—4—

 

 

Arratsaldea aurrera zihoan, eta lehen kezka izpiak agertzen hasi ziren nire buruan. Non zegoen nire bisita? Adi eseri nintzen hegalaren atzeneko telefonoak jo zezan desiratzen, A-ri nire bisita lagunak iritsiak zirela esateko. Manta mehar batetik hari zatiak erauzten eta elkarrekin txirikordatzen hasi nintzen denbora emateko, zorte apur batekin soka bat egingo nuen geroxeago ederki etorriko baitzen. Elur bolada bat sartu zen leiho zabaletik ostera ere, eta beste elurtza handi baten mehatxua iragarri zuen. Arratsaldeko argia goibeltzen hasia zen, iragaten zen minutu bakoitza geroz eta ilunagoa zen. Inguruetako soroetatik etxera zihoazen erroien marraska zeharo nabarmena zen arrastegiko brisa mehean. Altxatu eta leiho parean erroiak urrunean desagertu eta kolore desberdinetako milaka argi piztu ahala, auzoak banan-banan nola argitzen ziren begira egon nintzen. Aurki nire begi aurreko inguru osoa argi leinuruzko multzo bihurtu zen, elurrez jantzitako alanbreari erlantz eta distira eginarazten ziona. Egunaren negu argia hil eta iluntasuna nagusitu zen. Oso berandu da, pentsatu nuen, txirikordatutako soka koltxoiko zulo batean gorde eta handitzen zihoan izuak geroz eta gehiago jotzen ninduen bitartean. Gogoetan eta galdezka ari nintzen bisitarekin zer gertatu ote zitekeen. 16:30 dira gutxienez, pentsatu nuen. Zer gertatu ote da? Telefonoak jo zuen. Giharrak estutu nituen hitz luzetsiak entzuteko itxaropenarekin. Hegalaren atzenean zegoen bokiak A-ri deitu zion. Hori da, pentsatu nuen asaldatuta, eta jazoeren begira eseri nintzen ezinegonik. Minutuak joan eta artean zantzurik ere ez nire bisita heldu zela baieztatzeko. Bost minutu! Hamar minutu dagoeneko! Gero giltzen tintina eta pausoak hurbiltzen. Sarrailaren karraskots salataria eta atea zabaldu zen. C eta D zeuden han.

        «Bisita, alferra», bota zidan C-k, silaba guztiei gorrotoa zeriela. C-gatik balitz horma hurbilenaren kontra jarri eta hantxe tirokatuko ninduten. Koltxoitik altxatu nintzen, mantak erantzi, lurrera jausten utzi eta toalla soinean bildu nuen. Ziegako atetik irten nintzen pixaz beteriko hegalaren korridorera.

        Beroa handiagoa zen korridorean ziegetan baino. Berehala nabarmentzen zen hori. Pixa errekan zehar joan nintzen azken ziegaraino iritsi arte, han gordetzen baitzituzten kartzelako arropak. Bisitara joateko bakarrik janzten genuen kartzelako uniformea, beste inoiz ez. Ingurura begiratu eta arropa multzo hurbilena hartu nuen. Alkandora janztekotan nintzela, D hizketan hasi zitzaidan: «Tira! Utzi toalla lurrean eta jar zaitez ispilu horren gainean», zoruan zegoen ispilu handi bat seinalatuz. Esan zidana egin nuen. Gero makurtu eta behatzak ukitzeko esan zidan. Uko egin nion. A-ri deitu zioten eta ziegara sartu zen. Hiruren artean oratu zidaten eta indarrez makurrarazteari ekin zioten. A-k eta D-k eusten ninduten C-k ipurtzuloa ikertzen zidan bitartean. Segundo batzuen ostean, libre utzi ninduten eta tente jarri eta janzten hasi nintzen.

        «Bastartak», esan nuen neure artean. Ahoa zabal nezan ere ez zidaten agindu. Ez zitzaien ni arakatzea ardura, ni umiliatzea baizik!

        Ziega utzi nuen, jantzita eta atsekabeturik, ahoa miatu ez zidatela kontu eginez eta gogoratuz okerrena oraindik etortzear zegoela! Burdin langen artean itxita utzi ninduten hegalaren atzenean. Itxura tamalgarriko ikuskizuna nintzen: aurpegi zikina, ile eta bizar luzeak, kartzelako uniformea zintzilik. Bost axola niri. Baina zenbat eta arinago erantzi, hainbat eta hobeto, eta pikutara nire itxura! Tortura jasanarazten zidaten, ez manikura egiten. Boki bat etorri eta burdin langa ireki zuen, eta han beste boki bat neukan zain, niri eskolta emateko. Kanpora gidatu ninduen, eta patioko ate ostean zegoen furgoi itsu baten barrenera eraman, motorra martxan eta atzeko partetik iluntasunera eztulka kea zabaltzen zuelarik. Dar-dar egin nuen banku moduko jarleku gogorrean eseri nintzenean. Beste hegal edo blokeetako lagun batzuk ere furgoian izango zirela espero nuen, bisitara joateko, baina hutsik eta ilun zegoen. Ni zaindu behar ninduen bokiak furgoi atzean igo eta atea itxi zuen, barrenekoak iluntasun osoan utziz.

        «Bale!», oihu egin zion furgoiaren gidariari, eta berehalaxe abiatu ginen. H-Blokeen aurreko atetik iragan ginen, Hadesko ataria, pentsatu nuen neure baitan. Bokiak ate laxo karraskaria madarikatu zuen, eta heldu egin zion zabal ez zedin. Nirekin solasean saiatu zen.

        «Zenbat denbora daramazu mantarekin dagoeneko?», galdegin zidan. «Ez duzu uste utzi beharko zenukeela?», gaineratu zuen segituan.

        «Ez, ez dut uste», erantzun nuen lehor.

        «Horrela ez zoazte inora», esan zuen ziur antzean.

        «Inor ez da inora joaten helmugara iritsi artean», esan nion zorrotz.

        «Zoratuta-edo zaudete», esan zuen. «Nik zuen egoeran egonda ere ez nuke egingo zuek egiten duzuena».

        «Horretaz guztiz ziur nago», esan nuen. «Beharbada horrela da zu boki eta ni preso politiko garelako». Azken oharpen hori ez du atsegin izan, pentsatu nuen ilunpean arras geldirik geratu zelarik. «Seguru aurpegia gorrituta daukala», esan nuen neure artean.

        «Gainera», esan nuen zapata sakatuz, «eguna iristen denean inor baino etsiago egoteko eskubidea izango duzu».

        «Zer diozu?», xuxurlatu zuen.

        «Bada», gaineratu nuen, «britainiar gobernuak, idazluma kolpe politiko baten bidez ostera estatus politikoa ematen digunean, edo, askoz hobeto, erretiratzeko asmoa aldarrikatzen duenean, ze hori besterik ez baitute egingo premiak behar ditzanean, orduan asto bat bezala geratuko zara. Zer egingo duzu orduan?».

        «Hori ez da inoiz gertatuko», esan zuen urduri.

        «Gertatuko da, bai», esan nuen. «Eta hori askoz hobeto egina dute lehenago ere Zipre, Aden eta Palestinako lurraldeetan. Bai, seguruenik hori egingo dute berriro», gaineratu nuen doi-doi ebaztearren; furgoia bat-batean geratu zen. Atea ireki eta bera irten zen jarrai niezaion keinu eginez. Orain ez dago hain alai, konturatu nintzen. Horrek beldurtzen zituen batik bat. Beraietako inori ez zion graziarik egiten abandonatu egingo zituztelako ideiak, batez ere eginak zituzten eta oraindik egiten ari diren izugarrikeriez kontuak eska diezazkietenean. Miaketa-kabinen ondotik iragan nintzen, eta bisitatik itzultzen zirenekin ondo okupatuta zeuden. Preso prebentibo eta preso arrunt ziren denak. Manta gizonentzako miaketa-txabola berezia zuten beste txaboletatik aparte, itxura makur eta okerrekoa. Elurra itsatsia zegoen haren egur egituraren aldeetan, itxura bakarti eta hondatua ematen zion horrek, baina zeregin betean erabiltzen zuten. Bere barrenetik aditu ziren zartada sorgor astunek eta oihu arin askok erakutsi zuten hori.

        Bisita gunean sartu eta bertan argi distiratsupean egon nintzen bokia zein kabinatara eraman behar ninduen begiratzera zihoan artean. Dozenaka bokik goitik behera begiratzen zidaten nire ondotik iragatean, eta erdeinu keinua eta iseka egiten zizkidaten. Ez nien kasurik egin. Nire inguruko joan-etorriek irreal ziruditen. Ez nengoen holako giro aldaketara egina. Hura ez zen H-Blokean egunero inguratzen ninduen giro hilgarria, tentsioz beterikoa. Boki zarpail pilo bat zegoen han, bai, baina beste zeregin batzuetan ari ziren, eta, eskerrak Jainkoari, ni ez nintzen eginkizun haien tartean sartzen behingoz!

        Bokia itzuli zen eta bisita-gela handi batera gidatu ninduen.

        «7. kabina», esan zuen.

        «Jesus», pentsatu nuen, «7. kabina azken kabinetako bat da, boki erronkazale gehienak biltzen direnetakoa». Bokiak bisita-gelaren atea ireki eta gela handi batean sartu nintzen. Antzoki batean sartzea bezala zen. Solas xuxurlatuen marrumak erasan ninduen hasieran, gero ke lainoak, kabina zabaletako mahai inguruetan ele eta marmarka ari ziren talde txikietako bisitari multzoek zituzten jantzi koloretsuek, hara-hona sorbaldatik helduta paseatzen elkarri adarra jotzen eta airea barre algaraz betetzen zuen boki multzo beltzak. Kabinen zenbakiei begiratuz nindoan, 12, 11, 10, 9... eta 7. kabina alderantz jo nuen. Aurpegi adiskidetsuek irri kemenak eskaintzen zizkidaten adeitasunez kabina zabaletatik. Emakume zaharrak, emazteak, alabak, anai-arrebak, burkideen haur eta gurasoak. Irri egiten nien nik ere albait ongien, bihozmina eta begikotasuna baino zerbait gehiago sentituz haienganako.

        «Jainkoak bedeinka zaitzala, seme», oihu egin zidan adineko emakumeren batek. «Eutsi goiari», gaineratu zuen.

        Negargura sentitu nuen.

        «Segi aurrera», purrustada egin zidan bokietako batek. Begiratu batez ikertu nituen kabinak ondotik iragatean. Burkideak eta beren senideak deika eta irrika ari zitzaizkidan. 7. kabina barrenera heldu eta, ezer pentsatzeke, kabinaren alde okerrean eseri nintzen. Alboko boki erronkazaleek ia irentsi egin ninduten.

        «Utzi aulki hori eta buelta eman mahaiaren alde honetara», karraskatu zuten, meneratzaileena eta zarpailena zein izango zen norgehiagoka ari balira bezala.

        Beste aldera aldatu nintzen. «Bastartak», esan nuen neure artean.

        «Zelan zaude, seme?», hots egin zidan Derryko azentua zuen tipo zahar batek nire kabinaren ondotik iragatean.

        «Ahal bezala bizirik», esan nuen, huraxe baitzen egia!

        «Aupa, seme, eta Jainkoak babes zaitzatela zuek guztiak», hots egin zuen albotik iragan zen beste batek, Tyroneko azentua-edo zuen andere helduak. Arras bide luzea egin behar ordu erdiko bisitagatik, pentsatu nuen.

        Bokiek erronka bila zirauten gora eta behera, denak adi eta esaten ziren hitz guztiak zaintzen. Beste hiru eta ni zaintzen etorri zena zeuden nire kabinaren ondoan solasean. Hiru edo lau lagun zetozen mugarri egiten zuen gune ingurutik zuzenean nire kabinarantz. Orduan gure ama agertu zen, aita eta arreba ondotik zituela. Haiek agurtzeko zutitu nintzen bisita-kabinara hurbildu zirenerako. Amak, ni besarkatzen hasi baino segundo erdi bat lehenago, inguruetara begiratzen zuela ikusi nuen, gero jantzita neraman jaka laxoaren alde batean sentitu nuen haren eskua. Aita eta arreba hurbildu zitzaizkidanean, erdi estalia geratu zen bokien bilkura. Kabinez haragoko erronkazale haiek bizkarra ematen ziguten. Mugimendu arin bat izan zen. Banekien zer zen eta banekien ezker aldeko poltsikoan zegoela jadanik. Arrebak heldu eta besoak ingurutik bota zizkidan aitak aldi berean eskua ematen zidala. Nire begiek bokien aurpegiak aztertzen zituzten aurkikuntza adieraziko zuen zeinu baten bila. Ez zegoen bat ere, baina kabina alderantz mugitu zirenean, bihotza gelditu egin zitzaidan. Ama eseri zen eta ni haren ondoan. Aita eta arreba zurezko mahai hutsaren beste aldera joan ziren, zein preso eta bisitarien arteko mugarri gisa baitzegoen.

        «Tira!», oihu egin zuen boki batek.

        Ia jausi egin nintzen aulkitik, atzemana izateko larrialdiak alde guztietatik dei egiten zidalarik.

        «Presoarengandik berezi eta mahaiaren beste aldera joan beharko duzu», esan zion bokiak amari.

        Bihotza kolpeka ari zitzaidan, eta zirrara larri batek estutzen zidan paparra. Hainbat segundo amaiezinetan, atzeman nindutela pentsatu nuen. Horrekin egina nuen eguna.

        «Presoa», esan zuen amak suminduta. «Hau nire semea da. Akaso ezin naiz eseri nire semearen ondoan?».

        «Ez, sentitzen dut, baina ezin duzu», esan zuen batek.

        «Jakina ezetz. Kartzelako arauak», moztu zuen beste batek.

        Lanpetuegia nengoen ezer esateko, izualdi ikaragarritik nire jarrera berreskuratu nahian. Amak, bisita galtzeko beldurrez, nolabaiteko zalantzaz mahaiaren beste aldera eraman zuen aulkia, arreba eta aitaren ondora.

        Beren agindua betetzen zutela ikusteko han finko gelditu ziren bokiek alde egin zuten orduan, bisita-kabinatik doi-doi metro batera erretiratuz, eta multzo batean ahots isiletan mintzatzen eta guri begira ari ziren denbora osoan. Aulkian jiratu nintzen, haiei bizkarra emanez, eta nire senideekin hitz egiten hasi nintzen.

        «Zelan zaude, seme?», galdetu zuen amak.

        «Ez oso txarto, amatxo», erantzun nuen, nire itxura izugarriak aurpegia nola larritu zion ikusten nuela.

        «Bizarra nahikoa luzatu zaizu ikusi zintudan azken alditik», esan zuen aitak txantxetan, eta arreba ea ziegetan hotzik bazen galdezka hasi zitzaidan. Aitak pakete bat tabako atera eta bat eman zidan. Sartzen uzten zieten pospolo bakarraz piztu nuen. Amak beste eskua oratu zidan bereetan. Oinak herrestan entzuten nituen nire atzean. Ez nuen zalantzarik bokiak nire mugimendu oro begira zutela, eta esaten zen hitz oro jasotzen.

        «Zelan zaudete zuek?», galdetu nuen hirurak itxura bikaina zutela gaineratuz. Zigarroa burua jotzen ari zitzaidan, baina batek daki zenbat aldiz amets egina nuen zigarro harekin gero hartu eta errefusatzeko.

        «Zelan dabil jendea?», galdetu nuen, eta erantzunak irrikan entzuten nituen. Elkarren lehian zebiltzan hirurak mintzatzeko. Hainbeste gauza zituzten esateko eta nik hainbeste galdera erantzuteko! Gure entzule desatseginei ez ikusiarena egin eta doi-doi entzuteko moduko marmarrera jaisten genituen geure ahotsak haiek entzuterik gura ez genuen zerbait azaltzen zenean. Nahiago nukeen ezer entzungo ez balute, baina zer egin zitekeen? Aitak eta amak etengabe so egiten zieten, baina banekien horrek ez zituela milimetro bat ere mugiaraziko. Arreba berriak eta berriak kontatzen ari zitzaidan. Guztiak buruan biltzen saiatzen ari nintzen gero lagunei kontatzeko, eta, aldi berean, haiei galdetu nahi nizkien beste gauzak gogoratzeko lehian nenbilen. Amak poltsikoko paketetxoarekin kontuz ibiltzeko xuxurlatu zidan. Albait estuen sakaturiko tabako apur bat, zigarro paperak eta nire arreba Bernadetteren ohartxo bat zeudela esan zidan. Burua nahastuta nuen, berriak jasotzen, hau eta hura galdetzen. Halako edo bestelako hila edo hil-hurren zen, jende guztia ezkontzekotan zela zirudien, soldaduek etxea berriro hondatu zuten eta honen eta haren seme gazteak atxilotu zituzten. Greba pilo bat ziren hemen, eta Ingalaterran ere greba besterik ez zegoen. H-Blokeetako gripe izurritea, bortxazko bainu eta ile mozketak paperetan ziren, eguberri zuhaitz bat jarri zuten Falls Roaden, Dunville Park ondoan, manta gizon guztien izenekin.

        Informazio apur guztiak buruan biltzen ari nintzen, eta, bitartean ezker poltsikoan nuen bolbora upelaz pentsatzen ari nintzen denbora guztian. Blokeetako gorabeherak kontatu nizkien gainetik, Falls Roadeko H-Bloke Informazio Bulegora joan zitezela esan nien eta Pee Wee O'Donnelli, Liam Clarkeri eta Seán Hughesi zer gertatu zitzaien konta ziezaieten esan nien, eta goizean hegal aldaketan gertatu zena ere bai. Bizarrak ezkutatzen zizkidan goiz hartan jasoak nituen aurpegiko zanbroak, baina ama eta arreba nire aurpegia eta eskuak aztertzen ari ziren jipoi baten zeinu adierazgarrien bila, eta etengabe galdetzen zidaten ea ondo nengoen, seguru. Beste zigarro bat piztu nuen azkenetan neukan beste batez, horretarako jadanik askoz indar gehiagorekin sentitzen nintzela. Beste bisitetako kabinak arin husten ari ziren. Jendea irteerako aterantz mugitzen entzun nezakeen nire atzean. Ez nuen ingurura begiratzen. Dena aurretik ikusita neukan, eta ez nituen aurpegi larri eta errukarri haiek berriro ikusi nahi. Arreba kontatzen ari zitzaidan bere seme gaztea zelan zebilen. Amak segitu zuen azken asteko Republican Newsek zekarrenarekin eta aitak baietz egiten zuen buruarekin.

        Lagunetako zenbaiten familiarentzat eman zizkidaten mezu batzuk eman nizkien beraiek eraman ziezazkieten. Manifestazioa zelan joan zen adi entzuten jarri nintzen. Aitak hasperen egin zuen berriro H-Blokeetan gertatzen ari zenaren gainean Ameriketan, Frantzian eta Europako beste herrietan hedatzen ari zen interes eta ardura geroz eta handiagoaz. Gure solasa aurrera zihoan, eta beste zigarro bat piztu nuen. Hamabi minutu falta dira, ohartu nintzen, begi bat aitaren erlojuan jarriz.

        «Zorte ona izan, mutilak. Eta Jainkoak bedeinka zaitzatela zuek guztiak», irteten ari zen bisitari batek ozenki oihu egin zuen den-denentzat. Nire gorputz garbitu gabeak zer-nolako hatsa bota behar zuen jabetu nintzen, baina enoratu nuen. Beti bezala, nire etxekoengandik ez zen inolako iruzkinik irtengo. Arreba auzoan gauzak zelan zebiltzan kontatzen ari zitzaidan, eta amaren etxera nitaz galdezka zeintzuk bildu ziren eta bere senarra zelan zebilen. Ama auzoan kale istilu jazo berri bat kontatzen hasi zitzaidan, baina bokiak moztu zion.

        «Tira, amaitu. Denbora joan da», zaunka egin zuen nire sorbaldaren gainetik, bisita-txartela amari luzatuz, eta adieraziz aita, arreba eta hirurak joan zitezen nahi zuela.

        «Oraindik zortzi minutu falta dira ordu erdirako», esan nion hotz.

        «Lastima. Zuzendariarengana jo», izan zen haren erantzun gogaikarria.

        Ama eta arrebak estu eta larri begiratzen zidaten. «Ez du ardura, seme. Seguru minutu pare bat baino ez dela», esan zuen amak, eztabaida baten ondorioak bisita gunetik irten eta gero ekar zekidakeenarengatik kezkaturik. Aulkitik altxatu nintzen jakinda bisita amaitu zela nik zernahi esanda ere. Haserre nengoen, eta suak hartuta, baina ez nituen familiakoak kezkatuta utzi nahi. Bazegoen zertaz kezkatu gauzak zeuden bezala egonik ere. Ama eta arreba besarkatzen eta laztantzen hasi zitzaizkidan agurtzeko, masailean behera nonbaitetik bat-batean agerturiko malkoak zerizkiela.

        Apurtuta nengoen.

        Bokiak atzetik jazartzen ari zitzaizkidan. «Goazen, goazen. Tira. Nahikoa da! Goazen!».

        «Datorren hila arte», esan nien ama eta arrebari, aitak doi-doi eskua ematea lortzen zuelarik bokiek presoen irteerarantz herrestan eraman aurretik. Bilduta geratzen ziren talde txikiei erreparatu nien, mahai txikien inguruan xuxurlaka ari ziren. Kabina batzuetan boki bat bisitarien ondoan bertan jarrita zegoen. Haiek halako apelazio bisita famatuak ziren. Apelazio auziarekin zerikusirik ez daukan hitz bat bota eta boki zakur aleenek jauzi egiten dute zure gainera eta bisita amaitu da. Nire familiakoei azken begiratua egin nien; eskuaz agurtzen ninduten bokiak atea ia nire aurpegian panpatu aurretik.

        «Tira!», orro egin zuen. «Egon hemen!».

        Ez zen nire lehengo zaindaria —itxuraz, desagertua zen—, baina orain bisitatik kanpora ateratzeko irten zen bastart hura jasan beharko nuela ematen zuen. Hantxe nengoen dardarizo pixka batekin, erdi galduta eta nolabait gaixorik ere bai, hobi gisako zementuzko ziega txiki higuingarrietatik irtetera ohitu gabea izanik. Beste jendea irriak eskaintzen ikustea, aurpegi adiskidetsuak, adeitsuak, adierazpen eta jantzi koloretsuak, nire senideak ostera ikuste soilaren poza gehiegizkoa zen zinez nire gorputz fisikoki hondatu eta gogo torturatuarentzat; ezin nintzen hain erraz moldatu horretara.

        Jardunaren burrunba zebilen nire inguruan. Bokiak alde guztietatik.

        Jesus, Maria eta Jose! Paketetxoa! Izuturik eskua jakaren beste aldera eraman nuen. Hantxe zegoen. Senti nezakeen. Ingurura begiratu eta egoki zirudienean eskua poltsikoan sartu eta paketea atera nuen. Boki bat iragan zen nire albotik niri goitik behera begiratuz. Bonba bat balitz bezala oratzen nion paketetxoari. Ukabilean gordeta zegoen. Eskoltatzen ninduen bokia une hartan itzul ez zedin errezatzen ari nintzen.

        Dena garbi. Nire mugimendua egin nuen. Eskua oinazturaren pare igo, eta aho barruan zegoen. Txikitxoa zen eta heda eta bildu plastikoan batuta zegoen. Aurreko leihora begiratu nuen nire buruaren islari so eginez. Bizarrak edozein handiune adierazgarri ezkutatzen zuen. Arin ibili behar nuen orain. Beste boki batzuk iragaten ziren nire ondotik, beren begi arakatzaileez, ikerleez niri begira, zerbait bitxia banintz bezala. Baina izan ere bitxia naiz, pentsatu nuen berriro leihoko nire islari begira: txima orraztu gabe zimurtu eta nahasiak, bizarra luze eta basati, sastraka mokor bat bezala, eta tartean, nonbaitetik, zurbil eta, esatera ere ausartuko naiz, izugarri edo, nire aurpegia agertzen zen, sasoia baino lehen zimurtu eta adindua. Masailak eta begiak aurpegiaren barrenean hondoratu eta zokoratuta zeuden zulo bat eginez. Nire begi itsu eta zorrotzek handik atzera begiratzen zidaten, eta kartzelako arropak gorde eta estalita, hantxe zegoen fisikoki hondatutako nire gorputz xahutua.

        «Tira, zu. Mugi zaitez», erronkazko zaunka hark berriro nire gogoetak eta auto-azterketa moztu zituen, eta kanpoan zeuden miaketa-txaboletarantz abiarazi ninduen. Lehen txabolaren ondotik iragan nintzen, non preso arruntak arakatzen eta miatzen zituzten, eta gero bigarren txabolatik, non preso prebentiboak antzeko modu batean ibiltzen zituzten. Hirugarren txabola —ondo baino hobeto ezagutzen nuen—, bere itxura soil, goibel eta ilunarekin, gainerako gauza guztietatik aparte zegoena, txabola berezia zen, non geu soilik hartzen gintuzten, manta gizonak, gerrako preso errepublikanoak. Ni zaintzen ninduen bokiak, ordura arte bezala, zaunka agindu zidan, «Zu, horra barrura!».

        Paketea ahoan sartuta ia ezin nuen txistua irentsi. Eramanezina sumatu nuen bokiaren ahotsean. Barrura sartzeko zain ere ez zuen egon nahi izan. Ia jaurti egin ninduen atetik zehar. Miaketa-txabolaren barrenak kanpokoak bezain goibelak ziren. Boki batzuk zeuden han eskuak petroliozko berogailu baten gainean berotzen. Hotza zen kanpoan. Artean elur oihal bat zegoen lur gainean. Izuak hartzen ninduen haietariko batek niri begiratu eta —espero zitekeenez, hain zuzen ere— aurpegira begira ari zitzaidala ikusten nuenean. Hitz fatidikoen zain nengoen: «Zer daukazu ahoan?». Baina ez zen halakorik gertatu. Eternitate batez egon nintzen han, nire begiek gela aztertzen zutela. Nire izotz hobi nazkagarrian baino askoz bero handiago zegoen han barrenean. Aulki batzuk zeuden gela inguruan sakabanatuta, plastikozko ontzi bat kolore urdinezko desinfektatzailez beteta petroliozko berogailuaren gainean jarrita, ondoan paperezko eskuoihal pilo bat, eta lurrean, tokiz kanpo zirudiela, zurezko euskarri batek finkatzen zuen ispilu handi bat. Bokiak nire inguruan biltzen hasi ziren, makilak aldakan zintzilik. Arrazoi lerdoren batengatik, hagin-zirujau bat etorri zitzaidan burura! Ez dakit zergatik, egundo ezagutu ditudan haginlari guztiak adeitsuak izan dira-eta.

        «Zu, alfer hori», kraskatu zuen ahots zakar batek. «Biluzik!».

        Biluztu nintzen, eta larru gorritan geratu nintzen. Inguruan nituen, nire gorputz biluziari so eginez. Ahalke eta umiliatuta nengoen, baina ez nintzen horretaz erabat jabetzen. Laidoa gutxienekoa zen; nahikoa nuen eztarri idorrarekin, ahoan neukan bonba gaiarekin eta aurrean nuenari buruz jirabiraka nerabiltzan gogoetekin. Are gehiago kontrabandoa ahotik bota beharrean banengo. Jesus!, pentsatu nuen. Zelakoak egin behar izaten dizkiguten lagun bihotzeko baten maitasun gutun galdua, ama txunditu baten ohar larria edo tabako paketetxo mehar zorritsua aurkitu eta kentzearren! Tortura eta jazarpena da.

        «Buelta eman», furrustatu zuen beste boki matoi batek. Buelta eman nuen, zirkulu osoa eginez. Izuak hartu ninduen gorputza aztertzen zidatenean (agindu fatidikoaren zain nengoen segundo orotan: «Zabaldu ahoa»).

        «Buelta eman berriro», karranka egin zuen ni zainduz etorri zen bokiak.

        Hau ere bada, pentsatu nuen, umiliazioarekin jostatzen ari dira, ongi ari ere! Hitz egiten ahalko banu, nahikoa umiliatu nautela esango nieke, eta umiliazio gehiago nahi badute, beraiek berek egin dezaketela. Nahikoa beheratu ninduten. Isilik eta geldirik iraun nuen hantxe. Ostera ere mehatxatu eta bere agindua oihukatu zidan. Ez nion kasurik egin. Teilatua gainera erori zitzaiela pentsatu nuen. Sor eta lor geratu ziren une batez, harriturik, niri begira geldirik, beren hitza desobeditu nuela erabat sinistu ezinik. Aurpegiak gorri eta harriturik zituzten, barrenak irakiten. Hara, badator, esan nuen neure artean, orain bai badatorrela!

        «Jarri hormaren kontra eskuak eta hankak zabalik», orroka esan zuen azkenik haietako batek amaigabea zirudien isiltasuna hautsiz. Kikildu gabe iraun nuen, baina ez asaldatu gabe. Dardarka ari nintzen, eta ez zen hotzagatik! Sorgor nengoen, izuaren hegiraino beldurtuta. Berehala oka egin eta paketea lurrera botako nuela uste nuen.

        Eskuetatik oratu eta zurezko hormaren kontra jaurti ninduten. Kolpeak hots isil bat egin zuen. Eskuak eta hankak zabaldu eta heldu zizkidaten. Batek zartada bat eman zidan saihetsetan, eta ostikoak eman zizkidaten hanketan zangoak zabal nitzan. Min izugarria jaitsi zitzaidan nire beso zabalduegietatik, eta min ezin handiagoa sentitu nuen gorputz samin ubelduan. Haien bota astun arauzkoek nire orkatiletan jotzen segitu zuten, oihuka eta orroka, irainka eta mehatxuka etengabe.

        Ispilu luzearen ertz hotzak zango tartean sartzen zizkidatela sentitu nuen. Uzkia aztertzen zidaten ispilua erabiliz, angelu guztietako ikuspegia lortzearren. Esku arrotz batek ipurtzuloa haztatu eta zirikatu zidan eta, ase gabe, ostiko bat eman zidaten belaunen atzetik, eta jarrera oker batera makurrarazi, non ostera ispilua erabili baitzuten eta, amaitzeko, sari gisa, beste ostikada eta zartako zaparrada bat bota zidaten gorputz biluzi erreminaren gainera. Lurrera jausi nintzen, kartzelariek botetan txabola barrenera sartutako elur urtuak zikindua eta bustia zegoen. Berehala altxatu nintzen, nire gorputzean marraztu zituzten oinazeez erdi jabetuta. Ahalegin etsia egin nuen txistua irensteko, paketea eztarrian trabatua nuen baina, eta ia lurrera bota nuen txistua botatzeko erreakzioan. Aurpegia bihurtuta eta gorrituta neukan eztulari eusteko ahaleginean. Jantzita eraman nituen arropak hartu eta albait lasterren jantzi nintzen, presaka, haien esku sadikoak desinfektatzailearen ontzian garbitzen bukatu baino lehen amaitzearren.

        «Mihia aurkitzen lagunduko ahal dizu horrek!», esan zuen haietako batek lazki, eskuak paperezko eskuoihal batez xukatzen zituela. Jesus! Alde horretako edozein aipamenek izutzen nau!, pentsatu nuen. Janzteko presa hartu nuen. Esku batek atzetik ilea altxatu zidan, belarri ostean zerbait gordeta neukan ikusteko. Izutu egin nintzen eta ia mugimendu bat egin nuen paketetxoa ahotik berriro miatuko ez zuketen poltsiko batera aldatzeko. Baina esku arakatzailea erretiratu egin zen desinfektatzaile ontziaren inguruan agertu zen hutsune batera.

        Arropak erdi zintzilika, eta nengoen bezain minberatuta egonik ere, aterantz lehiatu nintzen, nire atzean boki baten erronkazko laguntza nuela. Atetik iragan nintzen «nora zoaz? Ez dugu amaitu» bat entzungo nuelakoan, baina ez zen ezer gertatu.

        Erretzen ari zitzaidan eztarria. Aire freskoak jo ninduen, eta apur bat freskatu eta piztu egin nintzen. Beste blokeetako lagun batzuk zeuden han, aurpegiak fantasmak bezain zuri, nire orro eta zartadak ondo entzunda, dudarik gabe, eta ondoren berentzat beste hainbeste izango zela ondo baino hobeto jakinda ere.

        «Zelan, Bobby, ondo?», galdegin zidan haietako batek.

        Ezin erantzun nezakeen. Baietz egin nuen adeitsu, nora zihoazen pentsatuz eta gutxienez torturazko proba atzean utzi izanaren lasaitasunak kontsolatuta. Oinez abiatu nintzen H-Blokerantz. Ez zegoen furgoirik eta poz-pozik nengoen ibilaldi laburragatik, pixka bateko aire garbi freskoaren lizunkeriak asebeterik. Lehen oztopoa, eta okerrena, gaindituta dago, pentsatu nuen.

        Zabala zen aurrean nuen bidea, eta elurrak zuritua. Elurra ohol gris ilunetan zintzilik zegoen, eta alanbre arantzadun lazgarri korapilatuari itsatsia, kilometroetan. Alde guztietatik hesiak eta alanbre arantzaduna zeuden. Oihan bat osatzen zuten, aldiz aldi alboetan nabarmentzen ziren tiratzaile-postu makur kamuflatuekin, non britainiar soldadu armatuek zelaia inguruz inguru aztertzen baitzuten. Behin, gazte nintzelarik ikusi nuen film baten irudia ekarri zidan burura; kontzentrazio zelai nazi bat zen, neguan eta, oroitzen nintzen, gazte izanik ere, txundituta sentitu nintzela, eta oroitzen nintzen, halaber, kalefakzio ondoko aulkian nengoela, mota hartako lekuak iraganaldiko izugarrikeriak zirela pentsatuz, eta halakorik berriz gerta zedin inork inoiz ez zuela utziko eta onartuko, are gutxiago Irlandan eta sekula ere ez ni barruan izanik.

        Gogoratu nituen bisita gelako mahai inguruetan familia bilduak xuxurlatzen, amen aurpegiak aita isil nahigabetuekin lerrokatuak eta beren aitatxo uniforme beltzezko mamuek handik nola erauzten zuten begira ziren haurrak, esandako silaba eta hitz guztiak entzuteko zure bizkar gainean zintzilikatzen ziren mamu bihozgabe berberek, ordu erdiko bisita baterako zure senideak orduak eta orduak ilaran itxoiten edukitzen zituzten haiek, ate batetik hurrengora artaldetan legez eramaten zituztela, miaketa iraingarri eta umiliagarri batetik bestera, animaliak legez.

        Gure senideak mespretxatzen zituzten gu mespretxatzen eta gorrotatzen gintuzten bezala. Iraindu egiten zituzten, jazarri egiten zituzten eta bihotzak urratzen zizkieten beren seme-alabak torturatuz. Gaztetan inozoa nintzen. Aldiz, orain hemen nengoen zementuzko hobi nazkagarri batera bueltan nindoala bizirik irauteko borrokatzera, gerrako preso politikotzat hartua izateko nire eskubidearen alde borrokatzera, nire eskubide horren alde borrokatzeari sekula ez diodala inoiz utziko esanez.

        H-Blokea agertu zen parean, nire eskuinera. Atea, infernuko atea irekitzeko zain egon nintzen. Isiltasun gaizto batek hartzen zuen dena: haize ziririk ere ez zebilen, txoririk ere ez kantuan, baina Belsenen ere ez zegoen kantatzekorik ezer, pentsatu nuen infernurako atea zeharkatzean.

        Patioa zeharkatu nuen H-Bloke aurreko ateraino. Nire ezkerretara beste hegaleko mutilak leihoetan zeuden. Argiak piztuta zeuden ziega gutxi batzuetan. Gainerako ziegak ilunpetan zeuden. Argia zuten ziegek leize-zulo txikiak ematen zuten, bertako biztanleak beren manta higatuetan bilduta. Itxura izugarria zeukaten, bizar luzeak eta aurpegi zurbilak zementuzko habeen atzetik niri begira. Ilunpetan ziren ziegetan itzalezko irudien mugimendu ilaunak nabaritzen ahal nituen.

        «Ondo, Bobby?», oihu egin zuen mutiletako batek. Nik ezin erantzun nezakeen, beraz eskuaz ihardetsi nion, zozo samar sentituz.

        «Ez da luzerako izango oraingoan!», oihu egin zuen beste batek, eta mutilak leihotik adarra jotzen eta txantxetan hasi ziren. Nire eskuinera begiratu nuen, H-aren beste zangoaren aldera, nire hegalaren aldera. Ez zegoen ez leihorik ezta argi izpi bat ere ikusterik. Hegalaren kanpoko zabalera osoa izurtutako burdin eta oholezko egiturak estaltzen zuten, kanpoko argi eta bista guztia ezkutatzen zutela. Eskerrak Jainkoari ez direla oraindik hegaleko nire aldera ailegatu, pentsatu nuen. Baina laster ailegatuko ziren!

        Blokean sartu eta burdinazko langan egon nintzen itxoiten, nahi gabeko zaindari zaunkaria desagertuta. Burdin langa batetik bestera pasa ninduten, A agertu eta, nire hegal barrenera itzuliz, ostera onartu ninduen arte. Korridorean zegoen pixa putzuak hurrupatzen ziharduen makinaren ziztu zorrotzeko burrunbak oihartzun egiten zuen hegaletik. Tearen gurdia araketa-ziegaren ate ondoan zegoen. Haren ondotik iragan nintzen, eta te izoztuan sortutako gainazal likitsa antzeman nuen. Ogi xerrak pilatuta zeuden, eta zimel eta gogor. Janaria plateretan zegoen. Behikia ordezkatzen zuen haragi zati bat hogei babak-edo inguratzen zuten baina ez guztiz.

        Araketa-ziega barrenera sartu nintzen, eta janarien gaineko gogoeta oro ziztu batez desagertu zitzaidan C eta D han ikusi nituenean. Bisitatik nentorrela, nire zaindariaren aurretik ibiliz paketea mugitu ahal izan nuen ahoan eta txistua irentsi, baina eztarria idortuta neukan berriro. Arropa eranzten hasi nintzen; bi minutu, eta seguru egongo nintzen. Bi minutu gehiago besterik ez! Prakak kendu eta toalla soinean bildu nuen berriro. Jarri orduko, «utzi toalla lurrean eta eman buelta!», esan zidan D-k. Makurrarazteko zain nengoen. Toalla utzi eta buelta eman nuen, baina nire sorpresarako, ez zen ezer gertatu. Toalla jaso eta soinean bildu nuen berriro, eta ziegaren sarrera aldera jo nuen. Hor konpon. Zer demontre! Atetik irten nintzen, artean gordea neramana agerraraziko zidaten hitzen zain, baina ez. Ia-ia ezin sinets nezakeen zer zorte eduki nuen A mintzo zitzaidan irri zuri batekin: «Tea ere eraman beharko duzu ziegara zurekin, hoztuko ez bada».

        C-ri eta D-ri barregarri oso gertatu zitzaien hori. Inguruko ordenantzak barre algaretan hasi ziren. Aintzat ere ez nituen hartu, eta platera eta basoa jaso nituen; ez zuten ezer askorik.

        Hegaletik joan nintzen, ordurako ni nindoan aldea lehor baitzegoen. Makinarekin zebilen bokiak artean lanean ziharduen urrunean eta ia amaituta zuen. Burrunba zoratzeko modukoa zen. Zeharo urduri nengoen. Ezin itxoin nezakeen ziega barrura sartzeko. Gogoetak ikaratu ninduen, baina hain ondo eramana nuen kontrabandoa ezen txistu egin ahal izatea zen falta zitzaidan bakarra. A-k atea ireki zuen eta ostera sartu nintzen nire hobi hotz nazkagarriaren ilunpetara. Atea nire atzean panpatu zen eta ilunpetan geratu nintzen.

        Garaipena!

        Garaitu nituela esan ahal banie! Ziri ederra sakatu niela esan nahiko nieke, C bastartari, batik bat. Ia ez nuen sinisten seguru itzuli nintzela.

        Iuju!

        Te hotza lurrean utzi eta paketea atera nuen ahotik. Lasaitasuna zen. Paketetxoa bustita zegoen eta toailaren muturrean xukatu nuen. Ezin nuen aztertu ilunpetan. Hori geroago egingo nuen. Hiru mantak bildu nituen soinean eta gerrian bilduta nuen mantaren tolesduran gorde nuen paketetxoa. Ateak zabaltzen eta panpadaz ixten ari ziren te hotza ziegetan banatzeko. Garbiketako makinaren burrunbak bere hartan jarraitu zuen eta, ziur asko, ordu batzuetarako utziko zuten gu zoratzearren. Kanpoan izan nintzen bitartean beste zerbait gertatu ote zen galdetzen nion neure buruari. Te hotza leihotik behera bota eta zaborra zetzan kantoietara begiratu arin bat egin nuen arratoi benturazaleren bat ni han ez nengoen bitartean ikusi bat egitera ausartu ote zen. Ez nintzen izango halakorik gertatzen zitzaion lehena; behin gauean ere gertatu zitzaidan. Koltxoian eseri nintzen eta janari hotza jateari ekin nion, hileko nire unerik ederrenaz, nire bisitaz, hausnartzera. Afari hotz eskasa amaitu nuen eta plastikozko platerak ate ondoan ipini nituen. Atzera ere nire bizirik irautearen aldeko borrokaren gainean pentsatu nuen, hotza sentitu eta ilunpetan nora ezeko ibili amaigabea utzia nuen tokian hartzera berriz altxatzen nintzelarik. Paketetxoa seguru zegoen begiratu eta arrakastaren goxoan atsegin hartu nuen. Ezin asma nezakeen itzuleran C-k eta D-k zergatik ez ninduten makurrarazi beste gorputz miaketa umiliagarri bat egiteko. Nire ziegan berriz sarrarazteko presarekin-edo zebiltzala begitandu zitzaidan.

        Zorua oso hotz zegoen, beraz azpian manta bat zabaltzeko geratu nintzen, nire paseatze amaigabearekin segitu ahal izateko. Kanpoan elurra zegoen lurrean eta berriro emeki jausten hasi zen; maluta txikiak leiho zabaletik barrura sartzen ari ziren. Garbiketa makinak, nahita martxan utzia, burrunba egiten zuen inguruan. Soinu gogaikarria gainditzeko ahalegina egin nuen gogoeten bidez. Garaipenaren berri onak Seáni kontatzeko gogoz nintzen, baina zarata etengabearekin ez zidakeen entzungo. Bisitan jasotako scéal atal apurrez pentsatzen hasi nintzen, geroago mutilei kontatzeko. Luze gabe afari ordua izango zen, tea oso berandu zerbitzatu baitzuten, baina hori ere ez zen irrikan egoteko moduko ezer, katilu bat te epel eta ogi zati bat eta margarina, ziur asko. Horrek guztiak benetan esan nahi zuen luze gabe giltza emango zutela, bokiak gauerako etxera joan eta ez zela zabalduko ziega-ate gehiagorik biharamuneko goiza arte.

        Leihotik begiratu nuen pentsatuz banuela beti patioan apur bat geroago, dena erabat geldirik geratzen zenean, arratoiak gora eta behera arineketan ikusteko modua. Zoru gaineko ohean goizegi sartzerik ez nuen izango. Hotzarekin, ez nindukeen loak hartuko. Nekatuta nengoen, ahituta, baina artean eguna ez zen inolaz ere amaitu. Galdetzen nion neure buruari ea zelan egongo ziren mutilak oholetan. Beharbada, beste bloke edo hegaletako norbait oholetatik itzulia da gaur eta zerbait gehiago konta dezake. Beste hegal eta blokeetako oihuak geroago, gauzak baretzean, hasiko ziren, bokiak etxera zihoazenean.

        Nire aurreko ziegaren panpada entzun nuen. Ozta-ozta. Platerak biltzen ibiliko ziren ziur asko. Burrundara harekin ez zuen merezi atetik oihukatzea, inork ez zukeen entzungo eta.

        Nire ziegako atea zabaldu eta argia piztu zuten. Ordenantzak platerak jaso eta atea panpada batez itxi zen berriro. Bokiak ez nituen ikusi, ziegaren argiak une batez itsutu egin baininduen. Ilunpetik argitara bat-batean aldatzeak begiak urratu zizkidan. Ingurune higuingarriak oihuka agertzen zitzaizkidan ostera ere. Bota nituen ogi gogor karratu zuriek itxura berria ematen zieten kantoietako zabor piloei. Ogi xerren ertzetan marka batzuk antzeman nituen, eta bat jaso nuen zaborretik. Urdin-mindua zegoen. Eskerrak Jainkoari ez dudala ogia jan, pentsatu nuen gainerako xerrak aztertu eta denak berdin zeudela ikusiz. Berehala jakin nuen zer gertatu zen, zergatik ez ninduten C-k eta D-k makurrarazi eta zergatik zebiltzan hain presaka ni atzera ziegan sartu eta tea ilunpetan har nezan. Ziegara itzultzean, kontrabandoz beteta nekarren ahoaz pentsatzen lanpetuegia nenbilen platerako ogia aztertzeko.

        Garbiketako makinak burrunba eta ziztuka jarraitu zuen giroan. Ziegako argia distiratsuegia zen eta begiak minduta nituen. Buruko minaren lehen ukitu ikaragarriak sentitu nituen, gero eta gehiago. Paseatzen jarraitu nuen, leihoan aire arnasa sakon hartzen, unatzen hasia zitzaidan hats neketsu estuaren ondoeza garbitu nahian. Makina jasangaitzago bilakatu zen. Kanpoan tenperatura jausten ari zen eta alanbreetako izotz gaina loditu egin zen. Paketetxoa atera eta begiratu bat eman nion gainetik. Akatsik gabe zegoen. Barrukoak ikus nitzakeen heda eta bildu plastikozko azal zorrotik: ohartxoa, zigarro paperak eta tabako beltza. Orain ezin zabal nezakeen, beraz gerorako utzi nuen, eta atzera mantaren tolesduran gorde nituen. Arrebaren ohartxoa, zigarro paperak eta ontza laurden bat tabakoren jabe izateak errege legez sentiarazten ninduen.

        Zelakoa izango ote zen orain atea ireki eta kalera aske botako banindute? Ez nintzateke aurre egiteko kapaza izango. Ene Jainkoa! Ozta-ozta aurre egin niezaiokeen bisita bati. Imajinatu ere ezin nezakeen egin tortura hartatik askatuko banintz zelan egongo nintzatekeen. Orain banekien zelan preziatu lehen kasurik egin gabe uzten nituen edo, segurutik, erreparatu ere egin ez nien gauza txikiak, itxuraz garrantzi gabeak. Noiz izan zen behar bezalako bazkari bero bat jan nuen azkeneko aldia? Ikusgarria da zelan egokitu daitekeen bat egoeretara, goseak hil beharrean zaudenean batik bat, pentsatu nuen udako denborak oroituz, ordenantzek eta bokiek gure bazkaritan larbak bota eta guk, besterik egin ezinean, haiek bilatu, atera eta gero, ezer gertatu izan ez balitz bezala, geure bazkaria jaten genuenean. Hori egin ala gosez hil!

        Garbiketa makinaren burrunba bat-batean geratu zen, eta naturala ez zen isiltasun ikaragarria zabaldu zen ostera ere. Makina itzali zuen bokiaren pausoak entzun nituen hegaletik itzultzen. Zelata-zulotxoan jarri nuen begia. A zen. Bulego txikirantz iragan zen. Telebistaren soinua entzuten nuen, baina ezin nuen hitz bat ere ulertu. Ordenantzek elkarri oihuka eta jardunetan ari ziren. G entzun nuen «Bale!» oihukatzen, eta ordenantza zalapartarien jarduna berehalaxe amaitu zen; te-gurdiaren karrankak hartu zuen haren lekua.

        «Tea airean», oihukatu zuten lagunetako batzuk gaeleraz. Ziegako ateak irekitzen eta ixten hasi ziren. Nire ziega aurretik iragan ziren hegalaren beste aldera joateko. Lagun bat bere artean kantatzen ari zen ziega batzuk harago, eta bizitasun apur bat itzuli zen hegalera. Azkenean, te-gurdia nire atera ailegatu zen. Ohiko aurpegi gorrotagarriak zeuden han atea zabaldu zenean. Katilu bat te eta ogi xerra bat bitan tolestuta, horixe luzatu zidan ordenantzak. D irribarreka ari zela erreparatu nintzen ogiaren zantzu urdin-minduen bila nenbilela ikusi ninduelarik. Ondo zegoen.

        Atea panpatu eta koltxoira erretiratu nintzen bat ere naturala ez zen beroa antzematen nuen eta plastikozko katilutik zihoan lurrunari begira nengoen. Bero zegoen! Ia ezin sinets nezakeen. Eseri eta dastatu egin nuen, uzkur asko. Ura bezain pattala zen. Izan ere, ur zikin beroa baino ez zen, baina aurre egitea erabaki nuen. Edozein gauza bero Jainkoaren oparia zen holako gau batean, pentsatu nuen, baita ur beroa ere. Ogi xerra jan eta te pattal beroa zurrupatu nuen. Luze gabe giltza emango dute, pentsatu nuen, tabakoaren eta paketearen gaineko gogoeta dastatzen.

        Ama, aita eta arreba etxean egongo ziren jada, eta seguruenik ez ziren oso ondo sentituko. Izugarrizko egun gogorra izan zuten, eta nire itxura ikusita, kezkatu baino ez ziren egingo. Barruan bi edo hiru seme zituzten familiak gogoratu nituen, eta mantaren borrokan semeak zituztenak, edo alabak Armaghen borrokan. Benetan gogorra behar du izan familia horientzat. Atsekabea zegoen alde guztietan. Horixe zen infernuko zulo nazkagarriotatik ateratzen zen guztia, atsekabea eta bihozmina.

        Ezin nuen te pattal hura gehiago edan. Hozten ari zen, eta nazkagarri asko bilakatzen. Altxatu eta leihotik behera bota nuen, elurretara, eta lurrun ufada gora egiten ikusi nuen, tea elurpean barneratzen zela. Basoa ate ondoan utzi eta nire paseora itzuli nintzen ateak irekitzen eta ixten hasi zirenean.

        «Basoak ateratzen», garrasia aditu zen.

        Oinak hozten ari zitzaizkidan. Lurrari kolpeka hasi nintzen manta gainean. Hotza oso handia izango zen gau hartan ere. Hegalaz haragoko kantariak kantu berri bati ekin zion bere artean. Ez zegoen zertaz kantatu, baina modu batera edo bestera gainditu behar zen monotonia izugarria. Aspertzen ari nintzen, baina ezerk baino gehiago paketetxoak urduritzen ninduen; manta erretzen, zulatzen ari zuen, nolabait esatearren.

        Nire ziegako atea zabaldu eta basoa eraman zuten. Begiratu ere ez nuen egin. Atea panpatu eta boki eta ordenantzen prozesioa hegalaren azken alderantz abiatu zen. Koltxoian eseri nintzen ostera ere atseden hartzeko. Hegalaren beste aldean zeuden mutiletatik zortzi ziren erretzaileak, eta bederatzi alde honetan, baina hiru oholetan zeuden, beraz horrek hamalau erretzaile egiten zuen, ni barne. Gauean denontzako zigarro bana erdietsi ahal izango nuen, eta zerbait gordetzeko modua ere izango nuen agian. Horrek esan nahi zuen soka bat bota beharko zela ate egokienaren azpitik hegalean zehar aurreko ziegetara zigarroak beste lagunei pasatzeko. Hegaleko beste aldeko mutilek ez zeukaten gauzak leihotik sokaz-edo pasatzerik, leihoak estalita zituztelako. Baina zulotxo txikiak moldatu zituzten hormetan hodiak pasatzen ziren lekutik, eta handik pasa zitzaketen zigarroak batera eta bestera katea eginez, eta pizgailu bat ere bai. Zigarroetarako pizgailua gutako batek molda zezakeen kristal zati bat, tximistarri txiki bat eta kotoi harroxko zati bat erabiliz. Metxa bat egiten zen eta piztu, sugaia ziega batetik ondokora arretaz pasatzeko, denok sua eduki arte. Hegalean zehar soka pasatzea zaila eta arriskutsua izango zen. Beti izaten zen. Bokiek bazekiten guk egiten genuela eta zelatan egoten ziren beti, gauean hegaletik barrandatuz eta oin puntetan ibiliz. B egongo zen gaur, gaueko guardia egiten, eta horrek esan nahi zuen erne asko ibili beharko genuela. Aurretik osatu nuen soka luzea ea oraindik han zegoen ikusteko begiratu nuen. Ondo zegoen.

        Seánek horma jo zuen.

        «Hodian jarri», esan nuen koltxoiaren muturraren gainean jarri eta kantoian makurtuz, horman hodiak pasatzen ziren tokian bertan neukala burua. Ez zen hodietatik kalefakzio bero handirik zabaltzen. Ematen zuena leiho zabaletik ihesi zihoan gau hotz ilunera. «Bai, Bobby», aditu zen Seánen ahots galdekorra hormako zulotxotik.

        «Go h-an mhaith, Seán», esan nuen pozarren. «Zerarekin itzuli naiz». Berak bazekien zer esan nahi nuen.

        «Maith thú», esan zuen, eta bisitari buruzkoak kontatzen hasi nintzaion eta miaketak eta gainerako guztiarekin gertatutakoak esan nizkion. Seánen ahotsa sutuz zihoala igartzen nion manifestazioan izandako guztiei buruz mintzo nintzaionean. Oro har, gauzak inoiz baino hobeto zihoazen. Britainiar gobernuaren mugimendu errepublikanoa kriminalizatzearren egin zituen ahaleginek huts egin zuten miserableki, eta orain jende guztiak argi eta garbi ikusten zuen H-Blokeetako torturen atzean zeuden motiboek zein helburu zuten. Solasean jarraitu nuen Seánekin denbora batez, hodi eta horma tartean jarrera deserosoan etzanda inurrituta sentitzen hasi arte. Beraz, ostera ere paseatzera itzultzea erabaki nuen. Izoztuta nituen oinak. Seánek ulertu zuen. Bera ere egoera berberean zegoen. Geroago deituko niola esan nion eta biok kantoia utzi genuen geure paseatze amaigabeari lehengo toki berean ekiteko berriz ere.

        Bokiak burdin langak eta ateak ixten hasi ziren; laster prest izango ziren giltza emateko. Ordenantzak hegaletik joanak ziren beren logeletara, hegalaren alboan bereziki irekitako bi gela handitara, telebista, irrati eta disko jogailu gisako ondasunez eta beste gauza ugariz hornituta: lar ongitxo betetzen zuten beren lan zikina. Ordenantza batzuk ez ziren gurekin sartzen, baina oso gutxi ziren eta aurkitzeko zailak.

        A, C eta D beren jardunean ari ziren hegalaren atzenean, hizketan, brometan eta giltza emateko deiaren zain. Laster izango zen, pentsatu nuen, hamabost minutu barru-edo, beharbada. Oraindik bi kontaketa egin behar zituzten. Bat ateratzen ziren bokiek egingo zuten, A-k eta horiek; eta bestea aurki iristekotan ziren gaueko guardiakoek. Gaueko guardia lau bokik soilik osatuko zuten. Batzuetan telebista ikusten, kartetan edo mozkortu arte edaten ibiltzen ziren, eta ez ziren gurekin sartzen. Baina gehienetan istiluak gertatzen ziren, are gehiago B gisako norbait baldin bazegoen tartean. Eta gau hartan B egongo zen.

        Aspertuta nengoen gora eta behera paseatzen, beraz eseri eta paketetxoa irekitzera arriskatzea erabaki nuen. Ziegak miatzen hasteko posibilitateak urriagoak ziren orain, baina han beti zegoen arriskua, beraz kontu handiz ibili beharra zegoen. Ikaragarria izango zen egunean zehar egin nituenak egin behar izan eta gero, orduan harrapa nintzaten, baina ohartxoa irakurtzeko irrikan nengoen, beraz altxor gisa gordetako paketetxoa atera eta heda eta bildu gardena askatzen hasi nintzen ohartxoa eskuratu nuen arte. Nire arrebaren gutuna irakurtzen hasi aurretik, zer gerta ere, berriz batu nituen gainerako gauzak heda eta bildu soltean. Geldi-geldirik bi edo hiru minutu egin nituen jarrita, haren idazkera dotoretik hitz guztiak irentsiz. Amaitu nuenean, berriz irakurri nuen. Ederra zen ostera haren berri izatea. Ikusi nuenetik eternitate bat pasatu zela zirudien, baina ondo zebilela ematen zuen, nitaz beste ezertaz baino kezkatuagoa, eta ezagunak zituen beste lagunei buruz galdezka. Ahaleginak egin, eta ahalik eta lasterren ohartxo bat bidali beharko nion. Lapitz ziztrin bat eta bolalumaren tinta karga bat erabiltzen genituen; ziegaz ziega pasatzen genituen etengabe, hegalaren alde batetik bestera, aurrera eta atzera. Komuneko paperean zirriborratzen genituen ohartxoak emazte, ama eta neska-lagun larrituei ezkutuan pasatzeko, egunkarietara gutunak bidaltzeko eta H-Blokeetako Informazio Bulegora helarazteko egun guztietan zer horrore eta jipoi jazo ziren. Bolaluma edo lapitza niri iritsi arte itxoin beharko nuen.

        Arrebaren ohartxoa txiki-txiki egin eta elurrez estalitako patiora jaurti nuen, eta begira egon nintzen leiho zabaletik erortzen zen elurraren artean nola desagertzen zen. Artean A eta horiek hegalaren gailurreko burdin langetan zeuden. Giltzen tintina eta noizbehinkako ahots marmarra entzun nitzakeen. Beste aukera bat egitea erabaki nuen eta paketea berriz ireki, zigarroak egin eta lagunentzat prestatuta edukitzea, baita soka ere geroago hegalean zehar botatzeko. Estalkia askatu nuen berriro eta tabako pusketa atera; ondo sakatuta zegoena, samur asko eta egoki har genezan. Tabakoa zatitzen eta birrintzen hasi nintzen zigarroak osatu ahal izateko. Pusketa txikia zena multzo izpitsu txiki bilakatu zen. Tabakoaren usaina goxoa zen ziegako airean zintzilik zegoen kirats zitalaren aldean. Elkarri loturiko zigarro paperak pila batera bereizi nituen nire beharretarako nahikoak izan arte, eta gehiagotarako ere geratu zitzaizkidan. Dena prest izan nuenean, zigarroak biribiltzeko eginbideari ekin nion, belarriak pauso edo giltza soinu arinenari adi, denbora guztian neure buruari esaten niola egiten ari nintzen zigarroetako bat ohean etzanda erretzen egongo nintzela luze gabe.

        Bost osatuta! Seigarrenarekin hasi nintzen, zigarro zorri batek zenbat esan nahi zuen pentsatuz, morala nola altxaraz zezakeen, baita erretzen ez zuten lagunei ere. Nolabait-edo denak konturatu eta poztu egiten ziren batek edo bestek A eta C bezalako bastartak garaitu izanaz, eta horrek asko esan nahi zuen. Beste zigarro paper bat hartu nuen zazpigarren zigarroa hasteko...

        «Hartzak airean».

        Giltzaren tintina entzun eta ziztu batean kontrabandokoaren gainean jarri nuen manta nire ateko morroiloak karraska egin eta atea zabaltzen zelarik. Normal jokatzen ahalegindu nintzen nire izualdian, gorputz osoa inarrosia nuelarik. A-k ziega barrenera begiratu zuen.

        «Bat», esan zuen, C berriz atea panpada batez ixten zuelarik.

        «Kontaketa airean», oihukatu nuen, ikara nire ahotsean zintzilika.

        «Bi», esaten entzun nion A-ri, Seánen atea panpatzen zutelarik.

        «Lau, sei, zortzi», hegaletik jarraitzen zuten.

        Uhin hotz batek astindu zuen nire gorputza. Oso hurbil ibili dira, pentsatu nuen tabakoa eta zigarroak estaltzen zituen mantari begiratuz, zigarro bat erdi ikusten zen, baina ez zuten inolaz ere ikusi. Koltxoiari itsatsita eseri nintzen; kontaketak segitzen zuen.

        «Hogei, hogeita bi, hogeita lau, hogeita sei...». A-k kontatzen zuen.

        «Hartzak airetik kanpo», oihu egin zuen lagunetako batek; alarmarako txanda bukatu zela adierazi nahi zuen, azken zenbakia berdindu eta A-k, C-k eta D-k hegala utzi zutela. Alde egitean, bulegoko atea danbateko batez itxi zuten. Lasaitasuna eta kontrabandoa berreskuratu nituen, eta atzera zigarroak biltzeari ekin nion. Dena bukatuta izan beharko dut hurrengo kontaketa egin baino lehen, pentsatu nuen; azkena izango zen. Gainera, B hegalera iritsi baino askoz lehenago ere entzungo genuen, seguruenik mozkortuta egongo zen eta. Lanean jardun nuen zigarro guztiak amaitu arte, eta horren ondoren, bi paketetan banatu nituen. Batek beste aldean ziren lagunentzako zigarroak zituen, eta besteak alde honetako lagunentzako zigarro bana.

        Lehenagotik txirikordatuta nuen soka fin luzea hartu, pakete biak bertan lotu eta lizundutako ogi gogor zati bat gehitu nion puntan pisua emateko Seáni deitzeko horman jo aurretik.

        «Kaixo», oihu egin zuen.

        «Atera eskua», esan eta soka bereganantz kulunkatzen hasi nintzen. Ondo heldu zionean azaldu egin nion zer egin paketearekin: katea eginez soka eta paketea hegalean behera beste aldera bota zezakeen gizonari helarazi behar genizkion, horrela gauzak gertu eduki ahal izateko. Seánek bere alboko ziegako horman jo zuen eta gauzak lagunekin prestatzen hasi zen. Neure zigarroa burukoaren azpian ipini nuen, eta beste bat ere bai, Seán eta biontzat opari.

        Burdin langen eta giltzen hotsa sentitu zen, gero pausoak, eta ondoren aho bete zantarkeria. B iritsi zen. Pausoak nagi iragan ziren hegaletik, eta azken kontaketa hegalaren beste aldetik hasi zuen beste ate panpada burrunbatsu batekin. Ateen ingurutik bidea egin eta gero, nire atea zabaldu zen. B-k barrenera begiratu zuen. Ozta-ozta zegoen zutik, kontuak eramateko moduan, alegia. Erdi estropezuka irten eta atea itxi zen berriro.

        «Hartzak airetik kanpo», aditu zen. Inor ez zen arduratu ere egin haien etorrera iragartzeaz, nahiko nabarmena izan zen. Isiltasunak hartu zuen hegala, eta haragoko gizon batek deitu zuen, «tira, mutilak, arrosarioa esango dugu orain. Zeinek esango du lehen misterioa?».

        «Neuk», oihukatu zuen batek. «Eta bigarrena?».

        «Neuk», Seánek esan zuen, eta beste hiru lagun agertu ziren gainerako hiru hamarrekoak esateko.

        «Nahigabezko misterioak dira gaur gauean», esan zuen ahots berberak. Bere burua bedeinkatu eta hasierako otoitzak berak esan zituen. Arrosarioak aurrera egin zuen, mutilek ateetatik erantzuten zutela. Hirugarren misterioaren erdi aldera boki batek bere makilaz burdin langak jotzeari ekin zion. Arrosarioak jarraitu zuen eta, ohi bezala, aspertu eta alde egin zuen bokiak. Arrosarioa amaitu zenean, aktibitateak eta solasen burrunbak hegala hartu zuten haize-parrastada bat bezala.

        Hegalaren alde batetik bestera soka pasatzearena B erronkan hasi aurretik edo beste boki batzuk etorri baino lehen egitea erabaki zuten hegalaren haragoko mutilek.

        «Ei, Bobby. Begira egongo al zara?», oihu egin zuen mutiletako batek.

        «Bale. Aurrera», erantzun nuen oihuka, nire ateko zelata-zulora joanda.

        Soka hegalean zehar botatzea ekintza arriskutsua izaten zen.

        «Ei, Seán, zure atetik ikusterik ba al duzu?», galdetu zuen ahots berberak.

        «Ezin dut», erantzun zuen Seánek.

        «Nik bai», esan zuen azkenetako lagun batek. «Gerarden atea ikusten ahal duzu?». «Arazorik gabe», aditu zen erantzuna.

        «Maith thú», esan zuen soka botatzear zen gizonak. «Zuk gida gaitzakezu».

        «Hor zaude, Bobby?», galdetu zuen batek bigarrenez segurtatu nahian. Soka harrapatuko balute, hondamendia izango litzateke.

        «Hementxe nago», esan nuen begia zulotxotik mugitzera ere ausartu gabe. Soka luzeari botoi bat lotzen zitzaion, eta ate azpitik lurrean barrena, hegalaren alde bateko ziegatik aurreko ziegara jaurtitzen zen. Beste aldeko gizonak bere atetik kanpora bilatzen zuen paper-zerrenda bat erabiliz. Paperarekin topo egitean, haren azpitik irristatu eta barrura eramango zuen atepetik. Gero ohar, zigarro edo zernahiren garraioa hasten zen alde batera zein bestera! Zigarroak sokari lotu eta tren luze bat bezala herrestan zeharkatuko zuten korridorea.

        «Prest zaude, Gerard?», galdetu zuen tiratzaileak. «Aurrera, Pat», aditu zen. Zartada zorrotz bat entzun zen eta botoi puska zoruan irristatzen:

        «Ikusi ahal duzu, Brian?», galdetu zion tiratzaileak hegalean nolabait gidari ari zen gizonari. «Urrutiegi ezkerretara», esan zuen. «Bota berriro».

        Soka bildu eta berriz zartada zorrotza entzun zen botoia korridorean zehar irristatzen zelarik. Hegala isilik zegoen erabat, belarri guztiak soinu adierazkor arinenari erne.

        «Zer deritzozu, Brian?».

        «Laburregi», aditu zen erantzun larria.

        Soka bildu zuen ostera ere. Hirugarren jaurtiketa gogorregia izan zen, eta atetik landa bote egin zuen eta berriz saiatu beharra zegoen. Laugarren zartada zorrotza entzun zen.

        «Zelan dago hori?», jaurtitzailearen ahots urduria aditu zen. Aiduru zegoen hegal osoa entzuten. «Utzi dagoen tokian», erantzun sutsua aditu zen. «Atera ezazu papera, Gerard», gidatu zuen begiraleak.

        Paperak kirriska egin zuen, atepetik kanpora irristatzen zelarik.

        «Mugitu ezkerretara», gidatu zuen berriro. «Zentimetro batzuk gehiago. Hori da. Utzi hor. Orain, bultza egizu kanporantz ahalik eta urrunen. Huts. Ekin berriro».

        Begia mintzen hasia nuen zulotxoaren kontra sakatuta izatearen ondorioz. Isiltasunak bere hartan segitzen zuen. Inor ez zen mintzatzera ausartzen, lanean ari zen taldea izan ezik. Paperak kirriska egin zuen berriro.

        «Bultza egizu kanporantz, Gerard, pixkanaka-pixkanaka. Horixe! Astiro, astiro! Maith thú, Gerard. Botoia paper gainean jarrita dago. Eraman egizu atzera poliki! Segi, segi! Jaso astiro.

        «Heldu diot», aditu zen arrakastaren berri. «Dena ondo hortik, Bobby?».

        «Bai. Hala uste dut behintzat, Pat».

        «Eraman egizu soka barruraino, Gerard», esan zuen Patek. «Baina indartsuegi tiratu gabe».

        Zigarroak irristatuz irten ziren tiratzailearen ate azpitik korridorean zehar.

        «Jaso astiro», esan zuen begiraleak, «edo ate azpian trabatuko dira bestela».

        Zigarro guztiak Gerarden ate azpitik sartu ziren azkena izan ezik; kordelean trabatu zen.

        «Ez tiratu», esan zuen Brianek. «Astindu kordela apur bat. Hori da. Berez konpontzen ari da. Ekin berriro», esan zuen. Nik itzal mugikor bat eta bota baten hotsa sumatu nituen.

        «Hartza airean!», oihu egin nuen irudiak nire ikusgunea iragan zuenean.

        «Tira barrura, Gerard!», oihukatu zuen Brianek. Jazar hotsak entzun ziren bokia soka hartzen saiatzen zelarik. Gero isiltasuna, eta ondoren, bokiaren pausoak, erretiratzen. Bere aurpegiari erreparatu nion nire paretik iragan zuenean. Arrotza zen. «Ondo, Gerard?», galdetu zuen Patek.

        «Bai, Pat. Petardo guztiak hartu ditut, baina bokiak botoia eraman du». Zigarroak ondo zeuden, bederen. Botoia galtzea ez zen hondamendia, baina, hala ere, galera bat baldintza haietan.

        «Ondo, mutilak. Isurketa orain», esan zuen gure hegaleko buruak. Pixa usainduna ate azpitik iragazten hasi ginen. Guk egiten ez bagenuen, gero bokiek goizean ezer baino lehenago hori egingo zuketen gure partez. Ez zen batere atsegina goizean pixontzi nazkagarriaren plastadarekin esnatua izatea! Ez zen askorik geratzen pixontzian, arestian isuri ondoren. Atearen oinean jardun nuen hura ateratzeko ahaleginetan. Amaitu nuenean, koltxoira erretiratu nintzen atseden hartzera. Itota nengoen erabat, eta hasperenka ari nintzen, nire osasun fisikoa zein gaizki dagoen seinale garbia, pentsatu nuen, horren erraz ahitzen banaiz. Atzera eseri egin nintzen, sua ekarriko zidan metxa noiz etorriko zain. Suerte nahiko eduki dugu petardoekin, pentsatu nuen. Bokia minutu batzuk lehenago iritsi izan balitz, puska osoa harrapatuko zukeen. Seánek horman jo zuen. «Tira, Bobby, jarduna hemen dago».

        Banekien zer esan nahi zuen, eta besoa leihotik atera nuen, metxa pizgailu inprobisatua puntan zintzilik zeraman soka kulunkaria hartzeko. Barrura eraman eta zigarroa piztu nuen.

        «Hementxe daukazu, Seán», esan nuen.

        «Bota», erantzun zuen soka atzera bereganantz kulunkatzen nuelarik. Berak beste horman jo zuen soka berriz harantz pasatzeko, eta ni zigarroa erretzera etzan nintzen. Goxoa eta lasaigarria zen etzan eta zerbaitekin gozatzea atea bat-batean irekiko zen kezkarik gabe. Ateetako giltzak ez ziren H-Blokeetan gordetzen, beste nonbait baizik. Beste hegaleko mutilek ikusi egingo zuketen edozein boki arrotz giltzekin iritsi izango balitz, eta alarma emango zuketen.

        «Hartzak patioan», abisua aditu zen, baina ez zegoen benetan arduratu beharrik beste ziega batera sokaz kulunka zerbait pasatzen ari ez bazinen bederen. Bokiak behean zebiltzan patioaren hondarrean haragoko lagunak iraintzen. Zigarroa amaitu eta leihora altxatu nintzen zeintzuk ziren ikustera. Patiotik zetozen, praketan kabitu ezinik. B oihuka ari zen bere burua nabarmentzen. Berarekin beste bi zeuden, haren lau txakur handiko irainei beste koska bat eransteko ahaleginean. Beste hegalaren aldera iragan ziren. Hegaleko buruak denok adi egon gintezela eskatu zuen, eta isiltasuna egin zen berehala. Arestiko isurketan edo Pee Wee O'Donnellen inguruko istiluetan ea inork zerbait ikusi edo ezer hauteman ahal zuen galdetzen zuen. Atetik entzun eta ikusi nituenak kontatu nizkion nik. Beste batzuek ere zerbait gaineratu ahal izan zuten. Gero galdetu zuen ea zer zauri izan ziren goiz aurreko hegal aldaketan. Egundoko zerrenda osatu zen atetik atera.

        «Bale», esan zuen denek bukatu zutenean. «Zerbait gehiago?». Horrekin kontu guztiak amaitu eta dena jasota geratu zen kanpoko Informazio Zentrorako.

        «Scéal-ik bai, Bobby?», galdetu zuten lagun batzuek, eta bost minututan-edo entzundako guztia kontatu nuen.

        «Uste dut hori dela, mutilak», esan nuen dena bota nuelakoan.

        «Iuju» eta «iuju» eta aupadak entzun ziren. Gero berriro berriketa hasi zen leiho, hodi eta ateetatik, berri xume guztiez eztabaidatzen, debatitzen eta espekulatzen. Scéal onak ziren, eta horrek asko esan nahi zuen. Berri gehiago zetorren beste hegaletatik, patio urrunean zehar, leihoak estaliak zituzten lagunengana, blokearen beste bi hegaletan egun horretan jazotakoari buruz. Hegal bakoitzeko gizon bat oholetara eraman zuten. Gizon bat oso larri jo zuten, sei ziega mangeraz pasatu zituzten eta eguneko horroreen gaineko berri gehiago iristen ziren. Kanpoko korridoretik zetorren kiratsa higuingarria zen. Altxatu eta leihora jo nuen aire apur bat hartzen saiatzearren. Elurrak dir-dir egiten zuen argi multzoaren erlantzean, eta brisak deiadar eta kantu hotsa zekarren beste manta-blokeetatik. Ehunka gizon biluzik, fisikoki hondatuta, bizirik zirauten. Hotz samina zegoen. Ostera ere manta guztiak soinean bildu eta toalla buru inguruan bufanda bat legez ipini nuen. Beste blokeetan zeuden mutilak elkarri deiadarka ari ziren, mezuak batera eta bestera pasatzen, eta berri izugarriak oihukatzen hasi ziren beste blokeetatik. Gizon batzuk larri jipoitu zituztela hegal aldaketa batean. Gizon bi oholetara eraman. Hiru gizon ureztatu beste hegal batean eta gizon bi oholetara bidali bisitatik itzultzerakoan tabakoarekin harrapatu zituztelako. Gizon bat oholetatik itzuli zen, eta han eduki zuten artean jipoitu eta indarrez bainatu zuten. Gizon batzuk jipoitu eta indarrez bainatu zituzten oholetan. Pee Wee O'Donnell ospitalera eraman zuten, eta besteak larri zafratu.

        «Entzun al duzu hori, Seán?», galdetu nuen. «Entzun dut, Bobby», erantzun zuen. Horrorezko berriek segitzen zuten: berrogeita lau gizon jipoitu, bainatu eta ilea moztu zieten beste hegal batean; bi gizon ospitalean zeuden, eta beste biren berririk ez zen; oholetan edukiko zituzten, ziur asko. Berriek segitzen zuten gaeleraz. H5 hasi zitzaion H3-ri kontatzen bokiek gizon batzuk zauritu zituztela isurketa batean, eta gizon bat oholetara eraman zutela. H3-k aurreko egunean kondenatutako beste sei manta gizon jaso zituen. Deiadarrek segitzen zuten. Blokeen arteko distantzia handi samarra zen, baina ahotsak oihartzun egin eta gauean elurretatik zabaltzen ziren, hotz gris eta alanbre arantzadunetan gaindi. Mezu batzuk errepikatu beharra zegoen ulertuko baziren, eta zenbaitetan hitzak banan-banan letreiatu behar ziren. Baina pazientzia eta eraman apur batekin, komunikazio sistemak funtzionatzen zuen. Leihoak estaltzearekin hori ere amaitu egingo zen baina!

        «Argiak itzaltzen», mutiletako batek oihu egin zuen hegalaren beste aldean. Bokiak argiak amatatzen ari ziren. Ziur asko, gauerdian inguratuko ziren berriro izekitzeko; dena dela, hotzak ere ez digu uzten lo askorik egiten, pentsatu nuen bokiak nire argia amatatu zuenean. Horman jo nuen Seáni deitzeko.

        «Kaixo», esan zuen.

        «Inguratu jarduna katean», esan nuen.

        «Maith thú», erantzun eta katea eskatu zuen metxa inprobisatua inguratzeko.

 

 

© Bobby Sands

© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia