9

Erribera

 

On Antonio ostera saiatu izan balitz Euskal Herriratzeko baimena erdiesten, lortu zukeen nik uste, beste ezergatik baino ez bada ere anbaxadetako enplegatuak —diplomazian lan egiten dutenak oro har— unean uneko legezko egoera eta agintarien arras menpeko izaten ohi direlako beti, baina era berean baita aski irekiak ere. Edo beharbada doilor eta faltsu, norbaitek guragoko lukeenez, eta fitxak fitxa, harrezkero konturatuak ziratekeelako eurek zeuzkaten datuak, edo eta Madriletik bidaltzen zizkietenak aurreko egoera politikoaren ondorioak zirela bakar-bakarrik. Herioak betiko eroanen zuen baino bost urte lehenago, Santiagoko Espainiar Estatuko anbaxadan eginiko azkenengo saioa arrakastarik gabe burutua izan zelarik baina, ez zegoen on Antonio, antza, berriro ere saiatzeko gogotan. Eta harrigarria da, gerratea amaitu eta hogeita hamalau urtetara, oraindik ere halako kasuak gertatzea. Ez zituzten Txileko anbaxadan, nonbait, edo eta Madrilgo den delako ministerioan fitxak aldatu, edo berriztatu behintzat, eta gerratearen garaiko akusazioek bertan segitzen zuten markatuta, legalki segurutik preskribaturik egon arren. Edozelan ere, beraren bizitzan hain berandu izanik —ordurako zegoen osasun egoera kontutan hartuta gainera— burua arras ondo edukiagatik ere, ozta-ozta egin ahal izan zukeen hainbeste eta hainbeste desiraturiko bidaia, azkenez irreala zela jakin arren, aurrera bizitzeko arrazoi nagusia bihurtu zitzaiona. Beharbada, ez artez eta egunetan orotan aitzina egiteko moduko esperantza konkretua —seme-alaben hazkuntza eta etxean jateko nahikoa edukitzea izan daitekeen bezala—, baina bai norberaren gogoari aurrera joan eragiteko nahikoa kemenik ematekoa. Zeren eta on Antonio Ozkoidiren kasuak bezalakoak dakuskigunean, eta urretik zehatz begiratzen, fede horixe bera idorotzen ohi baita beti, seguru asko botererik inoiz lortu ez duten alderdi komunistetako burkide xeheengan sarritxutan somatzen den fede eta segurtasun bera. Norberak defendatzen dituen ideien zuzentasunean oinarrituak, baina fanatismoarekin zerikusirik bat ere ez daukana. Behin baten Areetako abertzale zahar batek —gerra egindako batek— ziostan legez, «orain erakutsiko baleuste Euskal Herriaren aldeko abertzaletasuna erratua dala, eta gu espainiarrak eta frantsesak gareala, hainbeste burruka egin eta gero, ez neuke aldatuko ja, eta hil arte separatista izaten segituko neuke».

        Izan ere, ni neu horretan ere saiatu nintzen, artxiboak ikertzen hori zergatik gertatu zen jakiteko, alegia, zergatik 1973an oraindik Euskal Herriko hegoaldera etortzeko baimenik eman ez zitzaion jakiteko. Eta zein ez zatekeen nire ustekabea, on Antonio hil eta urtebete t'erdira —ikerketa orduan egin bainuen guti goiti beheiti— oraindik ere auzitegiko fitxak bertan segitzen zuela ikusteko aukera eduki nuenean. Eta jakina, akusazio berberekin. Heriotzako orduan Txiletarra zelarik hiritartasunez, beharbada uler daiteke hortxe segitzea, alegia, heriotza-ziurtagiririk ez edukitzea eta horregatik fitxarekin deusik ez egitea. Baina seguru nago Txileko anbaxadan zerbait jakin bazekitena, Santiagoko egunkari gehienetan agertuak baitziren beraren heriotzari buruzko artikulu eta hiletak iragartzen zituzten eskelak, eta denek kondatu zelan etorria zen herbesteratua euskaldun abertzalea izateagatik eta abar. Gainera, on Antoniok azkenengoz baimen-eskabidea egin zueneko garaiko kontsula eta hil zeneko urtekoa berbera zen, halandaze seguru nago gura izatekotan zeredozer egin zuketela, adibidez, beraren heriotzaren berri Madrilera bidali, beste edozergatik ez bazen ere artxiboan toki gehiago izatearren. Iruñako artxiboko harrigarriena haatik ez zen hori izan, hots, on Antonioren heriotzaren berririk eza, ezpada gorrotoz aiherturik zegoen norbait, eta antza egindako akusazioak ezin preskriba zitezen —arazoa beti ere Erriberaldeko lurralde batzuen jabetza baitzen— 1956an berregindako akusazioak, norenak ziren ezin jakin zedin, azpian jarritako sinadura ulertzen ez zelarik.

        Horretan ere, fitxen bilaketan, Mikel Ozkoidik berak lagundu ninduen, ezpabere nik neuk, berez inoiz eduki ez dudan historiagile-karneta aurkeztuz ere —lanbidez kazetaria bainaiz— on Antonioren fitxa ikustea erdietsi ez bainukeen. Bera semea izanda baina, eta aitaren heriotza-ziurtagiria erakutsita, azkenez Iruñako auzitegiko funtzionariak on Antoniori zegokion karpeta handia utzi zigun hantxe, auzitegian bertan irakurtzeko. Hain zuzen ere, behingoan eta irrikaz zabaldu genuen karpeta —ia ez ginen gauza izan mahairaino iristeko irakurtzen hasi baino lehen— eta ikusi genuen lehenengoa zera izan zen, izena eta deiturak, argazki zaharkitu bat eta ondoan lumaz gehitua, baina aparte, marginan, horrelako zerbait ez baitagokio, nonbait, auzitegi bateko fitxari, rojo-separatista, muy peligroso. Eta Mikel Ozkoidi eta biok barrez hasi ginen. Izen-abizenen azpian lanbidea zegoen idatzita, Iruñako helbidea eta hondarrean afiliazio politikoa, honetara jarria:

'Separatista, Partido Nacionalista Vasco.

Dirigente extremadamente peligroso'.

        Beherago akusazio konkretuak agertzen ziren. Lehendabizikoa, 1936ko agorrilaren 4an jarria, horrek esan gura duenarekin: beraren bila inongo akusazio legal eduki baino lehenago hasi zirela, eta beraz altxamenduaren lehen egun haietan harrapatu izan balute, on Antoniok ondo asmatu zuenez, Nafarroako beste horrenbeste ezkertiar eta abertzaleren moduan, garbitu baizik ez zuketela egin. Akusazioa —banan-banan sei soro euren neurriekin aipatzen zirelarik— Zarrakazteluko Avelino Peralta Urrozen jabetzaren aitzi egindako abokatulanaren salaketa zen, hau da, 1933. urtean gertatuko epaiketa baten on Antoniok nekazari zenbaiten interesen alde eginiko defentsalanaren kontrako akusazioa, zeinaren ondorioz, on Antoniok ordezkaturiko Zarrakazteluko sei laborari pobre eta lurgabeen artean aipatu sei soroak banatuko baitziren. Salaketaren forma: ohonkeriarako laguntza.

        Ondoko salaketak forma bera zeukan, eta hilabete beranduago bakarrik jarrita zegoen. Alesbes eta Milagroko antzeko kasu bat zen, edo bi zehatzago izatekotan, baina elkarren ondoan, herrien mugan zeuden eta jabe bakarrarenak ziren edo jabe bakarrak behintzat erabiltzen zituen soroei buruzko eztabaida zen auzia: soroetako bakoitza herrilurretatik —bata Alesbes eta Milagroko herrilurretatik bestea— zatikatua eta alokatu edo izana zela herriok karlistaden ondoko egoera ekonomiko larrian aurkitu zirenean. Eztabaida 1932an erabakitako epaiketa baten konpondu zen. Kasu horretan ere herrien jabetzaren aldeko emaitzarekin, geroago lau nekazari lurgaberi banatu eta alokatuak, baina kasuon —Zarrakaztelun behinik behin ez zen hori gertatu— gerratearen hasierako uneetan afusilatuak. Antza, ez aski izan lau heriotzarekin, eta salaketa egiten zuen Pascual Goñi Oteiza izenekoak hildakoen abokatua bera ere harrapatu guran zebilen. Sinestezinezko gizarte basatia, ematen dio norberari pentsatzeko gogoa, kontrakoen abokatua bera ere, on eta trebe izatekotan bereziki —on Antonio dirudienez zen bezalakoa— hil gura zuena. Antzinatean edo eta Erdi Aroko garaietan berri txarren ekarle ziren anbaxadoreen hilketa dakar horrek gogora. Ez da horregatio harritzekoa, Milagron eta Alesbesen bertan gertatu zirenak kontutan hartzen baditugu behintzat, altxamendua hasi eta behingoan Milagron 78 hiritar eta 40 Alesbesen hil baitzituzten ezelako epaiketarik gabe ezkertiar izate hutsagatik. Eta bertako herritarrek kondatzen dutenez, Milagroko erretorea bera ere, kulpitutik barkamena eskatzeagatik pozoindu edo egiten zutela.

        Azkenez, ondoan, 1936ko urriaren 24an izenpeturiko salaketa zegoen, aurrekoei indar gehiago edo emateko moduan jarria: 'aberriaren batasunaren kontrako sedizioa'. Kasu honetan ez zen besterik agertzen, salatzailea, aurrekoetan bezala, ordea bai. Eta hor zegoen hain zuzen gakoa, Jacinto Gurpegik sinatzen baitzuen, Artaxonako Jacinto famatuak, alegia, Mikel Ozkoidik azaldu zidanez, eta ulertarazi, gerratean ere presondegitik atera eta behingoan, Berbinzanako Sudurtaloa edo Benito Santesteban bezala —Iruñako elizorniduren saltzaile nagusia— beste askorekin batera hainbeste jende hiltzen ibili zena. Eta nolako ankerkeriaz. On Antoniok berak, Txileko etxean aurkitu nizkion egunkariko orrialdeetan aipatu bezala, militarren matxinadari beldur izateko arrazoietako bat horixe berori zelako: berari esker hogei urteko gartzelaldia jasotako Jacinto Gurpegik zeredozer eginen ez ote zukeen beraren kontra. Bat-batean askatuz gero batez ere. Eta Mikel Ozkoidik, semeak, geroago ezagutuko nituen basakerien berri izan baino lehenago, auzitegiko mahai hartan aitari entzunikoa errepikatu zidan bezala, beldurgarria baitzen delako Jacinto Artaxonako hori. Horrexegatik sartu zuen berez guztiz eskumatarra zen epaileak hogei urtetarako gartzelan. Izan ere, Errepublikaren hasieratik lurjabe aberatsen alde eginikoak, eta nekazari txiroen kontra jakina, hain izugarriak izandakoak ziren, non gerratearen hasiera latz hartan bakarrik gaindituko baitzuen bere gailurra: Nafarroa osoko bide eta errepide-bazterretan jendea trumilka hiltzen ibili ziren halako hiltzaile-taldeetako baten buru jarri zelarik behin presondegitik atera eta berehala. Ordukoan, ordea, ez zen bera bakarra izan eta, zorigaitzez, astakerietan nagusi.

        Hiru akusazioen ondoan espedienteak zeuden, ia berrehun orrialde, tartean mapa batzuk ere bazeudela, segurutik aipatzen ziren soro eta larreena. Abagune hartan ez nituen horregatio zehaztasunez begiratu, irakurtzen hasi orduko argi eta garbi baitzegoen zehaztasun eta nahasketa teknikoak gora-behera, batzuetan legeen ikuspegitik oso interesgarriak, kasuak justiziaz irabaziak zituela on Antoniok, eta abokatu onaren trebezia teknikoaz irabazi ere, noski. Espedienteok, beranduago, Ozkoiditarrek emanikako baimen ziurtagiriztatu batez auzitegian egonen nintzen lau alditan irakurriko nituen, baina lurraren jabetzaren historiarekin interesaturik dagokeen historiagile bati ez bezala, ez nuen nik halakoetan bereziki interesgarririk aurkitu, nire jomuga on Antonio bera zelako, eta ez hainbeste halako arazo azken batean teknikoak. Horregatio, ez zirudien horrenbesterako zenik han agertzen zena, hau da, 'gerrakrimenak' eginak zituela esateko modukorik, Txileko enbaxadan birritan bederen erantzun ei zioten bezala. Horregatik beste mutur batetik abiatzea erabaki nuen, ahal banuen on Antonioren bizitzan hain garrantzitsu izan ziren pasadizu horiek berreraiki ahal izateko.

        Seme-alabek eman ziezadaketen informazioa arras zen mugatua, pasadizu horiek gertatzean nahikoa gazte baitziren. Mikel Ozkoidik, esate baterako, hamar urte baino ez dauzka Errepublika ezartzen denean, eta Josuk, hamahiru edukita, ez zen askozaz gehiago gogoratzen garai haietan aitak lorturikoaz. Azken baten, eurak ikasleak izanik, zeuzkan lan eta betebeharrei buruz egiten zituen iruzkinez edo eta lortzen zituen garaipen eta arrakastez aitari hainbat gauza entzun arren, ez zen adin horretan euren axola nagusia, ez behintzat euren kezkarik behinena eta gomutatzeko modukoa. Carmen Leranoz, emaztea, zegoeneko ere hilda zegoen, Elisa Sanzberro neskamea ez esateko, eta emaztea legez baita on Antonioren lankideak izaniko Periko Aldaz eta Fermin Larraioz ere bai. Beraz ez zegoen —handik edo hemendik solte aurki zitekeen faxistaren bat izan ezik— argibiderik artez eman ziezadakeenik. Eta ez dut uste, inoiz aurkitzen saiatu ez naizen faxista horiek pertsonarik egokienak ziratekeenik horrelako gai bat erabiltzeko, gerratean eurek burutu zituzten ekintzak ez zirela bereziki miresgarri eta laudagarriak izan kontutan hartzen badugu batez ere. Garaiko egunkariak hartuta batetik, orduan, eta bestetik auzitegiko agiriak bezala, hala Zarrakaztelura, Milagro, Alesbes, Karkar, Martzilla, Artaxonara eta bestera egindako bidaiak, han gertaturikakoak berreraikikitzen saiatu nintzen zelanbait, duela urtebete Iruñako lagun baten aitona eta laurogeita bost urteko agure milagrotarra aurkitu nuen arte, Patxi Urdirotz, Errepublika etorri baino lehen, Zarrakaztelu eta Martzillako lagun pare batek bultzaturik abertzale bihurtua, eta beraz on Antonio Ozkoidi eta garaiko jazoera guztiak ondo baino hobeto ezagutu zituena.

        Eta oraino bizirik, berak esaten ohi duenez, gerratean karlistekin batera frontera joateko abagunea eduki zuelako.

        Matxinadak Iruñan bertan harrapatu omen zuen, han bizi zen izeko bati etxean bisita egiten zegoela. Gauzak argitu arte bertan itxarotea erabaki ei zuen, baina hiru egun pasa eta gero, afusilamenduak hasten zirela ikusita, jakin zuelarik Iruñako karlistekin lotu egin zitekeela Molaren agindupean frontera joateko, hala egin zuen, han Iruñan —herrian ez bezala— inork ez baitzuen ezagutzen. Beraz, bizitza ez galtzearren, beste hainbesteren modura, bere herkideen aitzi —euskal gudarien kontra— burruka egitera joan zen. Gipuzkoako frontean hiru hilabete eman omen zituen, baina Jainkoari esker, laster Madrileko frontean gertaturiko hilen ondorioz —ez zuten eta jeneral matxinatuek Espainiako hiriburuan ediren zuten erresistentzia inondik ere espero— hara eraman zuten. Oso hilabete gogorrak izan ei zitzaizkion Gipuzkoako horiek, beraren kontzientzia zela eta batetik, eta ondoko karlistak bestetik, kontu handiz ibili behar zuelako, gura bezala bestaldera tirorik ez botatzeko. Madrilen ia urtebete eman zuen, eta egoera nahikoa antzekoa izanik ere, ez ei zitzaion hain gogor egin, zeren berari egokitu zitzaion frontean alde batekoek eta bestekoek burrukan egiten zuteneko luebanak elkarrengandik nahikoa urrun egonda, errazago izaten omen zen aurrean nor zeukan ez pentsatzea. Beranduago, ordea, Ebroko frontera eroan zutelarik, errepublikarren erasoarekin eta ibaia ustekabean igarotzean gertatu ziren 'boltsa' izugarri haietako baten, milaka soldadu 'faxistekin' batera altxatu zuten preso. Baina errepublikaren aldekoa zela esan eta gero, alegia, euskaldun abertzalea, hori egia zela frogatzearren, Kataluniako espetxe batera eroan zuten. Bartzelonan, orduan, Euzko Jaurlaritzak zeukan ordezkaritzan bere agiriak aurkeztuta, eta ziurtagiria lorturik, armada errepublikarraren unitate batean sartu zuten. Dirudienez, Bartzelonako euskal ordezkaritzan inork ez zuen bera ezagutzen, baina bazeukaten Nafarroako alderdikide abertzaleen zerrenda bat, bai PNVkoak zein ANVkoak, eta beraren izena haietan zegoelarik ziurtagiria egin zioten eta gartzelatik ateratzeko agindua eman. Horrela azaldu zioten Patxiri behintzat, behin gartzelatik atera eta gero, ordezkaritza horretatik pasatu zenean. Hara heltzean baina, izenez ez bazen ere, Patxi bistaz ezagutzen zuen alderdikide nafar bat ba ei zegoen, irunseme bat, Erribera aldean egindako mitinetan ikusia zeukana, ez baitziren hainbeste ondikotz, Patxiren moduan, inguru hartako abertzaleak. Kataluniako frontean burrukan egin eta gero —azkenez, ia urte bi arerioekin egonda, lortua zuen berea zeukan jendearen alde egin ahal izatea— gerratearen bukaerarekin, Frantzia aldera iraganik, Gurs-eko kontzentrazio zelaian ere egon zen, frantsesek euskal hiritar gehienak jarri zituzteneko tokia, 1945ean ororen buru Hegoaldera itzuli ahal izan zelarik. Herrira, Milagrora, ez zen antza hiru urte beranduago arte joaten ausartu, eta amari hainbat urteren ondoren bisita egin zionean, 1948ko irailaren 5ean, faxisten odolegarria nahikoa aserik omen zegoen bera bezalako bat hiltzeko edota gogait eragiteko. Ordurako, berrogeita hamairu urte zeuzkalarik gainera, ahaztuta edo zeuden.

        Oso esperientzia politak izan ziren berarekin erabilitako elkarrizketaldiak, adin horretan izan arren, oso oroimen on eta argikoa baitzen, eta adin horrexetan arrunt eta ohiko ere den handik eta hemendik desbideratzeko joera zorrotza bazeukan ere, hainbeste pasadizu berri kondatu zidan eta beste horrenbeste datu zahar baieztatu. Zeren Errepublikaren ezartzearekin Erriberako herritar pobre eta zuzen guztien nahikundea biztu omen zen, behin betikoz lurraren arazoa konponduko zelako esperantzarekin eta era horretan nagusi zen pobrezia zelanbait apalduko. Eta horretan saiatu ziren, bai eta horregatik ere gero, sufrituko sufritzeko zeudena.

        Patxik, espero zitekeen moduan, Milagro-Alesbesko kasua ezagutzen zuen hoberen, beraren herrian gertatua izateagatik jakina, baina orobat bera abertzalea izanik on Antoniorekin harreman zuzenak edukia zelako kasu hori zela eta, bera izan zelarik Martzillako batzokian galdeturik, hangoen laguntzaz bere herriko eta Alesbesko nekazariei on Antoniorengana joatea proposatu ziena. Bazekitelako Martzillako abertzaleek alde batetik ondo defendatuko zituela —hori izanik beraren lanalor nagusia, administrazio-zuzenbidea— eta bestetik on Antoniok eginen zuen defentsa, defentsa hutsa izanen ez zela, benetako ekintza sutsua baizik, abertzalea izateagatik lurraren arazoetan UGTkoen erara pentsatzen baitzuen. Izan ere, «horixe bera baita —ziostan Patxik— abertzale guzien jomuga: euskaldun guzien arteko demokrazia eta berdintasun soziala».

        Arazoa berez oso erraz zen konpontzekoa. Interesak, aitzitik, handiak eta kontraesankorrak. Mendearen hastapenean hasita jadanik, hainbeste eta hainbeste epaiketa eta epairen ostean argi zegoen herrilurrak herrienak zirena, alegia, benetan herrilurrak zirena. Soro horiek karlistaden osteko egoera ekonomiko latzak lagunduak soilik erdietsiak zeudela geroztik erabili eta ustiatuta zeuzkaten burjeseria liberaleko kide aberatsek edo eta aberastuek, eta hori behin betikoz argiturik beraz, herriko agintariek berek, udaleko kideek alegia, behar zituztela lurrok laborari lurgabe eta txiroen artean alokatu. Jakina, udal askotan eskumatarrak zeuden nagusi, horrek, nahi eta ez, zekartzan era guztietako trikimailu, atzeramendu eta gibelatzeekin: ahal zutenak oro. Hainbeste non Errepublikaren hasieran oraindinoko, hamaika kasu baitzeuden konpondu gabe. Horietako bat on Antoniok 1932an lorturiko epaiaz ebatzi zen, herri horietako lau nekazariren artean, Higinio Pórtoles, Antonio Morentin, Federico Zabala eta Crescencio Arruazu, banatu zirelarik eztabaidan zeuden herrilurrak, Milagro eta Alesbesko udalek, jakina, egindako alokairu baten bidez. Ordurarte, aurreko berrogeita hamar urteotan, gero gerrarekin salaketa eginen zuen Pascual Goñi Oteiza izenekoak berak —eta bera baino lehenago beraren aitak— azienden alhaleku gisa ustiatuak zeuzkaten, beti ere lur horien benetako jabeak ziren herriei —Milagro eta Alesbesko udalei— ezer ere ordaindu gabe. Goñi liberala omen zen eta Errepublikaren hasiera arte, inongo oztoporik gabe ibilita zegoen. Horretarako, jakina, udal eskumatarren jokaera arras garrantzitsua izana zen, jokaerarik eza izaten zelarik jarraibiderik ohikoena, hau da, jaramonik ez egitea. Ez ziren saiatzen herriarenak ziren soro eta larre horiek berrerosten, eta Goñiri, esate baterako, dirutan guti eduki ez arren, ez zioten ezer esaten, ez deusik kobratzen, nahiz eta sarritan, herrilurrekiko arazo legaletan ez sartzeko argudiorik erabilienetako bat diru-falta izaten ohi zen. Eta hortxe hasi ziren kontuak 1931n, herri bi horietako nekazari guztiak, kasuarekin jakitun, protesta egiten hastea erabaki zutenean, Patxi Urdirotzek zioen bezala, urte batzuetan benetakoa zelako herriotako hainbat familiatan pairaturiko gosea. Izan ere, oraindinoko ba ei zegoen Milagron bederen leizezuloetan bizi zen jenderik.

        Lehenengo eta behin, eta gauzak behar ziren moldean egiteko, Alesbesko plazan nekazari-batzar ireki batean erabaki ziren betebeharrekoak, eta egoera ikusita, zozketa behin-behineko bat egin eta gero, baita nortzuei zegokiekeen larre bi horien ustiaketa ere, alesbestar bi eta milagrotar bi. Hurrengo herri bietako udaletxeetan eskabideak egin ziren, eta astebetegarrenean ihardespenik jaso ezean, espero zitekeen eta gertatu zen legez —eskuindarren eskuetan zegoen eta herri bietan alkatetza— herriko nekazariek berriro batzartu eta gero, soro horietan sartu eta lurra lantzen hastea erabaki zuten. Batzarrak beren beregi irekiak izan zirelarik —mundu guziak jakin zezan zer zen gertatzekoa— 1931ko urriaren 20an eta garia ereiten hastekotan, larre bietan sartuko zirela erabaki zuten. Eta Patxik oraino bizi-bizirik gomutatzen zuenez, aurreko egunetan uki eta ganibetaz moz zitekeen teinkadurako giroa ba omen zegoen herrietako kaleetan. Izan ere, beldur zen jendea, txapelokerren beldur zalantzarik gabe, goardia zibilak betidanik izanak baitira aberatsen aldeko, eta Errepublika izateagatik ere, jende xeheen jakinduria oso gutitan erratzen delarik, bazebilen tiroka paratuko ziren beldurra. Baina era berean handia zen eskumatarrek eurek egin zezaketenarekiko beldurra, bazekitelako jakin modu errazez amore emanen ez zutela. Edozelan ere, euretako asko eta asko prest zeuden behar ziren guztiak egiteko, kontrako aukera gosea besterik ez zelako. Urriaren 19an halandaze pasa ei zen ahoz aho seinalea: biharamuneko seietan larretan sartu, eta Goñiren azienden unan-maizterra idi eta behiekin iritsi baino lehen sartu ere, ohi zenez, goizaldeko zazpietan iristen baitzen larreetara, Goñiren azienden ikuiluak Azkoienen zeudelarik, handik ekarri behar zituelako. Are gehiago, Goñi bera ere ez zen ez Milagron, ez eta Alesbesen bizi, Azkoienen baizik, herri horretan hainbeste saltokiren ugazaba baitzen (taberna, harategi eta janaridenda). Izan ere, eta horregatik, istilu eta katramilak hain handiak izanen ez zirela espero zuten okupazioa egitera zihoazten nekazariek, euren herrietako inor ez baitzegoen arazoarekin lotuta.

        Gertakariak, ordea, oso arin aitzineratu ziren, beraren langileak barik, zikiro matrakalari aldra bat igorri baitzuen Goñik, eta guztien buru, dirudienez, garai haietan Nafarroa osoan zegoen astozamaririk handiena, Artaxonako Jacinto Gurpegi. Halaz ere, astakeria eta egitada ikaragarrietan ikustekoak oraindino ikusteko ziren, hain zuzen gerra-fronterik gertatuko ez zen Nafarroan, eta hasiera-hasieratik matxino eta faxisten esku —ekintza horien egileen esku hainbaten—, gertatuko zen herrialdean.

        Arras zen famatua Gurpegi, hamabost urte baitziren Lizarra, Herriberri eta Tuterako merinerrien lurjabeak laguntzen eta laborari pobre eta lurgabeak, sarritan sozialista edo anarkistak, ikaratzen ibiltzen zela. Eta egokiera hartan ere, 1931ko urriaren 28an, aldean zeroatzan beste zortzi lekaiorekin batera, gauza bera egitekotan joan bide zen geroago epaiketan eztabaidagai izanen ziren soroetara. Goizeko zazpiak ziren iritsi zirenean eta ordubete eskas beraz Alesbes eta Milagroko nekazariak lanean hasita zirenetik. Halako zeredozer gertatuko zela espero bazitekeen ere, ez zen hori hipotesirik zentzuzkoena, alegia, bederatzi astapitok erasotuak izatea, eta ez alkatearen aginduz —eta fusilez hornituak jakina— segurutik zaldiz etorriko zen goardia zibilek kolpatuak. Baina gosea beste etorkizunik ez zuten nekazariak ez zeuden prest soroetatik bidaliak izateko, ez zeuden bederatzi astakirtenek, armatuta egon arren, inguratuak izateko beldurrez. Tupustean agertu omen ziren. Jendea, baina, lanean egon arren adi zegoen, zeredozer jazoko zela bai baitzekien. Zeren agerian zegoen eskuindarrak horrelako ekintza bat besterik gabe ontzat jotzeko prest ez zeudena.

        Tiro bat bota zuten, Gurpegik berak seguru asko, baina zeru aldera antza, inori ez jotzeko moduan, eta ahots goraz:

        — Alde hemendik lapur alaenak!

        Orduan konturatu bide ziren —Patxik zioenez— ibaialdean zeuden madarikatu haiekin. Lehenengo keinua denak lurrera botatzea izan zen, baina laster batean, eta inork agindu berezirik eman gabe, jaiki eta larreetan zeuden berrogeita hamar nekazarietarik hogei bederen, guztiz gizkonkote handia zen Teodoro Onekaren atzetik ariniketan zuzendu ei ziren gizon abere haiengana. Artaxonako piztitxarrak, antza, inolaz ere ez espero halako erantzun adoretsua, eta zur eta lur geratu omen zen. Bost segundoz behinik behin ez zuen inongo erantzunik eman. Nahikoa, hain zuzen, Oneka eta berarekin zihoazenak eurengandik berrogei bat metrotara egoteko. Lekaioak beldurtuta orduan, atzerantz jotzen hasiak zirelarik, piztitxar harrosko batek bakarrik egiten ahal duen moduan, eta bere indarra erakustearren, aldean zeukan pistola altxatu eta, destatu gabe ere, guztien buruan zetorren Teodoro Onekari tiroa bota. Zorionez, besoan jo zion bakarrik. Baina ustekabeagatik, eta minagatik ere segurutik, lurrera jausi egin zen. Ondotik zetozen lau mutil gazteak, baina, ez ziren bat ere kikildu eta are bizkorrago jo zuten Jacintorengana, ordurako, berrogeita bost urteko gizona izanik, ezin izan ziena lasterketan ihes egin. Hura harrapatu eta ostikada batez pistola lurrera bota eta gero, burrukan hasi omen ziren. Beste morroiak alde eginda zeuden jadanik, hiru ibaian sartuta, eta beste bostak harrezkero inor somatzen ez zen bideren batetik. Eta Gurpegiri merezi zuen bezalako astinaldia jotzekotan zeudenean, agertokian falta zirenak agertu ei ziren: kokoak. Eta Milagroko kaboa buru zutela, Erribera guztian gaiztoen izatearen fama zeukan txapelokerra agertu ere, ondoko Errioxako Alfaro herrikoa eta Aramendia izenekoa. Zaldiz. Patxik jazoera kondatzen hasi zitzaidanean triskantza bat gertatu zelakoan nengoen, baina kabo hura zen pertsona txarra eta guztiz ere, ez zen dirudienez ergela, eta jendea sakabanatu zuen arren, agintean zegoen Errepublikaren eraginez ez zuen inoren kontra erasorik egin. Izan ere, gazte haiek konturatu zirenean kokoak horrantz zihoazela, berehala utzi baitzioten Gurpegi astintzeari, eta eurek ere toki seguruago bati buruz egin zuten atzera. Baina han zeuden guztien harridurarako, argi zegoen zaldietan zetozenek eraso bereziki gogorrik egin gura ez zutena, zeren turuta jo eta gero, derrepentean gelditu baitziren burruka gertatzen ari zen lekutik eta hamar metrotara. Antza, Alesbes eta Milagroko eskumatarrek, gertaturikoak gertatu, eta aipaturiko etendura gotorragatik ere, ez bide zuten benetan tankera horretako lur-hartze erabakigarririk espero. Kaboa orduan, deusik esan gabe Onekarengana hurreratuta, baina ezta bere mespretxu-begirada ezkutatu gabe ere, eta han zegoena ikusirik, medikuari dei ziezaion agindu zion beste guztiak bezala zaldiz ere etorritako guardia bati. Hogei bat minutu beluago iritsi ei zen Milagroko medikua bere automobilean. Bitartean, ordea, beste goardia batek, eta odolust ez zedin, lotura bat egina zion besoan Onekari. Izan ere, inork ere egiteko agindu ez omen ziona, ezta hor minetan eta konortea galtzekotan zetzan zaurituak berak ere eskatu. Baina antza, bera zelarik nafar eta gainera Erriberakoa zen goardia bakarra, ez kaboak, ez beste 'numeroek' ez ei zioten ezer esan edo eta eragozpenik jarri Onekarengana joanda, besoko zauria begiratu eta beraren brusaren zati batekin besoa lotu zionean. Medikuak zorionak eman omen zizkion, beraren lana izan bide zelako hogei minutu horretan Onekaren bizitza benetan salbatu edo zuena, zauria lar arriskutsu izan gabe ere, odolustutzeak benetako arazoak sortu ahal izan baitzizkiokeen.

        Milagro eta Alesbesko nekazariak harriturik eta beldurturik omen zeuden, zer egin jakin gabe, lanean segi, edo etxera alde egin kokoekin eragozpen gehiago ez izatearren. Azkenez, eta Onekaren egoera ikusita, baina orobat kabo madarikatuak hantxe bertan segitzen zuelako bere zaldunekin —hamabi bat guztira, baina zeuzkaten iskiluekin aski armarik gabeko berrogei bat nekazarien artean edozelako triskantza egiteko— ahapetik etxerantz abiatzea erabaki zuten, arazoa biztuta zegoelakoan eta herri bietako udalek orain zeredozer egin beharko zutelakoan.

        Eta abagune hartan ez zen ezer gertatu, Errepublikarekin ez baitzen kaboa bihotzetik ateratzen ei zitzaiona egiten ausartu 'lapur alaen zikinok' egin baitzukeen gustura heiagora eta gizon zarpail haiek gogoz astindu— eta Milagro eta Alesbesko udal eskuindarrek Onekaren zauria eta honek jarririkako salaketa ikusirik, eurek ere Gurpegiren kontrako salaketa jartzea erabaki zuten. Udal bietan zeuden zinegotzi ezkertiarrak izan ziren bultzatzaileak, zalantzarik gabe, baina orobat eskumatarren artean agerikoa zen kontzientzia txarra ere, argi baitzegoen kasua ordurarte deusik ez egiteagatik, eta Goñiri alokatuak zeuzkan larrengatik ezer ez koberatzeagatik gertatua zela, hainbat eta hainbat herritar, langabezia zela bide, ahoari zer eskain ez zeukan bitartean.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus