Urr 07 04

Martin Ugalderen omenez

Beste zenbait alorretan bezala, euskal literaturan ere toki berezia egina da Martin Ugalde, 2004ko urriaren 4an hil dena. Produkzio zabalekoa, hainbat jenerotan jardundakoa, narrazioen eremuan eman zituen lanik gogoangarrienak. Hiltzaileak, bere lehen narrazio liburua dakargu hona, 1985ean Erein argitaletxeak plazaratutakoa (lehenik 1961ean kaleratu zuen, Iltzalleak, Venezuelako Cromotip argitaletxearekin ): bere lehen liburua da, eta agian enblematikoena literaturaren alorrean. Literatur Aldizkarien Gordailuan irakurri ahalko dituzu, bestalde, Egan aldizkarirako egindako ipuin eta artikulu bat, eta, bere jardun ez hain ezagunean, Plazara aldizkarian 1985ean argitaratutako poema bat, Aberria, Hendaian 1975 izenekoa, Martin Ugalderen erretratua ongi islatzen duena.

Urr 07 04

Loreak udan intza bezela

Donostiako Oriamendi baserrian jaiotako Segundo Kalonje (1910-1986) bertsolariaren Loreak udan intza bezela bertso bilduma jarri du sarean euskaraz.net-ek. Auspoa liburutegian argia ikusi zuen liburu honek egunkari eta aldizkarietan argitaratutako, nahiz Segundoren eskuz idatzitako paperetan aurkitutako bertsoak biltzen ditu.

Urr 07 04

Antonio Arzak hil zela 100 urte

Antonio Arzak duela 100 urte hil zen Donostian.  25 urterekin lehen poema argitaratu zuen, Azken agurrak gure etsaigoari Jose Manterolaren Cancionero vasco obraren barruan. Poema eta lan ugari argitaratu zituen gerora Donostiako Euskal Erria aldizkarian eta bi poesia liburu txiki ere plazaratu zituen: Amona 1900. urtean eta Sufritzen 1929an.
49 urterekin hil zen jaiotako etxe berean.  Euskaraz.net gunean bere bizitza eta obra irakurtzeko aukera paregabea daukagu.

Agenda

Efemerideak

Kritikak