Libertimendu baten gisara
(Gibel solasa)
Patxi Zubizarreta
1. Mila gau eta bat gehiago
Xariar sultanak aspaldian ez zuen bere anaia Xazaman ikusi. Hala bada, bere bisir Dandan deitu, eta Samarkandara joan zedila agindu zion, eta ekar zezala Xazaman berarekin batera. Eta bisirra joan da, eta badator atzera Xazamanekin batera, baina, bidean aurrera, jauregira itzuli da hura, anaiarentzat ahantzia zuen opari baten bila. Eta, jauregira ezustean itzulirik, han zer topatuko, eta emaztea mirabe batekin oheratua topatu zuen. Amorrazio beltzak harturik, biak ala biak ere garbitu eta, bihotza erdiraturik, Xariarrengana abiatu zen.
Xariarrek zurbil eta goibel ikusi zuen anaia, baina honek ez zion bere zorigaitzaren berri eman nahi izan. Xazaman mingulina doi bat adoretzearren eta bizkortzearren, ehizaldi batera gonbidatu zuen, baina Xazamanek, bere tristeziarekin, bakarrean geratzea nahiago.
Xariar ehizaldian zebilela, Xazaman lorategietara irten zen ilunabar batean. Eta, han zer ikusiko, eta Xariarren emaztea mirabe batekin ikusi zuen, eta hogei neskame hogei morroirekin, denak ere lizunkeriara emanak. «Gaitzerdi», egin zuen bere baitan, «anaiarena nirea baino okerragoa da».
Ehizaldia amaitu zuelarik, Xariarrek ezin izan zuen anaiaren esana sinetsi. Alabaina, zalantzak joa, badaezpada ere gezurretako beste ehizaldi bat prestatu zuen, eta gauez mozorroturik itzuli da jauregira. Eta Xazamanek kontatutakoa egia zela ikusirik, bihotz ilunak egin zitzaizkion. Orduan bi anaiek elkar hartu, eta munduan barrena abiatu ziren, noraezean.
Zenbait hilabeteren buruan, anaiak itsaso gaziaren bazterrean zeudela, ezustean, ur azalean kezko halako zutabe bat begiztatu zuten. Zutabetik animaleko jeinu bat agertu zen, buru gainean kutxa bat zekarrela. Anaiak tximistaren pare zuhaitz batera igo, eta jeinua kutxa zabaltzen eta handik emakume lirain bat ateratzen ikusi zuten. Jeinuak bere loaldia zaintzeko agindu zion emakumeari eta, hark ere, bi anaiei erreparatu zielarik, zuhaitzetik jaisteko agindu zien. «Jeinua esnatzea nahi ez baduzue, zeharka nazazue zuen lantzez», esan zien gero. Xariar eta Xazaman ez zerurako ez lurrerako geratu ziren, baina, jeinuaren beldur izaki, anderea asebetetzea erabaki zuten. Zeharkatu zuten, beraz, eta, amaitutakoan, emakumeak eraztun bana eskatu zien, eta bi eraztunak ordurako beste 570 zituen lepokoari erantsi zizkion. «Ene eztei gauean bahitu ninduenetik, 572 bider mendekatu dut jeinu txerrenkume hau», aitortu zuen. Eta, bi anaiak handik urrundu zirelarik, elkarri esan zioten: «Gaitzerdi, jeinu ahaltsuak berak gu baino okerrago daude». Eta beren buruekin bakezkoak eginik, nor bere jauregira itzuli zen.
Alabaina, Xariarren barrena ezin oso lasai egon, zeren, jauregira itzulitakoan, emaztea eta mirabe lizunkoiei lepoa mozteko agindu baitzuen; zeren, harrezkero, gauero-gauero bere bisir Dandani neskatila urratugabe bat logelara eramateko agindu baitzion. Eta neskatilari gauean birjintasuna lapurtzen ziolarik, egunsentiarekin hilarazi egiten zuen.
Egunetik egunera erresuma suminduago eta izutuago zegoen, izan ere gero eta neskatxa gutxiago geratzen baitzen erregearen plazererako. Harik eta bisirraren bi alabak baino geratu ez ziren arte. Zaharrenak, Xerazadek alegia, liburu asko irakurriak eta ipuin asko entzunak zituen, eta tinkotasunez mintzatu zitzaion aitari: «Jainkoarren! Eraman nazazu sultanarengana eta emakume musulmanen salbatzailea izango naiz». Hala bada, Xerazadek gau hura Xariarrekin igaro zuen, baina egunsentian inor ez zitzaion lepoa moztera inguratu: ez egunsenti hartan, ez hurrengoan eta ezta hurrengo mila eta batean ere. Antza, Xerazadek gauero ipuin baten zatia kontatzen zion erregeari, eta hark, jakingosez beterik, hurrengo gaua arte itxaron behar izaten zuen ipuinaren segida desiratua ezagutu ahal izateko.
Horraino Mila gau eta bat gehiago ipuin bilduma kasik amaigabearen abiapuntua. Baina hastapenaz bezala, inor gutxi oroitzen da amaieraz, eta, izan ere, ez da harritzekoa. Egia esatera, liburu honek hastapen bakarra du, baina amaiera asko eta askotarikoak: batean, sultana Xerazaderekin liluratu, eta bizitza barkatuko dio; bestean, haren ipuinak atsegin ez, baina bien bitartean Xerazaderekin izandako haurrak aski izango dira emazteari bizia salba diezaion.
Ni neu ere halako hipotesi gisako bat pentsatzen hasi nintzen noizbait ere: Xerazadek ezin zuen mila gau eta bat gehiago ipuinak asmatzen eta kateatzen igaro, eta are gutxiago heriotza mehatxu hurbilaren ikara gorrian; Xerazadek, irakurriak eta entzunak zituen ipuinak amaitu zitzaizkiolarik, ahantzbelarra edanarazi zion sultanari, eta atzera hasi zen ipuinak hasiera-hasieratik kontatzen... Eta ipuin bat idazten ere hasiko nintzen, baldin eta Nagib Mahfuzen Mila eta bat gauen gauak liburua topatu izan ez banu, zeren horixe baita idazle egiptoarrak egiten duena: liburu klasikoari, libertimendu baten gisara, bere amaiera propioa eman. Eta ber gauza egin zuen, Mahfuzek berak baino lehenago, Edgar Allan Poe idazleak «Xerazaderen mila eta bigarren ipuina» lan fantasiotsuarekin. (1)
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Sinbad marinelaren historia liburua itzultzen ari nintzela. Haren zazpi bidaiek kilikaturik, hark erakutsitako bidaiatzeko grinaz jakitun, zortzigarren bidaia bat asmatzeari ekin nion. Baina oraingoan ere hara non topatu nuen Sinbad marinelaren abentura berriak liburua, non hainbat idazlek Sinbaden balizko zortzigarren bidaia kontatzeari ekin zioten...
2. Mila eta bat gauen gauak
Egia esatera, idazle arabiar batek inork baino hobeki ematen ahal zion bere akabera Mila gau eta bat gehiago liburuari, barne-barnetik, tradizioaren eta kultura arabiarraren ezagutzatik. Eta halaxe egin zuen, arestian esan bezala, Nagib Mahfuz (Kairo, 1911) idazleak. Alabaina, bitxia gerta daiteke nobela arabiar modernoaren «aita» esaten dioten egilea bere idazlan sozialekiko joera (Mirarien karrika, Kairoko trilogia, eta abarren abarra) apurtzea eta Mila eta bat gauen gauak ustezko libertimenduari lotzea.
Mila eta bat gauen gauak liburuak berreskuratu egiten ditu Mila gau eta bat gehiago liburuaren bai protagonistak bai estiloa eta ezaugarriak. Sinesmenean tinko bizi nahian baina grinaz eta irritsez beterik ikusiko ditugu Sinbad, Aladin, Nur Al-Din edo Maruf bezalako pertsonaiak, eta Xariar, bisirra eta borreroa noizean behin gauez irtengo dira herritarrak nola bizi diren ikustera. Eta horiekin guztiekin batera, jeinuak agertuko dira gizaki hutsalak eta petralak zirikatu nahian. Bestalde, errealitatea eta ametsa sarritan amesgaizto eta eldarnio bilakaturik nahasirik erakusten zaizkigu, poemak eta hitz zuhurrak tartekatzen dira, gizakia edertasun gosez, handinahiaz eta maiteminez ibiliko zaigu noiz dramatikoki, noiz alegeraki, istorioak, ipuintxoak eta poemak tartekatzen dira...
Guztiarekin ere, Mila eta bat gauen gauak liburuak, bere laburrean, nolabait ere gainditu egiten du Mila gau eta bat gehiago izeneko liburuen liburua. Pertsonaien maskarada areagotu egiten da, eta horren adibide ezin argiagoa Gamasa Al-Balti polizia burua dugu, zeina, bere exekuzio propioaren lekuko gertatuko baita eta, izularriturik, bere burua esekia ikusiko baitu; zeina Abdula zamaketaria bihurtuko baita eta, ororen buru, Abdula lehorrekoa... Kritika soziala ere areagotu egiten da eta zinez irrigarria da gobernari eta polizia buru ustelen dantza, berriro ere maskarada gazi-gozoa eskainiz (akaberan gobernaria nor eta Maruf zapataria izendatuko dute, erresuma zerbait hobetuko duelakoan...). Etsipenez, balizko mundu hoberik amestea alferrikakoa dela erakutsiko zaigu, eta nork bere burua hobetzea eta zentzatzera ere, alfer lana.
Eta Mila eta bat gauen gauak liburuttoak nolabait ere gainditu egiten du Mila gau eta bat gehiago liburukotea, izan ere azken honetan ipuin kontalari eta entzule hutsak zirenak, oraingoan haragiztatu egiten baitira, eta etengabeko presentzia baitute, eta giza ustelkeria ezin agerianago utzi: «Xerazadek erakutsi didanez, giza arrazoia engainagarria da eta kontraesanen anabasera eramaten zaitu. Iluna sartzen den aldiro, gizagaixo bat naizela ohartzen naiz».
Hala bada, Mila eta bat gauen gauak liburua zinez miresgarria da eta itxuraz baino ez du apurtzen Mahfuzen joera errealista, eta molderik bikainenean amaitzen du eta osatzen Mila gau eta bat gehiago zaharra ezen ez zaharkitua. Orain Mahfuzen lana etengabeko irri firfira batekin irakurri ostean, agian bati baino gehiagori berori amaitzeko, beste akabera bat emateko gogoa piztuko zaio, libertimendu baten gisara...
(1) Edgar Allan Poe, Todos los cuentos, Círculo de Lectores, Bartzelona, 2003 (Itz. Julio Cortazar)
© Patxi Zubizarreta