10

Epaiketa

 

Egun horrexetan bertan, arratsaldeko zazpietan batzarra egin zen UGT-k Alesbesen zeukan egoitzaren aurrean. Herri bietatik joan ei zen jendea, bai Alesbestik bertatik eta bai Milagrotik. Hiru orduz egon omen ziren eztabaida bizian, biharamunean ostera ere larretan sartu ala ez, soroen nagusiaren kontrako salaketarik jar ala ez, udalak berak auzitara eraman, denek Onekarekin batera beste salaketa bat egin Gurpegi eta berarekin etorririko lekaioen kontra eta abar. Eta Patxik zioenez, beste abertzale batek lortu zuen azkenez guziontzat onargarria zen proposamendua egitea. Martzillakoa ei zen eta Patxik batzar hartara joatearren beren beregi deitua. Sei urte beranduago, gerratean, Patxiren modura, eta afusilamendu ziztrin batean bizia ez galtzearren, karlistekin eta falangistekin frontera joanen zelarik, Madrilgo gudaldian hilen zen Hipolito Jiménez zen. Patxi ez bezala —garai hartantxe autobus gidaria zena— bera ere nekazaria, eta Lizarrakoa zen emakume batekin ezkonduz geroztik, emaztea abertzalea zelarik, bera ere azkenean abertzaletua. Hipolitok ordu bi t'erdi pasa eta gero egin ei zuen bere proposamendua, lehenengo eta behin herrilurrengatiko salaketa egitea bakarrik izanen zela onena, aspaldi hartan behin eta berriro halako epaiketak gertatzen ari zirela eta gehientsuenetan interes amankomunak, herriarenak, udalenak alegia, irabazita zeudela. Are gehiago, berak ondo ezagutzen zuela kasua auzitara eramateko prest egonen litzatekeen abokatu on bat, bere bulegoa Iruñan zeukan on Antonio Ozkoidi, beraren alderdikoa, eta seguruen arras guti koberatuko zuena irabaziz gero, eta galtzekotan deusik ez. Hainbeste eztabaiden ondoan isiltasuna egin omen zen nagusi eta Hipolitok on Antoniok eta beste batzuek, on Manuel Iruxok esate baterako, irabazitako kasu batzuk aipatu ei zituen, eta zelan Erriberako bertako hainbat kasutan herriek azkenean beren lurrak molde legezko batez berrirabaziak zituzten. Bost minutuko mintzaldia egin omen zuelarik, ez zuen inork erantzunik eman, eta sindikatuko egoitzaren begirategitik zelan edo halan batzarra zuzentzen zegoenak bozketa egitea proposatuta orduan, azkenean gehiengo ia absolutuaz onetsi egin zen Hipolitok aipaturiko abokatuarekin ahal bazen auzitara joatea.

        Gurpegiren eta berarekin laguntzaile etorritakoen aitzitiko salaketek, aldiz, beren bidetik segitu zuten hasieratik. Alde batetik udalek eginiko salaketen bultzadaz egin zuten aurrera, baina beranduago Onekak bereari eusteko dirurik ez zeukalarik, on Antoniok berak ere berorrexen kargu ere hartu zuelako, zigor-zuzenbidean bereziki aditua izan ez arren. Izan ere, arras auzi desberdinak ziren, administraziozkoa bata, eta zigorrezkoa bestea, baina lar handia ez zen Iruñako auzitegian auzi biak epaile berari egokitu zitzaizkiolarik, lehenengoaren epaia ezagutu eta gero, oso erraz egin ei zitzaion on Antoniori Gurpegiren kontrako hilketa-saio zapuztuagatiko kondena luze hura erdiestea, hogei urteko gartzelaldia. Laguntzaileen aitzi, aldiz, hiru urtekoak eskatu eta halakoak ere lortu zituen, hilketa gauzatu ez zen arren, Gurpegiri laguntzekotan, eta armatuak gainera, ibiliak baitziren.

        Hurrengo egunak oso lantsuak izan ei ziren. Lehendabizikoz, on Antoniorekin labur-labur telefonoan hitz egin eta kasua gaingiroki azalduta, berarekin egoteko ordu bat jarri. Iruñara joan eta kasua behin hartuta hasi zen on Antonio Erriberaraino bere Mercedes beltzarekin etortzen. Hasieran, Alesbesera joan zen lehenbiziko aldian, nekazariak oso uzkur omen zeuden, antza ezin sinets zezaketen halako automobil batez zebilen norbaitek euren alde eginen zuenik. Berbetan hasi, baina, eta orduerdiren buruan ba ei zeuzkan denak bere golkoan on Antoniok. Patxik zioenez, arras gizon apal eta argia, zerbait gehiago izatearen edo ikasgaiak ematearen sentzaziorik sekulan ere sortzen ez zuena —nik neuk Txilen ezagutu nuen egokieran, hain zahar egonagatik ere, jaso nituen zantzu berberak beraz— eta zerabilen gaztelania zaindua eta guztiz ere, Erriberako herritarrekin egoten bazekiena. Nekazariekiko lotura berehala erdietsi omen zuen, hainbeste non hilabetea pasaz geroztik, eta behin kasua aztertu eta epaiketarako estrategia zein zen ondo zehaztuta zeukalarik, Onekarekiko erasoagatik ere, Gurpegiren kontrako salaketa ere berak aurrera eraman zezan eskatu ziotela. Hain zuzen, Oneka zen nekazari pobreak dirurik ez zeukala jakin zuenean —abokatu eta prokuradorerik ordaintzeko inongo ahalmenik gabea— eta halandaze bat ere aukerarik ez zeukana salaketa aurrera ateratzearren, udal bien salaketak segitu arren ezer guti eginen zela susmaturik, salaketa horri ere eutsi egin zion.

        Eta justizia formalarekin beti bezala, urtebetea iragan zen Erriberako nekazari haiek beren ordaina jaso zuten arte. Herrilurrengatiko auzia 1932ko urrian hasi zen eta abenduaren 18an amaitu. Artaxonako zikiroen kontrakoa, ostera, oraino ia urtebete beranduago izan zen, 1933ko agorrilaren 19an hasi, uda beteko beroetan beraz, eta sei egun beranduago bukatu. Bai batean, eta bai bestean, erabatekoa izan zen on Antonioren arrakasta: izan ere faxismoaren etorrerarekin batera eginen ziren beraren kontrako akusazio absurdu eta setatiak ulertzeko gako ia bakarra.

        Lehenengoan ia ez zuen oztoporik aurkitu. Antzeko kasuetako epaiak ere argiak ziren: aurreko mendean eta gerren ondoko udalen egoera latzean egindako herrilurren salmentek ez zeukaten balio legalik, estuasunean eginak baitziren eta hainbestetan ez hain modu zuzenetan, eta ordurarteko ustiaketa aski eta nahikoa izana zen epaile gehienen aburuz tokian tokiko ugabazaben aurrekoek ordaindurikako dirua berdintzearren. Alesbes eta Milagroko kasuan gainera, are errazagoa zen auzia, hor ez baitzen salmentarik inoiz gertatu. Ahoz erabakiriko alokatze bat izan zen, inongo kontratu idatzirik gabekoa, tradizioak bakarrik agintzen zuelarik zer zen eta noiz ordaindu beharrekoa. Azkenengo hogeita hamar urteetan, udalen jabe ziren jaunskilek protestarik egin gabe, ordaintzen ez zen alokairua bestalde. Goñi Oteizak beraz, Azkoiengo harakinak, isun bat ere ordaindu behar izan zuen alokairu horiek ez pagatzeagatik. Epaileak haatik, udalek ere horretan errudun zirela arrazonatuta, eta inongo ordainagirik ez eta konturik agertzen ez zelarik garai hartako 2.000 pezeta bakarrik pagatzera kondenatu zuen aurreko hogeita hamar urteotan sorook ustiatzeagatik.

        Patxik kondatzen zuenez, epaia emateko egunean, Goñi bera auzitegian zegoen, eta orobat Alesbes eta Milagrotik iritsitako hainbat herritar. Ikusgarri izan omen zen beraren aurpegiaren ondoan, Iruñara etorri nekazari pobre, lander, espartin berri haien alegrantziazko leherpena. Hainbeste non on Antoniorekin elkartuta, auzitegiaren atean oraino, hirurogeita bost urte zeuzkan milagrotar batek jota bat kantatu omen baitzion. Hor ordea oratu zen Ozkoidi izeneko abokatu separatistaren atzetik hil arte jarraikiko zitzaion Azkoiengo harakin haren gorroto neurrigabea.

        Gurpegirena ez zen zaila izan, baina bai arriskutsuagoa, eskuindarrak ez zeudelako prest euren alde hainbeste zerbitzu egindakoari bazterrean uzteko, ez eta zegoen egoera politiko arriskutsuan Errepublikari bakean aurrera egiten uzteko. Eta casus belli bat antolatzea erabaki zuten. Hagitz abokatu onak jarri zizkioten. Alde batetik Iruñako bat, Egues izenekoa, geroago —eta beste batzuez gain Gurpegirekin batera ere— bipil asko ibiliko zena Iruñerrian jendea hiltzen, eta bestetik Valdés abizena zuen madrildar bat, zigor-zuzenbidean berezilari famatua eta amaren aldetik nonbait nafarra zena. Iribarren omen zeukan bigarren abizena, Patxik kondatu zidanez. On Antoniok, jakina, beraren bulegokidea zen Periko Aldazen laguntza jaso zuen, zigorzuzenbidea baitzeukan hark alor nagusi, eta Patxi Urdirotzek zioenez —berarekin ere oso ondo gogoratzen baitzen— oso gizon isil eta atsegina. Izan ere, auzitegiko agirien arabera Aldazek ez zuen epaiketan parterik hartu, baina Patxik kondaturikoaren haritik, epaiketak iraun zuen denboraren luzean laguntzaile moduan egon ei zen jezarrita on Antonioren ondoan, sei egun eta egokiera beroak, kanpoan egiten zuen beroaz gain, ezagutu zituen epaiketa.

        Izan ere, epaiketan zehar auziaren muina ez zen nork jaurtiki zuen tiroa izan, nork desarratu zuen, hori argi zegoen eta ezin zitekeen ezelan ere ezkuta: Oneka eta berari egindako zauria bera zeuden lekuko. Arazoa, osterantzekoa izan zen. Gurpegik tiroa bere burua defendatzearren egin ote zuen, abokatu defentsari biek gura zuten bezala, ala on Antoniok zioen moduan eta agerikoa zenez, nekazari defentsagabeko haiei erasotzearren egin ote zuen. Patxik kondatzen zuen legez, hagitz interesgarria izan omen zen eztabaida, Madrilgo abokatuaren trikimailuengatik batez ere, baina era berean zioen bezala, ez gutiago on Antoniok sarritan, Aldazek belarrira esandakoak entzun eta gero, emandako erantzun zorrotzengatik.

        Abokatu defentsariek ziotenez, eztabaidan zeuden soro horiek Goñirenak ziren, edo eta Goñiren eskupekoak behinik behin istiluak gertatu ziren unean, halandaze haren baimenaz sarturikoek soilik zeukaten bertan sartzeko eta egoteko eskubidea. Gainera, eta Goñi harakinak berak deklaratu zuen bezala, berak beren beregi eskaturik egonak ziren Gurpegi eta beraren lagunak egun hartan soroetan. Larreok zaintzearren jo zietela telefonoa, atralakak jazo aurreko egunetan inguruko herrietatik ohoinak zebiltzatela entzunda baitzeukan. Laborari haiek, osterantzean —zauritua izan zen Oneka tartean zegoela— ez zeukatela inongo eskubiderik pentzetan sartzeko, eta beraz Gurpegik, berarengana lasterka ikusi zituenean, jomuga onik ez zeukaketela igarririk, beldurtzeko tiro bat bota behar izan zuela, baina hain zorigaiztokoa, ezen ustekabean Onekaren besoarekin egin baitzuen topo.

        Arras ongi muntaturiko istorio sineskaitza, lehenengo begiradan bederen. Ez zuten ordea defentsa-abokatu trebe haiek on Antonio eta Aldaz bezalako arerio bi espero, egiarekin hornituak egoteaz gain mertxiken antzekoak, gozo eta atsegin, muinean baina hezur gogorra. Izan ere, zirkunstantzia horrek are errazago bihurtu ei zuen burruka, abokatu defentsariek erabil zitzaketenak azken batean trikimailu legalak baino ez baitziren.

        Eta aldarteak horrela, on Antonio eta Aldaz behingoan konturatu bide ziren defentsariek eginiko huts larriarekin, Patxik bizi-bizi gomutatzen eta kondatzen zuenez: berez desenkusa eta alibi gisa proposatu eta asmaturikoa zena, akusaziogune apropos eta egokia bihurtzea, alegia, Gurpegi eta beraren lekaioak Goñik deitu zituelako joan zirela eztabaidan zeuden larreetara ontzat jotzea. Eurek, on Antoniok eta Periko Aldazek, propio jarritako beita izan balitz, ez zuketen hain era garbian, amu eta guzti, abokatu defentsariek harrapatuko. Zeren hori onartu zuten unetik beretik ez zegoen modurik burrukaren jatorria ezkutatzeko, lehenago epaiketan bertan aurreko eguneko batzarraren berri zehatz-mehatz eman eta on Antoniok egin zituen galderak egin eta geroztik batez ere, nekazariek zertako joanak ziren hara argi eta garbi baitzegoen.

        Patxik zioenez, harakinaren eta Gurpegiren abokatuak ere laster konturatu ziren eginiko errakuntzarekin, baina ez zegoen atzera egiterik, eta hitza eskatu arren, eta laborariek bertan egoteko eskubiderik ez zeukatela behin eta berriro errepikatuagatik ez zuten deusik lortu. Agerian zegoen, aurreko epaiketan larreen hustiaketagatik Goñiren kontrako kondena erdietsi eta gero batez ere: herrienak ziren soroak, ez zegoen halandaze, beraren abokatuek gura bezala, 'jabetza' argudio nagusi moduan erabiltzeko aukerararik. Are gehiago, nekazariak lehenago iritsiak ziren, eta euren artean inork, Gurpegik eta aldrakoek ez bezala, ez zeukan armarik. Nekazariek zentzu hertsian eginikako sarkera legezkoa ez izanagatik ere beraz —eta epaiketa gertatzen ari zen egunean ezaguna zen agian paralegezkoa bai, baina ezlegezkoa behintzat izan ez zena, herrienak baitziren soroak— ez zegoen inolaz ere armarik erabiltzerik. Izan ere, hori izan zen Gurpegiren aitzitiko bigarren faktore arriskutsua.

        Baina, bestalde, gertakariak zelan gertatuak ziren argitu beharrekoa zen, horren arabera emanen baitzuen jujeak epaia. Eta horretan kokoen kaboak zeukan hitza. Beraren lekukotasuna berebiziko garrantzizkoa zen, tokira heldu zenean, hain segur, den-dena ikusi baitzuen, eta haraino joan bazen norbaitek abisua eman ziolako izan baitzen, eta ez presezki, edonola ere, nekazari pobre haiek edota euren aldekoetariko inork. Izan ere, aldez edo moldez erabili gura izan ez zuen gaia, behin eta berriro ezer ez zuela ikusi baieztatu baitzuen. Eta orobat beraren azpikoek, jakina. On Antoniok berak inork ez bazion abisurik eman, zergatik agertu zen soroetan eta halako indarrarekin, zaldi eta guzti, galdetu zionean orduan, gorrotozko keinu desatsegin batez erantzun ei zuen hasieran, baina bere buruaren kontrola berrirabazita, aurreko egunetako etendurak bultzatu zuela horretara erantzun zuen, agerikoa zelakotz zeredozer gogor eta arriskugarri gerta zitekeena. Hain zuzen, nekazariek egindako batzarra irekia izan zela, eta halandaze inongo ahalegin berezirik gabe jakin zuela horrelako zerbait gerta zitekeena. Gainera, beraren lana ez zela lege-hausleak atxilotzea soilik, ezpada lege-hausteei ere biderik eta aukerarik ez ematea. Epaileak berak orduan, zergatik joan zen ordu horrexetan eta ez sarkera gertaturiko unean, ordubete lehenago, galdetu zion, eta eman zuen erantzuna ere erabat zentzuzkoa izan zen, eskua sartu baino lehen itxaron gura zuelako istiluren batek leher eginen ote zuen. Horregatik hastapenean barik ordubete beranduago joatea erabaki zuela, eta irkaitz nazkagarri eta ironiko batez gaineratu omen zuen: eta «Jainkoari eskerrak iritsi nintzen, heriotza baten behaztopo bihurtu baikinen», ez zuen hala ere argitu noren heriotzaz ari zen, Gurpegirenaz ala Onekarenaz, on Antoniok —Aldazek iradokirik— zehatzago egin zezan berba eskatu zionean. Hori entzun eta gero, orduan, eta osterantzekorik ez ziola aterako ohartuta nonbait, itaun gehiago egiteari uko egin omen zion on Antoniok.

        Antza, ez abokatuak bakarrik, alde batekoak eta bestekoak, txapelokerren kaboa bera ere, konturatu bide ziren Gurpegik ezer egiteko ez zeukana. Horregatik zegoen hain amorratuta. Ohartu egin ez zen bakarra, jakina, Gurpegi bera izan zen, berez zen gizon basati, adimenez labur eta izaki arrazionaletan zoritxarrez hain naharo aurki daitezkeen sen behekoenen jopu eta esklaboa. Epaiketa ere ez bide zuen ongi ulertzen, nor eta bera, era guztietako epaile, errege eta nagusiren alde orduak eta ahaleginak emandakoa zena halako egoera batetik igaro beharra. Ordurarte, halakoek emandako justiziaren alde beti burruka egindakoa, hainbat ohoin, uzta-harrapatzaile, anarkista nahiz sozialista zikinen kontra tiro egindakoa, eta orain, lana egitekotan zegoela, goardia zibila bera etorri eta ezer egin ez. Tiro pare batekin den-dena, eta inork ezertxo ere jakin gabe ederto asko amai zitekeenean. Ez omen zuen deusik konprenitzen, antza, ezta ere harako hartan hildakoa bera izan ahal izan zela ere. Edota bai: Errepublika madarikatu hori zen errudun. Lehenago ez zen halakorik gertatzen; eta jakina hor aurrez aurre, halako urrezko mokodun abokatu petral eta ziztrin hori, Ozkoidi separatista alaena. Berak oso ongi baitzekien separatista hutsa zena. Tafallan, Lizarran eta Tuteran ere separatistek emandako mitinetan parte hartua zela baitzekien berak ondo. Baina jakinen zuen ziztrin eta zital hark nor zen Jacinto Gurpegi! Eta pentsatu eta egin nonbait, epaileak agorril bero eta lehor haren 25eko arratsaldeko seietan berak inolaz ere ezin irudika eta espero zezakeen epaia irakurri zuenean —hain baitzen gogorra—: «Jacinto Gurpegi, 20 urte presondegi», on Antoniok eskaturikoa hain zuzen ere. «Arrazoia: hilketa saio huts egina, inongo aringarririk gabe». Eta tupustean ukabilak gora zegoen tokitik on Antonio eta Aldaz jezarrita zeuden aldera jauzi egin omen zuen. Zorionez, alde banatan zeuzkan poliziagizonek gerritik oratu bide zuten eta ez zen gauza izan on Antoniorengana iristeko, baina bai, semeak kondatu zidanez —aitari sarritan entzunikoaren harian— aurpegian keinu ikaragarri batez zuzen begiratuta, on Antoniorengan izugarrizko beldurra sartzeko eta, gerratearen hasieran gertatu zen bezala, beraren beldur ihes eragiteko, nahiz eta ez on Antoniok, ezta beste inork ere, ez zuen gerra-hastapen horretan gertatu zen tankerako triskantza-modurik espero, gogorrak izan zitezkeela erreboltaren ondorioak zelan edo halan igarri arren. Baina on Antoniok esaten ei zuenez, aurrelari ederra ukan zuen Hitler-ek espainiarren artean, aurrelari trebe eta odolzalea.

        Poliziagizonek eskuburdinez lotu eta gero, leloturik balego bezala geratu ei zen Gurpegi. Ez zuen ezer ulertzen: gizon odolgaizto eta laburraren ezinulertze gaixoa, kasu hartan on Antonioren kontra zuzendua, beraren adimen txiki eta erkinean zegoen egoera berriaren kausa ageriko bakarra.

        Ez zuten zorionez on Antonio harrapatu matxinadaren hastapenean Jacintok, askatu eta behingoan, eta beste hiltzaile batzuk, hainbat jende, on eta txar, baina zelanbait errepublikaren aldeko, hiltzen ibili zirenean. Eta beraren kontra jarritako akusazioek bezala, hala etxeetan Iruñan eta Irurozkin egindako miaketek argi uzten zuten ez zeudela prest ezer barkatzeko. Ez zeukan baina intuizio guti on Antoniok, eta azkar ibiliak salbatu zuen, horretarako Euskal Herritik alde egiteaz ordaindu behar izan bazuen ere.

        Patxik kondatu zidanean hau guztiau oso zoriontsu senditu nintzen. Nik neuk on Antoniorekin egon nintzen bakarrean igarritako guztiak ezin zorrotzago betetzen baitziren: alde batetik oso pertsona erlijiosoa zentzurik tradizionalean, baina bestetik euskaldun abertzale sutsuaz gain, erabat gizon justiziazale eta zintzoa, berak on eta egokitzat jotzen zituen hatsarreen alde beti burruka egiteko prest, ez baina ahobero hutsa zelako edo eta bereziki adoretsua —argi ikusten da, halaber, beraren paper eta istorio guztietan beldurrak bazeuzkana eta ezkutatu ere egiten ez zituena—, ezpada egoera larrian ikusten zituen Euskal Herriaren baitan eta euskaldun jendearengan sinesten zuelako. Beraren ahaleginak merezi zutela uste zuelako. Eta zein erraz egin zitzaiokeen Iruñako burjeseriari erkin eta espainiarzalean arrakasta edukitzea bera zen pertsona argi, landu eta ekonomikoki maila onekoa! Baina Euskal Herriaren aldeko suak harrapatu zuen eta bertan kiskaldu, lur harrotu horretatik inoiz uzta berriak sortuko zirelakoan.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus