—5—

 

 

«Entzuten ari zara, Seán?», galdetu eta zera gaineratu nion, «Petardo bat pasatuko dizut soka bueltatzen dudanean. Bale?».

        «Maith thú», erantzun zuen ostera ere.

        Kordela Seánen ziegaraino heldu zen, eta kulunkatuz pasatu zidan, beraz bigarren zigarroa piztu nuen; beretzako zena hantxe lotu eta kordela kulunkatuz itzuli nion berriro.

        «Ondo, burkide?».

        «Ederto», erantzun zuen.

        Eseri egin nintzen ostera ere. Pentsatzen nengoen hartu nituen arriskuak hartzea merezi izan zuela. Keak gora egiten zuen argi lausoan, eta leihotik kanpora ateratzen zen, eta beste minutu batzuen buruan, tabakoaren usainak kiratsa ezabatu zuen. Hotz handia zegoen. Zigarroa amaitzean, atzera nire paseora itzultzea erabaki nuen. Pee Wee gizajoa, pentsatu nuen, kartzelako ospitalean egongo da, edo, beharbada, Musgraven! Oholetan zeuden gainerako lagunak lur jota egongo ziren. Ez nintzen oso ondo sentitzen. Nire zauriak geroz eta mingarriagoak ziren, baina banekien oholetan zeuden mutilak baino askoz hobeto nengoela. Zigarroaren mutur gorria zoru belztuan nola deuseztatzen zen ikusi eta ostera ere altxatu egin nintzen, beste aldi batez ibiltzera, zorua mantetako batekin estaliz.

        «Hartzak airean!», jitoan aditu zen beste bloke batetik. Hotz egiten zuen zinez, elur lodia zegoen patioan, eta etengabe botatzen ari zen. Torturatzaileak orain zertan ibiliko ote ziren galdetu nion neure buruari. A, ziur asko, zelaiko bokien klubean eserita egongo zen gainerako bere lagun mertzenario eta soldadu britekin edaten; C eta D beren etxeetan egongo ziren, familiekin, eta galdetu egiten nion neure buruari zer esango ote zieten beren haurrei «zer egin duzu gaur, aitatxo?» galdetzen bazieten. Edo areago, euren emazte eta haurrek zer esango ote zuten kartzelan zer egiten zuten jakinez gero, ehunka gizon biluziri zer-nolako oinaze, atsekabe eta tortura eragiten zieten jakinez gero.

        Nora ezeko zirkulu amaigabeetan ari nintzen paseatzen. Artean lagunak solasean eta txantxetan ari ziren, bat edo bi euren artean kantatzen eta doinuak ahapetik abesten. Berriz ere koltxoian esertzekotan nengoela, alarma hotsak zabaldu ziren.

        «Hartzak airean! Tresneria astuna!».

        Banekien oso garbi horrek zer esan nahi zuen. Koltxoira salto egin eta zutunik luzetara jarri nuen, atetik urrutien zegoen kantoian hormaren kontra, hotza ahaztuta; tabako paketetxoaren hondarrak toailaren tolesduran gorde nituen, leku seguruan. Likido zafladaren lehen takatekoa entzun nuen nire pareko ziegan.

        Tresneria astuna, bai! Ordurako usnatu ahal nezakeen: amoniakozko detergentea, desinfektatzaile oso gogor eta guztiz arriskutsua. Bokiak likido hura atearen azpitik eta aldeetan zituen bitarteetatik barrura zartatzen ari ziren. Nire zelata-zulotik begiratu arin bat egitera ausartu nintzen korridoreko argiak piztu zirenean. Astakeria handia eta oso arriskutsua zen halakorik egitea, zeren eta desinfektatzaileak begietan joko banindu, begiak erre egingo zizkidakeen, eta segundo gutxiren buruan itsu geratuko nintzatekeen. B ari zen nire aurreko ate azpitik galdara bete likido nazkagarri zartatzen, eta beste bokiei presa sartu eta gehiago ekar zezaten oihukatzen. Nire aurreko gizonaren marraka eta eztulak entzuten nituen. Hegalaren beste aldeko mutilek gaizki zeukaten. Beren leihoak estalita zeuden. Desinfektatzailearen lurruna negar-gasaren antzekoa zen, begiak eta eztarria hartzen zituen, eta goragalea eta uneko itsutasuna eragiten zuen. Hegalaren atzenean mangera zabaltzen ari zirela entzun nuen.

        «Mangera airean», deiadar egin nuen eta atetik erretiratu nintzen. B-k zoro baten moduan ziharduen ateetatik desinfektatzailea zartatzen, denbora guztian lurrunetik babesten zuen maskara txiki bat jarrita zeramala, eta, dudarik gabe, nylonezko buzo urdina jantzita, bai bera bai bere lagunak. Mangerak piztean, eztanda egin zuen, eta txorrotada bortitzak ateen hondarraren kontra lehertzen ziren. Ziztu bat entzun eta ate azpitik likido berdexka barrura isurtzen ikusi nuen. Berehalaxe lurrun izugarriak harrapatu ninduen, eta eztulka eta kerruka hasi nintzen, begiak bustitzen ari zitzaizkidan, eta leiho aldera jo nuen. Sabela irauli zitzaidan eta gaixotuko nintzela pentsatu nuen, leihoan burua zementuzko habeen kontra estu sakatu eta airea hartzera lehiatzen nintzelarik. Gizonak leihoan eztulka egongo ziren. Hori zen entzuten ahal nuen guztia indar bortitzeko mangeraren ziztuarekin. Negar malkoek zurtuta nengoen. Ezin ikus nezakeen ezer. Gero ura atearen aldeetatik sartzen hasi zen eta zoru belztuan gainezka egin zuen. Axola gutxiagorik ezin izan nezakeen. Lehertuta nengoen, eztulka, eztarria irakiten eta lehor. Urak desinfektatzailea arinduko zuen. Hori banekien. Baina minutuak beharko ziren lurruna argitu aurretik. Mangeraren ura ate azpitik sartzen ari zen; gero geratu egin zen, bokiek beste ziega batera jo zutenean. Eztulka eta kerruka ari nintzen, baina lurruna argitzen ari ziren. Seán garrazki botaka entzuten ahal nuen. Hegal osoa marruma, auhen eta eztulez beterik zegoen. B orroka zebilen, «ea hau gustukoa duzuen. Ea hau gustukoa duzuen». Gero zekien abesti bakarra kantatzen hasi zen: The Sash.

        Bokiek mangera itzali zuten. Zelata-zulora ausartu nintzen B ur, desinfektatzaile eta pixa errekan plastaka ikustera, maskara esku batean eta galdara hutsa bestean. Irribarreka ari zen zoro baten legez. Beste bokia atzetik zihoakion, mangera zingila herrestan, eta hirugarren bokia irainak eta lizunkeriak bota eta bota ari zen hegalaren atzenetik. Begiak erretzen neuzkan, baina ez nengoen oso txarto. Beste ziegetan eztula entzuten zen artean. Pare bat zentimetro ur gutxienez bazen lurrean. Koltxoiaren muturra bertan hondoratuta zegoen, baina mantak leku seguruan zeuden koltxoiaren atzean, hodietan bilduta. Likido itsasoa ate azpitik ahal bezala bideratzeari eta kanpora bultzatzeari ekin nion; zeregin luze nekagarria zen.

        «Ondo, Seán?», deiadar egin nuen.

        «Ez! Lehertuta nago!», erantzun zuen. Beste ziegetako eztulak amaitu ziren eta pixontzien marraska hotsak hartu zioten txanda: ura xukatzeko zeregina hasia zen. Zabor ustel kirasduna nire oinen inguruetan igeri zebilen, eta atearen hondoko irteerako tarte txikiena trabatzen zuen. Hura eskuarekin libratu behar izan nuen, ogi, zikin, eta lohi bustiak eskukadaka atera eta kantoira egotziz. Ur maila jaisten hasi zen. Desinfektatzailearen lurruna airean zebilen oraindik, baina leundua ordurako. Leihora begiratu nuen. Sekulako elurra botatzen ari zuen, eta haize leun batek malutak leihotik barrenera sartzen zituen.

        Ene Jainkoa, pentsatu nuen; hurrengoan zer? Hankak izoztuta eta dardaraz nituen, baina gorputz ahitua izerditan neukan, ura kanporatzen jarraitzen nuelarik. Handiena atera nuenean, koltxoia hartu eta muturreko zati melatuari ura marraskatzen saiatu nintzen. Gero zati bat kendu nion, eta geratzen ziren zoru zati bustiak xukatzen hasi nintzen; koltxoiaren mutur bustia hodien kontra jarri nuen, horrela lehortu egingo zen itxaropenarekin. Beste begiratu arin bat egin nuen nire zelata-zulotik, eta hegal erdian ageri zen zikinkeria errekari behatu nion; denetarik bazen han, pixa eta abar. Garbiketako makinarekin inguratuko ziren gauerdian hura guztia garbitu eta lehortzeko. Gomazko zati bustia kantoira bota nuen eta leihoan egon nintzen arnasa hartzen. Ahituta nengoen, baina ezin nintzen luzaroan geldirik egon zoru izoztuaren gainean. Elur malutak leihotik sartzen ari ziren orduan ere. Eskuoihala soilik nuen soinean bilduta, beraz manta hartu eta estali egin nintzen berriro. Zorua likits eta bustita zegoen. Ez nuen beste hautabiderik koltxoia lurrean bertan jartzea baino, gero hezetasunak gomatik iragazi eta hartuko ninduela jakinda ere. Kontua zera zen, hori egin ala gau osoan bueltaka ibili, eta ez nintzen izango halakorik egiteko gauza. Atsekabezko gau izotz luzea izango zen hura. Leihotik beren arazoak azaltzen entzun nituen mutilak. Lagun batzuen koltxoiak guztiz melatuta zeuden. Beste batzuen mantak ere berdin. Ni ez nengoen oso txarto. Nire ohearen beheko muturra bakarrik zegoen bustita.

        Zarata guztia hilik zen, eta koltxoiak eta mantak ahalik eta ongien lehortzen ari ziren lagunek. «Norbaitek kantatuko al du?», ohiko galdera aditu zen. Gertatu berri zen erasoaren ostean zerbait egin beharra genuen morala indartzeko, eta, gainera, denak paseatzen ibiliko ziren. Aupada batzuk bota eta lehen kantaria txalo zalaparta batekin agertu zen. Batera eta bestera nenbilen, lehen kantariak The Old Alarm Clock nola abesten zuen entzunez. Hurrengo kantaria Derryko lagunetako bat zen. My Old Home Town on the Foyle abestu zuen, eta haren ondorengo kantariek segitu zuten atera hurbiltzen deitu ahala. Niretzako deia iritsi zen, eta atera jo nuen The Curragh of Kildareren emanaldia eskaintzeko, eta abesten ari nintzela, denbora guztia B noiz agertuko eman nuen, oin-puntetan inor ohartzeke etorri eta atearen bitartetik aurpegira galdara bat desinfektatzaile zartada botatzera. Nire kantua amaitu nuen, arnasa itota, nolabait, txalo zaparrada jaso eta atzera nire paseora itzuli nintzen hurrengo kantariari deitzen ziotelarik. Oinak izoztuak nituen. Zorua oso gutxi lehortu zen, eta likits zegoen. Ezin ibil nintekeen beste inon; beraz, koltxoia ostera lur gainean bota eta lehorrik zuen zatiaren bazterrean kuzkurtu nintzen. Hegal aldaketan eta bisitatik irtendakoan egin zidaten miaketan jaso nituen kolpeek min egiten zidaten.

        Tentatuta nengoen beste zigarro bat egiteko Seán eta biontzat, baina ezetz erabaki nuen, zeren biharamun gauean kate osoan birentzako petardo erdi bana erdietsi ahal izango nuela bai bainekien, eta gauzak nola zeuden ikusita, ziurrenik ondo baino hobeto etorriko zen orduan. Kantaldiak segitu zuen. Monotoniaz eta tentsioz beteriko giroa hausten zuen, eta minutu batzuetarako lagungarria zen zeure burua inguru eta egoera hartatik ateratzeko. Ez zegoen B-ren arrastorik. Ziurrenik, bokien jantokian egongo zen bizkar gainean etzanda edo patar gehiagorekin betetzen. Baten bat manta gizonei buruz berak moldatutako kantu bat abesten ari zen, oso ona benetan. Gero lagun bat Ashtown Road abesten hasi zen. Hegala isil-isilik geratu zen, eta eseri egin nintzen, dardarizo apur batean, kantariak ahots goibelez abesten zuen joaldi ederraren nota eta hitz guztiak entzutera. Nire morala gora zihoala sentitu nuen, eta ostera ere pozik nintzen eusten niolako. Hobe eusteagatik sufritzea borrokarik egin gabe torturatua izatea baino. Kantariak amaitu eta lagunek ia hankaz gora bota zuten dena. Aurkezleak kantari berberari deitu zion azken abestia kantatzeko, eta berriz hasi zen, The Wind that Shakes the Barleyrekin oraingoan.

        Elurra kristalik gabeko leihotik sartzen zen, eta horrek gogora ekarri zidan haiek esku hutsez apurtu behar izan genitueneko gaua, bokiek ateetatik ziega barrenera desinfektatzaile gogor hura litroka zartatu zigutenean. Beste aldeko lagunek oso txarto pasatu izango dute gaur gauekoan, pentsatu nuen. Leiho estaliak nola madarikatzen zituzten entzun nuen B-k ateetatik desinfektatzailea zartatu zienean.

        Kantariak gaueko azken abestia amaitu zuen, eta guztiek txalo beroak eskaini zizkioten. Berriketa apur baten ondoren, beste aldeko bat entzun genuen, bere hegaletik gaelerazko mezu bat oihukatzen, gero hegaleko gure buruari jakinarazteko. Beste hegalean lagunen bat gaixorik zegoen, oso larri. Tinbrea jo zuten, eta bokiek larrialdiko tinbrea deskonektatu eta gaixoa ez zuten aintzat hartu. Beste lagun baten ama hil zen aurreko egunean, eta uko egin zioten hitzezko baimena eman eta kaleratzeari. Ezin izan zen hiletara joan, bere aurretik egoera penagarri berean egonak ziren gainerako guztiak bezala.

        Zutitu eta koltxoi gainean egon nintzen ostera ere leihotik begira. Izotzak hartuta zegoen alanbrea. Hozkailu baten barrena ekarri zidan gogora. Haragoko mutil batzuk elkarri gabonak ematen ari ziren; beste batzuk koltxoiak melatuta zituztela eta albait gehien ibiltzera zihoazela esanez. Gutxi batzuek soilik zirauten leihoan hitz egiten. Seánek horman jo zuen.

        «Óiche mhaith, Bobby», oihukatu zuen.

        «Óiche mhaith, Seán», erantzun, eta «bustita al dago zure koltxoia?», galdetu nion.

        «Ez, ez dago oso txarto», erantzun zuen. «Manten azpian sartu eta berotzen saiatzera noa».

        «Maith thú. Óiche mhaith, a chara», esan nuen.

        «Óiche mhaith», oihu egin zuen berriro.

        Elurra atertu eta haize leun batek soilik jotzen zuen. Elurraren gainazal berdin akasgabean bokien oinen zantzuak ageri ziren marraztuta. Elur hodei zuri hanpatuek ortzia abandonatua zuten, eta tinta beltzezko ortzia itzuli zen, han-hemen ñir-ñir zegiten izar batzuekin. Jende gehiena ohean egongo da orain, pentsatu nuen. Galdetzen nion neure buruari ea zelan sentituko liratekeen horiek guztiak guk aurrean daukagun honetara esnatu behar izango balute bihar. Ez al da harrigarri, galdetu nion neure buruari, azken asteetan zenbait ameskaitz egin eta denak infernu zulo honekin lotuta egotea. Ene Jainkoa, non amaituko ote da hau guztia? Gaitza da ametsei ere ihes egin ezin izatea, pentsatu nuen.

        Zarata erabat hilda zegoen beste blokeetan, eta leihoetan izandakoak lotara joanak izango ziren, edo zutik, koltxoiak bustita zituztenez gero. Geldirik zegoen dena oso. Elurrak erlantz eta dir-dir egiten zuen kolore anitzeko argien distirak islatuz. Isiltasuna zatarra eta makurra zen. Erroi batek karranka egin zuen iluntasun haren gainetik iragan zenean. Airean zihoan helikoptero baten posizio-argiak ortzi itsaso beltzean dantzatu ziren urrunean, eta nire familiakoak ondo egongo ote ziren galdetu nion neure buruari. Kezkaz larrituta egongo ziren hurrengo hileko bisita iritsi arte. Egun latza izan zen, baina egun guztiak ez ziren berdinak, eta Jainkoak daki biharkoak zer ekarriko duen. Bihar zeintzuk izango dira zorigaiztoko dohakabeak, zigor blokea beren gorputz odoltsu astinduekin hornituko dutenak? Nor pasatuko dute mangeraz, nor jipoituko dute, nor erauntsiko dute hegal aldaketa batean? Biharkoak min, tortura eta oinaze gehiago baino ez du ekarriko, gogaitze eta izua, eta Jainkoak daki zenbat umiliazio, izu eta ankerkeria. Iluntasuna eta hotz mina, sabel hutsa eta ameskaitzez beteriko hobi higuingarriaren lau hormak oihuka nire egoera gogorarazteko; hau da biharko ehunka gerrako preso politiko errepublikanok aurrean izango dutena, baina biharamuna torturaz betea izango den bezain seguru, guk aurrera egingo dugu, eta etsi gabe iraungo. Hau gogorra da; oso-oso gogorra da, pentsatu nuen koltxoi bustian etzan eta mantei soinean sakatzen niela. Baina egunen batean garaipena gurea izango da, eta sekula ez da ostera gizon edo emakume irlandarrik ingelesen infernu zulo batean ustelduko.

        Hotz egiten zuen, hotz handia, oso hotz handia. Nire aldera bildu eta tabako altxor txikia koltxoi azpian jarri nuen, eta hezetasuna sentitu nuen nire oinetara igotzen.

        Garaipenetik hurbilago gaude gaur, pentsatu nuen, eta gosea sentitu nuen.

        Eskeleto bat nintzen izan ohi nintzenaren aldean, baina horrek ez zuen axolarik. Ezerk ere ez zuen benetan axolarik, etsi gabe irauteak baino. Buelta bat eman nuen berriz ere, hotzak ziztatzen baininduen.

        Inperioko armategi osoan ez dute inor etsi nahi ez duen gerrako preso politiko errepublikano bakar baten adorea hautsiko duenik... pentsatu nuen, eta hori hala zen. Ezin dute edo ez dute sekula gure adorea hautsiko. Ostera buelta bat eman nuen dardarka, eta elurra leihotik sartzen zen nire manten gaineraino.

        «Tiocfaidh ár lá», esan nuen neure artean. «Tiocfaidh ár lá». [«Gure eguna iritsiko da»]

 

 

© Bobby Sands

© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia