Uzt 28 09

Afganistango Sei lore Bilbon

Txema Garcia-Vianaren Sei lore (2001, Susa) nobelak detektibe istorioetako arau guztiak betetzen ditu… bat izan ezik: loreak ez dira hildakoen hilobiak apaintzeko. Mandatu zaila dauka Markos Gorriti detektibeak: Afganistango lore bitxi batzuen jabe diren arkeologo eta tratulariak elkartu beharko ditu Bilbon, sei loreren batuketarekin medikuntzan ikaragarrizko garrantzia izango duen formula bati esker etekin handiak lor ditzaketelakoan. Oporretan nobela bizi eta bizkorrak irakurtzeko ohitura dutenentzat jarri dugu osorik sarean.

Uzt 16 09

Robinson Crusoe Iruñean

Honela kontatzen du Robinson Crusoek: “Nafarroako mugara iritsi ginenean, bidean igaro genituen zenbait herritan izutu egin ginen, Frantzia aldeko mendietan elur pila bota zuela, eta mendien beste aldera igarotzen ahalegindu ondoren, arrisku handian zeudela ikusita, zenbait bidaiarik Iruñera itzuli behar izan zutela esan zigutenean. (…) Iruñera iritsi ginenean elurra marra-mara ari zuen eta horrela iraun zuen denbora luzean. (…) Iruñean hogei egun eman genituen gutxienez, eta negua zetorrela, eta eguraldiak hobera egiteko itxurarik ez zuela ikusita, Europa osoan inork gogoratzen zuen negurik hotzena baitzen hura, Hondarribira joatea proposatu nuen, eta handik Bordelera itsasontziz, itsasaldia oso motza baitzen”. Daniel Defoe tratulari eta espia ingelesak 1719ko apirilaren 25ean argitaratutako Robinson Crusoe nobelaren amaierako zati batzuk dira horiek. Aintzane Ibarzabalek 1997an egindako eleberriaren itzulpena osorik duzu sarean.

Uzt 09 09

Jan Nerudaren Mala Stranako ipuinak

Literatura txekiarrak eman duen idazle handienetako bat da Jan Neruda, duela 175 urte, 1834ko uztailaren 9an Pragako Mala Strana auzunean jaioa (Ostruha kalean, gaur egun Jan Neruda kalea). Irakasle aurrena eta gero kazetari izan zena, Hilerriko loreak poema liburuarekin estreinatu zen 1857an. Poeta izan arren, idazlearen lan ezagunena Mala Stranako ipuinak liburua da, 1877an argitaratua, eta Fernando Reyk 2001ean euskarara ekarria. Pablo Neruda txiletarrak, sortzez Neftali Reyes, poeta txekiarraren omenez hartu zuen Neruda izengoitia.

Uzt 07 09

Ume terribleak, Jean Cocteau

Poeta, antzerkigile, zinegile eta pintore izan zen Jean Cocteau (1889-1963). Hogei urte zituela plazaratu zuen lehen poema liburua: Aladinen argiontzia. Zazpi nobela ere idatzi zituen, eta haietatik ezagunena, bosgarrena, euskaratu zuen 1992an Joxe Antonio Sarasolak: Ume terribleak, duela 80 urte 1929ko uztailean argitaratua, eta orain osorik sarean eskaintzen dizuguna. Parisen, elur egun bateko arratsaldez, ikasle arteko borroka batekin hasten da nobela, Amsterdam eta Clichy kaleen arteko plaza zahar batean, Cocteauk hamabi urte zituenean jolasean jarduten zuen cite Monthiers hartan hain zuzen ere, non lagun bat hil zitzaion.

Uzt 01 09

Eako poesia egunak

Seigarren urtez egingo dira Eako poesia egunak, uztailaren 18an eta 19an. Maitasunak eta erotismoak euskal letretan duen agerpenaz mintzatuko dira hitzaldi eta tertulietan. Testu zahar eta koplen irakurraldiak egingo dira eguerdietan kalerik kale. Eta errezitaldiak iluntzean. Parte hartze zabala izango da: Uxue Alberdi, Rikardo Arregi, Yolanda Arrieta, Josetxo Azkona, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Angel Erro, Igor Estankona, Hedoi Etxarte, Amaia Jauregizar, Xabier Kaltzakorta, Hasier Larretxea, Txili Lauzirika, Karlos Linazasoro, Juanra Madariaga, Peru Magdalena, Laura Mintegi, Olga Novo, Iratxe Retolaza. Larunbatean 23:30ean Anarik kantaldia eskainiko du frontoi atzean. Igandean 17:00etan Pier Paul Berzaitz eta Itxaro Bordaren Amor omnibus est emanaldia Ermintxo hotelean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak