Api 17 03

Baietz astea gaizki bukatu-ren itzulera

Aste batzuetako hutsunearen ondoren, duela 25 urte berriz ere argitaratu zen Saizarbitoriaren eta Izagirreren Baietz astea gaizki bukatu saila Zeruko Argian. "Rubial pozik Astea baietz gaizki bukatu utziko genuelakoan. Ba ez. Ez dugu abandonatzen eta alperrik du hor zehar asesoria kulturalak eskaini behar dizkigula esaten ibiltzea". Go home Mr. Church zuen aste hartako artikuluak, eta Aberri Egunaren ondokoez ziharduen.

Api 03 03

Inazio Atxukarroren museoa eta Antxon Ezeizaren ibilerak

Sasoitxo bat isilik izan ondoren, indartsu itzuli ziren duela 25 urteko martxoan Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalera. Martxoaren 19ko data zeraman Zeruko Argia-n Inazio Atxukarroren museora eraman gintuen bikoteak; eta hurrengo astean Antxon Ezeizarekin jarri zuen hitzordua. Irakurleek nabaritua zuten, nonbait, hutsunea, izen hori zeraman gutuna argitaratu baitzen Atxukarrorekiko solasa zekarren 778. zenbakian, Izagirre eta Saizarbitoriaren falta gaitzetsiz (Xabier eta Albertok sinatua zen gutuna). Lemoizko Zentralak hartu zuen azala eta artikulu nagusia; Sarrionandiaren artikulu pare bat ere irakur zitezkeen. Aberri Eguna izan zen, berriz, 779. zenbakiko azala eta mamia hartu zituen gaia. Oro har liburugintzaz eta bereziki liburuen prezio garestiaz ere bazen artikulua.

Ots 13 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika (eta III)

1978an izandako “Escritor vasco / Euskal idazlea” eztabaidaren azken atala dakarkizuegu aste honetan. Hierro egunkarian argitaratutako mahai-ingurua, Zer egin? aldizkariko artikulua, eta “Narrativa vasca actual: antología y polémica” liburuko beste testutxo bat, José Luis Merinok idatzia. Antologia hori handik urtebetera argitaratu zen eta zati handi bat eskaini zion aipatu polemikari.

Ots 06 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika (II)

Aurreko astean helarazi genizuen1978an izandako “Escritor vasco / Euskal idazlea” eztabaidaren lehen artikulu-multzoa. Oraingoan beste hainbat egileren iritziak gehitu dizkiogu: Elías Amezaga, Martin Ugalde, Ramón Buckley eta Jon Urrujulegi. Datorren astean argitaratuko dugu sail horretako azken emaitza.

Ots 06 03

Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo

Duela 25 urteko Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalean, Saizarbitoriak eta Izagirrek ikastolako bost gaztetxo eraman zituzten Zeruko Argiako orrialdeetara: Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo. Argazkiak ere baziren, baina begiak estalita. Aldizkariko zenbaki hartan, Perturren desagerketari buruzko datu berriak izan ziren gai nagusia, eta Joseba Sarrionandiaren ipuin labur batzuk eta Koro Navarroren liburu kritika ere aurki zitezkeen.

Urt 30 03

Escritor vasco / Euskal idazlea polemika duela 25 urte

1978ko urtarrilean Raúl Guerra Garrido idazle donostiarrak polemika handia piztuko zuen artikulua argitaratu zuen Eginen. Bertan, literatura erdaraz idazten duten euskal herritarrek bazterketa bikoitza jasaten zutela salatzen zuen. Egunkari hartan bertan erantzun zion Xabier Kintanak, Zeruko Argian Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak, Deian Elías Amezagak eta Martin Ugaldek, eta gehiagok, dozena bateko artikulu saila osatu arte.
Geroztik ia kronikoa bihurtu den eztabaida honek, orduko hartan izan zuen agerpenik goriena eta joriena. Hurrengo Emailuetan polemika horretako gainerako artikuluak bilduko ditugu.

Urt 30 03

Marisa barra atzean

Koldo Izagirre / Ramon Saizarbitoria bikotearen Baietz astea gaizki bukatu aste batzuez desagertu zen, elkarrizketak egiteari heldu zioten bitartean. Sail berriari Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna ipini zioten izena, eta hurrengo hilabeteetan bost elkarrizketa bururatu zituzten. Lehen-lehenik, prostituta anonimo bat izan zen protagonista, Marisa barra atzean izeneko artikuluan. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan beste hauek ere irakur zitezkeen: Oskorriren "Mosen Bernat Etxepare", J.L. Davanten koplak edo Juan Txillidaren marrazkia.

Urt 23 03

Claudia Cardinaleren dezepzioa

Aurreko asteko gaiari jarraituta, Claudia Cardinale sekuestratzeko plana zelan amaitu zen kontatzen ziguten aste hartako Baietz astea gaizki bukatu sailean,eskoletan euskara sartzearen eztabaidarekin batera. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan ere Martin Villak esandako “Dos a uno a nuestro favor” esaldi famatuaren sorburuan dauden hilketak izan ziren gai nagusia.

Urt 16 03

Claudia Cardinale sekuestratzeko plan izkutua

Indarberrituta itzuli ziren Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre Baietz astea gaizki bukatu sailaren 1978ko lehen alean. Normalean baino orrialde bat gehiago, tartean Claudia Cardinale sekuestratzeko plana ere definitzen zuten. Zeruko Argia-ko zenbaki hartako beste eduki batzuk: Olariagaren Mozorrozko pertsonaia berria, eta Mitxelena bertsolariari egindako elkarrizketa.

Urt 09 03

Astea gaizki bukatzeko modurik ez

Zeruko Argia-ren urte hasierako zenbaki bikoitzaren (767-768.a) ostean, 1977ko urtarrilaren 8an ez zen Baietz astea gaizki bukatu sailik argitaratu. Aste honetan, beraz, ezin gozatu, Koldo Izagirreren eta Ramon Saizarbitoriaren artikuluez.

Urt 02 03

Ave Cesar, agur tú

Hizkuntz politika eta elebitasunak sortutako hainbat korapilo jorratzen zituzten Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriak Baietz astea gaizki bukatu saileko 1978ko lehen artikuluan. Ave Cesar, agur tú izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren ale hartako beste zenbait eduki: 1977. urteko bilana, Bardeetako tiro poligonoa, Charles Chaplinen heriotza…

Abe 26 02

Parlamentariek ez omen dute

aurreautonomiarik lortu
1977ko abenduaren 25eko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Parlamentariek ez omen dute aurreautonomiarik lortu izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren ale hartako beste zenbait edukiren artean, irakurle batek “medio metro” eta “cuanto más alto más bobo” deiturak erabiltzen ditu Izagirre eta Saizarbitoriari buruz, berauen artikulu bat kritikatzeko orduan.

Abe 19 02

Berriz ere

1977ko abenduaren 18ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Berriz ere izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: Fran Aldasororen askapenaz. Barruan beste zenbait eduki: “Ipurbeltz” aldizkariaren lehen alea plazara, Juan Luis Goenagaren erakusketa, Joseba Sarrionandiak Xabier Gereñoren nobela bati egindako kritika, Itxaro Bordaren bertsoak Xabier Leteri. Hurrengo asteko artikulua: “Parlamentariek ez omen dute aurreautonomiarik lortu”.

Abe 12 02

Baietz astea

1977ko abenduaren 11ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Baietz astea izan zuen izenburua, non Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak aitortu zuten: “Pues bai, gu futbolzale amorratuak gara”. Zeruko Argia aldizkariaren azalak honela zioen: “Emakumeak burrukan”, gerra garaiko emakume anarkistez. Barruan beste eduki batzuk: Antton Olariagaren Hormasprayko, Ibon Sarasolaren “Hitz bitan” saileko lehen artikulua, Jon Sendagortaren “Artea eta anarkismoa” artikulua.

Abe 05 02

Universitas Deustensi Ecclesiae

1977ko abenduaren 4ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Universitas Deustensis Ecclesiae izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren azalean “Homosexual eta beste zokoratuak” lema, eta gaiari buruzko editoriala eta erreportaia. Barruan beste eduki batzuk: Ibon Sarasolak iragarri zuen “Euskal jardunak” artikulu saila abiaraziko zuela; Jon Sendagortak Jose Julian Bakedanoren “Bost” filmari buruz idatzi zuen. Datorren asteko artikulua: “Baietz astea”.

Agenda

Efemerideak

Kritikak