Eka 23 16

Eduardo Gil Beraren Hortus botanicus

Baratze edo baso baten aberastasuna eskaintzen digu Eduardo Gil Beraren poemarioak, Irun Hiria saria jaso eta 1989an argitaratutako Hortus botanicus honek. Kultura klasikoak presentzia dauka, baina ez da erudizio erakustaldi bat, poemen baitan egoki txertatua da, eta disonantziarik gabe bat egiten du egilearen hizkera propioarekin, berau ere benetan aberatsa. Neurri desberdineko poemak dira, errima inoizka baino eskaintzen ez dutenak, itxura grafikoa ere zainduz hainbatetan, garai hartan zabalduxe zen joera batean. Etxeko bazterretatik mundu osoko toki izenetara, liburua autorearen geografian mugitzen da, azken batean. Hemen eskaintzen dizuegu osorik.

Eka 17 16

Paco Urondoren poemak

Zuen baimenarekin / nahiago dut bizirik jarraitzea” idatzia zuen; baina ez zioten baimenik eman. Gaur 40 urte, 1976ko ekainaren 17an, Argentinako Armadak tiroz eta buruan kulataz jota hil zuten Francisco Paco Urondo poeta. Alaba txikienak amarekin ihes egitea lortu zuen, Urondok ez. Ekintzaile montoneroa zen eta, beste askok legez, errepresioaren gordina jasan zuen —bera hiltzeaz gain, alaba zaharrena eta suhia desagerrarazi zituzten—. Lehenago egona zen espetxean, jardun politikoa landutakoa baitzen Urondo, kultura alorrean ardurak izandakoa. Baina oroz gain idazlea. Argentinako poesigintzaren berritzaileetako bat, kazetaritza, antzerkia eta poesia landu zituen, 46 urte zituela hil zuten arte.  Jose Luis Otamendik ekarri dizkio euskarari Paco Urondoren zortzi poema, guztion gozagarri.

Eka 10 16

Vercorsen
Itsasoaren isiltasuna

Parisen jaio eta hazia, ilustratzailea, istorio grafikoen eremuan egin zituen lehen lanak Jean Bruller Vercors idazleak. Bigarren Mundu Gerran mobilizatua, Erresistentziari lotu zitzaion eta Vercors mendien abaroan jardun sasiko lanean. Kultura alorreko ekintzailea, bere konpromiso politikoa ez zuen sekula utzi eta Ohorezko Legioari uko egin zion Aljeriako gerraren aurkako bere jarreragatik. Erresistentziako jardunean idazkuntzari ere lotu zitzaion, besteak beste. Eta gaueko lan honetako kide Pierre Lescurerekin batera, hain zuzen, Editions de Minuit sortu zuen 1941ean, eta hantxe argitaratu 1942an bere libururik ezagunena, Le Silence de la mer. Gaur 25 urte hil zen Parisen Vercors, eta haren omenez dakargu lan horixe, Ibon Sarasolak euskaratutako Itsasoaren isiltasuna.

Eka 09 16

Erramun Astibiaren mendeurrena

Bihar ehun urte beteko dira Erramun Astibia (Errenderi Aba, elizako izenez) hil zela, bizitza gehiena Lizarran eta Tuteran eman ondoren. Inguru erdaldun honek edukiko zuen zerikusia, seguruenik, bere olerkigintza zibilaren gaietan: hizkuntzaren heriotza, Euskal Herriaren gainbehera… eta Sabin Aranaren figura, gure Aitalehen modernoa, esperantza eta galera. Mezu zuzeneko eta irudi errazeko olerkiak landu zituen, hala elizako nola batzokirako. Etsipenaren eta itxaropenaren arteko, esan liteke deitoreak eta himnoak eman zizkigula Astibiak. Horrela, kanturako testuak bezala harturik, asko irabazten dute bere olerkiek. Letragile segurua da, neurriaren eta kadentziaren zentzua dauka, eta estrofa molde berritan saiatzen da. Entzutekoak izango ziren letra haiekin Alfonso Uriartek eta Astibia bezala kaputxinoak ziren Aita Donostiak eta Aita Elduainek sortu zituzten doinuak eliza eta antzoki beteek kantari. Elixabete Perez Gazteluk bildu eta editatu zituen sakabanatuak zeuden orriak eta eskuizkribuak Erramon Astibia «Errenderi Aba» (1881-1916) Idazlanak izeneko CDan (Errenteriako Udala, 2003), eta horretaz baliatu gara Errenderi Abaren abesti ez zerutar baizik euskotar batzuk eskaintzeko oroigarri gisa.

Eka 04 16

Anabitarteren erokeria

Azaroan 125 urte jaio zela, gaurko egunez 35 hil zela Augustin Anabitarte. Bidaiari, argazkilari, kirolzale, laketeko marinel eta, oroz gain, idazle. Munduok islatu zituen idatziz, obra ez oparo baina anitza baita Anabitarterena: dibulgazioa (Antzinako Olinpiar Jolasak, 1925), nobela  (Usauri, 1931 eta Donostia, 1932), gazte literatura (Poli, 1958), kronika (Aprikako basamortuan, 1961)… Ez da ohiko curriculuma gure letretan. Itsasoa ezinbesteko osagarria du fikziozko lanetan, urruntasun eta gertaleku askatzailearen balioarekin. Tipoetan eta gertatuetan kostunbrista dela esan bagenezake ere, ozta ageri duen baserritarrik edo arrantzalerik. Bere protagonistak, oro har, eskolatuak dira eta kalean bizi dira, baita Donostia bezalako hirian ere. Kostunbrismoarenak ez diren kostunbreak dituzte, eta folklorikoak ez diren motibazioak. Augustin Anabitarte gerrak eta diktadurak apurtutako belaunaldikoa izan zen, isilaldi luze batera kondenaturikoa. Baina horretaz gain gure literatur sistemak nobela onartu ezin zuen Pizkundea delako aroan egokitu zitzaion bere lan nagusiak argitaratzea. Gero, beste kasu batzuetan bezala, Gipuzkoako Aurrezki Kutxak bere lanak tomo bakarrean publikatu izanak, argitara ordez, ilunpera kondenatu zituen. Merezi ez zuen adur gaiztoak jo zuen gure idazlea. Anabitartek benetako idazlearen eskua zeukan —bizia eta dotorea—, detaileak atzemateko begia, kontakizuna antolatzeko burua eta pertsonaiak maitatzeko bihotza. Injustuki ahaztutako idazle honen prosak daukan dotoreziaren eta bizitasunaren adibide eskaintzen dizuegu 1936an El Día aldizkarian azaldutako Hiru eskiazaleen erokeria kronika.

Agenda

Efemerideak

Kritikak