KUT AL-KULUB
1
Udazkenaren hastapenean, zoroa goizalbako otoitzaren salmoak palmondopean kantatzen ari zela, uretako biztanlearen mintzoa entzun zuen. Zoroa lasterka hurbildu zen ibai hegira:
Ongi etorri, Abdula itsasokoa!
Harritua naukazu esan zion mintzoak.
Zer dela eta?
Gaiztagin asko hil dituzu. Zergatik barkatu dituzu lohikeriaren bekatua egin dutenak?
Beldur nintzen, eguna zabaldu, eta herritarrak ez sultanik ez bisirrik ez gobernaririk ez idazkari pribaturik ez polizia bururik geratuko ote ziren, denak gaitzetan gaitzenean harrapaturik.
Uste ote duzu eskrupulu horiek zerbaitetarako balio dutela?
Giza kaxkartasuna barne muinetan bizi ostean, lotsa-lotsa eginik ikusi nituen.
Gure erresuma itsastarrean xuxurlatu zuen Abdula itsasokoak, gobernatzeko behar diren hamar baldintzetako bat da lotsa izatea.
Zoroak hasperen egin zuen:
Zorigaitzekoa lotsarik gabeko gobernaria duen herria!
2
Rajab zamaketariari berandutu egin zitzaion auzuneko harresietatik kanpoaldean. Itzulian zetorrela, ilunpetan itzal batzuk begiztatu zituen hilerriko atea zabaltzen eta bertara sartzen. Egunsenti aurretxoan han zertan ote zebiltzan jakin nahirik hormara igo, eta, ahuspez, ziluetako batek zeukan zuziaren argi ahularekin, haien ingurunea bistatu zuen. Mirabe sail bat ikusi zuen, beraien mailakoentzako hilobi bakandu bat zabaltzen; eta, hara kutxa bat sartu zutelarik, lurrez estali zuten. Haiek alde egin arte itxaron zuen. Berak ere alde egingo zuen, baina kutxak jakingosea pizten zion. Zer gordeko ote zuen? Zergatik lurperatuko ote zuten hain gau beranduan? Berez ez baitzen zailtasunen beldur izaten, menturatu egin zen toki mortu hartan. Zamaketariek ohi duten indarrarekin, hilobia zabaldu, eta hilkutxa atera ahal izan zuen. Eragin eta eragin ibili zitzaion, harik eta zabaltzea lortu zuen arte. Orduan, aldean beti eraman ohi zuen kandela piztu, eta, han ikusi zuenak beldurrak hilik eta dardaran jarri zuen. Neskame bat zen, ilbetea bezain ederra, begitartea agerian, eta hilatorraz ez, baina soineko batez jantzia. Hilik zegoen, noski, baina lokarturik zegoela zirudien. Hilobiratzea zer eta nola burutu zuten ikusirik, hilketa bat izan zela ondorioztatu zuen, eta, bere larri hartan, ataka hartatik lehenbailehen alde egitea erabaki zuen. Eta hilkutxa itxi eta, are gutxiago, hilobian sartu gabe, brixtakoan alde egin zuen.
3
Beste aldera jauzi egin bezain laster, figura bat agertu zitzaion aurrez aurre. Esan ezin ahalako bihotzondokoa hartu zuen. Baina Xalul altzari saltzailearen ahotsari antzeman ziolarik, bere onera etorri zen.
Nor zara? hark, galdegin.
Bere nahasmendua ezkutatu nahirik, erantzun zion:
Rajab naiz, Xalul, zamaketaria.
Zertan ari zinen hor barnean? galdegin zuen Xalulek, barreka.
Gure Jainko Jaunak zuhurrak izateko agintzen digu. Berez-berez atera zitzaion. Ikusitakoa kontatzeko gogoa sentitu zuen. Baina Xalulek burlaizean galdegin zion:
Hiri osoan ez ote dago, bada, gizon zintzo bakar bat ere?
4
Izu-laborriak hartu zuen. Lehenago egundo egon gabea zen halako ataka gaizto batean. Urkamendiak bihotza iluntzen zion. Goizalbako otoitza, esan, esan zuen, baina arima nahigabez beterik zeukan. Gorpua topaturik, Xalulek adieraziko zuen hilerriko hormatik jauzi egiten ikusi zuela. Nork, zamaketariaz beste, garraiatuko zuen hilkutxa hura? Ihes egitera behartua zegoen, edo, bestela, gertakariei aurrea hartu eta, albistea zabaldu baino lehen, bere testigantza eman beharko zuen. Sinbaden kontrara, jendeari eta tokiari atxikia zegoen, izan ere hura itsasoan baitzebilen. Baina polizia buruaren begikoa zen. Eta harengana joatea erabaki zuen, egia osoa esatera.
5
Otoitza amaitutakoan, Al-Muin Ibn Sauirengana abiatu zen, hari hitzordua eskatzera. Mando gainean eta goardien buru zihoala ikusi zuen. Orpoz orpo jarraitu zuelarik, Emiratoko jauregira bidean zihoala ohartu zen. Eta, hura noiz irtengo, zain geratu zitzaion. Gobernari Suleiman Al-Zainik polizia buruari egin zion harrera kaxkarra izan zen: haren jauregian anabasa zen nagusi. Polizia gutxietsi zuen:
Zer dela eta nahasmendu hau ene bizilekuan? Atzera etorri ote da kaosaren garaia?
Al-Muinek, kopeta ilundurik, argibideak eskatu zizkion. Eta, jaso, jaso zituen:
Ene mirabe Kut Al-Kulub desagertu egin da, lurrak irentsi izan balu bezalaxe.
Noiz gertatu da? galdegin zuen Al-Muinek, zurturik.
Atzo ikusi nuen, baina gaur ez dago haren aztarrenik ere.
Zer dio jauregiko jendeak?
Galdezka dabiltza, neure antzera, izularriturik.
Beharbada ihesi joango zen atera zitzaion poliziari.
Gorrotoz beterik, begitartea desitxuratu zitzaion.
Ene mirabeetan zoriontsuena bera zen hots egin zuen. Hobe duzu aurkitzea...
Eta erabili zuen hizketa molde mehatxukorrak ez zuen zalantza izpirik eragin...
6
Jauregiko atari aurrean Rajab zeukan zain, eta poliziari hurbildu zitzaiolarik:
Ene jauna... Zerbait esan behar dizut.
Ene bistatik kanpora eten zuen, bortitz, besteak. Hau iruditzen al zaizu hitz egiteko mementoa?
Entzuidazu, ene jauna ekin zuen zamaketariak. Hilketa bat izan da. Hilotza auzuneko harresien kanpoaldean dago eta ez da komeni geroago jasotzea.
Jakingosea pizturik, polizia buruak arretaz entzun zituen argibideak.
Zein hilketa, baina? Eta zuk zer nolako zerikusia duzu?
Eta zamaketariak zakar eta atalka kontatu zion istorioa, eta bien bitartean polizia buruaren arreta unean baino unean handiagoa izan ...
7
Kasik eguna zabaltzearekin batera, hilkutxa gobernariarenera eraman zuten. Suleiman Al-Zaini, Al-Muin Ibn Saui eta Rajab haren inguru-minguruan zeuden. Polizia burua tristeziaz mintzatu zen:
Kut Al-Kulub topatu, eta zuregana ekarri ahal izan dut, baina zorigaitzez hilik dago!
Bere odol hotza gorabehera, Suleiman Al-Zaini dardaran hasi zen. Al-Muin Ibn Sauik hilkutxa zabaldu zuelarik, gobernaria hara makurtu, eta begitartea tristeziaz mudatua, zezelka esan zuen:
Jainkoarengandik gatoz eta Harengana goaz.
Al-Muinek, hilkutxa itxi zuelarik, esan zuen:
Jainkoak bizitza luzatu eta oinazeak arinduko ahal dizkizu.
Kontuz hiltzailea! hots egin zuen Suleimanek. Ene zoriontasuna porrokatu duten sekretuak ezagutuko ditut.
Ene jauna, oraindik ere misterio hutsa da. Nola irten zen etxetik? Non hil zuten? Nor da hiltzailea? Zamaketari honek bere gogozko testigantza eman nahi luke.
Rajabek bere azalpenak eman zituen eta Al-Zainik begirakune betizuak josi zizkion.
Zerrigizona, hiltzailea zu zeu zara edo zuk ezagutzen duzun norbait!
Zeru-Lurren Jainkoaren izenean! atera zitzaion, ahotsa firfiran, zamaketariari, zin dagizut dakidan guztia kontatu dizudala.
Istorio hau zeure burua defendatzearren asmatu duzu.
Egia izan ez balitz, ez nuen polizia buruarengana joko ikusitakoa aitortzera.
Alabaina, zamaketaria ez zerurako ez lurrerako geratu zen polizia buruak, ezustean, gobernariari esan zionean:
Gezurretan ari zara. Hilketa tokian atxilotu zaitugu.
Zer diozu? osteratu zion, izularriturik.
Ez zarela zeure gogoz etorri berritu zuen Al-Muinek.
Nolatan esan dezakezu halakorik?
Gupidaren aurretik, eginbeharra...
Ezin izango diozu Jainkoari ihes egin, gezurti alaena! oihukatu zuen Rajabek.
Egizu aitorpena eta, horretara, tortura saihestu ahal izango duzu esan zion Al-Zainik.
Polizia burua gezurti hutsa da! hots egin zuen Rajabek, etsipenak hartua. Dakidan guztia esan dut.
Horren ondotik, gordean zuen pasadizo bakarraz oroitu zelarik, esan zuen:
Galdeka ezazue Xalul, altzari saltzailea. Hilerriaren ingurumarietan ikusi nau...
8
Xalul bere-berea zuen baretasunarekin agertu zen. Ordu haietan, hilerriaren ingurumarietan zertan zebilen galdegin zioten.
Ene lanbidea dela eta, toki eta ordu guztiak berdintsuak dira niretzat.
Eta Rajabekin, hura harresitik jauzi egiten ari zela, izan zuen ezusteko inkontrua azaldu zien.
Hiltzailetzat al duzu? galdegin zion Al-Muinek.
Horren frogarik ez dut erantzun zuen, patxadatsu. Eta, gainera, biktimarik gabeko hiltzailerik ez dago. Non dago hildakoa?
Hilkutxa horretan.
Utz egidazue ikusten eskatu zuen, irribarre biratsu batekin.
Al-Muinek kutxa zabaldu, eta Xalul hilotzari begirik kendu gabe geratu zitzaion.
Mirabea oraindik bizirik dago.
Itxaropen izpi batek dirdaia egin zuen Al-Zaini eta Rajaben begietan, baina Al-Muinek hots egin zuen:
Gutaz trufatu nahian, ala, hitzontzi hori?
Zoazte lehenbailehen sendagilearen bila edo beranduegi izango da Xalulek ez zuen besterik esan.
9
Heldu bezain laster, Abdul Kadir Al-Mahini «hilotza» aztertzeari lotu zitzaion.
Bizirik dago! esan zuen burua altxatzearekin batera.
Al-Zainiren begitartea bozkarioz bete zen bitartean, Al-Muin Ibn Sauirena istant batean zurbildu zen.
Elefante bat hiltzeko bezainbesteko anestesia dosia irentsarazi diote jarraitu zuen sendagileak.
Premiazko zainketak egin zizkiolarik, gomitolarria eragin zion. Neskak burua jaso zuen. Orduan zamaketariak hots egin zuen:
Eskerrak Jainkoari, zapalduen Jaunari.
Xalulek zeharrez begiratu zion polizia buruari.
Berak argitu ahal izango digu istorioaren amaiera...
10
Isilune luze eta hunkigarri baten ostean, Kut Al-Kulubi kordea etorri zitzaion. Al-Zainiren begitartea ikusi zuen lehen-lehenik, eta, erregutzaile, eskua luzatu zion.
Ez izan beldur, Kut esan zion, terneziaz.
Ikaraturik nago! xuxurlatu zuen.
Orain salburik zaude, arren, irri firfiratxo bat!
Al-Muin Ibn Saui ikustearekin batera, asaldatu egin zen.
Horixe da piztia. Hots egitea eta isilune beldurgarria sortzea dena bat izan zen. Ez dakit nola, baina etxe huts batera eraman ninduen. Beraren desioak bete ezean, hiltzearekin mehatxatu ninduen. Baina ordutik hona zer gertatu den ezin, bada, oroitu...
Begirakune guztiak polizia buruarengan iltzatu ziren.
Urdekume fidakaitza! hots egin zuen Al-Zainik. Eta ezpata-sastakaiak kendu zizkiolarik, esan zion:
Ustelkeria bai azkar zabaldu!
Atxilo har zezatela agindu zuen, pertsonalki galdekatu ahal izateko. Gero zamaketariaren errugabetasuna aldarrikatu zuen. Xalul, ostera, bakarrean hartu zuen, eta galdegin zion:
Zorretan nago zurekin, Xalul jauna, baina esadazu: medikuntzan aditua ote zaitut?
Ez, jauna hark, irribarretsu, erantzun. Baina heriotzan banaiz aditua.
11
Suleiman Al-Zainik, galdeketari ekitean, bere samindura guztia aurpegiratu zion Al-Muin Ibn Sauiri:
Sekula ez nuen pentsatuko horren gizatxarra izango hintzenik! Jasan behar izan ditugun estutasunek garbitu egin gintuztelakoan nengoan, eta zuzenbideak eta garbitasunak arautzen zutela gure bizitza. Eta hara nola porrokatu duan gure konfiantza, nola alferrik galdu duintasuna, eta nola iraun duan ustelkerian eta krimenean...
Ez daukat ukatzerik esan duzun guztia Al-Muinek, erantzun. Jende aurrean gure damua agertu arren, Satan oraindik ez dago damuturik.
Ez duk aitzakiarik. Ezarriko diadan zigorra eredugarria izango duk.
Astiroago. Ez naiz zuk uste bezain harrapakin erraza. Gaizkia zure etxe barnean dago.
Izan hadi madarikatua!
Krimen honetan gaizkide bat dut: Jamila, zure emaztea...
Gobernariak, orduan, kolerak dardaran:
Zer diok?
Jelosiaren eraginez laguntza eskatu zidan eta zure mirabe kuttunarekikoak egitera behartu ninduen.
Traidore gezur jario!
Ezer baino lehen hobe zenuke zure emaztea galdekatu.
Argudio horrekin ez duk burua salburik jarriko.
Ikerketa bidezko bat eskatuko dut erronka jo zion polizia buruak. Eta nik jasotzen dudan zigor berbera jaso dezala berak ere, Legea denon gainetik baitago.
12
Egun batetik bestera, Suleiman Al-Zaini gizon zahar eta porrokatua bilakatu zen. Bere egitekoak azken bururaino eramanik, emaztea galdekatu, eta haren amarrukerien berri izan zuen. Egia jakiteak jaustasun azkengabean amildu zuen. Egia zabaltzeak amaren eta seme-alaben oinazea ekarriko zuen, eta bere lanbidearen galera. Alabaina, bistan zen horixe egitea zegokiola. Baina horretarako adorerik izan ez, eta urrikaldu egin zen. Hala bada, Jamila etxean eta Al-Muin bere lanbidean atxiki zituen. Erabaki koldar hura harturik, bere ohorea galdu zuen.
Kut Al-Kulubek, bestalde, jakinarazi zion ez zela aurrerantzean etxe hartan geratuko, han salburik sentitzen ez zelako. Orduan gobernariak, atsekabeturik, diru kopuru bat eman zion, eta, bide batez, askatasuna. Eta Kut Al-Kulubek gobernariaren bihotza eraman zuen berarekin batera.
13
Bihotzak tristeziaz punpaka ibili ziren. Hala Kumkam eta Singam, nola zoroa eta Abdula itsasokoa atsekabeturik zeuden damutuen eroriko berriarekin, eta lanturuak ez ziren amaitu. Kut Al-Kulubi dagokionean, etxe polit batera joan zen, ezeren premiarik izan gabe, baina bakarrik, bere iraganminarekin. Eta nagusiaren eskuzabaltasuna eta faboreak gorabehera, ez zion barkatu alboan atxikitzen jakin ez izana. Bakardadearen nahigabea infernu zitzaion, amodio zapuztua sugai. Amodioak nahiz dirugoseak hartaratuak, hamaika gizonen ezkontza eskabideak jaso zituen, baina denak ere errefusatu zituen. Hala bada, uko egin zion Hasan Al-Atarren eskabideari, eta baita Jalil Al-Bazazenari ere. Beste batzuek, hala nola Al-Muin Ibn Sauik, hurbildu gabe desio zuten, eta Rajab zamaketariak bere baitan egiten zuen: «Hildako bat piztu duenak ez ote du hura erosteko lehentasunik?».
14
Gero etorri ziren gertakariek ez zioten hiriari eragin, ezpada haien protagonistei. Ibrahim urketaria Gamasa Al-Baltiren alargunarekin ezkondu zen, Rasmiarekin alegia. Altxor Publikoak salgai jarri zuen Gamasa Al-Baltiren etxea, eta Suleiman Al-Zainik haren burua ongizate publikoaren hilerrian hilobira zezatela agindu zuen. Zoroa lekuko izan zen bere buruaren lurperatzean, eta pentsatu zuen bere buruari hilobiraino laguntzen zion lehen gizakia zela. Bere emaztearen eta Ibrahimen arteko ezkontzak atseginez bete zuen, izan ere bakardadea Rasmiari barrena jaten hasia baitzitzaion. Al-Muin Ibn Sauik bazterketaren zama nozitzen zuen, eta merkatariekiko eta aberatsekiko elkarlan susmagarri bati ekin zion. Eta, ohi ez bezala, udazken hartan euria egin zuen...
15
Hiru gizon, isilean, gauean eta udazkeneko umeltasunean barrena. Kut Al-Kuluben etxe aurretik igarotzean, arrabita baten ahairea ahots hunkigarri batez lagundurik entzun zuten.
Irri dagizu gero abandonatzeko, horratx halabeharra.
Ezein gizaki ez da luzaroan egon haren abaroan.
Hamaika bidegabekeria eta sufrimendu izan dut jasan beharra,
Oi, bidegabekeriaz eta sufrimenduz beteriko mundualdi eroan!
Gizonak gelditu egin ziren. Haietako batek ahopean hitz egin zuen:
Toki hauxe behar genuen, Dandan.
Xabib Ramak, borreroak, atea jo zuen. Mirabe batek zabaldu zuen, eta nortzuk ziren galdegin.
Jainkoaren derbitxeak Xariarrek, erantzun, laguntasun ohoragarri bila dabiltzan Jainkoaren gizonak.
Mirabea desagertu egin zen. Berehalakoan itzuli zelarik, kuxin eta tapiz erosoekiko areto batera eraman zituen. Diban nagusiaren aurrean, errezel bat zegoen, eta etxeko anderearekiko bereizten zituen.
Nahi al duzue zerbait jan? galdegin zien, jendetasunez.
Ez, zure kantuak entzun besterik ez dugu nahi erantzun zion sultanak.
Emakumea berriro kantuari lotu zitzaiolarik, gizonak xarmaturik geratu ziren.
Kantaria ote zara?
Ez, Jainkoaren jaun horiek...
Zure ahotsak tristezia sakona ematen du aditzera jarraitu zuen sultanak.
Ba al dago tristeziaz gabeturiko izakirik?
Zerk goibeltzen zaitu bozkarioa darion etxe honetan? galdegin zuen sentiberatasunez. Emakumea isil-isila geratu zen eta Xariarrek erregutu zion: Kontadazu zure istorioa, izan ere bizitzan dugun egitekoa bihotz zaurituak sendatzea baita.
Emakumeak, esker onez, orduan:
Ene sekretua ezin da azaleratu, Jainkoaren jaun horiek.
Emakumeak amore eman ez zuenez, hiru gizonek alde egiteko baimena eskatu zioten. Baina sultana, isiltasunak hunkiturik, Dandani xuxurlatu zion:
Emakume isil honen sekretua nahi dut, ardura zaitez niri ekartzeaz.
16
Dandani sultanaren desirak mendiak bezain astunak zitzaizkion, eta, haiek asebete arte, ezin, bada, sorbalden gainetik egotzi. Dandanek inork baino hobeki ezagutzen zuen Xariarrek, desira bete ezean, erakutsi ohi zuen furfuria. Eta furfuria hura are beldurgarriagoa zitzaion, izan ere sultana artean zalantzan baitzebilen zuzenbidearen eta gorrotoaren artean. Hala bada, Dandanek auzuneko gobernari Suleiman Al-Zaini deitu zuen eta Kut Al-Kuluben etxea deskribatu zion:
Etxe horretan emakume misteriotsu bat bizi da, ahots ederrarekikoa eta oinaze ezkutu batekin. Gure Maiestateak haren bihotza egun argia bezalakoa izatea nahi luke...
Al-Zainiri bihotz ilunak egin zitzaizkion. Aitorpena egitera behartua zegoen. Dandanek sekretuak deskubritzen zituztenengana joko zuen, eta inondik ere idazkari Al-Fadil Ibn-Jakanengandik hasiko zen. Goizago edo geroago jakin egingo zuen. Hobe, beraz, aitorpena sultanaren hurbileko norbaiti egin izanaren merezimenduak jasotzea. Azken batean, bera gizon prestua zen eta bere jokamoldeak ez zion bake une askorik dastatzen uzten.
Eta Dandan bisirrari kontatu zion bere sekretua.
17
Bisirraren ahotik egia jakin zuelarik, Xariarrek, koleraz beterik, hots egin zuen:
Zintzurra egin diezaietela polizia buruari eta gobernariaren emazteari.
Baina, une batetik bestera, bere onera etorri zen. Beharbada oroitu egin zuen gauez, larrugorritan, bekatua jarraika zuela ihesi joan zenekoa; beharbada oroitu egin zuen Al-Zaini eta Al-Muin bere gizonik onenetakoak zirela. Alabaina, biak ala biak ere kargugabetu, eta ondasunak bahitu zizkien. Halaber, Jamila eta Al-Muin zigortzeko agindu zuen. Kut Al-Kulubi hamar mila dinar eman zizkion eta adeitasunez galdegin zion:
Ba al duzu beste desirarik, emakume?
Al-Zaini ene nagusi ohiaz gupidatzea eskatuko nizuke Kut Al-Kulubek, erantzun.
Maite duzu oraindik, bistan da zehaztu zuen sultanak, irribarretsu. Emakumeak, lotsagorriturik, burua beheratu zuen eta sultanak irmotasunez adierazi zuen: Kargu horietarako beste bi gizon izendatu ditut eta erabaki hori atzeraezina da. Al-Fadil Ibn Jakan gobernaria izango da; Haikal Al-Zafarani bere idazkari pribatua eta, Darruitx Umram polizia burua.
Kut Al-Kulub negar perlak begietan zegoela, Xariarrek esan zion:
Hala ere, zure esku dago haren barkamena; seguruenik berarentzat kargua baino hobea da hori...
Emakumeak sultanaren oinetara makurtu, eta zoruari muin eman zion. Eta alde egiteko imintzioa egin zuelarik, sultanak galdegin zion:
Zer erabaki duzu, emakumea?
Barkamena, Ene Maiestate erantzun zuen xalotasunez, eta begiak anpuluz bete zitzaizkion.
© Nagib Mahfuz
© itzulpenarena: Patxi Zubizarreta