Hiru

 

        Iluntasuna nagusitu zen Lusi ibaia eta Blorako geltokia uztartzen zuen zubiaren azpian, ilargiak ez baitzuen sartzerik. Eta zubipean, ibai ertz azpiko egitura topatzearren igotzen zen tokian, jende errenkada bat lotan zegoen, pozez itxura batez, beren paparrak gora eta behera erritmikoki.

        Zubitik jaisten ziren soldaduen harat-honatak adierazten zituzten tartekako oinotsen dinbi-danbek. Bi, hiru ibilgailu iragan ziren, eta beren barkaezinezko orroak, zeintzuk lo zeudenek madarikatu zituzten. Zarata urruntzerakoan ixiltasuna itzuli zen berriro ere, eta zubi gainean zegoen ilargia poliki eta ixilik hasi zen sartzen.

        Ibaitik, handik zenbait dozena metrotatik, igotzen zen urak harri gainetik irristatzerakoan gurguraia zegien, ondoren bere bidea eginez elefante-belarrean zehar eta zubiaren zutabeetan biribilduz. Zubipean, ilargiaren itzalean, ibai bazterreko elefante-belarra beltz zegoen: ilargitan bertze belar zati bat xuri zegoen.

        Ibaiaren zehar altxatzen zen banbu berdezko pareta bat, ilargiak hutsegindako zerrenda beltzak agertzen zituen banbudiak, eta indarge kulunkatu eta dardar zegiten arto zurtoinek. Zubiaren itzal iluna beherantz bihurtzen zen, uraren ertzera, ibaia zeharkatu, eta gora egiten zuen berriro pareko ibaiertzeko lekuren batean desagertzeko. Uretan itzala mugitzen zen Ibaiaren etengabeko higidurarekin batera. Zubi ahantzi baten zutabe puskatuek euren muturrak agertzen zituzten metro bat uraren gainetik. Korronteak zeraman indarraren eraginez, hagek burua makurtzen zuten uretan itzal dardartsuko triangeluak sortuz.

        Barruti etxeko ezkilak lau aldiz jo zuen. Zubi gainetik iragaten ziren urrats eta ibilgailuen hotsak desagertu ziren, ixiltasunak haien tokia hartuz. Gaueko baretasuna itzulia zen, bat-batean zubipeko elefante-belarra mugitzen hasi zenean. Belarretik eskale bat azaldu zen, ibai ertzeraino egin zuen poliki-poliki, eta etzan zen hutsik zegoen toki batean, lotan zeuden eskaleen artean.

        Barruti etxeko ezkilak bat gehiago jo zuen eta geltokian zarata zalapartatsua piztu zen; trenean su-egurra zamatzen ari ziren. Gero, hamar minutu beranduago, txistu bat aditu zen, lurrunak tren makinako zainetatik igarotzean zegiena, alegia. Hiri txikiko goiztiriko lasaitasuna joan zen, eguneroko zalapartak ordezkatuz. Tren makinek orro zegiten, txistuek garrasi, eta motorrek hatsanga atsedenik gabe. Trenen bidetiko aldaketak zarata gehitzen zuen.

        — Putakumea! —birao logaletu bati bertze batzuk jarraitu zitzaizkion ahoz-aho iraganez—. Madarikatua! —bertze birao bat nabarmendu zen eztul eta zintzur erlatsen kakofoniaren artean. Eztulek eskaleen biriketatik iragazten zirela ziruditen, baina geratzen ziren ahotik txu egin aurretik.

—Kaka! —bota zuen agure batek.

        Bat-batean tren-makina baten irrintzi luzeak zulatu zuen airea abiatzerakoan, hogeiren bat metro hegoalderantz. Birao txanda berri bat aditu zen, azkeneko oina»... zuen ama» zelarik. Gorputz erreldo batek bira erdia eman zuen.

        Ez zirudien hotsak guttitzera zihoazenik. Tren pilotik uhinka zetorren ke beltzak kiribilka egin zuen gorantza zerua lanbrotuz. Zubitik hamar metro hegomendebalderantz, lurrunezko uhaga batek izugarrizko hasperena bota zuen, laster burrunba bihurtu zena eta ondoren, trenen motorren zarata bera ere gainditzen zuen orroa. Baina eskaleek ez zieten jadanik kasurik ere egiten, eta lo gozoari berrekin zioten.

        Ilargia kolpez ezkutatu zen ekialdean eta egun berriaren argia zeruertza zulatzen hasi zen. Iluntasuna pixkanaka-pixkanaka ezabatuz, egunsentiak bizia piztuarazi zuen zubiaren inguruan. Jendea zubiaren gainetik igarotzen; gehienak azokara zihoazen. Denborarekin oinotsen burrunba haundiagotu zen, zubiaren gainetik iragaten ziren hanken kopurua haunditu ahala. Egun berria etorria zen eta astiro, zubipean, eguzkiaren argia iragazten hasi zen.

        Bederatzi eskale, gizaseme eta emakume, hasi zen banan-bana ernatzen. Eseri ziren. Dardar egin zuten, eta gero eztul eginez zintzurrak garbitu zituzten. Agudo, eskale guztiak erne zeuden bat ezik, iritsi berria, etzanda jarraitzen baitzuen. Eztul multzoaren oihartzuna zabaldu zen zubiaren arkupean. Banan-bana eskaleek beren buruak zutitu zituzten eta erdi errastaka ibai ertzera egin zuten elefante-belarren artean desagertuz, gero berragertuz behean ibai ondoan. Uren ondoan totorika jarri ziren euren beharrak egitearren, eta gero bustitzeari ekin zioten.

        Eskale bakar bat zegoen orain zubipean. Lurrean etzanda hortzaz goiti. Zangoak luzatuta zituen zuzenzuzen eta burua zubiaren zutabe baten oinarrian zetzan. Eguneko lehenbiziko euliak agertu eta bere aurpegiaren gainean jira biraka hasi ziren. Geltokitik zetorren soinua eta zarata gero eta haundiagoa izanagatik lasai lasai zegoen, lo itxura batez eta batere kezkatu gabe bere inguruko munduarekin. Tren batek txistu egin zuen eta bagoi prozesio bat abiatu zen trenbidetik, hogei metro hegoalderantz. Leihoetan ikus zitezkeen merkatarien aurpegiak, haien gaiak Cepuko azokan saltzera zihoazenenak. Eta trenaren beheko aldean, zubipean, haien hondakinak sakabanatuta zeuden nonnahi: banana, teka, eta bertze zenbait hosto mota, bildukinak bezala erabiliak izan zirenak, anitzek pastel eta janari zatitxoak oraindik itsasita zituztela. Lumak eta hezurrak ere sakabanatuta zeuden ikatza eta errauts moltxo baten inguruan, su anitzetako supazterra, katu, zakur eta oilaskoen hezurdura ustelduak prestatzeko erabilia.

        Eskaleak unetxo batez begiak ireki zituen, inguruari begiratu, eta ostera ere itxi zituen bere burua parrerantz jarri eta lo egiteari berrekin aurretik. Behekaldean elefante-belarra mugitzen hasi zen berriz ere. Handik eskale luze, mehe bat agertu zen, kukutuz ibaiertz aldapatsua nekez ateratzen zuen bitartean. Eskale lokartua zetzan lekura hurbildu ahala, begiak zabalduz joan zitzaizkion. Belaunikatu eta makurtu zen hurbilagotik so egiteko.

        — Hardo! —oihu egin zuen ustekabe atseginean.

        Ahozpezka zegoen eskaleak mugitu eta jira egin zuen bere gainean zegoen gizonari begiratzeko. Begiak kliskatu, igurtzi, eta eztul egin zuen eserita jarri aitzinetik.

        — Dipo, zer ari haiz hemen egiten? —galdetu zuen ahoa zabaldu eta nagiak ateraz. Bere begi gorri eta urtsuak igurtzi zituen.

        — Hardo! —oihu egin zuen berriro ere Dipok. Pozez beterik, hasperen egin zuen, eta eskua luzatuz Hardorena hartu zuen. Gero, eskuaz lurra orraztu ondoren eseri zen—. Uste nian bart harrapatu hindutela.

        — Ni harrapatu? —irri egin zuen Hardok—. Hortxe, hortxe, baina ez naitek oraindik harrapatu —besaurrez lehortu zituen malkoak berriz ere.

        — Behin erran nian —Diporen ahotsa gogorra zen— saltsatan sartuko hauen gauza bakarra emakume bat duala. Eta bart gertatu huena nere aholkua ahazteagatik gertatu ahal izan huen —Dipok nagiak ateratzerakoan bere saiheskiak eta bularrezurra ageri-agerian geratu ziren. Besapeko ileak tente jartzen ari zirela zirudien. Ezpainak lerro mehe bat bihurtu arte estutu zituen, bere bibote zaindugabeak haundiagoa ematen zuelarik.

        — Ez al duk hala? —galdetu zuen Dipok, baieztapenaren bila, bere ipurdia zubiko zutabearen kontra paratzearren mugitzen zuen bitartean.

        — Ez nauk oraindik ere ezagutzen, Dipo —bazirudien Hardo barkamena eskatzen ari zela hitz egiterakoan—. Eta ez haiz inoiz gai izan nere sentimenduak ulertzeko edo ezagutzeko, hain garbi dirauten oroimenen edertasuna, oroimenak, zeintzuk gonbidatzen bainaitek haiek berbizitzera eta nere ahalmen guztiz haietan murgiltzera —Dipok egindakoari jarraituz altzairuzko kable baten kontra etzan zen.

        Dipok muzin-keinuak egin zituen.

        — Txoriburua! —birao egin zuen japonieraz—. Baheki zein kezkatuta ninduan bart hiregatik lotsatuko hinduke modu horretan solasteak —hankak luzatu zituen lurrean—. Hoa hire burua garbitzera —erran zion totelka Hardori. Hardo zutitu zen, itxura batez neka-neka eginda eta ibaiertzera abiatu zen. Bere atzean, angelua eginez, altzairuzko seinalea zegoen. Belarren artean desagertu zenean, Diporen begiek ibaia miatu zuten eta arretaz begiratu azkar eta jirabiraka zihoazen urei. Ibaia eta inguruak jendez betetzen hasiak ziren.

        — Gizarajoa —murdurikatu zuen Dipok—. Baina horixe da gertatzen zaiona gauzak errexak izan dituen edozeini —arrazoitu zuen—. Bere burua guzti horiek gabe aurkitzen duenean, bere oroimen ederrak gaitz bihurtzen dira —begira-begira gelditu zitzaion Hardori, zein ibaian bainatzen ari zen—. Baina nor da errudun? Jendea duen horretara egiten da. Beraz, nola bota diezaioket errua Hardori? Agian arrazoia du. Beharbada ez lirateke denak ados egonen, baina apika berarentzat ongi legoke. Jendea duen horretara jartzen da; denei gertatzen zaie gauza bera —alde batera eta bertzera beha geratu zen. Bere begiek ibaiaren iparraldean zegoen bihurgunea aztertu zuten. Bihurgune hartan, non ibai ertzak banbu berde mukuru izugarriez josita zeuden, bazirudien ibaia gelditu egiten zela.

        Berriro ere Hardori begiratu zionean, ikusi zuen bere lagunak bainatzen bukatua zuela.

        — Gizarajoa —xuxurlatu zuen ostera ere—. Begira zer gertatu zitzaion bere familiari gugatik... potto egin genuelakoz.

        Lubeta aldera eginez, Hardo desagertu zen belar geruza usuan. Berragertu zenean bere aurpegia gorri zegoen nekeaz.

        — Gizarajoa —errepikatu zuen Dipok.

        Ura oraindik zerion Hardoren atzeari zubipeko bere tokira itzuli zenean. Bere iztapekoa lehortuta zegoen baina iletik bizkarrera ur-xirripak zihoazkion. Lehen eserita egon zen lekuan eseri zen.

        — Zer gertatu huen bart? —galdetu zuen.

        — Txoriburua! —birao egin zuen Dipok—. Kontu haundigoz ibili behar duk, Hardo. Zirineriak banan-banan erasotu ziek gure lagunei; orain, polizia militarrak harrapatu izan bahindu... Halere, ni ez naitek harrapatuko. Nik, bederen, ez diat inolako orbainik. Baina hik? Hire besoan daukaan orbain horrekin, errez antzemanen haute.

        Hardok eskuineko besoan zeukan orbain luzeari so egin eta burua dardaratu zuen. Burua mugituz onartu egin zuen eta txintik erran gabe lagunari begiratu zion.

        —Badakik, —Dipok aurrera egin zuen doinu irakasgarrian— hire orbain hori epaile zein borrero duk. Japoniar baionetak utzitako seinalea izanen duk hiretzako betirako zorigaitza. Hori duk hire zerbitzuaren aitorpenean Holandar Ekialdeko Indiek eman diaten domina bakarra —Hardok irri egin zuen—. Orain uste diat guardia zibilean hengoenean, Surabaya defendatzen, etzegoala diferentzia haundirik hil-minetan dagoen ahuntz pozoindu bat salbatzera ahalegintzen denarekin. Epa... —bazirudien zerbait gogoratu zuela—. Baduk ezer jateko?

        — Jateko? Bart ibaiko ura anitz edan nian —erantzun zuen ahulki Hardok.

        — Beraz, oraindik eusten diok hire botuari?

        — Bai —erantzun zuen mozki Hardok—. Eta jarraituko diat Karminek buelta eman eta bere saldukeria aitortu arte. Gure aldera itzuli arte.

        Dipok marmar egin zuen. Zubiak, dardar zegien jende, zaldi, bufalo, behia eta ibilgailuen harat-honatekin. Zubia, ekialdetik zein mendebaldetik, zeharkatzen ari zen jende kopurua haundiagotu egin zen. Baita ibaira bainatzera jaisten ari zen jende kopurua ere. Bufalo eta azienda taldeak zaintzen zituzten gazteek uretara zeramatzaten animaliak, eta iraka eta beiarrez egindako errazko zatarrez atzekaldeak marruskatzen zizkieten. Andreak arropa garbitzen ari ziren, arroza hurrengo otordurako, artoa, eta baita euren buruak ere. Haurrak, berriz, jolasten ur hori zikinetan.

        Oilo bat alboratu zitzaien eserita zeuden gizonei kasurik ere egin gabe. Lurra zarrastatu ondoren, dei egin zien txitoei. Hauek, korrika ondoratu zitzaizkion amari eta mokoka hasi ziren lur harrotuan.

        Eskaleek so egin zieten oilo eta txitoei.

        — Bai, botoari eusten ari natzaiok —errepikatu zuen Hardok. Bere ahotsa serioa zen—. Ez diat naturak berak, berez, ematen ez duen ezer janen.

        — Hi izan haiteke ekialdetar misteriotsuaren eredua, baina hire neskarekiko sentimenduak kontrolatu ahal izan arte...

        — Bazekiat, bazekiat —ibai dantzariari beha ari zitzaiola, Hardoren aurpegiak halako distira hartu zuen. Irribarre egin zuen bere burua defendatzerakoan—. Gure biziko zati bat sentimenduar ematen zioagu, bertze bat jakinduriari, eta bertze bat burugabekeriari. Horrela zihoak bizia, baina guzti horren ondotik, geure buruak heriotzeari eskaintzen zizkioagu. Horrelakoa duk denen bizia.

        — Baina egoera honetan, hemen eta orain —aharratu zen Dipo— ez zegok senti mend uarentzako tokirik, pizarrik ere. Eta ezin badituk hire sentimenduak kontrolatu, ez duk lau ordu gehiago bizirik iraunen!

        — Bazekiat intentzio ona duala, Dipo. Bazekiat nere segurantzaz kezkatuta hagoela. Estimatzen diat hori, baina gomutatu ere egin behar duk gizona ez duala beti indartsu izaten ahal. Ez duk hala uste? —galderak ahalketua edo, Hardok burua makurtu eta hatzez lurrean zulotxoak egiteari ekin zion—. Pertsona ahulen zegoan une berean, etortzen duk sentimendua. Eta ezpatak bezain azkar kolpatzen dik.

        — Kaka zaharra! moztu zion Dipok—. Hire burua hodei batean zegok. Hauxe duk jasan ezin diadan eleka. Ulertzen? Altxa ezak burua, gogor ezak kokotza, pentsa ezak errekluta labekada berri bat entrenatzen ari haizela. Aurrerantz aurpegiak! Argi begiak! Erne belarriak! Egizak oihu: — Egin hau, egin hori! —ixilduta begiratu zion bere lagunari, baina Hardoren buruak makurtuta zirauen—. Ahantzi zaik hire soldadu zina? —bere lagunaren ezpanei so egin zien, baina Hardok ez zuen burua altxatu; hatzez lurra zulatzen jarraitu zuen—. Soldadu haiz eta beti soldadu izanen haiz. Agian ahaztu ahal izanen duk japoniarrei egindako soldadu zina, baina ezin haiz ahantzi Sampur Lezean egin huen soldadu zinaz. Ez hadi ezta saiatu ere! jaso ezak hire ezpata behar izanez gero; egizak tiro egin behar baduk. Guzti horren ondoren... eta bakarrik orduan, izanen haiz hire soldadu eginbeharretik libre, inork ez dik oztoporik jarriko neskaren ezpainak dastatu nahi badituk.

        Dipok Hardoren eskuari, zein lurrean irudiak marrazten ari baitzen, begiratu zion. Gero, haiengandik urruntzen, ibaiertzerantz zihoan oiloarenganantz jiratu zituen begiak.

        — Eta bart arratsean... —hasi zen Dipo. Hardok utzi zion lurra zulatzeari lagunari behatzeko—. Gure batailoi buru ohia jaitsi huen honat, zubipera Karangjati barruti buruarekin. Ez, ez zeuen aita. Aditu duk zerbait, ez da? Zuen aita kargutik kendu ziatela?

        Hardok burua mugituz baietz adierazi zuen eta begiratu zien bere lagunaren zoldak jandako besoei eta hitz egiterakoan egiten zituzten gehiegizko keinuei.

        — Bai. Eta Karmin ere bai. Karmin, pelotoi burua!

        — Karmin? —ahoskatu zuen Hardok harriturik. Dipok burua mugituz baieztatu zuen—. Beraz, ihes egin hien bataloi buruari eta Karmini?

        — Egingo ez niean ba —irri egin zuen Dipok lorpenarekin harro.

        Hardoren begiak zabaldu ziren; ahoa, berriz, erdi zintzilik geratu zitzaion.

        — Nola lortu huen? Elefantea bezain garaia haizen horrek. Zer egin huen? Zutabe bihurtu?

        Bi gizonek, eskuak lurrean behatzen gainean jarrita, eltxoen zain dauden igelak ziruditen. Dipok irribarre harroa egin zuen jarraitu aitzinetik.

        — Bizkar bat behera bota nian eta eskuineko eskua erabat bihurtu. Bufoi elbarritua ematen nian! —Dipok uhu egin zuen. Gorputza ajariek dardartu zuten. Hardok ere irri egin zuen—. Etzaala sinetsi —erran zuen Dipok harrotuta—. Ez dituk pentsa dezakean bezain arriskutsuak. Hire sentimentaltasuna duk arriskutsua, hire gizonen bizi-egoera, eta hire eskuineko besoan daukaan orbain hori —Hardoren besoko zaztada-marra seinalatu zuen aginkeriazko keinuaz.

        — Zer erran ziaten? —galdetu zuen Hardok lasaiki, bere begiak Diporengan. Dipok irri egin zuen. Bere aurpegiak distiratzen zuen batailoi buru eta Karminengandik egindako ihesaldia kontatzerakoan.

        — Karangjatiko buruak erran zianetik, ondorioztatu nian Kaliwangangoa izan huela, eta ez bertze inor, hire berri eman ziana! —Dipok eten egin zuen Hardori behatzeko. Sabelean ostiko bat eman bailioten, Hardok gorputza kuzkurtu zuen—. Beraz, orain espero diat, Hardo, ez haizela hain sentibera izanen —erran zion ahots eme eta onberaz.

        Hardoren begiek zubitik ibaiaren bertze aihekarainoko bidea egin zuten; gero, Hardok hasperen egin zuen.

        — Aiherrak ematen zidaan —erran zuen goibel.

        — Aski duk kaka sentimental horrekin —bota zion lazki Dipok—. Zenbat aldiz erran behar diat? Hamar, hogei?

        Hardo beha-beha gelditu zitzaion Dipori.

        —Ez didak irain egin beharrik —erran zuen Hardok samindurik.

        Dipok hitzetik hortzera bota zion erantzuna.

        — Beno, aholku onei kasurik egin ez eta ekintzei aurre ematen ez ziean pertsonak iraina merezi dik!

        Hardok, ihardespena irentsiz, eserita jarraitu zuen gogoeta ixilean. Dipok aurrera egin zuen.

        — Dagoeneko, harrapatu zitean gizonei burua moztu izanen zitiaten Jakartan. Japoniarrek gainera Gambir Parkean egin izanen diate hori, jendea paseatzera ateratzen huen ibiltokian. Beraz, Hardo, mesedez, ez iezaiek eman zerrenda luzatzeko aukerarik —bere ahotsa onbera, baina lehiatsua zen—. Eta Karminek bart arratsean —Hardok Diporen besoari heldu zion— Karminek erran ziean bertzeei ez hintzela ziur aski han izanen, eta hobe izanen huela herjauna atxilotzea, bere txostena egiazko huen ala ez ziurtatu arte.

        — Bart arratsean erran zian hori?

        — Bai, baina barruti buruak zera erran zianean, «Ez, ezin dugu halakorik egin. Baina bere aita atxilotzen ahal dugu». Batailoi buruak koleratuta zirudien, ezer ez erranagatik. Jesus, hagitz gorrotatu behar hau, Hardo! Hi izan hintzen, oroitzen?, boseatzeko erronka egin zioana, ondoren hantxe erraustuz. Horren ondotik, barruti buruak erran zianetik, enteratu ninduan zelataria ziatela Chingen joko-etxean. Ez zekiat Ching hori nor duan, baina txinatarra behar dik. Hala eta guztiz ere, horrek ez dik erran nahi gure aurka zegoanik. Ikusi al duk zuen aita?

        — Gure aita... —erdimintzatu zen Hardo—. Bai, une batez mintzatu ere egin nauk berarekin, baina ez luzaroan; zaintzaileek eta gazte taldeek erasotu ziaten bere etxola.

        — Baina hanka egin huen.

        — Bai, hanka egin nian.

        — Beharbada zuen aitak saldu hinduen. Nondik ezagutzen huen zuen aitaren gordelekua?

        — Suertatu egin ninduan han.

        — Zuen aita urteetan gora zihoak, ez da? Ez lioake eutsiko torturari. Kontuz ibili beharko huke, Hardo!

        Hardok burua ahulki dardaratu zuen.

        — Ezinezkoa duk hori —erran zuen bere burua ziurtatu nahian edo—. Ez nindikek inoiz salduko. Ez zekian nor ninduan ere —tristeki hitz egin zuen: —Matxinadagatik galdu nian ama. Ez diat aita ere galdu nahi.

        — Jesus! Zeri buruz ari haiz? —bota zuen Dipok—. Begira zer duan aurrean. Ezpata edo, borreroaren besoa nekatuta bazegok, bala bat buruan dauzkak aukeran. Eta zuen aitak kezkatzen hau? Oraintxe bertan, ez duk esistitzen ere! Serio ari nauk. Buruan eduki beharko hukeen gauza bakarra hire gizonak dituk, zein Jainkoak zekian non ote dituan eta zuen aitak baino hagitzez sufrikario haundiagoa izanen diaten.

        Tren baten txistu hotsari ixiltasuna jarraitu zitzaion. Eta gero, pixkat beranduxeago, bagoi erreldo bat iragan zen trenbidetik Cepurantz.

        — Ahantzi behar duk sentimentaltasuna —berrekin zion Dipok berriro ere, agindu moduan Hardorentzat, zeinek lurrean marrazten jarraitzen baitzuen behatzak erabiliz. Egindako marrazkietan pistolaren irudia hasi zen agertzen—. Ekialdeko Indiak erortzen ari hituelarik burrukatu hintzen japoniarren aurka Surabayan. Horregatik japoniarrek urte batez sartu hinduten Mojokerto Presondegian. Bolondres indonesiarra hintzenean haien aurka matxinatu hintzen. Eta oraindik ere burrukan ari haiz. Jainkoaren izenean, Hardo, dagoeneko soldadu eredua beharko huke! Ahantzi itzak aita eta andregaia. —belarriak erne jarri zituen geltokitik zetozen oihu hotsak zirela eta—. Une honetan ez diagu buruan ez denborarik ez lekurik bertze jendeaz arduratzeko. Heure buruak kezkatu behar hau. Beraz, zein duk orain hire sentimendua Karminekiko?

        — Ez desberdina —erantzun zuen hozki Hardok. Eskua altxatu eta airean dantzatu zuen.

        — Oraindik defendatzen duk?

        — Bai.

        — Orduan erotuta hago. Harrapatu behar diagu; horretan ados negok hirekin, hortik aurrera inondik ere —ixilik, Hardori begira geratu zen Dipo—. Horrek ahultasuna adierazten dik higan —bat-batean irriz orroka hasi zen—. Harrapatu eginen diagu eta, hik ezin baduk, nihaurek moztuko zioat lepoa. Hartzak buruan, Hardo.

        Gure gizonetik hamarri moztu zietek burua jakartan. Ez duk bere saldukeriaren nahikoa adierazgarri?

        Hardok begiak altxatu eta Dipori behatu zion, irri egiten jarraitzen zuenari. Diporen burura igotzen zen odolak belarri muturrak iluntzen zizkion. Bere bizar luzeak bularrezurra igurtzen zion.

        — Nere sentimenduak ez dituk ahultasunaren adierazgarri —izan zen Hardoren ohar pentsakor eta tristea.

        Irri zegielarik Diporen biboteko ileak tente jartzen zitzaizkion.

        —Ez alajainkoa —xuxurlatu zuen ziurtasunez—. Kaka pila bat duk!

        Hardok zerura begiratu zuen, Diporen eleketa entzuteko gogogabetua. Burua jiratu zuen zubitik urrats hotsa zetorren tokira.

        — Badiat uste, Dipo, hi baino ospetsuagoa nauala hemen barna! —burua beheratu eta ezkerreko hanka eskuinekoaren gainean paratu zuen—. Halere, izan litekek inguru honetakoa naualakoz.

        — Eta horrexegatik, lagun, sentiberatasuna duk hire areriorik haundiena.

        Odola aurpegian pilatu zitzaion Hardori.

        — Beharbada —hausnar egin zuen samindurik, baina lasaitu zen galdera egiteko adina—, zer erran zian Karminek horren ondotik? —buru-belarri entzun zion Diporen erantzunari.

        — Karminek iradoki zian Kaliwangango burua atxilotzea, eta begia edukitzea zuen aitarengan. Bataloi buruak hire andregaia atxilotu behar ote ziatenentz galdetu zianean, Karminek erran zian ez huela beharrezkoa izanen.

        — Egiatan?

        Dipok baietz adierazi zuen burua mugituz, baina ondoren zera oroitarazi zion Hardori:

        — Ez al duk orain ikusten nola hire sentimenduengatik, hire sentimentaltasun zoro horregatik zenbat jende kakaztu duan. Beharbada ez duk hire andregaiaren berri? —Dipok so egin zion Hardori, bere erreakzioa ikustearren.

        Hardok goiti eta beheti mugitu zuen burua.

        — Banekian atzo arratsaldetik —gehitu zuen Dipok.

        Hardok arreta berezia jarri zuen Diporen hitzetan. Halako kitzikapen distira agertu zen bere begietan.

        — Bazekiat zertan ari haizen pentsatzen, Hardo. Zerbait jakin nahi duk Ningsihz. Liburu irekian bezala irakurtzen ahal diat hire aurpegian!

        Hardok burua makurtu zuen berriz ere.

        — Bai, hala duk —erran zuen ahomotelka.

        — Hire andregaia —Dipok besoa altxatu zuen seinalatzeko; Hardok burua jaso zuen ostera ere— hemendik hirurogei metrotara baino ez duk bizi —besoa berriro beheratu zuen.

        — Baina zer esan zian batailoi buruak? —galdetu zuen

        Hardok Ningsihren aipamenik egin gabe.

        — Iradoki zian zuen aita, hire andregaia eta bere aita, buruzagia, atxilotu beharko litizkeatela hi harrapatu eta hire lepoa Jakartan moztua izana arte. Orduan askatuko lituzketela.

        Biak, Dipo eta Hardo, hausnar egiten geratu ziren. Goizeko haize arina mugitzen hasi zen eta banbu muturrak dantzatzen. Banbudiak xuxurlatu egiten zuen binbilikatzean. Ibaian zegoen jendetza urritu zen, eta bihurgunetik, banbudi ondotik muskerren txutxumutxua etorri zen kafetegi baten ataritik bezala.

        — Lastima duk ez genizkiala Karminen koloreak ezagutu saldu gintuan arte —arranguratu zen Dipo—, eta ehizeko animalia bihurtu gintuan arte —zutitu, nagiak atera, eta berriro eseri zen. Bizarra pailakatu zuen, bere eskua luzatuz, apaiz eskalearen gisa. Tente eseri zen, zubiko zutabetik bere karga lekutuz, baina gero etzan zen hosto kolorge eta beratuek eratzen zuten oinoihalean. Euliak hegabiraka zebilzkion solasten zen bitartean—. Hau bezalako goiz batean bai pozik hartuko niala kale katilukada bat, lehen egiten genian gisan, kale katilukada on bat. Pentsazak Hardo. Ez genian kafe katilukada bat gustora hartuko?

        Hardok burua dardaratu zuen.

        — Zer gehiago entzun hien?

        — Zer gehiago? Hmmm... ezin nizkiean aurpegiak ikusi, baina zeramatzatean argiez ingurua arakatu eta joan ez zituanen besoei erreparatu zieaten. Ez ziaten deus berezirik erran, baina garbi zegoan Karminek zuela agintea. Berak lortu zian batailoi buruak iritziz aldatzea; baina, ez, ez diat ezer berezirik gogoratzen.

        Hardok entzungor egin zien Diporen oharrei.

        — Baina zer erran zian Karminek?

        — Berarekin jeloskor hengoela —bazirudien Dipo Hardo zirikatzen ari zela.

        Hardo ez zitzaion lotu.

        — Zer erran zian? —galdetu zuen berriro.

        — Andrea ez atxilotzea hobe izanen huela erran zioan Karminek batailoi buruari. Ez huela gizabidetsu izanen erran zian. Eta inozoak goraipatu zian Karmin bere lerdakeriagatik. Erran zian Karmin benetan adoretsu huela, gerlariaren odola zeukala —bi gizonek irri egin zuten—. Uste diat zerbait egin beharko geniakeela Karminekin. Eta lehenbailehen hobe —gaineratu zuen Dipok—. Eragin haundia dik japoniarrengan, eta oraindik haundiagoa bere gizonengan. Erraustu behar diagun herdoila duk —Dipok txu egin zuen lurrean. Bere ahots isekariak bazirudien erantzun bat eskatzen zuela—. Jeloskor hago berarekin?

        Hardok ez entzunarena egin zuen.

        — Beraz polizia militarra ez huan etorri bart?

        — Ez, eta pixkat harriturik nengoan. Baina, baina... Jesus, goseak negok. Eta hi?

        — Ez!

        — Ederki. Hik elikatzeko egin huen promes hura daukak. Agian ongi zegok hiretzat, baina ez neretzat. Nik ez niake halakorik sekula eginen.

        — Jarraizak. Zer gehiago erran ziteen?

        — Hardok gakoen bila segitzen zuen.

        — Horren ondoren alde egin ziaten; hori duk dena. Baina aizak, eraso horretarako errekluta guztiak atera zizkiaten —besoak altxatu eta buruaren atzean gurutzatu zituen burupeko moduan—. Eta hemengo jendea ez zegoan batere nardatuta! Ni ere hemen nengoan eta, une batez behintzat, ikaraturik ere bai. Eta nihaurek ere haiek madarikatzeari ekin nioan.

        — Eta ni? —furrust egin zuen Hardok.

        — Zer erran nahi duk? —itaundu zuen Dipok—. Ia-ia harrapatu ninditean, badakik.

        — Hire errua izan huen —buru azpitik eskuak atera eta hankak bildu zituen orpoak lurrean jarriz—. Zer deritzok Karmin garbitzeari?

        — Ez —Hardoren ahotsa serioa zen.

        — Ez? —Dipok enborra jaso eta tente eseri zen bere lagunari behatzeko—. Egin dian kalte guztiaren ondoren?

        — Pentsa ezak eri zegoala, Dipo eta bere ekintzak gaixorik zegoan gizon batenak dituala, daukaan gaitzaren ondorioa. Ezin duk horregatik epaitu. Ez zekik zer egiten ari duan. Eta ez duk gorrotatzeko arrazoirik.

        — Zer? —erran zuen Dipok suturik—. Nahi duan guztia arrazionalizatzen ahal duk —aurpegia gorritu zitzaion eta bekaina ilundu— baina burua hodeietan daukak! Soldadu eredua beharko huke eta agian bahaiz. Apika egin dezakek eskatzen zaiana, baina ez negok ziur, ez behintzat amets egiteari utzi arte.

        — Ixo! —eten zion Hardok. Dipo zutabearen kontra etzan zen eta begiak itxi zituen, Hardoren eleketa entzunez neska gazte batek etorkizunerako bere gizongaiaren planak entzunen lituzkeen moduan—. Entzun. Soldadu eredua haiz, bata, eta beharbada noizbait jeneral ere izanen haiz, ikusirik matxinatzeko eta burruka egiteko azaldu hituan gorriak, eta gero ihes egiteko agertu huen adorea. Baina... —Dipo begira geratu zitzaion Hardori—. Baina Karmin ez duk halakoa. Eri zegok. Ezagutzen diat. Ezagutu izan diat haurrak ginduanez geroztik. Ongi ezagutzen diat. Gizon ona eta zuzena duk. Baita fiderra ere. Agian egin edo egin ez zianaren ondorioak jasatzen ari gaituk. Baina saldukeriak, hala izan bahuen ere, ez dik betirako irauten. Jendea alda daitekek. Baduk erabat barrengaiztoa duanik?

        Dipo ixilik geratu zen bere belaunak altxatu eta hagaren kontra berriro jartzen zen bitartean. Bere aurpegiera nahigabeak gorritua zeukan eta nahikoa lanez ahalegintzen ari zen lasai egon eta Hardoren defentsa entzuten. Bere begiak alde batetik bertzera zihoazen, une batez ibaiertza azpimarratu eta goizeko haizeak kulunkatzen zituen banbuetan pausatuz. Gero behean zegoen ibaiaren marrari, non haurrak beren bufalo eta azienda garbitzen ari baitziren, jarraitu zitzaizkion. Uretatik ateraz, igo zuten pareko ibaiertza, non emakume gazteak gora eta behera zebiltzan beren gerrietan legarraz betetako saskiak garraiatzen. Ondoren, pareko errepidean eskolatik ateratzen ari zen nerabe lerro bati erreparatu zion.

        — Ongi ezagutzen diat —azpimarratu zuen berriz ere Hardok—. Eta bai, porrot egindako matxinada aurretik, agian saldu gintuan. Baina hartzak hau buruan, Dipo; saldu bagintuan oharkabean egin zian.

        — Kaka —murdurikatu zuen Dipok berriro ixilik geratu aitzinetik.

        — Entzun —erregutu zuen Hardok—. Badakik ezkontzeko zegoala, ez da?

        — Kondu kontari hasi behar ala? —galdetu zuen hozki Dipok.

        — Bai, eta entzun behar didak —erran zion Hardok.

        — Eta, doike, behartzen ahal nauk hire arrazonamenduak entzutera.

        Hardok entzungor egin zion erronkari.

        — Entzuidak, bai? Karmin ezkontzeko zegoan, banekian. Hihaurek ere bahekien. Baina hik edo nik ezagutzen ez geniana, eta berak ere beranduago aurkitu ziana duk bere andregaia hanka egin eta ezkondua huela herrialdeko buruzagiarekin.

        — Eta horregatik bihurtu huen traidore? —Dipo sinesgabe ageri zen.

        — Bai, horregatik bihurtu huan traidore, baina oharkabean egin zian.

        — Hori txorakeria sentimental pilo bat baino ez duk, lagun —bota zion Dipok—. Bere neskak utzi ziala eta bihurtu huan traidore. Badik horrek inolako zentzurik!?

        — Bai, badik.

        — Eta horregatik defendatzen duk?

        — Bai.

        — Kaka sentimentala! Itxaropenik gabeko zaborra.

        —Agian.

        — Orain ulertzen diat zergatik. Hura defendatzen ari haiz bakarrik hi ere maitemindurik hagoelakoz. Hori duk benetako arrazoia.

        — Entzun, nahi duk! —erran zuen Hardok gero eta haserreago— Sentimentala nauan ala ez, hori nere arazoa duk. Baina hihaurek ere onartu beharko duk amodioa pertsona baten biziaren zati garrantzitsu bat duala.

        Hardok ez entzunarena egin zion Diporen irri zinikoari.

        — Amodioa biziaren zati garrantzitsua duk eta gertatu huena gertatu huelakoz Karminen itxaropen guztiak birrinduta gelditu hituan. Oinarria, zeinen gainean eraiki baitzituan bere itxaropen guztiak, bat-batean desagertu huan. Eta, ohartuz ala ez, min egin nahi izan zian, bertze gainekoek ere galera bera suma zezatean. Eta hala beharrez gu izan gintuan berak saldu zituenak —Hardoren begiradak arnasa sakona hartuarazi zion Dipori—. Balitekek traidorea izatea. Inork ez dik hori hirekin eztabaidatuko. Eta bazekiat mundu honetan mendekua baino gauza arruntagorik ez duala. Baina azken finean, horrek denak bukagabeko errota batean sartzen gaitik, bertzerik ez.

        — Heure burua eta nor haizen ere atzentzen ari zaizkik —gogorarazi zion Dipok—. Soldadua haiz! Ezin haiz betirako ameslaria izan!

        Hardok begiak itxi eta lasaiki hitz egin zuen.

        — Ezin haiz behingoz ixilik egon eta entzun? Ekialdeko India Holandarrak ikaragarri indartsutzat jotzen genizkian, baina egun gutti batzuetan japoniarrek belaunika jarri zituztean. Pentsazak. Japonia orain agintean zegok, baina egunen batean, hihaurek ere dakian bezala —gerla hurbiltzen ari baituk— erori eginen duk. Baina japoniarrek eman zigutean independentzia promesak nazio kontzientzia sortarazi dik eta egunen batean, nork zekik...

        — Ametsetan ari haiz, Hardo! —Dipok begiak hertsita zeuzkan solasterakoan.

        — Ixo, Dipo, hago ixilik! —oihu egin zuen Hardok. Dipok, bat-batean, begiak zabaldu zituen bere aurpegiak isladatzen zuen nahigabea ageri-agerian agertuz—. Karminen indarra behar diagu, bere eragina, trebezia, eta bere gizonak. Gerra gero eta hurbilago zegok. Japoniarrek lehorrean izanen den gerrari buruz nahi adina oihu egiten ahal ditek —furrust egin zuen Hardok— baina Balikpapan erori duk eta Surabaya eguneroko erasopean zegok. Laster, bai, laster, Japoniak epaiketa egunari aurre egin beharko ziok. Eta hori gertatzen duanean, herri hau berreskuratuko diagu. Apokalipsia izanen duk.

        Zubiaren goiko izkinean hankamehe pare bat agertu zen. Dipo eta Hardoren begiak zabalduz joan ziren, hankak behera zetozelarik. Hankak gero et~i luzeagoak ageri ziren, azkenean gizonezko eskale baten enborra eta burua azaldu arte. Zapi lohitu eta zirpilduek biltzen zuten bere soina, lepotik zurmioetaraino. Gizonak ezkerreko bizkarrean burusi bat zeraman. Eskuineko eskuan koko oskol bat, erremusinetarako. Zubipetik iragatean kukutu egin zen, gizonak eserita zeuden tokirantz eginez. Haiengandik hurbil, etzan eta begiak itxi zituen. Segundu batean lo zegoen.

        — Kartiman duk —xuxurlatu zuen Hardok.

        — Bazekiat —baieztatu zuen Dipok—. Inoiz ahantziko ez zaidaanetako ba bi gizonek eskalearen zoldak jandako aurpegiari erreparoan gelditu zitzaizkion. Dipo, gizonaren gainean igel modura kukubilkatuta, betilundurik, begira-begira geratu zitzaion—. Lehertuta behar dik.

        — Kartiman duk benetan —errepikatu zuen Hardok ziurrago, zalantzak bere betarteko zimurrekin batera desagertuz. Hardok lokartutako eskalearen gerria pailakatu zuen—. Epa! —eskaleak begiak ireki zituen—. Epa, zer moduz? —galdetu zion Hardok.

        Erantzuteko, eskaleak begiak itxi eta besoak gurutzatu zituen aurpegiaren gainean.

        — Utz iezaiok lo egiten pixka batez —iradoki zion Dipok Hardori—. Dena den, zer gehiago pentsatzen duk Karmin komandanteaz?

        — Oraindik uste diat ikustarazten ahal zioadala zer egin zian gaizki eta gugana itzularazi. Jainkoaren izenean, Dipo, bederen emaidak saiatzeko aukera, arazoa hire gain hartu aitzinetik. Lagungarri gerta zekigukek. Ez al duk ikusten? —Dipok ezikusiarena egin zion Hardoren begietako itxaropen distirari. Bere begiak lokartutako eskalearen sudur muturrean ezarrita zituen.

        — Har itzak gauzak beren neurrian eta dituan horretan onartu —gaineratu zuen kontuz Hardok—. Errazak nahi duana egin zuenari buruz, baina ametitu behar duk bere erabilgarritasuna. Gerra hurbiltzen ari duk, gugana zetorrek, eserita gaudean toki honetara eta ziurtzat ematen genizkian lekuetara ere bai. Pentsazak zer eginen diaten Aliatuek. Karmin erabiliko ditek zalantzarik gabe! Japoniak garrasi egin zezakek, baina azkenean galdu eginen dik. Gauza segurua duk. Orain bertan, Aliatuak irlak berreskuratzen ari dituk. Japoniak baliogabeko zerrendatzat har zezakek Atlantiar Ituna, itsasoan flotatzen zebilean paper muturtzat, baina nik uste diat badiala indar apur bat —burua mugituz baietz egin zuen—. Nazio guztien eskubidea duk...

        Dipo irriz lehertu zen. Euliek ospa egin zuten hegaka bere ahotik, matelezurra goiti eta beheti egiten zuen heinean. Belarri muturrak ilundu zitzaizkion odol uhinen eraginez, begiak arrail bihurtu, eta gorputza dardarka jarri. Rembang aldetik zama-ibilgailu lerro bat geltokirantz zihoan, ibilgailuen matrakak kontrapuntua jartzen ziolarik Diporen ajariari. Kartimanek, lokartutako eskaleak, bere begi gorrituak ireki zituen unetxo batez eta berriro itxi zituen.

        — Zergatik ari haiz irriz? —galdetu zion Hardok harriturik.

        — Zakila! —birao egin zuen Dipok, irri eginez berriz ere.

        — Ameslari! A zer nolako ameslaria haizen! —uhu egin zuen barreari eutsiz.

        Bazirudien Hardoren gorputza kuzkurtzen ari zela Diporen irriaren eraginez. Galdera ez errepikatzeagatik, alde guztietara begira hasi zen, nahasirik.

        — Ameslari! —erran zuen ostera Dipok, eta irria baretzen hasi zen—. Ahantz itzak amets horiek, lagun!

        — Garrantzitsuena, guk egin behar diagun gauzarik garrantzitsuena duk gure gizonak zaintzea, sakabanatuta zeudean guztiak, eta burruka talde trinko bat berreraiki haiekin. Maukak gora egin behar dizkiagu, atorrik ez badiagu ere! —horrekin batera furrust egin zuen eta bere gorputzak dardar.

        Hardok gor egin zien Diporen oharrei eta begiak harat-honat ibili zituen Ibaiaren iparraldeko bihurgunean. Begiak ezkeldu zituen behin eta berriro. Irribarretxo batek beratu zuen bere aho teinkoa.

        Diporen irria azkenean ixildu zen.

        —Soldaduak gaituk —xuxurlatu zuen—. Eta uste baduk oraindik Karminez fidatzen ahal gaituala, eta beraz garai batean bezain ziur bahago, aurrera hire planekin, baina bakarrik egin beharko duk.

        — Ningsihrekin harremanetan jarri nahi diat.

        — Arriskutsuegia duk.

        — Baina maite banaik, lagundu nahi izanen naik.

        — Ameslari! —txistukatu zuen eta irriari berrekin zion—. Harrapatuko haute. Hori nahi al duk? Arazoen bila habil eta nik ez diat horretan parte hartu nahi.

        Bi gizonak ixilik geratu ziren eserita, arerioak bailiran. Mugitu gabe beraien gogoeta sekretuak hausnartuz. Lurrean, haien ondoan, Kartimanek zurrunga zegien pozik. Hardok bere gainean zegoen altzairuzko kableari heldu zion, aurpegian oinaze keinua zeukalarik. Zubi gainean zegoen zeruari so, ematen zuen Dipo otoitz egiten ari zela. Bien kopetak beltzaturik. Urrunean uhagak orro zegien. Zubiak dardar zegien gurdi eta orgen joan etorriekin, eta haien oihartzunek zutabeak eta altzairuzko kableak ernatzen zituzten. Ibaia bare zegoen, ura hegoalderantz urduri iragaten zelarik bere ohe harritsuaren gainetik. Zubitik jaurtikitako janari bildukinek airean flotatzen zuten, ibaiertzeko belar haundian lurreratu arte. Bertzeak uretara erortzen ziren. Ibaiaren indarrak garraiaturik, poliki-poliki flotatzen zuten hegoalderantz. Tarteka, txistu tantek airea zeharkatzen zuten ur korrontearekin bat egin aurretik. Bi gizonak eserita zeuden, euren gogoetetan sor.

        Eguzkia banbu muturren mailan zegoen unean, zubipeko hutsunea argia xurgatzen hasi zen. Kartimanengan jotzen zuen izpi batek bere sudur muturra argitzen zuen. Marra Hun eta argiek margotzen zuten bere gorputz lokartua. Zubiko zutabe eta hagek, zein herdoilduak baitzeuden pintura mantendu edo lohi geruza batek estaltzen ez zituen toki guztietan, kolore gorrixka hartu zuten.

        Geltokitik zetorren zarata ozendu eta ematu egiten zen. Uhagaren orroa ixildu zen, eta hurbil zegoen lekuren batetik urez leporaino zamatuta zegoen tren makina baten arnasestua adi zitekeen. Ur tantek palast zegiten ibaian.

        Kartimanek lo seko jarraitzen zuen. Bere begiek eta ahoak dardar egiten zuten euliak hegabiraka alboratzen zitzaizkionean. Besoak zeutzan sabelean eta eskuineko hankan, zein angelu zorrotz bat eginez —hain zen mehea— altxatua zuen. Bere gorputza estaltzen zuten oihal zerrendak, josita zeuden han-hemenka anana zuntzez.

        Azkenik, Dipo hasi zen berriro solasean.

        — Ez diat uste Karminengandiko laguntza itxoiten egoteak batere merezi dianik. Luxura erabat jarrita zegok. Bere burua hilen liake bizi hori utzi baino lehen. Ez liake utziko. Bere koloniak galtzeko prest ez zegoan herri aberats bat bezalakoa duk.

        — Baina entzun ezak, mesedez —erran zuen Hardok lasaiki—. Pentsazak eri zegoala. Pentsazak malariak jota zegoala. Ezin duk gorrotatu malariak jota zegoan gizona dardar egiten dialakoz bakarrik.

        — Baina hi soldadua haiz! —Dipok ukabila estutu eta bere ezkerreko ahurra astindu zuen—. Jakin beharko huke horrek zer erran nahi dian, eta beti buruan eduki —zutitu eta nagiak atera zituen—. Banoak errekara pixa egitera —erran zuen. Hardo utzi eta ibaiertzera egin zuen elefante belarrean desagertuz.

        Hardo Kartimani ondoratu zitzaion.

        — Kartiman duk egiatan —erran zuen bere kolkorako.

        Kartimanek hankak luzatu zituen. Besoak sabeletik bazterretara jausi zitzaizkion. Bere betazalak hegazkatu ziren unetxo batez. Gero, alde batera mugitu zuen bere burua.

        — Hain negok nekatuta —murdurikatu zuen—. Gorputz osoa oinazetuta zeukeat —Hardok hurbilagotik behatu zion. Kartimanek intziri zegien ahulki—. Zaintzaileek bitan harrapatu eta egurtu nindutean. Aluak! Ostikoka berotu zidatean ipurdia, beren zapatez. Zenbat ordaintzen zietek japoniarrek jendea egurtu zezatean? —eskuinetara bira egin zuen, bizkarra emanez Hardori, ondoren ezkerretara eta berriro eskuinetara. Azkenean, ireki zituen bere begi odol-gorrituak. Bere bularrean ageri ziren zartada sakonak, jasan zuen torturaren adierazgarriak ziren. Bularrezurra eta saiheskiak nabarmentzen ziren. Luzatu eta Hardoren eskua berean hartu zuen—. Pentsatzen diat ez duala jakinen, Hardo... —eten egin zuen eta begirada bota zuen Dipo desagertu zen lekurantz—. Ez, doike ez dakik. Zuen aita bart arratsean atxilotu ziaten... joko etxean.

        — Gure aita?

        — Bai, zuen aita.

        — Zer ordu huen? —Hardoren ahotsak lasai zirauen, baina bere begiek arreta osoz behatzen zioten—. Ziur hago ez duala hori amets egin edo.

        — Amets egin? —galdetu zuen Kartimanek—. Ziega berean geundean.

        — Zer ordutan gertatu huen hori? —oraindik hurbilagotik begiratu zion Hardok.

        — Goizeko hiru t'erdietan edo. Bortzak aldera askatu nindutean, ipurdian bertze ostiko bat emanez.

        Hardok arnasa sakona hartu zuen. Baretasuna nagusitu zen zubipeko airean. Hardoren begiek, une batez beren onetik atereak, bakea aurkitu zuten ostera ere. Bere gorputza, apurtxo batez teinkatuta, lasaitu egin zen.

        — Non atxilotu hinduten? —galdetu zuen azkenik.

        — Han —Kartimanek mendebalderantz seinalatu zuen—. Barruti etxearen ondoan.

        — Zenbat gehiago atxilotu ziaten?

        — Ez zekiat. Ez zekiat ezta zergatik atxilotu nindutean ere. Besoa aztertu bertzerik ez zidatean egin. Aditu nian polizia bat zera erraten, «Luzea eta beltzarana», eta ondotik bere gizon guztiek nigana jiratu zitiztean begiak. «Izan litekek», erran zian ondoren. Haietako bat paper mutur batean zerbait irakurtzen ari huen. Zera erran zian, «bortz zentimetroko orbaina eskuineko besoan». Eskuineko besoa arakatu zidaaten, eta atxilotu nindian poliziak ostiko bat eman zidaan ipurdian. Itaunketa jasan aurretik zuen aita topatu nian ziegan, eta kontatu zidaan hi gordetzea leporatu zioatela. Beraz, hire bila zebiltzaala ondorioztatu nian. Horregatik, pentsatzen diat ez duala deus aditu izanen —Hardok ez zuen ezer erantzun—. Alde egin behar diagu toki honetatik lehenbailehen.

        Hardok irri egin zuen.

        — Bilaketa amaitu duk dagoeneko. Eta gainera —gehitu zuen— jakinik zein gutti ordaintzen zieaten japoniarrek gizonei, ez dituk sobera ahaleginduko. Ziur hago gure aita atxilotu zutela? —galdetu zuen berriro sinesgaitz.

        — Nihaurek ikusi nian! Eta berak erran zidaan etxoiatik ibaiertzera zihoazan oinatzak aurkitu zituzteala. Halere, aztarnak ibaian galdu omen zitiztean. Horixe erran zidaan. Eta bakarrik hiri kontatzen diat. Dipori hobe deus ez erratea. Badakik nola jartzen duan familiari buruzko berriekin. Pentsatzen diat berak familiarik ez dialakoz duala.

        — Eskerrik asko, Kartiman —murdurikatu zuen Hardok estimatuz; gero eten egin zuen. Kartiman ere ixildu zen. Ohartuz Dipo ibaiertzetik gora zetorrela, Hardok bizi-bizi galdetu zion: —Baduk bertze berririk?

        — Bai, berri izugarriak —erantzun zuen Kartimanek bat-bateko aldarte onez.

        — Botazak.

        — Honek itxaron diezakek Dipo etorri arte —jiratu ziren ibaiertz belartsuari begiratzeko. Behekaldean belar haundia mugitzen hasi zen. Dipo agertu zen eta bi gizonak zai geratu ziren haienganaino iritsi arte; gero Dipo eseri eta zubiko zutabearen kontra etzan zen.

        Dipok, nekaturik, begiak itxi zituen. Bere larru ilun eta sorra orbainez josita zegoen. Begiak zuloetako hondo-hondoan zituen kokatuak eta matelak, ia-ia aurpegi osoa, ileak jana, tximio zahar bat ematen zuelarik. Azkenik, arnasa hartuz, solastu zen astiro.

        — Beno, Kartiman, zer moduz hago?

        — Ongi, ederki, beti bezala —furrust egin zuen hitz egiterakoan—. Noizez geroztik ari haiz zubi honen azpian bizitzen?

        — Bi egun zeramatzat —erantzun zuen Hardok—. Bi egun baino ez. Hamabortzean iritsi ninduan eta geroztik hire zai negok. Ekarri diguk inolako berririk?

        Kartiman pixkat atzerantz mugitu zen, burua ia-ia zutabearen kontra jarri arte. Bere begietan ikus zitekeen distira berri onak dakartzan mezulariarena zen. Hankak gurutzatu eta besoak magalean paratu zituen. Gero, eskuineko eskua itxi eta kokotzpean jarri zuen.

        — Berri izugarriak dizkiat! —Dipok eta Hardok begiak kliskatu zituzten berari so—. Bart Japonian nengoan, hemendik bortzen bat kilometrotara, denda txinatar baten atarian lo. Ilargibetea zegoan eta bakarrik ninduan, neure burua epel mantendu nahian... —eten egin zuen ikusteko ea entzulegoa behar bezalako arreta jartzen ari zen. Dipo eta Hardo eserita zeuden zuzen eta tente—. Ikaragarri triste sentitzen ninduan, bizitza edo gure mugimendu elbarritu honen alde burruka egiteko indarrik ez banu bezala. Baina orduan... —Hardo eta Dipo aurrerantz makurtu ziren indar eiektrikoren batek erakarriko bailituen—. Baina juxtu orduan, bizi honen alde onak eta txarrak hausnartzen ari ninduan une berean, mendebaldetik zetorrean txirrindula baten argi motela ikusi nian. Hurbiltzen ari zelarik txirrina jotzen hasi eta nere izena oihukatzen zian ahotsa aditu nian. «Kartiman!». Eta eseri egin ninduan. Eta badakizue nor huen? Anaia, anaia zaharrena, posta banatzen aritzen dena —Kartimanek eskua ireki eta lurrean paratu zuen. — Erran zian lehen gauza izan huen, «Beraz ez hintzen istorioak asmatzen ari erran hidanean hi non harrapatu eta!». Eta gero zera xuxurlatu zidaan, «Aizak, anaitxo, ezin duk mundua geidiarazi». Eta ondoren besarkada haundi bat eman zidaan, eta honek harritu ninduan. Bai, bazekiat maite naiala, eta beti elkar besarkatzen aritzen gaituk. Haurrak ginduanez geroztik, gurasoak hil ondoren, ez genian bertze inor... Dena dela, besarkada hau bereziki haundia izan huen eta bere ahotsak dardar zegian zera erran zidaanean, «Hire arazoak amaitu dituk. Japonia errendatu duk!».

        Diporen gorputz osoak dardar egin zuen, bat-batean irriz orroka hasi zenean, baina Hardo eta Kartiman ixilixilik berari begira zituela eta bere esku zaragartsuaz ahoa zaflatu zuen. Ezkerreko eskuz Hardoren gaineko altzairuzko kableari heldu zion. Irria baretu zitzaionean oihuka hasi zen:

        — Txoriburua! Zer ari haiz erraten, txoriburu hori? —gero, ia bat-batean ixilik geratu zen bere leherketaz lotsaturik bezala.

        — Ez didak sinesten? —galdetu zion Kartimanek.

        — Eta hik? —itaundu zion Hardori, zein ere berari begira zegoen.

        — Zer gehiago erran zian? —galdegin zion Hardok.

        — Beno, ez negok ziur. Zera erran nahi diat, ez zekiat nihaurek ere sinetsi ala ez, baina anaiak erran zidaan jakartatik zetorrean telegrama tartean hartu ziala eta honen arabera, nazionalista indonesiarrak mugitzen eta agintearen hariak hartzen hasiak hituela—Kartimanek ixilik begiratu zien bere bi nagusiei—. Japonia garaitua izan duk! Japonia errendatu duk!

        Ixiltasun estuak inguratu zituen. Hiru gizonak kilimusika has ziren lore zimelduen gisa, ezpaina mugitu ere egin gabe, aurpegiak, distira bizia zegiten begiak ezik, zurrun, hilbetean piztutako kriseiluak bailiran. Ixiltasuna erabatekoa zen; inolako mugimenduak ez zuen baretasuna eteten. Ez zegoen halen entzumenean sartzeko nahikoa ozena zen soinurik. Lurra, zeinari so baitzeuden ez zen jadanik haien begien aurrean. Ezereza osoa zen, hutsune teinko eta ixila. Bere buruen gainetik iragaten ziren urratsek zaratarik ez, ezta animalien apatxek ere. Gidari baten usta-zartakoa airean hormatu zen. Bidaiariek zubigainetik jaurtikitako zaborra airean geratzen zen, halen erreinuan aurrera egin ezinik.

        Kartimanek burua altxatu zuen, bere bularra goitibeheti mugitzen zela. Eskuak gora eginez airean zabaldu zituen eta oihu luze bat bota zuen, bertze bi lagunak bere besoen artean bildu aurretik. Une batez hiru gizonak besarkada estuan elkartu ziren, hirurak bat bilakatu eta bihotzak ere batean urtzeko itxaropena bailuten. Soinua berriro ere desagertu zen, hiru gizonak bildu-bilduak, katakumeak hotzean bezala, gelditzen zirelarik.

        Azkenik hiru gizonak banandu ziren beren baitan zituzten hasperen itoak askatzearren. Hiru gizonen begiek distira berezia zuten, baina —adorearen ezean edo— ezin zioten elkarri begiratu. Hardo zutitu zen eta urrats neurtu batzuk eman zituen zubiak egiten zuen itzalaren ertzerantz. Zutabe herdoilduari heldu zion eta bere azpian zaratarik gabe igarotzen zen ibaiari beha geratu zen. Kartiman, bere sudurra distiratsua eguzkitan, ukalondoen gainean zetzan. Kokotza zintzilik arnasa hartu eta botatzerakoan. Dipo, ixilik, buru gaineko zeru zuriari beha-beha zegoen. Hiruretako ezeinek ez zuen iragaten ari zen trenaren txistu sarkorra aditu.

        Hardo bat-batean jiratu eta Dipori so gelditu zitzaion.

        — Orain zer eginen diagu? —galdetu zuen bere ondoan eseriz.

        Dipok ezpainak zimurtu, aire hurrupada bat hartu, eta ahotik bota zuen.

        — Eta? — itaundu zuen Kartimanek.

        Dipok burua dardaratu zuen.

        — Japoniarren armada indartsua duk oraindik. Eta zer indar diagu guk?

        — Etsia hartu duala ematen dik —bota zion Hardok muturretik beheti.

        — Utz bakean! —jaurtiki zuen Dipok. Begiak hazituta zituen Hardori begiratzen ziolarik—. Ez duk jeinu bat izan behar hori pentsatzeko, ez da? Begira iezaiok gure taldearen itxurari. Ezin duk hori ikusi? Kaka, ezin duk Karmin bera ere nolakoa duan ikusi! Bera ere babestuko huke hik. Etsia hartu? Nik? —irri egin zuen berriz ere—. Armada japoniarra oraindik ere tinko zegok, eta bolondresak eta Karmin komandantea oraindik ere Blorako dermioak arakatzen ari dituk hire bila! Erasotzen ahal gaituztek edozein unetan. Jakarta sutan legokek, baina hemen... hemen —behatza lurrean sartu zuen— Armada japoniarra zegok! —bere ahotsa oihukaria zen—. Eta japoniarrek ez ditek errendapena iragarri.

        Barruti etxeko ezkila jotzen has zen, eta geltoki aldetik jendearen oihu hotsa iritsi zen. Hiru gizonek entzun zuten oinotsen zalaparta. Gero, ixilik, elkarri begiratu zioten, arreta jarriz ezkilots eta ahotsei.

        — Patruilak deitzen ari dituk ostera ere —erran zuen Hardok astiro.

        — Armada japoniarra oraindik agintean zegok. Honek nahikoa froga izan beharko likek hiretzat —erran zuen Dipok zinikoki—. Eta bere errendapena iragartzeko ordu erdi bat baino falta ez baduk ere, gureak egin lezakek.

        — Zer ari dituk egiten zuen ustez? —galdetu zien Kartimanek bere bi nagusiei.

        Dipok lasai begiratu zion Hardori, zein bere aurrean zegoen tente. Gero Kartimanengana jiratuz zera xuxurlatu zuen:

        — Ezkutatu behar diagu.

        Kartiman altxatu zen eta Dipo ibaiertzerantz abiatu zen poliki-poliki; bertze bi gizonak jarraitu zitzaizkion. Harrapakina atzetik dabilen katu baten gisan, bi gizonak ixil-ixilik jarraitu zitzaizkion gibeletik, eta atzeraka ibiliz sartu ziren berde, hori eta marro koloreak zeuzkan elefante belardian. Une batez Hardo jiratu zen. Bere begirada gogorra zen zeru zuriari behatzen ziolarik. Baina pixkanaka belarrak bere gorputza irentsi zuen. Izterrak lehen eta gero sabela. Laster bere lepoa eta burua bistatik desagertu ziren. Belar zuzterrak jirabiratu eta tranbalatu ziren, berriro geldi geldirik geratu arte.

        Barruti etxeko ezkilotsak bazter guztietara hedatu ziren. Baina zubipea bare zegoen. Ez zegoen inolako mugimendurik. Ezkilek bere leloekin jarraitu zuten, eta istant batean, zubi gainetik korrika zihoazen soldaduen hotsa aditu zen. Gizonen itzalak beherantz luzatzen ziren bertze aldeko ibaiertzean eroriz. Gero, altxatzen ziren hegan egiteko, marra beltz eta azkarren moduan, uren gainetik, belarrean desagertuz eta pareko ibaiertzean berrazalduz, berriro hegaka galdu arte. Herdoil malutak erortzen ziren zubitik. Listu tantek pirrist zegiten airean, zubiaren itzal eta eguzkitan zegoen zoru zatiaren —non Hardok atsedena hartu zuen— artean lurreratuz. Ibaiaren bihurgunean banbu mutur lerrokatuak kulunkatzen ziren haizearen eraginez, hosto berde ilunek murdurio eztia zegitelarik.

        Goiz hartan zubipeko zorua atzaparkatu zuen oiloa itzuli zen. Zarrapaka eta kakaraka zihoalarik, laster ukabila baino haundiagoak ez ziren txitoak alboratu zitzaizkion, zarrapaka eta mokoka haiek ere, samaldan, beren amaren geriza bilatzen zuten bitartean. Oiloak gunetxo batean atzaparka egin zuen, gero bertze batera eginez. Atzera pixkat jausiz, bira eman zuen lurrean zegoen palma bildukin baterantz. Txitoak ere zalapartaka joan ziren mokoka ari ziren lekutik hostoari eragitera, eta behin eta berriro zilipurdika ibili zuten. Pixkanaka, taldeak zubiaren iparrerantz egin zuen, banbu gaztearen artean desagertu arte.

        Urrutian, banbudiaren azpikaldetik, musker batek oihu egin zuen. Hegoaldetik arrantzale bat agertu zen eta zubiaren itzalpean tokia aurkitu zuen. Altzairuzko kabletik zintzilikatu zuen bere sarea, saskitxoa lurrean utzi, eta poliki eseri zen. Txapletatik sukarri bat atera eta igurtzi zuen. Txinparta prest zeukan ardaian jausi zen. Garra egin zuenean, txapletatik arto zurikinez egindako zigarroa piztu eta erretzeari ekin zion. Begira geratu zen nola desagertzen zen airean bere aho eta sudurrari zerien kea.

        Zubiaren goi eskuineko txokoan hanka bat agertu zen, gero bertzea eta beherantz, lurrezko aldaparantz, abiatu ziren. Haxe batean haurra zeraman emakumezko eskale baten irudia. Emakumeak arrantzalearengana jo zuen artezki, haren aurrean eseri, eta gogobiziz so geratu zitzaion, bere begiak behin eta berriz arrantzalearengandik saskitxora, eta alderantziz, mugituz. Ezpainak mugitu zituen deus ez errateko. Arrantzaleak hasperen egin eta altxatu zen. Sarea hartuz, iparrerantz abiatu zen, andrea gibelean utziz.

        Emakume eskaleak gorantz behatu zuen, bere begiak erantzunik gabeko itxaropenaz gainezka. Gero, burua makurtu, haxean zegoen haurrari begiratu, eta birao egin zuen.

        —Putakumetxoa. Ez didazu inoiz bakerik ematen! —bere ezkerreko bularra atera eta haurrari eman zion, ditia har zezan. Haurrak, haragi urri eta izugarrizko burua, gizakume baino zapaburu erraldoia ematen zuen.

        Haurra edoskitzen ari zela, gazte dozena bat edo bertze, patruila laguntzaile bat, agertu zen zubiaren eskuineko txokoan eta aldaparantz jaisten hasi zen. Gizon guztiek Fezantzeko kapelak zeramatzaten.

        — Normalean anitz izaten dituk hemen —iruzkindu zuen talde buruak, bularratik zintzilik haur bat zeraman andreari begiratuz. Ahots doinu zakarrez zuzendu zitzaion andreari—. Aizan, ibili al ditun gizon eskaleak hemen barna?

        Emakumearen hankek dardar egin zuten altxatu zenean. Begiak beheti begira zituen, haurrari itsatsiak.

        — Oraintxe ailegatu naiz, jauna!

        — Zer... mordo... —murdurikatu zuen gizonak—. Normalean pilaka egoten dira hemen. Orain, aurkitu nahi dituzunean, ez dago bat ere.

        Patruilakoak, banbu zurtoin zorroztuak tinko eskuetan, haien artean solasten ari ziren. Eztabaida labur baten ondoren, sakabanatu ziren eta iparrerantz jo zuten, elefante belarrerantz. Berehala desagertu ziren bistatik. Trenbidean, hogei metro hegoalderantz, tren bat agertu zen. Trumoi antzeko orroa zegien ibai gainetik iragatean. Handik pixka batera, tren-makina desagertua zen, baina geltoki aldetik burdinari heltzen ari zitzaizkion galga hotsa eta bidaiarien oihuak iritsi ziren.

        Zubiaren eskuineko txokoaren ondoan zapata pare bat agertu zen: batailoi burua zen; atzetik pelotoi komandantea, Kaliwangango burua eta, azkenik, Karangjatikobarruti burua. Gizon taldea zubiperantz jaitsi zen, non oraindik emakumea zegoen zutik. Lau gizonak andreari so gelditu ziren eta inguruari begirada bota zioten.

        Barruti burua izan zen andreari zuzendu zitzaion lehena:

        —Ikusi al dun gizon eskalerik hemen barna?

        Andreak dardar egin zuen solasterakoan; bere begiak ofizial japoniarraren ezpatan zeuden itsatsita.

        — Oraintxe ailegatu naiz, jauna! —oihukatu zuen bere begiak bortxan ezpatatik lekutu eta haurrengan ostera paratu aitzinetik. Haurrari estuago heldu, kilimusi egin, eta aldendu zen.

        — Hemen egoten dira normalean —erran zuen barruti buruak, ofizial japoniarrari adeitsu kilimusi eginez.

        Ofizialak zerbait murdurikatu zuen bere baitan japonieraz; gero, honela erran zien bertzeei:

        — Bart arratsean atxilotu bagenitu, orain bera eduki genezakeen —bere ondoan zegoen ofizial indonesiar gihartsuari begiratu zion—. Zer eginen dugu orain, Karmin komandante? —Karminek bekokia zimurtuz eta marmar batez erantzun zuen—. Baduzu agian ideia berriren bat? —galdetu zuen ofizial japoniarrak.

        Karmin komandanteak burua dardaratu eta higuin keinuaz behatu zion herjaunari.

        — Erran nuen bart istorio hau faltsua zela —japoniarraren aldera jiratu zen—. Baliteke guzti hau herjaunaren irudimenak sortua izatea —begirada hotza bota zion herjaunari.

        Buruzagiaren aurpegia kolorge geratu zen. Ikara haundienak hartu zizkion begiak ofizial japoniarrari begiratzen ziolarik.

        — Ez jauna, ez jauna, egia da! —gizonaren eskuek dardar zegiten hitz egitean—. Zin dagit, jauna, ezen Hardo Kaliwanganen zegoela bart. Eta eskaiez mozorrotuta zegoela. Nihaurek ikusi nuen, neure bi begiez. Ordu laurden batez bederen. Ordu erdi batez, apika.

        Ofizial japoniarrak begirada mehartu zuen buruzagiari behatzerakoan. Ukabilak estutu zituen.

        — Hobe duzu kasu ematea gezurretan ari bazara.

        Buruzagi adintsuaren ahotsa kraskatu egin zen hitz egitean.

        — Ez, jauna, ez nintzen gezurretan ari. Egia da!

        — Bai? —galdetu zuen ofizialak, presioa haundituz—. Erraten duzuna egia baldin bada, hots, berarekin hitz egin zenuela jende guttik erabiltzen duen bide batean, zergatik ez zenuen harrapatu? Baina japoniarrak eta gobernua nahaspilatu nahi badituzu —ohartarazi zion— ordainak eman beharko dituzu. Konturatzen zara, ez da? —ofizialak desafio egin zion bere begiez herjaunari—. Ulertzen duzu, ez da? —galdetu zion zorrozki.

        Buruzagiaren ezpainak automatikoki mugitu ziren otoitz ixila zegitelarik. Eskuak jaso zituen erreguan.
        — Ulertzen dut, jauna, jaun ohoretsua, baina...

        — Bainarik ez! —zaunka egin zuen ofizial japoniarrak. Herjaunak kilimusi egin zuen azkar—. Kasu eman gero, japoniarrak nahaspilatzen bazabiltza!

        — Baina, baina... —herriko burua arin solastu zen, berriz eten eginen ziotenaren beldur—. Hardo topatu nuenean, bidean nengoen, gauez. Ez zegoen bertze inor inguruan eta ez nuen ezer. Nola helduko nion? —bere eskuak altzairuzko kableari eutsi zion, honek zutik egoteko adina indar emanen bailion.

        Begi guztiak Karminengana jiratu ziren hau mintzatu zenean.

        — Nere aburuz buruzagia atxilotu beharko genuke, zer gertatzen ari den aurkitu arte.

        Herjaunaren betazalak hegazkatu ziren itxaropen ezean ofizial japoniarrari behatzera saiatu zenean.

        — Benetan, jauna, benetan ikusi nuen.

        — Ez zara gezurretan ari, ez da? —galdetu zuen mehatxakor ofizialak—. Luzaro ezagutu dut Hardo. Behin berarekin joan nintzen zuen etxera. Oroitzen zara, ez da? —bere begi gorriak hazituta zeuden lo ezaz—. Kontuz ibil zaitez —erran zuen oihukari.

        — Ziur al zaude bera zela? —galdetu zuen astiro barruti buruak.

        — Baina luzaro ezagutu dut, jauna! —konfiantza erregutu zuen herjaunak—. Ez naiz gezurretan ari. Beharbada orain izanen da...

        — Non izanen da! —itaundu zuen ofizial japoniarrak.

        — Bere aitarenean, Karangjatiko barruti buru ohiarenean.

        — Utzi istorioak asmatzeari —ohartarazi zion Karminek herjaunari—. Agian ametsetan ari zinen zure aurrean eskale gisan agertu zenean —Herjaunaren burua aurrera eta atzera kulunkatu zen. Karminek bere nagusiari, ofizial japoniarrari, so egin zion—. Jauna, zer deritzozu hasteko herjauna itauntzeari?

        Japoniarrak eten egin zuen hausnar egitearren, zerbait murdurikatu, eta gero barruti buruari begiratu zion

        — Zer deritzozu eskale guztiak atxilotzeari?

        Odolak berriro gorritu zuen herjauna. Bere aurpegiera hitsak dirdira zegien ofizial japoniarrari apalki behatzean.

        Barruti buruak ongi pentsatutako erantzuna eman zion:

        — Zail izanen litzateke guztiak atxilotzea. Zergatik? Zeren ehun, apika mila eskale izanen baitira hiri honetan —zurbiltasuna berriro itzuli zen buruzagiaren aurpegira.

        — Alfer hutsa baino ez zara —erran zuen japoniarrak nardatuta—. Indonesia gure dirua harrika botatzea da! Polizia militarraren eskuetan jartzen bazaitut, orduan jakinen duzu arazoak edukitzea zer den —bat-batean barruti burua izan zen zurbil geratu zena. Ofizialak bere hankagainetan zaplastatu zituen eskuak eta aitzinera eta gibelera mugitu zen, azkenik lehen baino zurbilago zegoen herriko buruaren aurrean geratuz—. Zu! -herriko buruak altzairuzko kablea askatu eta kilimusi egin zuen—. Gezurretan ari bazara, polizia militarrak burua moztuko dizu. Ulertu duzu? Badakizu hori, ez da? —herriko buruak Karmini begiratu zion laguntzaren bila, baina honek ez ikusiarena egin zion—. Polizia militarra ezagutzen duzu, ez da? —oihukatu zuen berriz japoniarrak. Buruzagia ixilik gelditu zenez, japoniarrak alkandoratik bi eskuez helduz bortizki dardaratu zuen—. Ez da? Ez da? —herriko buruak bere begiak lurrari begira zituen—. Ez da? Ez da? —jarraitu zuen oihuka ofizial japoniarrak. Bere aurpegia gero eta gorriago zegoen, baina buruzagiak ixilik segitzen zuen.

        Ofizial japoniarraren kolera haunditu ahala, buruzagia itoarazteari berrekin zion, honen burua aitzinera eta gibelera kulunkatzen zelarik. Dardarka eta ahuldurik, gizonak eskuinetara eta ezkerretara binbilinka zebilen panpin bizigabe bat zirudien. Azkenik, japoniarrak askatu zuenean, behaztopa egin zuen atzerantz, zubiaren zutabearen kontra eroriz. Izerdi tantek dirdir zegiten ofizialaren kopetan; bere aurpegia gorri-gorri eginda zegoen. Arnasa haunditurik, gorroto biziz behatzen zion barruti buruari.

        — Orduan, zer deritzozu eskale guztiak atxi lotzeari?

        — Emankorra izan liteke —onartu zuen apalki barruti buruak—. Egin bada! Ulertzen? Ulertzen ala ez? —lehiatu zen ofiziala.

        — Polizia komisaria deituko dut geroxeago bere gizonak bil ditzan —erantzun zuen ahulki.

        — Geroxeago? Noiz?

        — Orain, oraintxe bertan. Geltokitik dei dezaket —erran zuen ospa egin eta zubiaren eskuineko txokotik desagertzen zen bitartean.

        Herjauna bere hanken gainean zegoen berriz ere, tarteka Karmini begiratuz, laguntza erregua bere begietan. Ofizial japoniarra sutan zegoen, asaldatuta zebilela aurrera eta atzera. Eskuineko eskuak heltzen zion bere ezpataren larruzko eskutokiari. Ezpataren zilarrezko kateak distiratzen zuen uhin urratuen zipristinen moduan. Karmin irmo eta tente zegoen bere lekuan, baina bere begiek aztertzen zuten buruzagi zaharraren oin zikinak eta etxean egindako txapleta merkea.

        — Hori da! —oihu egin zuen japoniarrak atseginez—. Denak atxilotuko ditugu —ostera hurbildu zitzaion herriko buruari—. Ez zara gezurretan ari, ez da?

        — Ez, inondik ere. Agian bera... dago...

        — Non? —galdetu zuen astigabeki Karminek.

        — Bere aitarenean!

        — Gezurretan ari zara! —zaunka egin zuen ofizial japoniarrak—. Bere aita atxilotuta dago. Nihaur joan nintzen bere etxera. Baita soroan daukan etxolara ere. Beraz, kasu eman zer erraten ari zaren! —ukabila estutuz muturreko bat eman zion ezkerrez herriko buruari, eta ondoren, eskuinez, bertze ukabilkada sudurrean. Muturrekoen indarrak atzerantz bota zuen buruzagia, eta hanka altzairuzko kablean trabatuta gelditu zitzaiolarik, lurrera erori zen—. Ez gezurrik erran niri gero. Sekula santan ere! —aurpegia gorri-gorri egina zeukan bere azpian belaunika zegoen buruzagiari begiratzerakoan. Buruzagia ahaleginetan zutitu ondoren, ofizialak honela itaundu zion haserre bizian—. Non ikusi zenuen lehenbiziko aldiz?

        — Gure etxean —erran zuen ikaraturik herriko buruak, odoletan zuen sudurra besoaz txukatu ondoren atorraren mauka gorri-ilunaz margotuz.

        — Noiz izan zen hori?

        — Orain dela hiru urte.

        Japoniarra pentsakor geratu zen unetxo batez, buruzagia berriro aztertu aitzinetik. Zubi-begiari so eginez, zerbait murdurikatu zuen bere hizkuntzan.

        Karmin komandanteak urrats egin zuen herjaunarenganantz:

        — Etzazu bertze inor honetan nahastu —ohartarazi zion—. Bertzenaz, gero ordaindu beharko duzu.

        — Baina egia da, Karmin, bart berarekin solastu nintzen —otoikatu zuen buruzagiak etsia harturik—. Zer erran dezaket? Hil nadila hemen bertan gezurretan ari banaiz. Eta berak erran zidan, «Joan nahi dut...».

        Ofizial japoniarra berehala jiratu zen herjaunarenganantz.

        — Nora zihoan?

        — Zera... erran zuen..., izarretara joan nahi zuela erran zuen.

        Ofiziala sutan jarri zen berriro.

        — Asmatzen ari zara hau guztia?

        — Zer erran zuen horren ondotik? —galdetu zuen Karminek.

        — Noizbait gure etxera etorriko litzatekeela —buruzagia esaldiaren amaiera ezin aurkituz zebilen. Ahotsa mehetu zitzaion ofizial japoniarrak harenganantz urrats egin zuenean.

        — Noiz? —ofizialak bota zion.

        Herriko buruak atzerantz egin zuen urrats.

        — Zera... japoniarrak garaituak zitezenean... —ofizialaren ukabilak erdi-erdian harrapatu zuen, lurrera botaz.

        — Benetan, jauna, ez naiz gezurretan ari —intziri egin zuen bere burua altxatzen zuelarik.

        — Japonia ez da garaitua izanen. Etsaiaren zelatariekin hitz egiten aritu zara. Gure polizia militarrak lepoa moztuko dizu! —japoniar ofizialak koleratuta behatu zion Karmini.

        Karminen ezpainetan ordurarte ageri zen irribarrea desagertu zen.

        — Zergatik ez zinen engainatzera saiatu guk harrapatu ahal genezan? —galdetu zion hitzetik hortzera herjaunari—. Saiatu nintzen, Karmin —erantzun zuen zintzoki buruzagiak.

        — Nola?

        — Jantziak eskaini nizkion... —ofizial japoniarrak herriko buruagan zeuzkan bere begiak. Maukak goiti egin zituen eta ukabilak estutu berriz ere—. Baina, baina ez zuen nahi izan. Gero bortzehun rupiah eskaini nizkion gera zedin —jarraitu zuen buruzagiak— baina horiek ere ez zituen hartu. Eta ea nora zihoan galdetu nionean, «Izarretara joan nahi dut» erantzun zidan.

        — Ofizial japoniarra Karminengana jiratu zen. «Izarretara» horrek, badu bertze esanahirik?

        — Ez —erantzun zuen berehala Karminek.

        Ofizialak buruzagiagana jo zuen ostera.

        — Nor ezagutzen du Hardok inguru honetan? —eztulka eta odola txistukatzen ari zenez buruzagi zaharrak ezin izan zuen erantzun. Irudi haren aurrean ofizial japoniarrak irri egin zuen—. Erran bada —lehiatu zen. Buruzagiak dardar egin zuen beldurraren eraginez—. Nor —itaundu zuen ofizialak ukabilak gora jasoz—. Nor —oihukatu zuen berriro buruzagiari bertze muturreko bat eman aitzinetik.

        Bere burua defendatu ezinik, buruzagia berriz ere atzerantz erori zen. Ukaldi zaparradapean azkenik erantzun zuen.

        — Ningsih! Ningsih!

        Buruzagiaren erantzuna aditzean, Karminek arin bira eginez, metro batzuk urrundu eta eguzkitan zegoen zutabearen kontra etzan zen.

        Ofizial japoniarrak erasoari utzi zion.

        — Nor? —galdetu zuen berriro.

        — Ningsih... —erdimintzatu zen herriko burua.

        — Nor da Ningsih!

        — Gure alaba —erran zuen intzirika buruzagiak.

        Itaunketa amaitu zen Karangjatiko barruti buruaren itzulerarekin batera.

        — Aitzindari ohoretsua —zuzendu zitzaion ofizial japoniarrari— polizia komisariari eraman dizkiot zure aginduak. Laguntzaile patruilei eskale eta arlote guztiak atxilotu ditzaten agindu zaie.

        Ofizial japoniarrak burua mugituz bere adostasuna adierazi zuen, gero buruzagiari so egin zion ostera.

        — Non dago Ningsih? —galde egin zion.

        — Darmorini Eskolan irakasten du.

        Ofizial japoniarrak barruti buruari begiratu zion. Badago Darmorini Eskolan lan egiten duen Ningsih izeneko irakaslerik?

        Barruti buruak eten egin zuen pentsatzearren.

        — Bai, badago.

        — Badago, badago?

        Barruti buruak berriro baieztatu zuen.

        — Bai, badago.

        Japoniarra buruzagiagana jo zuen ostera.

        — Non bizi da?

        Herjaunaren eskuak dardar egin zuen hegoalderantz seinalatzen zuelarik.

        — Han —xuxurlatu zuen, eta bere eskua indarge jausi zen alde batera.

        Biek, ofizialak eta barruti buruak begiratu zuten herjaunak seinalatu zuen lekurantz, baina Karminek iparrerantz zegien so, ibaiaren bihurgunerantz, non Lusi ibaia banbu lerroen artean galtzen baitzen. Ibaian zeharko bertze gaineko leku guztietan bezala, ertzak mandioka zuhaiskez josita zeuden eta zorua txokolate koloreko banbu hostoez estalita. Zubipeko gizonetako ezeinek ez zirudien hitz egiteko gai eta herjaunak berak ez zirudien seinalatu zuen tokira begiratzeko adorerik zeukanik. Karminen bota berde ilunei behatuz, bere begiak malkoz gainezka zeuden.

        — Zer deritzozu Darmoriniko irakaslea orain atxilotzeari? —galdetu zion ofizial japoniarrak barruti buruari.

        Karminek eztula egin eta aurrerantz mugitu zen.

        — Aitzindari ohoretsua, —erran zuen adeitsu— irakaslea bere ikasleen aurrean atxilotzea ez litzateke batere ona indonesiarren aitzinean.

        — Batere ona? —ofizialak desgogatua ematen zuen.

        — Ez, inola ere ez —indartu zuen Karminek—. Eragin kaltegarria izanen luke ikasleengan. Errezelu har liezaiekete irakasle guztiei.

        Japoniarra une batez hausnarketan geratu zen.

        — Orduan noiz atxilotzen ahal dugu?

        — Eskola ondotik, bere etxean. Utz dezakezu hori nere gain —erran zuen Karminek etsigarriro.

        Ofizial japoniarra barruti buruagana jiratu zen.

        — Zer deritzozu?

        — Bai —egin zuen honek buruz—. Agian hobe litzateke Karminek aurretik itauntzea.

        — Zer ordutan itzultzen da etxera? —galde egin zuen ofizial japoniarrak —Karminek burua mugitu zuen—. Etxera itzul dadinean atxilotuko dut, jauna.

Japoniarrak irribarre egin eta oraindik odola txistukatzen ari zen herjaunari begiratu zion.

        — Baldin eta gezurretan ari bazara, polizia militarrak burua moztuko dizu!

        Herjaunak arrunt ikaraturik so egin zion ofizialari.

        — Ez naiz gezurretan ari, jauna —ihardetsi zuen, bere erantzunkizunaz izuturik. Sudurra besoaz txukatu zuelarik, bere atorraren mauka lehen baino gorriago jarri zen.

        — Bai, orduan joan gaitezke —erran zuen ofizialak lasaituta—. Ez dago eskalerik hemen barruti buruagana bira egin zuen—. Badago bertze lekurik non eskaleak biltzen diren?

        — Utz hori nere gain, jauna.

        Ofizial japoniarra zubiaren eskuineko bazterrerantz abiatu, malda igo eta desagertu zen. Barruti burua eta herjauna elkartu zitzaizkion. Karmin komandantea izan zen abiatu zen azkena. Bere pauso mantsoak etsipena eta atsekabea adierazten zituen.

        Eguzki izpi distiratsuak dantzatzen ziren banbu muturretan, zubipeko inguruetan argi gehiago ixuriz. Zorua zikintzen zuten hosto hezeak hegazkatzen ziren haize ahularen eraginez eta dirdir zegiten eguzkitan. Pareko ibaiertzean, polizia laguntzaile talde bat lanpeturik zegoen belardi zabalean zehar euren bidea egin nahian. Topatzen zituzten gizon guztiak geldiarazten zituzten beren eskuineko besoa arakatzearren eta etengabeki oihu egiten zioten jendeari ibaia zeharka ez zezan.

        Ordu laurden bat beranduago kotxe bat orrokaka geratu zen zubi aitzinean. Handik pixkatera, Karmin eta Kaliwanganeko herjauna ibaiertzera jaitsi ziren katuka. Zubipean gelditu ziren. Karmin, kopeta zimurturik, zutabearen kontra etzan zen balantzaka, mozkor baten antzera. Bere aurrean herjauna guztiz ikaratuta, bere begiak izuak hartuta.

        Hasieran inork ez zuen hitzik egin, baina azkenean herriko buruaren izuak zapart egin zuen.

        — Jainkoak berak daki, Karmin, nik ez nuela guzti hau gerta zedin nahi —Karminek gizonari beha-beha geratu eta hortzak estutu zituen—. Egiatan. Uste nuen egin behar zena egiten ari nintzela. Uste duzu atxilotuko nautela?

        Karminek atzeko sakelatik mukizapi bat hartu eta aurpegia txukatu zuen, kopeta, sudur eta belarrietatik zetozkion izerdi tantak idortuz. Aurpegia gorri-gorri zeukan mukizapia sakelara itzuli zuenean.

        — Bai —erantzun zuen.

        Aitonari burua zintzilik geratu zitzaion.

        — Zeruko Printzea, lagun iezaiozu agure honi. Oi, Karmin —oihukatu zuen ahulki.

        Karminen irriak iseka egin zion.

        — Zer erran duzu?

        Nik zu lagundu? Goiko ezpaina mehartu zuen.

        — Zer nolako txotxolo naizela uste duzu? Ez duzu ikusten ahal oraintxe bertan atxiloturik zaudela?

        Buruzagiaren begiek adikuntza erregutzen zuten. Ahoa zabal-zabalik geratu zitzaion arnasa hartzera ahaleginduz eta saihetsaldeari heltzen ziolarik.

        — Allah, ene Printzea! —eserita erori zen lurrera eta beha-beha geratu zitzaion Karmini, ezpainak otoitz ixilean mugituz. Gero kilimusi egin zuen.

        Karminek, ametsetan ari bailitz, baiaren bihurguneari begiratzen zion; ondoren, burua dardaratu zuen bere gogoeten norabidea aldatu nahi bailuen. Aitonari so egin zion, begiak kamusadak harturik, baina ez zuen ezer erran.

        — Polizia militarrarengana eramanen naute?

        — Hardo harrapatzen ez badute, bai!

        — Oi, Allah! Nere emaztea, gure alaba... —besoetan gorde zuen aurpegia—. Eta lepoa moztuko didate?

        — Bai.

        — Oi, Allah! Oi ez, ez da posible! —herjaunak besoa zabaldu zuen. Bere begi gorriak distiratsu zeuden—. Eta Ningsih ere bai?

        — Bai.

        — Oi, Allah! —herjaunak burua eskuz astindu zuen—. Oi, zergatik gertatu da hau? Zergatik? —bere burua altxatu eta Karminen besoari heldu zion—. Lagun iezadazu, mesedez, lagun iezadazu!

        — Entzun —erran zuen indarrez Karminek—. Hardo harrapatu arte agintaritzaren eskuetan egonen zara. Baita Ningsih ere. Hala erran zuen ofizial japoniarrak —Karminek aitonaren behatzak bere besotik kendu zituen—. Erran diezazukedan gauza bakarra da gauzak daudenean onartzea. Zeure burua Jainkoaren urrikipean paratzea eta otoitz egitea zu eta zeure familia salbu gera zaitezten.

        Aitonak Karmini eskua askatzea utzi zion. Bere begiek zubiaren begitik zeru urdinerako bidea egin zuten. Ahur zabalduak belarrietara jaso zituen eta ezpainak mugitzeari ekin zion otoitz ixilean. Otoitz zegielarik bere begiek onarpen eta adore distira agertu zuten.

        — Jauna —erran zuen Karminek. Herjaunak begiratu zion—. Zergatik eman zenuen Hardori buruzko informazio hori? —gizonak ihardetsi aurretik Karmin jiratu zen ibaiaren bihurguneari beha geratzeko—. Ez al da Hardo zuen suhi-beharra? Ez al da zuen alabaren gizongaia?

        — Oi, Jainkoa, Karmin. Ez duzu ideiarik ere guzti honek zer egin didan.

        Karminen begiek ibaiaren bihurgunean jarraitu zuten. Damu doinuaz solastu zen:

        — Aldea hartu behar nukeen aspaldian.

        — Zer erran nahi duzu?

        — Ez dakit zergatik suertatu den honela —bazirudien Karmin bere baitan ari zela, herriko burua han zegoela ohartuko ez bailitzan—. Gizon onak dira. Inork ezin du hori zalantzan jarri. Gizon onak dira.

        — Nor?

        Karminek, atzerantz jiratuz, bere bizkar gainetik begiratu zion herjaunari.

        — Nor bada? Hardo eta bere lagunak.

        — Baina, eskaleak dira!

        Karminek irri egin zuen samindurik.

        — Eta eskale guztiak gaiztoak al dira?

        Aitonak ihes egin zion galderari.

        — Baina Ningsih irakaslea da.

        — Zer axola niri irakaslea den ala ez? Fiderra den ala ez, hor dago koxka.

        Aitonak burua dardaratu eta emeki hitz egin zuen.

        — Baina nola izanen litzateke posible gure alaba, Darmoriniko irakasle dena, eskale batekin ezkontzea?

        Karmin ibaiaren bihurguneari begira jarri zen berriz ere, eta bere kolkorako solastu zen:

        — Zer ari ote dira orain egiten. Nola sentituko nintzateke nere ehizean balebiltza? Ihesari emanak, lakiotuak, leize batean ezkutatuak, eskale moduan bizitzen, eta orain hau? —ostera so egin zion herjaunari, eta aitonak kilimusi egin zuen—. Beraz, ez duzu Hardo zuen suhia izatea nahi, ez da?

        — Eskalea da...

        — Zergatik ez zenion ezetz erran lehenago?

        — Horrexegatik salatu nuen. Baina orain, begira zer gertatu den —pareko ibaiertzerantz begiratu zuen.

        — Gustatuko litzaizuke, bada, japoniarrek Hardo harrapatzea eta lepoa moztea. Horrek poztuko zintuzke? —aitonak ez zuen deus erran—. Ningsih berezia da. Ezagutzen ditudan andreen artean erabat fiderra izan den bakarra. Adituko balu Hardori burua moztu diotela...

        — Oi, Jainkoa! —oihukatu zuen aitonak—, ez nekien. Beno, espero dut pozik egonen zarela orain!

        — Zeruko Jainkoa, ez nazazu modu horretan izutu, Karmin. Ez nuen halakorik gertatzea nahi. Ez nuen uste horrelakorik gertatuko zenik! Uste nuen gure etxera etorri zinela zeren...

        — Zeren, zer?

        Aitonak eten egin zuen ahalketurik bailegoen.

        — Uste nuen gure etxera Hardoren eske etorri zinela zeren... —Karmini begiratu zion barkamena eskatuz bezala—. Zeren aditu bainuen...

        — Zer aditu zenuen? —Karmin beha-beha gelditu zitzaion aitonari—. Zer aditu zenuen? —errepikatu zuen galdera.

        Aitonak burua beheratu eta zorua marruskatu zuen zangoez.

        — Erran diezazuket.

        — Zer erran diezadakezu? —galde egin zuen Karminek.

        — Zera, zera...

        — Zer?

        — Jendeak zioen... —murdurikatu zuen gizonak beldurturik—. Jendeak zioen iskanbila eduki zenuela Hardo eta bere lagunekin.

        — Hala zioen?

        Bazirudien aitonaren beldurra ttikitu egin zela.

        — Bai —erran zuen ziurrago—. Eta ez batek edo bik. Blorako guztiek erraten zuten gauza bera.

        Orain Karmin izan zen zera nahasturik murdurikatu zuena.

        — Nork erran zizun hori?

        — Zergatik? Denek! —erantzun zuen aitonak.

        Karminek hasperen egin zuen eta baiaren bihurgunerantz begiratu zuen berriro. Zubiaren kontra jarri zen goibeldurik. Bazirudien han ez zegoen bati ar zitzaiola.

        — Nork hedatuko zuen halakoa? Eurek ote? Eurek eginen zuten halakoa? Egia dira esamesak? —une batez begiak itxi zituen, gero burua zutabetik lekutu zuen altonar so egiteko—. Benetan hitz egin zenuen Hardorekin?

        — Bai, ordu laurden batez edo luzeagoz.

        — Zer buruz? —Karminek burua ezkerretarantz jiratu zuen tren baten txistua entzuteagatik—. Rembangerako trena abiatzera doa —murmurikatu zuen—. Zer erran zuen Hardok?

        — Izarretara zihoala erran zuen. Ez nekien zertaz ari zen.

        — Hori da erran zuen guztia?

        — Hori eta itzultzeko promesa. Badakizu nola dabiltzan Hardorekin Ramli eta nere emaztea. Erregutu zidaten aurki eta etxera ekar nezala.

        — Erran al zuen ezer nitaz? —galdegin zuen urduri Karminek.

        — Ez. Bakarrik erran zuen itzuliko zela japoniarrak garaituak izan zitezenean —Karminek botaren zolaz zapaldu zuen zaborra—. Imajina dezakezu horrelakorik? Nik ez. Baina, baina japoniarrek ezin dute galdu, ez da?

        Karminek zutabearen kontra jarri zuen burua ostera ere. Zalantza azaldu zen bere aurpegian eta arnasa haundia egin zuen.

        — Erran zuen noiz gertatuko zen hori?

        — Itxaron egiteko erran zidan. Etxera joateko agindu zidan eta itxaron egiteko. Eta Ramli eta amar goraintziak emateko ere bai —Karminek baaren bihurguneari begira jarraitu zuen—. Eta etxera itzuli nintzenean, Ramli zirkuntzisio aulkian zegoen eserita, Hardoren argazki bati begira lo gelditu zen arte. Amak ezin zuen deus egin hura kontsolatzeko. Orduan idatzi nuen txostena. Ez nuen itzal antzerkia ikusi, ezta gonbidatuekin egoteko astia atera ere —bat-batean harrituta bezala geratu zen—. Hara, Ramliren zirkuntzisioa zela medio ospakizun bat antolatu genuen eta ez nekien zu nola deitu. Bidali zenigun gutun batean zenioen lekualdatu zintuztela, baina ez zenuen helbidea idatzi —eten egin zuen aitzinera egin aurretik—. Ez dakizu zer sentitzen nuen neure baitan. Nola uste duzu sentituko nintzela, gure alabak eskale batekin ezkondu behar zuela eta?

        Erabaki bat hartu bailuen, Karmin, bat-batean, tente jarri zen.

        — Beraz, Hardok ezin izan zizun erran japoniarrak noiz izanen ziren garaituak?

        — Berak errandakoa hauxe izan zen, «Jendea garaipenerako bizi da eta, gero, porrotarako». Ez zaizkit hitz horiek ahantziko —berriro galdetu zuen, oraingoan enfatikoki: — Gal dezakete japoniarrek?

        — Hala da, gizona ez da garaipenerako bakarrik bizi.

        Bietako ezein ez zen solastu, beren begiek zorua aztertzen zutelarik. Bazirudien ezen bata eta bestea beren oroitzapeneko mamuen atzetik zebiltzala. Biak kopetilun zeuden.

        Mintzatzeko gogogabe, aitonak eztula egin zuen, baina ondotik hitz egiteari berrekin zion.

        — Pentsatzen duzu Hardo harrapatuko dutela?

        — Hori da nahi duzuna?

        — Baldin eta harrapatzen ez badute eta japoniarrek galdu, egunen batean itzuliko da nere bila.

        Bere buruaren karga zutabearen kontra jarriz, Karminek hasperen egin zuen

        — Bai —bere begietan ageri zen begitzeak eragotzi zion hitza buruzagiari. Ostera hasperen egin zuen—. Jendeak... jendeak beldur die maiz bere ekintzei. Normala da doike. Hala eta guztiz ere, pertsona batek bere ekintzen ondorioei eusteko adina adore behar du. Aholkua merkea da, badakit, baina bakoitzak bere aholkuari jarraitzea gauzarik zailena da. Egin daitekeen gauza hoberena izanagatik. Beraz, zertarako kezkatu Hardo itzuliko denentz. Eutsi zure ekintzen ondorioei —Karmin indartsuago solastu zen—. Entzun, zu zihaur zara istilu guzti honen atzean dagoena eta nik ez dut horretan nahasi nahi. Konta dezakezu erran dizudana; zure esku dago. Hau da, arazo gehiago nahi badituzu.

        Buruzagiaren aurpegiera lasaitu zuen laguntasun eta baretasun itxura desagertu zen, bere tokian izua agertuz.

        — Tximistak jo eta hil nazala inoiz salatzen bazaitut.

        Karminek irri egin zuen trufatsu.

        — Pertsona batek behin bertze bat saldu badu, nork erranen du ez duela berriro eginen, eta berriro?

        — Sinetsidazu, Karmin! Zure mesederako igorri nuen txosten hori.

        Karminek jauzi egin zuen buruzagiaganantz.

        — Nere mesederako? —garrasi egin zuen—. Nondik dakizu zuk zer den mesedegarri neretzat?

        — Benetan, Karmin... —aitona komandantea baretzen saiatu zen—. Behin ni bezain zaharra zaitezenean, zu ere gazteen beharrak ikusteko gai izanen zara —aitonaren aurpegia argitu zen une batez. Ezpainak mugitu zituen solastera bailihoan, baina berriz ere estutu zituen. Handik pixkatera ostera saiatu zen—. Aferak nola suertatu diren ikusirik, ezin nuen Hardorengandik gauza haundirik itxaron. Halere, demagun japoniarrek galdu eta Hardo itzultzen dela, orduan...

        — Orduan, zer? —galdetu zuen Karminek susmari—. Orduan, ea zu...

        — Ea ni zer?

        — Ea prest zeundeke...

        Karmin gero eta asaldatuago zegoen.

        — Zer den erran nahi duzuna azaltzeko ordua duzula uste dut. Eskatu didazu guk biok bakarrik hitz egin dezagun leku bat aurkitzeko, eta horixe egin dut. Beraz, zergatik ez duzu behingoz erran nahi duzuna botatzen, hainbertze harat-honatekin ibili gabe?

        — Batailoi burua komisaldegian dago orain, baina laster itzuliko da honat. Deus errateko baduzu, bota behingoz.

        Aitonaren begiek adikuntza eskatzen zuten.

        — Karmin... Ningsih, gure alaba ...espero dut zuk hari laguntzea.

        — Zihaurek sartu duzu zuen alaba saltsatan nere laguntzarik gabe, eta orain nik salbatu behar dut? Agure tuntun, kaiku hori! Gehiago pentsatu behar zenuen! Japoniarrek ez diete uzten euren biktimei alde egin dezaten —Karminek arnasa hartu zuen—. Zuk zihaurek sartu duzu Ningsih arazo honetan, eta ondorioei zuk zihaurek eutsi beharko diezu. Altxa burua! Presta ezazu lepoa ezpatarako.

        — Baina, Karmin, —erregutu zuen aitonak— zuregatik egin nuen guzti hau, zure mesederako, zuretzat toki bat egiteko.

        — Nere mesedeaz ari zara denbora guztian! Zer arraio erran nahi duzu?

        — Pentsatu nuen gauzak daudenean daudela, Hardo bidetik kanpo, zuk hartzen ahal zenuela bere lekua.

        — Zeruko Jainkoa! Ixil zaitez!

        Aitonak, euskarriaren bila, tinkoki heldu zion altzairuzko kableari. Bere ahotsa xuxurla zen.

        — Baina uste nuen hori zela zuk nahi zenuena —otoitz egiten hasi zen—. Allah, Jainko Guzti Ahalduna! Nola ez nuen ulertu zure nahia? Oi, ene Printzea! —bularraldea Ezkuaz igurtzi zuen. Bere aurpegia hormatuta zegoen. Eskuineko eskua sakelan sartu zuen—. Onik baino ez nuen zuretzat nahi —erran zuen jo eta kean—. Berrogeita hamar mila rupiah aurreztu ditut zuretzat. Uste nuen egunen batean zuretzat izango zirela. Nahi duzuna egin dezakezu diruarekin, baldin eta...

        — Ixil zaitez! —oihukatu zuen Karminek. Aitona ixilik geratu zen eta ez zion moztu Karmini bere buruarekiko bakarrizketa—. Jendea saldu nuela ari da erraten. Nik ezezik bertze gaineko guztiek ere dakite hori. Gerta den gerta, indonesiarrak bertze indonesiarrengandik japoniarrengandik baino gertuago egonen dira. Badakit zergatik botatzen didaten errua —bortz pauso eman zituen aurrera, buruzagia atzean utziz. Gelditu eta zurrun geratu zen, bere begiak azpian zegoen ibaiaren bihurgunean—. Bekatu egin dut haien kontra —xuxurlatu zuen—. Traidoretzat naukate. Eta zer erran dezaket? Uste nuen desberdina nintzela, ezerk hunki ez zezakeen soldadua, beti tinko eutsiko niela neure sinesmenei. Zergatik nago orain nagoen bezala?! —herriko buruzagiaganantz jiratu zen eta eserita aurkitu zuen—. Japoniarrak garaituak izanen dira —ziurtasun haundiagoz hitz egin zuen—. Eta zugana itzuliko naiz, Hardo. Zure bila ibiliko naiz aurkitu arte.

        Aitonak gogo biziz behatu zion Karmini.

        — Ez diozu kontatuko egin dudana, ez da?

        — Zozo hori! Ziur nago badakiela jadanik. Badaki nork igorri zuen txosten hori. Doike ez zenuen zure ekintzaren ondorioei buruz inolako gogoetarik egin, ez zenuen inoiz imajinatu zure aurka iraul zitekeela. Entzun. Zu nahi zintuen Hardok bidetik landa, eta orain zure ekintzen ondorieie eutsi beharko diezu. Utz nazazu at. Hori egiteko gorriak ez badituzu, jarraitu nere aholkuari, joan beraren bila aurkitu arte eta, orduan, barkamena eskatu. Baina...

        — Baina zer?

        Karminek artezki so egin zion begietara.

        — Baina ez dizu sinetsiko.

        — Orduan, zer egin dezaket, Karmin? —galdetu zuen izuturik.

        — Zer egin dezakezun? —galdetu zuen Karminek arinki—. Deus, gartzelan egonen baitzara eserita. Eta gero, ordu pare baten buruan, japoniarrak etorri eta eramanen zaituzte.

        — Ez —oihukatu zuen aitonak Karminengana alboratuz—. Ni beldurtzera saiatzen ari zara, ez da, Karmin?

        — Ez.

        Aitona zoruari begira geratu zen.

        — Ez nauzu lagunduko? —bere biziaren alde erreguka ari zela ematen zuen.

        — Zer? —Karminen doinua hotza zen—. Nik atxilotu behar zaitut! Ezin zaitut lagundu orain. Eta ari zaren moduan solastuz, gauzak okertu baino ez dituzu egin behar.

        — Haserre zaude nerekin? —Karminek ez zuen ihardetsi; ibaiaren bihurgunean jarria zuen arreta—. Haserre zaude? —galdegin zuen berriz buruzagiak. Karminek hasperen haundia egin zuen—. Ningsih ere atxilotuko duzue?

        — Bera beranduago atxilotuko dut —erantzun zuen Karminek samindurik.

— Oi, ez... —intziri egin zuen buruzagiak.

        — Honetaz hitz egin nahi zenuen? Amaitu dugu? —Karmin ez zen erantzunaren zain geratu—. Nahi zenuena erran baduzu, goazen.

        — Nora?

        — Polizia kuartelera.

        — Urrikal zakizkit. Emaztea eta umeak ditut, eta militarren esku utzi behar nauzu? Oi, sobera da, sobera da! Eta Ningsih ere bai. Ez diguzu batere urrikirik?

        — Urrikia ez dago salgai.

        — Baina japoniarrek galtzen badute eta Hardo itzultzen bada mendekuaren bila... Benetan atxilotu zuten Hardoren aita bart?

        — Bai, hori ere zure ekintzen ondorioz!

        — Oi, sobera da!

        — Mugi, goazen —herriko burua mutu geratu zen Karmin jiratu eta urruntzen hasi zenean zubiaren eskuinetarantz eginez. Handik gibelerantz behatu eta bere azpian aitona ibilge ikusi zuen, bere begiak zubi-begiaren ertzari begira—. Mugi! Hasi mugitzen! —oihu egin zion Karminek.

        Aitonak goibeldurik honela erran zuen totelka:

        — Sobera da! Madarikatuak! Madarikatuak! Madarikatuak, denak! —eta gero polikiago: —Hori zen nere azkeneko itxaropena. Hardo joana da eta orain ez dago itxaropenik Karminengandik. Gizon hark ukabilkada bat eman zidan sudurrean, odoletan paratu ninduen eta inor ez zen saiatu ezta laguntzera ere. Atxilotua izan naiz. Orain militarren esku utzi behar naute eta burua moztuko didate. Eta Ningsih ere atxilotu behar dute. Madarikatuak! Madarikatuak, denak! Sobera eta gehiegi da! —ibaiari so egiteko jiratuz, jarraitu zitzaion bere aiene dolugarriari—. Eta Wong Tio Ham putakume horrek oraindik hamar mila zor dit. Madarikatua, joan bedi infernura! Ni gartzelan eta bera nere kontura ederki pasatzen. Eta Haji Kalsumek bi mila zor dit. Madarikatua, joan bedi infernura! Eta atzo bertan hiru milaz erosi nuen barruti bulegaria. Behin adituz gero atxilotu nautela, sartuko du teka kontrabandoz neretzat? —aurrera egin zuen nahasmendu eta sinestezinean—. Ni beldurtzera saiatzen ari dira. Ez, ez naute atxilotu behar. Oi, putakume alena! —murdurikatu zuen—. Ezin dituzu japoniarrak erosi.

        — Mugi zaitez! —oihukatu zuen Karminek berantetsia. Herriko buruak atzerantz begiratu zuen begiak goibeldurik. Karminek, urratsak atzera berreginez, heldu zion aitonari besotik.

        Buruzagia geldiro-geldiro jarraitu zitzaion Karmini.

        — Egiatan atxilotuta nago? —galde egin zuen.

        — Bai.

        — Eta Ningsih ere bai?

        — Bai.

        — Orduan zergatik ez nauzu garbitzen eta kitto?

        Bi gizonak zubiaren bazterrera iritsi ziren.

        — Hori ez dut nik egin beharrik —erran zuen Karminek hozki— polizia militarrak eginen du. Ez naiz ni izanen zure buruaren gainetik ezpata altxatuko duena. Ni ez.

        — Oi, ene Jainkoa... sobera da!

        Malda igo eta zubiaren goiko txokoan barna desagertu ziren bistatik. Baretasuna nagusitu zen ostera zubi-begiaren azpian.

 

 

© Pramoedya Ananta Toer

© itzulpenarena: Jose Emilio Txoperena

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus