Eka 13 19

Helbiderik gabeko lekuak


Helbiderik gabeko lekuak poemaren bideoa sareratu du Iñigo Astiz idazleak Oskar Alegriaren irudien laguntzarekin. Analfabetoa poema liburuko poema da Helbiderik gabeko lekuak.

Helbiderik gabeko lekuak

Izen batzuk gogoratzen ditut.

Ganekoborda, Sagardia,
Karakoetxea, Mariantonenea,
Juanenea…

Ez dakit non dauden,
baina badakit badirela.
Zuri entzuten nizkizun, aita.

Banan-banan esaten ditut orain
eta topatzen zaitut
niretzat helbiderik ez duten
leku horietan.

Eka 09 19

Ernst Jandl-en hamar poema

XX. mendeko egile esperimental garrantzitsuenetakotzat jotzen da Ernst Jandl idazle austriarra, 2000ko ekainaren 9an hil zena. Tradizio dadaistan hasia, hitz-jokoak, esperimentatzea, umorea… izan dira bere lanaren, batez ere poesiaren, ezaugarri nagusiak. Antzerkia eta opera ere idatzitakoa, Iñigo Astizek eta Samara Veltek euskarara ekarri dituzten hamar poemotan testuen edukiak bezainbat antolamenduak ere duen garrantzia nabari daiteke.

Eka 07 19

Branco, Berger eta Alvarez Caccamoren poemak

Redondelako Illa de San Simonen izan zen iaz Miren Agur Meabe, poesia-itzulpen tailer batean, “Con barqueira e remador” izenekoan. Nazioarteko sei poeta bildu eta elkarren lanak itzuli zituzten. Hiru dakartzagu gaur: Rosa Alice Branco portugaldarra, Jaunaren azienda liburuarekin ezagun egin zena; Latinoamerikarekin harreman handia duen Timo Berger poeta eta itzultzaile alemaniarra; eta euskaraz lehendik ere poema pare bat itzuliak zeuzkan Xose Maria Alvarez Caccamo idazle galegoa. Hona hemen bakoitzaren seina poema, Portugal, Alemania eta Galiziatik.

Eka 05 19

Poesiaren pausa

Ean, 2019ko ekainean

PAUSATU BEHARRA DAGO

Pausatu beharra dago igartzeko zertan ari garen. Albo baterantz egin beharra dago, edo hobe esanda, alboetarantz; bazterretatik hobeto antzematen baita zentralitatea. Zurrunbilotik at kokatu, eta zikloek bidea egin dezaten utzi. Edo akaso, zirkuluaren hasierara itzuli, geure buruari patxadaz erreparatzeko, nola ari garen ikusteko, tresnak berritzeko, birpentsatzeko… Poesia Egunen bide honetan gorpuztu ditugun egiteko-modu ezberdinak ikusteko, oharkabean ala oharturik. Poesia Egunak bidean eraiki eta deseraiki baitira, eta geu, antolatzaileok, bide horretan ere eraiki eta deseraiki dugu gure jarduna, batzuetan kontzienteki, beste batzuetan zurrunbiloak harrapaturik.

OREKAREN SOKATIK TIRAKA

2004an ekin genion bideari, egun bakarreko ekimenarekin: Gabriel Arestiren Eguna. Omenaldia egin nahi genion, Eako herritarrok Arestirekiko zorrak kitatu nahi genituen, bere obra ezagutaraziz, herrian bertan bere obraren oihartzuna biziaraziz. Asmo hura handituz joan da. Urterik urte, Poesia Egunak Gabriel Arestiren etxEA izan dira. Etxe horretako zutabe guztiak kuestionatu ditugu denon artean. Poesia mailu bat da? galdetzen genuen 2005ean. EtxEA sendotu, berriztu, eta edertu egin dugu urte guzti hauetan, leihoak ireki dizkiogu. Oreka izan dugu iparrorratzetariko bat antolakuntzan, eta ekilibrista-lanak egin ditugu bi muturren arteko ikuspegi artistikoak gurera biltzeko: batetik, ekimen herrikoia antolatzea izan dugu jomugan; bestetik, berritzaile izateko bokazioa ere izan dugu. Bi ikuspegi artistiko horiek, herrikoitasuna eta berrikuntza, izan ziren Gabriel Arestiren sorkuntzan iparrorratz.

(gehiago…)

Agenda

Efemerideak

Kritikak