—1—

 

 

Artean iluna zen eta elurra emeki ari zuen esnatu nintzenean. Ez dut uste ordubete baino gehiagoz lo egin nuenik atsekabeko gau torturagarri luzean. Hotz biziak nire gorputz biluzia ziztatzen zuen. Milagarren aldikoz gutxienez bildu nintzen nire aldera, mantak gorputzari estu atxikiz. Hotzaren saminak galarazitako loa gainean zebilkidan, nekea eta logura eraginez. Ahitu samar nengoen, eta nire gorputzeko hezur oro protestaka ari zela ematen zuen, beste gau bat zoruan gomazko koltxoi hezean egin ondoren. Ostera lokartzerik pentsatu ere ez! Zapuztuta nengoen, berotzeko ahaleginean pilota bat eginik, bildurik eta antxumaturik. Ostikada bat emateko moduan zerbait ukan banu, ostikoka hasiko nintzaiokeen hantxe bertan, zerbait jotzeko gogoa nuen. Saiatua nintzen, berotzearren, jarrera guztietan etzaten, hotza barreneraino sartzen zitzaidan baina. Hiru manta meharrak ez ziren gauza buru gainean nuen leihoko habeen tartetik irristatuz zetorren hotz sumin eta ziztagarriari aurre egiteko.

        Jainkoarren, beste egun bat, pentsatu nuen, eta ez nenbilen gogoeta atseginetan. Biluzik, altxatu eta ilunpetan ziega zeharkatu nuen kantoian pixa egitera. Hotz izugarria zegoen. Kiratsak gora egin zuen, eta zein egoeratan nengoen gogorarazi zidan. Zorua ordurako bustita eta likits zegoen zenbait tokitan. Zabor piloak zeuden ziegan barreiaturik eta, ilunpe goibelean, hainbat irudi fantastikok garrasi egiten zidan inguruko horma zikin ebakietatik. Kakaren eta pixaren kiratsa astuna eta sorgorra zen. Urontzi txikia jaso nuen zaborren artetik eta goiz aurreko trago batekin lehiatu nintzen eztarriko gustu higuingarria ezabatzeko ahalegin hutsalean. Hotz zegoen, gero.

        Kanpoan grisa zabaltzen hasia zen egunsentiaren hurbilarekin, eta erroiak lerro beltz luzeetan batzen hasi ziren elurrak estaliriko alanbre arantzadunaren hesi gainean. Egun batean ameskaitz honetatik kanpo itzartuko naiz, pentsatu nuen, berriz manten azpian kuzkurtzen nintzelarik. Izugarri isilik zegoen ingurua, erroien karranka soilik entzuten zen. Seguru nengoen lagunetako asko itzartuta egongo zirela, berotzeko ahaleginetan doi-doi kuzkurturik etzanda ziur asko. Gurin geza eta hotza bi ogi zerrekin eta katilu erdi te epela gosari legezko perspektiba etsigarria zen. Hartaz pentsatze hutsak gogoa kentzeko modukoa zen.

        Eguna argitu zuen, eta gau hilaren itzaletatik eguneroko ameskaitza gauzatu zuen. Zaborrak eta zikinkeriak, horma zakarrak —nire hobi kirasdunaren barne mugarriek agurtzen ninduten ostera ere—. Etzanda nengoen nire arnasa geldia eta erroien karranka entzuten.

        Elur lodia egongo zen patioan. Ez nuen asmatu beharrik, ondo baino hobeto nekien hori, gau erdia bazterrean kuzkurtuta emana bainuen elurra goitik behera ohe gainera zetorkidala. Goizeko lehen argiekin asperdura hasi zen nitaz jabetzen. Aurrean nuen eguna eternitatearen parekoa izango zen, eta laster depresioa izango nuen lagun berriro. Hantxe nengoen, izoztuta eta deseroso, beste egun baten gaineko gogoetan, neure buruaz pixka bat errukituta, beste egun bat, pentsatuz.

        Giltza batek txintxin egin zuen burdinaren kontra. Pausoak korridoretik ozenduz zetozen, isiltasuna hausten. Erroiak karranka eztanda batean hegaldatu ziren; zurrunbilo nahasgarri haren esangura antzematera lehiatzen zen neure burua. Izuak hartu ninduen burdinazko ate astuna kraskatu eta bat-batean zabaldu zenean. Uniforme beltzezko aldra bat sartu zen ziega barruan ate aldea osorik desagerraraziz. Ahots zakar larderiatsu batek garrasi egin zuen, «Arin, altxa hadi!».

        Erdi zutunik nengoen azken silabak haren aho zalapartaria utzi orduko, gerri dardaratiaren inguruan nire eskuoihal urdin higatu zaharra bilduz.

        «Hartzak airean», zabaldu zen galerian zehar, esnatuta zeudenek eta inbasioak ernaturikoek, gainerako lagunei iragartzen zietelarik bokiak hegalean zebiltzala.

        «Hegal aldaketa», oihu egin zuen baten batek, eta horrek zalantza guztiak uxatu zizkidan. «Arin, irten eta segi gora hegalaren azkeneraino, eta azkar», klaskatu zuen aho zalapartariak. Ziegatik atera nintzen; beltz zegoen korridorea, makilak aldean zintzilika zituzten uniformez beteta.

        «Azkarrago», klaskatu zuen aho zalapartariak berriro.

        Beso indartsu pare bik oratu zidaten atzetik. Eskuak bizkar gainetik bihurtu zizkidaten, eta nire oinek zorua abandonatu zuten. Multzo beltz bat pilatu zen inguruan, eta ziztu batean itsumustuan abiatu zen ni herrestan eramanez. Lurrera itzuli nintzen, eta arautegi ofizialeko larruzko bota distiratsu pare batek zapaldu ninduen. Talde sutsu haren perimetroan zegoen boki batek belaunkada bat eman zidan izterrean. Goragalea eman zidan, eta oihuka hasteko gogoa etorri zitzaidan, errenditzen nintzela, baina mutu iraun nuen. Nire aurrean mahai bat agertu zen, non dozena erdi boki inguru bildu baitziren ni —aukeratu zuten lehen biktima— inguratu eta ikertzeko. Zutunik utzi ninduten bozemailearen aginduaren zain zegoen aldra beltzaren erdian.

        «Ederki», oihukatu zuen auto-izendaturiko tiranoak. «Bota eskuoihal hori lurrera, buelta eman. Makurtu eta ukitu behatzak».

        Eskuoihala jausten utzi nuen, buelta osoa eman eta zutunik geratu nintzen ahalke eta biluzik, begi guztiek nire gorputza miatzen zutelarik.

        «Zerbait ahaztu zaik», kurrinka egin zuen bozemaileak.

        «Ez, ez zait ezer ahaztu», bota nuen ausardia oldar batean.

        «Makurtu, alfer hori», aurpegian artez ziztatu zidan eraman larria adierazten zuen ahots batez. Badator, pentsatu nuen.

        «Ez naiz makurtuko», esan nuen.

        Behartutako barre algarak lehertu ziren ziri eta irain burrundara batek indartuta.

        «Ez da makurtuko!», zirika esan zuen bastart harroputzak.

        «Ez da makurtuko! Kar! Kar! Ez dela makurtuko, mutilak», esan zion entzuleria luzetsiari.

        Jesus, badator. Nire ondora aurreratu zen, artean barrez, eta jo egin ninduen. Segundo gutxi batzuen buruan, flash zuriaren erdian, lurrera jausi nintzen eta kolpeak pentsa zitezkeen angelu guztietatik gainera zetozkidan. Atzera herrestan zutunik jarri ninduten eta urdai zati bat bezala bota ninduten, ahuspez mahai gainean. Esku arakatzaileek beso eta zangoetatik tiratu ninduten larru zati bat legez hedatuz. Baten batek burua atzerantz tiratu zidan ileetatik, zitalen batek ipurtzuloa zundatu eta eragiten zidan bitartean.

        Guztiz barregarria zen; denak hil beharrean ari ziren barrez, ni izan ezik, etengabe zartada andana bat nire gorputz biluzira erortzen ari zen bitartean. Minez bihurritzen nintzen. Estuago heldu ninduten, zartada bakoitzak bere xedea aurki zezan. Aurpegia mahaiaren kontra lehertu zidaten, eta odolak mahaia lohitu zuen aurpegi azpian. Txundituta eta minduta nengoen. Gero, mahaitik kanpora herrestan eraman eta lurrera jausten utzi ninduten. Nire lehen erreakzioa ondoan zegoen eskuoihala gerri gorrituaren inguruan biltzea izan zen. Ostera eskuak atzetik oratu eta beste hegalerantz eraman ninduten herrestan. Doi-doi erreparatu nuen nire burkideetako bat jo eta herrestan mahaira zeramatela, inguruan besteren bat ere ziegatik ateratzen zuten bitartean. Ziega ate bat ireki zen eta barrura jaurti ninduten. Danbateko batez itxi zen atea, eta zementuzko zoruan netzan, bularra mailuka eta gorputzeko zain guztiak estuturik. Okerrago izan zitekeen, esan nuen nire artean kontsolazio gisa. Baina horrek ez zituen ez neure burua ez nire gorputz mindua konbentzitzen.

        Hotzak altxarazi ninduen lurretik. Nire gorputzeko atal orok protesta egin zuen emeki-emeki zutitu ahala. Ahotik odol hari bat bizar luze zapaztora irristatu eta tantaka jausten zen lurrera. Larrua ederki apaindua nuen makina bat ubel eta zanbrorekin. Dardaraz ari nintzen. Izan ere, ez nuen denbora askorik izan izutzeko ere; arinegi gertatua zen dena. Eskerrak Jainkoari ez nengoen loak hartuta haiek etorri zirenean.

        «Harrapatuko ditugu bastart horiek egunen batean», esan nuen neure artean. Orduan ikusiko dugu zein handi diren, pentsatu nuen zokora ahoa bete odol tu egiten nuelarik.

        «Orduan ikusiko dugu zein handi diren».

        Paseatzen hasi nintzen. Hotza barrura iragaten zen leiho zabalean zehar, eta artean eskuoihalak soilik janzten ninduen, eta nabaritzen nuen, ondo nabaritu ere. Lehertuta nengoen, gero.

        Gorputz gehiago zerabiltzaten herrestan hegalean.

        Bastartak beren sadismoa gozatzen ari ziren, jostatzen odolarekin eta oinazearekin, gure odolarekin eta oinazearekin, jakina. Jainkoak daki zenbat denbora pasatuko den manta bat emango diguten arte. Ziega izotz hutsa, gorputz ubel-urdin mindu izoztua, psikopata sorta bat gizonak xehatu arteraino jotzen atearen beste aldean eta gosari ikaragarri ederraren ordua ere ez da oraindik!

        «Jesus oinazetan, ezer okerragorik izan al daiteke?», galdetu nuen neure baitan, eta erantzuna ere hantxe eman nuen: «Ongi asko dakizu baietz». Horrexek kezkatzen ninduen.

        Nire gorputz minduari kontu egiteke, paseatzen segitu nuen, gorputzari nolabaiteko berotasuna emateko ahaleginetan. Hotzak urdinduak nituen hankak, eta nire gorputz osoak hotz izoztuari etsiko ziola pentsatu nuen. Shocka iragana zen, eta oinazeak eta hotzak zorrozki erasotzen zidaten errukigabe. Elurra hasi zuen berriro. Kanpoaldeko alanbreetan ez zen erroi bat ere ikusten.

        Burkideetako batzuk beren jazoerak eta zauriak trukatzen zituzten hegalaz haragoko zenbait ziegaren leihoetatik. Gurdiaren karranka entzun eta gosaria zetorrela jakin nuen; eta artean ez mantarik ez koltxoirik. Ez ahaztu atea zabaltzean gaur hegalean zein boki dagoen begiratzea, gogorarazi nion neure buruari. Ez litzaizkiguke gaizki etorriko boki lasai batzuk goizeko gertaeren ostean, pentsatu nuen ziegako atea zabaldu eta bi ordenantzak aurpegi garbitu berrietan mespretxu keinuz goizeko emaria artez nire eskuetan jarri zutenean —katilu bat te esku batean eta ontzi bat gurin bi ogi xerrarekin bestean—. Arratoi aurpegidun irudi txiki batek, kapela beltzez jantzita, ate irekiaren ingurutik burua sartu zuen, haren kontra bermatuta, eta «egun on!» esan zuen, handi ustezko irriarekin. "Prest al hago kartzelako arropak jantzi eta lanera joan, hire burua garbitu edo nire botei distira ateratzeko?"

        «Ezetz? Ondo dago, ikusiko diagu!».

        Atea danbateko batez itxi zen.

        «Bastarta», esan nuen egungo bigarren hondamena —gosaria— ikertzera kantoira erretiratuz. Ahalik eta ogi zati lehor gehiena salbatu nuen, eta xerra biak gurin gezatik aterata, gainerakoa, gurin eta guzti, horma urrunaren kontra jaurti nuen. Atsekabeturik, ogi zati meharrak eta te epela irenstera behartu nuen neure burua, derrigorrez behartu ere. Hotz samina zen, hain samina ezen paseatzen ibili beharra bainuen zurrustada eta zurrustada artean. Gosaria eskuratu bitartean ate aurrean egon ziren hiru bokiei buruz pentsatu nuen. A, B eta C kartzelariak. Hori besterik ez nuen behar. Hiru torturatzaile amorratu, eta egun osoa ibiliko ziren hemendik. Zeinen zoragarria, pentsatu nuen.

        Hitz egin zidan bokia A zen. Krudela, maltzurra eta inteligentea zen gizon biluziak torturatzerakoan. Harekin ez zegoen kontu fisikorik. Dena eraso psikiko eta amarrukeria hutsa. Belsen moldeko bat zen, eta boki gehienak bezala berebiziko plazera hartzen zuen gerrako preso biluzien duintasunari erasotzen. Bere burua etengabe nabarmentzen zebilen, baina ez al ziren, bada, denak berdinak behin botoi distiratsuetako jantzi beltz txikiak jaso eta makila eta pistola eskuratu eta gero?

        Ikusi nuen bigarren bokia B zen, fanatiko sektario bat. Gorpuzkera ertaina zuen, ile beltza, itxura ona eta aldarte guztiz suharra. Alkoholikoa ere bazen, eta trebea makilarekin, mutil gazteenen kontra erabiltzerakoan batik bat, eta hori bere aldiroko jarduna zen.

        Hirugarren bokia, eta hiruretatik okerrena beharbada, C zen. B fanatikoak baino herra handiagoa zigun, eta etengabe saiatzen zen hala adierazten. Ez zuen inoiz ez barrerik ez hitzik egiten, mespretxuzko azalpen bat egin edo iraintzeko ez baldin bazen. Erabat erresuminduta zegoen, eta guk pairatu behar hori ere.

        Hiru bastart erabateko, pentsatu nuen, eta madarikatu egin nituen hotza, nire gorputz mindua eta inoiz uzten ez ninduen gosearen ziztadak. Nora ezeko bidaian segitu nuen guinea zerriak legez ziegan zirkuluak egiten, ate eta hormetan marraztutako izenak identifikatzeko han-hemen une batean edo bestean geldituz; haietako batzuk nire egoeran izanak ziren, eta han utzi zuten artean bazirelako oroigarri eta lekukotasun sotila. Idazle torturatuen izen zirriborratuei berezko harrotasun motaren bat zeriela ematen zuen. Bazuten harro izateko eskubidea, pentsatu nuen, eta gaelerazko esaldi eta hitz zirrimarratuak irakurtzeko mugitu nintzen, gaelerazko ikastaroetan beste hegalekoek zenbat aurreratu zuten igarriz.

        «Gaelerazko ikastaroak», esan nuen berriro. Harrigarri asko ematen zuen. Eta harrigarria zen benetan, kontuan izanik horrek esan nahi zuela ziegako atean zure kideari, irakasleari, entzuten egotea, hark eguneko ikasgaia hegalaren beste muturretik aho batean oihukatzen ziharduelarik bokiek bazkaldu edo tea hartzeko alde egiten zutenean.

        Ibiltzen segitu nuen. Hotz ziztagarriak ez zuen amore eman nahi. Manta bat edo bi laster inguratzen ez banituen, arazoak izango nituen. Eskatu ere ezin egin. Aspaldi ikasi nuen hori. Ahulezia zeinu bat erakutsi eta zeure hilobia prestatuko duzu. Gainera, nire burkideetarik berrogeita hiru zeuden hegalean ni bezain egoera larrian. Beraz, aieneak ahaztu eta bero zerbait emaiozu gorputzari, pentsatu nuen neure buruari errieta eginez, auto-errukipeneko gogoetekin arriskutsuki jostatzen eta atsekabeaz larregi eta luzeegi pentsatzen ibiliagatik. Horrek depresioa dakar, eta hotza eta nire gorputz mindua biak batera baino are okerragoa da depresioa. Gogoetak janarira aldatu ziren. Ostirala, arraina bazkaltzeko. Patata hotzak eta baba gogorrak. Baina beti zegoen bero eta gazi zerbait ekarriko ote zituztelako itxaropen lauso hura. Ez dakit zergatik, sekula ez zegoen eta. Beharbada, irrikan egoteko zerbait baino ez zen, kinielak edo irlandar loteria irabazi ahal izatea bezala. Aukera gehiago kinielak irabazteko, onartu nuen neure artean. Hori guztia ez al zen bazkari hotz kirasdun batetik bestera itxaropen hutsalak asmatzen bizitzea, topatzen duzun edozein zurrumurruri atxikia? Scéal, Scéal, Scéal! Berriei edo albisteei deitzeko irlanderazko hitza; jadanik hain higatua, ezen bokiek ere erabiltzen baitute.

        «Scéal-ik baduzu?».

        «Scéal-ik entzun al duzu?».

        «Scéal txarra edo bikaina edo izugarria».

        Erabat ulergarria zen. Itxaron, irrikan egon, hausnartu edo atxikitzeko zerbait behar zenuen. Sinesgaitza zen scéal on apur batek hegala nola piztu zezakeen. Coalisland-Dungannon ibilaldiaren ostean lagunetako batek jende kopuruaren berri eta ezkutuan pasatutako argazki bat ekarri zituenean legez. Nik neuk ia negar egin nuen, eta lagunetako batzuek baino gehiagok egin zutela ziur nago. Ez dut hura sekula ahaztuko, ameskaitz bizi baten erdian jarrita, begien aurrean aurpegi lagun bat ere gabe eta argazkia ikusteko txanda iritsi zitzaidanean, begiratu, eta inoiz ez naiz nire bizitza osoan hain zoriontsu sentitu. Begiratu eta begiratu egiten nuen, eta ez nuen sekula amaitu nahi. Ez al da jende izugarria, pentsatzen nuen. Harro nintzen haiengatik borrokan jarduteaz. Oraindik ere hartaz pentsatze hutsak korapilatu egiten dit eztarria. Ai, ene Jainkoa, halako hotzik ez balego eta nik holako minik ez banu, kantu pare bat-edo abes nitzakeen denbora emateko. Baina ez dut inolaz ere, ez gogorik ezta gorputzik ere horretarako.

        Inor ez leihoetan mintzatzen. Lanpetuegi ziegan paseatzen eta zauriak miazkatzen.

        «Hartza airean», oihukatu zuen baten batek boki bat hegalean zebilela iragarriz. Abisu hori erabiltzen genuen baten batek antzematen zuenean giltza baten tintina, bota baten pauso hotsa edo itzal bat iragaten. Denak jakinean izateko boki bat inguruan zebilela. Ateari estu itsatsi nintzaion, eta atea eta horma lotzen zituen zementuan zegoen arraildura txiki batean ipini nuen begia. Lehenago ikusia nuen eta, espero bezala, korridorearen zenbait metroko espazioaren bista urria baina eskertzeko modukoa eskaintzen zidan. Itzala ikusi nuen hasieran, gero A-ren irudi ezaguna. Gutunak eta sudurzapi pakete batzuk zeuzkan eskuan.

        «Bokia gutunak banatzen», aho betean garrasi egin nuen atetik gaeleraz nerbio erne larriak lasai zitezen. A-k salto txiki bat eman zuen, asaldaturik, nire ahotsak isiltasun izugarria hautsi zuenean. Baina berean jarraitu zuen. Oihukatzea normala zen norbaitek zer gertatzen ari zen jakinez gero. Denak jakinaren gainean uzten zituen. Ez zegoen ezer hoberik nerbioak urratu edo ikaratzeko, ate itxi baten ostean biluzik zer gertatzen den jakin gabe egotea baino, arriskua zelatan zebilenean. Eta gure kinka larrian arriskua zelatan zebilen beti.

        Bokiek ez zuten bat ere maite gaelera erabil genezan hegaletik oihukatzeko edo geure solasaldietarako. Gaitzitu egiten zituen, eta arrotz sentiarazten, eta ahalke ere bai. Ez zekiten zer esaten genuen. Ele guztiak beraiei buruzkoak zirela susmatzen zuten, eta ez zebiltzan oso oker!

        Nora ezeko bidaiari ekin nion berriro. Leiho aldean buelta ematean, giltza batek burdina jo zuen. Dardarizo batek zeharkatu ninduen morroiloa astindu eta atea zabaldu zenean. A zegoen han, eskuetan sudurzapi pakete pare bat eta gutun batzuk zituela.

        «Fardel bat daukat zuretzat», esan zuen geldi-geldi bere doinu nazkagarrian, niri begira, haren begi menderazaleek «zu baino gehiago naiz» esaten zutela.

        Fardel batzuk, pentsatu nuen. Kleenex sudurzapi pakete pare bat.

        «Zorionekoa; zu zara gaur fardela jasoko duen bakarra», esan zuen.

        Jesus! Goragalea eman zidan. Horixe zen A, psikologo lanean. Nigan liburu baten legez irakurriz, esan zidan, «zergatik ez dituzu kartzelako arropak janzten, hala pribilegio batzuk eduki ditzakezu».

        Horrela jarrita bere pribilegio higuingarriekin eta bere fardelarekin zer egin zezakeen esatekotan nengoen, baina sudurzapiak ederki etorriko zitzaizkidan zoru hotzaren gainean egoteko.

        Eutsi buruari, Bobby, esan nuen neure artean, Parker boligrafo bat luzatzen zidalarik liburu handian sina nezan fardela jaso nuela. Gozatzen ari zen harekin guztiarekin: hiru sudurzapi pakete satsuengatik hiru milioiko kontratua sinatzen ari banintz bezalako itxurak egiten. Bazuen niretzako gutun bat ere. Aurretik antzeman nion, baina nik noiz eskatuko zain zegoen. Ez nuen eskatu. Eroarena jo nuen. Boligrafo garestia bere goiko poltsikoan sartu zuen berriz, irri eta iruzkin batzuk egin zituen nire gorputz garbitu gabearen usainaz eta ziegaren kirats gaitz nardagarriaz. Burdinazko ziega ate astuna ixtekotan zela jiratu zen. «O!», esan zuen, «gutun bat daukat zuretzat». Karta luzatu zidan. Bere eskutik hartu eta kulunkatu egin nuen ume jaioberri bat legez. Atea panpatu zen. Begia zulotxoaren kontra sakatu nuen ea hegalaren muturreko bulegora zihoan ikusteko. Bazihoan. Ostera deiadar egin nuen gaeleraz, «Hartza airetik kanpo», mutilei jakinarazteko, eta kantoira erretiratu nintzen, gizon berri legez sentitzen nintzela nire ondasun preziatuarekin, gutun bat eta hiru sudurzapi paketeekin! Sudurzapiak zoruan hedatu nituen eta han gainean egon nintzen. Luxuzko alfonbrak bezalakoak ziren zementu gorriaren aldean. Nire gutunaren orri paregabeak, hainbestetan irakurri eta zentsuratuak, emeki-emeki atera nituen jadanik irekitako azaletik. Han eta hemen lerro zentsuratu beltzez markaturik zegoen gutuna, baina ez azken hilekoa bezain oker, pentsatu nuen. Berehala ezagutu nuen gure amaren idazkera. Emakume maitagarria, ez nau inoiz bertan behera uzten! Irakurtzen hasi nintzen.

Nire seme maitea,

        Nire azken gutuna ondo jaso zenuela espero dut. Oso larrituta ibili naiz zu eta zure burkideez. Hotz al dago hortik, seme? Badakit hiru manta besterik ez dituzuela eta Irish Newsen irakurri dut zuetariko asko gripe latzak jota zabiltzatela. Ondo estal zaitez, seme, ahalik eta ongien. Otoi bat esango dut zuen guztien alde.

        Zure arreba Marcellak Kevinen urtebetetzea ospatu zuen duela egun batzuk. Urtebete egin du. Haur zoragarria da. Oraindik ez duzu ikusi, ezta? Aita-anaiek zutaz galdetzen dute, baita Bernadettek eta Rooney senar-emazteek ere. Igandeko ibilaldian izan nintzen eta x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x (Zentsuratuta! Bastartak! Madarikatu egiten nituen). Dena ondo doa, seme. Agian orain ez da luzerako izango.

        Joan zen astean britek [Irlandar errepublikanoek britaniar tropak izendatzeko erabiltzen duten erdeinuzko hitza] etxea birritan arakatu zuten eta barrakoietan dauden mutilek Gabonetan bidalitako harpa zeltiko berria apurtu zidaten. Ez dut uste britak oso pozik egongo direnik oraingoan, seme, x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x guztiekin zoratu beharrean egongo dira, seme.

        Seán zure anaia Killarneyn izan zen, eta bide eta horma guztietan esloganak pintatuta daude x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x x buruz.

        (H-Blokeei buruz! Bastart alaenak, esan nuen neure artean).

        Bada, seme, amaitu beharrean nago. Elurra hasi du. Ondo egongo zarela espero dut. Denok zurekin gaude, seme. Haurra etxean izan nuen igandean. Esaten du handitzen denean boluntario bat izango dela, eta leku izugarri horretatik aterako zaituela. Jainkoak lagun diezaiola. Zure hurrengo bisitara joango naiz, 12an, aita eta Marcellarekin. Bada, seme, Jainkoak bedeinka zaitzatela zuek guztiak. Laster ikusiko zaitut. Denok sentitzen dugu zure hutsunea.

Zure ama maiteak

 

 

© Bobby Sands

© itzulpenarena: Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia