Bi
Ilargia zintzilik zegoen berrogeita bost graduko angelua eginez eta airea hozten zihoan gauak aitzinera egiteaz batera. Urrunean barruti bulegoko eraikuntzan zegoen ezkilak jo zuen ahulki, hamar aldiz. Hamarrak ziren, hamarrak punttuan.
Ilargipean banbu-hesia, zein upohol estuki ehunduez egina baitzen, hori distiratsu zegoen. Hesiaren behekaldean eta ertzan zehar hiraka eta belarra, berdeilunak, joritzen ziren, eta ilargipean belarraren kolore berde-iluna ilunago ageri zen. Hesiak arroz landa bat inguratzen zuen, muga eginez oinbidetzat erabiltzen zen dike batekin. Hesiko ataka, hau ere upoholez egina, banbu-lokarriz egindako lokailu batek ixten zuen. Hesiaren gibelkaldean artasoro ttiki bat zegoen eta gaueko haizearen zurrunbiloarekin zurtoinek murmurio zegiten uhintzen zirelarik. Haizea baretu zenean, landareek dardar egin zuten eta geldi geratu ziren, lotan bezala, ametsetako gogoek iharraustu eta ixildutako gaztetxoak bailiran.
Arto-erreldoek lerrotzen zuten bi aldeetara ataka barruko oinbidea. Oinbidetik behera hogeiren bat metrotara etxola bat zegoen, ehundu eta txirikordatutako palma-hostoz egindakoa. Bidean hazten zen belarra oinek zapaldua zetzan. Bidearen bukaeran etxolaren atea ahozabalka zirauen, zulo beltz eta sakona.
Ilargia gorago igo zen. Barruti bulegoko ezkilak behin jo zuen, eta pixka bat beranduago gizon baten irudia agertu zen, arroz soroko dikean zehar oinez. Gizona hesiko atakan gelditu zen. Ez zeraman ia ezer soinean. Bere bizkarreko hezurrak nabarmentzen ziren eta ile luzeak estaltzen zion lepagaina. Gizonaren behatz hezurtsuek banbuzko lokarria askatu zuten eta atea ireki. Urrats bat eman zuen barrura eta itxi zuen ataka baina ez zuen bigizta berregin. Poliki etxolarantz mugitu zen.
Gizonak ez zeraman bere izter ahituak ageri-agerian uzten zituen iztapeko zikin eta horitu bat baino. Bere iztapea bakarrik zeukan estalita. Adin zehaztezineko eta garai txarretan dagoen gizon baten irudia zen.
Begira gelditu zitzaion oinbideari eta hau ezkerretatik eta eskuinetatik lerrotzen zuten arto landareak aldatuak zeuden. Erreparatu zien landareei, beraien neurriaz harriturik, eta ohartu zen ia-ia denbora zela moztu eta arta-bizarrak idortzeko. So egin zion pozez hosto berdeei itsatsia zegoen ilargiaren distirari.
Arta-uzta ona erran zuen bere kolkorako etxolarantz zihoalarik. Baina uztaroan japoniarrak etorri eta bi heren hartuko dute bere hanka meheek dardar egin zuten. Kozkortsuak junturetan, ez ziruditen kanabera korapilatsuak baino lodiagoak. Etxolako sarrera-hutsunera hurbiltzen ari zelarik bere burutik hitz egiteari berrekin zion. Hala eta guztiz ere, baserritarrek ez lukete arazorik sortuko barrura sartu zen.
Etxola ilun zegoen eta mundua inguratzen zuen ilargiaren distirak agertzen ziren koko-hostoz egindako ehunaren zirrikituetatik, zeru iluneko izarren antzera. Etxolako lur-zorua banbu azal txirikordatuez zegoen estalita, eta hauen gainean belar ehundutako oinoihal bat.
Lehen adina arrenkura egiten du oraindik ere erran zuen eskaleak herjaunaz, itxura batean, egindako aipuan. Ez da batere aldatu. Zenbat eta zaharragoa orduan eta gaiztoagoa eskaleak irribarre egin zuen kontuz makurtu eta esertzen zen bitartean; ondoren etxolari eusten zion zutabearen kontra etzan zen oinbidea zaintzeko. Ningsihri buruz nik egindako galdera guztiei erantzun bakarra «Hiria! Hiria! Kartini Eskolako bere lagunarekin». Hori bertzerik ez irribarre egin zuen oraindik gehiago lasaituz eta etzanez; halere, bere begiek tinko segitzen zuten bide eta hesiko atakari begira. Gaueko haizeak hotzikaratu zuen. Hain dago hotz erran zuen totelka.
Koko-hostozko teilatua, banbu-lokarriez bakarrik seguratua, hegazkatu zen haizearen eraginez. Arretatsu entzun zuen hosto asaldatuen eleketa; ostean, gorputza kuzkurtu zuen pilota bat egin arte. Goiti begiratuz, teilatu dantzariaren zuloettik zeru hitsa ikus zezakeen. Zeruan izar zurbilek ñir-ñir zegiten ahulki.
Baina nagoen egoeran nagoela, galdetu zion bere buruari nork hartuko ninduke? hatz eman zion buruari eta Karminen izena xuxurlatu zuen, orduantxe topatu zuen pertsona baten izena bailitz. Orro arin bat bota eta gero ixildu zen, baina bere baitan jarraitu zitzaion solasketa bakartiari. Zurekin hitz egin nahi dut, Karmin. Bai luze joan dela elkarrekin modu normalean mintzatu ginenez geroztik! Karmin, behin erran zenidan nerekin elkartuko zinela. Non dago zure gogoa orain? Ez, ez dizut errua botatzen. Halere, ikusi nahi dut zure gogoaren froga. Zeu zara batailoiko komandanterik hoberena. Badakizu zure gizonak nola gobernatu bat-batean nahasmendua gailendu zitzaion. Zuen aita zure bila hasiko ote naizenentz beldur da, Ningsih. Beraz, ni naiz atzetik dabiltzan gizon mota? Ni naiz gizon mota, zein gobernuak gorrotatzen duen bere baitako ahotsa indarberritu zen. Hala bedi orduan ahotsa adoretsuago eta gogorragoa egin zen. Azkenean, Karmin, zu zeu eta zure pelotoia nere eskuetara etorriko zarete arnasa hartu eta bere gorputz kuzkurtua tente jarri zuen. Ahoa irekitzear zegoen bere sentimenduak adierazteko, baina oinkada erritmikoen zaratak geldiarazi zuen. Etxolaren inguruan suma zitzakeen gizonak dikean barna korrika. Zaplasta eta oinkada zaratak oinhuts zein kautxozko zoletatik zetozen. Entzuten geratu zen gero eta ozenago ziren soinuak. Hesian krokaturiko ator baten urradura-hotsa aditu zuen eta ondotik oihu ozar bat.
Ekialderantz! Han! Zakurkumea! Ez utzi hanka egitera! begiak ttikitu zitzaizkion. Bera ere lasterrari emateko prest balego bezala jarri zen, eskuak eta hankak zoruari itsatsita. Urrats-hotsa garbiago entzun zitekeen, zalaparta gero eta haundiagoa. Begi-begi gelditu zitzaion etxolaren sarrerari.
Nere atzetik dabiltza berriz ere? galdetu zuen bere baitarako. Gorputzak dardar egin zion. Polizia japoniarra... Hara, goienez bufalo talde bat dira, belarra jateko gauza bakarrik! ahotsa ahuldu zitzaion. Zer dela eta eman behar didazue halako buruhaustea?
Agindu bat aditu zuen:
Harrapatzen baldin baduzue, ongi berotu!. Gero harridurazko oihu bat:
Nora demonio joan da? unetxo batez zalapartak eta oihuak baretu ziren, erabat desagertu arte. Belarriak erne-erne jarri zituen eta oihuak berriro hasi ziren.
Madarikatu alen hori! Ostikatu harrapatzen baduzue gaineratuz kaka egina utzi arte egurtuko dugu! Hegoalderantz joan izanen da, ziur.
Oinkada-hotsa aditu zuen ostera ere eta ikusi zuen irudi guztiz ikaratu bat, gizon bat, atakaren aurrean geratzen. Azkar, baina kontuz, gizonak ataka ireki, atzera itxi, makurtu eta etxolarantz egin zuen. Eskalea etxolaren sarrerara lau hankatan hurbildu eta korrika egiteko prestatu zen.
Irudi makurtuaren itzala agertu zen atarian. Eskaleak arrenkura totelkatu bat aditu zuen.
Honetaraino iritsi naiz gizona etxolara sartzerakoan banbu txirikordatuzko beheak garrasi egin zuen beraren hankapean. Gelaren erdian geratu eta, oraindik arnas-haunditurik, eseri eta jiratu zen atakari begiratzeko. Zer...! oihu egin zuen ustekabean ate ondoko itzal beltza ikusi zuenean. Gizon bat zara? xuxurlatu zuen ikaratuta zutitzera egiten zuen heinean.
Bai, hala naiz izan zen erantzun motz baina lagunkoia.
Gizonak hasperen egin zuen lasaiturik, atzera eseriz. Oraindik arnasa hartzera saiatzen ari zen.
Bilaketan ari zen taldearen oinkada-hotsa ahulduz joan zen; hala eta guztiz ere haien oihu eta mehatxuak oraindik arratsaldeko airean zehar bidaiatzen ziren. Etxolara sartu berria zen gizon heldua eseri zen eskalea lehen eserita egona zen tokian eta paretaren kontra etzan zen.
Inor ez da sartzen neurean nere baimena gabe marmar egin zuen atsekabeturik, bere arnasa kontrolatzera saiatuagatik. Nongoa zara? itaundu zion irudi ilunari.
Inongoa bereziki.
Gizon ailegatu berriak mugitu zuen bere gorputza eskaleari hurbilduz.
Ezagutzen dut ahots hori erran zuen. Ematen du... gure semearena dirudi. Nongoa zara?
Inongoa.
Zer erran nahi duzu? Bidaiaria edo al zara?
Hori da erantzun zuen eskaleak aurpegia galdetzailearengana pixka bat jiratuz. Ondoren, ate-zurtoinaren kontra etzan zen eta belaunak kokotz azpiraino eraman zituen.
Ez da, bada, hori gauza ona garai hauetan! Pena ematen didazu erran zuen gizonak bere ikerketari berrekin aurretik. Anitz ibili al zara Bloran barna?
Ia-ia osoa ikusi dut.
Osoa?
Bai, inguru osoa.
Eta zenbat denboraz aritu zara hori egiten?
Boladaxka batez.
Hain da ezaguna zure ahotsa. Nere semearena bezalaxekoa da.
Eskaleak irri egin zuen ahulki, ondotik gizonari galdetuz:
Zer adin duzu?
Berrogei.
Entzumena galtzen ari zara doike.
Baliteke. Bai, baliteke hala izatea. Baina ez, ziur nago. Gure mutikoaren ahotsak zurearen doinu ber-bera dauka eten egin zuen arnasa hartzeko. Hauspoa lasaituta zeukan. Zaintzaileak lanpetuta dabiltza egun hauetan hasi zen azaltzen. Prest daude beti baten bat egurtzeko. Ni adibidez! ahotsa kolokaka hasi zitzaion. Eta ia-ia harrapatu naute.
Urduri zaude? galdetu zuen eskaleak.
Ez, ez, ez da hori erran zuen gizonak bere beldurra estali nahian. Bere ahotsak halako arintasun faltsua hartu zuen. Um, beno inguru guzti honetan barna ibili bazara, berri on batzuk izanen dituzu neretzat.
Noren bila dabiltza zaintzaileak? galdegin zuen eskaleak aurreko hizpideari kasurik ere egin gabe.
Nere bila, pentsatzen dut.
Zergatik? Lapurra al zara? galdetu zuen eskaleak.
Ez.
Matxinatua?
Ez.
Jokalaria?
Asmatu duzu hasperen egin zuen gizonak. Bai, jokalaria naiz. Hiru lagunekin ari nintzen jokatzen arestian eta ...eta badakizu zelatari pilo bat izanen dugu hemen barna. Ez zu, noski. Ezagutzen ez zaitudan arren, iruditzen zait ez zarela gisa horretako gizon. Nere bizian zu bezalako gizon anitz topatu ditut eta denak endelegu zabalekoak izan dira. Eta zuk haiek baino gehiago oraindik ematen duzu.
Zer bada?
Zure ahotsa nere semearena bezalaxekoa delakoz.
Eta?
Eta konfidantza dizut, hori da arrazoia gizonak hurrengo aipua bere buruari zuzendu zion. Gizona nola eror daitekeen horretaraino aurrera egiteko bakarrik, ez dut sekula ulertuko eskaleak barre egin zuen eta gizonak harriturik begiratu zion. Benetan, benetan... zure irria bera ere nere semearena bezalakoa da.
Baina nik ez dut familiarik erran zuen eskaleak doinu bakarrean, testu bat buruz errezitatzen ari izanen bailitz.
Urrats-hotsak ixilarazi zituen bi gizonak. Biek ixilixilik entzuten geratu ziren, beraien begiak hesiaren atakan. Kanpoko aldetik zenbait gizon iragan ziren oinez, mantso-mantso. Beranduxeago bistatik desagertu ziren.
Etxolako jabea berriro ere jiratu zen eskalearenganantz.
Orduan, zer ari zara hemen egiten? Zer erran dezakezu zutaz?
Eskaleak ez zuen galdera erantzun.
Jokalaria zara?galdetu zuen arinki.
Bai murdurikatu zuen gizon helduak. Ez nukeen sekula pentsatu izango, baina bai, jokalaria naiz. Ez zait deus bertzerik axola. Ruleta-gurpil eta kartetan aritzeko bizi naiz. Ai, ez dago halakorik ezer baldin eta argi elektriko eta agian irratian musika pixar bat badauzkazu. Badakizu, hiru egunez jarraian joka nezake tokitik mugitu gabe. Baina suposatzen dut zuk ez dakizula... ez duzula inoiz...
Zer da ez dakidana moztu zuen eskaleak.
Ez dakizu zer aurkitzen diodan jokoari.
Askatasuna? igarri zuen eskaleak.
Horixe. Askatasuna! Inoiz jokatu al duzu?
Ez erantzun zuen eskaleak. Nere bizia ez bada.
Atsegin dut erantzuna. Eta egia da, aiherrak ematen dit. Zu bezalako morroi bat, bidean bizi dena, bizia jokatzen ari da beti, dagoenean dagoela. Baina nik, nik joko-mahaian lortzen dut saltsa. Beraren aurrean nagoenean ez dakizu zein pozik nagoen!
Eri zaude aurpegiratu zion eskaleak.
Ez, ez nago. Ederki nago osasunez ihardetsi zion gizon helduak bizkarra paretara hurbilduz eta gorputza tente jarriz.
Bai, eri zaude baieztatu zuen eskaleak bere gorputza mugituz gizon helduaren parean paratzeko.
Ez, ez nago erran zuen etxolako jabeak bere burua defendatuz. Zauritu naute beharbada. Agian hartu dut zegokidan min eta sufrikario zatia, baina hala eta guztiz ere, ez nago eri.
Sufrikarioa? Zer pairatu duzu zuk?
Zuk ez duzu ezta erdia ere ezagutzen erran zuen gizonak xuxurlari. Sufritu egin dut ikaragarri eta anitz gauzagatik eta badut uste nik jasan dudana bertze inork jasan balu, gaurgero erotua izango zatekeela. Ikusi izan dut minak eta sufrikarioak zoratutako jendea. Beharbada egia da zuk lehen errandakoa. Zintzotasuna atsegin dut, lagun! Lehen desberdina nintzen. Nere inguruan zebilen jendearentzat etxe sorgindu bat bezalakoa nintzen, hurbiltzerakoan beldurgarria eta sekretu ilun eta sakonez beteta. Horrexegatik izan nintzen barruti burua, ez zelatari bat baino anitzez gehiago, alegia. Baina ez orain. Ez dut jadanik lan hura ezta hor barna garraiatu beharreko sekretu zamarik ere. Irekia izatea gustatzen zait. Agian erran duzuna egia da. Beharbada eri nago. Jokatzen hasi nintzen une beretik ez dut sumatu egiazko ezer nere bizian. Bizia bera ere Naturak egindako iruzurra bailitz. Bai, Jainkoaren jolasen bat. Bereziki zakur japoniarrekin nere atzetik. Hala ematen du, Bizia jokoa dela. Baina aizu, ez naute oraindik ere harrapatu. Eta hilabetez aritu naiz jokatzen. Pixkanakapixkanaka joko-mahaiak jan egin dit behin neukan guztia. Baina zer arraio! Bizia jokoa da. Bizia ez da egiazkoa. Ez zait axola dena galtzen badut ere. Ez zait axola zeren eta bihozkada bat daukat, bain zuzen bizia ez dela zeruan zehar flotatzen dabilen hodei multzoa bertzerik, non inork ez baitaki nora doan. Eta ez du axola, ni pentsatzen... eten egin zuen bere erkinez lokian jotzeko, ni pentsatzen hasten ez naizen bitartean.
Eskaleak irri egin zuen.
Eta pentsatzen duzunean zertan pentsatzen duzu? ezbaikor zirudien.
Bere begiak atakan mantenduz, jokalariak solas egin zuen goibelki.
Emaztea, mutila, nihaur eta nere lana ere...
Eten egin zuela, haizea indartu zen eta beraien gaineko sabaia hegazkatzen hasi zen etengabeki. Etxolako paretek dardar egin zuten haizearekin lehian. Jokalariak atsedena hartu zuen ukondoak belaunetan eta aurpegia eskuetan.
Eta zure emaztea? galdetu zuen eskaleak.
Hil zen erran zuen tristeki jokalariak. Justu, orain dela bortz hilabete. Eta hil zenean, berarekin eraman zuen nere biziko azken euskarria. Neukan azkenekoa. Begira, begira nazazu, lagun. Ez dut jadanik zeri eutsi. Beraz, nahi dudana egin dezaket, nahi dudan guztia. Hazi-leka bat bezalakoa naiz. Azala gero eta gogorragoa hazten da eta lehorte garaian bat-batean eztanda egin eta hazia botatzen du, gibelean oskola hustua utziz. Nere emaztea hil ondoren etxea, nere txokoa gartzela bihurtu zen neretzat. Eta ez dut gartzela atsegin. Apika nik pairatu dudana zuk jasan izan bazenu, ni baino okerragoa izanen zinateke. Halere, ikusten, ez nago hain erotuta. Hasi nintzen gauez ateratzen eta gero arratsaldez ere bai; edozein tokitara, etxean egon behar ez izateko. Kanpora ateratzen nintzen noraezean arnasa sakon eta luzea hartu zuen. Airea bota zuenean bere bularraldeak urruma egin zuen. Aurrera egin zuen ahots xuabez. Agian erran duzuna egia izan liteke. Beharbada eri nago.
Nola hil zen zure emaztea? galdetu zuen emeki eskaleak.
Nola? Heriotza Jainkoaren eskuetan dagoen zerbait dela sinesten ez duen gizona dirudizu. Eta horregatik emanen dizut erantzuna. Ikaraz hil zen burua altxatu zuen atakari begiratzeko berriz ere.
Japoniarren beldur izanen zen erran zuen eskaleak, erdi iragartzen.
Jokalariak harrituta behatu zion.
Zer diozu? Guda garaian halako zerbait errateko gorriak dituzu? bere ahotseko asaldaketa desagertu zen. Ixilxeago mintzatuz ematen zuen bere buruarekin ari zela. Zer axola! Berdin, denek badakite. Eta ni...
Eskaleak ez zion begikotasunik eskaini.
Eta zuen semea?
Gure semea... jokalariak bere beso gurutzatuen atzean ezkutatu zuen aurpegia eta hitz egin zuen malenkoniatsu. Bera da guzti honen arrazoia.
Eskaleak bere belaunak askatu zituen. Hauek danbada egin zuten banbuzko estalkia jotzerakoan. Ezkerreko eskua mugitu zuen atearen markora eta hankak luzatu zituen.
Gure semea ofiziala zen, pelotoi burua Indonesiar Bolondresen armadan. Oi, banekien zein ziren bere benetako sentimenduak japoniarrekiko azaldu zuen jokalariak. Banekien lehenagotik zer sentitzen zuen bere baitan. Eta uste dut banekiela eguna iritsiko zela noiz ezin izanen zituen bere sentimenduak barrenean gorde. Eta horrek beldurtzen ninduen. Hain nengoen beldurtuta eten egin zuen zerbaitez oroitu izan bailitzan. Etxera etortzen zen baimenarekin Cepu koarteletik, eta etortzen zen aldiro ikus nezakeen zein atsekabetuta zegoen japoniarrekin. Denborak aurrera egin ahala, bere sentimenduak gero eta ageriago zeuden. Eta behin erran nion, «Gaztea zara oraindik, baina kontutan hartu zure gurasoak». Hori da erran nion guztia. Bertzenaz zer erran nezake? Baina berak ez zuen deus ere aipatu.
Gizon helduak burua altxatu zuen eta begi-begi gelditu zitzaion eskaleari.
Aditu duzu erran dizudana?
Bai, bai, segi aitzinera.
Jokalariak burua eskuen artean jarri zuen berriro.
Zure ahotsa gure mutilarena bezalakoa da ixilik geratu zen, nahasmenak zorabiatua; gero, ahots bajuaz aurrera egin zuen: Doike ez zion kasurik ere egin nere aholkuari. Ez zuen behintzat aintzat hartu. Behin batean etxera etorri zitzaidan, «Aita, agur erratera etorri naiz». Eta alde egin zuen. Geroago... gizonaren bularraldeak gora egin zuen arnasa hartzera saiatzen ariko balitz bezala.
Aita ona zara erran zuen eskaleak, jokalaria kontsolatu nahian.
Gizonak ez zuen deus ere erran. Gauaren zapalketak inguratzen zituen. Jokalaria aterantz makurtu zen, atakari begirada bat eman eta berriro eseri zen tente. Hasperen haundia egin zuen.
Agian banaiz, erran zuen leherbeharrez dena den ez dut egundaino aita ona ala ez ote naizenentz pentsatu. Ez dut sekula nere burua aitatzat hartu, are guttiago aita ontzat. Beharbada banaiz gaueko baretasunak ostera zapaldu zituen.
Eskalea mintzo zen poliki.
Baina ez duzu zergatik triste egon beharrik.
Jokalari zaharraren hankak eta enborra bihurtu ziren burua mugitu zuelarik.
Triste? Ez da tristura sumatzen ari naizena. Gauza guztiekiko euskarria galdu dudala, bertzerik ez. Bai, nire euskarria galdu dut. Ez dakit jadanik zer egin dezakedan edo norentzat lan egin. Eta kontutan hartuz nagoen egoeran nagoela, zail da ikustea zer nolako etorkizuna daukadan. Baina ez, ez nago triste. Bizia hutsala dela sentitzen dudala baino ez. Hutsala, hutsala, erabat hutsala!
Hutsala? Nik ere sumatu izan dut hustasuna. Eta badakit zein ezinegongarri eta bildurgarria izan daitekeen. Baina zuen semea? erran zuen eskaleak errukior. Zer gertatu zen orduan?
Bada, zera... eskaleak eten egin zuen ziurtasun ezean. Orduan egin zuen aitzinera poliki berriak etorri ziren... berriro moztu zuen eta burua gibelerantz bota zuen atzeko pareta ukitu arte. Ezarrera hartan bere begiek sabaia bilatu zuten.
Zein berri? itaundu zuen eskaleak, hizpidean sortutako hutsunea betez.
Bat-batean, jokalariaren burua aurrera erori zen; begiak gonbidatuan kateaturik.
Zure ahotsa gure semearena bezalakoa da! eskaleak irri egin zuen. Baina ez... jokalariak uko egin zion halako itxaropenari. Gure mutilak hila behar du. Japoniarrak ez dira ospetsuak etsaia barkatzeagatik. Eta daukaten zelatari sarea estu-estua da. Ihes egin ahalko balio...
Baina zein berri ziren? eskaleak entzungor egin zien gizonaren teoriei.
Berriak ziren gure semeak hartu zuela parte armada japoniarraren aurkako matxinada batean; hiru komandantek sartu zituztela euren bataloiak matxinadan. Aditua zenuen hori, ez da? jokalariaren ahotsak harrotasun kutsua zeukan.
Bai, zerbait aditu nuen. Pentsatzen dut Java osoak aditu izanen duela gaineratu zuen arinki eskaleak. Baina ongi ulertu banuen, matxinadak porrot egin zuen.
Bai, hala da baieztatu zuen azkar jokalariak, bere aurpegia besoen artean berriz ezkutatu aurretik. Buruetako batek bertzeak saldu bide zituen. Ez dakit sentitzen ahal duzun, inolako ideiarik ote daukazun zer sentitzen duen beraien semea ihesean duen guraso batek, eta bereziki seme horren atzetik doana japoniar gobernu militarra baldin bada. Hilen zintuzkete ikusi bezain agudo. Pentsatzen dut izanen duzula sentitzen dudanaren zantzua. Horren ondotik nik, bere aita naizen honek, telegrama bat hartu nuen, gobernuaren agindu bat gure semearen bila joateko talde bat presta nezan. Pentsa! Imajina dezakezu hori baino gauza okerragorik? Aita batek beraien semea ehizatu eta bere borreroei libratu beharra? Pentsa ezazu! Hartutako telegramak gehitzen zuen gure semea Blorara hanka egina zela jokalariak eten egin zuen aiene sakon bat egiteko; gero jarraitu zuen ahots apal eta lakarraz. Jainkoak baino ez daki zein pozik geratu nintzen gure semea harrapatu ez genuenean; ihes egin zionean patruila militar eta jendeak egindako kateari ahotsa mantsotu zuen. Halere, ez zen amaiera izan. Bertze telegrama bat hartu nuen, honek zioenez gure mutila ikusia zuten Plantungan Mendietan. Jendea berriro mobiliza nezan agindu zidaten.
Eskaleak gizon helduarekin batera arnas sakona hartu zuen. Hatz eman zion bizkarrari eta egin zuen zaratak arto hosto idorrek elkar igurtziz egiten dutena zirudien.
Andreak ere? itaundu zuen eskaleak. Jokalariak ez zuen deus erran. Zure emazteari ere agindu zioten joateko?
Oi, Jainko maitea! negar egin zuen jokalariak. Bai, nere emazteak ere joan behar izan zuen. Ia ulertezina iruditu zitzaidan nola gerta zitekeen halako zerbait. Nola ameti zezakeen Jainkoak halakorik? Ez zatekeen hain txarra izanen osasunez ongi egon balitz. Baina gure mutila japoniarrengandik ihesean zebilela ikasi zuenean gaixotu egin zen. Eta agindua etorri zenean, beraren atzetik abiatzekoa alegia, bere osasunak txarrera egin zuen. Baina behartu zuten joatera eta eldarnioak hartua egin zuen ia bide osoa. «Gure semea, gure semea!» intziri egiten zuen. Aditu izanen duzu hori: lau mila pertsona mobilizaturik gure semea harrapatzeko! Jainkoak besterik ez daki noraino eskertu nion harrapatua ez izana. Baina... ahotsak dardar egin zion. Baina gure semearen bizitzaren ordainaz emaztearena eman behar izan genuen eskaleak hasperen egin zuen. Etxera itzuli eta, handik bi ordutara, hil egin zen ixiltasuna nagusitu zen. Gizon helduak burua altxatu zuen poliki, besoak desgurutzatu eta etzan zen.
Jokalariaren arreta galdu zuenez eskalea ere etzan zen, bere gorputza bertze gizonaren paraleloan jarriz. Tentsioa zegoen airean. Bi gizonek hitz egiteko beldur ziruditen, beren gogoetak iluntzen zituzten itzalak uxatzeko beldur. Gaueko haizeak xuxurlatzen zuen hostozko teilatuan eta ziztu egiten zuen paretetako zirrituetatik sartzerakoan. Arto hosto idorren murmurioak haunditu egiten zuen barruko tentsioa.
Mantso eta ikaratu antzean eskaleak azkenean hitz egin zuen.
Zer gertatu zitzaion zuen semeari?
Ai, inork ere baleki jokalariaren ezpainak juxtu-juxtu mugitu ziren hau ahozkatzean. Oi, gure mutikoa... hain joan da luze. Agian japoniarrek burua moztu dizute. Horixe bera eginen lukete. Beharbada ez dira gehiegi solastuko, baina egin bai, egiten dute, eta hiltzea gauza erabat arrunta da haientzat. Baina inork ez daki zer gertatu zitzaion edo nora joan zen. Hori ona da berarentzat. Eta gainera, bi telegrama haien ondotik hirugarren bat hartu nuen, eta honek zioen ez nindutela gehiago behar gure mutila aurkitzeko zeren... zeren nere kargutik lekutua izan nintzen.
Zein kargutatik?
Barruti burua. Ni naiz Karangjati barrutiko buru ohia erran zuen harro ofizial ohiak. Dermio horien barna ibili bazara jakinen duzu Blora hiria nere agintepean zegoela. Barruti burua, ba! Zein barruti buruk egiten du lo eskale batekin etxola batean?
Jokalaria eskalearenganantz jiratu zen begiak zahalzabalik. Lubeta batera gatera saiatzen ari den gizon baten antzera, bere burua altxatu zuen lurrean etzanda zegoen bere kideari begiratzearren.
Eta zein motatako eskalea zara zu? galdetu zuen kopetilundurik berriro etzan aurretik.
Beno, eta zer? erran zuen goibeldurik. Eta zer barruti buru ohi honek eskale bat badauka lotan bere ondoan? Egia da, ahantzi egiten zait. Ez da harrigarria zu hain usandua egotea ixilik, hausnarketan geratu zen. Baina eskalea zara benetan? Sinesgogortasuna zerion bere ahotsari.
Eskaleak irri motz bat egin zuen, baina ez zuen ezer erran. Errepidearen iparraldetik kotxe baten biraketa hotsak etorri ziren. Behin, bi, hiru aldiz.
Zertan dabil kotxe bat errepidean tenore honetan? eskaleak harritua ematen zuen. Zer ordu da?
Hamaikak edo.
Hamaikak eta kotxe bat errepidean. Baina, entzun; kotxea baino kamioia dirudi.
Kamioia, hori da! baieztatu zuen jokalariak. Cepuko soldadu taldeak ziur aski.
Ziur aski barruti buru ohiak destainaz begiratu zion eskaleari. Aizu, eskalea bazara benetan, nota zara hain azkarra?
Azkarra? eskaleak axolagabetua zirudien.
Hori da. Eskaleek ez dute gauza horiei buruz hitz egiten. Eskalea bazara kontatu beharko zenidake nola aurkitu zenuen oilasko hila eta zer otordu prestatu zenuen berarekin eskaleak irri egin zuen. Eta hemen zaude, kotxe eta kamioiez hitz egiten eta haien soinuez... etentxo bat egin zuen. Garai batean poza hartzen nuen kotxe bat barruti egoitzara etortzen zenean. Horrek alaitu egiten ninduen. Gustatzen zitzaidan gonbidatu japoniarrak hartzea. Ziur asma dezakezula zergatik: igoera edo kargu hobe batera aldatzeko itxaropena. Eta ziur nago badakizula ez zarelakoz benetako eskalea. Funtzionario batek bi itxaropen bertzerik ez ditu: bat, diru gehiago; bi, kargu hobea. Badakizu hori. Baina orain, kotxeen zaratak izutu egiten nau. Beti nago ikaratuta. Beti daukat bukaezinezko beldur hau, eta ez dakit zergatik.
Bereziki jokatzen ari zarenean erran zuen eskaleak. Ez da hala?
Hala da baieztatu zuen jokalari eta barruti buru izandakoak. Zeren jokatzen harrapatzen bazaituzte azaldu zuen, mahaian dagoen diru guztia janarazten dizute eta gero egurtzen zaituzte eskalearen irri-furrustak atzipetu zuen gizon heldua. Orduan horrek erran nahi du zure emazte, seme eta karguari gertatutakoak bihurtu zintuela jokalari? gizon helduak deus ere erran ez zuenez eskaleak ematu zuen ahotsa. Zure emaztearen heriotzeagatik, zuen semearen japoniarren aurkako matxinadagatik, zure barruti buru kargu kentzeagatik, eta zure burutapen kezkatiengatik...
Bai, bai baietsi zuen azkar jokalariak eskaleak aurrera egin ez zezan. Adoregabeki solastu zen. Guzti horrek eraman ninduen orain naizen honetara. Halako zama bihurtu baitziren nere buruan alde batetik bertzera zebilzkidan gogoeta guztiak! lurrean narraska joan zen banbuzko zutaberaino etzatera. Pentsatu horretan. Ni, bakar-bakarrik eserita nere gelan deus egiteko inor mintzatzeko. Polizia militarra ni ehizatzen zebilelako mamuarekin bakarrik. Ikusten nuen ezpata distiratsua nere buruaren gainetik inguru-biraka eta dardarka eta oihuka hasten nintzen. Eta ez nintzen nere onera itzultzen auzotarrak lasterka etorri eta nere gelara bortizki sartzen ziren arte. Orduan soilik ohartzen nintzen ez zitzaidala deus ere gertatu; ez zegoela ez borrerorik ez ezpatarik; ni bakarrik nengoela, bakarrik eta ikaraturik. Halakoetan egin nezakeen gauza bakarra zen nere burua madarikatu eta zuzpertzen saiatzea, auzotarrak joan zitezen konbentzitzeko adina belaunak besarkatu zituen eta burua halen gainean jezarri zuen. Azkenean erotzen ari nintzela ondorioztatu nuen bat-batean ixilka farre egiten hasi zen. Gauez, mundu honetan bizia dagoela adierazteko kriseilu batzuk baino ez direnean, eta nere inguru guztian isiltasuna gailentzen denean, gelako zoko ilunetan begiratu eta gure mutilaren aurpegia ikus dezaket, mehe eta zurbil, zoruan belaunikatuta, bere begiak oihal zuri batek estaliak. Haren atzean, zutik, borrero japoniar haundi, gihartsua bere ezpata dantzatzen. Orduan begiak itxi, aurpegia burupekoan ezkutatu eta belarriak eskuez estaltzen ditut.
Gaixorik zaude ondorioztatu zuen berriro eskaleak.
Bai, orain onartuko dut hori; denbora hartan lurjotaxamar nengoen. Nihaurek banekien hori, baina egiatan eskalea bazara ez zenuke hemen egon beharko nere osasunaz solasten, bereziki nere buru osasunaz itxaron zuen eskaleak erantzun zezan, baina ixiltasuna baino ez zuen lortu. Dena den nori axola zaio zu eskalea zaren ala ez? Argia pizten dudanean emaztearen begiak ikusten ditut, begiak bertzerik ez, nere mugimendu guztiei so. Egiten ahal dudan gauza bakarra xuxurlatzea da: «Alde hemendik! Alde hemendik!». Eta haren begiak noizbait ixten direnean, bere ezpainak agertzen dira. Eta mugitzen dira niri zera erran nahian bezala... burua altxatu zuen eskaleari, zein orratza iman bati bezala hurreratu baitzitzaion, begiratzeko.
Zer erraten dute? eskalea eseri zen eta begira-begira gelditu zitzaion jokalariari, barruti buru ohiari. Une batez bi gizonak elkarren begiei so geratu ziren. Eskaleak zirikatu zuen jokalaria jarrai zezan.
Eta gero?
Jokalaria poliki-poliki alboratu zitzaion eskaleari eta xuxurlatu zuen: Beharbada zu zara gure mutikoa ahotsa ozendu zuen itxaropen eta mina nahasturik. Gure mutikoa zara? ixilik, arnasari eutsi zion.
Eri zaude! bota zion ostera muturtik beheti. Eskalea urrundu zitzaion pixka bat bertze gizonari.
Agian bai onartu zuen jokalariak lehen eserita egona zen tokira itzuli aitzinetik. Belaunak besarkatu zituen berriz, baita burua haien gainean jezarri ere.
Zer erraten du zure emazteak? galdetu zuen kontuz eskaleak.
Jokalariak, jadanik fidakaitz, burua altxatu zuen belaunetatik.
Eta zuri, dena dela, zer axola?
Eskaleak arnasa bota zuen.
Ezagutzen dudan zerbait da jendeak bere sufrimenduak bertzeekin konpartitu nahi dituela, mundu guztiarekin behar izanez gero. Garai madarikatu hau, zeinetan gu bizi garen! Zuk zihaurek ere badakizu. Eta okerrena da ezin zarela bertzeekin zure arazoez solastu. Baina nik bai, ulertzen dut. Beraz, orain, ni naukazu; baduzu norekin mintzatu. Begira iezadazu. Bidaiaria naiz, haratonatean dabilen eskalea. Eta eskaleak ez dira jendeak uste lezakeen bezain zekenak behatu zion nahasmenduan itoa zegoen jokalariari. Gizon helduak hasperen egin zuen. Zergatik ematen duzu hain triste?
Jokalariak burua astindu zuen. Gaua hedatzen zen haien inguruko ixiltasunean.
Ez zara oraindik nerekin fidatzen gizon helduak ixilik jarraitu zuen. Ez dut gezurra errateko arrazoirik. Eta ez zara oraindik nerekin fidatzen.
Ez, ez naiz. Baina zure ahotsa gure semearena bezalaxekoa da jokalariaren ahotsak dardar egin zuen. Gure semea bazina bederen... aurpegi besarkadan ezkutatu zuen eta eten egin zuen arnasa hartzearren.
Jakin nahi dut zure emazteak erran zuena eskatu zion eskaleak jokalariari.
Hauxe erran zuen jarraitu zuen jokalariak, hauxe erran zuen, «gure mutila da min hau ematen ari zaidana».
Oi, ene Jainkoa... hasperen egin zuen eskaleak. Bere semeagatik zegoen mindua.
Bai, hala uste dut erran zuen goibeldurik jokalariak. Erran eskatu zuen, imajina dezakezu deus okerragorik? Eta horixe zen nere egoera. Zorionez, azkenik nahikoa zentzu berreskuratu nuen ondorioztatzeko oraindik okerragora egingo nuela ez banuen neure sentimenduak askatzeko bideren bat aurkitzen. Eta horrela, lehen aldiz nere bizian, hasi nintzen gauez ateratzen; noraezean eta beti bakarrik. Jainkoa, nola oroitzen naizen ilargi beteaz! Oinez joan nintzen Plantunganera, Pamotan eta Tempuran urtegiaren tartean dagoen karemenditxoen hegira. Aditu bainituen gure semea han zegoelako zurrumurruak. Eta, beraz, hara joan nintzen bera aurkitu nahian. Eriden egin behar nuen. Huraxe zen buruan edukitzen ahal nuen gauza bakarra mantsoago hitz egin zuen. Blorako dermioetan harat-honat ibili baldin bazara, ezagutu behar dituzu Plantungango inguruak eta urtegia. Izan al zara Tempuranen?
Bai, leku ederra da.
Zoragarria.
Benetan halakoa.
Jokalariak arinki hitz egin zuen.
Hona, orain edertasuna ere estimatzen duen eskalea dugu hemen! Plantungango mendixkak ere politak dira, ez da?
Zerbait gogoratzen saiatzen ariko bailitz, eskalea ixilik geratu zen.
Plantungan? galdetu zuen doinu bakarrean.
Bai, hori da tokia nondik hirirako ur gehiena datorren.
Egia da. Bai, behin izan naiz Plantunganen.
Erran, gure semea zara benetan?
Eri zaude! Horregatik ezin duzu behar bezala pentsatu agirika egin zion eskaleak. Ezin baduzu behar bezala pentsatu utzi zeure burua entzuteari. Zuen semea japoniarren aurka matxinatu bazen, ez zenuke bizirik dagoen edo etxera itzuliko den itxaropen apurrik ere eduki beharko. Ahantzi halakorik! Entzun nere aholkua. Ez, agian ez. Beharbada hobe izanen litzateke zuretzat jokatzen segitzea arras erotu arte arinkiago hitz egin zuen. Orduan ez zenuen zuen semea aurkitu?
Ez. Halere jendeak leize bati buruz hitz egin zidan, Sampur leizeaz, baina ez nuen harat joateko gorriak zituen inortxo ere eriden. Mamu eta deabruentzako aterpea omen zen. Egiatan. Ez nuen aurkitu barrenerako bidea erakutsiko zidanik. Berrogeita hamar rupiah eskaini nizkien eta txantxetan nenbilela pentsatu zuten. Horrenbertzez, soka luze eta suzi bat erosi nizkion haietako bati eta, badakizu zer egin nuen? Bakar-bakarrik sartu nintzen leizean! Sokaren mutur bat upohol bati lotu nion, leizearen sarreran iltzatu, eta bertze muturra nere gerriari lotu. Esku batean soka bilgua hartu nuen eta bertzean suzia. Barrenera egin nuen, baina ez nuen gure semea aurkitu. Ez nuen aurkitu milaka saguzahar baino, ziztuan hegaka eta behin eta berriro nere suziaren garraren gainera eginez. Garra jotzen zuten saguzaharren gorpuak barra-barra erortzen zitzaizkidan besora. Leizearen barrenean haitz baten erdian iturbegi bero bat aurkitu nuen, zeini ura zurrustaka zerion jokalariak hizpidea ustekabean aldatu zuen zera galdetzeko:
Goseak zaude?
Ez, erantzun zuen eskaleak laburki.
Gose bazaude erre dezakegu arto pizar bat. Gau hotz batean ez dago arto beroa baino hoberik. Egunean zehar hor kanpoan dagoen soro horretan lan egiten dut. Jokatu, gauez egiten dut. Hiriko etxea... dena utzi nuen. Pixkanaka-pixkanaka saldu ditut nere ondasun guztiak janaria eta jokatzeko diruaren truk. Zer jan nahi duzu?
Zer galdera mota da hori? Gizona janariari esker bizi da. Gabe, hil egiten da.
Ikus dezaket horri buruz ere zure iritzi zeurezkoak dituzula. Bitxia zara eskale izateko. Ezin dut irudikatu benetazko eskalea horrelakorik erraten jokalariaren ahotsak dardar egin zuen aurrera egiterakoan. Apika denek pentsatuko dute horrela, baina inork ez du inoiz hori aitortu. Dena dela, biharamunean, gure semea aurkitzen huts egin ondoren, etxera itzuli nintzen oinez ahotsa aldatu zitzaion. Oker ez banago hamabortz kilometro edo, oinez inoiz egin dudan ibilbiderik luzeena. Blorako atarian bufalo eta azienda zaintzen ari ziren gazte batzuekin topo egin nuen. Beraien taldeen erreparo egotearen aspertasuna arintzeagatik jokoan ari ziren tamarindo haziekin. Jainkoa, a zer nolako bozkario aurpegia kartei begiratzen zietelarik! Luzaro geratu nintzen eserita haiei beha. Eta ondorioztatu nuen agian, ni ere jokatzen has banendin, askatu ahal izango nintzela neure endelegua nahasten ari ziren gauzez.
Eta horrela hasi zinen jokatzen?
Horrela hasi nintzen jostatzen. Bai, jokoan aurkitzen baitut askatasun osoa. Askatasuna nere endeleguaren neke eta emazte eta semearen oroipenetik.
Eskaleak irri egin zuen modu zorrotzean.
Hagitz ongi. Askatasuna lortu zenuen, baina bidean zeure burua lotu zenuen joko-mahaiaren hankari askaezinezko korapilo batez.
Beharbada bai. Halere, dakidan gauza bakarra da ez dagoela gizon askerik. Lotura batetik askatzen zara, soilik zeure burua bertze zerbaiti kateatzeko. Askatasuna une bateko lotura eza baino ez da, bertzerik ez. Zer diozu?
Nere ustez inor ez da erabat zentzudun, orok dute aurre eman beharreko gaixotasunaren bat.
Zer? jokalariaren ahots ozenak haserretuta ematen zuen.
inor ez da erabat zentzudun.
Zeu zara orain eroa aurpegiratu zion barruti buru ohiak. Itosurez josita zaude erran zuen astiro. Eskaleak irri egin zuen. Zergatik ari zara farre egiten? hau entzunda oraindik irri gehiago egin zuen. Inor ez delako zentzudun? Doike denak dira eroak, baina zu ez.
Ez, denak, nihaur barne. Aurkitu ahal banu pertsona zentzudunik mundu honetan, bakar bat...
Dena dela, nondik nora ari da eskale bat honi buruz hitz egiten? tartekatu zuen barruti buru ohiak harridura eta sumindura doinuz.
Ez ahantzi eskaleak ere gizakiak direla. Zure ahanzkortasuna zure endelegu egoeraren adierazgarri da. Bai, inor ez dela erabat zentzudun agerian uzten du barre egin zuen. Hala eta guztiz ere, ahantz ezazu. Garbi dagoena da zu jokalaria zarela, bere burua endelegu arazoetatik askatzeagatik urteak eta ondasunak xahutzeko prest dagoen gizonajokalariak hasperen egin zuen. Eta joko mahaiaren morroi izateko.
Jokalariak ahotsa ozendu zuen.
Zu ez zara eskalea! Ziur nago. Ez duzu behin ere aipatu ez oilasko hilik ez baimenik gabeko ahate ehiza ibaian. Nor zara benetan? erantzunik ez. Nor zara zu? erantzun ezean berriz ere, barruti buru ohiak aitzinera jarraitu zuen:
Ametitu egiten dut, jokalaria naiz, joko mahaiaren morroi. Pozten zaitu horrek? Eta zer egin nahi dut? Deus ez. Ez dut nere burua morrontza horretatik askatzeko batere intentziorik.
Eri zaude erran zion ostera eskaleak.
Jokalariak burua altxatu zuen eskalear zeharka begiratu nahian, baina ia erabat ilunbetan eriden zuen.
Zergatik ari zara hori errepikatzen? Ederki, eri nago, onartu egiten dut. Baina zergatik ari zara hori behin eta berriro errepikatzen?
Zer uste duzu erdietsiko duzula ondasunak harrika bota eta gelditzen zaizkizun urteak morroi gisa emanez? eskalearen ahotsaren doinua irakasle batek bere ikaslearekin erabiltzen duena zen.
Nik? Ez naiz deus lortzera saiatzen ari. Zertarako? Ez dut ez emazterik ez semerik, ezta denbora batean izan ohi nituen lagunak ere. Beldurra da daukadan guztia, betiereko beldurra eta jokatzeko irrika bukaezina. Zer lortu behar dut? Zuk erran. Eta, dena den, zertarako? Bedeinkaziotzat daukat aspertasuna eta egonezinetik nere burua askatzeko gai izatea. Baina zu, ene lagun, zer lortu nahian zabiltza zeure bizia naturaren aurka jarriz?
Guttien-guttienez, zuk aurkitu duzuna baino haundiagoa den askatasuna.
Zein askatasun mota da hori?
Zapalkuntzatiko askatasuna.
Zapalkuntza?
Bai, zapalkuntza. Zapaldua behar ez lukeen jendeak jasaten duen zapalkuntza. Ulertzen duzu? erantzunaren zain geratu zen.
Barruti buru ohiak marmar egin zuen:
Japoniarrengatik dago dena dagoen bezala. Harroak dira eta begirunea eskatzen dute, baina animaliak bailiran tratatzen dituzte arerioak. Ohartzen diren ala ez, beren hilobiak zulatzen ari dira. Uste dute indonesiarrek ezin dituztela haien akatsak ikusi. Bada, indonesiarrak ederki jabetu dira beren irakasleen ankerkeriaz solasteari utzi zion eta lasaitu zen berriro ere.
Zaratarik gabe ilargiak gorago egina zuen, eta etxolan, etxola ilunduan, bi gizonak batera arnasa hartzen, hura zen entzun zitekeen soinu bakarra.
Barruti buru ohiak aurrera egin zuen.
Begira, oraindik funtzionarioa banintz, harrapakin erraza izango zinateke neretzat.
Bada, pozten nau orduan zu jokalaria izateak. Zu zara pairatzaile bakarra, zeure ondasunak, zeure gorputza, eta zeure osasuna. Eta jarraituko duzu jokatzen agortu arte, horretan atsegina aurkituagatik. Erabat egokia deritzot zeure kargutik kendua izanari. Baina badakizu zer gertatuko den?
Jokalariak nahasia zirudien.
Zeri buruz ari zara?
Egunen batean, ez dakit noiz eta ziur nago ezta zuk ere, zabal-zabal egina, bizirik gabe aurkituko zaituzte errepidean, begiak ireki-irekiak, zeruari so.
Bego! lehiatu zen jokalaria. Baina, hori da ikusten dudana.
Bada, ez jarraitu erran zuen jokalariak izuturik. Nor zara egiatan? bere ahots karrankaria zarrastatua zuen susmo txarrak. Oi, ene Jainkoa, ni aurkitzearren igorritako zaintzaile bat zara! Edo gure semearen atzetik dabilen zelataria. Erraidazu! Zelataria zara? erantzunaren zain geratu zen beldurturik. Hori da zu zarena? gero eta izutuago zegoen, baina eskaleak ez zuen deus ere erran. Andrea galdu dut, semea, kargua, jabegoa eta neure burua, eta orain ezpatapean jarri gogo nauzu?
Eskaleak irri egin zuen ahulki eta hotz-hotzean bota zion:
Koldar hutsa zara. Jokoaren morro. Zeure buru nahasiari ihes egitearen truk zeure bizia eman duzu. Eta oraindik beldur diozu ofizial baten ezpataren muturrean amaitzeari?
Ez baitakit, ez dakit! oihukatu zuen barruti buru ohiak etsiturik.
Ez mokokatu zuen eskaleak. Ez naiz zelataria. Baina urriki dizut zeure bizia joko mahairako fitxa bihurtu duzu eta.
Diozuna egia izan liteke erran zuen jokalariak, erabat sinesten ez bazuen ere baina zapalkuntzatik askatasuna lortzen saiatzen ari bazara, eta bakarrik saiatzen ari bazara, orduan ez dakizu munduak nola funtzionatzen duen. Mundua zapalkuntza eta ezereztapenez beteta dago. Eta zure helburua erdietsi nahian zapalkuntza sistema honi aurre ematen badiozu, badakizu zer gertatuko den? Mundu guztiari aurre egin beharko diozu jokalariak furrustaka farre egin zuen. Mundu osoa izanen duzu zure aurrean. Mundu osoa, lagun. Eta istant batean arnasarik gabe geratuko zara bat-batean bere buruaz ziurrago zirudien. Horrexegatik zara eskalea; mundua aldatzen saiatzeko amets horregatik doinuak garaipena nabarmendu zuen. Ez da hala? eskaleak ez zuen ihardetsi. Bai, horregatik zara eskale bere ahotsa zorrotzago eta zinikoago bihurtu zen. Askatasuna, zapalkuntzatik? Kaka! Sakrifiziorako bildotsa izanen zara, zeure erraietan hilez.
Hau aditzean eskaleak arnasestu egin zuen. Ondoren, gaueko baretasuna itzuli zen eta bi gizonak eserita isiltasunean. Urrutitik, hegomendebaldetik edo, gong baten doinu errepikatua zetorren. Iparraldetik, berriz, ibilgailuen zarata. Bat, bi, hiru. Hiru kamioi, beraien ustez, Ceputik zetozenak eta Rembangerantz zihoazenak.
Azkenean eskaleak xuxurlatu zuen:
Ez, egia da inor ez dela erabat zentzudun. Eta ez dagoela askatasun osoaren antzekorik ere. Ez dago mundu honetan ehuneko ehun den ezer. Ameslari baten buruan sorturiko ametsa baino ez da ajarika hasi zen eta jokalariak, barruti buru ohiak, gaua bezain ilun eta sakona zen hasperena atera zuen. Hala eta guztiz ere jarraitu zuen eskaleak, geure buruak gaurregungo katetik askatzen saiatu behar dugu eta goiti jotzera, berriro kateatzen bagaituzte ere. Askatasuna gorantza da, ez beherantza!
Baina neure burua beherantza bailihoan sentitzen dut, betirako beherantza iruzkindu zuen goibel. Eta behera eta behera eginen dudala ustelkeriaren zoko sakonenetara iritsi arte. Ohartzen naiz horretaz. Badakit zer egiten ari naizen, baina ez naiz gelditzeko gauza. Agian une bat edo bitan, neure aurrezkia eta ondasun guztiak xahutu ondoren... samindua zirudien. Jokomahaian apostu egiteko deus gabe geratu ondoren.
Errepidean etzanda geratuko zara eta begirada margulduaz zeruari so eginen diozu, ahoa zabal-zabalik, arnasa kolpeka hartuz jokalaria negar-zotinka hasi zen. Eta inork ere ez dizu inolako kasurik eginen. Inor ere ez da zutaz errukituko, behin barruti burua izanagati k.
Oi, Jainko maitea negar egin zuen errukigarriki jokalariak.
Une bateko isila hedatu zen gaueko haizeak frexkura zekarrelarik etxolara. Bi gizonek bizkarrak konkortu zituzten.
Eta euliak zure inguruan bilduko dira aitzinera egin zuen eskaleak, eta berriek zabalduko dute Karangjatiko barruti buru ohia zera... zein da zure izena?
Mohamad Kasim.
Leku guztietan entzunen dira berriak, ezen Mohamad Kasim jauna, Karangjatiko barruti buru ohia eta jokalari ziztrina, errepide erdian hil dela. Eta pixkat beranduxeago jendeari ahantzi izanen zaio berria. Bitartean, oinoihal batean bildu eta hilobi batean botako zaituzte.
Jokalariak etorkizun honen aurrean baietz egiten aurkitu zuen bere burua.
Baina zer egin dezaket neure burua askatzeko?
Zer? Hiltzen zarenean nahi al duzu oinoihal zahar batean bildu zaitzaten? Erranen nuke pertsona bat ezin dela beherago joan. Ni nihaur, eskalea izan naitekeen arren ez naiz horrela hilen. Nahiago dut japoniarrek burua moztu diezadaten.
Hotzikarak sumatzen ditut zuri modu horretan hitz egiten entzutean erran zuen jokalariak beldurturik. Beharbada izanen da oraindik irtenbideren batametsetan solasten ari zela zirudien. Erregeen odolekoa naiz. Nere aitabitxia Imogiriko errege-hilerrian dago ehortzita eta aita Soloko errege-hilerrian. Eta ni? Oinoihal batean bildu eta zulo batera botako naute? Honen aurrean, zer erranen lukete nere arbasoek Bertze Bizian? Gerlarien odolekoa naiz, Gatotkacaren ondorengoa, Gatotkaca aitzineko Bharatayudha gudatean hil zenarena; gudate berean hil zen Abimanyuren oinordekoa. Errepide bazterrean hilen naiz, jokalari naizen hau? oraingoan zuzenean solas egin zion eskaleari. Izanen da irtenbideren bat kontsolatu zuen bere burua. Baina zein da? Zein da sendagaia? Zubipean lo egin eta jauregian amesten duen eskalea bezala sentitzen naiz! Barregarria! Gauza horietan gaur egun amets egitea ere eromena da. Zirtzileria da! gizonak orain nahasia eta malenkoniatsua zirudien. Mirakulua gertatuko balitz, gure semea bat-batean aurrean agertuko balitzait, jadanik ez ihesean japoniarrengandik...
Benetan maite duzu zuen semea.
Daukadan guztia da.
Beraz semea zure aurrean ustekabean agertuko balitz, jadanik japoniarrengandiko iheskaria ez zelarik, utziko zenioke jokatzeari?
Bai, hala uste dut.
Gerta daiteke halakorik?
Zergatik ez?
Aiherrak ematen dit utziko zeniokeela une batez, baina itzuleratik pixka batera berrekingo zeniokeela.
Ez, ez nioke, zin dagit.
Baina badago posibilitateren bat, ez da?
Zer, berriro jokatzen hasiko nintzakeela?
Ez erran zuen indarrez eskaleak zuen semea ustekabean ager litekeela japoniarrengandiko iheskaria ez zelarik tonua arindu zuen. Baina nork daki, mundu hau mirakuluz beteta dago. Eta orain, Aliatuen Armada hain hurbil izanik, japoniarren defentsak eroriz doaz banan-bananeten egin zuen. Oi, eta zer gehiago? Lehen zenioenez, zuen semearen bila ibili zinen Sampur Lezean baina ez zenuen idoro. Nork daki, agian egunen batean aurki zenezake. Lezera jaitsi zinenean soka bat zure gerritik lotuta zeneramala eta iturrian otoitz egin zenuenean...
Zer? bota zuen harrituta jokalariak. Zu ere han zinen? eskalearenganantza jiratu zuen aurpegia. Bere begiek zulatu egin zuten aurrean zeukan gizona. Eskalea bere ustekabea gordetzen saiatu zen. Erran dizut leku guztietan ibili naizela.
Baina ez nizun erran turriaren ondoan otoitz egin nuela argudiatu zuen jokalariak. Zuk ere han behar zenuen! Beraz, agian zu izan zaitezke nere semea erran zuen mantso, ikaraturik.
Ez, ez naiz. Zeure buruari eragiten ari zatzaizkio. Bakarrik nago mundu honetan. Lehen ere erran dizut zure gogoeta nahasiei kasurik ere ez egiteko oroitarazi zion jokalariari. Baina lehen erran dudan lez, mundu hau mirakuluz beteta dago. Zeren, bai, ikusi zintudan leize hartan; han nengoen koxka batean zuk oihukatu zenuenean: «Hardo! Hor al zaude Hardo?».
Orduan jakin behar zenuen nor nintzen ni.
Nahasita zaude.
Bertzenaz, ez zenuen nere ahotsa ezagutuko edo erran nuena gogoratuko.
Oroimen ona daukat.
Berriro ere nahasita jokalariak adoregabetuta hitz egin zuen.
Hala izanen da... baina berehala berreskuratu zuen itxaropena. Ez zenuen deus ere erran?
Ez, ez nuen erran.
Zergatik ez zenuen deus ere erran?
Eta zergatik egin behar nuen? irri egin zuen eskaleak. Hardo da zuen semea?
Gure seme bakarra. Gustatuko zitzaidakeen zuk zerbait erran izana. Zergatik ez zenuen deus ere erran?
Ikusi zintudan bortz aldiz otoitz egiten, baina gero txori batek zure suzia jo zuen eta sua itzali. Ez al da hori gertatu zena?
Bai, hala da oihukatu zuen jokalariak ustekabea eta poza nahasirik. Orduan... orduan ikusi zenuen gure semea ere Sampur lezean? eskaleari ondoratu zitzaion eta xuxurlatu zuen grinatsu: Jendeak dioena egia bada, ere semeak ere han behar zuen. Ikusi al zenuen?
Egunero. Ongi ezagutzen dut.
Bizirik dago! irrintzi egin zuen jokalariak eskalea besarkatuz. Gizonaren besarkadari eusteko adinako indarraren ezean, eskalea atzerantz erori zen. Bi gizonak txolaren lurrean iraulka ibili ziren. Jokalariaren ahotsa ikarra zen. Gure semea zara. Geldi hemen. Ez alde gin! Gure semea zara! arnasa haundituta zegoen esaleak bere burua askatzeko borroka zegielarik. Jokalariak garrasi mingotsa egin zuen:
Ez zaitez joan! banarruzko zoruak kirrinka zegien bi gizonak azpira botaka ari zirelarik. Paretek karraka zegiten, etxolak dardar. Ez joan! jokalariaren ahotsa ahultzen zihoan. Hankak airean ostikoka, jokalaria saiatzen ari zen eskalea geldiarazten eta eskalea borrokatzen zen aska zezan.
Halen arnasotsek gela betetzen zuten.
Ez nazazu utz intziri egin zuen jokalariak.
Utzi joaten erregutu zuen eskaleak.
Baina ospa eginen duzu lehiatu zen jokalaria.
Jainkoaren izenean, ez dut alde eginen erran zuen ihulki eskaleak.
Jokalariak besarkada laxatu zuen baina bere eskuak inkoki eusten zion semetzat zuen gizonaren besoari. Biok elkarren ondoan eseri ziren, biok gatazkak makalJuta. Arnasketa azkarra eta estua zuten. Haizeak teilaua hegazkarazten zuen eta pareten artean txistu zekien.
Mesedez utzidazu joaten erran zuen eskaleak. Ez duzu ihes eginen, ez da? galdetu zuen ikaraturik okalariak, ondoren zutik jarri eta atariaren erdira eginez. Atzaparra, zeinek eskaleari heltzen zion, laxatu men, pixka bat izan bazen ere.
Jainko maitea, ez dut ihes eginen lehiatu zen eskalea. Azkenean, jokalariak eskalearen besoa askatu zuen eta bere arnasketa kontrolatzeari ekin zion.
Alajainkoa, eri zaude! murdurikatu zuen eskaleak. Ez, oraingoan ez erran zuen defentsiboki jokalariak. Ez, oraingoan ez. Gure semea zara, Jainkoaren aurrean zin eginen dut zu gure semea zarela. Ez nago oker. Badakit ezetz. Ezinezkoa zen; hasieratik banekien zure ahotsa zela.
Eldarniatzen ari zara!
Ez, ez naiz. Inola ere.
Eri zaude erran zuen astiro eskaleak. Ez naiz zuen semea. Baina gauza batez ziur nago: zu aita ona zara. Eta badakit zuen semeak hagitz maite zaituela. Baina oroitu bere ahotsa zorrotza zen ez naiz zuen semea. Ez, ez moztu. Utzi erran behar dizudana erraten. Zure semeaz solastuko natzaizu, baina ez nazazu behartu zuen semea naizela onartzera. Promes eginen didazu? Eginen duzu hori?
Bere gogoetan murgildurik, jokalariak etxolaren sabaiari begiratzen zion. Eztultxoak egiten ari zen, bere baitan urduri xuxurlatzen zuen bitartean:
Gure semea da benetan. Ez nago eri. Ezkondu nintzen egunean bezain osasuntsu nago.
Entzunen duzu? berrekin zion eskaleak. Bere atzean zegoen gizon helduak estutu zituen hortzak tristura, nahasmendu eta ikarak eraginda. Entzuidazu. Ezagutzen dut zuen semea. Sampur Lezean sartu zinenean, gu biok Lezearen erpinaren ondoko karaitzezko koxka baten gainean eserita geunden. Zure suziaren argia ikusi genuenean hanka egin genuen. Entzun behar duzu? jokalaria beha geratu zitzaion sabaia eta artesietatik ñir-ñir zegien zeruari. Ederki, doike ez duzu... eskalea zain geratu zen ea gizonak zerbait aipatzen zuen, baina barruti buru ohiak ez zuen bere jarrera aldatu. Eskaleak jarraitu zuen antsikabe ahots eme eta patxadatsuaz.
Zuen semea bizirik eta ongi dago. Sinetsidazu. Hantxe dago oraindik. Sinesten didazu?
Jokalariak hasperen haundia bota eta arabiarrez otoitz egin zuen. Une batez hesiko atakari begira gelditu zitzaion; gero lurrean etzan zen.
Ez duzu kezkatu beharrik zuen semeagatik. Bizirik eta ongi dago aurrera egin zuen eskaleak. Baina kasu eman! Ez joan berriro harat. Denbora galtzea izango litzateke zeren ez baituzu egundaino aurkituko. Entzuten ez baduzu eta harat joateari berrekiten badiozu, arriskuan jarriko duzu berak zurekiko sentitzen duen maitasuna jakin beharko zenuke zergatik. Zu oraindik barruti burua zarela uste du eta kargu horretan arerioa zara, eta bere aita izanagatik japoniarrak bezalakoa zara. Nahi al duzu jarraitzea? Gera naiteke. Zergatik ez didazu erantzuten?
Eskaleak eten egin zuen, baina jokalariak ez zuen deus ere erran. Etxolaren kanpokaldean, naturaren drama aitzinera zihoan: haizea, ilargia, zerua, landareak, abereak, eta hodeiak.
Entzun soinuei aholkatu zuen eskaleak, gala aldatuz. Ez entzun zeure burua erraten ari zaizunari. Ez zaude ongi. Badakit hori. Kasu egin nere aholkuari. Entzun nere ahotsa. Ez nuen inoiz pentsatu Hardo nere lagunaren aita topatuko nuela. Eman nahi didazu mezurik berarentzat?
Jokalaria astiro higitu eta ahulki galdetu zuen:
Benetan ez zara gure semea?
Zenbat aldiz erran behar dizut? Ez naiz zuen semea. Nahi al duzu deus erran diezaiodan?
Bihar goizean Plantunganera abiatuko naiz erran zuen jokalariak bere kolkorako. Geldi-geldirik, eskaleak begiratzen zion hitzik erran gabe. Ambon-banana sorta pare bat eramanen dut. Horiek dira gehien gustatzen zaizkionak. Eta oinez joanen naiz garbi geldi dadin zer eginen nukeen beragatik. Frogatuko diot zer egingo nukeen soilik bera ikustearren.
Hobe joanen ez bazina aholkatu zion eskaleak. Ez duzu sekula tokia aurkituko.
Baina urte erdi bat joan da. Eta zer du han jateko?
Saguzarrak.
Saguzarrak! oihu egin zuen jokalariak. Barruti buru baten semea saguzarrak jaten? Serio ari zara?
Baina zu jadanik ez zara barruti burua. Jokalaria zara.
Barruti buru ohiak eztula egin zuen ahalketua.
Bai, ahantzi zait. Ez naiz barruti buru, jokalari ziztrina baino ez naiz.
Eskaleak poztasun orroa egin zuen.
Zergatik harritzen zaitu saguzaharrak jaten dituela aditzeak, bertze zenbaitek barraskiloak eta oilasko hilak jan beharrean daudenean?
Gure semea delakoz.
Horregatik baino ez?
Jokalariak entzungor egin zion galderari.
Hori da urte erdi batez jaten aritu dena?
Denbora guztian erantzun zuen hozki eskaleak. Eta batere zinkurinik egin gabe. Edo, egin baldin badu, ez diot egundaino aditu. Eta bufalo pare dago aterantz egin zuen eta kanpora atera egin zuen burua. Bai gau argia! barrura begiratu zuen berriro. Ez joan harat. Eman dizkizudan berriek nahikoa izan beharko lukete zuretzat. Salbu eta ongi dago eta ez du ezer behar inorengandik.
Bere aita naiz eta goizean beraren bila joanen naiz.
Baina ez zara bere jabea. Eta hauxe diotsut, joaten bazara ez zaitu onez hartuko. Sinetsidazu!
Jokalariaren oihua garrasi bizia izan zen.
Oi, gure semea. Gure semea aszeta!? Ez nuen uste halakorik gerta zitekeenik. Nola egin diezaiokezu uko munduari? Gizon bedeinkatuen ondorengoa zara, badakit. Hala ere non aurkitu zenuen indarra? Beha niri. Mundua ahantzi egiten zait jokoari esker erdi-joana balego mintzo zen. Zuen aitabitxia ez zen aszeta, baina zuen birraitabitxia bai. Meditazioari esker bere ahalmenak lortu zituen Arjunaren, azken printze gerlariaren, ondokoa zara. Meditazioa... imajinatzen ahal duzu teknologia aro honetan?
Teknologia? errepikatu zuen eskaleak. Hardok behin erran zuen meditazioa dela norberaren baita sakonera artezki daraman bidea, eta teknologiak ere eraman zaitzakeela, baina inoiz zuzenean.
Jokalariari bat-batean ahantzi zitzaion tristura.
Zeri buruz ari zara? Zu, eskale bat, filosofiaz eztabaidatzen? tente eseri zen eta begiak ezkeldu zituen bere laguna hobeki ikusteko. Eskale bat teknologiaz eta filosofiaz mintzatzen? Oi, zer inporta zait? Zer gehiago erran zuen?
Teknologiak eraman dezakeela gizona burutzapenera; makinek indar iturria dakartela gizonarena osatzeko. Behin ikusi nuen Hardo bonbila bat hartu eta bere eskuen artean kontzen. Gero galdetu zidan «Uste duzu gizonak argindarra daukala bere baitan?». Eta eskuen artean zeukan bonbila bat-batean argiagotu zen eta gero itzali, haritxoa xeheturik.
Gure semeak egin zuen hori? Mohamad Kasimek harrotasun hotsa egin zuen. Benetan ez zara gure semea?
Ez, ez naiz! eskaleak haserre ematen zuen. Etzazula berriro hori galdetu eskaleak kanpora begiratu zuen. Bere gorputz zurrunak indarra galdu zuen eta ahulki, onespen ixilean, etzan zen banbuzko zutabearen kontra. Baina zertarako hitz egin honetaz orain galdetu zuen eskaleak damuturik edo.
Ez, ongi dago. Beraz erran behar duzun guztia entzun nahi dut. Azken finean, gure semea da eta erran zuen apalki jokalariak.
Ohar hau adituta eskaleak irri egin zuen.
Ez al duzu ikusten zer egin zenezakeen harat joanez gero? Eraman zenitzake japoniarrak harengana! Horregatik ez zenuke bera bilatzera saiatu beharko. Salbu eta ongi dago. Hori nahikoa bada berarentzat, zuretzat ere nahikoa beharko luke.
Jokalariak intziri egin zuen.
Beraz galdera gehiagorik ez. Lokuluxka bat egin nahi nuke. Inporta zaizu?
Ez zaude goseak?
Ez.
Zergatik ez duzu zuk ere lo egiten iradoki zuen eskaleak. Oin-oihalak estalitako zoruak karranka egin zuen eskalea etzan zenean. Kanpoan gaua bare zegoen.
Gure mutil gizarajoa xuxurlatu zuen jokalariak. Halako bide luzea egin behar izan baitu. Agian bihar hitz egin ahal izango dut berarekin. zutitu zen eta poliki kanpora atera. Zoruak intziri zegien ahulki bere hankapean.
Hain zegoen bare gaua naturak berak ere hila ematen zuela. Arto landareen hostoak, baita bertze gaineko gauza guztiak ere beren tokietan irmo zeuden, mugitu gabe ilargi horiaren pean jokalaria etxolaren atarian geratu zen, zaindari betebeharrean. Aurrera begira geratu zen, istant batean eskalearen arnas hotsa erritmikoa sumatu zuen.
Laster xuxurlatu zuen jokalariak. Dagoeneko lo hesiaren atakarantz jo zuen astiro-astiro. Ilargiari begira otoitz egin zuen. Jainkoak gorde zaitzala beti.
Ezerk ez zuen gaueko baretasuna eteten. Bazirudien hegomendebaldetik zetozen gong eta danbor hotsek ere areagotu egiten zituztela bake sentsazioa eta airea betetzen zuen baretasun osoa. Hots azkar eta erritmikoak laguntzen zituen itzal antzerkiko Lore Gudak, zeinetan ogroek giza-gerlariak lehiatzen dituzte eta ezgizatasuna gizatasunaren aurrean jartzen den. Gong-hotsen doinu neurrituak eta danborren zunpaketa jarraigabeko, baina erritmikoak irudiztatzen zuten nahasketan aurki daitekeen antolaketa.
Atakaraino iristerakoan jokalaria ondoan geratu zen ubide idorra ikuskatzeko. Lurrezko zorua artestua zegoen eta artesiek beltz joria agertzen zuten ilargitan.
Jokalariak logaleturik, aho motelka hitz egin zuen.
Beraz ez duket semea ikusi behar? Zergatik? Bere aita naiz, ez da? Aita propioa. Ez duket ikustera joan behar barruti ohia naizelakoz? jiratu eta atzera etxolarantz egin zuen poliki. Ziur aski lo dago.
Atetik sartu zen.
Lo zaude? galdetu zion irudi etzanari. Lo dago baieztatu zuen jokalariak jiratu eta atakarantz korrika joan aurretik. Lo dago. Une aproposa neretzat jokatzera joateko.
Ate ondoan bat-batean gelditu zen, bere gogoetek helduta.
Ergel alena. Zer ari naiz egiten? Agian gure semea da. Zergatik ez? Izan liteke. Mundu hau mirakuluz beteta dago. Nork daki? Zergatik ezin liteke egunen batean miresgarriki nere aitzinean agertu, japoniarrengandiko iheskaria ez delarik? Ados zegoen gelditzeko, ez da? Agian gure semea da. Izan liteke... Bere besoa! Zergatik ez ote dut horretan lehenago pentsatu? Orbain bat beharko luke bere eskuineko besoan.
Jiratu eta etxolarantz joan zen lasterka. Bere eskuak sakela arakatu zuen pizgailu baten bila. Ataritik hurbil geratu zen, ondoren mantsoago aurreratuz eraikuntza ilunerantz. Atariaren albotik entzun zuen eskalearen arnasketa sakon eta etengabekoa; gero poliki-poliki sartu zen. Eskalea ametsetan hitz egiten ari zen.
Karmin, itzul zaitez erran zuen.
Jokalaria belaunikatu zen eskalea hurbilagotik aztertzeko. Pizgailu itzaliari eutsi zion eskuan. Orduan eskaleak bertze zerbait erran zuen totelka.
Ningsih... non zaude?
Barruti buru ohia zutitu zen azkar. Pizgailua sakelan gorde zuen ez zituen gorriak eskalearen aurpegian pizteko eta behaztopaka atera zen etxolatik. Bere begiek eromenean bilatu zuten zerua.
Gure semea! xuxurlatu zuen erdi-joana. Gure semea da!
Ilargiari begira-begira geratu zitzaion.
Karmin... oroitzen naiz. Bera saldu zuen ofiziala da. Oi, gure mutikoa, hainbat arazo sortu duzu hainbertze jendearentzat. Milaka! Baina oraindik gehiago zuen gurasoentzat. Eta orain itzuli zatzaizkit. Horixe, nik... noski onartuko zaitudala! Onartuko zintuzket seme zaren hori, behin jaio berria zinenean hartu zintudan bezala bere eskuaren ahurrez ahoa estali zuen ilargiari egin zion ulua moteltzeko. Gure semea! Gure semea! eskua indarge erori zitzaion ahotik. Gero eskuak altxatu zituen begiak estaltzeko. Azkenean xuxurlatu zuen: Eta Ningsih, zure andregaia... ez, seme, ezin nauzu engainatu. Egiatan gure semea zara.
Zerbaitek beldurtu balu bezala, bat-batean lurrean ostiko bat jo zuen.
Gure semea, zu gure semea zara xuxurlatu zuen lazki soro eta arto lerroei erreparatzen zien bitartean. Ziur aski baraurik egonen da. gero jauzi egin zuen bidetik artasoroan desagertuz.
Gong eta danborren musika desagertu zen, eta arto hostoen murmurioak eta zurtoinen zartadak hartu zuten haien tokia. Jokalaria, barruti buru ohia, azkenean agertu zen alorretik, arto berria besoetan garraiatzen zuelarik. Ilargiak bere aurpegiko distira argiagotzen zuen, eta bere begietako printza txanpon bat aurkitu berri duen mutiko batena zen. Urrats labur eta azkarrak emanez egin zuen atzera etxolarako bidea. Honen ondoan, artoa lurrean utzi zuen kontu haundiz inolako zaratarik ez egitearren. Gero altxatu eta etxolaren atzean desagertu zen.
Ilargia orain haien gainean zuzen-zuzen zegoen. Errepide nagusitik iragaten ari zen ibilgailu baten orro urruna aditu zen, baita barruti etxeko burdinezko ezkilots biguna ere, bi aldiz jotzen. Hotsa azpibarruti osoan eta Blora inguruan hedatu zen zurezko eta burdinezko bergek ordua jotzen zutela. Ondoren baretasuna ostera, gauez edozein herritan dagoen modukoa. Jokalaria berragertu zen arbazta zama bat besoetan.
Ziur aski goseak egonen da erran zuen bere kolkorako arbaztak kontu haundiz arto ondoan metatzen zituen bitartean. Ernatzen denean, arto erre pixka bat izanen du jateko. Oi, a zer nolako sufrikarioa iragan izanen duen! lurrean eserita artoa zuritzen hasi zen. Ilargia bere gainean distiratsu zegoen. Bere begiak kopetaren ilunpean desagertu ziren.
Barruti etxeko ezkila berriro jotzen hasi zen. Behin eta berriro alarma hotsa Blora inguruan hedatu zen. Airea hots itsasoa bihurtu zen, burdinots uhinek eta dunbaldiek ohizko baretasuna apurtuz. Alarma hotsak erraustu zuen gaua.
Zer toki mota bihurtzen ari da hau? marmarikatu zuen jokalariak. Jendea lo egitera saiatzen ari da eta ernatzeko agindua ematen diote. Aire eraso bat ez bada bertze zerbait da! Zertan ari ote dira japoniarrak orain? artoa zuritzen furrust egin zuen, bere baitarako, pozik, totelka hitz egiten zuen bitartean: Benetan gure semea
Artaburu zurituak bere eskuinean pilatu zituen eta man zien bere aitzinean zituen arbaztei. Garra hartu zuenean egurra zirt-zart hasi zen. Totorika suaren aldamenean artoari erretzeari ekin zion. Suak bere aurpegi adintsu eta zimurtua argitu zuen. Ez zuen ez biboterik ez bizarrik; bere ilearen laurdena urdinduta zegoen. Bere begiek diz-diz zegiten lanbrotsuki su bazterrean. Bere gorputzaren itzala jarraitzen zitzaien mugimendu guztiei.
Danbor danbadekin batera gaueko baretasuna desagertu zen. Bazter guztietatik zetozen ahots txutxumutxu urrunak eta gizakien haratonatak. Gain-gainean ilargiak distiratzen zuen bare-bare. Oihu sakabanatuen hotsa bakar batean urtu zen. Danbor anitzen danbada durrunda bateratua bilakatu zen. Jokalaria entzuten geratuagatik danbada moteltzen, makaltzen hasi zen hil arte. Pozez, bere erasoaldiko gudakinekin soldadu alaitu baten antzera, jokalariak buelta eman zion artoari.
Bere hamargarren artaburua erretzen bukatu zuen une berean urrats hotsa aditu zuen.
Non da erasoa orain? jokalariak bere burua madarikatu zuen. Hauxe diotsut, japoniarrekin edozer gauza gerta daiteke. Gizon batek ezin du lorik egin asaldatua izan gabe.
Artapikorrek txistu zegiten erretzerakoan.
Urrats hotsa garbiago adi zitekeen. Jokalariak erretzen ari zen artaburua atera zuen eta zutik jarri zen. Atakarantz joan zen eta han ezker-eskuin begiratu zuen, ondoren su bazterrera eta artora itzuliz.
Haizeak oihu motel bat ekarri zion.
Ziur aski bere aitaren etxolan izanen da jokalariak jauzi egin eta bere inguruari begirada basatia bota zion. Burua atzera mugitu zuen bat-batean bere etxolako pareta bat urratzen ari zirela, eta etxolaren atzean zeuden astalastoak zapaltzen eta hausten sumatu zuenean. Jokalariak arreta haundiagoz entzun zuen. Zer arraio! zaunka egin zuen. Zer zen hori? jauzi egin zuen bere ezkerretara eta etxolaren alde batera korrika egin zuen. Gero eskuineko aldera jiratu zen atariaren aurreko bere lekua berriro hartu aitzinetik. Ilargiak eta suak agerian uzten zituzten bere aurpegiak adierazten zuen nahasmendua eta zer egin ez dakien gizon baten mugimenduak.
Urrats hotsa eta ahotsak gero eta ozenagoak ziren.
Non dago bere aitaren etxola? oihu egin zuen baten batek.
Han goian! oihukatu zuen bertze batek.
Jokalariak ikaraturik muxinkatu zuen emeki: Gure mutila, gure mutilaren atzetik dabiltza. Eramanen zaituzte harrapatzen bazaituzte. Ihes joan beharko duzu berriro ere etxolan sartu nahi zuen, baina ikararen ikarak ibilge utzi zuen.
Traidorea da.
Aliatuen zelataria etorri zen erantzuna. Badaukagu Aliatuen zelataririk Bloran?
Zihaurek ikusi ahal izango duzu geroxeago.
Ahotsak hurbiltzerakoan zakur batek zaunka egin zuen ostikatu bailuten. Bat-batean jokalaria ernatu zen bere harriduratik. Jiratu eta lasterka sartu zen etxolan. Zoruak karraka zegien bere hankapean. Gero gelditu zen. Etxola hutsik zegoen. Eskalea ez zegoen jadanik han. Ikus zezakeen guztia suaren txinpartak ziren, zeintzuk etxolako pareta zulatu eta zeru beltzean desagertzen ziren kometak bailiran. Etxolaren atzeko paretan, su-argiaren zarpean, zulo bat zegoen eta zulotik kanpoko lurra ikusi zuen, zurbil ilargi horiaren azpian.
Urratsen danbada gero eta ozenagoa zen. Jokalariak bat-batean eskua luzatu zuen, baina gero alde batera ahulki erortzen utzi zuen lurrean kokorika jartzen zen bitartean. Burua zintzilika geratu zitzaion. Kanpotik giza-oihuen hotsa zetorren.
Gure semea, gure mutila xuxurlatu zuen. Geldi-geldi zegoen haizea indartu eta su-argiaren izarrak paretetan dantzan ari ziren bitartean. Bere nahasmendua hasperen ito batez bota zuen. Non zaude? Bizirik zaude? Betirako zure ehizean arituko dira japoniarrak? Gure semea bazara otoitz egingo diot Jainkoari beti gorde zaitzan. Ezertarako ekarriko zintudan mundu honetara?
Zutik jarri zen astiro eta bere burua errestaka eraman zuen etxolatik kanpora. Kokorika jarri zen su bazterrean eta ezer gertatu ez balitz bezala, axolagabearena eginez, artoa erretzeari berrekin zion. Bere aurpegia lerro sarea zen. Bere ileko zilarrak dirdir zegien su-argian.
Prest egon erran zion bere buruari. Eta ez nuen aukerarik ere izan bere aurpegia behar bezala ikusteko.
Ez zen mugitu hesiko ataka ostikoz ireki zutenean. Banbu zurtoin zorroztuak zeramatzaten zortzi zaintzaile ikusi zituen, lasterka bidetik eta landatik bere etxolarantz, baina ez zien ia-ia kasurik ere egin. Bere begiak suari tinko begira, arreta osoa jartzen zion artoari deus gertatzen ari ez bailitz. Lurrean, bere ezkerrean zegoen arto erre pilotik buru bat hartu eta jaten hasi zen.
Taldea su bazter ondoan, gizonaren aurrean geratu zen. Galtza beltz laxoak eta ator mauka motzak zeramatzaten. Beren banbuzko azkonen muturrek, erreak eta kastore olioz oratuta, diz-diz zegiten su-argian. Jokalaria poliki altxatu zen, artoa murtxikatuz. Sugarrak argitzen zituen aitzinean zeuden gizonen aurpegiak, zeintzuk lerro ankerrek azpimarratzen baitzituzten. Jokalariaren hurbilen zegoenak ilunpean beltzak ziruditen kautxozko zoladun botak zeramatzanak itaundu zion: Non dago zuen semea?
Gure semea? galdetu zuen jokalariak, ezjakin eta harrituarena eginez. Gure semea erran duzu?
Hurbilen zegoen gizonak bere atzeko bati so egin eta buruz keinu egin zion. Honek etxolarantz egin zuen. Lehenbizikoa jokalariarenganantz jiratu zen ostera.
Bota behingoz! agindu zuen. Non dago zuen semea? Ez alukeriatan hasi gurekin gero!
Zeri buruz ari zara?
Hardo komandantea, zuen semea, armada japoniarreko traidorea.
Zer erran dezaket? Ez dut orain dela unte erdia ikusi erran zuen jokalariak, bere ahotsa lagunkoi zein zintzoa. Baduzue haren berririk? Blora inguruan al dago?
Jokalariaren galderak eta bere ahotsaren doinuak taldeburuaren jarrera beratu zutela zirudien.
Bai ihardetsi zuen. Dermio hauetan bide dago. Ikusi omen dute gaur ilunabarrean, zortzi t'erdiak aldera.
Zergatik zabiltzate haren bila hemen barna?
Agintzen didatena bertzerik ez dut egiten zinkurin egin zuen talde-buruak.
Non ikusi dute?
Ez dakit. Herjaunak emandako agindua, hemen bilatzekoa alegia, betetzen ari naiz. Ziur zaude ez dela hemen izan? galdetu zuen atsekabetuta.
Ez dut uste.
Zer erran nahi du «ez dut uste» horrek?
Ezetz erran nahi du! erantzun zuen ziurtasunez, ere etxola arakatzen ari zen gizonari begiratzeko jiratzen zen bitartean.
Ez, ez dago hemen baieztatu zion ilde-buruari.
Etxola arakatzen aritu zen ofiziala itzuli zen.
Ez dago hemen. Baina pertsona bat iragatzi dadin adinako zulo bat dago paretan.
Jokalariak iribarre egin zuen.
A, hori, ametsetan egin nuen, ostikoka.
Begiratu landan agindu zuen taldeburuak, eta gainontzeko gizonak sakabanatu ziren landa arakatzeko. Bien begiak, talde-buruarenak zein jokalariarenak jarraitu zitzaizkien gizonei. Hauek landan behin desagertu ondoren, taldeburuak barruti buru ohiari begiratu zion. Zuen semea ezkutatu duzula aurkitzen badut, kasu eman, zurea izanen da erantzunkizuna!
Barruti buru ohiak suari begiratu zion, orduko txingar mukurutxo bat baino ez zenari.
Ederki erran zuen erronka moduan, artoa murtxikatzen zuelarik.
Zuen semea bazternahaslea da marmari egin zuen talde-buruak, bere banbu zurtoin zorroztuaren muturra lurrean ziztatuz. Gero begira-begira geratu zitzaion egindako zuloari. Honelaxe gaude: Aliatuen aurka, gerra gugana datorrela eta gure soldadu gazteak milaka eroriz frontean, eta zuen semeak atzetik zastatzen gaitu. Ez al zenuke traiziotzat joko? begia kliskatu zuen barruti buru ohiari begiratzerakoan, baina honek ez zion erantzunik eman. Ez ala? galdetu zuen berriro, ia mehatxu moduan. Ez ala?
Jokalaria aho zabalik geratu zen.
Hala izanen da erantzun zuen.
Zu zara aita, ezta? jokalariak buruaz baietz egin zuenean talde buruak jarraitu zuen. Eta ez dago hemen? Eta benetan ez duzu ikusi?
Ez, ez dut ikusi, baina galdetu nahi nizuke zerbait jokalaria kopetilundu zen talde buruari begira. Gizonak burua mugitu zuen aurrera egiteko adieraziz. Galdetu nahi nizuke zerbait.
Zer da? Hitz egin! erran zuen talde buruak bere aginpideaz ziur.
Zein jantzi zeramatzan soinean?
Ez dakit erantzun zuen talde buruak koleratuta. Hardo, pelotoi buru ohia aurkitzeko bertzerik ez didate erran. Luze eta beltzarana da, eta bere eskuineko besoan orbain luze bat dauka.
Orduan ziur nago ez dudala ikusi.
Talde burua hesirantz begira jarri zen eta ataka seinalatu zuen.
Edo beharbada ikusiko zenuen anda hori zeharkatzen duen bidean norbait oinez?
Arto pixka bat erretzen ari nintzen. Amets batetik ernatu berria nintzen. Ametsean errinozero baten aurka burrukatzen ari nintzen eta ostiko batez pareta zulatu nuen. Orduan ernatu eta arto pixka bat erre nuen. Bakarrik ofizialaren bizkar gainetik ataka eroriari so egin zion. Ez nuen inor ikusi hortik sartzen bertze artaburua hartu eta arduragabeki jaten hasi zen. Talde buruak bekaina zimurtu zuen artoari begiratuz.
Bortz axola niri zure ametsak, lo egiteko azturak edo artoa. Galdetu dizut ea dike horren barna edo zure etxolaren inguruan zebilen inor ikusi duzunentz.
Ez, ez dut. Lehen ere erran dut, ez da? Ez, ez dut inor ikusi ihardetsi zuen ozenki jokalariak.
Bi gizonak aurrez-aurre geratu ziren zutik, ezeinek hitz egin gabe. Jokalariak bertze arto puska ahoratuz murtxikatu zuen axolagabeki. Artaburua bukatu zuenean andara bota zuen. Gizonen artean zegoen su bazterreko txingarrak distira galtzen hasi ziren. Jokalaria oinutsik zegoen. Zaintzaileak berriz, bazeramatzan ez bakarrik kautxozko zoladun botak, baizik eta galtzerdiak ere.
Banan-banan, taldeko gizonak itzuli ziren itzaltzen ari zen su bazterraren ondora. Zenbaitek zegoeneko zoratuta eta hondatuta zeuden ahuntz-larruzko oinetakoak zeramatzan. Oinutsik zeudenen hanka zabal eta okerrak zikinduta zeuden.
Ez dago inor andan berri eman zion talde buruari bere gizonetako batek doinugabeki, grinagabeko begirada luzatuz goitik behera jokalariari.
Itzulitako bertze gizon batek bere taldeburuaren oinei behatu zien zera kontatuz:
Paretako zuloaren kanpoaldean hesira daramatzaten oin aztarnak aurkitu ditut, eta toki horretan hesia erorita dago burua altxatu eta jokalariari ere so egin zion.
Lehentxeago zulotik atera nintzen neure burua ibaian lasaitzearren. Eta ondotik, arbaztak bildu nituen artoa erretzeko azaldu zuen jokalariak. Sinesten ez badidazu, joan gaitezke haiek neurtzera. Sinesten ez badidazu, noski, gaineratu zuen nolabait aztoratuta, baina doinu lagunkoiz. Ni baino ez da inor izan han. Eta zuk zihaurek ikusi ahal izan duzu artoa erretzen ari nintzela lurrean zegoen arto erre piloa seinalatu zuen. Talde buruaren begiak besoari jarraitu zitzaizkion. Zerbait jan nahi baduzue, aurrera. Gonbidatuta zaudete.
Taldekideek talde buruari begiratu zioten, bakoitzak galdera bat bere begietan. Talde buruak nahasia zirudien honakoa murdurikatu zuenean:
Aurrera ondoren, bera ere makurtu, artabururik haundiena hartu, eta jatear ekin zion. Bertze gaineko gizonek jarraitu zioten eta laster ezpainak ozenki miazkatzen ari ziren. Ez dago hemen erran zuen talde buruak ahoa artoz beterik. Bertze nonbait bilatuko dugu barruti buru ohiarenganantz jiratu zen, ohar bat bere begietan. Espero dut ez zarela gezurretan ariko gero buelta eman eta urruntzen hasi zen. Artoa oraindik murtxikatzen, bertze gizonak ere abiatu ziren.
Jokalaria urrutitik jarraitu zitzaion taldeari. Ilargia mendebalderantz zihoan. Argi motelean gizonek txori beltz talde bat ziruditen. Ataka zeharkatu ondoren ezkerretara jo zuten eta berehala desagertu ziren bistatik arto zurtoinen atzean. Jokalariak hesiko ataka konpontzeari ekin zion. Hau zutik jarri ondoren astiro-astiro abiatu zen etxolarantz.
Bide erdian geratu zen arretatsu. Japonieraz egindako agur baten hotsak itzularazi zion burua. Urratsa azkarragotu zuen eta etxolaraino iritsi zen, baina sarrerara ailegatu baino lehen aditu zuen ostiko batez berriro hesiko ataka irekitzen. Bira eman zuen eta lehen ere gau hartan sumatu zuen estutasunak berriz ere heldu zion berarengana zetozen hiru gizonak ikusi zituenean. Bat, ofizial japoniarra, bertzeen aurrean zihoan tente. Jantzi zibilak soinean gizon ttiki bat jarraiki zitzaion. Hirugarren gizona, oraindik atzerago zegoena, indonesiar soldadu zepote bat zen.
Jokalaria etxolaren ate ondoan geratu zen zutik, ez urrun su bazter epeletik, bisitariak agurtzeko prest. Berehala ofizial japoniarrak bere eskuak gerrian jarriz zakarki oihukatu zuen:
Zu al zara Raden Hardo, pelotoiburu ohiaren aita?
Jokalariak burua azkar mugituz baiezko keinua egin zion. Ofizial japoniarrak hortzak erakutsiz bere gogaipena txistukatu zuen.
Erantzunak nahi ditut. Erantzun garbiak!
Bai jokalariaren ahotsak dardar egin zuen baietz japonieraz erraterakoan.
Ofizial japoniarra alboratu zitzaion.
Ederki. Hemen al dago?
Ez, jauna jokalariak dardar egin zuen.
Ez? garrasi egin zuen ofizialak. Bertze urrats bat aurrera eman zuen eta bere ukabila jokalariaren matelera jaurtiki zuen. Barruti buru ohiak ziraido egin zuen. Egia nahi dut. Egia! Non dago?
Barruti buru ohia bere burua tente jartzera saiatu zen, baina behaztopa egin zuen errekluta hezigabe batek bezain baldarki.
Ez dut ikusi orain dela urte erdia.
Ez naiz haur bat, ulertzen? Ez ipuinik kontatu. Non dago? Egia nahi dut! jokalariarenganantz egin zuen. Haserre begiratuz ukabilkada bat eman zion ezkerrez begien artean.
Ez dakit oihu egin zuen jokalariak atzera behaztopa, artasororantz eginez. Atzaparra itsuan botaz, hiruzpalau arto zurtoini heldu, zien, berarekin lurrera eramanez erortzerakoan. Bertze zurtoin batzuk kulunkatu ziren, karranka eginez bere inguruan. Jokalaria berehala altxatu zen eta ofizial japoniarrarenganantz egin zuen ostera. Ez dakit erran zuen berriro ere, oraingoan sinesgarritasun haundiagoz.
Ofizialak marmar egin zuen japonieraz, gero etxolan sartuz. Zibilez jantzitako gizona aurrez-aurre jarri zitzaion jokalariari.
Ez zinen zu Karangjatiko barruti burua izan?
Jokalariak baietz erantzun zion burua mugituz, bere matela eta begitartea pailakatzen zituelarik. Ilargiak argia ematen zion bere minari.
Nik ordezkatu zintudan gaineratu zuen gizonak, baina jokalariak ez zuen ezer erran. Guzti honek ez du nerekin zer ikusi xuxurlatu zuen barruti-buru berriak. Kaliwangango burua da saltsa honetan denak sartu gaituena. Ez ninduke harrituko berak bere burutik guzti hau asmatu izanak eten egin zuen eta xuxurlatu zuen oraindik goxoago: Zuen semea, benetan ez dago hemen?
Barruti buru ohiak burua mugitu zuen atsekabeturik. Haiei begira zegoen soldadu indonesiarrak errukia zeukan agerian bere begietan. Jokalariak soldaduri erreparatu zionean, irribarre egin zuen, konfidantza adieraziz.
Ofizial japoniarra atera zen etxolatik. Barruti buru berriak alde batera egin zuen pasatzera uzteko. Ofizialaren arreta osoa Karangajatiko barruti buru ohiarengan zegoen jarrita. Burutik hasita oinetaraino zehatz-mehatz aztertu zuen.
Kasu eman! bota zuen amorratuta. Ezagutzen duzu polizia militarra. Lepoa moztuko dizute! Egia nahi dut! Non dago? ezkerreko eskua gerrian paratu zuen. Eskuinak, berriz, bere ezpataren kirtenari eusten zion.
Oraindik ikaraturik, jokalariak behartu zuen bere burua erantzutera.
Ez dakit.
Kontuz! Kontuz! ohartarazi zion ostera ere ofizialak, jiratu eta atakarantz eginez.
Karangjatiko barruti burua eta soladadu indonesiarra jarraitu zitzaizkion. Atakarako bide erdian, soldadu indonesiarra jiratu eta buruz keinu bat egin zuen. Jokalariak keinua itzuli zion. Eta japoniar ofizialak zein barruti buruak bidean eskuinetara hartu ondotik, soldaduak presaka eta nolabait ere ataka moldatu zuen. Gero, alde egin zuen bere ofiziala harrapatu nahian. Hiru gizonak desagertu ziren bistatik.
Jokalaria su bazter hotzaren aurrean geratu zen zutik.
Beraz, zu izan zara nahaspila guzti hau plantatu duena xuxurlatu zuen. Begiak atakatik ilargira jaso zituen. Begiak malkotan zituen, betondoak beltz-urdinak. Ilargiak zeruan flotatzen zuen. Zeure suhi-beharra saldu duzu burua makurtu zuen su bazterrari begiratzeko. Eta bakar bakarrik gure mutila eskalea delakoz orain eta ez japoniarren jopua, japoniar jopu errespetatua. Ofiziala zenean, ez al zinen hartaz harro? Hori kontatzen zenien denei. Baina orain? Garai batean, bere nahi guztiak aginduak ziren zuretzat, baina orain borreroaren eskuetan jarri nahi duzu bere etxolaren atalarrian eseri zen eta zera xuxurlatu zuen: Zalantzarik gabe Ningsih ikusteko geratu izanen da zutitu eta negar egin zuen esku hertsietan. Gure semea! eroa bezala ostikoka hasi zen jateko zeuden artaburu eta errautsekin. Gure semea! garrasi egin zuen berriro ere, baina ondoren ixildu zen, lehertuta eta arnasarik gabe. Honelakoa izanen da nere bizia?
Bat-batean jiratu eta presaka sartu zen etxolan. Banbu ehunduaz egindako zoruak karraka egin zuen bere azpian, estalkian iraulka zebilelarik.
Gure semea! dei egin zuen goibeldurik. Andrea, semea, nihaur ere gorputza okertu zuen amorru bizian, atsekabean, tristuran eta ikaran. Azkenean, ahuldurik, etxolatik atera eta behaztopaka atakarantz egin zuen. Ilea nahasia eta harro-harroa zeraman. Jokatu nahi dut erran zuen grinatsu atakara iritsi zenean.
Ataka ireki zuen. Ezkerretara joz, berehala desagertu zen bistatik.
Ondoren baretasuna nagusitu zen. Brontze orkestraren doinuek arratsaldeko airean flotatzen zuten, orain lehen baino hagitzez garbiago. Ilargiak mantso mantso egina zuen mendebalderanzko bidea. Haizea azkartu eta astirotu zen eta etxolako teilatua hegazkatu eta txistu egin zuen emeki. Ollar batek kukurrukua jo zuen, goizeko lehenbizikoa, eta istant batean bertzea eta bertzea jarraitu zitzaizkion erreldoan. Ordu laurden bat beranduago kukurrukuak ere ixildu ziren eta dena bare gelditu zen ostera ere.
Barruti etxeko ezkilak hirurak jo zituen.
© Pramoedya Ananta Toer
© itzulpenarena: Jose Emilio Txoperena