SANAN AL-GAMALI

 

 

1

 

        Denborak, bere baitari halako ukaldi bat emanez, esnarazi egin zuen. Begirakunea ohearen alboko leihoan josirik, artekak bitarte, hiria iluntasunak hartua bistatu zuen. Logaleak mugimenduaz eta zarataz gabetua zuen, eta halako isiltasun nare batean zetzan. Um Al-Saaden gorputz epeletik bereizirik, altxatu, eta oinak tapiz pertsiar leunean hondoratu zitzaizkion. Itsumustuka beso bat argimutilaren bila luzatu, eta talka egin zuen objektu sendo baten kontra.

        —Zer da hau? —galdegin zuen, ikaraturik.

        Gizakiena edo animaliena ez bide zen auhen bitxi bat, egundo entzun gabea, hiri osoan barrena hedatu zen.

        —Burua zapaldu didak, itsua! —goraki esan zuen mintzo sumindu batek.

        —Nor zara? —galdegin zuen berak, ahotsa firfiran.

        —Kumkam nauk.

        —Kumkam?

        —Hiriko jeinu bat.

        Hitza hitzari lotu ezinik, beldurraren beldurrez zorabiatzekotan egon zen. Saldu, erosi eta negoziatu besterik ez zekien.

        —Min eman didak eta zigorra merezi duk —mintzoak, atzera, tinkotasunez.

        Eta mihiak ezin izan baitzuen defendatu, Kumkamek jarraitu zuen:

        —Atzo, hipokrita alaena, esaten entzun nian heriotza kitatu beharreko zorra dela. Zer dela eta hago ba orain beldurrak hilik?

        —Gupida zaitez nitaz, familia burua naiz —eskatu zuen, azkenik.

        —Ene zigorrak hi beste inor ez dik harrapatuko.

        —Ez zintudan iraindu nahi.

        —Ondo izaki gogaikarriak zarete! Zuen helburu makurrak lortze aldera, gu mendean hartzea baino ez duzue nahi. Ez al duzue ba nahikoa zuen artekoetan ahulenak mendean hartzea?

        —Zin dagizut...

        —Merkatari baten zina ez zaidak fidatzekoa.

        —Gupida zaitez eta barka nazazu.

        —Zerk bultzatuko ninduke hori egitera?

        —Zure bihotz handiak.

        —Ni ere hire bezeroen gisara engainatu nahian, ala?

        —Egizu Jainkoaren maitasunaren fabore.

        —Ez zagok gupida edo barkamen doanekorik.

        Hitz haietan itxaropen izpi bat sumaturik, Sananek, kemena bilduz, esan zuen:

        —Zuk zer nahi, horixe egingo dut.

        —Benetan?

        —Zazpi ahaleginak egingo ditut —ziurtatu zuen, ezinegonak hartaratua.

        —Akaba ezak Ali Al-Saluli —agindu zion jeinuak, ezin lasaiago.

        Bihotz altxagarria izan behar zena bihotz erdiragarria bihurtu zitzaion Sanani, hala nola ohartzen garen itsasotik arrisku artean lortu den salgaia, behin aztertutakoan, hutsaren hurrengoa dela.

        —Ali Al-Saluli, gure auzuneko gobernaria? —galdegin zuen, beldurrak hilik.

        —Berori.

        —Gobernaria da, baina, Emiratoko jauregian bizi da ongi babesturik, eta ni merkatari bat besterik ez naiz.

        —Orduan utikan gupida eta barkamena —hots egin zuen jeinuak.

        —Ene jauna, zergatik ez duzu zuk zeuk akabatzen?

        —Bere arte gaiztoen agindupean nagok —esan zuen etsiturik— eta ene kontzientziak onartzen ez dituen gauzak eginarazten zizkidak.

        —Zure boterea, ordea, arte gaiztoen gainetik dago.

        —Hala ere, lege zehatzen agindupean gaudek. Eta utziok behingoz eztabaidatzeari: onartu edo errefusatu egiten duk?

        —Ez al duzu beste nahikaririk? —galdegin zuen Sananek—. Dirutza handien jabea naiz eta ondasun asko daukat Indian eta Txinan.

        —Ez denbora alferrik galdu, egoskor horrek.

        —Zure esanetara nago —onartu zuen, kemena galdurik.

        —Kontuz, gero, niri ziria sartu.

        —Ene halabeharra onartu beharra daukat.

        —Atxilo hartuko haut, baita Kaf mendietan ezkutatzen bahaiz ere.

        Orduan Sananek oinaze sarkor bat sentitu zuen besoan eta deiadar ozpindua atera zitzaion.

 

 

2

 

        Sananek begiak zabaldu zituen Um Al-Saaden ahotsa entzutean:

        —Zer dela eta oraindik ohean?

        Argimutila piztu zuelarik, zorabiatuxe, ingurumarietara begiratzen hasi zen. Amets bat besterik ez bazen, zergatik axolatzen zuen errealitateak berak baino gehiago? Alabaina, hain izan zen erreala, ikaraz laborrian geratu baitzen. Ahalegina egin zuen beste gauza batzuetan pentsatzeko, eta bere onera etortzen sentitu zen. Hondamenditik begira, munduak beste ikusmira batzuk eskaintzen zizkion. Infernuko izu-laborriaren ondotik, atzera bizitzaren gozoa.

        —Jainkoak begira gaitzala Satanengandik —hots egin zuen.

        Um Al-Saad, burua estaltzen zion zapian xerlo batzuk sartu bitartean, begirik kendu gabe egon zitzaion. Ametsak begitartearen dirdaia ezabatua zion, eta halako tonu horizta bat eman. Harropozturik zegoen onik eta salburik egoteaz.

        —Eskerrak Jainkoak nahigaberik gorrienetik atera nauen! —atera zitzaion, lasaituak emana zion poztasun sentsazioarekin.

        —Jainkoak begira gaitzala.

        —Amets izugarri bat izan dut, Um Al-Saad.

        —Bete dadila Jainkoaren gupida.

        Emakumea komunerantza abiatu zen eta lanpara bat piztu zuen. Gizonak jarraitu egin zuen:

        —Gauaren tarte bat jeinu batekin eman dut.

        —Nola liteke, zu gizon sinestuna izaki?

        —Abdula Al-Balji xekeari kontatuko diot. Orain zoaz, ikuzketak egin behar ditut eta.

        Ezker besoa altxatzen ari zela, ikaraz gelditu zen.

        —Jainko maitea!

        Begi arranpaloekin ikusi zuen zauria, haginkada bat irudi. Begien bistan zeukana ez zen irudipen bat. Letaginak sartuak zizkioten eta odola isuria zuen.

        —Ez da posible —xuxurlatu zuen, burua jiratuz.

        Beldurrak hilik eta lasterka joan zen sukaldera. Um Al-Saadek, labea piztu bitartean, esan zion:

        —Egin al dituzu ikuzketak?

        —Begira —esan zion gizonak, besoa erakustearekin batera.

        —Nork egin dizu haginka?

        —Ez dakit.

        —Ongi egin duzu lo eta! —atera zitzaion emakumeari, larriturik.

        —Ez dakit zer gertatu den.

        —Beharbada egunean zehar izango zen.

        —Ez, ez da egunean zehar izan.

        Pentsamendu ilunez betetako begirakune etsipengarria josi zioten elkarri.

        —Kontadazu zer amestu duzun —eskatu zion emakumeak, hotzikaraturik.

        —Esan dizut jeinu bat izan dela —berritu zion Sananek, kezkaturik—, baina ametsa besterik ez da izan.

        Artega, atzera begiratu zioten elkarri.

        —Atxiki dezagun sekretua —gomendatu zuen Um Al-Saadek.

        Sanan ohartu zen bere beldurra emaztearenarekin berdindurik zegoela. Jeinuaren kontua zabalduz gero, ezin jakin zer nolako eragina izan zezakeen bai bere izen onean bai Husnia eta Fadil seme-alabengan. Ametsak hondamendia ekarriko zien. Baina ez zegoen ziur ezertaz.

        —Ametsa amets besterik ezin izan —zehaztu zuen Um Al-Saadek—, eta Jainkoak bakarrik daki zauriaren sekretua.

        —Horixe da kontuan hartu behar duguna —erantzun zuen gizonak, kopetilun.

        —Orain axola duena zu sendatzea da. Zoaz zure lagun Ibrahim Al-Atarrengana.

        Nola jakin egia? Bere kezkaren handiak erraiak sutan jarriak zizkion. Okerretik okerrera zihoala sentitzen zuen. Sentimenduak gorrotoz beteak zituen eta izaera aldatu egin zitzaion, jadanik ez baitzen lehen bezain patxadatsua. Emaztearen begirakunek jasanezinak zitzaizkion, gorrotagarriak, haren pentsamenduak bezalatsu. Inguratzen zuen oro porrokatzeko gogoa piztu zitzaion. Bere barrena mendean ezin harturik, begirada betizu batez zeharkatu zuen Um Al-Saad, egoeraren errudun egingo balu bezala. Segidan, hari bizkarra eman, eta alde egin zuen.

        «Hau ez dun lehengo Sanan», pentsatu zuen emazteak.

        Saretak iragazten zuen argitasun ahulean, Sananek Fadil eta Husnia topatu zituen atondoan. Zenbat eta gehiago goratu hark bere ahots asaldatua, hainbat eta handiagoa haiein begitarteetako larritasuna. Orduan, batere arrazoirik gabe eta ohi ez bezala, zapuztu egin zitzaien.

        —Alde egizue ene begien bistatik.

        Horren ondotik bere gelara sartu zen eta, atea itxirik, besoa aztertzeari ekin zion. Fadil albora joan zitzaiolarik, kezkaz beterik esan zion:

        —Ongi al zaude, aita?

        —Utz nazak bakarrik.

        —Zakur baten haginkada al da?

        —Nork esan dik hori?

        —Amak.

        Aintzat hartu zuen emaztearen zuhurtasuna, baina horrek ez zion bere larritasuna arindu.

        —Ez duk ezer, ongi nagok, baina utz nazak bakarrik.

        —Hobe zenuke Al-Atarrengana joango bazina.

        —Inork ez dik niri zertan oroitarazi.

        Gelatik kanpora, Fadilek arrebari esan zion:

        —A ze aldaketa jo duen gure aitak.

 

 

3

 

        Bere nerabezaroaz geroztik, Sanan Al-Gamali lehenengoz irten zen etxetik otoitz egin gabe. Zuzen jo zuen Ibrahim Al-Atarren dendara, merkatarien karrikako auzokide eta adiskide zaharrarengana. Drogagileak besoa ikusi ziolarik, begi arranpaloekin galdegin zion:

        —Zein zakur mota izan da? Zenbat zakur deslai dabilen!

        Arretatsu hasi zen belar multzoetan hautaketa egiten eta, adiskideari iragarri bezala, «sendabide hutsezina» prestatzen; hurrena irakin egin zituen, harik eta ore lirdingatsu bat lortu zuen arte; hurrenago, zauria arrosa uretan garbitutakoan, lehengo orea zurezko espatula batez zabaldu zuen gainean; eta azkena benda batez bildu zion Damaskoko muselinarekin.

        —Sendatuko zaizu Jainkoak hala nahi izatera —esan zuen.

        —Txerrenen nahia bestelakoa ez bada —atera zitzaion, ustez kontrara.

        Al-Atarrek burlaizezko begirakunea josi zion adiskidearen begitarte kongestionatuari eta, haren aldarte aldaketaz oharturik, aholkatu zion:

        —Zauri ezdeus batek ez diezazula zure izaera onbera alda.

        Baina Sanani bihotz ilunak egin zitzaizkion eta ordurako joana zen.

        —Ez zaitez mundu honetaz fida, Ibrahim...

        Estu eta larri zegoen, ur irakineko bainualdi batetik irtena balitz bezalaxe. Eguzki galdatan, jendearen begitarteak ilun agertzen ziren. Fadil bera baino lehenago heldu zen dendara eta hark erakutsi zion poztasunezko irribarreak are gehiago sumindu zuen. Eguraldiak oro besterik gabe onartu arren, egun hartako giroa madarikatu zuen. Ez zuen inor agurtu, ez ongi etorri adeitsurik eskertu; hitz bakar batek ere ez zuen eztitu, begitarteren batek adoretu; ezein txantxak ez zion barrea eragin; hileta segizio bat ez zitzaion urrikalgarri gertatu; hazpegi xarmantek ez zioten zirrararik sorrarazi. Zer zuen baina? Fadilek zazpi ahaleginak egin zituen bezeroei aitaren aldarte txarra ezkutatzeko. Alabaina, batek baino gehiagok xuxurlaka esan zion:

        —Zer du gaur zuen aitak?

        Eta gaztearen arrapostua:

        —Ondoezik dago, Jainkoak begira zaitzala gaitzetatik.

 

 

4

 

        Printzeen Kafeko bezeroak luze gabe jabetu ziren haren egoeraz. Zirkinik egin gabe igaro zen haien albotik, segidan isilean esertzeko; gogogabeturik parte hartu zuen solasaldiren batean edo bestean, baina ateraldirik eta izan gabe. Eta, laster altxatu zelarik, alde egin zuen.

        —Zakur amorratu batek haginka egin dio —segurtatu zuen Ibrahim Al-Atarrek.

        —Osorik galdua dugu —iradoki zuen Jalil Al-Bazazek.

        —Hala ere, haren negozioak goraka doaz —eten zuen Karam Al-Asilek, tximino begitarteko milioidunak.

        —Osasunik ezean, dirua baliogabetu egiten da —jaulki zuen Abdul Kadir Al-Mahini sendagileak.

        Ugr bizarginak, lurrean eseritakoen artean bezero agurgarrien solasaldietan parte hartzen zuen bakarrak, ondorioztatu zuen:

        —Zer balio du gizakiak? Aski da zakur baten haginkada bat edota eltxo baten ziztada...

        —Gure aita ongi dago. Ongiezik egotea, hori guztia. Eguna argitzearekin, primeran egongo da —osteratu zion Fadil Sananek.

        Alabaina, Sanan gaizkituago, eta egoera kontrolagaitzago zitzaion. Gau batez manzul dosi neurrigabe bat hartu zuelarik, kementsu irten zen Kafetik, menturari aurre egiteko prest. Etxera ez itzultzeko erabakia harturik, ilunpe beltzean barneratu zen, gogoa nahasi eta ameskeriak gidari. Bere estutasun eta sufrikario hartatik aterako zuen gertakaria desio zuen. Familian antzina hildako hainbat emakumeren oroitzapena etorri zitzaion. Atsegin hartu zuen haiek larrubizirik eta jarrera lizunetan irudikatzean, eta damutu egin zitzaion bere irritsak haiekin bete ez izana. Abdula Al-Balji xekearen etxetik hurbil igarotzean, zalantza egin zuen, harenean sartu, eta gertatzen zitzaiona kontatu, ez kontatu, baina azkenean lasterka alde egin zuen. Une hartantxe, etxe bateko ate gainean zegoen lanpara baten argitan, hamar bat urteko neskatila bat ikusi zuen, ibilian, pegar bat eskuetan. Harengana oldarturik, ibilbidea eragotzi zion.

        —Nora zoaz, polit hori?

        —Amarenera noa —neskatilak, xaloki, erantzun.

        Sananek ilunpetara urrats bat egin, eta esan zion:

        —Zatoz, gauza dibertigarri bat erakutsiko dizut.

        Besoetan hartu zuelarik, pegarreko ura Sananen zetazko soineko gainera isuri zen. Eskola koranikoaren eskaileretaraino eraman zuen. Neskatila, keinu adeitsu haiekin harriturik, kexatu egin zen:

        —Ama zain daukat.

        Alabaina, beldurrarekin batera gizonak jakingosea pizten zion. Aitarena bezalakoxeko adinak, konfiantza ematen bazion ere, asaldura eta amets miresgarri baten zantzuak ere sentitzen zituen. Segidan, negarrez hipaka hasi zelarik, Sananen irudimenera fantasma beldurgarriak heldu ziren. Brixtakoan, ahoa estali zion bere esku dardaratiaz. Bortizki esnatu zen. Eta, bere onera itzultzearekin batera, xuxurlatu zion:

        —Ez egin negar, ez izan beldur...

        Halabeharrez, etsipenak hartua, unibertsoaren zutoinak porrokatu zitzaizkion. Inguratzen zuen hondamenditik, gero eta gertuago, urrats hotsa heldu zitzaion. Berehalakoan, ezezagunak zitzaizkion eskuez, neskaren lepo fina estutu zuen. Oreka galdu duen hegazti harrapakari bat nola, halatsu hondoratu zen amildegian. Bereak egin zuela ohartu zelarik, deika ari zitzaion ahots bat entzun zuen:

        —Basima, txikitxo, Basima...

        «Saihestezina izan da», egin zuen bere baitan, etsipenak harturik.

        Urratsak bera zegoen ezkutalekura inguratzen ari ziren. Lanpara baten argi dardaratia bistatu zuen eta, gorpua besoetan, alde egitekotan egon zen. Bere larri hartan, presentzia pisutsu bat sumatu zuen, eta, ametsaren oroitzapena etorri zitzaiolarik, egun batzuk lehenago entzundako mintzoa entzun zuen.

        —Hau al da biok adostu genuena?

        —Hortaz, zinezkoa zara, ez zara ametsetakoa!

        —Erotuta hago, gero!

        —Zurekin bat nator, baina errua zurea da.

        —Nik egundo ez diat eskatu gaiztakeriak egiteko —osteratu zion mintzoak, lakar.

        —Ez da eztabaidatzeko ordua. Salba nazazu eta adostu genuena egin ahal izango dut.

        —Horretarako etorri nauk, baina hik ulertu ez.

        Hustasunean hegan sentitu zen, munduetan isilenean, harik eta berriro ere mintzoa entzun zuen arte:

        —Inork ez dik hire zantzurik topatuko. Zabaldu begiok, hire etxeko ate parean hagoela ikusiko duk. Sartu lasai. Zain izango nauk...

 

 

5

 

        Bere buruaren jabe egitearren, Sananek gizagaineko ahalegina egin behar izan zuen. Um Al-Saad ez zen ohartu okerrera egin zuela. Betazalak jaitsirik, ilunpeen babesean, egin berri zuena oroitzeari ekin zion. Beste pertsona bat zen, eraile bortxatzailea beste pertsona bat zen. Bere arimatik ezezagunak zitzaizkion izakiak sortuak ziren. Iraganaz gabetua, esperantzak hondoraturik, menturari aurre egin beharrean zegoen. Ez zuen loak hartu, baina ez zitzaion loezaren arrastorik ikusten. Goizean goiz, lanturuak entzun zituen. Um Al-Saad desagertu egin zen, handik ordubetetsura ikara gorrian itzultzeko:

        —Oi, Basimaren ama, Jainkoak lagun zaitzala!

        —Zer gertatu da? —galdegin zuen senarrak, galdera begietan.

        —Zein mundutan bizi gara, Fadilen aita? Neskatila eskolako eskaileretan bortxatu, eta hil egin dute... Neskatiko bat, Jainko maitea! Zenbat piztia salbai ez ote diren ezkutatzen pertsona askoren larrupean!

        Gizonak burua makurtu zuen, harik eta bizarra bularraldean zabaldu zitzaion arte.

        —Jainkoak begira gaitzala Satan madarikatuarengandik.

        —Piztia horiek ez dute ezagutzen ez Jainkoa ez Profeta.

        Emakumea negarrez hipaka hasi zen. Gizonak bere buruari galdegin zion jeinua, mazula edota Sanan Al-Gamali izan ote zen.

 

 

6

 

        Auzunea asaldatua zegoen eta, merkatarien karrikan, hilketa beste gairik ez zegoen. Ukendua prestatzen ari zela, Ibrahim Al-Atarrek galdegin zion Sanani:

        —Zauria ez da gaiztotu, baina oraindik badago arriskurik. —Segidan, benda muselinarekin ipintzen ari zitzaiolarik, galdegin zion—: Izan al duzu hilketaren berri?

        —Jainkozko babesaren bila nabil.

        —Hiltzailea ez da gutarra. Gure seme-alabak nerabezarora iritsitakoan ezkontzen dira.

        —Zoro bat izan behar du, inondik inora.

        —Edota gure kaleetan zakur deslaien antzera dabiltzan eskaleetako bat.

        —Asko dira zure iritzi berekoak.

        —Zertarako dago Ali Al-Saluli Emiratoko jauregian?

        Izen hori entzutea eta dardaran hastea, dena bat izan zen; Sanani, orduan, buru gainean ezpata baten gisara zuen ituna etorri zitzaion gogora.

        —Seguruenik bere zereginetan ibiliko da, oparien eta eskupekoen kontaduria egiten...

        —Merkatarioi mesede asko egin digula onartu beharra dago. Baina oroitu behar du zainketa dela bere lehen egitekoa.

        Sananek gomendio berberarekin alde egin zuen:

        —Ez zaitez mundu honetaz fida, Ibrahim...

 

 

7

 

        Auzuneko gobernari Ali Al-Salulik idazkari Batixa Marjanen bitartez jakin ahal izan zuen jendeak zer zioen segurtasunari buruz. Zurrumurruak Dandan bisirrarengana eta, honek kontaturik, sultanarengana helduko ote ziren beldurrez, polizia buru Gamasa Al-Balti deitu, eta galdegin zion:

        —Ba al dakizu jendeak zer dioen ene agindupeko segurtasunaz?

        Polizia burua, bere nagusiaren sekretuak eta ustelkeriak ongi ezagutu arren, soraio geratu zen.

        —Barka nazazu, gobernari jauna —esan zuen—. Zazpi ahaleginak egin ditugu bai nik bai zelatariek, baina hiltzaileak ez du aztarrenik ttikiena ere utzi. Ez dugu lekuko bakar bat ere. Nik neuk hamaika eskeko eta etxekalte galdekatu dut. Orain arte egundo ez dut ezagutu hau bezalako hilketa misteriotsurik...

        —Ezjakin halakoa! Ekar itzak atxilo eskeko eta etxekalteak oro. Galdekatze metodo eraginkorretan iaioa haiz, izan ere.

        —Baina ez daukagu nahikoa espetxe hainbeste jenderentzat —argudiatu zuen Gamasak.

        —Nork aipatu ditu espetxeak? Horien mantenuarekin Altxor Publikoaren porrota eragin nahian, ala? —mintzatu zen gobernaria, sumindurik—. Eraman itzak hiriaren kanpoaldera, soldaduen laguntzarekin, eta ekar egidak hiltzailea iluna sartu baino lehen.

 

 

8

 

        Polizia errebaletara oldartu zen eta atxilo hartu zituen eskekoak eta etxekalteak; horren ondotik, taldeka eraman zituen agerruneetara. Alferrikakoak gertatu ziren haien zinak eta minak. Ez zieten konturik egin ezta agureei ere; bortxaren bortxaz erabili zituzten, harik eta Jainkoari, Profetari eta haren familiari sutsuki otoizka hasi zitzaizkien arte. Sanan Al-Gamaliri denaz bezanbatean, nahigabeturik jaso zituen haiekiko albisteak. Errudun bakarra bera izan arren, aske zebilen eta begirunez hartzen zuten. Eta bien bitartean ehunka errugabek larrutik ordaindu behar haren ekintza. Nolatan bilakatu zen bera halako sufrikarioaren eragile? Ezezagun bat, gertakariekiko axolagabe, orpoz orpo zebilkion eta ezin bada harengandik alde egin. Lehengo Sanan hila eta ehortzia zen: oroitzapenak —irudipenak apika— hausnartzen zituen oroimen lanbrotsu bat besterik ez zen geratzen. Merkatarien kaletik zetorren kalapitak erakarri zuen. Ali Al-Saluli zen, zalditeriaren sail baten buru, jendeari bere gobernari boterea nabarmendu, eta matxinatzeko aukera burutik kendu nahian zebilena. Ezker-eskuin kokatutako merkatarien diosalei erantzuten zien. Horra berak hil beharreko gizona. Bere baitan higuina izuarekin nahasi zitzaion. Sekretu horrek bihotz ilunak eragiten zizkion. Jeinua magia beltzetik askatzea onartua zuen, hain zuzen ere jeinuak hartaratua. Bere bizitza Ali Al-Saluliren heriotzaren truke... Eta haren begitarte ilun betexkoari, haren bizar zorrotzari eta gorputz ttiki samarrari begirik kendu gabe egon zen. Gobernaria Ibrahim Al-Atarren denda aurretik igaro zelarik, merkatariak, lasterka hurbildurik, sutsuki agurtu zuen. Segidan, bere dendatik igarotzean, irribarretsu agurtu baitzuen, Sanan eskua estutu beharrean gertatu zen. Orduan Al-Salulik esan zion:

        —Jainkoa lagun, laster ikusiko zaitut.

        Sanan Al-Gamali, hitz haien esanahia hausnartu nahian, dendara sartu zen. Elkarrizketatzera gonbidatuko ote zuen? Zertarako, baina? Haren azken gaiztoa gauzatzeko aukera ote zen? Hotzikara batek zeharkatu zuen goitik behera. Begi arranpaloekin, bere baitan errepikatu zuen:

        —Jainkoa lagun, laster ikusiko zaitut.

 

 

9

 

        Gauez, loaren gozoa dastatzen hasi berritan, presentzia hura nagusitu, eta, mehatxukor, esan zion:

        —Hi janean eta edanean eta lotan habilen bitartean, ni zain...

        —Egiteko gaitza da, gero. Zurea bezalako boterea dutenek nekez jakin dezakete... —mintzatu zen Sanan, etsipenez.

        —Neskatila baten hilketa ez duk, bada, nekezagoa.

        —Tamala da! Denbora luzean ibili naiz onean onena bilatzen.

        —Itxurek ez naitek ni tronpatzen.

        —Ez dira itxura hutsak.

        —Koldarrek egiten ahal dituzten gauzak ahantzi dituk.

        —Perfektua Jainkoa bakarrik da —erantzun zuen, nahasirik.

        —Ez ditiat hire dohainak ukatzen, horrexegatik eskaini nian salbabidea.

        —Ene bizitzan etenik egin izan ez bazenu, ez nintzen hilketan nahaspilatuko —leporatu zion Sananek.

        —Ez esan gezurrik, hire hilketaren arduradun bakarra heu haiz.

        —Egiaz, ez zaitut ulertzen.

        —Soberetsi haudalakoan nagok.

        —Bakarrik utzi izan baninduzu behinik behin!

        —Jeinu sinestuna nauk eta neure baitan egin nian: «Gizon honen ontasuna bere gaizkiaren gainetik zagok. Egia duk harreman susmagarriak dituela polizia buruarekin eta, eskasaldietatik etekina ateratzeko, ez duela zalantzarik egin; baina, hori gorabehera, merkatarietan zintzoena duk. Eskuzabala ere baduk, erlijio arauak betetzen ditik eta pobreekin gupidatsua duk». Horra zergatik hautatu haudan: auzunea ustelkeriatik salba dezaan eta heure arima bekataria ere salbatzeko. Baina horren helburu argia zena bete beharrean, behera egin, eta hilketa higuingarri hori burutu duk.

        Sananek, hasperen egin ostean, isilean jarraitu zuen.

        —Halabeharra erabakitzeke zagok —esan zuen mintzoak.

        —Eta hilketa? —galdegin zuen, aztoraturik.

        —Bizitzak ematen dik hausnartzeko eta damutzeko aukerarik.

        Itxaropenezko bizkorraldi batek argitu zuen Sananen ahotsa:

        —Gizakia, baina, gotorleku garaiezin batean bizi da!

        —Ikustaldi bat egitera gonbidatuko hau.

        —Harritzen naiz.

        —Egin egingo dik, ez egin zalantzarik! Prest egon.

        Puska batean gogoetatsu egon ostean, Sananek galdegin zuen:

        —Salbamena agintzen al didazu?

        —Salbamenerako beste ezertarako ez haut aukeratu.

        Akitua, lo trinko batek hartu zuen Sanan.

 

 

10

 

        Kafera joateko prestatzen ari zelarik, Um Al-Saadek esan zion:

        —Gobernariaren mezulari bat duzu zain egongelan.

        Batixa Marjan idazkari pribatua zen, begi dirdaitsuduna eta bizar laburrekoa.

        —Gobernariak ikusi nahi zintuzke.

        Bihotza punpaka hasi zitzaion. Auzuneko hilketarik makurrena burutu behar zuelakoan zegoen. Kezkagarria zitzaion Batixa Marjan ikustaldiaren jakitun izatea, baina Kumkamengan fidatzen zen.

        —Itxaron apur batean, janztera noa.

        Baina gizona altxatu egin zen.

        —Nahiago dut aurreratu, horretara begiradak saihestuko ditut.

        Gobernariak ere isilpeko ikustaldia nahi zuen, eta horrek azpilana errazten zion. Musketaz urrindatu bitartean, Um Al-Saad begirik kendu gabe izan zuen, hala nola egon ohi zitzaion ametsaren gauaz geroztik. Irudipena zuen beste gizon batekin bizi zela eta lehengo Sanan ilunpetan aienatua zitzaiola. Eta, emaztearen ezkutuan, Sananek Indiatik opari ekarri zioten zilarrezko sagarrarekiko sastakaia sartu zuen sakelan.

 

 

11

 

        Ali Al-Salulik udako egoitza ofizialeko lorategian hartu zuen, kioskoan. Txilaba zuri bat soineratua eta burua agerian agertu zitzaion, eta horrek doi bat txikiagotzen zuen aginteari zetxekion duintasuna. Mahaia bete botila, edalontzi, intxaur eta fruta konfitatu ikusi zuen onespen gisara. Alboan esertzeko eskatu zion, kuxin batean, eta, Batixa Marjanekin batera, ongi etorri ezin beroagoa eskaini zion.

        —Ongi etorri, Sanan jauna, merkatari zintzo eta gizon ohoretsua.

        Sananek irri firfira batekin estali nahi izan zuen bere asaldura.

        —Esker mila, sultanaren ordezkari hori.

        Marjanek hiru edalontzi bete bitartean, Sananek bere buruari galdegin zion idazkaria bilkuraren amaiera arte geratuko ote zen. Beharbada ez zuen aukera gehiagorik izango. Zer egin?

        —Gaugiro ederra udako gau honetakoa —esan zuen Al-Salulik—. Atsegin al duzu uda?

        —Urtaro guztiak atsegin ditut.

        —Jainkoaren dohainak jaso dituzten gizonetako bat zaitut! Oraintxe dugu aukera bizi berri eta emankor bat hasteko haren gogobetetasuna lortze aldera.

        Jakingoseturik, Sananek galdegin zuen:

        —Jainkoak bere faboreak eskainiko ahal dizkigu.

        Edan egin zuten, eta edariak lasatu eta piztu egin zituen aldi berean.

        —Zure auzunea lohitzen zuen jendilajea desagertarazi dugu —baieztatu zuen Al-Salulik

        —Bai, horixe. Hori erabakitasuna, hori! —Sananek erantzun, tristezia ezkutatu nahian.

        —Aurrerantzean akabo lapurretak eta hilketak —sartu zen Batixa Marjan.

        —Harrapatu al duzue hiltzailea? —galdegin zuen Sananek.

        Al-Saluli irriz karkailaka hasi zen:

        —Berrogeita hamar bat pertsonak onartu dute beren erruduntasuna!

        —Benetako hiltzailea ziurrenik horien artean da —gaineratu zuen Marjanek.

        —Gamasa Al-Baltiren ardura da hori —esan zuen Al-Salulik.

        —Meskitetako predikuak ugaritu beharko genituzke —proposatu zuen Marjanek.

        Sanan etsitzen hasia zelarik, Al-Salulik alde egiteko imintzioa egin zion Marjani. Zaintzaileak, ostera, lorategian zehar barreiaturik zeuden eta ezin, bada, handik alde egin. Alabaina, une bakar batez ere ez zuen Kumkamen agindua ahantzi. Eta bakarrean geratzearekin batera, gobernariak hitz beste egin zuen.

        —Utz ditzagun alde batera hilketen eta hiltzaileen kontuak.

        Sananek irribarre egin zuen:

        —Gau atsegina izan dezazula, ene jauna.

        —Egia esan, arrazoi bat baino gehiagorengatik gonbidatu zaitut.

        —Zeure esanatera naukazu.

        —Zure alabarekin ezkondu nahi dut —esan zuen, soseguz.

        Sanan ez zerurako ez lurrerako geratu zen. Tamalgarria egin zitzaion patuaren aukera galdu hura. Alabaina, aita loriatuarena egin zuen:

        —Ohore eta plazer handiak eskaini dizkidazu!

        Pozarren eta alegera, gobernariak ekin egin zion:

        —Eta, neure aldetik, badut zure seme Fadilentzako alaba bat.

        Asaldura gorabehera, Sananek hots egin zuen:

        —Horra gizon gazte zorioneko bat!

        Gobernariak, isilune baten ondotik, jarraitu zuen:

        —Azken eskaria ongizate orokorrarekin lotua dago. —Gobernariak tinko begiratu zion Sanani—. Hamdan Tunaixa, kontratista, ahaidea duzu, ezta?

        —Hala da, ene jauna.

        —Hara: basamortuaren hegian, auzunetik igaroko den errepide bat egitea pentsatu dut.

        —Ondo proiektu bikaina!

        —Noiz ekarri ahal izango duzu?

        Maleziaz egin zuen galdera eta trufa aire batekin jaso zuen arrapostua.

        —Bihar arratsaldean, ene jauna.

        Al-Salulik begirakune tinkoa josi ziolarik, irribarretsu galdegin zion:

        —Egoki prestatua etorriko al da?

        —Zuk nahi bezain prestatua —erantzun zuen Sananek, zolitasunez.

        A-Salulik, atzera irriz karkailaka, esan zuen:

        —Ernea zara, Sanan, eta ez ahantzi dagoeneko ahaide garela.

        Une hartantxe, Batixa Marjan deituko ote zuen beldurrez, bere baitan egin zuen: «Orain ez bada, akabo aukerak betiko». Baina gobernariak nahi gabean erraztu zion bidea. Hankak luzatu, bizkarra makurtu eta, erlaxaturik, begiak itxi zituen. Sananek, gogoan hilketaren burutazioa beste konturik ez zuela, halabeharrak zer ekarriko ote zion pentsatu zuen. Horren ondotik, sastakaia atera, eta, Al-Saluliren bihotzera zuzendurik, etsipenak, salbatzeko irrikak eta tinkotasunak emandako indarrez sartu zion. Gobernariaren gorpua bortitz inarrosi zen, indar ikusezin bati aurre egin behar izan balio bezalatsu. Begiak zabal-zabalik geratu zitzaizkion, uzkurturik aurpegiko giharrak. Besoak elkartzeko keinua egin zuen, sastakaiari heltzeko edo, baina ezin. Hil aurretxoan, begi arranpaloetan esan ezin ahalako oinazea ispilatu zitzaion.

 

 

12

 

        Dardaran, Sananek sastakai iltzatua eta odola parrastan bistatu zituen. Nekez bada nekez, begirakunea baztertu eta, beldurrak hilik, ate itxirantza zuzendu zuen. Odola zainetan punpaka, beste ezerk ez zuen isiltasuna urratzen. Une hartan, lehenengo aldiz, bazterretan eskegita zeuden lanparei erreparatu zien, eta zurezko atril nakarez apaindu baten gainean zegoen Koran handiari. Bere larri hartan, jeinu eta halabehar zuen Kumkami eskatu zion laguntza. Brixtakoan, presentzia ikustezina bere barrenaz nagusitu, eta haren mintzo bozkarioz betea entzun zuen:

        —Ongi egina! —Eta, kalapitan, gaineratu zuen—: Kumkam dagoeneko askatu duk magia beltzetik.

        —Atera nazazu hemendik —erregutu zion Sananek—, tokia eta eszena jasanezinak zaizkit.

        —Askatasuna berreskuratu dudan honetan, sinesmenak ez zidak parte hartzen uzten —osteratu zion mintzoak adeitasunez.

        —Ez dizut esana ulertzen —atera zitzaion Hasani, ikaraz beterik.

        —Ez duk gizaki baten antzera pentsatzen, horixe duk hire akatsa.

        —Ez da eztabaidarako unea. Ez nauzu, bada, hemen ene zortearen esku utziko?

        —Horixe duk ene betebeharra.

        —Puies! Nitaz baliatu zara!

        —Oso bestera, gizakiei aldi bakanetan ematen zaien salbabidea eskaini diat.

        —Ez al zenuen ene bizitza eten eta gizon hori hiltzera derrigortu?

        —Magia beltzetik askatzeko irrikaz nengoan. Hire sinesmena medio aukeratu hindudan, ongiaren eta gaizkiaren artean balantzaka ikusi arren. Aitor diat beste inork baino merezimendu gehiago duala bai heure burua bai auzunea salbatzeko.

        —Ez zenizkidan gogoeta horiek argi azaldu —leporatu zion Sananek, etsipenak harturik.

        —Pentsatzen duenarentzat aski argi azaldu nian.

        —Halako amarrukeriarik! Eta nork dio auzuneko arduraduna naizela?

        —Pertsona zintzo batek inondik inora errefusa ezin dezakeen ardura duk, nahiz eta lehenago hi bezalako jende ohoretsuaren eginkizuna izan.

        —Salbatuko al nauzu eskolako eskaileretan burutu nuen delitutik?

        —Ez nizkiake ene eskariaren ondorio latzak hiri jasanaraziko. Azken aukera emango diat hire bekatuak ordaintzeko edo damutzeko.

        —Nik bete dut ene agindua. Zure betebeharra orain ni salbatzea da.

        —Hau guztia konplot bat izan eta hi ene a izango bahintz bezala mintzo haiz! Eta akabo merezimendua, bekatuen ordaintzea, damutzea eta osasuna...

        Sananek, belauniko jarririk, erregutu zion:

        —Gupida zaitez nitaz, salba nazazu!

        —Ez alferrik galdu horrela hire sakrifizioaren balioa!

        —Nirea bai patu beltza!

        —Ongia dagienari ondorioek ardura ez.

        —Nik ez dut heroia izan nahi, baina! —esan zuen Sananek, izu-laborriturik.

        —Izan hadi heroia, Sanan, hire patua duk... —Saminean lagundu nahi izan zion Kumkamek. Eta mintzoa gero eta ahulago bilakatuz—: Jainkoak babes eta barka hazala, ni neu bezala...

        Eta hitz horiek esatearekin batera aienatu zen. Eta Sanani atera zitzaion deiadar ozpindua Batixa Marjanenganaino heldu zen, eta baita kanpoaldean kokatutako zaintzaileengana ere.

 

 

© Nagib Mahfuz

© itzulpenarena: Patxi Zubizarreta

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus