Uzt 04 19

Joxe Azurmendiren manifestu gaurkoa

Aldarrikapena argia da: “Horiek libertaterik/ ekarriko baligute bezala./ Ta ez horiengatik, ezpada/ guzti horien kontra/ nahi dugu libre izan/ kondaira guztiaren kontra”. Zeintzuk dira horiek? San Inazio, Xabier, Txurruka, Elkano… eta aise gizendu litekeen zerrenda. Joxe Azurmendiren Manifestu atzeratua poemaren pasarte bat duzu, Espainiako Armadaren ikur-ontzia Euskal Herrian bisitan, eta euskal deiturako gizonen balentriak kantagai diren egunotan gogoratzeko egoki askoa. Poema idatzi eta 50 urtera, ezin gaurkoagoa. Hementxe duzu.

Eka 05 19

Poesiaren pausa

Ean, 2019ko ekainean

PAUSATU BEHARRA DAGO

Pausatu beharra dago igartzeko zertan ari garen. Albo baterantz egin beharra dago, edo hobe esanda, alboetarantz; bazterretatik hobeto antzematen baita zentralitatea. Zurrunbilotik at kokatu, eta zikloek bidea egin dezaten utzi. Edo akaso, zirkuluaren hasierara itzuli, geure buruari patxadaz erreparatzeko, nola ari garen ikusteko, tresnak berritzeko, birpentsatzeko… Poesia Egunen bide honetan gorpuztu ditugun egiteko-modu ezberdinak ikusteko, oharkabean ala oharturik. Poesia Egunak bidean eraiki eta deseraiki baitira, eta geu, antolatzaileok, bide horretan ere eraiki eta deseraiki dugu gure jarduna, batzuetan kontzienteki, beste batzuetan zurrunbiloak harrapaturik.

OREKAREN SOKATIK TIRAKA

2004an ekin genion bideari, egun bakarreko ekimenarekin: Gabriel Arestiren Eguna. Omenaldia egin nahi genion, Eako herritarrok Arestirekiko zorrak kitatu nahi genituen, bere obra ezagutaraziz, herrian bertan bere obraren oihartzuna biziaraziz. Asmo hura handituz joan da. Urterik urte, Poesia Egunak Gabriel Arestiren etxEA izan dira. Etxe horretako zutabe guztiak kuestionatu ditugu denon artean. Poesia mailu bat da? galdetzen genuen 2005ean. EtxEA sendotu, berriztu, eta edertu egin dugu urte guzti hauetan, leihoak ireki dizkiogu. Oreka izan dugu iparrorratzetariko bat antolakuntzan, eta ekilibrista-lanak egin ditugu bi muturren arteko ikuspegi artistikoak gurera biltzeko: batetik, ekimen herrikoia antolatzea izan dugu jomugan; bestetik, berritzaile izateko bokazioa ere izan dugu. Bi ikuspegi artistiko horiek, herrikoitasuna eta berrikuntza, izan ziren Gabriel Arestiren sorkuntzan iparrorratz.

(gehiago…)

maiatza 29 19

Liburu azoka Ziburun

Euskal disko eta liburu azoka antolatu dute ekainaren 1ean (larunbata) Ziburun. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte Ziburuko herriko plaza gure literaturako nobedade eta lanez mukuru egonen da. Ziburuko Baltsan elkarteak halaber Argia astekaria omendu gura izan du bere mendeurrenean. Susa literatura argitaletxea, Euskal Herriko beste hainbatekin batera Ziburuko azokan izanen da.
Ziburun euskal literaturak izan duen tradizioa ezagutzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek, Joanes Etxeberri (1580-1665), Piarres Etxeberri (XVII. mendea), Pierre Argaiñaratz (XVII. mendea), Beñat Gazteluzar (1619-1701), Jan Battista Kamusarri Murgi (1815-1842) eta Piarres Larzabal (1915-1988) idazle ziburutarrak nabarmenduz.

maiatza 09 19

Susa Literaturian

Literaturiaren edizio berri bat izango dugu asteburu honetan Zarautzen. Ostiraletik igandera literaturarekin lotutako emanaldi, liburu aurkezpen, hitzaldi eta tailerrak izango dira herriko gune ezberdinetan. Urtero bezala, aurten ere larunbatean -goiz eta arratsalde- eta igande goizean liburu azoka izango da Musika plazan. Susa argitaletxeak udaberriko nobedadeak zuzenean aurkezteaz gain, katalogoko liburuak izango ditu eskuragai literaturzalearentzat. Jose Luis Otamendik eta Iñigo Astizek errezitaldiak egingo dituzte Garoa liburudendan Disoluzio agiriak eta Analfabetoa poema liburuak aurkezteko; Beñat Sarasolak Uxue Apaolazarekin egingo du solasaldia Deklaratzekorik ez nobelaren gainean eta Miren Agur Meabek Josune Muñozekin batera aurkeztuko du Hezurren erretura narrazio liburu berria. Garazi Arrulak eta Ion Olanok Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak aurkeztuko dituzte igande goizean.

maiatza 02 19

Literaturia Zarautzen

Zu naiz ni zara izenburuarekin dator aurtengo Literaturia, maiatzaren 10etik 12ra bitartean Zarautzen. Jenisjoplin Uxue Alberdiren nobelaren jendaurreko irakurraldiarekin hasiko da Zarauzko Modelo aretoan maiatzaren 10ean, ostiral arratsaldean. Iñigo Astizen Manifestua iragarri dute gero egitarauan.
Larunbatean, egun osoan zehar Garoa liburudendan azken nobedadeak aurkeztuko dituzte idazle hauek: Patxi Zubizarreta, Ione Gorostarzu, Aintzane Usandizaga, Miren Amuriza, Miren Agur Meabe, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Beñat Sarasola, Ainara Maia eta Miel Anjel Elustondo. Biharamunean berriz; Idea Vilariño eta Cesare Paveseren Munduko poesia kaierak, Mayi Peloti buruzko liburua edota Edu Zelaietaren Mundutik mundua aurkeztuko dira.

Anjel Lertxundi omenduko dute larunbat eguerdian Otto Pette eleberriaren 25. urteurrena ospatzeko, Patxi Santamariaren performancea eta brindisa txakolinarekin. Igandean berriz, Salbatore Mitxelenaren jaiotzaren 100. urteurrena dela eta solasean arituko dira Anjel Lertxundi eta Lourdes Otaegi maiatzaren 12an (igandea) 13:30ean Zarauzko Modelo aretoan.

Larunbatean goiz eta arratsaldez, eta igande goizean euskal argitaletxeen liburu azoka izango da Musika plazan. Literaturiaren egitarau osoa, hementxe.

Api 19 19

Sarako idazleen biltzarra

Beste behin, eta badira 36 edizio dagoeneko, Sarako idazleen biltzarra ospatuko da. Aurtengoan bi egun hartuko ditu biltzarrak Sarako kiroldegian eta bere liburuekin izango dira idazleak apirilaren 22an eta 23an. Ekitaldi sorta oparoa izango da astelehen eta asteartez eta besteak beste egitarauko zenbait saio ekarri ditugu hona. Itxaro Bordak eta Severine Dabadie argazkilariak Poema bat da herri hau liburua aurkeztuko dute Elkar argitaletxearen eskutik. Pamiela argitaletxeko nobedadeak aurkeztuko dituzte Juan Carlos Etxegoien Xamar eta Kepa Altonaga idazleek: Etxera bidean eta Douvoisin kapitainaren malura. Xabi Erkizia, Arantxa Iturbe eta Lucas Rullok berriz idazleen ahotsak bilduz sortutako Afoniak emanaldi berezia eskainiko dute. Itziar Madinak XXI. mendeko euskal literatura aztertuko du eta Euskal idazleen elkarteko Garbiñe Ubedak eta Peru Iparragirrek hitzaldi bana emango dute elkartearen izenean. Azkenik euskarazko irakurketa nola sustatu asmatzen saiatuko dira Lierni Arizaga kazetaria, Maider Bexagar liburuzaina, Peio D’Uhalt editorea, Lucien Etxezaharreta idazlea eta Maiatz argitaletxeko kidea eta Baionako Mediatekako Gilles Riviere liburuzaina.

Urt 09 19

(H)ilbeltza krimena Baztanen izanen da


Urtarrilaren 14tik 20 berriz ere (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea Baztanen.
Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste aste osoan zehar.

Aza 12 18

Literaktum Donostian

Literatura beste hainbat diziplinekin elkarrizketan eta gaur egungo eztabaidei lotuta antolatu dute Literaktum jaialdia aurten ere Donostian azaroaren 13tik 24ra bitarte. Idazleekin hitzaldiak, solasaldiak eta irakurraldiak prestatu dituzte aurtengo egitarauan. Euskarazko saioak ekarri ditugu Emailuetara:Katixa Agirre Amek ez dute nobelari buruz arituko da Eider Rodriguezekin azaroaren 14an (asteazkena) 19:00etan Donostiako Elkar aretoan; Euskal idazleen ahotsak baliatuta Afoniak izeneko irratsaio berezia atondu eta aurkeztuko dute Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbeazaroaren 16an (ostirala) 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia aretoko klubean; Kulturari buruz arituko dira solasean Danele Sarriugarte eta Antonio Casado da Rocha azaroaren 17an (larunbata) 12:00etan Donostiako Kaxilda liburudendan; Esti Martinez Diaz de Cerio eta Peru IparragirreLiteraturaren bide berriak hartuko dituzte hizpide azaroaren 19an (astelehena) 19:00etan Donostiako liburutegi nagusiko aretoan; Harkaitz Cano eta Leire Palacios Fakirraren ahotsa nobela berriari buruz solasean arituko dira azaroaren 22an (osteguna) 19:30ean Donostiako Lugaritz Kultur etxean; Bernardo Atxaga eta Jose Kruz GurrutxagaMartuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatua egingo dute azaroaren 24an (larunbata) 20:00etan Donostiako Loiolako kultur etxean.

Abu 30 18

Autobiographikal-eko lau poema

Bi lagunen artean sortutako poesia-antzerkitua, antzerki-poesiatua da Autobiographikal. Bi lagun horiek Eider Perez eta Ane Zubeldia dira. Topatutako hainbat poema oihukatu, xuxurlatu edo ozenki errezitatzeko beharretik edo nahitik sortu zen  Autobiographikal ikuskizuna, eta bertan hainbat poeta topatuko dugu. Euskaldunak, lehendik euskaratutakoak (Bachmann, Sapho, Storni…) eta euskarara lehen aldiz ekarritakoak. Azken hauetatik, hemen dituzu Eunice de Souza, June Jordan eta Warsan Shireren lau poema.

Uzt 13 18

Lurra sustraietatik orri
Eako poesia egunetan

15. urtez Ean Poesia Egunak asteburuon, uztailaren 13tik (ostirala) 15era (igandea) bitartean. Jon Miranderen Haur besoetakoa lanaren irakurketa berri bat eskaini asmoz Amaia Elizalderen hitzaldiak irekiko ditu aurtengo topaketak. Ibai Atutxak Bestelako lurralde, intimitate eta Euskal Herritarrak egungo literaturan izango ditu berbagai larunbatean, Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Eider Rodriguezen Bihotz handiegia eta Danele Sarriugarteren Azala erre lanak aztertuko ditu hitzaldian.
Larunbat eguerdian Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarrek poesia errezitaldia egingo dute Eako moilan. Arratsaldean berriz, Metrokoadroka sormen laborategikoek Zanbuia! lana egingo dute kalean eta ostean Parrapean errezitala izango da Portusolon, Nicanor eta Violeta Parra nebarreben poema eta kantuekin. Igande goizean Mari Luz Esteban Lurra, animaliak, emakumeak: desokupazio-ariketa 5 ekitalditan aztertuz arituko da Eskolondon.

maiatza 24 18

Aingura Literaturian jarrita

Literaturiaren edizio berria egingo da maiatzaren 24tik 27ra bitartean Zarautzen, Aingura lemapean. Maiatzaren 24an, osteguna, Autobiographical poesia-antzerki interpretatu saioa eskainiko dute Ane Zubeldia eta Eider Perezek.
Maiatzaren 25ean (ostirala) EIZIEk mikroipuinen itzulpen tailerra antolatu du eta Artze gogoan izango dute Andoni Salamero eta Miriam Lukik Antoniano aretoan.
Maiatzaren 26an (larunbata) goizeko 10:20an hasita aurtengo liburu berrien aurkezpenak egingo dituzte idazleek: Errepidean liburuaren itzulpena Iñigo Roquek, Zauri Bolodia Oier Guillanek Iraia Elias ondoan duela, Lucien Etxezaharreta eta Juankar Lopez-Mugartzak Arima Animalia, Zu entzuteko gaude Xabier Mendigurenek, Neska bat leku inposiblean Xabier Amurizak eta Bioklik Asel Lusarragak. Arratsaldean berriz, Judith Butler idazlearen Genero nahasmendua aurkeztuko du Ana Isabel Moralesek, Keinu konplizeak errezitaldia egingo du Karlos Cid Abasolok Arantza Plaza eta Xabier Amurizarekin, Erreka haizea saiakerari buruz mintzatuko dira Sonia Gonzalez eta Miren Agur Meabe eta Emakume burugabea aurkeztuko dute Antxiñe Mendizabal eta Miriam Lukik. Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak Alice Munroeren itzulpenaren berri emango du Isabel Etxeberriak.
Maiatzaren 27an (igandea) Oroimenaren aingura izeneko mahainguruan Anjel Lertxundi, Andoni Tolosa Morau eta Maddi Zubeldia Alzheimerra eta gaixoen zaintzari buruz arituko dira, Jon Abrilen gidaritzapean.

Api 26 18

Henri Michaux euskaraz Etiopikoak jardunaldietan

Baiona munduko kale leloaz, 2018ko apirilaren 25etik 28ra Etiopikoak kultura eta arte jardunaldiak burutu dira Baionan. Musika eta dantza ikuskizunak, filmak, mintzaldiak, poesia errezitaldiak…  apirilaren 26an Beñat Axiarik, Gaspar Claus biolontxelo-jotzailearen laguntzaz, Henri Michaux idazlearen bost poema kantatu zituen. Itxaro Bordak euskarara ekarriak, hemen dauzkazu irakurgai.

Api 09 18

Literatur errepublika
Literaldia 2018an

Bartzelonako Euskal Etxeak hutsik gabe jarraitzen du urteroko Literaldia antolatzen. Liburu ginkana batekin eman zioten hasiera iragan apirilaren 6an, kantu afariarekin segi biharamunean eta Lauaxeta katalanera itzultzeko tailerrarekin jarraitu dute asteon. Dol i sol / Haztamuka errezitaldi poetikoa eskainiko du Luisa Etxeberriak apirilaren 14an. Kirmen Uribek Zaldiak eta beren itzalak errezitaldi poetikoa eskainiko du apirilaren 16an. Koldo Izagirrek berriz, Literaldian aurkeztuko du du Que vol foc, Mr Churcill? liburua, Sua nahi, Mr. Churcill? katalanera itzuli ostean. Bartzelonan eta Mallorkan egingo ditu aurkezpenak. Iban Zaldua apirilaren 24an mintzatuko da bertako literaturzaleen aurrean.

Mar 27 18

Bederatzi antzerki-lan

Martxoaren 27an  Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren karietara, osorik irakurgai jarri ditugu Susak 80etan argitara emandako antzerki-bilduman kaleratutako  liburuetako batzuk, sei zehazki: John Steinbeck-en Izar bat izan zen, Guillaume Irigoienen Hamar manu minduak eta Apetitu on!; Alfonso Sastreren Ez da pale egiteko ordua; Xabier Mendigurenen Kanpotarrak maisu eta Kultur Ministrariak ez digu errukirik; Imanol Eliasen Haunditasun ametsak eta Hiru morroiak; eta Marx anaien eta Maskarada taldearen Marxkarada.

Urt 11 18

(H)ilbeltza laugarrenez Baztanen



Urtarrilaren 15etik 21era Baztanen euskal nobela beltzaren inguruko ekitaldiak antolatu dituzte (H)ilbeltza aurten ere. Liburu aurkezpenak, solasaldiak, zinema, susmagarrien gaua eta testuen irakurketa izango dira besteak beste. Itxaro Borda idazleak adierazi moduan, “krimen bakarra, huts egitea da“.

Agenda

Efemerideak

Kritikak