria izan zen, Iokin Zaitegik eta Andima Ibinagabeitiak bultzatua eta gidatua, hasieran Orixe ere lagun zutela, estreina Guatemalan (1950-1955) eta 1956tik 1959ra Miarritzen egina. Ekimen euskaltzale apartekoa, kultur aldizkari honek hauspotu zituen, erbestetik, frankismo garaian errautsek itotako garrak. Belaunaldi oso baten agertoki ia bakarra izan zen, urte askoan kontrario aurkeztu zaigun Egan aldizkariarekin batera. Erlijio kutsua dariona maiz, erbesteak eragindako euskal mundu “galduaren” halako idealizazioa ere egin zuena hasiera batean —”euskal munduaz” gain gerra ere galdu zutenek egina da aldizkaria—, hala ere esan daiteke bere sormarkarik handiena euskararen aldeko apustu zalantzarik gabea izan zela. Eta Zaitegi eta Ibinagabeitiaren ekimenez batez ere, euskara alor modernoetara ekartzeko ahalegina barne.

Kolaboratzaile hurbilenekoenak elizgizonak ziren, eta sare hau baliatu zuen munduko hainbat “misiotako” lanak erakartzeko edo Hego Euskal Herrian banatua izateko, baina frankismoan ernaturiko belaunaldi berriko eta ez preseski aldare usainekoaren agertoki ere izan zen: Jon Miranderen berrogeitaka testu, Gabriel Arestiren lehen poema eta itzulpenak, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua-ren “hasikin” bat, 1956ko udan, eleberria osorik argitaratu aurretik… Azpimarragarria da, adibidez, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberriak bi kritika dituela, Andima Ibinagabeitiak eta Nemesio Etxanizek sinatuak, eta aintzat hartzen dutela biek ala biek. “Oraintasunez betea” seinalatzen du Ibinagabeitiak haseiratik bertatik.

Hasieratik beretik heldu zioten literatur kritikari, 1950. urteko bigarren zenbakitik (Zaitegiren hiru lan iruzkinduz Ibinagabeitiak), eta 50eko hamarkadari errepasoa egin zioten. Agerikoa da, hala ere, lehen urteetan gehienbat, Guatemalan zeudela eta jasotako liburuen araberakoa dela “katalogoa”. Liburuak berari bidali dizkiotela baina berak horiek pagatzeko txanponak artean ez dizkiola igorri ere aitortzen du kritikaren batean Ibinagabeitiak. Itxaropena argitaletxearen produkzioa da, literatur ikuspegitik bederen, komentatua eta aintzat hartua, eta horrez gain argitalpen solteak eta erlijio ordenen esku zeudenak —Arantzazukoa, noski, karmeldarrena…—.

Hamarkada horretako liburu aipagarrienak iruzkindu zituzten aldizkarian: Alos Torrea, Joanak joan, Purra-purra!, Urte guziko meza-bezperak, Unamuno eta Abendats, Kanta-kantari, Olerki berrizte, Milla euskal olerki eder, Bidalien egiñak, Leturiaren egunkari ezkutua, Arranegi… Eta horiekin batera, urte horietan berrargitaratutako zenbait klasiko: Gero, Garoa, Peru Abarka, Biotz begietan. Komentatutako egileak, beraz, gerraosteko belaunaldiko esanguratsuenak: Iokin Zaitegi, Jon Etxaide, Orixe, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Jon Gurutz Ibargutxi, Xabier Iratzeder, A.M. Labaien, Eusebio Erkiaga, Satarka, Agustin Anabitarte, Aingeru Irigarai…

Euskal egileez gain, urte horietan euskaratu eta inportante izandako zenbait itzulpenek ere iruzkinik merezi izan zuten: Shakespeareren Hamlet, Jimenezen Platero ta biok, Longfellowren Ebanjeliñe, Svensonen Noni eta Mani.

Andima Ibinagabeitiak eginak dira kritikarik gehienak, lehen urteetako ia denak. Azken aldera Nemesio Etxanizek ere egin zituen batzuk, eta bakanen bat Jon Etxaidek, Zeletak, Orixek, Norbert Tauerrek, A.M. Labaienek, Jaime Kerexetak…

71 dira Euzko-Gogoa aldizkariaren bederatzi urtetako produkzioan bildu ditugun literatur kritikak, hemen irakurgai jarri ditugunak:

Agenda

Efemerideak

Kritikak