Abu 18 19

Jacques Roumain haitiarraren Ebano zura

1944ko abuztuaren 18an zendu zen Jacques Roumain idazle eta politikari haitiarra. 37 urte baino ez zituen, baina ordurako obra poetiko eta literario sendoa uzteaz gain, erreferentzia bihurtua zen bere herriko gizartean. Haitiko Alderdi Komunistaren sortzailea, antiinperialismoa eta behartsuenen defentsa ardatz izan ziren haren jardun politiko eta literarioan. Hil zirela 75 urte bete diren honetan, 1945ean kaleratu zuen Ebano zura (Bois d’ébène) poemategiko Preludioa ekarri diogu euskarari.

Abu 16 19

Saiakerak epub formatuan

Bere katalogo osoa ebook euskarrian eskaintzeko ahaleginean, Saiakera bildumako hainbat titulu ekarri ditu Susa argitaletxeak epub formatura, eta argitaletxearen webguneko dendan eskura daitezke orain. Denak kulturgintzaren inguruan ardazturiko lanak izanagatik ere, gai eta estilo oso desberdineko tituluak dira webgunera ere osoan ekarri dituenak: Camembert helburu (Jon Alonso, 1998), Artaziak (Joan Mari Torrealdai, 2000), Gabriel Aresti – biografia (Angel Zelaieta, 2000), Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan (Edorta Jimenez, 2003), Mila ezker (Garbiñe Ubeda, 2009), Ez dago etxean (Jokin Urain, 2010), eta Autopsiarako frogak (Koldo Izagirre, 2010).

Abu 13 19

H.G. Wellsen Gizon ikusezina

1946ko abuztuaren 13an zendu zen zientzia fikzioaren eremuan aitzindarietakoa dugun H.G. Wells idazle, kazetari eta soziologoa. Bestelako idazlanik badu ere, alor zientifiko eta zientzia fikzioarenean zehazki lortu zuen ospea, bereziki bere burua ikusezin egitea lortutako Griffin pertsonaia protagonista duen Gizon ikusezina eleberriarekin. Miren Arratibelek euskaratua, Literatura Unibertsala bilduman kaleratu zen 1997an.

Abu 07 19

Toni Morrisonen bizitzaren neurria

Toni Morrison, Nobel saria irabazi zuen lehen emakume beltza, 88 urte zituela hil da abuztuaren 5ean. Idazle estatubatuarrak, bere nobeletan modu erreferentzialean jorratu zuen arrazagatik, emakume izateagatik eta klaseagatik jasandako zapalkuntza, errealismo gordina eta magikotasuna uztartuz. Beloved (1987) bere obra entzutetsuena euskaraz ere irakurtzen ahal dugu, Anton Garikanoren itzulpenean 2004an argitaratu baitzuten Alberdaniak eta Elkarrek Maitea izenburuaz, Literatura Unibertsala bilduman. Oraingo honetan, Itziar Iriondok euskaratutako Gaueko hitzak dakarkizugu, 1995ean Ereinek argitaratua. Nobel saria jasotzerakoan emandako hitzaldiak osatzen du liburuxka. Hizkuntzaren indar eraldatzailearen aldarria funtsean. Bertako pasarte batean dio: “Hil egiten gara. Horixe da, behar bada, bizitzaren esanahia. Baina hizkuntza egin egiten dugu. Hori izan daiteke gure bizitzen neurria”.

Abu 01 19

Zergaitik idazten zuen George Orwellek?

Oso umetatik, bost edo sei urte nituenetik agian, banekien handitan idazlea izango nintzela. Horrela idatzi zuen George Orwell idazleak berak. Eta Ana Moralesek euskarara ekarri, Xerezaderen artxiboan ahotsa jarri eta orain sarean eskaintzen dugu Orwell idazlearen testua: Zergaitik idazten dudan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak