—2—

 

 

Jainkoak bedeinka dezala, esan nuen. Gaur bisita!

        «Iuju!».

        «Ondo al zaude, Bobby?».

        «Ederto, Seán. Gaur bisita dudala gogoratu dut. Goizeko sarraski madarikatu horren ondoren, zeharo ahaztuta nengoen», esan nion nire alboko auzoari.

        «Eta zu zer moduz, Seán?», oihukatu nion atzera. «Sudurra apurtuta daukadala uste dut, Bobby. Eta zu?».

        «Ez oso gaizki, Seán. Ohikoa, ubelunez beteta eta zauri batzuekin. Aizu, gutun bat jaso dut. Uste dut bonba pilo bat izan dela, eta jendetza handia ere bai manifestazioan. Dena zentsuratuta dago, ohi bezala, baina gaur bisitan jakingo dut. Ibiltzera noa, Seán; berotu beharra daukat. Hotza da benetan, burkide. Eutsi goiari. Hots egingo dizut geroago».

        Iuju! Gaur bisita. Non dira manta madarikatu horiek? Hil beharrean izozten ari naiz.

        Mutikoa ikus nezake gaur. Ia bederatzi hilabete dira ikusi ez dudala. Osasun arriskuarena dago. Edonoiz ikusteko ere beti dago hori, pentsatu nuen, baina berriro ikusi beharra daukat. Hileko ordu erdiko bisita bakarra izateko jasan beharko nituen gorputz miaketa zorrotzei buruz pentsatzea gogoa kentzeko moduko zen.

        «Hartzak airean! Hartzak airean!».

        Atean nengoen oinazturaren pare, begia zulotxora jarrita. Ezer ez! Ezin ikus nezakeen ezer. Haien hotsak entzuten nituen, baina ezin ikus nitzakeen.

        «Araketa! Araketa!».

        Jesus, ziega miaketak! Ez zegoen miatzekorik ezer ziega madarikatuan. Araketa ederra izana genuen goizean.

        Morroilo batek hots egin zuen norbaiten atean. B eta C begiztatu nituen nire pareko ziega batean sartzen. Pee Weeren ziega zen. C garrasika entzuten nuen, baina ezin adi nezakeen zer zioen. Hitzak ozta-ozta antzematen ziren, baina B entzun nuen orroka, «Makur hadi, alu hori!» zioela.

        Jesus, gorputz miaketa egiten ari zitzaizkion Pee Weeri. Hamazortzi urte doi-doi eginak eta indarrez makurrarazten zuten ipurtzuloa zundatzeko. Zartaden hots sorgor ezagunegiak entzun nituen Pee Weeren gorputz biluzia astintzen.

        B eta C harro asko irten ziren ziegatik bi pistolari moduan, irribarreka.

        «Bastart nazkagarriak!», garrasi egin zien Seánek bere ziegako atetik.

        A jauna, furgoi bat zigor blokerako, arren. Pee Wee O'Donnellek eraso egin dio C jaunari, esan zuen B-k irri zuriz.

        Gaizki egon behar du, pentsatu nuen. Oso gaizki egon beharko du partea sartzearren oholetara bidaltzen dutenean. Dena koartada kontua. Egotz iezaiezu zerbait eta beste parte bat daukazu alegazio faltsuengatik. Gerra-kriminalak!, esan nuen neure artean. Gerra-kriminal zikin eta nazkagarriak dira, jendilajea, beraietako azkena ere bai.

        Pee Wee ziegatik atera zuten. Bere irudi txiki xaloa ikusi nuen. Aurpegia odolez gorrituta zeukan. Eskuin begia handituta zuen eta odola zerion sudurretik.

        Indarrez bainatu eta ilea moztuko diote oholetan. Beste hitzetan, xehatu arte jipoituko dute hirugarrenez gaurkoz!

        Hegala isil-isilik zegoen. Tentsio handia zegoen, baina giro estu horrek ez zuen inoiz alde egiten, eta tentsioa ez zen inoiz baretzen.

        Harrapatuko zaitugu, C hori, esan nuen neure artean. Harrapatuko zaitugu. Eta nire bizitza osoan ez dut ezer horren benetan esan.

        Dardarka ari nintzen, baina nire tokian iraun nuen ustekabeko zelata zulo txikian, badaezpada itzuli eta beste batekin berdin egitea erabaki baldin bazuten. Pee Weeri emandako jipoiaz barrez eta harrokeriatan entzuten nituen euren bulegoan. Hegaleko gure buruari gertatu zitzaionaren berri emateko katetik pasatzen zihoan abisua. B pertz bat jotzen ari zen eta C-ri oihu egin zion isurketa bat egingo zutela. Bazekien ziur guk denok entzun genuela. Pertzarekin inguratuko ziratekeen eta ziegetan sartu pixontzi lohi beteak ostikoz lurretik isurtzeko. Guk ezin genituen pixontziak leihotik edo ate azpitik hustu gauean berandu arte. Baina banekien B mutilen nerbio jadanik larrituekin jostatzen ari zela. A zegoen agintean. Bera ez zen arriskatuko. Pee Weeri gertatutakoaren ondoren mutilak odolak irakiten zeuden benetan. Istilu gehiago izango zen. Gainera, ohekoak artean ez zeuden ziegan busti ahal izateko. Hotz torturazkoaz eta ohekoaz gogoetan ari nintzelarik, ordenantzak agertu ziren hegaletik gure koltxoiak eta mantak zekartzan gurdia bultzatzen.

        «Mantak airean!», oihu egin nuen gaeleraz, mutilei jakinarazteko. Ziegek eztanda egin zuten garrasi, oihu eta eupadazko orroekin. Ateak irekitzen hasi ziren eta hotza itxuraz handitzearekin eternitatea iruditu zitzaidanaren ostean, azkenik nire ziegako atea zabaldu eta ordenantzek hiru manta mehar eta koltxoi zikin zatitua jaurti zizkidaten zoru gainera.

        «C-k bere begiratua bota zidan, «zure-erraiak-gorrotatzen-ditut» esanez bezala, eta atea panpatu zuen. Eta nik ere zure errai higuingarriak gorrotatzen ditut, C, neure artean esan eta mantetara murgildu nintzen. Bat gerri inguruan bildu, beste bat pontxo gisan sorbalda gainetik jarri, eta toalla buru eta lepo inguruan bufanda bat bezala ipini nuen. Gomazko koltxoi heze zikina hormaren ondora eraman nuen, eta han eseri nintzen, hirugarren eta azken manta hanken inguruan biltzen nuela. Stalag 18n edo Dachaun azkenez ikusitako zerbait bezalakoa nintzen. Eta, egia esan, horrela sentitzen nintzen. Toallak bizarra erretzen zidan eta zaldi ilezko mantek gorputz mindua izorratzen zidaten. Hotz zegoen eta mutiletako batek ostera elurra ari zuela komentatu zuen leihotik. Elurra barrura sar zitekeen, nire gaineraino, azken gauean eta aurrekoan bezalaxe. Ez nintzen mugituko. Pee Wee zelan egongo ote zen galdetzen nion ene buruari. Hil hurren, ziur asko, zigor bloke horietan. Jesus, egun txarra izan da, pentsatu nuen, eta arras nekaturik sentitu nintzen. Lorik egin gabeko azken bi gauen nekeak hartu ninduen bat-batean. Hankak apur bat berotu zitzaizkidan eta arratsaldeko bisitaz pentsatu nuen. Hegala isilik zegoen; B-ren eta C-ren barre zantzuak soilik entzuten ziren noizbehinka. B bazkalostean itzul daiteke, mozkor eta perilos, pentsatu nuen. Begiak batu nituen, bazkariaren ordura artean loan barrena ihes egiteko itxaropenarekin. Jainkoarren, latza da. Oso latza da.

        Soseguz jaiki nintzen koltxoitik, mugimendu oro neurtuz. Zutitu nintzen eta koltxoia hormaren kontra jarri nuen. Manta bat lurrean zabaldu nuen, beste manta bat gerri inguruan bildu eta toalla buru eta lepo inguruan, eta nomada bat legez abiatu nintzen berriz ere nire nora ezeko bidaian. Artean hotz zegoen, baina goizeko ziztada hura joana zen airetik. Artean elur lodia zegoen kanpoan, eta argia lausoegia zen eguerdia izateko.

        Bazkaria laster egongo da hemen, pentsatu nuen, eta gero ordu batzuk soilik geratzen dira bisitarako. Pozgarria zen senideak ikusteaz pentsatzea. Torturazko hilabete luze osoan gorengo unea zen, gorengo une bakarra, gainera. Hamabi gorengo une urteko! Nolabaiteko zoriontasunezko ordu erdi bat bisita bakoitzean. Hau da, nolabaiteko zoriontasunezko sei ordu urtean. Buruz eragiketa aritmetiko arin bat egin nuen; hau da, 8.760tik sei ordu urteko. Sei ordu ziztrin, eta zirikatu egiten zaituzte bai zu baita zure familiakoak ere ordu horien minutu orotan, minutu bakan orotan!

        Ibiltzen jarraitu nuen; barrenak irakiten hasten zitzaizkidan.

        «Bastartak», esan eta geratu egin nintzen leiho ireki baina zementuzko habez hornituetatik kanpora begiratzeko. Hau ere ez dut luzean izango, gogorarazi nion neure buruari, pentsatuz zelan beste hegaletan hasiak ziren ohol eta burdin izurtuekin leihoak ixten, eguzkiaren argia eta zerua estaltzeraino. Dena dela, ez zegoen gauza handirik ikusteko, txoriak, gaueko ortzia eta hodeiak izan ezik. Gainerakoa gogoa kentzeko moduko bista nabarmena zen, nahiz eta une hartan elurra ezohikoa izan eta alanbre arantzadun zatar eta ikaragarrizko kilometroetan zintzilika egon eta hesietako burdin izurtu inpertsonal etsigarrian itsatsita agertu. Dena zen gris goibela edo zuri bizia. Gauean kolore apur bat egongo zen elurrak iraun artean, milaka argien dirdira nabarrak eta foku leinurutsuak tapiz zurian islaturik.

        Ez al litzateke atseden betea izango eta liluragarria, orain soro berde jori baten barrena paseatzea, eta belar distiratsuen izpiak ukitu eta zuhaitz baten hostoaren azal hezea sentitzea, edo muino batean eseri eta, inguruan kilometroetako eremua baino ez izanik, lurrin garbi hozkirria eta osasungarria usainduz udaberriko bizitzaren marmarrez betetako ibarrari gainetik so egitea?

        Askatasuna: horixe zen. Askatasuna berriz bizitzeko. Leihotik itzuli nintzen nire paseatze atsekabezkoan segitzeko, askatasun gogoak apur bat nahigabeturik. Ingurura begiratu nuen, lohiz estaliriko horma nazkagarriak, zoru hezearen kantoietan barreiaturik zeutzan zabor eta janari hondar ustel kutsagarriak piloka. Koltxoi higuingarria, zatikatua, milaka miaketak zirtzildua. Sabaia tez tindaturik, argi distiratsuaren isla itsugarria eragoztearren, ate mailatu eta zakartua eta ate ondoko pixontzi kutsagarria. Geroz eta gaitzago gertatzen zitzaidan soro berde jori eder haren irudia gogoratzea. Minutu oro nire ameskaitzezko inguruneek garrasi egiten zidaten. Ez zegoen ameskaitz honetatik ihes egiterik amore emanez baino! Batzuek, oso gutxik, amore emana zuten jadanik. Kartzelako arropak jantzi eta konformatu ziren. Ez hori egin nahi izan zutelako. Ezin jasan izan zituzten torturaren pisu zorrotza, nazka, tentsio eta izu etengabeak, oinarrizko beharren galera, ariketa fisikoa eta aire freskoa bezala, beste gizakiekiko harremanak oihuak baino egin ezina, burdinazko ate astun hertsien ostetik eza.

        Depresioa, jipoiak, hotza —zer dago hor, diotsot neure buruari—. Begira leihotik eta kontzentrazio-esparruak garrasi egiten dizu. Begira irautera mugatzen zaituen zaren hobi barru honen ingurura eta infernuan hondoratuta zaude, A, B eta C irudietako deabru beltz txikiak, ameskaitzezko egun nazkagarri bakoitzeko minutu bakoitzean zure gainera salto egiteko prest.

        Koltxoia atzera ere zoruan lehenagoko tokira eraman eta bertan eseri nintzen. Depresioaren lehen zantzuak agertu zitzaizkidan. Geroko bisitan pentsatzen saiatu nintzen nolabait animatzearren. Pee Weez pentsatu nuen, eta B eta C hiltzeko beste fantasia batean nenbilela, bazkari luzetsiaren etorrera iragartzen zuen aupada bat aditu zen. Heldua zen Zorionaren Bagoia; halaxe deitzen genion sukaldetik H-Blokeetara janaria garraiatzen zuen kamioiari. Eta eskerrak Jainkoari horrengatik, pentsatu nuen depresioaren mehatxua ahaztuz. Marruma sentitu zen hegalean; nire inguruko hobien barrenetik bat-batean bizitza zeinuak agertzen ziren. Lagunetako batzuek leihora jo eta berriketa pixka bat sortu zen. Bazkariaren etorrerak ez zuen janaria soilik esan nahi. Bokiek aurki beren bi orduko bazkal tartea izango zutela ere esan nahi zuen, eta alde egingo zutela. Nolabaiteko segurtasuna esan nahi zuen bi ordu laburretarako, eta borrokatzeko egun erdia soilik geratzen zitzaizula ere esan nahi zuen. Zirimiria ari zuen kanpoan. Jainkoarren, euri-jasarik ez egitea espero nuen, zeren eta elurra urtuz gero mangerarekin aterako bailirateke ziegetako kanpoaldeei eta patioei pasada bat ematera. Horrek esan nahi zuen guri ere pasada bat emango zigutela txorrotada bortitz horrekin. Eguraldi honekin hiltzeraino izoztuko ginateke gu, edo gure ohekoak melatuz gero. Zureak egin du ur izoztuaren txorrotada bortitza saihestearren zokoan gordetzen ahalegintzen bazara. Kristalik gabeko leihoetan ez dago ezer ura geldiarazteko.

        Morroilo batek aharrausi egin zuen eta ate bat zabaldu zen.

        «Bazkaria!», oihukatu zuen lagunetako batek gaeleraz.

        Tupustean mangera bortitzaz ahaztu nintzen eta zirrikitu txikirantz jo nuen. Hegalaren alde urrunetara zihoazen. Bazkaria azkena jasoko dut, pentsatu nuen. Plastikozko platerak bata bestearen gainean pilatuta zeuden gurdian. Ordenantzek ziegaz ziega banatzen zituzten. B plateretatik arrain zatiak bereizten ari zen, eta ahora eramaten zituen. Ni amorratzen nengoen.

        «Fenian [Britaniarrek irlandar errepublikanoak izendatzeko erabiltzen duten erdeinuzko hitza] xerrak bazkaltzeko», oihuka ari zen B. Barre egiten zion bere ateraldi zantarrari.

        «Eztarrian trabatuko ahal zaie!», esan zuen C-k, ohi bezala ziria sartuz. Janariaren prozesioak aurrera zirauen; A zetorren bidea ixten. Hegalaren azkenera iritsi eta buelta eman zuten. Hegalaren nire aldeko ateen hotsa entzuten nuen, zabaltzen eta panpatzen, hurbildu ahala.

        B-k oihu egin zuen: "A jauna, arrain bat gutxiago dagoela ematen du".

        Nazka zirrara batek jo zidan artez bularrean, ia elbarri uzteraino. Azkena ni nintzen. Arraina B bastart higuingarri horrek jan du. Atetik hori oihukatzekotan nengoen, baina horixe egitea nahi zuten, hain zuzen ere.

        «A! A jauna», esan zuen B-k. «Akats bat egin dudala uste dut. Ez da, inolaz ere, arrain bat falta».

        Bihotza bizkortu zitzaidan.

        «Bi falta dira, A jauna!».

        Seánek atea zeharkatu egingo zuela pentsatu nuen. Agudo horman jo nion, bere esku ez zegoela gogorarazteko. Goitik behera madarikatzen zituela entzuten nuen. Urpetik atera izango zutenean arraina zegokeen bezain zorabiatuta nengoen ni ere. Jateko modukoa zen gauza bakarra galdu genuen. Hondamena zen, eta Seánek nik bezain ondo zekien hori.

        Seánen atea ireki eta itxi egin zen. Gero nirea ireki zen. Hantxe nengoen ezer gertatu izan ez balitz bezala. Itxura eskaseko janaria hartu nuen ordenantzaren eskutik, A geldi-geldi mintzo zelarik: «Arrain batzuk gutxiago daudela uste dugu. Sukaldean horren berri emango dut ahalik eta azkarren bidal diezazkiguten».

        Horrek esan ere hauxe esan nahi zuen: «Damurik ezer gabe geratu ez zaretela».

        B-ri erreparatu nion zeremonia handiz hatzak miazkatzen ari zen okasiorako zuen bere irri gorrotagarri hura erakusten zuen bitartean. Itzuli eta atetik aldendu nintzen, hitz bat bera ere esan edo haiei nire atsekabe eta etsipen osoaz aierurik ere eman gabe. Kanoi danbateko baten hotsez panpatu zen atea nire atzean. Irribarre arras pozgarrietan zihoazen denak beren bulego txiki aldera, ordenantzak ere bai.

        Eseri egin nintzen eta bazkari urria ikertu nuen: zuritu gabeko patata hotz bat eta hogeita hamar-berrogei baba gogor, hotzak horiek ere. Ordenantzak The Sash My Father Wore jotzen hasi ziren, ziztuz eta danbadaz, beren eguneroko saioan. B-k zigarro batzuekin sarituko zituen, txiste sektarioak elkarri kontatu eta zarata etengabearekin jarrai zezaten animatuko zituen. Ordenantzak, beren zeregin higuingarrian, haren ipurdi sektariora hurbildu eta herrestan ibiliko ziren, salatariek eta jendailek soilik dakiten legez. Beren amak salduko zituzketen zigarro bategatik. Guri prezio beragatik egiten zigutenak, aldi labur batez ere, gaixotu egingo lituzke beren ama urrikarriak.

        Bazkari hotzetik zerbait salbatzeari ekin nion, ahal nuen beste janez, ahalegin behartuan, eta hondarrak kantoira jaurti nituen, gainerako zabor eta zikinkeriekin.

        The Sash My Father Wore amaitu eta segundo batzuetara ateak irekitzen hasi ziren «plater biltzea» oihukatzen zutela, zeintzuen oihartzuna hegalean zehar hedatu zen. Ibiltzeari ekin nion, zirrikitutik begirada sotil bat botatzeaz arduratu gabe. Beren kontuarekin jarraitu zuten, platerak biltzen eta ziegaz ziega iragaten. Seáni entzun nion bere auzoari esaten gure hegaleko buruari abisa ziezaiola bokiari komuneko papera eskatzera zihoala.

        Arratsaldeko bisitari buruzko gogoetak nire nerbio sistemari eragiten ari zitzaizkion, eta gogoetaren beraren asaldurak bost egunetako idorreriari ere eragiten zion, tripak astintzen hasiak zitzaizkidan.

        Tropela Seánen atera iritsi zen.

        «Komuneko paper pixka bat posible al da, jauna?», galdetu zuen Seánek.

        «Garbi ezazu eskuaz», bota zuen C-k, eta atea panpatu zuen.

        Den-denak barre zantzuka hasi ziren C-ren ateraldi zantarrarekin! Nire ziegako atea ireki eta, orro irrigarriaren erdian, ordenantzak platera erretiratu zuen. Aipamenik ere ez nire arrain galduaz, B-ren gurgurioa soilik, «Ederra izan da hori, C jauna», eta ondoren barre algara gehiago.

        «A, dudarik ez, C jauna, primerakoa. Kar, kar, kar, kar!».

        Atea panpatu zen. Gu umiliatzen gozatzen zuen C-k. B-k, behintzat, aitzakia bazuen. Ergel baten mentalitatea zeukan. A-k gozatu egiten zuen horrekin, eta lau ordenantzak norgehiagoka ibiltzen ziren haren mesede higuingarria irabaztearren. Horman jo nuen.

        «Seán», deitu nion, «soka bat prestatuko dut eskuoihalaren hariez eta paperezko zapi batzuk inguratuko dizkizut, mo chara».

        «Eutsi kartzelariak bazkaltzera joan arte», gehitu nuen.

        «Maith thú, Bobby», esan zuen. Atzera ere eseri egin nintzen, kordela osatzera, toallatik hari zati luzeak erauziz eta elkarrekin txirikordatuz. C-ren eguna izan behar ere, pentsatu nuen kordelean lanean niharduelarik.

        «B jauna, gaueko guardia al duzu gaur?», galdetu zuen boki batek hegalaren atzenetik.

        «Bai, hala da», oihu egin zuen ostera B-k bulegotik.

        «O! O! Ona ala txarra?», galdetu nion neure buruari. Etxera joango da orain, baina 20:30ean itzuliko da gaueko guardiarako. Mozkortuta egongo da —eta oso ondo nekien horrek zer esan nahi zuen—.

        «Entzun al duzu hori, Bobby?», oihukatu zuen Seánek.

        «Entzun dut, burkide», erantzun nuen, Seánek nire ondorio berbera atxiki zuela pentsatuz. «Gaur gauean istiluak!».

        Zutitu egin nintzen, zabor artetik patata erdi ustel bat hartu eta osatutako sokaren puntan lotu nuen pisua emateko. Bulegoko atea panpatu eta giltza gorrotagarrien tintina entzun zen. Bazihoazen eta, doazela pikutara, esan nuen leihora jo eta sokaren puntan zapi batzuk lotzen nituela. Horman jo nuen.

        «Hor al zaude, Seán?».

        «Hementxe nago, Bobby», esan zuen.

        «Bada, atera eskua eta zapiak inguratuko dizkizut», esan nuen.

        Leiho zabaletik eskua atera nuen eta kordel zamatua kulunkatzen hasi nintzen metro eta erdi inguruko tartean. Sokak Seánen eskua jo zuen zenbait aldiz berak heldu aurretik.

        «Heldu diot, Bobby», esan zuen.

        «Maith thú, Seán. Jaso ezazu», esan nuen. Kordela barrura bildu zuen, behar larrirako zapiak eskuratu eta gero horman jo zuen esker onez. Horman kolpe bat emanez erantzun nuen, eta nire gogoetara bildu nintzen berriro. Zertaz pentsa nezakeen bisitaz ez bazen, etxekoak berriro ikusteaz. Eta tabakoa erreko nukeen. Irrikan egoteko moduko zerbait zen hori. Tarte luzea iragana zen zigarro bat azkenekoz ikusi nuenetik, eta zorte apur batekin, gauean batzuk edukiko nituen niretzat eta mutilentzat. Hori garaipen bat eta pizgarria izango zatekeen!

        Tripak astintzen hasi ziren berriro. Badabil, pentsatu nuen, eta gogoeta lasaigarria zen, nolabait, bost eguneko idorreri larriaren ondoren. Komunera joan beharra izango dut; barregarria da, pentsatu nuen, paperezko zapi batzuk hartu eta ateko zelata-zulotik ikusterik ez zegoen ziegaren kantoira erretiratzen nintzelarik. Libratzearen lasaitasuna izan arren, animalia legez sentitzen nintzen zabor eta zikinkeria artean ziegako kantoian kokorikatuta. Baina ez zegoen besterik. Egin beharrekoa zen, hain umiliagarria eta iraingarria izanik ere. Are okerragoa zen ziegan bi ziren lagunentzat. Nik, behintzat, banuen intimitate pixka bat!

        Beren burua humanitariotzat edukita H-Blokeei buruz isilik dirauten horien artetik zeinek emango dio izen bat irain eta tortura mota honi, gizakiak tortura ezin larriagoz jasaten duten krudelkeria salatzeko zikinkeria grebara jotzeraino behartuta ikusten dutenerako beren burua! Zenbat sufritu beharko dugu, pentsatzen nuen. Gorputz garbitu gabe bat, biluzik eta gihar oinazez hondatuta, kantoi batean kokorikaturik, gaixo esparru batean, usteldutako zabor pilen artean, zoruan kaka egitera behartuta. Kaka hor egongo da gainera, eta pixaren eta janari hondar ustelen kirats larri higuingarriarekin nahasiko da hatsa. Bila dezatela izen bat tortura mota honentzat, pentsatzen nuen jaiki eta aire freskoaren bila leiho aldera nindoala, jipoiak, mangerakadak, gosea eta ezabaketa. Eman diezaiotela, eman, izen bat ameskaitzezko ameskaitz honi.

        Zirimiria atertua zen eta elurrak bere hartan segitzen zuen. Orain ez zegoen hain hotz, baina hozkirriak bazirauen. Doi-doi zebiltzan kurloi batzuk elurraren gainetik janari bila, eta berriro etorri zitzaidan gogora hartu ez nuen arraina, ezta hartuko ere! Zorutik ogi koxkor batzuk bildu eta hiritar txikientzat jaurti nituen leihotik, kurloientzat, eta atsekabez hiltzen ari ziren haiei begira geratu nintzaien. Orduak eta orduak eginak ditut leiho honetan txoriei begira, pentsatu nuen. Kurloiak eta zozoak, erroiak eta kaioak ziren nire lagun iraunkorrak, baita buztanikaratxoak ere, ni entretenitzearren patioan jira biraka hegaldatzen zirenak eguneko azken itzalekin alde egin arte. Haiek ziren egun luze aspergarrietan denbora emateko nuen era bakarra, eta orain egunero etortzen ziren ogi koxkorrak jaurtitzen hasi nintzaienetik. Larbak zituzten gustuko, pentsatu nuen udako hilabete itogarriak oroituz, ziegak labeak legez eta zabor eta janari hondar ustelen kirats mina ia jasanezin bihurtzen zuten hilabete haiek. Zabor piletatik milaka eta milaka larba zuri sigi-saga irteten ziren.

        Hura ez zait sekula ahaztuko, esan nuen neure baitan, esnatu eta mantak eta koltxoia larba zurizko multzo bizi bihurtu ziren goiza gogoratuz. Baziren ile eta bizarretan, eta nire gorputz biluzian zebiltzan herrestan. Okaztagarriak ziren eta, esan dezaket, beldurgarriak ere bai hasieran. Baina gauza guztiekin bezala, akordio batera iritsi nintzen haiekin ere, ziega nirekin konpartitu zezaten. Gauean zoru ingurutik higitzen entzun nitzakeen, paper zatitxoak lardaskatuz, far-far hots etengabea eginez nire koltxoirantz zuzentzen zirelarik, non azkenean sartzen baitziren eta berotasunean arrautza gisako kapulu gogor bilakatzen euli atera aurretik. Krakada zorrotzak ateratzen zituzten ilunpean ortozik zapaldu eta apurtzen nituen bakoitzean. Esan gabe doa hauen azken emaitza, izurrite arras nardagarri bat: ehunka euli gizen hanpatu, sabai eta hormetan zintzilik, nire gorputz biluzia gau eta egun etengabe gogaituz, nire aurpegi inguruan jirabiraka lo egiten saiatzen nintzenean, edo goizetan iratzarri eta higitzen nintzelarik laino beltz bat ikaraz altxatzen ikusten nuenean. Baina larbek bazuten beste erabilpen bat, azkar aurkitu nuen legez. Luze gabe hain nintzen ohituta, ezen zoru eta zabor piloetatik eskuekin batzen bainituen. Milaka ibiltzen ziren handik sigi-sagan herrestan. Esku ahurretan batuta, ore zuri bihurkari hura leihotik jaurtitzen nuen, galipotezko patio beltz-azabatxean barreiatuz, eta zoru beltzaren kontra erraz antzematen ziren beren irudi txiki bihurkariak. Berehala buztanikarak jira biraka hegaldatzen ziren lilura batean, beren zango arinekin larbaz larba jauzika, haientzat jateko zoragarria behar zuenarekin bapo jartzera. Bi-hiru minuturen buruan ez zen larba bat bera ere geratzen patioan. Niretzat denbora ematea zen, zerbait egitea edo. Nork sinistuko lizuke uda osoa txoriei jaten emateko larbak batzen eman zenuela esango bazenio?

        Ogi koxkor batzuk zokotik hartu eta leihotik jaurti nituen nire lagun txikiak berriro gogoratuz. Negua aro latza zen txorientzat, elurrak lurrak estaltzen eta soroak ezkutatzen zituen.

        Nire paseora itzulia nintzen ostera ere, eta mutiletako batek Rang anois deiadar egin zuen, lagun guztiak irlandar hizkuntzaren ikastaldi baterako beren ateetara deitzen zituela.

        Irakaslea hegaleko azken puntan zegoen. Burdinazko ate astunaren ostetik ikasgaiak ahoa betean oihukatzen hasi zen, galderak egiten, hitzak eta esaldiak letreiatuz ikasle prestuek horma zikin zatituetan marrazten eta zirriborratzen zituzten bitartean. Irakasbide gaitz eta astuna zen, baina funtzionatzen zuen, eta denak ahalegintzen ziren ikasitakoa denbora guztian erabiltzen, hitzak eta esaldiak zeharo arrunt bilakatu eta instintiboki erabili arte. Irlanderazko ikastaroak segitzen zuelarik, nire gogoetara bildu nintzen berriro. Zelan une hartan etxean prestatzen ibiliko ziren arratsaldeko bisitara etortzeko, ordurako bidean ez baziren. Ziur asko, ni bezain larri egongo ziren, denbora iragan zedila desiratzen.

 

 

© Bobby Sands

© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia