Uzt 31 14

Gerla Handiak 100 urte

1914ko uztailaren amaieran hasi zen Europa eta mundua astindu zuen gerra, Gerla Handia, I. Mundu Gerra. 4 urte iraun zuen, milioika hildako, milioika zauritu eta triskantza izugarria utziz.
Armiarma proiektuaren baitan badugu efemeridea gogoratzeko asmoa, eta horretarako astez aste argitaratu ziren Eskualduna eta Euzkadi agerkarietako testuak digitalizatu eta on-line jarriko ditugu webgune berezian. Astero argitaratuko dugu duela ehun urteko agerkariek zekartena, Literatur Emailuak webgunearen bitartez. Asteko edukiari aurkezpena egingo diogu, eta honenbestez hurrengo sei hilabeteetan astero komentatuko ditugu duela 100 urteko gertakizunak —agerkariek zekartzatenak—. (gehiago…)

Uzt 30 14

Jean Jauresen hilketa

1914ko uztailaren 31n, duela ehun urte, hil zuten Parisen Jean Jaures. Politikari eta idazlea, ekintzaile sozialista gerlaren aurka mintzatua eta jarduna zen, eta heriotzarekin ordainarazi zioten. 10 urte lehenago L’Humanité egunkariaren sortzaile izan zenak, kazeta horretantxe argitaratua zuen artikulua, hil zuten egun berean, gerla saihestearen alde: Odol hotza behar. Gaur mendebete argitaratutako artikulua dakarkigu, Koldo Izagirrek euskaratua.

Uzt 23 14

Patri Urkizuren
Zeren azken finean

Nostalgiaren eta bizi-pozaren uztarketa gozoa dugu Patri Urkizuren Zeren azken finean (Kutxa, 1984): Hiroshimako bonba jaurti zuten paradisuan, eta guztizko erbestean bizi beharrak ekarri du gizakia geroztik gizakia izan dena izatera: zeren azken finean, hil eta herio, oro izango garenez haustegi kario… garen liberti, dugun maita! Mendeku handi bat jainko-jainkosen aurka. Irakurle adituak Miranderen lagun irudikatuko du Patri Urkizu Parisen eta Euskal Herrian barrena, haren ezkortasun etsiari munduaren ederra kontrajartzen diola, hedonista eta maitale. Horixe da Urkizu poetaren ezaugarri nabarmenetako bat: kultutik herrikoira, transzendentziatik unean unekora, mintasunetik sentsualtasunera, dolu existentzialetik sagardo upelera egiten duela naturaltasunez, gauzek hozkia ematen ahal badiote ere sentibera delako urtzen den elurrari beha, edo emakume konkretuaren samurrari.

Uzt 18 14

Mervyn Wallen ipuina

Carmody jaunaren bizimodua bizitzaren gorabehera batek eta burokraziaren lardaskeriak nola nahasten duen erakusten du Mervyn Wallen “Haiek ere zerbitzua ematen dute” ipuinak. 1908an Dublinen jaioa, ipuinak eta antzerkiak idatzi zituen Mervyn Wallek, ezagunenak Erdi Aroko Fursey izeneko monje totel bat protagonista duten bi umorezko narrazio liburu. They also serve ipuina Jasone Larrinagak euskaratu du, eta Xerezaderen Artxiboan eskaini. Armiarman irakur dezakezu orain.

Uzt 09 14

Dorrejilko kanta,
nekeen balada

Patri Urkizuren senak, ezagutzak eta inplikazioak sortutako Dorrejilko kanta (Kriselu, 1977) herri xehearen nekeak islatzen dituen balada dela esango genuke gaur egun. Balada, kantore edo erromantze, kantagarri bat dugu inondik ere lan hau, ahozkotasunaren tradizioan kokatzekoa, Arestiren hainbat lan poetiko bezala: gure lirika zaharrak bideratua da. Alabaina, frankismoaren aurkako borrokaren gorienean kokatzen da Urkizurena: zanpaketa, heriotza, kartzela… eta esperantza handi bat, suminduraren adinakoa. Erreforma esan zaion iruzurrak Euskal Herrian ekarri zuen desengainuaren eta sufrimenduaren isla da Dorrejilko garrasia, poema bakarra osatzen duten lauko txiki guztiak lotzen dituen kontzientzia harro baten ahots herrikoia.

Uzt 02 14

Eako 11. Poesia Egunak

Asteburu honetan, uztailaren 11tik 13ra bitartean izango dira Eako Poesia Egunak. Harri eta herri poema liburuari buruzko hitzaldia eskainiko dute Karmelo Landak eta Laura Mintegik lehen egunean. Biharamunean, Eider Rodriguezen hitzaldia eta Koldo Izagirreren Parisen bizi naiz errezitaldia izango dira eguerdiz, eta arratsaldean bost poetek egingo dute irakurraldia: Mariluz Estebanek, Mikel Etxaburuk, Luis Gardek, Jule Goikoetxeak eta Felipe Juaristik. Azken egunean, igandez: Iratxe Retolazaren eta Danele Sarriugarteren hitzaldia Gabriel Arestiren imajinario poetikoari buruz eta, ondoren, “Hondakindegia” errezitaldia Mikel Ayerbe eta Iñigo Astizekin. Asteburuko gainerako emanaldiak: “Gabrielen lekua”, “Etxepare rap”, Laida Azkonaren dantzaldia, eta Joseba Irazoki eta Bide Ertzean taldearen kontzertuak.

Uzt 01 14

Arantxa Urretabizkaia, maitasunaren gorazarrez

Arantxa Urretabizkaiaren Maitasunaren magalean (CAP, 1982) maitasunaren gorazarrea da, promes erotikoen aitortza zurrunbilo sentsual batean: sena libre eta lotsagabe azalduz hartzen dute hitzek indar ebokatiboa. Promesak, hala ere, “zu ez bazaude”, “nirekin bazatoz”, “nirekin hondoratzen bazara” bezalako baldintzek eta hipotetikoan jokatutako aditzek bideratuak dira, eta hainbat traba gainditu behar du desiraren helburuak. Maitasuna, asmazioa ote? Arrazoiak ba ote du etorkizunik izaki bakoitza epaile dugunean? Ez du axola, “ez gaituzte harrapatuko” leloaren aldaera guztiek dakarte elkartasun menderakaitz baten esperantza, magala, festa. Irudi bortitz eta delikatutan emana, hamar urte lehenago Euskal Literatura 72 bilduman argitaratua zuen San Pedro bezperaren ondokoak gogoangarriaren oihartzuna dakar poemen egituran eta erritmoaren kadentzian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak