—3—

 

 

Egun luze gogorra izango zen haientzat, itxaroten eta ilaran jarrita, abere saldoak bezala atez ate eramanak. Araketa iraingarri batetik beste batera. Bokien irainak eta begiratu zikin erdeinuzkoak jasanez bisita-kabinara azkenean ailegatu aurretik. Gero, ateratzerakoan, berriro pasatu beharko zuten hura guztia.

        Boki bat ulu eta oihu hasi zen hegalaren atzenetik, gaelerazko ikastaroa zapuztu nahian, baina lagunek segitu egin zuten, kasurik egin gabe. Denbora guztian hori gertatzen zen. Bokiek, ezer lortzen ez zutenean, laster gogaitu eta alde egiten zuten. Koltxoi gainean eseri nintzen berriro, artean gorputza mindurik, ubeldurak gero eta ilunago ordu bakoitza iragan ahala. Oso nekaturik nengoen, erraz ahitzen nintzen, hainbeste denbora egon eta gero ariketarik egin gabe edo aire freskorik hartu gabe, eta zeharo aspertuta nengoen. Nire arratsaldeko bisitari buruzko gogoetak ia pentsatzeko ahalmenik gabe uzten ninduen. Baina beti dago norbait zu baino okerrago, esan nuen neure artean, burkide hilak eta euren senideak ondo baino hobeto gogoratuz.

«Hilean behin ikus zaitzaket, behintzat», esan ohi zuen gure amak. «Hobe zauden tokian Milltown hilerrian baino». [gero Miltown hilerrian lurperatu zuten Bobby].

        Baina gero baziren Milltown alternatiba hobea zen aldiak. Batzuetan gauzak hain jasanezin bilakatzen ziren, ezen bizitzea edo hiltzea ere bost axola baitzitzaizun infernuzko ameskaitzetik ihes egiteko balio bazizun. «Ez al gara nolabait hiltzen ari?», pentsatu nuen. Ez al dira gure gorputzak elbarri geratzeraino endekatzen ari? Bizirik dagoen hilotza naiz orain. Zelako itxura izango dut nik sei hilabete barru? Bizirik egongo al naiz beste urte baten ondoren? Horretaz kezkatu ohi nintzen, orduak eta orduak buruan horri bueltak emanez. Baina gehiagorik ez! Zeren eta egin diezazkidaketen gauzetatik horixe baita geratzen zaien bakarra: hiltzea. Aspaldi ikasia dut hori, eta Jainkoak daki gutariko batzuekin jadanik hori lortu ez izana ez dela izan saiatze faltagatik! Baina erabakita nago, ez dut inoiz etsiko. Nahi dutena egin dezakete nirekin, baina inoiz ez naiz ez beren nahiera makurtuko, eta inoiz ez dut utziko kriminaliza nazaten.

        Ikaragarria zitzaidan nire buruari esaten ibiltzea beren tortura zapaltzaileari amore eman baino nahiago nuela hiltzea, eta badakit ez naizela bakarra, nire burkideetako askok gauza bera baitiote. Eta nire burkide hilengan pentsatu nuen berriro. Egun batean nire ondoan egon eta hurrengoan hilak ziren nire lagunengan. Doi-doi neska-mutilak, ni bezala, Belfasteko ghetto nazionalistetan jaio eta haziak soldadu arrotzek eta aldra sektarioek erail zitzaten. Zenbat hil dira horien eskuetan Sei Konderri okupatuetan? Gehiegi! Mutil edo neska bat bera ere gehiegi zen! Zenbat irlandar gehiago hilko ote da? Zenbat bizitza gehiago galduko ote da britainiarrek nahikoak erail dituztela erabaki eta Irlandatik betiko alde egitera behartuak izan aurretik? Kartzela barruan zein kanpoan, dena zen gauza bera —zanpaketa, alde guztietarik zure gainean mehatxuka—. Kale kantoi guztiak britainiar soldadu bana erakusten, kale guztiak haien eskuek banatzen duten oinaze eta sufrikariotik zegokien partea jasaten.

        Harro nengoen eusten niolako, harro atzera borrokan izateaz. Ezin garai gintzaketen kanpoan; gupidagabeki torturatzen gaituzte beren infernu-zulo barruan, eta ostera huts egin dute gu garaitzeko ahaleginean. Beldur nintzen, baina banekien ez nuela sekula etsiko. Beren tortura armategi osoaren indar inperialari aurre egingo nioke amore eman baino lehenago. Mantei tiratu nien soinean biltzeko eta euren tartean biribildu nintzen une batez lo egiteko itxaropenarekin. B gaueko 20:30ean itzuliko zen, eta bitartean haren ordezkoa zein izango ote zen galdetzen nion neure buruari. Laster asko izango dut horren berri, pentsatu nuen, begiak eta burua handik aldentzen nituela.

        «Isurketa airean! Isurketa airean!»

        Salto batean itzartu nintzen.

        «Isurketa airean!».

        Galdara metalikoa danbadaka entzun zen, eta zirrara hotz bat zabaldu zitzaidan gorputzean barrena, urdail buruan zulo huts gisako sentsazioa uzten zidala. Arin baina nekaturik altxatu nintzen, zorabio baten zantzuek izututa. Ondo nengoen, nire begiak segundo batzuen buruan arindu eta zorabio mehatxuaren ilundurari ihes egitera lehiatzen baziren ere.

        Hura gainditu eta ateko nire zirrikitura jauzi egin nuen. Pee Weeren ziegaren alboko atea zabaldu zen. A, B eta D —C-ren ordezkoa— zirkulu erdi batean zeuden sarrera inguruan, lau ordenantza narrastiak haien saihetsean, batek xukadera zeramalarik (euri putzuak berdintzeko erabiltzen zen gomazko makila muturduna). John O'Brien ate ingurura aurreratu zen, manta zintzilika zuela, pixontzia hegalaren zoruan hustu zuen eta ziega barrura erretiratu zen. Xukadera zeraman ordenantzak ez zuen agindu beharrik izan. Aurrera jo zuen eta pixa putzua arrastatuz atzera ziega barrenera sartu zuen, John O'Brienen koltxoi ingurura. Lagun gehienak ate azpitik isurtzen ari ziren pixontziak, ziega barruan geratzen zen pixa hegalera bultzatuz pixontzien laguntzaz. Nire ateak tarte estuegia zuen. Bitarte handiak zituen gainean eta aldeetan, baina lar gaitza zen ekintza mota hori egitea. Irtenbide gogorra hartu beharko nuen, eta atea zabaltzean hegalera bota, John O'Brienek egin bezala. Egin beharra zegoen. Pixontzi betea ziega barruan harrapa balezate, zure eta ohekoen gainean amaituko lukete barrukoek. Modu bat baino gehiago dago katu bat larrutzeko edo, guri zegokigunez, modu bat baino gehiago dago gerrako presoari etsiarazteko, eta hori ondo asmatua zen. Aurrez aurreko ziegak ziren, hegalaren alde batetik besteraino. Ez zuen ardura zeinen atea irekitzen zuten, beste jazarraldi bat zen, tortura areagotzeko gehigarri bat. Pixontzia hartu eta ekintzarako prest jarri nintzen! Hobe ziega kide bat banu, pentsatu nuen, laguntza morala desiratzen. Baina Seán ere bakarrik zegoen, eta berdin Pee Wee gaixoa goizekoan. Norbait gehiago eramango zuten, isurketaren xedea hori zela suma nezakeen, eta denok ondo baino hobeto genekien hori.

        Nire sarrailak klask egin zuen, eta erne jarri nintzen. Prest eta gertu, zutunik nengoen, tente, pixontzia eskuan, hoberenaren itxaropenez. Atea zabaldu zen. Begiratu ere ez nien egin. Zoru aldera jaitsi nuen pixontzia eta maniobraren erdian barrukoa hustu nuen, haien bota distiratsu nazkagarrietara ezer zipriztinduko ez zuelako itxaropenarekin. Erretiratu nintzen burua altxatuz, iristen ez zen zartadaren zain. Aurpegietara begiratu nien. C eta D mozkor-mozkor eginda zeuden. A irri egiten ari zen, ohi bezala. Ordenantza azaldu zen eta zikinkeria kirasduna ziega barrura arrastatzeari ekin zion; nire koltxoiaren aldeak eta hondoa ondo melatu zituen erretiratzea erabaki aurretik. Atea panpatu zen. Koltxoia altxatu nuen eta piza goma higuingarritik lurrera marruskatzen hasi nintzen. Gero putzua igurtzi eta atearen hondorantz bultzaka eramaten hasi nintzen. Prozesu luzea zen, geldoa. Atea hertsia eta estua zen. Pixa apurka-apurka ateratzen zihoan. Hegalean isurketak segitzen zuen. Galdara kalaka zebilen, arriskua barreiatuz. Noizik behingo plastadak beste pixontzi hustu baten berri ematen zuen. Tentsioa okaztagarria zen ia.

        Orduan gertatu zen. Bat-bateko zarata, orro, oihu eta herraz beteriko garrasi eztanda bat. Galdarak zoruan errebotatu zuen, eta danbada goibel baten burrunba zabaldu zen galerian zehar. Norbaiten burua altzairuzko hodiak jotzen ari zela zirudien, eta ziegetatik zabaltzen zen. Pixontzia jaurti eta zirrikituan jarri nuen begia, ahots nahasmena entzuteko. «Emaiezue gehiago!». Istilua ez zen bukatu A «nahikoa da!» oihukatzen entzun nuen arte. Boki batzuk arineketan ailegatu ziren hegalera beste aldetik, beren bota astunek korridorearen zoruan zegoen pixa kirasdunaren putzuetan plisti-plasta egiten zutela.

        «Furgoi bat zigor ziegetarako», oihukatu zuen D-k bere ezjakin ahots gorrotagarriarekin. Zartadak eta kolpe gehiago entzun ziren, gero pausoak eta irri gaizto bat, eta ondoren, gradualki gehituz, oinak arineketan, zartadak eta ur ziztu moduko zerbait. Lau uniforme beltz presaka iragan ziren nire ikusgunearen paretik gorputz biluzi bat hanketatik herrestan zeramatela, bizkarra zorutik tatarrez eta zarrastaka, eta buruak zementuan jotzen zihoala. Hain bizkor iragan zen, ezen ez bainintzen gauza izan ezagutzeko ere. Baina nornahi zelarik ere, odola zeraman aurpegian eta gorputzean.

        Segundo batzuez ez zen ezer mugitu. Isiltasun irmo izugarria ezarri zen berriro. Pixa putzuak zakartu eta uhindu zituzten, gero putzuak baretu ziren, lehenagoko zaratak ostera gertatu zirenean, hain zuzen ere: oinak abiada handitzen, zartadak, kolpeak eta ur ziztua, ordena bizkor horretan, nire ikusgunetik irudi beltzezko multzo bat iragan zen beste gorputz odoldu bat hanketatik herrestan. Ur ziztua isildu zen eta gorputz biluzi errearen txilioak, hegalaren atzenera iritsi eta zoru distira eta lehorrarekin topo egitean sortu zirenak, deuseztatu egin ziren pixkanaka. Isiltasun izugarriak bere zeregin zatarrari ekin zion berriz. Tentsioa gillotina bat bezala zintzilika zegoen. Inor ez zen ausartzen arnasa ozenki hartzen ere, gainera eror zekion beldurrez. Arima hondatzekoa zen eta, itxuraz, amaigabea. Oihu bat aditu zen hegalean indartsu eta bizkor.

        «Tiocfaidh ár lá!» oihartzun izugarria hormatik hormara ari zen jauzika, isiltasuna birrinduz, adreiluak leihoa kraskatzen duenean bezala, bihotzak altxaraziz, samindura eta gorrotoa silaba single guztietan iltzatuz. «Iritsiko da gure eguna!». Horixe esan nahi zuen eta, gure eguna iritsiko da, esan nuen neure baitan, eta Jainkoak lagun dagizuela, A, C eta D, baita zuri ere B, eta zuetariko azken nazkante aleenari, zeren eta guztiak gauza bera baitzarete, torturatzaileak.

        «Tiocfaidh ár lá!», garrasi egin nuen atetik. Hegaleko mutil bat kantatzen hasi zen. A Nation Once Again durundi eta oihartzun bihurtu zuen ate guztien atzetik, denok baturik isiltasun itzel hura haustearren, gure kemena aupatuz eta gure moral larria indartuz. Pixa usainaren kiratsa atetik sartzen zen, begiak negar malkoz betetzen zizkidan eta eztarria hartzen. Ordenantzak saiatu ziren The Sash jotzen, baina zarata eztanda batek ito zituen, erronkaz eta suminduraz pixontzi orain hutsak ate orbainduak jotzen eta astintzen zituztela.

        «Tiocfaidh ár lá! Hori da!», esan nuen. «Eta zenbat eta arinago, hainbat eta hobeto».

        Nire azpian geratzen zen pixa putzu txikia ateratzeko zereginetara itzuli nintzen, ate azpitik kanpora bultzatuz. Zarata amaitzen hasia zen azken pixa tantak ate azpitik pixkanaka desagertuz zihoazenean. Pixontzia kantoira bota nuen, zabor gainera, eta koltxoian eseri nintzen, hankak gune hezetik saihestuta, burua nahasirik, ahitu eta larri, sekula etortzen ez zen lasaitasunari eta erosotasunari erreguka.

        Zarata amaitu zen erabat. Seánek horma jo zuen, arduratuta, denok bezala.

        «Ondo zaude, Bobby?», deitu zuen. «Ni ondo nago, Seán. Zu zer moduz?».

        «Nire ziegara etorri ere ez dira egin», erantzun zuen.

        «Zein eraman dute?», galdetu nuen.

        «Ez dakit», esan zuen, jakiteko abisua pasatua zuela gaineratuz.

        «Baina uste dut jipoi guztia C-k eta D-k eman dutela», esan zuen.

        «Seguru baietz», esan nion adostasunez.

        «Aizu, Seán!», oihukatu zuen haragoko mutil batek. «Liam Clarke eta Seán Hughes izan dira. Jipoi gehiena C-k eta D-k eman dute. Xukadera zuen ordenantzak makilaz jo ditu mutil biak lelotzeraino. Motiborik gabe, Seán. Ohi bezala. Ziega barrenera itzultzen ari zirela bat-batean eraso die».

        Leihoetan ziren mutilekin gertatutakoaz eztabaida zezan utzi nuen Seán, eta ostera ere ziegan ibiltzeari ekin nion, edozein unetan bisitara dei nintzaketela gogoan nuelarik. Lagun biei —eta aurrenik Pee Wee O'Donneli— emandako jipoiek hoztu zuten nire gogoa aldi batez. Ezin lagun nezakeen, ezin ezer egin, une hartantxe oholetan, zigor blokean egongo zirela pentsatu baino. Ziur asko, beste jipoi bat jasoko zuten han, tortura gune baten barruko tortura gune hura zegokion moduan zuzentzen zuten boki sadikoen eskuetan.

        Ondo baino hobeto nekien nik zelakoa zen hura. Den-denek beldurra zioten. Zigor blokea tortura, zakarkeria eta ankerkeria eragiteko zegoen. Bokiek ere bazekiten hori, baina ez zuten ezer esango. Duela hilabete batzuk hiru egun egin nituen han, nire bizitza osoko egun luze eta jasanezinenak hirurak. Bokiek ziegatik biluzik atera ninduten, eta furgoi ilun batean zigor blokera eraman. Hara ailegatzean, furgoitik irten orduko alde guztietatik oratu zidaten eta ukabilka eta ostikoka hasi ziren ni lurrera eraitsi arte. Ez zuten hitz bat ere esan, ezta mehatxu moduko ezer ere. Errepublikano mantadun bat nintzen, eta horixe zen behar zuten agindu guztia. Doi-doi konturatu nintzen gertatu zenaz edo gertatzen ari zenaz ileetatik heldu eta hartxintxar gogorreko gune batean zehar zigor blokeko atariraino herrestan eraman nindutenean. Haietako batek txirrina jo zuen barneko bokia irten eta beraiei sartzen uzteko atea ireki zezan. Haien oinen tartean nengoen, zorabiatuta, hautsita eta arnasestuka. Bihotza panpadaka ari zitzaidan eta gorputza sutan neukan, larru biluzia ebaki eta moztu zidan zementu latzak birrinduta. Aurpegia epel eta heze nuen, buruko arraildura batetik borborka zeridan odolagatik. Geldi-geldirik netzan, hilarena egiten, konorterik gabe nengoelakoan pozik izango ziren itxaropenarekin. Zoru beltz gogor hotzaren gainean nuen paparra, baina nire gorputzak ez zuen hotz ziztagarria nabaritzen. Agur Maria bat xuxurlatu nuen neure artean, eta Ni Bekataria bizkor bat giltzen tintina hurbiltzen entzundakoan. Eskularruz jantzitako esku batzuek beso eta zango ingurutik oratu zidaten, gorputza lurretik altxatu eta lehen mugimenduan atzerantz kulunkatu. Nire gorputzaren pisu guztiak aurrera egin zuen ostera, eta ate ingurua estaltzen zuen burdin koskatua jo zuen buruak. Zerua gainera jausi zitzaidala zirudien lurrera erortzen utzi nindutenean. Kolpe horrek izar zuri ñimiñozko ore bat leherrarazi zuen nire begien aurrean, tinta beltzezko hodei batek bat-batean itzalitako su artifizialen agerraldi bat bezala. Zigor blokeko ziegetako baten zoruan etzanda etorri nintzen nire onera.

        Begiak zabaldu nituen. Nire burua jirabiraka ari zen. Sabaiko argi mina espiralean jaitsi zen eta itsutu egin ninduen. Buruko mina itzela zen, zorabiatzekoa. Gorputz osoa minak eta oinazeak hartuta nuen, elbarritzeraino. Lur jota netzan han, mugitzeko beldur, ezpain handituetan odol zaporea nuela, non nengoen eta zer gertatu ote zen asmatzeko lehian. Zementuzko zorua arras hotza zen, eta banekien altxatu egin behar nuela edo bestela beharbada pneumoniaren ondorioak pairatu beharko nituela gero. Astiro belaunikatu nintzen lehendabizi. Hormak gainera erori zitzaizkidan. Jausi egin nintzen. Eternitate baten ostean ahalegindu nintzen berriro, min aldi batzuek gorputza ia ezertarako ere uzten ez zidatelarik. Belaunikatzea lortu nuen. Larrua erretzen neukan, ebaki eta zaurietako haragi gorria zoru hotzean itsatsia baitzen. Aupatu nintzen. Zutitzea lortu nuen. Ia jausi egin nintzen berriro, baina hormak lagunduta balantzaka joan nintzen aulki moduan zegoen zementuzko blokeraino, eta gainera amildu nintzaion. Hila banengo bezala sentitzen nintzen. Jota nengoen, minak eta shockak jota; ez nekien zer egin. Pentsatu ere ezin nuen egin. Gorputzaren mugimendu ñimiñoenak dardarez eta itota hil beharrean uzten ninduen. Oihuka hastekotan nintzela, atea ireki eta ordenantza baten bata zuria agertu eta ziega barrenera sartu zen. Jaka zuridun boki loriatua aztertzen hasi zitzaidan gorputz inguruan haztatuz, sakatzen eta begiratzen, sendagile baten graziak imitatzen, ziega sarreraren inguruan zeuden bokiak, inpresionatzeko ahaleginetan.

        Bere ikerketak, edo egin zituenak, egin eta gero, harro asko jakinarazi zidan sendagilea ikusi eta osabidea jasotzeko, aurrena bainatu egin beharko nuela. Sinesgaitz begiratu nion. Esan zuena errepikatu zuen, mehatxuzko ahots zorrotzagoz baina. Berak bazekien zertan ari zen. Bazekien gaizki nengoela eta berehalako arreta behar nuela, baina bortxaren menpean jartzen ninduen, ezpataren eta hormaren artean. Bainurik gabe, osabiderik ez. Gainera, hain minduta egonik doi-doi mugi nintekeen —bainatzeko moduan nengoen, gero—, eta ez neukan batere asmorik nire borroka bertan behera uzteko. Gaizki izan edo hil beharrean egon arren, ez nuen ez haren ez beste inoren aurrean amore emango. Banekien zer zetorren. Bere ultimatuma agindu bat izatera pasatu zen.

        «Hilko ahal zara!», esan nion haserre. Inguruan zituen matoiek, hainbesteko «non duzu min?» eta inolako zeremoniarik gabe, gizon batek trapu zorro bat altxatuko zukeen bezala altxatu ninduten, bainuontzira eraman eta ur barrenera jaurti ninduten, xaboi bat bezala. Ur izoztuak nire gorputz birrindua kolpe batez irentsi zuen, eta arnasa geldiarazi zidan ia.

        Nire atal guztiak erruki gabe eztenkatzen zituen gainezka desinfektaturiko urak haragi gorri biluziari erasotzean. Ur izoztu ziztagarritik ateratzeko saio suhar bat egin nuen berehala, baina bokiek oratu egin zidaten, eta haietako batek nire bizkar birrindua eskuila zorrotz batez marruskatzeari ekin zion. Minez zimurtu nintzen, eta jaregin nahian borrokatzen nintzen, baina zenbat eta gehiago lehiatu, hainbat eta bortitzagoa zen haien atzipen gotorra. Malkoak gainezka agertu zitzaizkidan begietara. Oihu egingo nukeen arnasa hartu ahal izan banu. Nire gorputz torturatuaren bazter guztiak marruskatzen jarraitu zuten, gainetik ur izoztua eta likido xaboitsua galdaraka botatzen zidatelarik. Lausoki oroitzen dut ur hotzetik atera izana; boki sadikoak barrabilak lauskitu eta nire alde pribatuak marruskatu zizkidan. Horixe zen gogoratzen dudan azkena. Konortea galdu nuen.

        Manta samur handi batean bildurik eraman ninduten kartzelako ospitalera, non sendagileak aztertu baininduen. Bi ordu egin nituen han eta, momia bat legez bilduta, begi bat ubel eta buruan zazpi punturekin, nire zigor ziegara itzuli ninduten. Eseri egin nintzen han, pixa eta ke ustelaren hatsa zerion manta bakarrean bilduta. Lasaitua nintzen, nahiz eta desorientatu samarra egon eta artean proba izugarriaren piezak osatzen ahalegintzen ari. Baina zetorrenari buruzko gogoetek estali zuten laster hori guztia. Inork ezin egin zezakeen ezer nigatik. Hitz bat ere ezin nuen esan, bakarturik, bakarrik eta zaurgarri bainengoen. Egon ere haien borondatearen menpean nengoen, eta ordurako antzemana eta ikasia neukan haiek borondate hitzaren esanahia ezagutu ere ez zutela egiten. Beharbada okerrena izoztuta egotea zen, berotu nahi baina ibili eta mugitu ezinez, neure buruaz erruki sentitzen nintzen. Geroago, egun hartan bertan, bokiak itzuli ziren eta ostera ere ziegatik tatarrez atera ninduten kartzelako zuzendari baten aurrean biluzik agerrarazteko, tribunal arrunt barregarriaren aurrean epai nintzaten. Biluzik nengoen beren aurrean, umiliatua eta ahalke, aurretiko jipoiaz burua minez lehertzen. «Agindua desobeditzea» egotzi zidaten, hau da, nire ipurtzuloa zundatu eta miatzen saiatzen zen bokiari laguntza ukatzea. Bestela esanda, uko egin nion horri. Baina zigortu egin ninduten, hura egiteko haietako hiru edo lau ni makurrarazi beharrean izan zirelako. Boki jaka zuridun hura izan zen. Niretzat alde gutxi izango zukeen garun-zirujaua izan baledi, kontu guztia ni umiliatu eta beheratzea zenez gero; gure erresistentzia hausteko tortura orokorraren parte bat besterik ez zen. Erruduntzat hartu ninduten —ez nuen besterik espero— eta zigor ziegetan hiru egun egitera zigortu ninduten, adeitsuki «lehen mailako dieta» deitzen zutena jatera ere bai, gosez hiltzeko moduko dieta, alegia. Hilabete bateko erredentzioa galdu nuen, gainera, bi hilabeteko kartzela sententziari dagokiona! Gauzak ederki apaintzearren, goiz hartan ia akabatu ninduten lau bokiei erasotzea egotzi zidaten eta, hauxe da hauxe, neure burua zauritzea ere bai, eta, gainera, kexa formal bat egitera ausartuko banintz kartzelako funtzionarioen kontrako alegazio faltsuak egitea egotziko lidaketela jakinarazi zidaten zeharka. Zelan garai dezakezu, pentsatu nuen, eta goragalea etorri zitzaidan ziegara ostera eraman nindutenean, Bisitarien Batzordea delakoaren aurrean agertzeko zain. Hiru egun egin beharko nituen han, eta gero, hilaren azkenean, berriro itzuliko nintzen beste hamabost egunetarako. Bisitarien Batzordeak bermatuko zuen hori.

        Ziega izoztua zen, aspergarria eta bakartia. Lehenago ere behin bertan egona nintzenez, banekien zein bakarti eta jasanezin gerta zitekeen. Zementuzko zoruan ohol bat zegoen ohe gisa, zementuzko lauza bat mahai gisa eta zementuzko bloke bat jesarleku gisa. Biblia bat, pixontzia eta urontzia ziren begi bistan zegoen bakarra. Hiru egun egin nituen han, eta birritan jipoitu ninduten, baina ez ziren izan jaso nuen lehen astindua bezain latzak. Pixontziko zikinkeria hustu beharra zegoenean, ezpataren eta paretaren artean jartzen saiatzen ziren.

        «Jantzi kartzelako arropak hori husteko», esaten zuten.

        Uko egiten nion. Beraz, ziegako zoruan isuri eta bertan geratzen zen. Gainetik paseatzen nintzen ardura gabe. Berotu beharra neukan. Gorputza hozmindua nuen beti. Lehenengo bi egunetan ozta-ozta ibil nintekeen apur bat, eta geroz eta ahulago nengoen goseak hiltzeko moduko dietaren ondorioz. Eguneko nire janaria hauxe zen: bi ogi xerra gogor eta minduak eta katilu bat te beltz epela gosaltzeko. Gero, bazkaritarako, ontzi txiki bat salda urtsu hartzen nuen. Arratsaldeko tea goizekoa bezalakoa zen. Hirugarren egunean konortea galdu nuen ostera ere, eta zementuzko zoru hotzean etzanda egon nintzen, geroxeago nire onera etorri arte.

        H-Blokera itzuli nintzenean bokiek ere harriturik begiratzen zioten nire hilotz itxurari. Fisikoki hondatuta nengoen eta psikikoki ahituta. Goseak, jipoiak, bainu behartuak, asperdurak eta hotzak gogoan zirauten, gorrotoak, saminak eta mendeku gogoak erabat markatuta. Bi aste geroago beste hamabost egun jasan nituen han. Ameskaitz berbera izan zen, bost aldiz halakotua baina. Animalia zoro legez bizi nintzen, eskuekin jaten eta. Hiru egun goseak hil beharrean eduki ninduten, eta ostera ere lohiaren eta basaren gainetik paseatzen nintzen, gorputza bero edukitzearren ariketak egiten nituen, jipoiak jasotzen, neure artean errezatzen, lotan negar egiten; beti borrokan errenditu eta amore emateko gogoaren kontra.

        Baina bizirik atera nintzen. Garaitu egin nituen berriro. Torturako leotzek eta haiek gobernatzen zituzten sadikoek gorputza hondatu zidaten, baina huts egin zuten nire gogoa hausteko orduan. Hiru aste iragan ziren nire torturazko probatik indarberritu baino lehen. Nire burua ez da sekula hartaz sendatuko. Jainkoak soilik daki gutariko zenbat iragan diren ameskaitz horretatik. Pee Wee eta beste bi lagun, gizajoak, ariko dira orain hori guztia pasatzen. Nire galdera: zenbat gehiago iraganen dira eta zenbat denbora iraganen da norbait hiltzeraino jipoitu arte? «Non amaituko ote da hau guztia?», galdegiten nuen neure baitan ostera koltxoi gainean eseriz.

 

 

© Bobby Sands

© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia