Mar 15 24

Euskal antzerkigintzaren ataria: ganbila.eus

EHAZEk eta Susa argitaletxeak elkarlanean sustaturiko ganbila.eus berrituta dator eta euskal antzerkigintzaren datu-base zabalena da. 167 obra jasoak zeuzkan orain arte —testua online—, ikuskizunetako hainbat bideo, eta 1.000tik gora artikuluko hemeroteka oso aberats bat. Hiru atal emendatu zaizkio guneari, eta ez nolanahikoak:  egileak, konpainiak eta estreinaldiak. 338 egile, 69 konpainia eta 1.155 estreinaldiren fitxak aurki daitezke une honetan. Gordailua osatzen duten atalez gain, astero sortzen den informazio eta edukiekin berritzen direnak ere badirenez, gaur egungo euskarazko antzerkigintzaren erreferentziazko gunea izango da ganbila.eus gunea.

ganbila

Ots 20 24

Sarah Kane hil zela 25 urte

kaneKritikak ez zuen Sarah Kane egilearen lana aintzat hartu, Zartatua-ren 1995eko estreinalditik hamar urtera Harold Pinter eta Edward Bond-ek miresmena aitortu zioten arte. Momentu horretatik aurrera, Thatcher Belaunaldiko sortzaileen artean egile garrantzitsuena iritzirik, Europan zehar maiz oholtzaratzen zen —eta den— lana dugu Kanerena. 1996. urtean Fedraren maitasuna  (Phaedra’s Love) zuzendu eta handik hiru urtera Garbituak (Cleansed) eta Grina (Crave) estreinatu zituen. Azken testua, 4.48 Psikosia, duela 25 urte, 1999ko otsailaren 20an bere buruaz beste egin ondoren antzeztu zuten. Ganbila bilduman kaleratu zituen Susa argitaletxeak  Zartatua eta 4.48 Psikosia obrak, Arantzazu Fernandezek euskaratuak.

Ganbila

Abe 19 23

Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan

Ander Lipusen Antzerkiaren labirintoan I eta II liburuek diptiko bat osatzen dute. Lehenengo liburuak Bitakora koadernoa azpi-izenburua du eta Lipusek bere ibilbide osoari errepasoa eman dio bertan. Narrazio autobiografiko bat erabili du horretarako. Estilo arin eta gertukoan idatzia, Lipusen oroitzapenen bidetik euskal antzerkiaren historia zatiak irakurri ahal izango ditugu bertan. Bigarren liburuak Artedrama baten bila azpi-izenburua du eta liburu bikoitz bat da. Hain zuzen, Lipusek bere ibilbidean gakoak izan diren idazkiak bildu ditu liburuan: batetik, Antzerkiola Imaginarioaren garaietatik honaino idatzitako artikuluen antologia. Bestetik, bere antzerkia ulertzeko moduaren azalpena. Horretarako, kontzeptuen, ideien eta erreferentzien glosario pertsonal bat egin du antzerkigileak. Osorik irakur daitezke sarean.

libus01 libus02

Abe 06 23

Susa literatura argitaletxea Durangoko azokan

Durangoko Azokan, Barrenkaleko ertzean topatuko dituzue aurten ere Susa literatura argitaletxeko liburuak. Abenduaren 6an (asteazkena) hasi eta abenduaren 10era (igandea) bitarte, aurtengo nobedadeak, azken urteetako liburuak, idazleak eta lagunak bertan izango gara, irakurleekin tarte bat hartu, eta literaturaz gozatzen saiatzeko.

Aurtengo nobedadeak

Lau narratiba liburu plazaratu ditu aurten Susak: Udaberrian Argialdiak Miriam Lukiren eskutik, eta udazkenean Juan Luis Zabalaren Dimisioa, Jon Alonsok Carvalho Euskadin, eta Lide Hernando Muñoz egilearen lehen nobela: Izotz ura.

narratiba2023

Poesia sailean, hiru liburu argitaratu ditu Susak aurten. Fast fatum Libe Goitiaren lehen lana, Iñaki Irazuren Zakurrak zaunka eta Harkaitz Canoren azkena Ulu egiteko bolondres bila.
poesia2023

Jon Urzelaik, Euskal Herriko musika jaialdiak aztertzen dituen Su festak saiakera ondu zuen 2023ko udaberrirako.

Munduko Poesia Kaierak, Ganbila eta Lisipe

Narratiba eta poesia betiko sailez gain, azken urteotan proiektu eta ildo berriak ere jorratzen ari gara Susa argitaletxean. Munduko Poesia Kaierak bilduman aurten Bertolt Brecht, Mario Benedetti, Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini ekarri dituzte euskarara Irati Majuelo, Inma Errea, Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxok.
Ganbila antzerki testuen bilduman berriz, udaberrian Hildako haurra eta Ura jaten plazaratu zituzten Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxeak, eta neguko irakurraldiak astinduko ditu Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan bi liburuekin.
Lisipe bilduma eta ildo feministan, Erresistentziarako gorputzak: bollerak gogoeta sortu du Eva Perez-Ponsek.

Eka 28 23

Edith Sodergranen mendeurrena

Duela mende bete, 1923ko ekainaren 24an hil zen Edith Sodergran. Suedierazko literaturari eta poesiari astindua ekarri zien bere poemetako haize berriak eta, oso gazte hil izanagatik, erreferentzia handia bilakatu zen bere herrialdean—finlandiarra zen, suediar hiztuna— eta oro har Eskandinabian.  Euskaraz presentzia bitxia du Edith Sodergranek: Jon Gerediagak protagonista nagusi bilakatu zuen —izenez aipatu gabe ere— Dama antzezlanean (Susa, Ganbila bilduma, 2021), pertsonaia baten hitzetan idazlearen poemak txertatuz. Eta beraz, antzezlaneko testuan haren hitzak irakur daitezke. Horretaz gain, hamaika poema euskaratuak ditu Gerediagak, hemen eskaintzen ditugunak (Finlandiako literaturari eskainitako Hegats 42.ean Teodoro Sorrondegik itzulitako poema barne).

Eka 20 23

Hildako haurra eta Ura jaten Ganbila bilduman

Gotzon Barandiaranek idatzitako Hildako haurra eta Maddi Goikoetxea Juanenaren Ura jaten antzerki lanak aurkeztuko ditu Ganbila bildumak ekainaren 20an (asteartea) 12:00etan Donostiako Liburutegi Nagusi zaharrean.
ganb20 ganb21

Eka 19 23

Hildako haurra

Bi obra dira Gotzon Barandiaranek Hildako haurra liburuan bildu dituenak, Hildako haurra, orain arte antzeztu gabekoa, eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak oholtzara eramana, Ander Lipusen zuzendaritzapean. Ganbila bildumako 20. titulua da, eta autoreak batean zein bestean botere mota ezberdinekiko dialogoa edo, zehazkiago, etengabeko talka aurkeztu digu. Hizkuntza landu batez oholtzaren kodeetara moldatutako testuak bi-biak.

Esperoan - azala

Ots 10 23

Bertolt Brechten zazpi antzezlan irakurgai

1898ko ostailaren 10ean jaio zen Augsburgen Bertolt Brecht. Idazle eta ekintzaile konprometitua, eta jazarria, bere poema eta kantuak herri askotara iritsi dira, hainbat hizkuntzarara, tartean euskara, Juan San Martin, Joseba Sarrionandia, Joxerra Gartzia, Harkaitz Cano, Xabier Montoia… bitarte. Laster kaleratuko du Susa argitaletxeak, Munduko Poesia Kaierak bilduman, haren poemen antologia, Irati Majuelo Itoizek itzuli eta atondua. Antzerki alorrekoa izan zen, orobat, Bertolt Brechten bizi- eta literatura-jardunaren eremu inportantea. Egile bezala, batez ere, baina baita bultzagile gisa, nazismoak erbesteratu aurreko urteetako Alemania sozialki borborkari hartan. Eta euskaraz ere badira haren antzerki obrak, zazpi (obra baten bi bertsio daude), irakurgai jarri ditugunak  ganbila.eus euskal antzerkiaren atarian. Obren euskaratzaileen zerrrenda ere ez da nolanahikoa: Antonio Maria Labaien, Daniel Landart, Mario Onaindia, Miren Billelabeitia eta Itxaro Borda. Hementxe lanok, gozagarri:  Kaukasiar kreazko borobila; Galileoren bizitza; Bai esalea, Ez esalea; Amaren armak;  Hirugarren Reicharen izu eta miseriak; Ama Carrarren fusilak eta Horazioarrak eta kuriazioarrak.

Abe 15 22

Esperoan eta Album

Bi titulu berrirekin dator Susa argitaletxearen eta EHAZEren Ganbila bilduma: Esperoan eta Album. Askoren arteko lana da lehena, antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia duena. Samuel Becketten Godoten esperoan lan ezagunak euskal teatrogintzan izan duen eraginaz eta harremanaz gogoeta egin dute Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillanek. Horretaz gain, obra horren itzala nabaria den Samara Velteren Eta Karmele? Eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean ere bildu ditu Esperoanek. Bigarrena, berriz, ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat: Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Gazteei eta millenialei buruz hainbeste hitz egiten den garaiotan, belaunaldi berriek badaukate zer esanik, haiek nor diren eta haietaz zer espero den. Haien kaiolara sartzeko gonbidapena da, gonbidapen errefusaezina.

ganbilak

Abe 06 22

Godoten esperoan obraren arrastoak euskal teatroan

Antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia da Esperoan, Ganbila bildumako azken alea. Godoten esperoan eta, oro har, Samuel Becketten itzalarekin elkarrizketan jartzea euskal eszena garaikidea. Becketten obra ezagunak ez du ezagutu euskarazko taularatzerik, baina haren eragina beste obra askotan suma daiteke. Horren adibide izan daitezke liburu honetara ekarritako Samara Velteren Eta Karmele? eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean antzezlanak. Eragin horrek merezi zuen azterketa sakonagorik, begirada poliedrikoagorik, eta zeregin horretara gonbidatuak izan dira liburuko beste artikuluen egileak: Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan.

Esperoan - azala

Abe 05 22

Album, belaunaldi baten testigantza, taula gainean eta liburuan

Asko hitz egiten da gazteez, gutxi hitz egiten dute gazteek. Izan ere, haustura dialogoa baita. Kasu honetan, hitza hartu du belaunaldi berri batek, teatroaren barrunbeetatik. Aurreko belaunaldientzat, kasu askotan, talka suposatu du Album ikusteak: millennial deituriko belaunaldiaren zeinuak hartu, erabili, ironizatu, autoironizatu eta gorputz eszeniko bilakatu dituen proiektua da honakoa, adin aurreteknologikoetan hanka bat daukatenen belaunaldientzat ulertzen zaila den estetika. Heldu da Ganbila bildumaren udazkeneko uzta, eta lehen ale honetan Formol Laborategikoen lana irakur dezakezue, liburu formatura egokituta.

Album - Formol Laborategia - azala

Eka 08 22

Erradikalak, Soka eta ganbila.eus

Ganbilaren ohiko irakurleak badaki, edizio proiektu honen hastapenetatik bertatik euskal antzerkigintzaren aniztasuna islatu nahi zuela bilduman. Eta bi liburu berri plazaratu ditu Ganbila bildumak.

Erradikalak

Erradikalak ikuskizunak formatu txikiko gisako pieza bezala deskriba daitezke. Eszenografia xumeak ahalbideratzen zuen antzezlanaren eramangarritasuna, eta, horregatik, okupatu zitzaketen plazak mota guztietakoak izan zitezkeen. Hortaz, Labaka eta Egizabalen diskurtsoa, beste toki batzuen artean, herriko plazetako aire zabalean zein kultur etxeetako lokaletan aditu da. Erradikalak lan hibrido moduan sailkatzea ere badago bertsogintza eta clown mundutik eraikita dagoelako.

Soka

Soka ez da teatro dokumentala, ez periodistikoa, ezta aitortzakoa ere. Ordea, jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Egileak berak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez, hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratuko digu begien aurrean, distantzia hartuko dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan irakurleok gure istorioa idatz dezagun.

ganbila.eus

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta Susa literatura argitaletxeak batera sortutako bilduma da Ganbila. Eta orain antzerki testuak, kritiak eta ikusentzunezkoak batzen dituen webgunea ere abiatu dugu sarean. 153 teatro lan batu dira orain arte, egilez, urtez eta izenburuz sailkatuak. Halaber, teatro kritiken hemeroteka bat ere badauka Ganbila.eus atariak eta 224 artikulu daude bilduta. Teatroari lotutako ikusentzunezkoak atalean, 31 bideo daude ikusgai.

Eka 08 22

Eskola jazarpenaren Soka

Kezka batetik abiatu zen Soka idazteko txinparta. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Mikel Gurrea egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Obraren gidoia jasotzen du Ganbila bildmako zenbaki honek, Bernués eta Rikarteren testu banarekin.

Eka 07 22

Erradikalak izan

Ane Labaka Mayoz bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak izeneko liburu honetan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxea Mentxakaren hitzaurrearekin batera. Hibrido moduan sailka dezakegun lana da Ganbila bildumaren 16.a osatzen duen hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago.

Abe 17 21

15 liburu dagoeneko Ganbila bilduman

Ganbila antzerki bilduma berria jarri zuten martxan Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak elkarlanean duela 2 urte, Oier Guillanek koordinaturik. Geroztik hainbat teatro testu plazaratu dira bilduma honetan, 15 liburu dagoeneko. Azken 3 liburuak aurkeztu dira gaur Donostiako liburutegian: Amancay Gaztañagak idatzitako 39 lore, Peru Calabazaren 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutiaren Porno versus Afrodita.

Agenda

Efemerideak

Kritikak