Uzt 27 10

Colette music-hallean

Sidonie Gabrielle Colette idazlea 1906-1912 urteetan komediantea ere izan zen; ezaguna da 1907ko urtarrilaren 3an Parisko Moulin Rouge-n sortu zen eskandalua, Mathilde de Mornyk eta Colettek elkarri musu eman ziotenean. Mimo, dantzari eta komediante bizitzaren berri ematen du Mari-Alderrai nobelan (La Vagabonde, 1910), taularik taula eta tren batetik bestera alderrai dabilen Renée Néré music-halleko artista protagonista duela. Liburuaren zenbait egokitzapen zinematografiko egin zituzten: lehenbizikoa Italian (1917) Eugenio Peregok zuzendua, eta bigarrena Frantzian (1931) Solange Térac-Bussik zuzendua, Colette beraren parte hartzearekin elkarrizketak idazten. Periko Diez de Ulzurrunen itzulpenez 1998an argitaratu zen euskaraz Mari-Alderrai.

Uzt 20 10

Henry James-en Europarrak

1878ko uztailean The Atlantic Monthly agerkarian plazaratu ziren Henry James idazle amerikarraren (1843-1916) Europarrak nobelako lehen kapituluak, eta aldika hamabi atalak eman zituzten urrira bitartean. Gazterik Europara bizitzera joandako Eugenia eta Felix anai-arrebak Bostonera itzuli dira, beren senide puritanoengana; amerikarrek eta europarrek elkarrekiko dituzten uste okerrak, aurreiritziak, gaizkiulertuak eta gutxiespenak dira komedia giroko nobela honen gakoak. Europarrak Irene Aldasorok euskaratu zuen 1997an. James Ivoryk eleberrian oinarritutako filma egin zuen 1979an Lee Remick aktoresarekin.

Uzt 18 10

Duela 25 urte sortu zen Literatur Gazeta

“Gaur, 18 de julio honetan –hala gertatu baita– zure eskuetan paper zuri mordo hau ipini dizugu, irakurle hori”. 1985eko uztailaren 18an sortu zen, duela 25 urte, Literatur Gazeta aldizkaria, Donostiako Konstituzio plazan zegoen La Primitiva Casa Baroja inprimategian egina. Erredakzio idazkariak Koro Baroja eta Koldo Etxabe ziren, eta lehendabiziko alean idazle hauen lanak agertu zituzten: Mikel Lasa, Felipe Juaristi, Joxerra Garzia, Nerea Azurmendi, Mikel Azurmendi, Joseba Sarrionandia, Juan Antton Zubikarai, Bernardo Atxaga, Esteban Antxustegi eta Patri Urkizu; bai eta ere: Miguel Delibes, Mark Twain, Ernesto Sabato, Michel Tournier eta Ernst Bloch. Denera hamaika zenbaki kaleratu ziren: hiru ale 1985ean, urtebeteko geldialdiaren ostean 1987an lau ale, 1988an hiru eta 1989ko apirilean azkenekoa.

Uzt 14 10

Faulknerren Hotsa eta Ardaila

Poesiazkoak izan ziren William Faulknerren lehendabiziko liburuak: Vision in Spring (1921) eta The Marble Faun (1924). Baina ipuin eta nobelagilea izan zen. Soldiers’ Pay (1926), Mosquitoes (1927) eta Sartoris (1929) eleberrien ondorengoa da The Sound and the Fury (1929), Hotsa eta Ardaila izenburuarekin Maria Garikanok euskarara ekarria. Shakespeareren Macbeth-ek azken ekitaldian honela dio: “Bizia ibili dabilen itzala baino ez da (…) ergel batek kontatutako istorioa, hots eta ardailez betea, esanahirik gabea”, hortik datorkio izenburua Faulknerren laugarren nobela honi. Garai batean izan zuen handitasunaren oroitzapenarekin bizi den Mississippiko familia baten gainbehera kontatzen du, hiru anaiaren (Benjy, Quentin eta Jason) bakarrizketen bidez aurrena, eta gero gertaerak kanpotik ikusten dituen kontalari baten bitartez.

Uzt 13 10

Olga Novoren
lau poema euskaraz

Eako Poesia Egunetara Maria Josep Escriva idazle katalana gonbidatu dute aurten, poemak errezitatu eta hitzaldia egitera. 2008an Laia Nogera izan zen Ean, eta 2009an Olga Novo poeta galiziarra. Iñigo Aranbarrik Olga Novoren lau poema euskaratu zituen, hemen eskaintzen dizkizugunak. Lugoko Vilarmaon jaio zen 1975ean, eta poema liburu hauen egilea da: A teta sobre o sol (1996), Nós nus (1997) eta A cousa vermella (2004).

Uzt 07 10

Sarrionandiaren ihesa

Gaurko egunez duela 25 urte, 1985eko uztailaren 7an ihes egin zuen Joseba Sarrionandiak Martuteneko kartzelatik. Izuen gordelekuetan barrena (1981), Narrazioak (1983) eta Ni ez naiz hemengoa (1985) liburuen egilea zen. Kortatu taldeak urte hartan bertan argitaratu zuen Sarri Sarri abestia (bideo klipa: Tipula Beltza). Sarrionandiak berak irakurririk, sei poema entzuteko dituzu hemen, Hau da ene ondasun guzia disko-libururako 1999an grabatuak.

Uzt 07 10

Eako Poesia Egunak

Eako poesia egunak zazpigarren urtez egingo dira. Uztailaren 17an (larunbata) Iban Zalduaren hitzaldi batekin abiatuko dira ekitaldiak eta eguerdian Anari eta Iñigo Aranbarriren Giza-materialak irla izateko emanaldiarekin jarraituko; arratsaldeko tertuliaren ondoren Ander Lipus izango da; iluntzean errezitaldi bat eta Mursegoren kantaldia; eta gauerdian Haragizkoa emanaldia Omar Nabarro eta Rafa Ruedarekin. Uztailaren 18an (igandea) Harkaitz Canoren hitzaldiarekin abiatuko da jardunaldia; eguerdian Bustilehorreko poemak ikuskizuna izango da kanposantuan Jose Luis Otamendi eta Juan Azpillagarekin; eta amaitzeko, arratsaldean, Itxaro Borda eta Amaia Lasaren errezitaldia.

Uzt 06 10

Poesia agertokietan, Bilbon

Poesia idatzia hedatzeko errezitaldiak, musika emanaldiak, antzerkia, dantza… baliatu izan dira. Bide horiek aztertzea du helburu Poesia agertokietan jardunaldiak, uztailaren 13, 14 eta 15ean goizero Bilboko Banco de España kalean dagoen UPV-BBK Etxean egingo denak. Lehen egunean Kirmen Uribe, Ibon Egaña eta Harkaitz Cano mintzatuko dira; bigarrenean Jon Kortazar, Itxaro Borda eta Iñaki Aldekoa; hirugarrenean Iratxe Retolaza, Isaac Lourido eta Cornelia Grabner.

Uzt 01 10

Amaren armak, Bertolt Brecht

Margerete Steffin-en laguntzaz Bertolt Brechtek 1937ko udaberrian idatzitako antzezlana da Die Gewehre der Frau Carrar (Carrar anderearen armak), hasiera batean Jeneralak Bilbo jazartzen izenburua izatekoa zena. John Millington Synge irlandarraren Riders to the Sea (1904) obraren bertsio moderno bat da berez, Brechtek Espainiako 36ko Gerran girotua eta Slatan Dudow-en zuzendaritzapean 1937ko urriaren 16an Parisen taularatua. Jean Louis Lafitteren laguntzaz Daniel Landartek euskaratu zuen 1968ko abenduan Amaren armak izenburuarekin eta Egan aldizkarian argitaratu zen 1984an. Armada faxistako jeneralaren ahotsa entzuten da irratian: “Egun batez, adiskideak, beharko natzaizue garbiki mintzatu, eta Bilbotik gara ariko. Baina orduan, beharbada, zuen hiri nagusiak ez du orain duen itxura bera ukanen. (…) Euskaldunek hobe dute orain berean amore ematea (…) guri asaldatzen eta jazartzen dena ez da luzaz biziko; amore eman nahi ez duena, indarraz eta odolaz, behin betiko errauts bilakatuko baita!”.

Agenda

Efemerideak

Kritikak