MARUF ZAPATARIA

 

 

1

 

        Marufen ageriko bozkarioak nahigabea ezkutatzen zuen. Irabazi urriak zituen eta ugariak ziren, ostera, Fardaus Al-Arra emazte gozozale, dirugose eta erretxinaren purrustaldiak. Infernuan bizi zen, lan gogorraren eta etxearen artean. Egun bakar bat ere ez zuen igarotzen emaztearen ukaldiak eta deiadar ozpinduak jaso gabe. Berak, irainen beldur, emaztea arbuiatu ahal izateko bezainbeste kemen biltzea desio zuen, eta haren heriotza amestu. Ihesi joango zen. Baina nola eta nora? Emaztearen gatibu sentitzen zen, hala nola Fadil Sanan deabruarena. Eta, agian, heriotza beste aterabiderik ez zuen.

        Gau batez manzul dosi neurrigabe bat hartu zuelarik, kementsu eta bihotz suharrez irten zen Printzeen Kaferantza. Buruz buru zituen lagunei begirakunea josirik, ahots goran esan zien:

        —Ezkutuan izatea komeni ez zaidan sekretu bat salatuko dizuet.

        Ugr trufa egitekotan egon zen, baina, bere doluaz oroiturik, hitzik esan gabe, zapatariari jarraitzen utzi zion:

        —Egia diotsuet, Salomonen eraztuna topatu dut.

        —Errespeta itzazu zure nagusiak, ergela —kargu hartu zion Xamlul konkorrak.

        —Bistan da ongi baliatu duzula —burlaizean esan zion Ibrahim urketariak—. Non daude, baina, jauregiak eta mirabeak? Non arrandia eta handitasuna?

        —Jainkoari diodan begiruneagatik ez balitz, gauza imajina ezinak egingo nituzke.

        —Erakuts egiguzu froga bakar bat eta sinetsi egingo dizugu —aitzakiatu zion Rajab zamaketariak.

        —Erraza da.

        —Primeran... Igo zaitez zeruraino eta gero onik eta salbu jaitsi.

        —Oi, Salomonen eraztun —murmurikatu zuen Marufek—, igo nazazu zeruraino!

        —Utz iezaiozu pitokeriak esateari —hots egin zuen Suleiman Al-Zainik, pazientziak errea.

        Baina brixtakoan isildu zen. Maruf bera ere izularritu egin zen. Bere aulkitik indarrean altxatua sentitu zen, astiro, baina etenik gabe. Bezeria guztia ere, begiak arranpalo, altxatu egin zen. Maruf Kafeko aterantza aireratu zen eta oihu batean irten zen kalera: «Laguntza!» Horren ondotik, goraka jarraitu zuen, harik eta negu hartako gauaren iluntasunean aienatu zen arte. Bezeroak kalean elkarretaratu ziren, Kafearen aurrez aurre, gertakari miresgarri hura ahotan harturik. Albistea bolo-bolo zabaldu zen, eguzki izpiak udako egun batean nola. Maruf astiro-astiro jaitsi zen, gauaren ilunean haren zilueta gero eta antzemangarriago egin zitzaien, eta lehengo aulkira itzuli zen, akiturik eta ikaraz laborrian. Handikien nahiz herritar xeheen harridurak goia jo zuen eta begirik kendu gabe egon zitzaizkion. Orduan galderez josi zuten:

        —Non topatu zenuen eraztuna?

        —Noiz topatu zenuen?

        —Zer egiteko asmoa duzu?

        —Azal iezazkiguzu haren ezaugarriak.

        —Noiz beteko dituzu zure desirak?

        —Ez ahantzi zure lagunak —hots egin zuen Ugr-ek.

        —Ezta zure lagun pobreak ere —gaineratu zuen Ibrahim urketariak.

        —Izan zaitez eskuzabala eta zuzena, dagokion bezala —gomendatu zion Rajab zamaketariak.

        —Ez ahantzi Jainkoa, bera baita Unibertsoaren Jauna —amaitu zuen Suleiman Al-Zainik.

        Marufek, artean zehatz jakin gabe zer gertatu zitzaion, ez zuen fitsik ere ulertu. Nondik nora zetorkion misterio hura? Zein mirariren bitarteko gertatu zen? Egia aitortu behar ote zuen? Zuhurtasunak isiltasunera hartaraturik, bere etxera itzultzeko gogoa etorri zitzaion, eta, arnasa berriro harturik, hausnartzeko..., hausnartzeko. Hitz erditxorik ere esan gabe altxatu zen eta bat baino gehiago kexatu zitzaion:

        —Ez gu ahoa bete hortz utzi. Eskain iezaguzu hitz argigarriren bat...

        Baina inori ere begiratu gabe irten zen Kafetik.

 

 

2

 

        Gizon-emakumeen segizio baten erdian heldu zen etxera. Beragana hurbildu nahi hartan, elkarri bultzaka, batzuk jausi egin ziren eta beste batzuk zapalduak gertatu ziren.

        —Joan zaitezte —hots egin zien Marufek—, beste mundura jaurtiko zaituztet bestela.

        Minutu baten buruan, denak, beldurrak hilik, aienatuak ziren. Harrabotsa itzaltzearekin batera, bere emazte Firdaus Al-Urra begiztatu zuen, buruz buru, etxe atarian, lanpara bat eskuan.

        —Berak nahi duenari ematen dio ahalmena —murmurikatu zuen emakumeak.

        Eta urte askoan lehenengo aldiz, barre egiten ikusi zuen. Marufek begirakune gozakaitza josi zion, segidan berealdiko masailekoa emateko.

        —Arbuio zaitut —hots egin zuen—. Zoaz infernura!

        —Pobretasunean mirabe ninduzun eta zorionarekin kanporatu egiten ez nauzu bada!

        —Oraintxe bertan alde egiten ez baduzu, jeinuak deabruenera eramango zaitu.

        Emakumea deiadar ozpinduak egiten hasi zen eta berehalakoan alde egin zuen, zegokiona eskatu ere egin gabe. Marufek, aspaldiko partez, irribarre egin zuen eta etxean —gela bat eta korridore bat, besterik ez— sartu zen.

 

 

3

 

        «Zein ote da honen guztiaren esanahia?», egin zuen bere baitan. «Ametsa ote da, ala errealitatea? Benetan misterio baten jabe al haiz?». Gela huts antzekoa ikusmiratu zuen eta, hizketa molde sotilez, xuxurlatu zuen:

        —Oi, Salomonen eraztuna! Igo nazazu, altxa nazazu arra bete bat.

        Zain geratu zen, grinatsu, ikara gorrian. Baina ezer gertatzen ez. Bihotzondoko samina hartu zuen. «Ez al nuen airean gora egin? Ez al ninduten auzuneko guztiek ikusi? Eta Al-Arra, ez al nuen lehenengoz garaitu?

        —Oi, Salomonen eraztuna! —hots egin zuen, bihotza urraturik—. Ekar iezadazu plater bat eper bete gari berdearekin.

        Baina kakalardo bat besterik ez zuen ikusi, oin tapiz batean herrestan. Eta, begirakunea josi ziolarik, negarrez hipaka hasi zen.

 

 

4

 

        Nahigabe hura bere baitaren baitan hilobiratu zuen. Bere sekretua izaki, hesi bat ezarri zuen haren eta mihiaren artean. «Gertakariak berez-berez datozela, Jainkoak nahi bezala», egin zuen bere baitan. Bien bitartean bere gelaxkara itzuli beharko zuen, oinetakoak, babutxak eta sandaliak konpontzera. Baina, zer pentsatuko ote zuen jendeak Salomonen eraztunaren jabea zela eta ez zela? Egia esatera, lanera itzultzea harrigarria gerta zitekeen, baina bera bezalako izaki dohakabe batek ezin lantokira itzuli gabe etsi.

        Biharamunean, bere kalean barrena zihoala, polizia buru Jalil Faris begiz jo zuen, eta bazirudien, irribarre ezohiko harekin, zain zuela. Maruf, ohartu baitzen jendeak eraztunaren jabe zoriontsutzat zuela, egunari koipea ateratzea erabaki zuen. Poliziak adeitsu agurtu zuen:

        —Jainkoak egun on, Maruf!

        —Igualmente, polizia buru jauna —hark, erantzun.

        Harriturik geratu zen bere lasaitasunarekin, izan ere gizakiei eskuraezina zaien zerbaiten jabe izatearen segurtamenarekin mintzatu baitzen.

        —Auzuneko gobernariak zu ikusi nahi zintuzke —jakinarazi zion Farisek.

        —Plazer handiz —hark, axolagabe—. Non, baina?

        —Zuk nahi duzun tokian.

        Koldar halakoak!

        —Bere jauregian, egoki den bezala.

        —Kontu osoarekin eta segurtasun neurri guztiekin hartuko zaituzte.

        —Ez naiz lurreko inongo indarren beldur —esan zuen, desafiozko irribarre batez.

        —Zer iruditzen zaizu, eguerdian itxarongo zaitugu? —galdegin zuen Jalil Farisek, bere haserrea —eta, beharbada, bere ikara— ezkutatuz.

 

 

5

 

        Jende ikusminak, orduan ere trumilka oldartuko zitzaiolakoan, etxera bidea hartzera behartu zuen. Harantzean, Ugr bizarginarekin elkartu zen. Hark aditzera eman zionez, hiri osoaren aho mihitan zebilen, eta bere mirariak sultana bera ere hunkitu omen zuen. Eta gobernariarekin zuen hitzorduaz jakitun, Ugr-ek esan zuen:

        —Ez izan inoren beldur; zu munduko pertsonarik ahaltsuena zara. Orain bi jende molde daude: beren boterearen beldur izan, eta zure agintepera makurtzen direnak, eta beren ahultasunaren babesa espero dutenak.

        Tristezia irribarre batez mozorroturik, Marufek esan zuen:

        —Gogoan izan, Ugr, Jainkoaren mirabe esaneko bat besterik ez naizela.

        Lagunak oparotasuna eta arrakasta opa zizkion.

 

 

6

 

        Aretoan, zain zituen gobernari Abas Al-Kaligi, haren idazkari pribatu Sami Txukri, polizia buru Jalil Faris, eta, haiekin batera, muftia eta beste hainbat handiki. Eta denek ere begi arranpaloekin ikusi zituzten zapatariaren zarpa zahar maiztuak. Alabaina, gobernariak bere dibanean esertzera gonbidatu zuen eta, elkarren alboan, bere onginahia erakutsi zion. Hala bada, konfiantza osoz eseri zen, begirakune betizu eta galdetzaileen jopuntua izan arren.

        —Salomonen eraztunaren jabe zarela jakin dut —mintzatu zitzaion gobernaria.

        —Hori frogatzeko prest nago —Marufek, ausarkeriaz, erantzun—, baldin eta norbaitek zalantzarik ttikiena badu.

        —Egia esan, ene ardurak hartaratua, nola lortu zenuen jakin nahi nuke.

        —Ez dut sekretua salatzeko baimenik.

        —Zuk nahi duzun bezala. Zure bisitarekin egin didazun ohoreak, Jainkoari esker, argi erakusten du niregan duzun konfiantza.

        —Egiaz, honek ez du zerikusirik zugan dudan konfiantzarekin, izan ere ez zuk ez inork ezin baitit kalterik egin.

        Gobernariak baiezkoa egin zuen burua makurtuz, eta keinu harekin hobeki ezkutatu zituen bere sentimenduak.

        —Ene adiskideek eta nik egoki iritzi diogu zurekin hitz aspertu bat egiteari. Jainkoak nahierara gora eta behera dezake nahi duen guztia, baina guri Hura betiere gurtzea dagokigu.

        —Hobe zenuke hitz horiek zeure adiskideei eta zeure buruari zuzendu —osteratu zion Marufek, oldarkor.

        Gobernariaren begitartea goitik behera itxuraldatu zen.

        —Egia da gertakari lazgarrien ondotik heldu garela agintera, baina gure agintaldiaren hastapen beretik lege islamdarra atxiki dugu.

        —Emaitzak ikusi behar.

        —Inortxok ere ezin izango du gure kontrako kexurik agertu, izan ere gure jokamoldea jaun eta gidari dugun Xariar sultanarenean oinarritzen baita.

        —Argi dago berriro hutsetik hasi nahi izan duela, baina oraindik ezin perfekzioa iritsi.

        —Perfekzioa Jainkoarena baino ez.

        Gobernariak begiratu zuelarik, muftiak ekin zion:

        —Hitz bakarra dut zuri esateko, Maruf, eta Jainkoaren beste inoren beldur ez den honek diotsu. Jainkoak onean eta txarrean frogatzen ditu bere sorkariak, eta Bera da betiere ahalguztidunena. Indartsua haren indarraren arabera epaitzen du eta ahula haren ahultasunaren arabera. Zure aurretik, beste hainbatek eskuratu zuen Salomonen eraztuna, eta ezbeharra besterik ez zien ekarri. Lorpen horrekin izan zaitezela sinestunen eredu eta jentilentzat abisu.

        Marufek, egoeraz nagusitu denaren segurtamenarekin, irribarre biratsua egin zuen.

        —Entzuidazue, jaun horiek —esan zuen—. Zorionekoak gu, izan ere eraztuna Jainkoa gau eta egun ahotan duen gizon baten esku geratu baita. Botere horri eramango dionik ez da, baina nik beharrizanean besterik ez dut baliatuko. Nik nahi izanez gero, besteak beste jauregiak eraikitzea, armadak osatzea eta boterea nireganatzea agin niezaioke, baina bestela jokatzea erabaki dut...

        Bertaratuek lehenengoz hartu ahal izan zuten arnasa lasai, eta losintxak egiten hasi zitzaizkion. Orduan, ahotsa dardaran, Marufek jakinarazi zien:

        —Baina horrek ez du esan nahi Jainkoak eskaini didan dohaina baliatu behar ez dudanik.

        Zapatariaren ezpainei begirik kendu gabe zeuden.

        —Berehalakoan mila dinar behar nituzke ene auziak garbitzeko.

        —Oraintxe begiratuko dut zenbat daukadan —gobernariak, naretasunez, erantzun—. Nahikoa ez banu, gure Jaun Sultanaren laguntza eskatuko nuke.

 

 

7

 

        Marufek lortu egin zuen aipatutako dirutza eta handikiek eskuerakutsi ugari eskaini zioten. Jauregi bat erosi zuen eta, hura janztearen eta apaintzearen ardura Xalulen esku utzirik, zinezko museoa bilakatu zen. Fadilen arreba Husnia Sananekin ezkondu zen eta Ugr bizarginaren, Ibrahim urketariaren eta Rajab zamaketariaren adiskide egin zen. Txiroekin eskuzabala izan zen eta hamaika erremusina eman zien. Horrekin batera, gobernaria haien mantenuaz eta segurtasunaz arduratzera behartu zuen, eta haiek errespetuz hartzera. Hala bada, haien begitarteetako irribarreak estali egin zituen oinazearen zimurrak. Eta, paradisua nola, halatsu maitatu zuten aurrerantzean bizitza.

 

 

8

 

        Egun batez, Xariar sultanarekin hitz egitera deitu zuten. Jainkoari helka abiatu zen haren jauregirantza. Sultanak neguko aretoan —edo «koralezko aretoa» zeritzanean— hartu zuen.

        —Ongi etorri, Maruf. Ene gau ibilaldietan zutaz esaten dituzten laudorioak entzun ditut. Eta horrek zu ezagutzeko gogoa piztu dit.

        —Inkontru hau Salomonen eraztuna bera baino estimatuago dut, Ene Maiestate. —Marufek, bihotza punpaka, erantzun.

        —Gizon noble baten sentimendu noblea, inondik ere.

        Marufek burua makurtu zuen. Bere baitan egin zuen zer gertatuko ote zen sultanak mirari bat eskatuko balio. «Jauregia utzi, eta urkamendira joan behar ote dut?».

        —Nolatan lortu zenuen eraztuna, Maruf?

        —Sekretua atxikiko nuela hitz eman nuen, Ene Maiestate.

        —Eta arrazoiak ez zaizkizu falta, baina ikusi al dezaket, urrunetik besterik ez bada ere?

        —Hori ere ezin, Ene Maiestate. Zure jakinmina asetu ezinak zorigaiztokoetan zorigaiztokoena egiten nau!

        —Ez zaitez ardura.

        —Mila esker berorren onginahiagatik, ene jauna.

        —Harri eta zur naukazu —mintzatu zen sultana, isilune baten ondotik—. Ene sultanaulkian eseri nahi bazenu, munduan inongo indarrek ezin eragotziko zizuten.

        —Jainkoak begira nazala halako asmoetatik! —hots egin zuen Marufek—. Jainkoaren mirabe sinestuna baino ez naiz eta haren nahikariaren kontrako aginteek ez naute kilikatzen.

        —Sinestun zintzoa zara. Bai benedikapen handia eraztuna sinestun baten esku egotea.

        —Miletan eta miletan eskertzen dut Kreatzailea.

        —Iraganak ez al dizu noiz edo noiz zoriontasun hori lausotzen?

        —Iraganean besteek hamaika oinaze eragin didate. Nik neuk ez dut zertan damuturik.

        —Aurkitu al duzu amodioa?

        —Jainkoari esker, badut emazte bat, arnasa hartzen duen aldiro zoriona ematen didana.

        —Eta hori guztia eraztunaren bitartez?

        —Hobeki esan, Jainkoaren bitartez, Ene Maiestate.

        Beste isilune luze baten ondotik, sultanak galdegin zuen:

        —Ba al duzu besteak ere zoriontsu egiteko dohainik?

        —Eraztun honen ahalmenak azkengabeak dira; alabaina, ezin jendearen bihotzetan eragin...

        Etsipenak ilundu zituen Xariarren begiak, baina berehalakoan ekin zion irri firfira batez:

        —Utzidazu ikusten nola igotzen zaren airean, aretoko gangako apainduriak durbanarekin ukitzeraino.

        Eskariak bihotz ilunak eragin zizkion. Itxaropenak oro hautsaren gisara aienatu zitzaizkion eta arriskutik itzuri nahi izan zuen.

        —Nago —gartsuki mintzatu zen —sultanaren aurrean bestelako jendetasun batekin jokatu beharra dagoela.

        —Ene esanetara bakarrik goratuko zara.

        —Ene Maiestate, ni berorren zerbitzari Maruf naiz, zapataria...

        —Obedientzia zor al didazu?

        —Jainkoa da horren lekuko.

        —Hortaz, ene agindua da!

        Hala bada, altxatu da, eta, hankak gurutze, aretoaren erdian eseri da. Zazpi ahaleginak egin ditu Kreatzailea limurtzeko: «Bete daitezela, ene Jainko, zure nahikariak, baina ez utzi ene amets guztiak porrokatzen». Eta, bihotza ilundurik, xuxurlatu du:

        —Altxa zaitez, ene gorputz hori, ene durbanteak sabaia ukitzeraino.

        Begiak itxi ditu, patu beltzaren aurrean makurtzen den seinale. Eta, ez baita ezertxo ere gertatu, arranguraturik hots egin du:

        —Gupida zaitez nitaz, ene jauna!

        Hori esatearekin, bihotza punpaka hasi zitzaion, gorputza arindu, eta indar misteriotsu batek eraginik, duin eta astiro, ezerezean eseria igotzen hasi zen. Sultanak, manerak ahantzirik, begi arranpaloekin ikusi zuen. Eta durbanak koralezko ganga ukitu zuelarik, Maruf emeki jaisteari lotu zitzaion, harik eta harlauzetan eseri zen arte.

        —Zeinen ezdeusa den sultana —atera zitzaion Xariarri—, zeinen hutsalak handinahiak oro!

        Marufek, ostera, ez zuen hitz erditxorik ere esan, sultana bera baino txundituago baitzegoen.

 

 

9

 

        Ezin, bada, ulertu zer gertatu zitzaion. Etxeratu zelarik, bere ahal ezkutuak baliatzen ahalegindu zen, baina hutsean geratu ziren. Jainkoa eskertu zuen, laguntza eskaini izanagatik. Berari bost axola bere ahalmenak zertan ziren, baldin eta larrialdietan salbatzen bazuten. Eta, susmoak alde batera utzirik, bere arima Jainkoaren esku utzi zuen.

        Egun batez, etxeko lorategian eguzkitan zegoela, arrotz bat hurbildu zitzaion bera ikusteko asmotan. Mesede bila joango zitzaiolakoan, Marufek sartzeko esan zion. Arrotza tunika pertsiar bikain bat soineratua agertu zitzaion. Durbante eskerga bat buruan, bizarra zaindua, gorpuzkera segaila. Inondik ere goi mailako gizona. Marufek ongi etorria egin zion eta esertzera gonbidatu zuen.

        —Nor zaitut, gonbidatu ohoragarri hori? —galdegin zuen.

        —Jauregi honen jabea naiz —gizonak, zakar erantzun, ingudea kolpeka darabilen mailuak nola.

        —Gezurti halakoa! —hots egin zuen Marufek, furfuriatsu.

        —Jauregi honen jabea naiz —berritu zuen gizonak, kementsuago.

        —Jabe bakarra neu naiz —Marufek, erantzun.

        —Zu kalakari iruzurtia besterik ez zara —esan zuen besteak, zapatariari desafiozko begirakune betizua josiz.

        —Eta zu zoro lotsagaldu bat! —hots egin zuen Marufek.

        —Den-denak tronpatu dituzu, baita sultan ergel hori ere, baina zuk zeure burua baino hobeki ezagutzen zaitut nik.

        —Haizea barreiatuko duen errauts bihur zaitzaket...

        —Zapatak konpontzen eta ziratzen baino ez dakizu zuk. Erronka jotzen dizut, tira, ezetz ene ileetako bakar bat ere ukitu.

        Bihotza ilundu zitzaion eta kemenak huts egin zion; alabaina, hizketa moldeak traditzen ez zuela, galdegin zuen:

        —Ez al duzu Printzeen Kafeko mirariaren entzutea?

        —Ez dut entzun, ez, hain zuzen ere nik burutu nuelako. Hortaz, ez zaitez saia niri ziria sartzen. Sultanarenean ere nik salbatu zintudan.

        Bihotz-bihotzez, Marufek Salomonen eraztunari gizon harekikoak egiteko eskatu zion. Baina ez baitzen ezer gertatu, atsekabea harturik esan zion:

        —Nor zara?

        —Zure jauna naiz, zure ongilea.

        Marufek isiltasunera bildu besterik ezin izan zuen egin.

        —Dohaina atxikitzea zure esku dago.

        —Zer nahi duzu? —nekez zezeldu ahal izan zuen.

        —Hil itzazu Abdula Al-Balji xekea eta zoroa.

        —Inurri bat ere ezin dut hil eta —Marufek, izularriturik, arrapostu.

        —Baliabideak eskura jarriko dizkizut.

        —Baina, botereduna zu izanik, zergatik niri eskatu?

        —Hori ez dagokizu zuri.

        Eta berehalakoan gogora etorri zitzaizkion Fadil Sanan jausi zen lakirioa, eta baita Sanan Al-Gamali eta Gamasa Al-Baltiren dramak.

        —Arren, egidazu mesede eta ez agindu niri halakorik.

        —Gobernaria zure amarrukeriaz konbentzitzea baino errazagorik ez dago. —Besteak, burlaizean, erantzun—. Jendea ez da zutaz fidatzen eta, zure agintekeriatik itzurtzeko, zure hondamena desio dute. Laster mirari bat egin dezazun deituko dizute, eta, ezinezkoa bazaizu —eta inondik ere hala izango da—, piztien pare oldartuko zaizkizu.

        Zapatariak josi zion begirakune ilauna gorabehera, arrotza ez zen urrikaldu.

        —Zure erantzunaren zain nago —esan zion.

        —Zoaz. Zure aurrean ez daukat pentsatzerik.

        —Puska batean bakarrik utziko zaitut —esan zuen, altxatzearekin batera—. Deitzen ez banau, polizia burua etorriko da ene ordez.

        Eta, hori esanik, alde egin zuen.

 

 

10

 

        Ikara gorrian utzi zuen Maruf. Abdula Al-Balji eta zoroa hilko ote zituen? Ondasunek kilikatzen zuten, noski, baina gizon ona zen, zintzoa, eta sinestun garbia. Irudimenak hara-honaka zerabilen, salbamendu bila, baina betiere errealitateak ekartzen zuen amildegiaren ertzera. Segidan, bere pentsamenduen ilunean argi baten dirdaia bistatu zuen: Husnia eta diruak harturik, ihes egin zezakeen. Hala bada, joan da etxera, emaztea soingaineko batez janztera behartu du eta bidezorro batean gorde du dirua. Emazteak atzera-aurrera haien berri jakin nahi izan zuelarik, toki segurura iritsitakoan jakingo zuela erantzun zion. Eta, mando banatara igo zirelarik, ibairantza egin zuten, han itsasontzi bat hartzeko asmotan. Baina kalea zeharkatzen amaitu aurretik, aurrez aurre polizia buru Jalil Faris topatu zuten, soldadu sail baten buruan.

 

 

11

 

        Harridurak goia jo zuen eskandalu harekin. Ipuin kontalariek lau haizetara zabaldu zituzten Maruf zapatariaren aitorpenak. Batzuentzat bihotz altxagarria izan zena, beste batzuentzat bihotz erdiragarria gertatu zen. Exekuzioa une batetik bestera espero zen, eta, Maruf, Fadil Sananekin eta Aladinekin elkartu ahal izango zela. Eskale eta txiro jendea, beren etxolak utzirik, saldoka abiatu zen, asaldaturik, auzuneko plazetara. Esan ezin ahalako jendetza osatu zuten, gorputza gorputzarekin, talde bakar, talde handios, alimaleko taldea, beren kexuak eta geroarekiko beldurra orroka zabalduz. Marufen heriotzak haien mantenuaren akabera zekarren. Laster ohartu ziren ezen, elkar harturik, hesi gaindiezina osatuko zutela, uraldi porrokatzailea.

        —Maruf errugabea da!

        —Maruf gupidatsua da!

        —Marufek ez du zertan hil!

        —Madarikatua hari kalte egiten diona!

        Noizbait ere bakarren batek gobernariaren jauregira joatea proposatu zuelarik, menditik datorren ur jauzi bat nola, halatsu oldartu ziren harako bidean. Emiratoko jauregiaren kalera heltzearekin batera, armada, leporaino armatua, bidera atera zitzaien. Borroka brixtakoan hasi zen, eta harriek eta geziek zeharkatu zuten zeru iluna. Eguzkia sartzean, atabal hotsak entzun ziren eta, haiek gailenduz, aldarrikari baten ahotsa:

        —Utzi borroka bertan behera. Gure Maiestatea bera dator.

        Bi taldeek atzera egin zuten eta barealdia etorri zen. Sultanaren segizioa zaldun sail handi batek lagundua heldu zen. Xariar Emiratoko jauregian sartu zen, Estatu gizonekin batera. Galdeketak gau osoa iraun zuen eta eguna argitu arte ez zen aldarrikaria agertu. Euri ttikia ari zuen eta ikuzi egin zituen etsipenak hartutako begitarteak. Matxinoek edozer espero zuten, entzun zutena salbu:

        —Sultanaren agindua da —mintzatu zen aldarrikaria— gobernaria beste auzune batera lekualda dadila eta hemengo hau Maruf zapatariak goberna dezala...

        Eta jendetzak zeruko trumoiak entzutea galaraziko lukeen iskanbila sortu zuen.

 

 

© Nagib Mahfuz

© itzulpenarena: Patxi Zubizarreta

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus