Aza 23 22

Elena Olaveren bigarren poema liburua

Kontakizun handien aurrean, keinu soilen egia zalantzatian jarri du begirada Elena OlaveKeinura itzuli poema liburuan. Testuaren eta bizitzaren arteko mugak arakatu ditu, nola bilatu poetika berri bat agerikoa ez denaren zurrumurruan, nola eternoak nahi luketen uneen testuran. Gorputza du horretarako esplorazio zelai poetak, hura inguratzen duten kontzeptuak, irudiak eta galerak. Osorik irakur dezakezue liburua sarean.

Keinura itzuli - Elena Olave

Aza 17 22

Gari eta goroldiozko, Anari Alberdi Santestebanen lehenengo liburua

Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek egiten dute bat lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharrago dela jabetu den emakume bat ageri da, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan. Semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika. Orainaren gogoa eta oroimenaren galdera Anari Alberdi Santestebanen lehen liburuan. Osorik irakur dezakezue sarean.
Gari eta goroldiozko - A Alberdi - azala

Aza 11 22

Emakume nekazariak eta parte hartzeaz, Leire Milikua

Argia. Fokua. Ikusgarritasuna. Aitortza. Bai, horiek guztiak behar dira existitzeko, ikusiak izateko, eta, hala, eragin ahal izateko. Alabaina, hori da patriarkatuaren ezaugarrietako bat, emakumeen gaineko itzala. Eta hori da zeharkatzen gaituen sistema. Leire Milikua Larramendiren Lur gainean, itzal azpian liburuan emakume nekazarien parte hartzearen egoera gerturatzea da asmoa: batetik, erakusteko emakumeek sistema patriarkaleko edozein arlo eta eremutan dituzten egiturazko ezaugarriak partekatzen dituztela; eta, bestetik, ikusarazteko nola landatar eta nekazari izaerak zapalkuntza-geruza gehigarriak dakarzkien testuinguru urbanozentrista eta kapitalistan. Irakurgai duzue Leire Milikua Larramendik emakume nekazariez eta parte hartzeaz Lisipe bilduman idatzitako saiakera.

Lur gainean, itzal azpian - L Milikua - azala(1)

Urr 21 22

Anna Akhmatovaren poesia

Bere gizaldiko poeta errusiarretan gailenetako bat izan zen Anna Akhmatova. Zenbait adituk akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute; ordura arteko sinbolismoaren kontrakarrean, poesia lurtarragoa egin nahi zuten akmeistek, hitzaren artisautzat jota beren burua, eta Akhmatovak ere hizkera poetiko konkretua eta gardena hautatu zuen. Ohiko samarra den gisan, amodio-desamodioez eta intimotzat jo ohi diren beste gai batzuez idatziz urratu zuen bidea. Ordea, San Petersburgoko Tsarskoie Selo aristokrata-auzoan pasatutako gaztaro pindartsuaren eta hasierako arrakastaren ondoren, errotik aldatu zitzaion bizimodua Urriko Iraultzaren ostean, eta beste zidor batzuk hartu zituen halabeharrez haren poesiak ere. Hein handi batean, heriotza, pairamendua, memoria eta dolua gailendu zitzaizkion maitasunaren gai ardatzari. Edukiari ez ezik formari ere erreparatuta, Josu Landak egina da itzulpena Munduko Poesia Kaierak bildumako ale berri honetan, online hemen irakur dezakezuna.

Akhmatova MPK - azala

Ira 23 22

Landura eta Bar Gloria liburuei idazleek egindako aurkezpenak

Susa literatura argitaletxeak plazaratu dituen azken bi liburuak dira Landura eta Bar Gloria. Normalean, idazleek eta editoreak aurkezten dituzte liburuak hedabideen eta lagunen aurrean. Ekitaldi sozialak ere bilakatzen dira sarritan, eta atsegin dugu hori ere. Literatura partekatzeko baita. Une oro. Eta Jose Luis Otamendik Landura aurkezteko prestatutako idatzia; eta Bar Gloria nobelaren aurkezpenean Nerea Ibarzabal Salegik irakurritakoa sarean daude irakurgai.

Landura - JL Otamendi - azala Bar Gloria

Ira 08 22

Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobela

Nerea Ibarzabal Salegiren nobela berria da Bar Gloria.

Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin.

Mundu bat kabitzen da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta denboraren ate ezberdinetatik sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan. Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso. Iragan hurbil baten hitzezko filmatze bat dakar Nerea Ibarzabal Salegiren estreinako nobelak. Asteartean aurkeztuko dugu Donostian, Mandasko Dukearen aretoan, goizeko 11etan, eta sarean irakur dezakezue Bar Gloria. 

Bar Gloria

Ira 02 22

Landura, Jose Luis Otamendiren poema liburu berria

Euria egiten bizi, euria egiten bizi. Landura izatearen lokatzetan arakatzen du Jose Luis Otamendiren poemategi berriak. Mundu zahar baten amiltzea haztatzen du poetak eta behin asmatutako etorkizun puskez eta bizi duen sasoiaz itaundu; noren alde ari den jendea lanean non, zerk egiten duen jendea herri, aspaldiko hitzetatik zeinek balio duen elkar ferekatzeko gaur. Gauza txikien uxarrean dabil —ahoan gerezi hezur bat—, samurtasunaren azal gordinez. Astelehenean -irailak 5- aurkeztuko dugu, Donostiako Pandora tabernan, goizeko 11etan, eta osorik irakur dezakezue gaurtik aurrera sarean.

Landura - JL Otamendi - azala

Abu 25 22

Armiarma.eus Eskozian

Edorta Jimenez idazlea Eskozian burutuko den Transcending borders jaialdira gonbidatu dute, eta datorren abuztuaren 27an (larunbata) euskal literatura eta armiarma.eus ataria izango ditu hizpide Eskoziako Peebles herrian emango duen hitzaldian. Jaialdian, ibilbide poetiko bat ere egingo du Edorta Jimenezek bertako idazle eta literaturzaleekin, eta Mixel Ducau eta Caroline Philips musikariek kantu emanaldia eskainiko dute. Hipotesi demokratikoa Thomas Lacoste zuzendariaren filma ikusteko parada ere izango dute Transcending borders jaialdian.

Eka 27 22

8.000 liburu kritika

Armiarma.eus atariko Kritiken Hemeroteka guneak 8.000 kritika bildu ditu dagoeneko. Euskal Herrian argitaratzen diren hedabide gehienetako literatur kritikak batu ditugu urteotan guztiotan, eta aspaldi honetan blog eta agerkari digitaletan ere idazten da literaturari buruz. Susa literatura argitaletxearen webgunean 2001. urtean hasi ginen literatur kritikak batzen, eta 2007an Armiarma atarian bildu genituen guztiak. Geroztik, astero astero berritzen eta eguneratzen dugu Kritiken Hemeroteka.

Asteburuan agertutako Berria egunkariko kritikekJon Benitoren Lagun minak liburuarena eta Joxe Mari Berasategik euskarara ekarritako Marina Tsvetaievaren Ene anaia femeninoari buruz idatzitakoa – gainditu dute 8.000ko langa.
Kritiken Hemerotekan bildutako kritika zaharrena Jean Etxeparek 1922ko martxoan Gure Herrian Txomin Agirreren Garoari buruz idatzitakoa da. Hala ere, 1930. urterarte ez dugu beste kritikarik aurkitu. 1930 eta 1936. urteen artean kritika kopuru polita dagoen arren, 1936tik 1950. urtera liburu sorkuntza -eta beraz, kritika- indarrez isilarazia izan zen, eta 50. hamarkadatik aurrera hasten dira berriro literatur kritikak argitaratzen Euzko Gogoa bezalako literatur aldizkarietan.

Eka 08 22

Eskola jazarpenaren Soka

Kezka batetik abiatu zen Soka idazteko txinparta. Jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Mikel Gurrea egileak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez hitz egiten du obra honek. Gai bat paratzen digu begien aurrean, distantzia hartzen dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun. Gurrea zinemagilea ere bada, eta nabari da: zinematografikoa da oso darabilen idazkera. Tanttaka Teatroak eszenaratu zuen obra, Fernando Bernuésen zuzendaritzapean eta Iñaki Rikarte aktore zela. Obraren gidoia jasotzen du Ganbila bildmako zenbaki honek, Bernués eta Rikarteren testu banarekin.

Eka 07 22

Erradikalak izan

Ane Labaka Mayoz bertsolaria eta Beatriz Egizabal bakarrizketalaria plazaz plaza ibili dira 2017tik Erradikalak gara eta Erradikalak ginen ikuskizunekin. Bertan, neska gazte promesa etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta beste hainbat gairi buruz kantatu eta kontatu dute bakarrizketa eta bertsoen bitartez, umoretik, generoen arteko desparekotasunak ez ezik feministon kontraesanak ere agerian utziz. Hain zuzen ere, emanaldi horietako gidoiak daude bilduta Erradikalak izeneko liburu honetan, egileek obrari buruz idatzitako testu batekin eta Jule Goikoetxea Mentxakaren hitzaurrearekin batera. Hibrido moduan sailka dezakegun lana da Ganbila bildumaren 16.a osatzen duen hau, bertsogintzatik eta clown mundutik eraikita baitago.

maiatza 26 22

Lizar Begoñaren zoo librea

Hitzen zoo libre bat dakar Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak poema liburuak. Logika egituratuak desafiatuz eta formaren aukerak zukutuz, mundu garaikidearen testurak bildu ditu, organikoenetatik ukiezinenetara. Palmondoak, abereak, belar txarrak, Bergman, Brontë, Oteiza, Le Guin eta beste hartu ditu solaskide, zentrorik gabeko eremu batean kiribiltzeko gonbita eginez irakurleari. Osorik irakur dezakezue sarean.

Api 25 22

Santi Leonéren Liztor mutanteak

Eritasunak erauzitako lo orduetan, largabistarekin pareko bizilaguna behatzen duen andrea; maitalearen etxetik seme txikia den ospitalera lasterka doan gizona; mundu literarioaren azpi jokoak eta lerro arteak; superheroien unibertsoak, porno atariak eta maitasun perfektuak; haur kanpalekuetako putzuen sakonera; Döner Kebab batean pizza margherita bat jatea; ohatzeko epeltasun ezagunaren ifrentzuaz jabetzea. Ziztadak, den-denak.

Liztor mutanteak badira izan zerbaiten abisu —mehatxu, akaso—, eta, haien asots gogaikarria nola, aitortu gabeko fantasiak eta zama diren bizi puskak gainetik astindu nahian ari dira hamar kontakizun hauetako protagonistak. Hartutako erabakien eta, batik bat, hartu gabekoen gainean hazka egiten du Santi Leonéren estreinako ipuin liburuak. Osorik irakur dezakezue sarean.

Api 05 22

Allen Ginsbergen Ulua

1956an City Lights argitaletxeak plazaratu zuen Howl eta beste poema batzuk bilduma, aurreko urtean Allen Ginsberg-ek jendaurrean irakurritako poema luzea. AEBko Administrazioak edizioaren zati bat bahitu zuen obszenitatea egotzita, eta auzitara ere eraman zituzten egilea eta editorea. San Franciscoko Six Galleryko lehen irakurraldiaren urteurrenaren karietara, 2005eko udazkenean, Susa argitaletxeak Ulua plazaratu zuen, Harkaitz Canok euskaratuta, eta Ginsberg hil zela gaur 25 urte bete direla, merezi du berriro irakurtzea, eta Canoren ahotsean entzutea Xerezaderen artxiborako egindako saioan.

Mar 31 22

Juan Luis Zabalak Mina hartzeko ere

Umetako jolastokira itzultzea eta hizkuntzaren adarkatzeetan jostatzea. Onenak emanda egon zaitezkeela antzematearekin batera eraldatzen hasten den begirada eta eguneroko esan arruntenen atzealdean azterka egitea. Orain maitasunaren gozotik, orain oinazearen garratzetik, bata galduko edo bestea luzatuko den beldurrez, konformidadearen bila, ironiaren argiz bildu ditu Juan Luis Zabalak Mina hartzeko ere poema liburuko aleak. Liburu berri honetako poema guztiak irakurgai dituzue sarean.

Agenda

Efemerideak

Kritikak