Api 26 12

Faxistek suntsitutako Gernika

Durango, Elorrio, Otxandio, Elgeta, Eibar… suntsitu zituzten faxistek duela 75 urte. Eta gaurko egunez, 1937ko apirilaren 26an, arratsaldeko 16:30ak aldera hasi zuten Gernikako aire erasoa eta bonbardaketa, 43 hegazkinez 40.000 kilo lehergai jaurtitzeko. Gernikako tragedia gogoan, Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak eta Edorta Jimenezen Kilkerren hotsak nobelak irakurtzeko gomendioa egiten dizugu; baita ere Susa aldizkariak 1987ko apirilean plazaratutako ale monografikoa, Jose Luis Otamendi, Mikel Antza, Iñigo Aranbarri, Jon Arano, Josu Landa, Iñaki Goitioltza, Xabier Mendiguren, Omar Nabarro, Joserra Utretx eta gehiagoren literatur lanez. Orobat, hemen duzu bonbardaketaren kronika Eguna egunkarian 1937ko apirilaren 28an.

Api 24 12

Scanner liburuko lau poema ingelesez

Apirilaren 26an arratseko 21:30ean Scanner liburuan oinarritutako errezitaldia egingo du Leire Bilbaok Zarauzko Euskalduna tabernan, musikaz lagun duela Domentx Uzin. Liburu horretako lau poema ingelesera itzulirik eskaintzen dizkizugu hemen, Paddy Bushe-k ekarriak.

Api 16 12

Etxekalte, Harkaitz Zubiriren nobela berria

Anaitasuna enpresa ez dabil ondo. Kinka larrian dagoen fabrikan aldaketa sakonak egingo omen dituzte. Kontuak nola dauden inork ez daki zehazki, baina arazoak eta zurrumurruak zabaldu direnez gero, lorrintzen ari dira langileen arteko harremanak. Harkaitz Zubirik apirilaren 19an (osteguna) aurkeztuko du Etxekalte nobela, baina aldez aurretik osorik eskaintzen dizugu sarean. Krisi ekonomiko eta sozial garaian krisi pertsonal eta intimoetan trabatu direnek ihes egin nahi diote porrot gordinari, kosta ahala kosta.

Api 11 12

Ghelderoderen Zaldun bitxia

Hirurogei antzerki obraren egilea izan zen Michel de Ghelderode (1898-1962) idazle belgikarra. Juan San Martinek Zaldun bitxia izenekoa euskaratu zuen Egan aldizkarian 1965ean. Le cavalier bizarre 1924 inguruan idatzia da eta 1938an argitaratua; Roger Jourdan Konpainiak taularatu zuen lehenengo aldiz 1953ko azaroaren 10ean Parisen. Ospital bateko atso-agureak eta zaindaria dira jokalariak, heriotzaren kanpaiak entzuten hasi ote diren zalantzan daudenak. Umore beltza maite dutenentzat digitalizatu dugu teatro-testuak webgunerako.

Api 07 12

Zortzigarren Literaldia

Bartzelonako Euskal Etxeak antolaturik, apirilaren 11tik maiatzaren 12ra bitartean izango da aurtengo Literaldia. Ibai Autxak Kanonaren gaineko nazioaz liburua aurkeztuko du; Hasier Etxeberriak hitzaldia egingo du eta ondoren mahai-inguruan ariko da Aritz Galarragarekin eta Beñat Sarasolarekin; beste mahai-inguru batean jardungo dute baita ere Mariasun Landak, Arantxa Urretabizkaiak eta Miren Agur Meabek; Haragizkoa errezitaldia eskainiko dute Rafa Ruedak eta Edorta Jimenezek. Egitarau zabalaren xehetasunak hementxe dituzu.

Api 03 12

Harry Crews hil da

Xabier Montoiak honela idatzi zuen 1993an: “Espero dezagun, Harry Crewsekin ere noizbait gertatuko dela azken hilabeteetan Cormac McCarthyrekin gertatzen ari dena: bere balioa aitortu eta aspaldidanik agorturik dauden liburuak irakurlearen esku ipiniko direla ostera”. Joan den martxoaren 28an hil da Harry Crews idazle amerikarra Floridan, 76 urte zituela. Frantzian Crewsen zortzi nobela plazaratu ditu Gallimard etxeak, Espainian iaz argitaratu zuten bat (Body). Euskarari 1993an Edorta Mataukok eta Kristin Addisek ekarri zioten Autoa (1972) eleberria, orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Ford Maverick bat jatea erabaki du Hermanek, eta jan ostean (noski) libratu egin behar.

Agenda

Efemerideak

Kritikak