Eka 03 23

Nazim Hikmeten poemak

Turkia bere herriaren eta bereziki bere herrikideen XX. mendeko ahots inportanteenetako bat da Nazim Hikmet-ena. Hainbat aldiz kartzelan egona (azken kartzelaldian 12 urte), alderdi komunistako kidea,  Gabriel Arestik ekarri zuen euskarara Lau gartzelak eta beste zenbait poema liburua. Gerora, Iñigo Aranbarrik dozena bat poema itzuli zituen, eta badaude euskratutako beste poema solte batzuk ere. Ekainaren 3 batez duela 60 urte Moskun hil zen Hikmeten euskaratutako lanok bildu genituen hemen.

Api 19 23

Txikiaren Hitz etena

Telesforo Monzonen hitzekin egindako kantua ezagunagoa izanagatik ere, bazituen Eustakio Mendizabal  Txikia-k berak idatzitako kantu eta poemak. Jon Arano poetak bildu zituen eta 1992an argitaratu, Susa argitaletxearekin.  Gaur 50 urte hil zuen Espainiako Poliziak  Algortan 28 urteko itsasondoarra, militantzia politiko nabarmena egina zuena ordurako. Urteurrenaren harira, hona Txikiaren Hitz etena.

Api 13 23

Fantasia eta errealitatea

Oso bi idazle desberdin batzen ditu apirilaren 13ak. Duela 200 urte Eugene Mouton jaio zen. Legelari gisa ibilbidea egindakoa, literatur aldizkarietan eman zituen argitara istorio eta narrazioak, mundu fantastiko, menturazkoa jasotzen dutenak. Zientzia fikzioaren aitzindarietakoa, halakoxea da Pamiela aldizkarian 1985ean Kapok euskaratu zuen Zurezko burua zuen elbarrituaren istorioa. Gaur 40 urte hila, fantasiatik baino errealitatetik gehiago dakar bere literaturan Merçe Rodoredak (nahiz eta baduen ukitu sinbolista zenbait narraziotan). Espainiako Errepublika, gerra, erbestea… heriotza, amodioa, denbora dira idazle katalan handi honen gaiak. Maite Gonzalez Esnal-ek euskaratu zituen haren Ipuin hautatuak (Elkar, 1984) eta eleberririk ezagunena, Diamantearen plaza (Elkar, 1994). Berrikiago (2013), Antton Olanok Ispilu hautsia ekarri du argitara Literatura Unibertsala bilduman.

Api 03 23

Oholtzako abangoardia

1898ko apirilaren 3an jaio zen Michel de Ghelderode idazlea, Belgikan. XX. mende hasierako  dramaturgo handietako bat, obra oparo baten egilea da, zeina asko eta toki askotan errepresentatua izan zen. Pertsonaia grotesko eta beldurgarrien sortzailea, abangoardiako idazle kontsideratzen da. Baina abangoardian ikurrik badu antzerkiaren munduak XX. mendean, hori Antonin Artaud da, apirilaren 3 batez hil zena Ghelderode jaio eta 50 urtera. Teorialari, idazle, aktore, poeta… oholtzari astindua ekarri zion marseillatarraren ekarpenak. Obra bana daude euskaratuta, Ghelderoderen Zaldun bitxia, Juan San Martinek Egan aldizkarian 1965ean; eta Jainkoaren judizioari akabera emateko, Asier Sarasolak Tabakalerarendako, 2017an. Biak dituzu irakurgai.

Mar 16 23

Jose Gorostizaren Amaibako heriotza

Mexikoko XX. mendeko poetarik handienen zerrendan tokia dauka Jose Gorostizak. Obra poetiko kopuruz laburrekoa, mamiz handikoa, haren Amaibako heriotza (Muerte sin fin, 1939) lirika mexikarraren gailurtzat jotzen da, hurrengo belaunaldietako egileengan eragin handia izan duena. Halaxe azaltzen du Josu Landa Goioganak, autorea bera ere aurkeztuz, euskarari ekarri ziolarik poema eta Idatz&Mintz aldizkariaren separata batean argitaratu. Gorostizaren heriotzaren 50. urteurrenean irakurgai daukazue, Luigi Anselmik itzuli zizkion bertze bi poemarekin batera.

Ots 20 23

Euskaldunon Egunkaria gogoan

20 urte bete dira Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi zutenetik. Eta efemeride hura gogora ekartzeko, egunotan hainbat lan argitaratuko ditugu Literatur Emailuetan.
2003ko otsailaren 20a, betirako memorian iltzatuta geratuko den eguna delako euskal prentsa bultzatu, irakurri eta idazten aritutako guztientzat.
Otsailak 20:  Itxaro Bordaren 20 urte eta gero hau koplak, Juan Luis Zabalaren Erresistentzia baten gazi-gozoak gogoeta eta Amagoia Gurrutxagaren 14. orrialdeko titularra kontakizuna.

Otsailak 21: Harkaitz Canoren Sisiforen paperak Idurre Eskisabelek kontatutako Arrazoia eta Etengabe eta Josu Goikoetxeak 1992ko albiste batetik abiatu eta sortuatko  92 izeneko poema.

Otsailak 22: Jule Goikoetxeak idatzitako Euskaldunon Egunkariak 20 urte eta Hedoi Etxarteren 1992.

Otsailak 23: Jose Luis Otamendiren Egunkari orri batekin eta Gotzon Barandiaranek idatzitako Egunkari bat atrildu zaigu besoetan.
Otsailak 24: Nora Arbelbide Denok gara amerikarrak, Mikel Elorzaren antzerkilana Erredakzioa itxita eta Oihana Arana eta Leire Vargasek idatzitako poema: Iragan geruzak.

egunkaria000

 

Ots 09 23

Hiru poeta gogora ekarriak

Hiru poeta desberdinen urteurrenak gogoratu ditugu aste honetan. Marcela Delpastre okzitaniarra izan zen lehena. Itxaro Bordak euskaratutako Poeta irakurri dugu. Adinkidea, eta hura bezala bere lurrari lotua, kultura poetiko arras desberdinekoa dugu Brendan Behan irlandarra, zeinaren hiru poema itzuli zituen Paddy Rekaldek. Julio Florez da hirugarrena, XIX. mendeko poeta kolonbiarra, gurera ere aspaldi, 60etan, ekarria Jon Beistegik, bi poema.

Ots 07 23

Le Fanuren Maizter misteriotsua

Beldurrezko narrazioen idazlea, misteriozko giro eta pertsonaiak eraikitzen trebea izan zen John Sheridan le Fanu. 150 urte dira otsailaren 7an hil zela, eta Dublin University Magazine aldizkarian sinadurarik gabe agertutako, baina harena omen den Maizter misteriotsua dakarkigu, Erein argitaletxearen Bartleby sailean argitaratua, 1991n, Luigi Anselmiren itzulpenean.

Ots 03 23

Bordari hil zela 40 urte

1983ko otsailaren 3an zendu zen Fernando Artola Bordari idazlea. Gerra aurretik idazle lanetan hasia, gerrak haren bizimodu eta jarduera eten zuen, eta erbestea bizi izan zuen. Hondarribira itzulia, frankismopean ez zion utzi idazletzari. Hainbat agerkaritan plazaratuak bere lanak, liburu gutxi argitaratu zuen. 1968an eman zuen lehena, Goraintzi, hil berri zen emazteari eskainia. 1982an Sendoak haren lanen bilduam atera zuen bi liburukietan, prosa-lanena lehena, poesiena bigarrena. Bakoitzak berea izenburuko honetatik hautatu ditugu Olaxta izeneko sorta osatzen dutenak, itsas eta portu girokoak; emazteari eskainitako Goraintzi; eta denetarik dakarren poema-multzo bat, Gizadi kanta. Antologia, eta egilea, aurkezten duen Juan Mari Lekuonaren hitzaurrea ere irakurgai duzue.

Urt 28 23

150 urte Colettek

Urtarrilaren 28an 150 urte jaio zela Sidonie Gabrielle Colette idazlea. Kazetaria, gidoilaria, kabareteko artista eta, batez ere, eleberrigilea izan zen. XX. mendea jaiotzearekin hasi zen eleberriak idazten eta, beste hainbat jardunetan aritu bazen ere, ez zion utzi XX. mundu gerrara bitarte. Batzuk oso arrakastatsuak, filmik ere egin zuten haren obrak oinarri, bere bizitza dute lanerako ekai haietako askok. Kabaretetako bizimodua erakusten duen Mari-alderrai ekarri zuen euskarara Periko Diez de Ultzurrunek 1998an, Literatura Unibertsala bildumaren baitan, osorik irakurgai dagoena.

Urt 27 23

Nemesio Etxanizen Arraldea

24 urte zituela, 1923an eman zuen argitara Nemesio Etxanizek Arraldea narrazioa. Gerra aurretik argitara eman zuen obr? bakarra da, “ipuin zaharra” azpizenburua duena, Zarautzen kokatzen duen istorioa, elezaharren moldean idatzia, estilo jori eta hizkuntza biziz. Andima Ibinagabeitiak behin eta berriro hauspotzen omen zuen nobela bat idaztera, narradore bikaintzat baitzeukan. Eta hala izan zen, poesia alorrean ere ederto aritu zen apaiz euskaltzale azkoitiarra, bere lanetan eremu berrien alde lan egin zuena. Grafia gaurkotuta, duela 100 urte plazaratutako Arraldea dakarkizuegu Etxanizen heriotzaren urteurren egunean.

Urt 19 23

Eugenio de Andraderen mendeurrena

Duela ehun urte, 1923ko urtarrilaren 19an, jaio zen Eugenio deAndrade (Jose Fontinhas ponte-izenez), Portugalgo Povoa de Atalaian. Lisboara bizitzera aldatua, gaztetandik ekin zion poesia idazteari. 1948ko As mãos e os frutos liburuarekin arrakasta izan eta gerora beste hainbat argitaratu zituen, XX. mendeko Portugalgo liriko handietako bat bilakatuz.  Euskaraz irakur liteke haren lanik: Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Elkar, 1985) liburuan Joseba Sarrionandiak hiru poema itzuli zituen, eta Maite Gonzalez Esnalek Uraren bezpera (Pamiela, 1990) poemarioa ekarri zion euskarari.

Urt 12 23

Labaienen antzerki lanak

Duela 125 urte, urtarrilaren 12an, jaio zen Antonio Maria Labaien. Hainbat alorrretan jardundakoa, antzerkiaren eremuan nabarmendu zen haren lana, euskal antzerkiaren pizkundean oinarrietako bat izanik: bultzagile, Antzerti aldizkariaren sortzaile (sarean dira aleak, digitalizatuak), hainbat obraren egile… Klasikoen Gordailuan haren 19 lan daude irakurgai, gai, garai, molde eta estilo desberdinetakoak: Txinparta buruzagi (1921), Ostegun gizena (1930), Euskal-eguna (1931), Maya (1932), Mateo Txistu (1932), Iparragirre (1933), Galtzaundi (1935), Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti… (1935) , Iruñxeme (1935), Muga (1954), Lurrikara (1955), Jostuna (1956), Petrikillo (1956), Jokua ez da errenta (1960), Malentxo alargun (1962), Domenjon de Andia (1965), Kalifornia ku-ku (1967), Pestaburu (1967), Agarren seme… Ismael (1970).

Urt 12 23

Txaman 2002an Durangon sortutako literatur aldizkaria

“Herria absurdo xamar dago, ez da inor ageri kaleetan, bonba nuklear bat jauzi balitzan guztia arrasatuz, baina ez, kaleek eta etxeek bere osotasunean diraute” zioen 2002ko udazkena Durangon poemak. Txaman aldizkari sortu berriak -2002ko udagoienean-literatur edukiz betetako fotokopiak banatu zituen Durangoko tabernetan. Lagun artean, 2003ko uda bitartean lau zenbaki plazaratu zituzten guztira, eta hainbat errezitaldi eskaini.
Orduan sarera batu genituen, eta oraindik irakurgai dira lau aldizkariak:

  txam0101
Tx
aman 1 (2002ko udagoiena)

txam0201

Txaman 2 (2003ko negua)

 

txam0300

Txaman 3 (2003ko udaberria)

txam0400

Txaman 4 (2003ko uda)

Urt 08 23

Julene Azpeitia euskal maistra

Urtarrilak 8 zituela, duela 135 urte, jaio zen Zumaian Julene Azpeitia. Irakasle eta idazlea, euskarazko irakaskuntzari eta euskalgintzari lotuak eman zituen urteak, hala Euskal Herrian nola erbestean eman zituen aroetan, gerra aurrean eta ostean. Ikastolen sortze-mugimenduan engaiatua, garaiko prentsan sinadura ohikoa, batez ere haurrei zuzenduriko ipuinak zaizkio ezagunak, baina bestelako lanik ere eman zuen bere literatur jardunean euskal idazleetan aitzindarietakoa izan zen Azpeitiak.  Itxaropenak 1961ean emandako Amandriaren altzoan ipuin-bilduma du lanik ezagunena, 100 narrazio labur biltzen dituen liburua, osorik irakur daitekeena. 1974an haurrentzako ipuin eta irakurgaiak ere kaleratu zituen, Zuentzat izeneko bilduman. Hango narrazio bat ere, Poussy gaxua, irakur daiteke ipuina.eus webgunean. Zumaiarrari buruzko soslai labur baina zehatza eman zuen Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkarian.

Agenda

Efemerideak

Kritikak