Abu 12 20

Jose Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena

200 urte bete dira Jose Mari Iparragirre jaio zela. Urretxun sortu zen 1820ko abuztuaren 12an Euskal Herriak eman duen kantari ezagunenetako bat. Aro erromantikoen seme, Argentinara joan eta etorreran Madrilen, Europan, Euskal Herrian kantuak sortzen eta zuzenean eskaintzen dagoeneko gure ondare lirikoaren pieza garrantzitsuak direnak ondu zituen, gure poeta kantatuena bilakatuz. Kantuok seguruenik beste batzuen kalitate gorena ez badute ere,  herriaren sentimenduekin bat egiten asmatu zuen eta entzulearengana aise iristen diren letra eta melodiak dira. Bigarren mendeurren honetan, Hiriak haren kantu eta poemekin osatutako liburua, Olerkiak eta eresiak, eskaintzen dizuegu.

Abu 08 20

Shirley Jacksonen Loteria

1965eko abuztuaren 8an zendu zen Shirley Jackson idazle estatubatuarra. 48 urte lehenago San Franciscon jaioa, narrazio laburreko maisu izan zen, beldurrezko narratibaren XX. mendeko gailurretako bat. Eleberriak ere idatzi zituen (The Haunting of Hill House, esaterako). Ipuinak argitaratzen hasia, The Lottery narrazioak, 1948an The New Yorker-en argitaratua, eman zion sona handia. Sakoneko AEBetako herrietan kokatutako istorio durduzagarria, euskaraz irakur dezakezu Loteria, Izaskun Etxebeste Zubizarretak bikain euskaratua.

Abu 02 20

Joan Mari Torrealdairen bidetik

Kultura eta euskalgintzaren erreferenteetako bat joan da Joan Mari Torrealdairen heriotzarekin. Frankismopean euskal kontzientzia arrapizten butzada egindako belaunaldiko kide izan zen, Jakin aldizkariaren orrietatik. Beti euskarazko jarduna ardatz, Euskaldunon Egunkaria-ren egitasmoan pieza garrantzitsua izan zen hasieratik, torturazko itxieran ere zorigaiztoko protagonista izanik. Kulturaren arbolaren hainbat adarretan azterlanean aritua, liburugintzaren ikertzaile ekina izan zen eta alor horretan arreta berezia eskaini zion zentsurari. Ikerketa horren fruitu izan zen Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura lana, Susa argitaletxearekin 2000. urtean argitaratua, hemen osorik irakur dezakezuna. Torrealdairen lan eskergaren ale bat, bere bide oparoa zedarritzen duten mugarri askotako bat, Susa eta Armiarma egitasmoetatik haren heriotzan omenaldi xume gisa gogora ekarri nahi izan duguna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak