Urt 01 06

Pedro Sarriegiren jaiotzaren mendeurrena

Duela 100 urte, 1906ko maiatzaren 26an, jaio zen Hernanin Pedro Sarriegi, 1968an hil zena. Paper fabrika bateko langile, euskal kultura, dantza eta bereziki antzerkia zaletasun izan zituen eta eremuotan jardun zuen. Gehienak argitaratu gabeak (Antzertiren artxiboetan dauden makina-izkribuak), hainbat antzezlan idatzi zituen, denak ere estilo kostunbrista batekoak: Etxerako… nor? (1964) —Jarrai antzerki taldeak jokatu zuen—, Jokaldi txar bat (1966) —”Agora” saria—, Gazteak; Zauritutako lorea; Biotzaren neurria, 1965; Ama izaten lanak dira orratik eta Jose Mari’ren urre puskak. Azken honen testua eskaintzen dizuegu, idazkera gaurkotuta.

Urt 01 06

Henrik Ibsenen heriotzaren mendeurrena

1906ko maiatzaren 23an hil zen Henrik Ibsen norvegiar idazlea. Antzerkigintzaren historian izen garrantzitsuenetakoa da Ibsenena, pertsonaien barne gatazkak marrazten maisua, XX. mendeko antzerkigintza modernora ezinbesteko zubia. Oraindik ere oso maiz taularatzen den egile honek hainbat obra ditu —Ostraat-eko Inger anderea, 1857; Brandes, 1866; Peer Gynt, 1867; Herriaren etsaia, 1882; Basa ahatea, 1884; Hildakoen artean itzarriko garenean, 1899—, baina zalantzarik gabe Andere-etxea da (Et Dukkehjem, 1879) bere obrarik ezagunena. Euskaraz ere irakur daitekeena, Jose Agirrek euskaratu eta Egan aldizkarian 1980-81eko aleetan kaleratu zena. Lehenago, hala ere, 60etan ere itzuli zen eta Jarrai antzerki taldeak 1965ean taularatu zuen. Ibsenen Mamuak izeneko lana ere euskaratua du —ez argitaratua, guk dakigula— Antonio M. Labaienek. Osorik irakur dezakezu orain, gaur eguneko grafiara ekarri dugun Andere-etxea.

Agenda

Efemerideak

Kritikak