Bobby Sands
1954ko martxoaren 9an, orain 50 urte,
jaio zen Belfasten Bobby Sands, borrokalari eta idazle irlandarra. Gose greba
baten ondorioz hila, 1981eko maiatzaren 5ean, haren borrokak eta heriotzak
oihartzun handia izan zuten munduan, eta nola ez Euskal Herrian. Espetxean izan
zen bitartean eta baldintza penagarrietan idazle egindakoa, Bobby
Sandsek gatibu egon zen bitartean idatzi zituenekin zenbait liburu kaleratu
dira: Prison poems, Writings from Prison, Diary of Bobby Sands, One Day in
my Life, Skylarik Sing Your Lonely Song.
Euskarara ekarri izan dira Bobby Sandsen lanak, hain zuzen irlandarrak espetxean egindakoak euskal presoek euskaratuta. Egun bat nire bizitzan liburua osorik itzuli zuen Mitxel Sarasketak, eta 1991n argitara eman Txalaparta argitaletxearekin (hitzaurrean Kantu Tristea Susanendako poema ere euskaratua dakar).
Poemak ere euskaratuta bazeuden.
Joseba Sarrionandiak euskaratu zuen Haro modernoak poema, eta Izkiriaturik
aurkitu ditudan ene poemak liburuan plazaratu (Pamiela, 1985). Poema horixe
eta beste hiru Pausa leku bat, Haize negartiak, Kamaradak
iluntasunean, Ruper Ordorikak euskaratuak, Susa
aldizkariaren 23/24. zenbakian kaleratu ziren, 1989an. Soto del Realen preso
den Jon Mintegiagak ere ekarri du Bobby Sands euskarara. 2003ko Ataramiñe
liburuan Ama
maitea izeneko poema argitaratu zuen.
Denak eskaintzen dizkizugu hemen.
Interneten badira, noski, Bobby Sands eta 1981eko gose greba hari buruzko web gune zenbait. Guk pare bat gomendatu nahi dizkizugu. Lehenengo honetan, azalpen eta datu biografikoez gain, Bobby Sandsek gose grebaren lehen 17 egunetan idatzitako egunerokoa irakurri ahalko duzu, eta zenbait poema ere bai. Bigarrengoan, berriz, Prison Poems liburuko hainbat poema aurkituko dituzu.