Eka 09 18

Jean Arbousseten poemak

Ehun urte hil zela Jean Arbousset lotinanta, beste asko bezala bere inguruan, bala batek kopetaren erdian jota ekainaren 9an. Sei hilabete lehenago inprimarazia zuen, zorionez, Hamabost gramoko liburua, caporal (Le Livre de Quinze grammes, caporal). Liburu eskasa zela alegia, pisu gutxiko umea. Horixe poeta umoretsu eta aldizka gordin honen ondare bakarra. Amorragarria da, Arbousseten maitasun poemak editore baten nagiak galdu zituelako, eta idazten ari zen nobela gerraren lokatzak galdu zuelako. Baina amorragarria da, batez ere, ez dugulako jakin ahal izango umore garratza eta seriostasun iluna maisuki lotu zituen gazteak nolako delikateziaz kantatu zuen maitasuna, zer istoriotan eraman nahi izan gintuen frontean idazten ari zen nobela hartan, umoretsu agian, garratz seguru aski, hunkigarri dudarik gabe. Bere gerra poemak geratu zaizkigu, bai, frontean idatziak, baina ez aberkoiak ez borrokarakoak. Maitasunaren akordua eta heriotza, heriotza maitale anker, Jean Arbousseten kupidarik gabeko poema ederretan.

Eka 09 18

Tximeletak bizkarrean, Ugaitz Agirreren nobela

Lehen eleberria du Ugaitz Agirrek Tximeletak bizkarrean, datorren ekainaren 12an aurkeztuko duena. Florentziako Unibertsitatean Historia irakaslea da Sara, eta istripu txiki batek iraganeko mamu bat ekarriko dio gogora. Aitari bisita egitera jaioterrian dela, gaztaroko mamu gehiago azalduko zaizkio. Nobelan zehar iraganaren zama honek protagonistarengan eta haren harremanetan duen eragina ezagutuko dugu.

Eka 07 18

Manex Pagolaren kantuak

2018ko ekainaren 7an hil zen Manex Pagola.  Idazle eta abeslaria, jardun politikoa ere izan zuena, bere garai eta herriarekin engaiatua, kantugile aparta izan genuen. Bereak dira 70 eta 80etan euskaldun askoren soinu-bandan tokia egina duten hainbat kantu. 1988an haietako asko Biziaren altzotik liburuan bildu zituen (80 kantu eta solasaldi bat), orain osorik eskaintzen dizueguna.

Agenda

Efemerideak

Kritikak