Api 19 19

Sarako idazleen biltzarra

Beste behin, eta badira 36 edizio dagoeneko, Sarako idazleen biltzarra ospatuko da. Aurtengoan bi egun hartuko ditu biltzarrak Sarako kiroldegian eta bere liburuekin izango dira idazleak apirilaren 22an eta 23an. Ekitaldi sorta oparoa izango da astelehen eta asteartez eta besteak beste egitarauko zenbait saio ekarri ditugu hona. Itxaro Bordak eta Severine Dabadie argazkilariak Poema bat da herri hau liburua aurkeztuko dute Elkar argitaletxearen eskutik. Pamiela argitaletxeko nobedadeak aurkeztuko dituzte Juan Carlos Etxegoien Xamar eta Kepa Altonaga idazleek: Etxera bidean eta Douvoisin kapitainaren malura. Xabi Erkizia, Arantxa Iturbe eta Lucas Rullok berriz idazleen ahotsak bilduz sortutako Afoniak emanaldi berezia eskainiko dute. Itziar Madinak XXI. mendeko euskal literatura aztertuko du eta Euskal idazleen elkarteko Garbiñe Ubedak eta Peru Iparragirrek hitzaldi bana emango dute elkartearen izenean. Azkenik euskarazko irakurketa nola sustatu asmatzen saiatuko dira Lierni Arizaga kazetaria, Maider Bexagar liburuzaina, Peio D’Uhalt editorea, Lucien Etxezaharreta idazlea eta Maiatz argitaletxeko kidea eta Baionako Mediatekako Gilles Riviere liburuzaina.

Api 18 19

Iñigo Astizen zortzi poema, hondakindegitik erreskatatuak

Datozen asteotan kaleratuko da Analfabetoa, Iñigo Astizen bigarren poema liburua. 2012an argitaratu zuen estreinakoa, Baita hondakinak ere. Orduko poemak oinarri hartuta, Hondakindegia eskaini zuen 2014an, Mikel Ayerberekin batera. Performancea ere izan zen errezital hartatik erreskatatu ditugu zortzi poemok:

Esperimentu biopolitikoa kalean
Maitasun sorpresa demografikoa
Errautsak
Tomateez aitarekin
Infinitua dastatzeko
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Objektuak
Euskal Herria (Ginsberg erara)

Api 18 19

Victor Hugoren Parisko Notre Dame

Parisko Andre Maria 1482 izenburuarekin argitaratu zen Victor Hugoren nobela 1931ko martxoaren 16an, aurrena hiru kapitulu kenduta eta urtebete geroago osorik. Lan honetan Notre Dame katedrala bipildu egiten da, eta aste honetako sutearen karietara 1997an Iñaki Azkunek Erein argitaletxean argiratu zuen euskarazko bertsioa ekarri gura izan dugu gogora.

Api 15 19

Murambi, Ruandako genozidioaren 25. urteurrenean

Apirilaren hasieran 25 urte bete dira Ruandako genozidioa abiatu zela. Hiru hilabetez, 800.000 pertsona hil zituzten tutsi eta hutuena baino areagokoa izan zen gatazkan, potentzia kolonialen baimenarekin.  1998an «Rwanda: écrire par devoir de mémoire» ekimena egin zuten 10 idazle afrikarrek, eta horren harira genozidioari buruzko lehen eleberria osatu zuen Boubacar Boris Diop idazle eta kazetari senegaldarrak: Murambi, le livre des ossements. Efemeridearen karietara, liburuko bi kapitulu dakartzagu, Mikel Elorzak euskaratuta.

Api 06 19

Pello Otxotekoren Haraindiko begiradaren bila

Duela 20 urte, Pasaiako Hiria saria irabazi eta eman zuen argitara bere lehen poema liburua Pello Otxotekok: Haraindiko begiradaren bila. Sendotu den poemagintza bideari hasiera emanda, gerora landu izan dituen eremu lirikoak agertzen dira lehen poemario honetan.  Jose Luis Padronek liburuaren sarreran dioenez, “argiaren eta itzalaren irri-joku eta geldiezinezko pausuak erakusten dizkigu. Begiradaren argia eta itzala agertzen du. Egunero. Gauero. Eguna itzaldu aurretik. Gaua argitu aurretik”. Hemen du osorik, murgildu nahi duenak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak