Api 18 23

Bollerak erresistentziarako gorputz gisa, Eva Perez-Ponsen ahotsetik

Lisipe bildumak 13. alea kaleratu berri du, Eva Perez-Ponsek idatzia, Erresistentziarako gorputzak: bollerak izenburupean. “Heterosexual” eta “homosexual” kategorietan oinarritutako sistema normatiboak dakarren domestikazioaz harago, praktika indibidual zein kolektiboen bitartez egituratuko gorputz bezala aurkezten zaizkigu bollerak liburu honetan, erresistentziarako eta eraldaketarako gorputz bezala. Bestetasunaren ertz bollera ez-bitarretik idatzita, kontzeptu filosofikoen eta gertaera historikoen errepasoa egiteaz gain, ekintza zuzen ez-biolentoaren proposamena ere jartzen du mahai gainean. Osorik irakur dezakezu liburua online ere.

Api 17 23

Eva Perez-Pons Erresistentziarako gorputzak: bollerak

Eva Perez-Pons idazlearen eskutik Erresistentziarako gorputzak: bollerak saiakera aurkeztuko du Lisipe bildumak apirilaren 17an (astelehena) 10:30ean Donostiako liburutegian, Mandasko Dukearen aretoan.

Erresistentziarako gorputzak - azala

Aza 11 22

Emakume nekazariak eta parte hartzeaz, Leire Milikua

Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza. Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema. Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian liburuan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzea da asmoa: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan. Irakurgai duzue Leire Milikua Larramendik emakume nekazariez eta parte hartzeaz Lisipe bilduman idatzitako saiakera.

Lur gainean, itzal azpian - L Milikua - azala(1)

maiatza 02 22

Gure bazterrak arakatzen

Dekolonialitatearen ibilbide emantzipatzaileari euskal feminista moduan ekarpena egiteko asmoz idatzitako liburua da Araka ditzagun gure bazterrak. Hausnarketak, ekimenak eta proposamenak geure kokaleku zuritik eta mendebaldarretik harilkatu ohi ditugu. Hori da oraindik ere gure kokaleku nagusia, eta, azkenaldian, botere-posizio hori birpentsatzeko eta desplazatzeko ariketa kolektiboa egiten ari dira Euskal Herriko Bilgune Feminista eta Emagin. Ez da ariketa erraza gai honen inguruan hitza hartzea, ezta horretarako kokaleku egokia topatzea ere. Umiltasunetik egiten dute, dena entzuteko eta dena ikasteko dutela jakitun. Deserosotasunari eta kontraesanari iskin egin gabe, bertan gordetzen direlako korapiloak askatzeko bidezidorrik interesgarrienak. Horretarako, azken urteetan kolektibo biek egin duten bidea kontatzen du liburuak, askotariko begiradak gorpuzten, arrazakeria izendatzen eta gatazka politizatzen irakatsi dieten konpa migratzaile eta arrazializatuekin egindako bidea, eta horren ondorioz sortutako hausnarketak eta ikasketak konpartitzen dituzte.

Aza 10 21

Nancy Fraser eta Kapitalaren lantegi ezkutuak

Nancy Fraser filosofo estatubatuarraren azken hausnarketak euskaratu ditugu Lisipe bildumaren hamargarren ale honetan. Osorik eskaintzen dizuegu sarean. Bere pentsamendua taxutu duten oinarrizko ideiak jasotzen dira; esate baterako, kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten duten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa. Zerk ezberdintzen ditu soldatapeko gizonaren esplotazioa eta soldatarik gabeko emakumeen desjabetzea? Nola ulertu behar dugu justizia soziala testuinguru berri honetan? Nola antolatu behar dira mugimendu sozialak emantzipazioa denona izan dadin?

Mar 19 21

Algara mutilatuak Ane Labakak osatutako sentikortasunen gorputz mapa

Atal asko mutilatu daitezke gorputz batean, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina guztiak ere berdin mingarriak ebaketa nozitu duenarentzat. Hain ezaguna ez izanagatik ere, ohikoa den mutilazio horietako bati heldu dio Ane Labaka Mayozek bere lanean, algararen erauzketari. Emakumezkoon gorputzetan fenomeno hori nola ematen den ikertzea izan du jomuga. Ariketa horretan bidaide izan ditu ipuin kontalariak, clownak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak, guztiak ere umorean arituak —eta, beraz, adituak— diren emakumezkoak, eta haien errelatoekin osatu du sentikortasunen gorputz mapa bat, zauri irekiez, orbainez eta sendabideez diharduena. Irakurgai duzue sarean astelehenean aurkeztuko dugun liburua: Algara mutilatuak.

Abe 04 20

Susa argitaletxea Durangoko liburu azokan

Aurten Durangoko Azoka birtualean izango da Susa. Udazkenean argitaratutako liburu berri hauek daramatzagu: Uxue Alberdiren Dendaostekoak kronika; Leire Bilbaoren Etxeko urak eta Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan poema liburuak; Kattalin Minerren Turista klasea nobela; Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua saiakera Lisipe bilduman. Eta Munduko Poesia Kaierak bildumakoak beste hauek: May Ayim eta Raymond Carver. Azkenik, Ganbila antzerki bilduman hauek: Erika Olaizola eta Kamikaz Kolektiboaren Panpina, Sarah Kaneren Zartatua / 4.48 Psikosia eta Agurtzane Intxaurraga, Arantxa Iturbe eta Hika Teatroaren Bidaideak.

Udaberrian plazaratu genituen: Igor Estankonaren Moskito poema liburua; Julen Belamunoren Hotz industriala ipuin liburua; Oier Guillanen VHS nobela; June Jordan eta Forugh Farrokhzaden poesia kaierak; Eneritz Artetxe Aranaz eta Dxusturi Teatroaren Isiltasuna, Kepa Errasti eta Xake Produkzioaken Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun antzezlanak.

Eskerrik asko urte osoan lanean lagundu diguzuen guztiei, bai liburuak atontzen bai Literatur Emailuak astero plazaratzen. Besarkada bat astero-astero Emailua jasotzen duzuen 1400 irakurle baino gehiagori ere, zelan ez.

Urr 14 20

Hiruki gatazkatsua, Marina Sagastizabalen hausnarketa

Lisipe bildumak zortzigarrena du kalean jadanik: Marina Sagastizabalek idatzitako Hiruki gatazkatsua. Eguneroko bizitzari lotutako hausnarketa da liburua, eguneroko horretan gurutzatzen diren hiru dimentsioren artikulazioan oinarritzen den hirukiaz diharduena: etxeko eta zaintza lanak, ordaindutako lana eta parte hartze soziopolitikoa. Hiru eremu horiek nola zeharkatzen dituzten bizitza zikloak, eta hiruren denborak nola uztartzen diren, edo talka egiten duten. Bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka gorpuzten duten esperientziak aletzen dira orrialdeotan, eta, esperientza horietatik abiatuta, mugimenduan dauden ideiak eta gogoetak plazaratu.

Hiruki gatazkatsua

Aza 22 19

Trikua esnatu da

Kalean da jadanik Lisipe bildumaren 7. alea: Trikua esnatu da, Idurre Eskisabel Larrañagak eta Lorea Agirre Dorronsorok idatzia. Azpititulua aski adierazgarria du: “Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara“. Gaur eta hemen emakume izatea eta euskaldun izatea bazterreko izateko bide dira oraindik. Prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen jendarteko botere sarean jokoan daude euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna. Biak dira menderakuntzaren alaba, ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, eta jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Elkarrekin gurutzatzen dira hizkuntza eta generoa: Kasualitatea al da euskararen feminizazioa? Zer lotura dago euskararen prestigiorik ezaren eta emakumea izatearen prestigiorik ezaren artean? Fokatze berri bat da, itzalean zeuden eremu horiek ikusgarri jartzeko saioa.

Mar 17 19

Idazleen gorputzak, egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian

Literaturaren ildotik dator Lisipe bildumaren seigarren alea: Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak. Beste arloetan bezala, literaturgintzan ere kanporatuak izan diren emakume idazleek denetariko estrategiak erabili izan dituzte debekatutako eremuak arakatzeko eta eraldatzeko, eta estrategia horiek guztiek emakumeen genealogia osatzen dute, ez bakarrik literaturarekin erlazioan, baizik eta gorputza eta, beraz, bizitza bizitzeko, imajinatzeko, irakurtzeko eta idazteko momentuan ere. Bost idazlerekin (Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi) izandako elkarrizketetan oinarritutako ikerketa lana.
(gehiago…)

Mar 04 19

Kontrako eztarritik, emakume bertsolarien testigantzak

Lisipe bildumak bosgarren alea argitaratu du: Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik. Hamabost emakume bertsolari elkarrizketatu ostean euren testigantzekin ondutako emaitza da liburua. Bertsolaritza praktika sozial bat da eta praktika sozialak oro dira gure garaiko botere harremanen dispositibo. Aski garbi ondoriozta daiteke hori elkarrizketatuen esanetatik. Espazio publikoak gizonenak diren honetan, emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela ageri da begien bistako.

Urr 27 18

Ezagutzaren matazak
Emagin elkarte feministaren eskutik

Lisipe bildumak laugarren liburua argitaratu berri du, Ezagutzaren matazak, Emagin elkarte feministak idatzia. Mugimendu feministak eta ekinbide komunitarioek azalarazi dutenez, ezagutza elkarreraginean eta elkarlanean sortzen da beti. Hala izanda ere, egitura akademiko eta hierarkikoak dira nagusi ezagutza kudeatzerakoan eta hedatzerakoan. Liburuxka honetan, gogoeta feminista kolektiboa gorpuztu dugu ezagutzaren inguruko korapilo zenbait askatzeko asmoz (prozedurak, ikergaiak, metodologiak, erakundeak…). Aldi berean, askatu gabeko korapiloak eta hari-muturrak ere ikusgarri egin nahi izan ditugu, askotariko ikerketa-jardunetan zer-nolako erronka feministak ditugun xehatu ahal izateko.

maiatza 30 17

Monique Wittigen artikuluak

Lisipe bildumak hirugarren liburua argitaratu berri du, Monique Wittig (1935-2003) idazle feministak 1992an argitaratutako saiakera sorta bat: Pentsamendu heterozuzena (The Straight Mind and Other Essays), sarean osorik eskaintzen dizuguna. Teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig; militantziaren eta aktibismoaren parte bat dira haren artikuluak. Gaztigatzen digu, erregimen politiko eta ekonomiko bat dela heterosexualitatea. Emakumea, mito gisa; Heterosexualitatea, sistema gisa; biak suntsitu nahi ditu. Ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea.

Mar 02 17

Mari Luz Estebanen
saiakera berria

Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera da Lisipe bildumako bigarren liburua, Mari Luz Estebanek idatzia eta martxoaren 6an Donostian jendaurrean aurkeztuko duena. Politika berrasmatzen ari gara? Galdera horrekin irekitzen du elkarrizketa Estebanek. Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadetan ezagutza sortzeko eta zirkularazteko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Noraino dira bateragarriak erreforma eta haustura? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak? Sarean osorik eskaintzen dizugun liburuan hamaika galdera aurkituko ditugu erantzun bakoitzeko eta hamaika eraldaketa konfrontazio bakoitzeko.

Urr 06 16

Lisipe bildumako lehen liburua

Zuriñe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak idatzi dute Lisipe saiakera bildumako lehendabiziko liburua: Borroka armatua eta kartzelak. Erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertuko ditu Lisipe bilduma feministak, eta Jule Goikoetxea idazlea izango du editorea. Gorpuztutako historia, ohiturak eta pentsamendu markoak zalantzan jartzea du helburua, patriarkalak ez diren tresna analitikoak sortzea. Euskal Herriko gatazka armatuaren eta haren ondorioen inguruko irakurketa feminista egin dute Rodriguezek eta Etxebarrietak osorik sarean eskaintzen dizugun aurreneko liburu honetan.

Agenda

Efemerideak

Kritikak