Mar 28 16

Virginia Woolfen
Gela bat norberarena

Emakumeei eta fikzioari buruz jarduteko eskaera bati jarraiki idatzi zuen Virginia Woolfek Gela bat norberarena saiakera. Emakumeen genero-rolak aztertu zituen bertan, idazleak, sortzaileak eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Emakumeen idazkuntza tradizio patriarkalaren baitan hizpide hartzen duen saiakera hori 1929an argitaratu zen eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala. “Fikzioa idatziko badu, emakumeak dirua behar du eta gela bat beretzat”. 2012an Consonni argitaletxeak Gela bat norberarena liburua itzuli eta argitaratu zuen, Maria Coleraren eskutik. Virginia Woolf hil zela 75 urte bete direnez 1941ko martxoaren 28an, liburua online partekatu nahi izan dute.

Mar 23 16

Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celanen antologiak

Hiru kaier berri plazaratu dira Munduko Poesia Kaierak bilduman, 13-14-15 zenbakiak: Audre Lorde (1934-1992) Danele Sarriugartek itzuli du ingelesetik, Angel Gonzalez (1925-2008) Gerardo Markuletak espainieratik eta Paul Celan (1920-1970) Xabier Montoiak alemanetik. Hirurak online eskaintzen dizkizu orain Susa argitaletxeak. Lorde ausart mintzatu zen emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako azpiramenduari buruz. Gonzalezen poesia, sozialtzat jo izan diren beste poeta zurrun batzuenen aldean, ironiak zipriztinduta dator. Eta Celan XX. mendeko bigarren erdian alemanez idatzi zuen poeta garrantzitsuena duzu.

Mar 15 16

Blas de Oteroren mendeurrena

Soil, baina boz goran, definitu zuen bere poetika: “Eskribitzen dudanean / hitz egiten dut“. Eta idatzi zuen ozen, aldarrika, eta hitz egin luma zorrotzez, Blas de Oterok. 1916ko martxoaren 15ean sortu zen Bilbon,  gaur 100 urte, eta XX. mendeko Espainiako poesiaren ahots inportanteenetakoa bihurtu zen, frankismopeko garai gogorrean. Lagun izandakoa, poetakide dei genezakeena, Gabriel Arestik haren hainbat poema euskaratu zituen, Egan aldizkarian argitaratuak 1960an eta 1962an. Denak bildu ditugu, eta hemen eskaintzen dizkizuegu. Orobat, Koldo Izagirrek euskaratu dituen poeta bilbotarraren 15 poema irakur ditzakezu.

Mar 05 16

Anna Akhmatovaren Requiem

Hasmentatik da gordina amaren lantua: “Atxilotu zintuzten egunsenti unean, / segizioan nintzen zugandik hurrean“. Preso dagoen semearen espetxerako bisitaldien kantua, indar handiko maitasun eta min kantua da Requiem. Errusiako poesiaren XX. mendeko izen handietako bat da Anna Akhmatovarena, bere lehen poemetatik hasi eta, isiltasun luze baten ondoren, 1960ko hamarkadako heldutasun aroko poemarioetara. Duela  50 urte, 1966ko martxoaren 5ean hil zen Akhmatova, eta urteurrenean Josu Landak euskarari ekarritako Requiem dakargu.

Mar 04 16

Joxe Austin Arrietaren graffitiak

Nobela eta narrazio lanengatik ezagunagoa, itzulpen alorrean ere pieza bikain askoak eskainia, poeta ere badugu Joxe Austin Arrieta. 1983an Arrotzarena lana kaleratu zuenetik, poesiaren ildoa jorratzeari ez dio utzi, eta obra  sendoa osatu du, eta horren erakusle gaur hona dakargun Graffitien ganbara (Kutxa, 1996). Gaiez oparoa da poemarioa, eta hainbat eremutan marrazten dizkigu bere poemak. Lanabesa, hizkuntza, menderatzen du eta trebe darabil Arrietak, poema libreak eta neurtuak konbinatuz, erreferentzia unibertsaletatik gogoeta lokaletara inolako arazorik gabe jauzi eginez, beti ere graffiitiak marrazten dituen horman arrakalak bilatzeko daukan errebeldia sena utzi gabe.

Agenda

Efemerideak

Kritikak