Urt 25 17

Txillardegi eta Saizarbitoria

Ez gatoz idazle bakoitzarentzat kale edo enparantza bana eskatzera, gaur ez behintzat. Aspaldiko liburu bat dakargu sarera, 1975ean Kriselu bilduman argitaratutako saiakera labur bat, Txillardegi eta Saizarbitoriaren nobelagintza, non Ibon Sarasolak bizi-bizi aztertu zituen Txillardegiren lehen hiru eleberriak eta Saizarbitoriaren aurrenekoa: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1960), Elsa Sheelen (1969) eta Egunero hasten delako (1969). Irakurleentzat gida moduan balio zezan plazaratu zen saiakera hau duela berrogei urte, baina bistan da Ibonek iritzia eman ere nahi zuela, 1969an argitaratutako bi nobeletatik Saizarbitoriarena goraipatzearren, ez baitzitzaion bidezkoa iruditu izan zituen “kritika negatiboak”.

Urt 20 17

David Tijeroren inguru poetikoa

Errealitateari eta existentziari so egiten dion idazlea da David Tijero, poesiara hurbildutakoa “inguruak eragiten diona deskribatzera”. Baina ingurukoa behatzean bere barne mundua kanporatzeko ere baliatzen ditu poemak. Molde narratiboan gehienetan, barnekoari bezala kanpokoari begi zoliz erreparatzen dio. 2001ean Kutxa saria irabazitako Dendako leihotik eta Birmingham etxearekin 2007an kaleratutako Porroten bilduma, Pasaia hiria saria irabazitakoa, eslaintzen dizkizuegu, Tijeroren mundu poetikoaren erakusgarri.

Urt 12 17

Hamabost urte
Literatur Emailuekin

2002ko urtarrilean abiatu genituen Literatur Emailuak, oraintxe 15 urte. Ostegunero emailez bidaltzeko astekari elektroniko bezala hasi zen asmoa, alde batetik gure literaturaren dinamismoaren berri emateko (agenda baten bitartez) eta bestetik albiste laburrak zabaltzeko: dela zerbait historikoa (efemeridea), dela liburuen digitalizazioa, dela testu literarioaren itzulpena… Gaurdaino egindako 780 Literatur Emailuez sortu diren edukiak Armiarma atariko web ezberdinetan gorde ditugu: Zubitegia, Euskarari Ekarriak, Klasikoen Gordailua, eta abar. Literatur Emailu edo albistegi hauek beren bloga dute, etenik gabe osatzen dena astero. Eskerrik asko hamabost urteotan lagundu diguzuen guztiei. Harpidetu nahi izanez gero, klik egin hemen.

Urt 10 17

Gabriela Mistralen sei poema

1957ko urtarrilaren 10ean hil zen Gabriela Mistral idazle txiletarra. Hispanoamerikako literaturgintzako izen handietariko bat —gaztelaniaren lehen Nobel saria, emakumezkoa— hezkuntza alorrean hasiera batean eta bere herriaren ordezkari diplomatiko gisa jardun zuen, baina literatur lanari emana gaztetandik. Poesia intimoa da berea, sentimenduek hartzen dutena, musikaltasun handikoa, neurtuan egina gehienetan. Olerti eta Egan aldizkarietan lehen ere euskarara ekarria (Etxaniz, Onaindia, Aresti), haren  heriotzaren 60. urteurrena den honetan Josu Landak euskaraturiko sei poema dakartzagu.

Urt 07 17

Hirugarren (H)ilbeltza astea Baztanen

Urtarrilaren 16tik 22ra egingo dira nobela beltzari buruzko (H)ilbeltza jardunaldiak Baztanen. Patxi Larrionen Feriatzaileak nobelaren inguruko solasaldiaren abiatuko dira, eta astean barrena hitzaldiak, mahai-inguruak, irakurraldiak eta liburu aurkezpenak izango dituzte. Arreta berezia eskainiko diete Gotzon Garateren nobela beltzei, aurten beteko dira-eta 40 urte Esku leuna eta Elizondoko eskutitza argitaratu zirela: “Esku leuna Azpeitiko Enparangain baserrian bukatu nuen, gero Elizondoko eskutitzak Amaiurko Iriartea baserrian”, kontatu zuen Gotzon Garatek.

Urt 05 17

Robert Antelmeren mendeurrena

Ehun urte bete dira urtarrilaren 5ean “Gizakietan espezie bakarra dago” deklaratu zuen gizakia jaio zela. Begi bistako baieztapena dirudi, baina Buchenwalden, Gandersheimen eta Dachaun jasan zuenaren ondorioa zen Robert Antelmeren esana, eta Primo Leviren  Hau gizon bat bada (Alberdania, 2001) lanaren mailan kokatu beharreko lekukotzaz haratagoko hausnarketan frogatu zuen (L’espèce humaine, 1947). “SSkoek erakutsi nahi izan dute espezie goren batekoak direla, eta hori frogatu beharrez erakutsi  dute borreroak zein biktimak espezie batekoak garela”. Egia jasanezin honek agerian uzten du deportatuaren helburua: krimenaren berri ematearren bizirautea ez baina bizitzea, botereak hala erabakitako bizitza “heriotzaren aurka zuhurki borrokatuz”. Horrela da gizakia gizaki. Robert Antelmek erresistentzian jardun zuen, baja eman zuen PCFn 1950ean Sobiet Batasuneko gulag sistema ezin onartuz, intsumisioaren eskubidea aldarrikatu zuen Aljeriako gerran 1960an, De Gaulleren aurka eta manifestarien alde agertu zen 1968an. Nobelagintzarako proiektu batzuk zeuzkan arren nahiago izan zuen liburu bakarreko egile iraun. Suntsimendu eremuetako errealitatea profanatzea iruditu zitzaion fikzioa baliatzea. Gizakiaren espeziea izendatu dugun liburu bakan, sakon eta durduzagarri horren zati bat euskaratu dugu idazle izugarri bezain diskretu honen omenez.

Urt 02 17

John Bergerren heriotza

2017ko urtarrilaren 2an, urtea hasi berri, hil da John Berger, “begi gainean izarak zabalduta, lekutu da mundutik”. 1926an Londresen jaioa, margolari izana eta arte kritikari zorrotza, idazletzari lotu zitzaion ondoren eta obra oparoa eskaini. Into their Labours trilogiak oihartzun handia izan zuen, lurra eta hura bizi dutenen kantu gordin eta ederra, baina haren obra osoa da azpimarratzekoa. Narratibaz gain, saiakera landu zuen —arte eta estetikaren alorrean bereziki, begiradaren munduan— eta baita poesia ere. Haren heriotzan, Iñigo Aranbarrik euskararatutako hamar poema eta ipuin bat eskaintzen dizkizuegu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak