Uzt 11 07

Gerraosteko eleberria:
Jose Eizagirre

1881ean Tolosan jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen Jose Eizagirrek, eta legegizon jardun. Ez zuen, jakina, jarduera bakarra izan: lan politikoa eta idazle lanak ere egin zituen. Euskal kulturgintzari eta euskalgintzari gaztetatik lotua, hainbat aldizkaritan agerrarazi zituen idazlan eta artikuluak —Euzkadi, Euskal Esnalea Gure Herria—, eta Euskal Esnalea-n zuzendaritzako kide ere izan zen. Madrilen diputatu izan zen bi aldiz, EAJren ordezkari, 1918an eta Espainiako II. Errepublika garaian. Antzerkia eta narratiba landu zituen, batez ere, idazle gisa. Basotarrak da bere lehen obra, 1913an Euzkadi egunkariak plazaratu, opera baterako libretoa, 1911n Segurako euskal jaietan saria irabazi zuena. Basajaun eta euskal bikote gaztea —Santzo eta Intz— Gaztelako arrotzengandik defenditzen. Publikazio aldetik etena izan zen, bestelako lanetan ez. Bere idazlanik ezagunena gerraostean, bera zendu zen urte berean argitaratu zen, 1948an: Ekaitzpean eleberria. Buenos Airesko Ekin argitaletxean kaleratua, gerraosteko literaturan lehenengoetako eleberria dugu —Ekinek ere 1946an ateratako Irazustaren Joanixio-rekin batera—, urte haietan irakurgai bakanetakoa izan zena. Gerra du hizpide nobelak: gerrak hondatuko duen Aitzondo baserria eta hango senideen gorabeherak. Hiru atal ditu eta atal bakoitzak, narrazio zati baten ondoren, egoeraren eta hainbat gertakizunen berri ematen duena, zati nagusia dialogoa du, forma aldetik antzezlan gisa antolatu eta emana. Hementxe dauzkazu Jose Eizagirreren bi lanak, Basotarrak eta Ekaitzpean.

Uzt 05 07

Kostunbrismoaren uztaroa:
Barrensoro eta Juan Iruretagoiena

XX.mendeko bi autorerekin datorkigu Klasikoen Gordailua: Toma Agirre Barrensoro eta Juan Iruretagoiena. 1898an eta 1899an jaioak, joan den mendeko 20ko eta 30eko hamarkadan eman zituzten argitara euren lanak, garai horretako literatur testuingurukoak izanik hala gai nola forma eta edukietan. Euzkadi egunkarian plazaratu zituen lanak Barrensorok. 1937koa da bere lanik ezagunena, Uztaro eleberria, narrazio kostunbrista klasikoa. Lehenagokoa da, hala ere, gaur Gordailura dakarkigun Gazigozoak lana, 1933an publikatua Verdes Atxirikarenean. Beren hainbat irakurgairen bilduma da, lehenago prentsan agertuak: Loreti maitasun ipuina, sei ataleko narrazio luzea dena, Errusiari buruzko edo Papini elizgizonari buruzko artikulu bana, Walter Scott-en poema baten prosazko moldaketa, Barojaren atal batzuen itzulpena… Gipuzkera zein bizkaiera baliatzen ditu idazkiotan (bera errezildarra zen). 1936an Sevillara joan eta euskal lanetatik aldendu zen.

Barrensororen nobela toki duen Zarautz herrikoa izan genuen Juan Iruretagoiena. Hasiera batean Euskal Esnalea-n eman zituen argitara bere lanak: pare bat antzerki pieza oso labur (Otarka aza; Atso poxpolina), poema pare bat eta bere lanik ezagunena, Gau ostatua antzezlana. XX. mende hasierako euskal erromantizismo ildokoa, gau ilun bateko gertaera, baserri bakartua, emaztea hil zioteneko gizon arranguratua, hiltzailea apopilo hartzen duena, hiltzailearen damua… Iruretagoienak ere 1936ko gerratik aurrekoak ditu lanak, gerra ostean apaiz lanari lotu zitzaion, argitara apenas lanik eman gabe (poema bat 1957an Egan-en, eta itzulpenen bat). 1982an zendu ziren biak.

Eka 27 07

Txomin Agirreren bidaiak

Txomin Agirreren idazlan guztiak eskaintzeko ahaleginarekin jarraituz, ezagunegiak ez diren bi liburu berrirekin dator Klasikoen Gordailua oraingoan. Bidai-liburua lehena, eta poema-liburua bigarrena. Ioan-etorri bat Erromara (1899) izenburua daraman idazlana, hirurogei bat apaiz euskaldunekin batera Agirrek 1892an Erromara egin zuen bidaiaren kronika da, kronika “interesgarria”, erantsiko genuke, idazlan honek haren kezkak eta bizipenak erakusten baititu era aski garbian: sinesmena, herrimina, katalanekiko mirespena, etab. Bestalde, laburragoa izan bazuen ere poesiaren arloko bidaia, Agirrek idatzitako poemak eskaintzen zaizkigu Olerki guztiak (1890-1918: 1995) delakoan.

Eka 21 07

Bingen Aizkibel: Aberriaren lurraldean

Bingen Aizkibelen Ipuin aberkoyak eta Urretxindorra lanak dakartza aste honetan Klasikoen Gordailuak. Mende hasierako lanak —1917 eta 1918, biak ere Abandoko Grijelmorenean botatakoak—, pizkunde abertzalearen eremukoak ditugu, hala edukietan nola forman eta hizkuntzan —bizkaieraz idatzi zuen Ubideko seme izan zen Luis Gonzalez Etxabarrik, Bingen Aizkibel-ek—. Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea —Euzko Gaztedija-ko buruzagitzan ibili zen Eli Gallastegirekin—, Primo de Riveraren diktadurapean Argentinara erbestera joan behar izan zuen. Eta hantxe geratu 1971n hil zen arte. Desterru aurretik eta ondoren ere, hainbat aldizkaritan eman zituen argitara bere lanak —euskaraz eta gaztelaniaz, politikako artikuluak, olerkiak…— Bingen Aizkibelek. Gaur Gordailura dakartzagunak, ildo berean, desberdinak dituzu. Poemak dituzu Urretxindorra liburukoak. Berrikuntza formalik gabeak, gai aldetik ere aberria, natura, neska maitatua… orduko joera poetikoen baitan dihardu. Are gehiago Ipuin aberkoyak lanean, gaiari dagokionez, non Euzkadi idealizatua pertsonaia arketipikoen jokaleku den. Idazkera jorikoa, dena den, ondo egituratutako narrazioak dira, kontakizun molde bixi batez bilbatuak.

Eka 12 07

Krispin Beobide: Santutasunaren bidean

Beobideko Frai Krispin frantziskotarraren bi lan datoz gaurkoan Klasikoen Gordailua aberastera, biak urte berean kaleratuak: 1885ean. Alde batetik, “gure Aita len santu, Franziskoren bizitza labur” eta “txikia baña txit ona” eskaintzen du Asisko loria izenburua daramanak. Bestalde, Jesus Aurraren bederatzi-urrena izenburua duen liburua “gure Jesus aurraren maitatzalliai” zuzenduta dago eta bederatzi egunean egiteko bederatziurren ezin interesgarriagoa eskaintzen dio irakurle piadosoari. Jakina, irakurle, probetxurik aterako badiezu, bi-biak irakurri beharko zenituzke “ez nola nai, ez arinki, baizikan geldi ta arretarekin bera al dezun moduan iduritzeko, imitatzeko asmuarekin”.

Mai 31 07

Jon Miranderen poemak eta artikuluak

Jon Mirandek 27 urte zituela, Andima Ibinagabeitiak elkarrizketa egin zion Parisen 1953ko otsailean. “Poema liburua orrazten ari omen zara, Jon, laster argitaratzeko”, eta Mirandek: “Bai, egia da (…); poematan irauli ditut nere maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nerak oro jaulki ditut, neuk entelegatu eta pentsatu bezala. Hantxe irauli ditut nere atsegin eta etsipenak ere (…); ene barne egia izan daitezen ahalegindu naiz. Hori bederik iritsi dut, zenbait eskandalizatuko badira ere”. Baina liburua ez zen inoiz plazaratu. Mirandek aldizkarietan argitaratu izan zituen poemak eta eskuizkribuak idazlea hil ostean agertu ziren liburura ekarrita (Andolin Eguzkitzaren, Txema Larrearen eta Xabier Olarraren edizioetan). Klasikoen Gordailuan Miranderen poemak batu ditugu, eta baita ere hogeita bat artikulu (1951-1962).

Mai 23 07

Jon Miranderen eleberria eta ipuinak

Inork argitaratu nahi ez eta, azkenean, Gabriel Arestiren eskutik Lur argitaletxeak 1970ean argitaratutako Haur besoetakoa nobela dakarkigu Klasikoen Gordailura. Eleberria gipuzkeraz idatzi zuen Jon Mirandek, eta 1959an Andima Ibinagabeitiari bidaltzean honela azaldu zion: “Berrogeita hamar bat orrialde dauzka makinaz joak (…); maitasunezko ipuin-berri bat da (…); koformistek eta ergelek esango lukete noski abnormal den maitakeria bat kontatu dudala (…); ez dut uste euskaldunek abegi onik egingo diotenik (…); Mitxelenari igorri nion ea Egan-en argitararazi nahi zuenentz edo beste nonbait, liburuxka baten forman, zentsurari ihes egiteko bide bat aurki baleza. Ez dit oraindik jakinarazi zerbait aurkitu duenentz; zail baino zailago izango dela irudiarazi dit ordea. Zuk beharbada Amerika horietan publikatzeko bide bat atzeman zenezake?”. Gipuzkerazko bertsio hura ere ekarri dugu Gordailura, eta bide batez baita ere Miranderen ipuinak eta narrazio itzulpenak, 1951-1963 bitartean plazaratuak.

Api 25 07

Alfonso Maria Zabala, umorezko antzerkiaren beste adibidea

XX. mende hasierako antzerkigileen artean Alfonso Maria Zabala bada nor. Dozena erdi bat lan idatzi zituen 1911tik 1919ra, komedia arin estilokoak batik bat. Horietako batzuk eskaintzen dizkizu gaur Klasikoen Gordailuak: Periyaren zalapartak (1911) eta Melitonaren bi senarrak komediak (1918), Jauregi errotako astoa (1912) bakarrizketa, eta Urruti-izketa (1918) izenekoa, telefonoaren asmakizunaren inguruan. Azken hamabost urteetan Hernaniko erretore, pentsamendu politikoz integrista zen, eta talde horretako gazteek joka zitzaten idatzi zituen antzezlan ia guztiak. Narrazioak eta dibulgazio lanak ere idatzi zituen, eta horien bilduma egin zuen Antonio Zabalak Auspoa bilduman: Gabon zar bat eta beste ipui asko.

Api 03 07

Etienne Decrepten operak

Oholtzarako lanekin dator, oraingoan ere, Klasikoen Gordailua: Etienne Decrept baionesaren Maitena, Amatxi eta Semetxia obrekin. Decrepti buruzko aurkezpen-artikulu ederra idatzia duen Joxemiel Bidadorrek dioenez, “euskal operaren barruan lehenbiziko urratsak eman zituztenen artean, zalantzarik gabe, Etienne Decrept geneukake, nahiz, bati baino gehiagori, operagile baino, idazle soila iduri”. Baionan jaioa 1868ko azaroaren 1ean, margolari eta dekoratzaile aritu zen, lanbidez, bizilekua Bidarten izan zuen Decreptek. 1938ko maiatzaren 8an hil zen, Baionan, Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakari izandakoa, Charles Colin musikariarekin batera euskal operaren hastapenak ezarri zituen idazlea.
(gehiago…)

Mar 28 07

Juan Ignazio Urangaren umore berezia

Juan Ignazio Uranga idazlea dakar aste honetan Klasikoen Gordailuak: bere antzerki-lanak, zehazki. 1863an Errenterian jaioa, Donostiako Lore Jokoetan 1887an saritutako Urtearen lau erak poemarekin plazaratu zen, eta olerkigintzan jarraitu zuen, baina bere literatur lan nagusiena antzerkigintzaren alorrean egin zuen. Hala antzeztokietan jokatutako lanak (Aritzaren zumo gozua, kasu), nola aldizkarietan —Euskal Erria-n eta Euskal Esnalea-n— argitaratutako bakarrizketak.
(gehiago…)

Mar 21 07

Mendi-Lautaren Loretxo

1937ko martxoaren 21ean argitaratu zen, orain 70 urte, Loretxo-ren 11. atala Eguna egunkarian. Loretxo, eleberri-edestia, Zarauzko gudari kementsuei gelgarri eta maitasunez eskainia, Mendi-Lautak idatzia. 11.a eta azkena izan zen atal hura, eta amaitu gabe gelditu zen eleberria. Txomin Arruti Mendi-Lauta idazleak Loretxo neskatila gaztea eta Jon euzko gudarosteko gudariaren arteko harremana kontatzen ziharduen, Espainiako 36ko gerra tarteko zela, hala fikzioan nola errealitatean. Eta kontakizuna eten egin behar izan zuen. Osorik eskaintzen dizkizuegu jarraitu ez eta bestela inoiz argitaratu ez diren Loretxo-ren hamaika atal horiek. (gehiago…)

Ots 28 07

Piarres Larzabalen prosa lanak

Aste honetakoarekin bururatzen dugu Klasikoen Gordailuak Piarres Larzabalen lanei eskainitako tartea. Oraingoan, haren obran ospe txikiena duen zatia aurkezten dugu: prosa lanak. Oroitzapenak izenekoan, hil ostean argitaratutakoan, bizi izandako ugari kontatzen ditu: haurtzaroa, gerla, apaizgoa, errefuxiatuak…
Gainerako lanak bi titulutan bilduta daude:
Ipuin eta ixtorio, eta Hitzaldi eta mintzaldi. Guzti-guztiak, 1930ean hasi eta 1988ra bitarteko tarte luze bezain jorian idatzitakoak.

Ots 20 07

Piarres Larzabalen antzerki lanak (II)

Iragan astean hasitako saioari jarraipena emanez, Piarres Larzabalen antzerki lanen bigarren eta azken multzoa aurkeztu du Klasikoen Gordailuak, 1960tik aurrera idatzitakoek osatzen dutena. Horien artean, gai historikoekin batera egunean eguneko gaiei heltzeko azaldu ohi zuen erabakimen sendoa garbi azaleratzen da. Paper mende (1964), Sarako lorea (1964), Senperen gertatua (1964), Lana eri (1965), Suedako neskatxa (1965), Basabeltz (c. 1966), Ihauteriak (c. 1966), Nor da hobenduna? (c. 1968), Ibañeta (1968), Matalas (1968), Roxali (1970), Angles ginelarik (1973), Otsoak artaldean (1973) eta Pastorala antzeko antzerkiak (1964-1974). Datorren astean, Larzabalen idazlanen bilketa bururatuko dugu, haren prosazko lanak sareratuz.

Ots 14 07

Piarres Larzabalen antzerki lanak

Euskal idazle erraldoia aurkezten du aste honetan Klasikoen Gordailuak: Piarres Larzabal. Euskal antzerkiak izan duen egile emankorrena, eta beharbada onena. Ahozko hizkera eta hizkuntza landua uztartzen maisu izan zen azkaindarra, eta pertsonaien eraikuntzan gutxi izango dira hura bezain iaioak. Haren antzerki lan guztietatik gorde ahal izan zirenak, berrogeita bi denera, Piarres Xarritonek bildu zituen, eta 1991tik aurrera lau liburuki marduletan argitaratu. Gaurko honetan, 1960ra bitartean idatzitakoak aurkezten ditugu: Nork hil du Oihanalde? (c. 1950), Xirristi-mirrixti (c. 1950), Etxahun (1951), Bordaxuri (1952), Portu Txoko (1954), Berterretx (c. 1955), Hila espos (c. 1955), Herriko botzak (1956), Hiru ziren (1957), Mugari tiro (1959)  eta Antzerki laburrak (1934-1966). Pertsonaia historikoak, hauteskundeak, emigrazioa, kontrabandoa, gerra, familia barneko gorrotoa… gai eta korapilo ugari, badu non hautatua irakurleak. Datorren astean, 1960tik aurrera idatzitakoak dastatu ahal izango ditugu.

Ots 06 07

Klasikoen Corpusa

2005ko apirilean abiarazi genuen Klasikoen Gordailua, euskal testu klasikoen gordailua gauzatzeko asmotan, eta urte biotan XX. mendea bitarteko testu klasiko ia guztien bilgunea bihurtzen ari da. Hasieran 205 liburu biltzen zituen, eta 2006ko abendurako 374ra emendatu da sareratutako liburuen kopurua.

Testu asko ezezagunak zaizkie irakurle arruntei, mordoxka bat ezin dira lortu liburutegietan ez baldin bada, eta asko liburutegi gehienetan ere ez daude, atalka plazaratu diren edo argitalpen bateraturik ezagutu ez duten testuak daude.

Klasikoen Corpusa deitzen dugun honen helburua, testu masa hori modu egituratuan eta etengabeko eguneratzean eskaintzea da, dagozkion kontsulta tresnekin batera.
Hauek dira Klasikoen Corpusa osatzen duen materialaren datu zehatzak, gaur egun:

  • 374 liburu
  • 10,4 milioi hitz
  • 64,7 milioi karaktere

Klasikoen Corpusaren aurkezpenean Gotzon Aurrekoetxea irakasleak eskainitako berbaldia.

Agenda

Efemerideak

Kritikak