Eka 25 07

Baudelaireren Les Fleurs du Mal-ek 150 urte

Duela 150 urte, 1857ko ekainaren 25ean, argitaratu zen Les Fleurs du Mal, mundu osoko literaturan erreferentzia den Charles Baudelaireren poema liburua. Liburua ez da osorik argitaratu euskaraz, baina bai dozena bat poema, gehienbat aldizkarietan. Hain zuzen ere 80 urte geroago ekainaren 25ean fusilatu zuten Lauaxetak eman zituen argitara lehenak Euzkadi egunkarian, eta gero Gabriel Arestik, Iokin Zaitegik, Joakin Balentziak, Luis Arostegik eta Joseba Sarrionandiak itzuli dute Baudelaireren poemarik. Horretaz gain, ordea La Fanfarlo (Erein, 1991) narrazioa, Juan Kruz Igerabidek euskaratua, eta Haxixaren poema eta Wagner Parisen lanak ere ekarri dira euskarara, azken biak Oier Alonsok euskaratuak (Infomart, 1998 eta 1999). Hemen eskaintzen dizkizugu.

Ez du aurkezpen askoren beharrik Charles Baudelairek. Izate modernoaren aita, poeta sinbolista, dandy unibertsala, eragile sozial mutiri eta aztoratzailea, 1848ko Iraultzan jarduna, arte kritikari zorrotza… Parisen jaioa 1821eko apirilaren 9an, Lyon eta Parisen egin zituen ikasketak. Aita haur zelarik hil zitzaiola, harreman gatazkatsua izan zuen bere aitaordearekin, Aupick komandantearekin. Bizimodu askearen ekintzailea, giro gaiztoen zale, ezaguna egin zen Parisko XIX. mende erdialdeko bizimodu bohemioan. Bere hainbat idatzitan protagonsita den Jeanne Duvalekin izandako harremanak ere bere izenaren inguruko eskandaluarekin areago lotu zuen —mulata zen Duval andereñoa—.

Estetetika modernoaren bultzatzailea, estetika pentsamendu eta bizimodu gisa, arteari buruzko bere kontzeptu eta idatziak abangoardiakoak dira. Eta eragin handia izan dute geroko idazle eta artistengan. Parisen egiten zen Salon erakusketaren bere kritikek sona handia izan zuten, eta hainbat autore aldarrikatu zituen (Delacroix, besteak beste). Artearen filosofia oso bat garatu zuena, musikaz ere idatzi zuen.

Poesiak, eta batez ere Les Fleurs du Mal-ek ekarri zioten, nolanahi dela, sona handiena. 1857an kaleratu zuen liburua eta auzipetu egin zuten moralaren aurkakoa zelakoan. Madame Bovaryren publikazioa zela eta Gustave Flauberten aurkako auzian salaketa aurrera ermana zuen prokuradore nagusi berberak, Ernest Pinard-ek jardun zuen Les Fleurs du Mal-en aurka ere. Dozena erdi poema kendu behar izan zituen (Les bijoux; Le Léthé; À celle qui est trop gaie; Lesbos; Femmes damnées; Les métamorphoses du vampire), eta 300 frankoko isuna ezarri zitzaion, Eugenie enperadorearearen eraginez murriztu omen zena. Lau urte geroago, hala ere, berriro argitara atera zuen, eta baita beste edizio zuzendua 1868an ere, 35 poema erantsiz 1857koari (debekatutakoak, dena den, Belgikan argitaratu behar izan zituen Les Epaves izeneko obran). Liburu horrek eman dio sona, baina badu besterik ere: Paradisu artifizialak; Poema txikiak prosan… Eta bere ondorengo literaturan eragin handia izan duen autorea da. Parisen zendu zen, 1967ko abuztuaren 31n.

Euskaraz Lauaxetak argitaratu zuen lehenik Charles Baudelaire, 1929an. Hiru poemaren itzulpena argitaratu zuen Euzkadi egunkarian 1929, 1930 eta 1931n, Izaya, Odol-iturrija eta Gorespena. Eta laugarren baten hiru ahapaldi egunkari horretan egiten zuen Azalpenak izeneko bere zerrendako artikulu batean. Zaharra eta itsasoa poemako hiru ahapaldi. Poematxo hau, hain zuzen ere, euskaratua zuen —1927ko data darama— Iokin Zaitegik. Ez zen, hala ere, argitaratu 1990eko Hegats-en azaldu zen arte. Idatz & Mintz aldizkariko 2. zenbakian Jon Kortazarrek ere eman zituen Lauaxetak itzulitako hiru poemotarik bi.

Literatur aldizkariek hartu baitute Baudelaireren Les Fleurs du Mal liburuko poemen argitaratzea. 1954ko Euzko-Gogoan Gabriel Arestik Gauontzak euskaratu zuen, poeta bilbotarrak argitara emandako bigarren itzulpen lana. Hiru urte geroago, Les Fleurs du Mal-en mendeurrena bete zelarik, Egan aldizkariak tartetxoa eskaini efemerideari eta Gabriel Arestik euskaratutako Bedeinkazioa eta Tristurazko madrigala argitaratu zituen (azken hau Oh Euzkadi aldizkariak berriro plazaratu zuen 1980ko hamarkadan).

Eta urte asko geroago, 1985ean, Korrok aldizkarian egin zuen artikulua Baudelaireri buruz (eta Verlaine eta Rimbaudi buruz) Joakin Balentziak, eta bi poema euskaratu: Erraldoiemea eta Etsaia. Luis Arostegik, azkenik, Izan zaitez tristea, oi Oinazea kaleratu zuen 1994ko Karmel-en. Aldizkarietatik at, Izkiriaturik aurkitu ditudanb ene poemak liburuan Joseba Sarrionandiak Iluntzea poema ekarri zigun.

Ez dira poemak bakarrik izan, ordea, euskarara itzulitako Baudelaireren lanak. Erein etxeko Bartleby Sailak bere narrazio ezagunenetakoa kaleratu zuen, La Fanfarlo, 1991n, Juan Kruz Igerabidek euskaratuta. Eta Oier Alonsok Haxixaren poema eta Wagner Parisen testuak argitaratu zituen Infomart argitaletxearekin, 1998an eta 1999an.

Internet:

Bibliografia:

  • Le Salon de 1845 (1845)
  • Le Salon de 1846 (1846)
  • La Fanfarlo (1847), eleberria
  • Du vin et du haschisch (1851)
  • Fusées (1851)
  • L’Art romantique (1852)
  • Morale du Joujou (1853, réécrit en 1869)
  • Exposition universelle (1855)
  • Les Fleurs du mal (1857)
  • Poèmes du haschich (1858)
  • Le Salon de 1859 (1859)
  • Les Paradis artificiels (1860)
  • La Chevelure (1861)
  • Réflexions sur quelques-uns de mes contemporains (1861)
  • Richard Wagner et Tannhaüser à Paris (1861)
  • Petits poèmes en prose ou Le Spleen de Paris (1862)
  • Le Peintre de la vie moderne (1863)
  • L’œuvre et la vie d’Eugène Delacroix (1863)
  • Mon cœur mis à nu (1864)
  • Curiosités esthétiques (1868)
  • L’art romantique (1869)
  • Journaux intimes (1851-1862)

Aipamen bat

  1. Literatur Emailuak » Baudelaire, Wagner eta haxixa:

    [...] 2007an bete ziren 150 urte Charles Baudelairek Les Fleurs du Mal argitaratu zuela. Hori, Petits poèmes en prose (Ou Le Spleen de Paris) eta Les Paradis Artificiels ditu libururik ezagunenak, baina besterik ere idatzi zuen. Literaturaz gain, Baudelaire dandya beste hainbat diziplinaren jarraitzaile eta kritikari izan zen, eta hainbat idazki eta saiakera idatzi zituen. Ezagunak dira Salon arte ekitaldiari egin izan zizkion kritikak, arteaz azaldu izan zuen kezka. Musika ere izan zuen aipagai: 1948ko Iraultzan parte hartu zuen urte berean Richard Wagnerren lanaren jarraitzaile egin zen, eta konpositorearen Tännhauser Parisen jokatu zelarik, hartaz idatzi zuen. Arte diziplinez ez ezik, baina, bazuen beste afiziorik ere Baudelairek, horien artean haxixaren kontsumoa. Eta haren defentsa idatzia ere egin zuen opioarena De Quinceyk egina zeukan maneran. Bi testuok, Wagner Parisen eta Haxixaren poema, euskaratuak ditu Oier Alonsok, eta Infomart argitaletxearekin kaleratuak 1998 eta 1999an. Hementxe eskaintzen dizkizugu osorik. Kategoriak: liburuak osorik, urteurrenak, euskarara ekarriak. WordPress bitartez weberatua. [...]

Agenda

Efemerideak

Kritikak