Hitzaurrea

 

        Robert Sands 1954ko martxoaren 9an jaio zen, Belfasten, familia katoliko batean. Lehenengo urteak gehiengo protestantea duen Ratchcoole auzoan eman zituen. Lehen ikasketak burutu eta gero, 15 urterekin, auto tailer batean hasi zen aprendiz. 1972ko ekainean, loialisten jazarpenak zirela-eta, auzo katoliko batera aldatu ziren, West Belfastera, eta lanbidea galdu zuen. Hura bestelakoa zen baina. Laster IRAn sartu zen. Eta atxilotu ere laster egin zuten, urte bereko urrian, hain zuzen. 18 urte zituen eta, geroago aitortuko zuen legez, inozo samarra zen. Bera zegoen etxe batean lau pistola zahar aurkitu zituzten, torturapean deklarazio bat sinarazi eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten armak edukitzeagatik. Long Kesh kontzentrazio-esparrura eraman zuten, Belfast ondora, "kategoria bereziko estatusarekin". Han 11. barrakoira destinatu zuten. Barrakoi hartakoak gehienbat gazteak ziren eta, Gerry Adams eta beste militante nabarmen batzuk han sartzearekin, politika ezkertiarrari eta ikasketei eman zieten arduragatik, ezagun egin ziren preso errepublikanoen artean, norabide horri denek ongi irizten ez bazioten ere. Atxilotu zutenean, ezkontzekotan zebilen; andregaia, Geraldine, haurdun zegoen, eta kartzela barruan ezkondu ziren. Barrakoian Bobbyk buru-belarri ekin zion irakurtzeari eta irlandar hizkuntza lantzeari, gaeleraz mintzatzeko gai izateraino. Poesian, musikan eta kiroletan ere nabarmentzen zen Bobby Sands. Hiru urte eta erdi egin zituen kartzelaldi hartan: 1976ko apirilaren 13an kaleratu zuten.

        Kalean zela, emaztearekin eta Geral semearekin jarri zen bizitzen, Twinbrooken. Tokiko komunitatearen arazoetan murgildu zen. Aldizkari bat ere sortu zuen, Liberty, eta artikulu eta iruzkin ugari argitaratu zituen bertan. IRAn ere segitu zuen, eta kartzelatik irten eta sei hilabetera, 1976ko urriaren 14an, atxilotu egin zuten berriro. Orduko hartan merkataritza-gune bati lehergailuz eraso eta auto batean beste hiru burkiderekin ihes egiten ari zela. Castlereagheko kuartelean ohiko torturak jasan zituen sei egunetan, baina ez zuen ez ezer aitortu ez inolako deklaraziorik sinatu. Hala ere, leherketak egin izana egotzi ez zieten arren, epaiketan bakoitzak 14 urteko kartzela zigorra jaso zuen autoan aurkitu zuten pistola bategatik. Atxiloketa horren kariaz, eta soldaduen miaketengatik eta jazarpenagatik, Geraldinek bigarren semea galdu zuen. Geroago banatu egin ziren, eta Geraldine Ingalaterrara joan zen semearekin.

        H-Blokeetan sartu zuten, "kategoria bereziko estatusik" gabe, eta Bobby mantaren borrokan sartu zen. Kartzelako borrokari buruz idazten hasi zen prentsa errepublikanoan. Indar handiko artikuluak idazten zituen, eta laster egin ziren ezagun (arrebaren izenarekin sinatzen zituen, Marcella).

        Egun bat nire bizitzan ere borroka horretaz ari da. Lan hori, beste artikuluak eta idazkiak bezala, komuneko paperean idatzi zuen, eta uzkian gordetzen zituen boligrafoaren tinta kargekin. Testuingurua, ikusiko dugun bezala, izugarria da.

        Orri idatziak ezkutuan atera ziren kartzelatik denbora tarte batean, eta Bobby Sands hil eta gero argitaratu zen estreinako aldiz.

        Presoek estimatzen zuten Bobbyren laguntasuna. Poemak idatzi eta errezitatzen zituen; abestiak konposatzen zituen eta kantu saioetarako ezinbestekoa zen; kontalari aparta ere bazen, irakurgairik ez zegoenez norberak irakurritakoak kontatzen zizkioten elkarri, eta garai hartako preso errepublikanoek gogoratzen dute, ondo gogoratu ere, Bobbyk Leon Urisen Trinity nobela bere irudimenaren xehetasun eta tolesdura guztiekin egun batzuetako serie modura kontatu zuenekoa, bai eta asmatzen zituen kontakizunekin izan ohi zuen arrakasta ere.

        Bobby presoen harreman publikoetako arduradun egin zuten H-Blokeetan. Gero, 1980ko urrian, Brendan Hughes orduko IRAko presoen burua gose greban hasi zenean, Bobby Sands pasatu zen presoen buru izatera. Britainiarrek gose greba hura amaitzeko egin zizkieten amarruak zirela eta, erabat suminduta geratu zen Bobby. Berehala beste gose greba bat prestatzeari ekin zion. Bera izango zen lehena. Eta segurutzat jotzen zuen hil egingo zela. Hala ere, kriminalizazio estrategia garaitu behar zen, Irlandaren askapen mugimenduak iraungo bazuen. «Guk kontuan hartu behar dugu beste gose greba batek, huts egingo balu, ondorio latzak ekarriko lizkiokeela Mugimenduari», azpimarratzen zuen presoen artean zabaldu zuen analisian. Zenbaitzuek beren buruak besteengatik sakrifikatu beharko zituztela gogorarazten zien, eta garaipena bizirik aterako zirenen esku egongo zela adierazten zuen. «Burkide bat hiltzen denean, tinko segitu behar duzue». Ez zegoen zalantzarik. «Eta batera edo bestera, burkideok, garaipena gurea izango da, irabazteko borondatea baitugu. Eta irabazi egingo dugu».

        Tinkotasun horrekin eraman zuen gose greba hil arteraino. 1981eko martxoaren 1ean hasi zuen baraua. Hilaren 9an 27 urte bete zituen. Egun horretan mugimenduaren zuzendaritzari igorritako ohar batean, kezkatuta agertzen zen, hil-hurren egongo zirenean britainiarrek eskaintza merke eta bermerik gabekoekin joango zitzaizkiela susmatzen baitzuen, eta holakorik gertatuz gero amore ez emateko eta hiltzen uzteko erregutu ondoren, hauxe eskatzen zien: «Galdetzen ari naiz (hona hemen, badator, pentsatuko duzu) ea zuen bihotz guztien ontasunagatik liburu ziztrin bat lortuko ahal didazuen eta hona barrura sartzen saiatu: The Poems of Ethna Carberry. Izan ere, horixe da behar dudan guztia, azken eskaria, esaten den bezala. Batzuek zigarretak eskatzen dituzte, beste batzuek begiak estal diezazkietela; zuen gizon honek Poesia eskatzen du».

        Poesiazale amorratua zen Bobby, eta poesian eman zituen literatur arloko bere emari onenak. Martxoaren 19ko ohar batean Brendan Bik Mc Farlanek, Sandsen ondotik presoen buru izan zenak, Bobbyk liburua pozarren jaso duela esaten du, eta eskerrak eman ondoren, liburu gehiago eskatzen ditu. «Ahalegin guztiak egin itzazue holako material gehiago beretzat lortzen. Dakizuen bezala, zoratzear dago poesiarekin».

        Martxoaren 23an kartzelako ospitalera aldatu zuten, hango gela bakartu batera. Aurretik bere gauza urriak banatu zituen preso lagunekin. Bik McFarlani boligrafoaren tinta karga eman zion. Risteard O'Raweri kantu bat idatzi zion zigarro paper batean:

 

A Sad Song for Susan

 

I'm sitting at the window, I'm looking down the street

I'm looking for your face, I'm listening for your feet.

Outside the wind is blowing and it's just begun to rain

But it's being here without you that's causing me such pain.

My mind is running back again to when you were here And I wish I had you now, I wish you were near.

Remember the Winter nights when you warmed me from the cold

And the Spring when we walked through green fields and skies of gold.

You're gone, you're gone, but you live on in my memory.

 

Kantu Tristea Susanentzat

 

Leihoan jarrita nago, kalean behera begira nago

Zure aurpegiaren bila ari naiz, zure pausoen bila ari naiz.

Kanpoan haizeak jotzen du eta euria hasi berria da

Baina hemen zu gabe egoteak egiten dit niri min.

Nire gogoa atzerantz doa berriro zu hemen zinen denboretara

Eta orain ukanen bazintut, hurbil egongo bazina.

Gogora Neguko gauak, hotzetik berotzen ninduzunean

Eta Udaberria, soro berde eta urrezko zeruetan barrena ibiltzen ginenean.

Joan zara, joan zara, baina nire oroitzapenean bizirik irauten duzu.

 

        Ohar bat ipini zion: «Hemen duzu hau, Risteard, bihotzetik irtenda ahal denerako. Arratsalde euritsu batean idatzi nuen H-1ean prebentibo nengoela melodia jotzeko gitarra baten konpainia bikaina nuenean».

        Bobby Sands ospitaleko bakardadean poesia eta gaelerazko testuak irakurtzen eta irratitik musika tradizionala entzuten gose greban zegoelarik, Fermanagh/South Tyroneko diputatu katolikoa hil zen. Zalantza eta eztabaida zenbaitzuen ondoren, Sinn Feinek bere jarrera abstentzionista alde batera utzi eta Bobby Sands aurkeztu zuen Westminsterko aulkia betetzeko hauteskunde partzialetara. Ez zen beste hautagai nazionalistarik agertu eta, apirilaren 9an, britainiarren ahalegin guztien kontra, 30.492 lagunek eman zioten Bobby Sandsi kartzelan ukatzen zioten estatus politikoa. West hautagai protestanteak 29.046 boto jaso zituen.

        Kartzelatuen errebindikazioen aldeko presioak areagotu egin ziren munduan zehar. Dublingo gobernua kezkaturik azaldu zen Sinn Feinen gorakadarekin, eta beste ahalegin batzuen artean Giza Eskubideen Europako Komisioa eraman zuen Long Keshera. Eliza katolikoaren aldetik, Aita Mageek, Aita Santuaren beraren idazkariak —irlandarra bera ere—, Bobby eta ordurako kartzelako ospitalean gose greban ari zirenak bisitatu zituen: Francis Hughes, Raymond McCreesh eta Patsy O'Hara. Dublingo diputatuak ere Long Keshen egon ziren Sandsekin. Horiek guztiek, ordea, ez zioten nahikoa eragin Margaret Thatcherri.

        Bobby Sandsek ez zuen amore eman. Kartzelako borrokan garrantzitsuena ez etsitzea zela esaten zuen beti. Dublingo diputatu batek Sandsen ospitaleko gelatik irtetean, oheburuan ikusi zuen janari erretiluari buruz galdetu zion kartzelari bati. «Jan nahi duenerako da», erantzun zion hark.

        Indarrak galduz joan zen. Koman sartu zelarik, senideak ondoan izan zituen, gurasoak eta Seán eta Marcella anai-arrebak; Bernadette, arreba gaztea, liburu honen pasarteetan ikusten den legez, Hego Irlandan ihes eginda zebilen.

        Bobby Sands 1981eko maiatzaren 5ean hil zen, goizeko 01:17an, Long Kesh presondegiko ospitalean. Ipar Irlandako Ministeriokoek segituan zabaldu zuten haren heriotzaren berri: «Bere buruaz beste egin du, hirurogei eta sei egunez janariari eta medikuen laguntzari uko eginda».

        Egun euritsu batean lur eman zioten, Milltown hilerrian. Ehun mila lagun isilen artetik, irlandar gaita baten hotsak H-Blokeetako doinua zabaldu zuen:

 

                «Baina ez dut gatibuaren uniformea jantziko

                Ezta nire kondena makurturik beteko ere

                Britainiarrek Irlandaren borrokari

                Zortzi ehun urteko krimena deitu ahal diezaioten».

 

Mitxel Sarasketa

 

 

© Mitxel Sarasketa

 

 

"Bobby Sands - Egun bat nire bizitzan" orrialde nagusia