Urr 28 15

Karanbola toxikoak, Andoni Urzelairen ipuinak

Irribarre gaizto bat eragingo dizute Andoni Urzelairen kontakizunek. Pentsatu bai, baina normalean egiten ez diren gauzak egiteko gai dira-eta istorio hauetako protagonistak: idazlea, itzultzailea, psikoanalista, tabernaria, itsua, ertzaina edo hoteleko langilea izan, berdin da, denek badute motiborik konforme ez egoteko. Urriaren 29an jendaurrean aurkeztu aurretik sarean eskaintzen dizugu Karanbola toxikoak. Inor ez da perfektua, esaera komikoa da; baina batzuk badira, gainera, harreman toxikoak sortzen bereziki trebeak. Nahastuko dute hurkoa zeregin zail batean, berotuko diote gogoa, baldintzatuko bizimodua.

Urr 27 15

Scerbanencoren begirada beltza

Hirurogeigarren hamarraldiko boom ekonomikoaren erdian, Giorgio Scerbanencok bestelako Italia bat erakusten digu, modaren, autoen, zinemaren eta futbolaren mundu distiratsutik urrun: pertsonaia apalak, klase xumea, gorantza egin nahi eta ezina, liluragaltzea… Horretarako, genero beltza edo polizakoa erabili zuen, eta Milano mitikoa hartu zuen gertaleku. Oso gazterik umezurtz, hainbat ogilan egin ondoren eta karrera luze baten buruan lortu zuen arrakasta eta onespena. Nazioarteko hedadura hartu zuen Duca Lamberti detektibeak, eta ipuingintzaren maisu aitortu zuten Scerbanenco. Gaurkoan proposatzen dugun Luisa korapiloa bere eskuaren eta bere munduaren eredua da. Scerbanencoren pertsonaietan beti da nabarmena, kasu honetan bezala, emakumezkoaren presentzia eta garrantzia. Ama hizkuntza italiera zuen arren, jatorriz ukrainarra izanik, arrotz, kanpokotzat hartu izan zuten urteetan italiarrek. Mintasun handiz bizi izan zuen uko hori.

Urr 19 15

Harpa ehulearen balada

Oroz gain, gaztetasunaren eta emetasun erreboltatuaren ahots poetikoa dugu Edna St. Vincent Millay, sentibera, indartsu eta iradokitzaile. Xalotasuna eta sakontasuna baliatzen ditu, molde modernoak eta arkaikoak nahasten ditu emaitza harrigarritan. Tristura, heriotza, maitasunaren gazi-gozoa, natura hartu izan zituen kantagai. Intimista eta aldi berean munduari irekia, poema militante asko idatzi zituen Italia eta Espainia faxistak salatzeko, baina Lidiceren hilketa gailentzen da sail honetako poemetan (The Murder of Lidice, 1942), naziek Txekoslovakiako herrixka hartan egindako sarraskiaren dolua eta urradura. Aipatu xalotasunaren eta sakontasunaren eredu, molde klasiko eta modernoen adibide, Harpa ehulearen balada proposatzen dizuegu: amaren inmolazioa semearen alde… Lirikotasun jantzian, pobrearen patu madarikatua.

Urr 15 15

Italo Calvinoren Kuba

Italiak eman duen idazle handienetako bat, Italo Calvino, kubatarra zen sorlekuz. Ez ordea kasualitatez: Mario Calvino eta Eva Mameli, Kubako nekazaritzan lehenarena eta geroaren arteko marra ezarri zuten lankide eta senar-emazteak, buru-bihotzez lotu ziren guajiroen lurrari eta kubatarren aberriari, sortu zuten Ikerketa Zentroa zuzentzeak eta uharteko nekazaritzaren egitura ekonomiko-soziala berritzeak eskatzen ziotenaz haraindi. Uharteak aztarna sakona utzi zuen familian betirako. Italo hogei urteko zela sartu zen partisanoetan, faxisten eta tropa alemanen aurka. Bigarren mundu gerrako urte haietan bizitutakoa erakusteko bihurtu zen idazle (Armiarma habien bidezidorra, 1947). Ez da harritzekoa, beraz, atxikimendu handiz jarraitzea Sierra Maestrako gerrillarien borroka: gazte denboraren akordua sorlekuaren nostalgian bildua. La Habana bisitatu zuen iraultzaileak nagusitu zirenean, eta Casa de las Américas antolamenduarekin  kolaboratu zuen. Kuba eta USA harreman diplomatikotan hasi diren uneon, interesgarria iruditu zaigu Italo Calvinoren Ernesto Che Guevara eta Kubako Iraultzarentzat artikulu laburrak ekartzea.

Urr 14 15

Baionak ez daki, Bea Salaberriren kontakizunak

Baiones baten plazer txikiak, lorpenak, etsipenak, grinak kontatzen ditu Bea Salaberrik bere lehendabiziko liburuan: Baionak ez daki. Urriaren 15ean jendaurrean aurkeztu aurretik eskaintzen dizugu sarean. 33 ipuin laburren bidez, eguneroko bizitzako gertakari sinpleetan ipintzen du arreta, kasik ezdeusetan, ustekabean entzundako solasetan, esperientziak iradokitako gogoetetan, kontu tipienei begira, detaileetan pausaturik, funtsezkoa den hartara hurbildu nahian. Baionak ba ote daki zerk eragiten dien zirrara zubi gainetatik datozenei?, noiz elkartzen diren isilpekoez mintzatzera?, nola egiten duten aitzina?

Urr 11 15

Alex La Guma hil zela 30 urte

1925ean jaio zen narradore hegoafrikarra, Alex La Guma. Bere herrian zenbait aldiz atxilotua izan ondoren (1956an Mandelarekin batera, eta gehiagotan), 1966an joan egin zen Hegoafrikatik. African National Congress-eko ordezkaria zen, La Habanan, 1985ean hil zen unean, gaur 30 urte.  Susa argitaletxeak argitaratutako Bake Zibila liburuan haren narrazio bat, Kafea biderako, euskaratu zuen Eduardo Mataukok, 1989an. Urtebete lehenago, Marginalia saioan, Joseba Sarrionandiak La Gumari buruzko artikulua ondu zuen, Harrizko herria, idazle presoaren testuak —protagonista ere idazle presoa— tartekatuz. Irakurgai ederrak biak.

Urr 09 15

Mario de Andraderen Burgesaren laudamena

Hirurogeita hamar urte aurten, Mario de Andrade hil zela. Aldi luze honetan ahaztu samarra egon da, bere azken urteetan esan ohi zuena —«Ez dut idazten 1985ean aipatua izateko»— zigortu beharreko harrokeria izan balitz bezala. Mario de Andrade ordea  bere garaian eragiteko bizi izan zen: jaioa zen burgesia dirudunaren atzerakoia borrokatu zuen literaturan, musikan, estetikan eta kulturaren kontzeptuan. Abertzaletasun berri bat aldarrikatu zuen, herri kultura baliotan jarriz hala korpus teorikoan eta literatur lanetan (Macunaíma nobela ezaguna eredu), nola erabaki praktikoetan Sao Paulo hiriaren Kultura Departamendutik. Brasildar xehe eta anitza ikusten zuen nortasun nazionalaren oinarri Brasil «Nazio kultuen multzoan sartu ahal izateko». Manuel Bandeira eta Carlos Drummond de Andraderekin ekarri zuen modernismoaren espiritua eta Mario de Andraderen beraren ikuspegi nazionala ederki islatzen duten bi poema eskaintzen dizkizuegu, Aurkikuntza eta Burgesaren laudamena, urriak bederatzi zituela jaio zela estakuru.

Urr 05 15

Susana Thenon
poeta argentinarra

Existentziaren muinaren bila abiatzen da Susana Thenonen poesia, hizkuntzaren bitartez errealitaten tolesturetan sartuz. Ironia eta kritika zorrotza lanabes ibili zituen poeta argentinarra 60ko Belaunaldian kokatu izan dute, Juana Bignozzi eta Alejandra Pizarnikekin batean, nahiz eta zail den haren lana inorenarekin harremanatzen, eta bizitza ere beste idazleekiko hurbilean egin ez zuen. Bueno Airesen 1937an jaioa, poesiaz gain argazkilaritza ere landu zuena, bost liburu argitaratu zituen bizirik zela. 1990ean hil zen. Haren bederatzi poema euskaratu ditu Iñigo Aranbarrik, hemen dakartzagunak.

Agenda

Efemerideak

Kritikak