ANIS AL-GALIS

 

 

1

 

        Xariar eta Dandan, Xabib Rama orpoz orpo zutela, gauean barrena abiatu ziren. Gizakien atzera-aurrera ttikiena ere ez zen sumatzen. Han-hemenkako lanparen argitan, etxeak, dendak eta meskitak loakarturik zeudela. Udako bero sapa ahuldu egin zen zeru izartsuaren azpian.

        Xariar bisirrari zuzendu zitzaion:

        —Zer irizten diozu gertatutakoari?

        —Gobernari berria, Suleiman Al-Zaini fidatzeko pertsona da, haren idazkari Al-Fadil Ibn Jakan bezalatsu.

        —Herritarrak lo daudelarik, ongia eta gaizkia ere lotan egoten dira. Jende guztia zoriontasuna lortu nahian dabil, baina neguko hodeien atzealdean ezkutatzen den ilargia dirudi. Oraingo gobernariak bere egitekoak taxuz beteko balitu, irudi luke zeruak euri garbitzailearekin oparitu nahi izango ligukeela...

        —Hala izango da Jainko Gorenaren laguntzarekin eta Ene Maiestatearen jakituriarekin.

        —Hala ere, zorroztasuna betiere sultanaren baliabideetako bat izango da —amaitu zuen sultanak.

        Dandan pentsakor geratu zen eta, gero, zuhurtasunez erantzun zuen:

        —Inondik ere Ene Maiestateak zorroztasuna ez, baina jakituria esan nahi du.

        Sultanaren irri karkailak durunditu egin zuen gauaren isilean:

        —Hipokrita hutsa zara, Dandan! Zer esan zuen zoroak? Burua ongi, gorputza ongi. Zuzentasuna eta saldukeria goitik datoz. Haren begirakunea zoroena baino ezin da izan. Berak, baina, auziaren sekretu guztiak ezagutzen zituen. Nolatan lortuko ote zituen?

        —Ezin, bada, zoroen burubideak ezagutu.

        —Polizia buru izendatuz gero sekretu guztien jakitun egin omen zen...

        —Oraindik ere Gamasa Al-Balti delakoan dago, eta haren etxe atariko buru eskegia faltsua dela dio. Beharbada naturaz gaindiko dohainak dituzten gizon horietako bat izango da.

        —Xerazadek erakutsi didanez, giza arrazoia engainagarria da eta kontraesanen anabasera eramaten zaitu —esan zuen Xariarrek, bere buruarekin ari bailitzan—. Iluna sartzen den aldiro, gizagaixo bat naizela ohartzen naiz.

 

 

2

 

        —Beldur nauk ez ote garen aspertuko —kexatu zitzaion Zarmabaha Sakrabuti.

        —Ez horixe! Aukerak, etorri, etorriko ditun, edo sortu bestela, oi, jakituriaren koroa haizen hori —erantzun zion Sakrabutek, hura adoretzearren.

        Beren zuhaitzaren gorenetik, Kumkamek, orduan, dibertiturik:

        —Seinale ona da zuek kexuka hastea!

        —Agure xutiezina baino ez haiz —osteratu zion, burlaizean, Zarmabahak.

        Singamek, Kumkamen alboan eseririk, bakezkoak egin nahian:

        —Jaunaren argiak eragiten du Lurraren dirdaia, eta argi horrexek gidatzen ditu Gamasa Al-Balti eta Nur Al-Din maitemindua. Ugr-ek ere damuturik dirudi, bere bizartegitik irten gabe. Eta Xariar bihozgabea, odola parrastan isuri ostean, badirudi zuzentasuna deskubritzen hasia dela.

        —Gauzen itzal mutua baino ez duk ikusten —esan zuen Sakrabutek, burlati—. Errauts artean badago txingarrik, eta etorkizunak esnatuko hau itsutasunaren lozorrotik.

 

 

3

 

        Aurrena xuxurla gisakoa izan zen, hurrena gurguria puztuagoa, eta azkena trumoi baten antzera durunditu zuen. Gau batez, Printzeen Kafean, Ibrahim urketariak utzi egin zion bere ohiko barnebiltzeari eta, asaldaturik, goraki hots egin zuen:

        —Gaur goizean Etxe Gorrira garraiatu dut ura!

        —Zaharrak berri, Ibrahim? —galdegin zion, ahotsa zoli, Xamlul konkorrak.

        —Etxeko anderea ikusi dut —urketari asaldatuaren arrapostua—. Jainkoak benedika dezala!

        Bai lurrean bai jezarlekuetan eseririk zeudenak barre zantzoka hasi ziren. Maruf zapataria trufatu egin zitzaion:

        —Eromenaren ondorioak agerian.

        —Haren begirakune bakar batek —jarraitu zuen Ibrahimek, tristeziaz— hamar pitxer ardoren eragin berbera du.

        —Azal egiguzu, Ibrahim —eskatu zion Al-Mahini sendagileak.

        —Azalezina da eta, ene jauna! —Ibrahimek, erantzun—, baina Jainkoari gupida eta barkamena eskatzen dizkiot.

        Bi gauren buruan, Rajab zamaketari xaharraren aldia izan zen:

        —Gaur Etxe Gorrira joan naiz hatu bat eramatera.

        Guztiz hunkiturik zegoen eta Kafeko bezeria begirik kendu gabe zeukan.

        —Etxeko anderea bistatu dut. Jainkoak begira gaitzala edertasunaren tiranokeriatik.

        Ez zen txantxetan ari. Eta berez grinatsuak zirenak galdezka hasi zitzaizkion. Gero deabruak harturik abiatu ziren Etxe Gorria zegoen arma azokarantza. Bertako jabeak izurrite batean hil ziren eta harrezkero etxea bertan behera egon zen, hutsik, iharturik lorategia. Herrialde ezezagun batetik emakume arrotz bat etorri zen gero, mirabe batek lagundua, eta hark alokatu zuen. Gau minean, etxearen hormak gainditzen zituzten kantu leunak eta ahaire xarmagarriak entzun ahal izaten ziren. Ziotenez, seguruenik emakume eskura erraza izango zen.

        Ugr bizargina, hura hizpidera ekartzen zuelarik, xarmaturik mintzatzen zen:

        —Erauntsi baten pare, txiki-txiki egin du ene damua eta betiereko oinazera bidaliko nauen geziaz zeharkatu nau... Ile kizkurrak konpontzeko eta atzazalak mozteko deitu ninduen. Emakume kastua izan balitz, mirabe bat deituko zuen, baina borbor dagoen sumendia da.

        Anis Al-Galis izena zuela jakin zuen. Hainbeste kontu kontraesankor aipatzen ziren, hiztunei nahasmendua sortzen baitzitzaien. Batek, larruazal zurikoa eta ile horailekoa zela; besteak, beltzarana eta ile gaztaina kolorea; honako honek mehea zela; eta, harako hark, sendoa. Horrek guztiak Kafeko bezeroen irritsak piztu zituen eta, handiki nahiz aberats, lasterka limurtu ziren ezezagunaren besoetara.

 

 

4

 

        Iusuf Al-Tahir izan zen lehena. Zorigaitzaren ondotik, ondasunak gorabehera, gogaiturik bizi zen. Harik eta kontsolamendua etorri zitzaion arte. Gau batez, abiatu Etxe Gorrira eta atea jo zuen. Mirabe batek zabaldu zion:

        —Zer nahi duzu?

        —Jende ohoretsuarenean ostatu bila dabilen arrotza naiz —erantzun zuen, auzunea gobernatu zuen gizonaren segurtamenarekin.

        Mirabea une batez aienatu zen eta handik gutxira itzuli zitzaion atea zabaltzera.

        —Arrotza ongi etorria da arrotzen etxean.

        Hormak bete arabesko eta zorua bete tapiz pertsiar zituen areto batean sartu zen. Baziren Antiokiako dibanak eta Indiako, Txinako eta Al-Andaluseko apaingarriak ere. Halako dotoreziarik printzeen jauregietan baino ezin zen topatu.

        Emakume belodun bat agertu zitzaion, soingaineko damaskoarrak iradokitzen zuen gorpuzkera ederrarekikoa, eta handitasunez sartu zen.

        —Zein herritakoa zara, arrotza? —galdegin zion eseri bitartean.

        —Egia esatera, bizitzaren maitalea naiz... —erantzun zuen Iusufek, bizkortasuna jario.

        —Ala Sultana, iruzur egin diguzu...

        —Badut aitzakiarik: igarle batek edertasunaren alde biziko naizela jakinarazi zidan, eta edertasunagatik hil.

        —Emakume ezkondua naiz —erantzun zuen emakumeak, serioski.

        —Benetan? —gizonak, kezkaturik, galdegin.

        —Baina ez jakin senarra noiz itzuliko zaidan.

        —Bai hitz bitxiak zureak!

        —Ez zureak baino bitxiagoak —xuxurlatu zuen emakumeak, burlaizean.

        Segidan, beloa aurpegitik limurtasunez kendu zuelarik, Al-Tahirrek bere begi arranpaloekin esan ezin ahalako edertasuna bistatu zuen, ametsik eroenetan ere imajinaezina. Arrazoiaz gabeturik, belaunikatu egin zitzaion. Sakelatik marfilezko kutxatxo bat atera zuelarik, hura zabaldu, eta emakumearen oinetara ipini zuen. Eguzkiaren dirdaia bereko harribitxi bat zeukan. Ahotsa firfiran, xuxurla bat besterik ezin izan zuen egin:

        —Koroaren harribitxia ere ez da zure oinetarako duin...

        Emakumearen epaia itxaron zuen:

        —Zure erregalia onartzen dut —erantzun zuen eztiki.

        Itxaropenaren bozkarioan dardaran hasi zen. Hankak besarkatu zizkion eta, burua makurturik, oinak musukatzeari lotu zitzaion.

 

 

5

 

        Iusuf Al-Tahirrek zabaldu zuen atetik eldarniozko olatu burrunbatsuak sortu ziren, eta aberatsenen ateak jo zituzten. Aitzitik, nahigabeak hartu zituen gizon pobreak eta kontentatu egin behar aberatsen plazeren lekuko izatearekin. Armen Azokan, Etxe Gorria Human Al-Fikiren, Hasan Al-Atarren, Jalil Al-Bazazen eta beste zenbaiten begirakuneen jopuntua bilakatu zen. Hurrenez hurren, eskuak bete opari joan zitzaizkion, arrazoia eta buruak galdu egin ziren, xahupenak eta burugabekeriak nagusitu. Ondorioak ez ziren aintzat hartu, denbora lurrundu egin zen eta unean unekoa gailendu zen, erlijioa baztertzearekin batera. Anis Al-Jalis xarmagarri zegoen betiere, amodioa maite zuen, ondasunak maite zituen, gizonak maite zituen. Inoiz ez asebeterik, gero eta gehiago eskatzen zuen. Gizonak ate-atean pilatzen zitzaizkion, amodioaren eta jelosiaren eraginpean. Inor ezin haren bihotzaz jabetu eta, aldi berean, inor ezin harengandik urrundu. Denak ala denak ere batera limurtzen zitzaizkion, hondamendira buruz.

 

 

6

 

        Xalulek egundo ez zuen izan egun haietan bezainbeste zeregin. Enkante gizona zen eta, hondoa joz gero, harengana agertu behar inorengana baino lehen. Amiltzen aurrena Human Al-Fiki izan zen. Dirua galtzeak baino, Anis Al-Jalisez gabetzeak kezkatzen zuen. Emaztea eta seme-alabak beraiek galtzea baino gehiago kezkatu ere. Bere nahigabearen berri eman zion Xaluli:

        —Gizakia bera duzu gizakia gehien kalte dezakeena.

        —Eta gizakia bera da gizakia hobekien salba dezakeena —gaineratu zion Xalulek.

        Al-Fikik, orduan, maleziaz:

        —Gomendioek aspaldian egin zuten porrot.

        Jalil Al-Bazaz izan zen hurrena. Haren ondotik, Hasan Al-Atarren aldia izan zen. Iusuf Al-Tahirri zegokionean, dardaran zegoen, amildegiaren ertz-ertzean. Xalul gero eta lanpetuago zebilela ikusirik, Ugr-ek esan zion:

        —Batzuen hondamendia, besteen aberasbidea.

        —Aldi berean dira borrero eta biktima —erantzun zuen Xalulek, soraio.

        —Ikusi izan bazenu, erotu egingo zintuen —ziurtatu zuen Ugr-ek, tristeziaz.

        —Deabruaren irribarrea besterik ez da.

        —Ez dakit nolatan ez zaren harekin maitemindu.

        —Halabeharrak nahi izan du zoroen hirian zuhur bakarra ezarri —Xalulek, irribarrez, arrapostu.

        Gau batez, Xalul ilunpetan zihoala, Kumkam eta Singam atera zitzaizkion. Diosala jainkozaleak trukatu zituztelarik, Kumkamek bere atsekabeen berri eman zion:

        —Ikusi hiri hau, zentzugabekeriaren jostailu bilakatua!

        —Milioika urtean bizia naiz, eta dagoeneko ezerk ez nau harritzen.

        Singam ere atsekabeturik agertu zen:

        —Egun batez arima itzuli beharrean gertatuko dira, oraindik bekatuz beterik.

        —Damua heriotza baino lehen etor daiteke.

        —Zergatik ezin gara ahulen euskarri izan?

        —Izan ere —Xalulek, erantzun—, Jainkoak zure babesa baino gauza preziatuagorik eman baitie: arrazoia eta arima.

 

 

7

 

        Mozkorturik, aldaroka, Human Al-Fiki nekez heldu zen Etxe Gorrira. Atalburuan ukabil ukaldika hasi zen. Etsipenak harturik, bere urratsek ihesbidearen ateraino eraman zuten. Baina inork zabaltzen ez. Deabruak harturik, garrasi egin zuen ilunpetan:

        —Zabaldu, ateak zabaltzen dituzun Horrek...

        Baina bere deiadarrei inork jaramonik egin ez. Orduan, umiliaturik eta tematurik, etxeko itxituraren bestaldean ezkutatu zen. Handik gutxira, hurbiltzen ari zen zilueta bati antzeman zion. Lanpararen argitan bere nagusi ohia begiztatu ahal izan zuen: Iusuf Al-Tahir. Sumindu egin zen. Eta Al-Tahirrek atea jo zuelarik, berehalakoan zabaldu zioten. Al-Fikik orpoz orpo jarraitu zuen, baina mirabeak igarobidea eragotzi.

        —Barkatu, Human.

        Koleraturik, ukalondoko bat eman zion eta Iusuf Tahirrek lasaitu nahi izan zuen.

        —Etorri zaitez zure onera eta joka ezazu zure mailakoen antzera!

        —Dirua eta fedea galdurik, ba ote dut besterik?

        Al-Tahir itzuli egin zen, aurrera egiteko. Orduan, piztia baten azkartasunarekin, bere nagusi ohiarengana oldartu, eta bihotza zartatu zion sastakai pozoitu batez.

 

 

8

 

        Human Al-Fikik ez zuen alde egiteko saiakerarik egin eta Baiumi Al-Armal polizia buruak begirakune urrikaltsua josi zion:

        —Hau tamala, ene adiskide mina.

        —Ez sentitu, Baiumi —Al-Fikik, lasaitasunez, erantzun—, mundua bezalakoxeko historia zaharra da: amodioarena, eromenarena eta odolarena.

 

 

9

 

        Mirabeak jakitun jarri zuen Anis Al-Jalis:

        —Zarmabaha, maite hori, laster batean polizia buruak bere bisitarekin ohoratuko gaitin.

        —Guk aurrikusi bezala, Sakrabut, primeran! —emakumeak, erantzun—. Zain egongo gaituk...

        —Utzidan hire jeinu buru hori musukatzen!

 

 

10

 

        Istant bakan batzuetan luzatu zen Human Al-Fikiren epaiketaren ostean, haren buruarekikoak egiteari ekin zioten. Gobernari Suleiman Al-Zaini elkartu egin zen hala polizia buruarekin nola idazkari pribatu Al-Fadil Ibn Jakanekin eta xanbelan Al-Muin Ibn Sauirekin. Baiumi Al-Armali zuzendurik, gobernariak galdegin zion:

        —Zein istorio da lekukotasun guztietan agertzen den hori? Dozenaka gizon porrot eginik eta bi bizia galdurik, emakume arrotz lizun bat medio? Zertan ari zinen zu bitartean, polizia buru hori?

        —Polizia lan eta lan dabil xiiak eta iariyak harrapatu nahian —Baiumi Al-Armalek, erantzun—, eta bizioa bekatu sekretua duzu.

        —Ez. Ez. Lege islamikoaren begia zara zu. Ikertu emakume hori eta bahitu iezazkiozu ondasun ilegalak. Ibili bizkor, sultanak galdeka zaitzan baino lehen.

 

 

11

 

        Polizia burua, gizon hautatu batzuekin batera, Etxe Gorriko itxaron gelan zegoen, bazterrak mira eta mira. Sultanaren harema bizitoki hura baino arranditsuagoa bai ote? Emakumeak hartu zuen, beloa aurpegian eta egoki jantzirik.

        —Ongi etorri, polizia buru, etxe apal honetara...

        —Zalantzarik gabe, etxe honen atarian gertatu den hilketaren jakitun egongo zara —esan zuen poliziak, itsumustuan.

         —Ez iezadazu aipa —erantzun zuen emakumeak, oso hunkiturik—, harrezkero ezin izan dut begirik bildu.

        —Fartsa honetako hitz bakar bat ere ez dut sinesten. Erantzun ene galderei gezurrik esan gabe. Nola duzu izena?

        —Anis Al-Jalis.

        —Izen susmagarria. Zein herritakoa zara?

        —Ama Indiakoa dut, aita Pertsiakoa eta senarra Al-Andalusekoa.

        —Ezkondua al zara?

        —Bai. Eta ene senarraren gutun bat jaso berria naiz; une batetik bestera helduko dela dio.

        —Ba al daki lizunkeriara emana bizi zarela?

        —Jainkoak begira nazala! Emakume ohoretsua naiz ni.

        Poliziak, trufati, buruari eragin zion.

        —Eta zer diozu hain sarri etortzen zaizkizun gizonei buruz?

        —Adiskideak baino ez dira, lege islamdarraz eta literaturaz hitz egitera etortzen diren hiriko nagusiak...

        —Madarikatu halakoa! Horregatik egiten al dute porrot, horregatik hiltzen al dute elkar?

        —Eskuzabalak dira, baina ez da hori ene errua. Jendetasunez jokatuz gero, ezin haien opariak errefusatu. Ez dakit deabrua nola limurtu den haien artera...

        Orduan, pazientziak errea, ohartarazi zion:

        —Zure diru ilegala bahitzeko agindua dut.

        Eta bere imintzio batera, gizonak etxean barrena sakabanatu ziren, harribitxi, apaingarri preziatu eta diru bila. Al-Armal eta emakumea bakarrean geratu ziren, isilean. Gizonak jakinminezko begirakuneak josi zizkion beloari, baina emakumea ez zen asaldatu. Bazirudien onartu egiten zuela bere patua.

        —Ene altzariak saldu besterik ezin izango dut egin?

        Gizonak, soraio, sorbaldak jaso zituen. Eta beloa labaindu egin zen...

        —Barkadazu, sargori egiten du!

        Polizia harri eta zur geratu zitzaion. Begi arranpaloekin. Begirik kendu ezinik. Indarra, lanbidea eta itxaropena galdu berri-berriak zituen. Bere esku propioekin hilobiratu berria zuen polizia burua, eta hilobitik dozenaka deabru jaulki ziren. Betiko galdua zen. Eta emakumea erreguka hasi zitzaion:

        —Zure bihotz handiari zuzentzen natzaio, ene polizia burua.

        Arrapostu bortitza eman nahi izango zion, egoeraren araberakoa, eta aldi berean hitz adeitsu bat egin nahi izango zion, egoeraren araberakoa hura ere. Baina isil-isila geratu zen.

 

 

12

 

        Gauerdian, bere buruaren jabe ez zela, isil-gordeka heldu zen Etxe Gorrira. Eta han, emakumearen aurrean, etsipenak harturik bere baitan egin zuen: «Aurre egiterik ezin zaion halabeharra da bera, eta haren kontra egiteko ereduak oro alferrikakoak dira». Emakumea, gizonaren egoerarekiko soraio, tristeziaz mintzatu zen:

        —Oi, polizia burua, bahitzeko ondasun gehiagorik ez dut.

        —Ene ardura bete besterik ez nuen egin —erantzun zuen, xumetasunez—, baina eskuzabala ere banaiz.

        Eta perla puska bat ezarri zion oinetan. Emakumeak irri ezti bat egin zion, eta xuxurlatu zuen:

        —Zurea bai arima zintzoa!

        Gizona apalki belaunikatu zen eta, hankak besarkatu zizkiolarik, oinetan muin eman zion.

 

 

13

 

        Altxor Publikoko diruarekiko kexuak jasotzen hasi ziren. Funtzionarioak esamesaka zebiltzan; Al-Zainiren aginduen kontrara, dirua legez kanpoko helburuetara bideratzen zen. Albisteak gobernariarengana heldu zirelarik, zelatariak bidali zituen, eta kontrola zorroztu. Bere idazkari Fadil Ibn Jakani eta xanbelan Al-Muin Ibn Sauiri ikerketa sekretu bat egin zezatela agindu zien. Akaberan, hitzordua finkatu zuen polizia buruarekin eta froga ukaezinak erakutsi zizkion. Poliziaren axolagabetasunak eta menpekotasunak harri eta zur utzi zuten.

        —Beste norbait ematen duzu, niretzat inondik ere ezezaguna.

        —Egitura zaharra behera etorri da, ene jauna —esan zuen polizia buruak, tristeziaz.

        —Ez nuen uste musulmanon dirua xahutzeko gai izango zinenik!

        —Ene baitako eromenaren gehiegikeriak izan dira.

        Polizia burua epaitua izan zen, eta hari ere zintzurra egin zioten. Al-Muin Ibn Saui arduratu zen haren postuaz. Behin berriro bahitu zituzten Anis Al-Jalisen ondasunak eta goardia bat ezarri zuten ate alboan, edonori sarbidea ekidin ziezazion.

 

 

14

 

        Auzia muftiari agertu zioten, baina honek emandako epaiaren arabera, ez zegoen Anis Al-Jalisen ustelkeria morala egiaztatu ahal izateko froga legalik. Al-Muin Ibn Saui polizia etxean lanean ari zela, emakume bat agertu zitzaion. Begirakune axolabea zuzendu ziolarik, galdegin zuen:

        —Nor zara eta zer nahi duzu?

        —Anis Al-Jalis naiz, bidegabekeria baten biktima.

        Gizonak arretaz aztertu zuelarik, hizketa molde zakarrean mintzatu zitzaion:

        —Zer nahi duzu?

        Beloa erretiratu zuen orduan.

        —Ondasunak bahitu dizkidazue eta eskubidea dut dagokidan erremusina jasotzeko. Idatz ezazu ene izena eskubidedunen errejistroan.

        Gizonak ez zuen fitsik ere ulertu. Hamaika gauza ahantzi zuen. Bere burua ere ahantzi zuen. Alferrik ahalegindu zen bere kontzientzian bila; labaindu egin zen, amildegian limurtu zen. Atzera entzun zuen emakumearen ahotsa, lehengoak berrituz, baina ezin bada hitzen esanahia ulertu. Arnasestuka, galdegin zion:

        —Zer esan duzu?

        —Onar nazazu erremusina merezi dutenen artean —errepikatu zuen Anisek, polizia burua zein egoeratan zegoen ikusi nahi ez balu bezala.

        —Noiz eramango dizut dagokizuna?

        —Eguerdian zain izango nauzu, otoitza amaitutakoan —esan zuen, xarmatzaile.

 

 

15

 

        Suhartasunez eta bizkortasunez gainezka zegoen. Egun erabakiorra zen hura, garaipenaren eguna zen. Irriz karkailaka aritu zen, Sakrabutekin batera. Denbora galdu gabe, tximistotsean abiatu zen idazkari Al-Fadil Ibn Jakinengana, eta jokaldi berbera berritu zuen. Harekiko hitzordua ilunabarrean finkatu zuen, otoitza amaitutakoan. Nur Al-Dinek, betiereko amoranteak eta sultanaren suhiak, gaueko otoitzaren ostean onartu zuen, handik bi ordura. Horrekin batera, Anisentzako ohar bat idatzi zuen, bai bisir Dandanekin bai sultan Xariarrekin elkarrizketa bana eskatuz, emakumea justiziaz har zezaten eta ongi esan ziezaioten.

        Gizon guztiak jausi ziren eta denak, arrazoiaz gabeturik, hitzorduaren zain egon ziren. Baita Dandan eta Xariar beraiek ere.

 

 

16

 

        Polizia burua astronomo baten puntualtasunarekin agertu zen hitzordura, amodioaren sugarrak ilunarazitako begiekin. Bidezorroa haur zoriontsu baten bozkario berberarekin jaurti zuen, existentzian bere izar dirdaitsua besterik ikusten ez zuela. Irritsak harturik, haren oinetara ahuspeztu zen. Promes ederrek, dirdaika, itsutua zuten eta ez zen ohartzen bere ekintzen ondorioez. Edateari ekin zion, noiz mirabearen eskutik, noiz emakumearenetik, eta halako moldez atsegin hartu zuen amodio jokoetan, lehengo-lehengora itzuli baitzen, naturaren gisara. Alabaina, emakumearekin ohera zihoala, mirabeak, ezin serioago, zerbait xuxurlatu zion andereari belarrira. Hura jauzi batez agondurik, gorputz haragikoia estali, eta, estu eta larri, ahopean esan zion:

        —Ene senarra heldu da!

        Gizonari brixtakoan lurrundu zitzaion ardoaren eragina. Emakumeak eskutik heldu, eta, alboko gela batera eraman zuelarik, armairu batean sarturik, giltzaz itxi zuen.

        —Ordua denean onik eta salburik irtengo zara —esan zion beldurrak hilik.

        —Emadazu ene arropa —gizonak, eskatu.

        Baina emakumea ordurako urruntzen ari zen.

        —Esku onetan dago. Zaude isilik eta ez imintziorik ez zaratarik egin, galduak gara bestela!

 

 

17

 

        Eta gizonak hurrenez hurren heldu ziren: Al-Fadil Ibn Jakan, Suleiman Al-Zaini, Nur Al-Din, Dandan eta Xariar. Denek ala denek ere etsi egin zuten deialdi lizun haren aurrean. Edan ahal guztiak edan zituzten eta gero armairuetara larrugorritan eramanak izan ziren. Anis Al-Jalisen algara trufatiak entzun zituzten eta azkenean ohartu ziren ezen segada batean harrapatu zituztela.

        —Bihar armairuak beren edukiekin azokara eramango ditut —esan zuen Anis Al-Galisek, eta irri karkaila bat egin zuen—. Jendeak sultana eta beronen agintariak larrugorritan eta salgai ikusi ahal izango ditu...

 

 

18

 

        Harrera gelara itzuli zelarik, zoroa topatu zuen, zutik, lasai. Hura ikustearekin, ongieza egin zitzaion. Nolatan lortu zuen hara sartzea? Zer dela eta haren agerpena? Entzungo ote zuen gizonei esan ziena?

        —Nola sartu zara ene etxean gonbitarik eta baimenik gabe? —galdegin zion.

        —Gizonen segizioak jakingosea piztu dit.

        Txalo bat jo zuen, mirabea deitzeko. Gizonak, orduan, haren asmoei igarririk.

        —Joana da.

        —Nora? —hots egin zuen emakumeak, furfuriatsu.

        —Ez arduratu mirabeaz eta kontu egiozu zure gonbidatuari.

        Ile luzea zeraman, arraia erdian, eta bizar trinkoa. Oinutsik zegoen eta jilaba zuri zabal batez jantzirik, zeinaren aurrealdeko irekiduratik bularraldeko biloak nabarmentzen zitzaizkion. Emakumeak begirakunea josi zion: hura ere xarmatuko ote zuen? Konbentzimendurik gabeko ahalegin bat egin zuen. Lehenengo aldiz, begitarteak galdua zuen bere eragin guztia. Gizon zentzudunak xarmatzen zituen, baina ez zoroak! Erne, mahairantza egin zuen.

        —Jan, nahi baldin baduzu.

        —Ez naiz eskale bat.

        Ez etsitzen ahalegindu zen, berriro ere ekinez:

        —Edaria, agian?

        —Ene burua aseturik dago.

        —Ez du ematen mozkorturik zaudenik.

        —Itsu zaude eta.

        —Zer nahi duzu, baina? —galdegin zion, kopeta ilunduz.

        —Nolatan bizi zaitezke halako jauregi hondatu batean, bizitzaren plazerez gabetua? —Berak ere galdegin. Emakumeak, abaildurik, ingurumarietara begiratu zuen.

        —Ez al duzu edertasun hau gustuko?

        —Izurriteak porrokatu zuen etxe bateko horma hondatuak besterik ez dut ikusten...

        Besteak bezalaxe, kosta ahala kosta biluztu beharra zeukan. Baina amore eman behar izan zuen gizonaren eromen hondatzailearen aurrean. Itxuraketa eta engainu guztiak alfer-alferrikakoak ziren. Pentsatu ahal izateko, Anis bizkarka jarri zitzaion. Zoroaren ezpainei otoitz bat jaulki zitzaien. Halako lozorro astun bat jabetu zen berataz, eta, erlaxaturik, ezin izan zion aurre egin ustelarazten zuen fluxuari. Hazpegiak dilatatzen hasi zitzaizkion, halako ore formagabe bat osatzeraino. Haren figura liraina behera etorri zen, grazia eta dotorezia aienatu. Istant batean, han-hemenkako zati batzuk besterik ez ziren geratu, baina haiek ere ke bihurtu, eta aztarrenik utzi gabe desagertu ziren. Haien ondotik dibanak, kuxinak, tapizak eta arte lanak ere ostendu ziren. Aurrena lanparak itzali ziren, hurrena desagertu, eta azkena iluntasunak hartu zuen guztia. Zoroak, orduan, gizonen arropa multzoa jaso, eta leihotik behera jaurti zuen. Akaberan, armairuekiko gelara zuzendu zen.

 

 

19

 

        Gelara heldu zelarik, armairuetan giltzapeturik zeuden gizonei mintzatu zitzaien:

        —Ezin dizuet zigorra kendu. Baina zuentzat baliagarria eta Jainkoaren sorkarientzat kaltegarria izango ez den bat aukeratu dut.

        Laster, armairuak zabaldurik, alde egin zuen.

 

 

20

 

        Akiturik, zalantzakor, artega, gizonak armairuetatik irten ziren. Amorrazioak eta laidoak asaldaturik, ez zuten hitz erditxorik ere egin. Beren jantziez eta ohoreaz gabeturik, ilunpetan murgildu ziren; janztekorik bilatzen zuten, baita edozein zarpa izanik ere. Denborak urrikalmendurik gabe egiten zuen aurrera; egun argia gero eta hurbilago zegoen eta, harekin batera, eskandaluaren mehatxua. Ilunpetan noraezean zihoazen, haztamuka, seinale bila. Baina han ezeren zantzurik ez, ezta bizitzarenik ere; irudikeria ala eldarnioa ote zen hura guztia? Alabaina, ziur baino ziurrago zekiten eskandalua atezuan zegoela. Eta eskandaluak beheramendua eta etsipena zekarren. Denbora orpoz orpo zutela, harresi bati jarraiki, irteera topatu ahal izan zuten. Kaleko airea arnastu bezain laster, otoitzari lotu zitzaizkion eta bakarren batek negar ere egin zuen. Hiria hutsik zegoen eta bai zortea, hura zortea! Ilunpetan jantzi, oinutsik, biluzik presatu ziren, loriak gutxietsirik, lotsaz jantzirik, bekatuak begitarteak hondaturik.

 

 

© Nagib Mahfuz

© itzulpenarena: Patxi Zubizarreta

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus