8

Txileri buruz

 

«Egia erran, batzuetan harritzen naiz nolatan egon ziren hain denbora luzean horren maitemindurik aita eta ama. Horri eskerrak hil da aita —Orixek zioen bezala— gizakiaren urteak beterik eta aunitzez beranduago, 70 urterekin ez ezik, 88 urterekin hil baitzaigu Txileko atzerri horretan, eta hil baino lehenago, zerorrek ikusi zenuenez, burua beti argi. Izan ere, ia bukatu arte ama egon zelakotz berarekin izan zen gai, nik uste, aitzina egiteko; gure ama, dakikezunez, laurogei urte zeuzkanean hil baitzen duela sei urte ustekabean, baina guziz ongi zegoela, zahartzen, jakina, hasia bazen ere.

        Gerratearen hiru urteak, II. Mundugerra hasi arteko garaia alegia, aitak, osaba Karmelok eta Josuk iparraldean eta Frantzian egin zituzten. Gu geu, aldiz, Irurozkin gelditu ginen, Zangotzako aitatxi-amatxiak bisita egitera etortzen zitzaizkigula inoiz edo behin. Ez ginen ordea deus egitera ausartu, zeren Iruñako etxea 'ofizialki' ebatsi zigutelarik —gure aita 'gorri-separatista' izanik 'bahitu' egiten zigutela erran zuten haiek— eta osaba Miguel, gertatuak gertaturik, eta aski zahar izanik jada, estimatzen zuten ezagun faxista batzuek 'aholkatu' zutelarik Iruñara ez sobera agertzera —seguru aski bizitza salbatu zion Loperena bera tartean ere bazegoela— erabaki genuen hobe zela gutaz ahantz zitezen eta ikusi ere ikus ez gintzaten. Horregatik, ahal zen gehien Irurozki eta Urraulgoiti inguruko herrietatik ez mugitzea bezala, hala erabaki genuen ere ahal zen isilen egotea are makurragoei ihes egin behar ez izateko. Hala bada, hiru urte horietan, zenbait afera konpontzeko eta bere etxeari begirada bat emateko osabak Iruñara egin zituen lau bidaietan izan ezik, inor ez zen gure etxetik mugitu. Izan ere, den-dena falta zen garai hartan —eta erremedio medikoetan ez gutiago— halako kasu bereziki zailen bat konpontzeko inoiz edo behin Artiedako medikuari eskainiriko laguntzatik aparte —deus kobratu gabe noski— Irurozkin egon zen osaba beti, nirekin batera anaia gazteen hezkuntza formalaz arduratzen zela. Zeren ahal zen gutien agertu-nahi horregatik ere, Andoni eta Xabier eskolara ez joatea hobe zela erabaki baikenuen. Gerratea zela-eta, gainera, Irurozkin ez zegoen maisu-maistrarik eta gure gaztetxoak Azparreneraino joan behar izan zuketen. Izan ere, zazpi eta sei urteko haurrentzat aski urrun zegoen eskola. Azparren bestalde, lehenagotik ere karlista-kabi famatua izateaz batera, ondoko herrietako jendearen erranetara behinik behin, jende gaizto eta ez hain onen bilgunea ere bazen. Eta beti bezala, ororen buru apeza zebilen, bera zelarik, orduko koldar guzien gisara, balentrietan gehienak eta gaiztoenak egiteko prest zegoena.

        Miren eta biok, aldiz, hiru urte galdu genituen gerratean, gure belaunaldiko bertze hainbatek bezala, ez ikasi ez eta lan egiteko aukerarik ez baikenuen izan. Nolanahi ere, osabak medikuntzako bere liburuak hostokatzen has nendin saiatu zen eta lortu, eta berari zor diot orain dudan lanbidea, Txilen ikasketak burutu eta gero.

        Ez zuen amak inoiz protestarik egin, ezta ere aitak Donibane Garazitik eginiko telefono-dei haren ondoren Orbaitzetako Ajestaren bidez —1936ko uztaileko ihesean lagundu eta uharka igarotzeko txintxorroa utzi ziena— gutuna bildu arte urtebete joan zenean. Arrontekoa zelakotz aitari zion konfidantza, harentzat zutiko eta makulu behar-beharrezko bakarra. Eta 1939an ere, alemanek II. Mundugerra hasten dutenean, aitak —segurtasun pertsonala zela eta— Ameriketara joatea komenigarria izanen zela uste izaten hasten denean, eta amari abisua ematea erdiesten duenean eta galdetzen, ea beraren ustez ona litzatekeen ama bera eta seme-alabak —gu guztiok alegia— Josu eta berarekin batera, Atlantikoaz bertzaldera alde egitea, erantzuna bat-batekoa da eta ez du duda-izpirik uzten. Pasaporteak eska eta guziok, osaba Miguel gauzen arduradun utzirik, Santurtziko portutik Txileri buruz abiatzen gara 1940ko otsailaren bian.

        Pasaporteak erdiestea nolanahi ere ez zen erraza izan, eta orduan ulertu genuen ongi zein zen aitaren benetako arazoa. Oraino ere, eta boterearen nagusi izanik are gehiago, bazegoen Nafarroako jabe berrien artean gure aitak Erriberako laborarien alde eginiko defentsekin oroitzen zenik, eta agi denez, barkatzekotan edo eta ahanztekotan ez zegoenik. Gainera, ba omen zekiten gure aita ez zela abertzaleen artean beti egon ohi den 'autonomista' epel joerakoa, baizik eta guri etxean bai berak eta bai amak beti irakatsi bezala, 'separatista' arradikala zela. Inolaz ere ezin barka zitezkeen bekatuak beraz, non eta ez zen eskaintza sakrifizial baten bidez, odola isurtzea nahi eta ez beharrezkoa egiten zuena.

        Ordukoan ere Loperena izan zen osaba Migueli laguntza eman ziona, osabak telefonoz deitu eta gero bisita egin zionean Iruñan. Hara joan baino lehen den-dena prestatu genuen osabak eta biok, jaiotza-agiriak, identitate-agiriak, amaren portaera oneko agiria, Irurozkiko apezak, gure etxekoen lagun, uzkur egin gabe sinatu egin ziona, eta hagitz ongi oroitzen naizenez, guzion argazkiak, aski zail izan zirenak erdiesteko. Guk bagenuen argazki-makina bat etxean, baina ez errebelatzeko tresneriarik edo eta jakituriarik. Azkenez, osabaren lagun medikuak, Artiedako mediku hark berak egin zizkigun, bera zelarik inguru hartan, argazkigile profesionalik egon ezean, argazki kontuetan zaletua zen pertsona bakarra. Nolaz egin zuen ez dakit, baina hiru hilabete pasa eta gero, Loperenak osabari deitu zion pasaportea bazuela errateko, eta denok, Mirentxu, Xabier, Andoni eta laurok, amarekin batera pasaporte berean geundela. Hogei urte izan arren neroni ere bai, orduko legeen arauera heldugabea bainitzen oraino, eta halaber, zer erranik ez, Miren, Andoni eta Xabier.

        Hilabeteko itsasbidaiaren ondoren, Txileko portu nagusian, Valparaisoko portuan elkartu ginen. Hiru urte ziren ez genuela elkar ikusten. Aita eta Josu kaian zeuden gure esperoan. Aitak lehenik eta behin haurrei eman zien musu, gero Mireni eta niri, eta azkenez ama besarkatu zuen, tarte horretan, hiru urtean ikusi gabeko seme nagusiari besarkada eta musu egiten, Josuri, egona zena. Minutu oso bat egon ziren biak, aita eta ama, nigarrez, hitzik ezin ateraz. Eta horren ondoan, beraien bizitzan inoiz ez bezala deuserezetik hasi beharra, bai bata eta bai bertzea familia 'onekoak' izanik —langile finak izan arren— ez baitzeuden anarteraino inoiz sobera oztoporik aurkiturik aitzina egin ahal izateko. Ezta zinez hondarreko hiru urteotan ere, ama —eragozpenak eragozpen— herrian berean, Irurozkin, eta aita iparraldean lehenago eta Frantzian gero. Hastapenean Alderdirako eta aterbetuen aferetan aritu zen aita, eta sei hilabete beranduago, Alderdiak Parisen ireki zuen bulegoan lan egiteaz gain —frantsesen hizkuntzarekin aski ongi moldatzen zelarik— porlana ekoizten zuen enpresa suediar batean sartu zen administratzaile gisa. Horregatik Gurs-eko kontzentrazio-zelaitik libratu ere egin zen seguraski. Garaiotan, gainera, soldata hagitz on batekin lortu zuen lanpostu hark, hasmentako estuasunen ondoan —guk harenganaino helerazia genuen diruaz konponduak- aurrezki batzuk egiteko aukera ere eman ziona. Ordukoan nolazpait, neroni ere, hogei urte bete berriak izan arren eta aitzineko hiru urteetako esperientziarekin, ez dut uste benetako egoeraz ohartzen nintzenik, alegia, igan beharreko aldapak zeudeneko erripa pikoekin. Baina bizi beharrak eta anaia txikiekiko kezkek eta ardurek dirudienez, behaztopo eta traba guziak gainditzen lagundu zien, hainbertze non aitak berak urtebetez izugarrizko ahalegina eginda herrialde berriaren administrazio-legeetan sartzeko, ailegatu eta 15 hilabetetara egin zuen etsaminaren bidez abokatu gisa lan egiteko baimena ere erdietsi baitzuen. Oraino ere oroitzen dut nolaz ibiltzen ohi zen ikasten: orduak eta orduak garai hartan bizi gineneko Lo Hermida izen bitxia duen auzotegiko etxe txikiko egongelan, zuzenbidean ohiko diren liburukoteez inguratuta eta inork ere berarekin ez elekatzeko agindu zorrotzarekin. Hamabortz hilabete horietan Europako aurrezkiez soilik bizi izan ginen ia, hau da, aitak gerratearen denboran Frantzian irabazitakoaz eta Txilera abiatu baino lehenago gurasoek —Zangotzako aitatxi-amatxik— amari eman ahal izan zioten diruaz Burgin zuten borda eta larre batzuk saldu eta gero. Baina baita Txileko euskaldunek emandako laguntzaz ere: hagitz diru gutitan, eta bi urte t'erdiz, alokatu ziguten Lo Hermida-ko etxetxo horren bidez kasu batez, eta hasmentako egunetan, aitari eta Josuri lehenbizikoz —gu geu baino astebete lehenago ailegatu baitziren— eta bertze guzioi gero, toki bat aurkitu arte eskainitako laguntzaz. Horretaz pentsatzen dudan guztietan, halaz ere, eta gurasoentzat ororen gainetik une latzak izan zirela jakiteagatik, ez zait oroimenean halako gogorapen bereziki txarrik geratzen, hain segur laster jarri ginelako 'bizitzen', erran nahi baita, egunerokotasun arrontean bizitzen, eta laster ere aise bizitzen halaber, aitak lan egiteko baimen-etsamina egin ondotik, berehalaxe lortuko baitzuen abokatu-bulego batean lanpostu ondo pagatu bat.

        Nolanahi ere den, gure Irurozkiko urteak fisikoki estuak izan baziren ere, herrian berean egon behar izan genuelakotz ia inora atera gabe, eta aitzinamendurik egin ez, ez dezakegu erran ekonomikoki bereziki makurrak izan zirenik. Osaba Miguelen laguntzaz gain, amak aurrezkikutxan zuen diruaz ez baikinen ataka hagitz hertsietan gertatu. Gainera, barazkiak eta jateko gehienak gere lurretatik ateratzen genituela, ez zen kexa eta protestarik egiten ahal. Egon zen hain segur gu baino gaizkiago bizi izan zen aunitz gerrateko garai horietan, bai eta goserik ez guti sufrituriko askixko ere, gertatu ziren afusilamendu ikaragarrietan bizia ez bazuten lehenago galdu. Aita zen zinez somatzen genuen hutsune bakarra, eta zer erranik ez, askatasun-falta, alegia, beti kasu eginez ibili beharra faxistak gure gainean oldar ez zitezen. Oraino ere agian, Txiletik atzera etorri ginenean somatzen zen giroaren gisakoa: diktatura bete-betean zegoela oraino ailegatu baikinen. Orduko baldintzetan baina, hilabete oroz hiriren bat konkistatua zutelakotz manifestazioak, eta Espainiaren etsai eta lagunak zirela, 'Viva España' nahiz 'Viva Franco y su santísima madre'ka orduoroz irratian —hondarrean erabili ere egiten ez genuena— ezin gintezkeen kexa benetan, ezta horrelakorik gertuagotik ez ikusteko ere, Iruñan ezin bizitzeagatik.

        Aitak Donibanetik telefonoz deitu eta gero, eta egoera benetan nola aitzineratuko zen oraindik ez genekiela, txarra izanen zela jakiteagatik ere, dirua izan genuen arazo nagusia hastapeneko une latzetan, aitari igorri behar genion dirua, alegia. Gerraren hasmenta hartan militar matxinatuak ez ziren oraino diru berririk egiten hasiak —izan ere gobernua bat ere ez zuten oraino osotua— eta beraz Errepublikako dirua zen balio zuen bakarra. Baina behin gerra betean geundelarik, bi erakoak espero zitezkeen, batetik gobernu atzerritarrak kontuz ibiltzea gerra zibilean dagoen herrialde bateko diruaren onarpenarekin, eta bertzaldetik matxinoen gobernuak —hiru hilabeteren buruan guti goiti beheiti gertatuko zen moldera— diru berria egiten hastea. Gure aita, bestalde, benetako beharrean zegoen, zeren eta hastapenean —lehendabiziko bi asteetan— aldean zeraman puskarekin eta Alderdian emandakoarekin konpondu bazen ere, laster hasi baitzen estualditan. Ongi oroitzen naiz hor ibili ginela denok, Miren, ama, osaba Miguel eta laurok, egun oso bat nola eginen genuen asmatzen. Eta hondarrean, egoera guzietan bezala denarekin jakitun zegoen Elisak berak proposatu zigun konponbidea, Luzaiden izeba zahar bat baitzuen Elisak —haren amautxia hain zuzen ere— laurogeita hamabi urtekoa eta hondarreko hilabeteetan aski eri egona. Ausardia piska bat bildurik orduan, Luzaidera joatea erabaki genuen, hara ailegatzea zaila izanen zela —mugaren ondoko herria izateagatik debekaturik ez bazegoen— bagenekien ere: Luzaideraino osaba Miguel joanen zen Elisarekin batera automobilez. Atxakia edo arrazoi ofiziala —segurtasunezko kontrolak egonen baitziren— eri zegoen Elisaren izeba zaharrari bisita egitea izanen zen, medikua izanik hori bera izanen zelarik, automobilaren gidari joateaz gainera, haraino joateko osabaren arrazoia. Horretarako, halaber, eta bada ez bada ere, halako istorio bat ere asmatu zuten, lehenagotik ere bere gaixoa izana zela Iruñako ospitale nagusian. Luzaidera ailegatuta orduan, etxe hartakoei dirua eman —Elisak konfidantza osoa baitzuen bere lehengusu-gusinetan— eta haiek gero, mugaldean bizi diren guzien gisara, behar zen tokitik bertzaldera pasa eta Baionarainoko trena Donibanen harturik, aitari hiri horretan dirua eman.

        Eta erabaki bezala egin genuen. Biharamunean goizeko zortzietan abiatu ziren Luzaide aldera osaba Miguel eta Elisa.

        Dirua golkoan zeraman Elisak gorderik, norbait kontrolatzekotan gizona kontrolatuko bailukete eta ez harrezkero hirurogeita sei urte zituen emakumea, ezagun denez besteren artean faxistak beti izan baitira hagitz matxistak. Bi kontrol pasa eta gero, Agoitzen bata eta Auritzen hurrengoa —bigarrenean ordu erdi edo geldirik egon behar izan zutelarik eta asmaturiko guziak kondatu— eta behin Agoitz utzirik, Artzibarren barna iraganak zirela, hamaika t'erdietan ailegatu ziren jomugara. Izeba arras poztu zelarik bere iloba eta alabautxia ikusteagatik, ez zen bat ere kokildu egiazko helburua zein zen jakin zuenean, andre ona baitzen eta politikan ere abertzalea. Bertan bazkaldu zutelarik orduan, eta hiruretan berriz ere abiaturik, arratsaldeko seietan Irurozkin zeuden. Den-dena nahi genuen bezala konpondua zela, ordea, bi aste beranduago jakinen genuen soilik, Elisaren izebak gutun baten bidez, ongi zegoela eta agindutako guzia egin eta gero hagitzez hobeki kondatu zigunean. Osaba Miguelen tratamendua, alegia, aski on izana zitzaiola.

        Izan ere, aitarekiko geroagoko komunikazio guztia Orbaitzetako Ajestaren bidez eginen genuen, hura maiz joaten baitzen iparraldera lan egiten zueneko egurgintza zela bide. Hondarrekoan, ordea, Txilerako erabakia hartu behar zenean, telefonoaren erabilera ezinezkoa izanik, Elisaren familiaz baliatu zen berriz ere aita. Alde batetik, zerbait gertatzen bazen, mugazainek norbait atxilotu edo batek jakin zer —azalpenik eman beharra adibidez— Elisa zela bide familia horrekin zegoen nolabaiteko ahaidetasunagatik seguruago iruditzen zitzaiolako; eta bertzetik Ajestak berak —kontrabandoagatik edo urte horrexetan bertan, 1939an, antza arazoren bat ukana herriko kokoekin— hala eskatua. Beldur baitzen Ajesta halako baten ez ote zuten harrapatuko horrelako gutun batekin aldean eta preso altxatu. Eta labur erranik, izandako zalapartak izan eta gero nahiago baitzuen denboraldi baketsu eta katramilarik gabeko bat iragaten uztea. Eta, sinets nazazu, benetako operazio konplexua izan zen hura, familiako afera izan ez balitz, agente sekretuen istorio bat ematen baitu.

        Lehenengo eta behin, 1939ko ekainean, aita Parisetik jaitsi. Oroitu behar da alemanak, Danzig-eko krisialdia dela-eta, irailean inbaditzen dutela Polonia eta ez hagitzez berantago ere Belgika eta Frantzia erasotzen, Parisen 1940ko maiatza-ekainean sartzen direlarik. Aita iparraldean, lehendabizikoz Ajestarekin egoten saiatzen da. Elkar ikusi izan duten tabernara joanik Ajestak utziriko mezua ematen diote, urte horretan, edo eta sei hilabete bederen iragan arte mugatik deusik ez pasatzen saiatuko dela, prolemak izan dituela-eta Orbaitzetako zibilekin. Aitak orduan —ez zen nehoiz lehenbiziko kolpean uzkurtzen zen horietako bat— Esterenzubiko Olhagarai apezari telefonoa jotzen dio, eta berarekin Donibane Garazin elkarturik, afera azaldu eta gero amarentzako eskutitza ematen. Olhagarai abertzalea izategatik muga ezin gurutza dezakeenak orduan, bertze lagun konfidantzazko baten bidez Luzaideko Apezetxea Sanzberro familiarekin lotura egin eta Elisaren ahaideek telefonoa jotzen digute bisita eginen digutela errateko, eta arren haien esperoan egoteko Iruñan, Iratiko trenbidearen geltokian. Piska bat harriturik, baina zerbait garrantzitsuren seinale izan daitekeelakoan, Elisa eta biok Iruñara joatea erabakitzen dugu. Luzaidetik lagun kamiolari batekin seme nagusia jaisten da, eta han, Iratiko trengeltokian Elisa eta biokin eguerdiko hamabi t'erdietan elkartzen. Orduan aitarengandiko eskutitz bat baduela diosku, baina erantzuna eraman behar duela. Hondarrean ulertzen dugu zendako erran diguten telefonoz bisita egin nahi digutela. Ez da bertze biderik hirurok Irurozkiraino joatea baizik. Eta hala egiten dugu, arratsaldeko, lauretako trena harturik. Artiedako geltokian, aitzinetik erabaki dugunez osaba Miguel dago gure esperoan. Bagoaz Irurozkiraino eta hara ailegaturik, afaldu baino lehen aitaren eskutitza irakurtzen dugu: Txilera joanen ote garen, horra galdera. Guziok jakina. Herrialde hartako euskaldunen ordezkari batekin mintzatu dela, eta Argentinak eta Venezuelak egin duten bezala, hamar mila euskal aterbetu hartzeko baimena lortu dutela, beraz heldu diren hilabeteetan joanez gero ez dela arazorik izanen onartuak izateko. Heldu den urteko urtarrilean Le Havre-tik itsasuntzi bat abiatuko dela Txile aldera, eta guk baietz ihardetsiz gero badoala Josurekin Ameriketara, hagitz baita beldur alemanen azkenengo mugimenduekin eta Munikeko egiunea eta guztiz ere, ez litzatekeela bat ere harrituko, soberazkoa emateagatik ere, Frantzian berean ere sartzen saiatuko balira. Aita beti ere igarle zorrotza. Munikeko biltzarra Txekoeslovakiaren inbasioaz geroz absurdua izan dela, eta ingeles eta frantsesek galtzak baizik ez dituztela jaitsi alemanen aitzinean. Labur: beldur dela halako zerbait gertatuko balitz, frankistek ez ote luketen horretatik abantaila hartuko eta Frantzian aterbe hartu duten hainbertze euskaldun abertzale eta espainiar errepublikar Espainia aldera ez ote lituzketen igorriko. Hobe dela tartean espazioa uztea eta familia behin bildurik aitzina segi bizitza egiten, Euskal Herrian berriz ere bizitzeko egokierak argitzen diren arte, bederen.

        Amaren hitzez ongi oroitzen naiz:

        —Erabaki bat hartzeko ordua ailegatu da: BAI. Inork badu zerbait errateko?

        Eta osaba Miguelen hasperenaz, Miren eta Elisa —beldurrez— nigar egiten hasten dira. Eta harrigarria da, zehatz-mehatz aparatu baitzuen aitak, bai batean, Frantziaren inbasioan, nola bertzean, frankistei espainiar errepublikarren ematean (Zugazagoitia eta Companys dira kasu famatuak). Gehiago eztabaidatu gabe beraz, gu ere bagoazela erantzuten dio amak idazten duen gutunean, noiz joanen garen beranduago erranen diogula, baina nolanahi ere bera baino beranduago ailegatuko garela pasaporteak erdiestea ez baita bat ere erraza izanen. Baina horretara hobe izanen dela, era horretan, eta seme gazteentzat batez ere, herrialde berrian zerbait prestatzeko egokiera ere izanen baitu. Hurrengo egunean badoa Patxi Apezetxea Luzaideri buruz aitarendako ihardespenarekin, eta aspaldiko partez gure etxeko iraultza hasten: pasaporteak lortu, txartelak erosi, dirua bildu eta bidaia prestatu. Izan ere horretan sartuko ditugu hurrengo sei hilabeteak, hondarrekoz den-dena 1940ko otsailaren 2rako finkaturik geratzen delarik. Hala bada, berriz ere, Luzaideraino joanik eta kontrako norabideko bidea egina, abenduan gai gara aitari errateko data horretan atera eginen garela Santurtziko portutik. Izan ere, Euskal Gobernuaren agentzia baten lanaz (erbesteratuen hasmentako beharrak konpontzen saiatzen zen Euzko Laguntza), eta gure herrialde berria izanen zeneko, Txileko, euskal jatorrizko familia aberatsen laguntzaz ere gero —herrialde hartan ez guti— erdietsi zen euskaldun jendea hara eramateko baimen hori. Ororen buru Larrain familiako kide batek egindako ahaleginari esker, duela berrehun urte baino gehiago Hegoamerikako herrialde hartara joandako Berako, edo Bortzirietako bederen, anaia biren ondorengoa, bata apezpikua ere izana.

        Itsasbidaia, berriz, ona izan zen, luzea, ia bost aste, halako bidaiari-itsasuntzi eder batean, garaiotan oraino ere hegazkinak doi-doi erabiltzen zirenean, Ameriketara joaten ohi ziren itsasuntzi erraldoi haietako batean. Santurtziraino osaba Miguelek eraman gintuen aitaren Mercedes beltzean, zegoeneko —amak gidatzen ez zekielarik— berea bilakatua. Otsailaren 2ko arratsaldeko lauretan ateratzekoak ginelarik, Irurozkitik aurreko egunean abiatu ginen, aitatxi-amatxi eta Zangotzako izeba Mari han etxean zeudela, eta bezperan hala aitaren, nola amaren aldetiko izeba-osaba guziak afaltzera etorriak zirela guri agur egiteko.

        Agur guziak goibel eta ilun izaten ohi direlarik, hala izan zen kasu hartakoa etxeko zaharrentzat, egoera eta zirkunstantzia politikoak ikusita jakin baitzekiten hura izanen zela seguraski gu ikusiko gintuzketen azkenengo parada. Eta neroni, Mirentxu eta txikiak aita ikustera gindoazelakotz batetik, eta hondarreko urteotako gere egoera hertsia aldatzeagatik —behingoz Irurozkitik ateratzea— era berean pozik bageunden ere, beraiek ezin zioten barrutik somatzen zuten tristurari ihes egin.

        Hiru hilabete lehenago ere Elisa gerekin etor zedin erabakia genuen —pasaportea hondarrekotz astebete aitzinago bakarrik ailegatua zen— bera bertze edozein bezainbertze baitzen familiako kide. Hogei urte bete eta geroztik gurean egona zen: ama eta osaba Miguelen etxean —ama bera jaio aitzinetik— lehenago, eta gurasoekin gero ezkondu zirenetik. Eta ez zegoen prest, eta arrazoiz gainera, abandonatua izateko, bidaiak eta herrialde berrian hasteak amarendako, bakarrik egonez gero, izanen zen karga aipatu gabe. Haren pasaportearekin ere ez zen oztopo berezirik gertatu, gure etxearekin loturik egon arren ez baitzuen, dirudienez, inongo fitxa edo ohar makurrik bere espedientean.

        Ama, bere aldetik, bi erako sendimenduen jabe zen. Poza gizonarengana, gure aitarengana, joaten baitzen. Baina tristezia, aitzitik, osaba eta senideak utzi behar zituelakotz eta familiako zaharrek senditzen zuten bezala senditzen zuelakotz, alegia, betiko uzten zituela eta agian bertze nehoiz ikusteko paradarik ez zuela izanen, dela aitaren aldetiko zangoztarrak nahi hainbertze maite zuen osaba Miguel bezala —haren neba nagusia eta hondarreko hiru urteotan berari hainbertze laguntza emana zegoen— hala bertze Leranoztar guziak.

        Horretara, hainbertze nigarren artean goizeko hamarretan Irurozkitik abiatu eta gero, egun horrexetan bertan, arratsaldeko zazpietan, Bilbon sartu ginen, bazkaltzeko Gasteizen gelditu ondoren. Bidaia ikaragarria izan zen, luzea eta hango baldintzetan espedizio baten modukoa, zeren Nafarroan eta Araban errepideak ibiltzekoak baziren ere, Bizkaikoak erabat deseginik baitzeuden, zuloz eta trangoz beteak, inoiz gure automobil osoa irentsiko zutela ematen zuten tamainiako zuloak, Arrigorriaga eta Bilbo bitartean batez ere. Gainera, mutikoengandik aparte bost adineko gindoazen: osaba Miguel gidari noski, ama ondoan eta elkarri begira zeuden gibeleko jarleku bietan Elisa eta Miren batean eta ni neu mutikoekin bertzean. Orduan ezagutu nuen nik uste Bizkaia lehen aldikoz, 1932ko Aberri Egunera gurasoekin Bilbora joateko banintzen ere, eritu nintzelarik, atzenean ezinezkoa egin baitzitzaidan joatea. Gaua, Almirante izena zuen Areatzako hotelean eman genuen eta biharamunean goizeko hamabietan ja Santurtziko portuko aduanetan geunden. Garaiko espainiar mugazainek, 'karabineroek', ez ziguten eragozpenik paratu, eta legezko ziren pasaporteak ikusirik, zigilu batez markatu eta gero kaietara pasatzen utzi ziguten. Osabak portutik kanpo utzi behar izan zuen automobila, halaz ere, baimen berezi bat eman zioten gure itsasuntzia zegoen kaiaraino gauzak eramaten lagun ziezagun. Muga pasaturik beraz, eta han ondoxean zegoen orga bat harturik —portuetako zamak garraiatzetzeko erabiltzen ziren horietako bat— ontziraino joan ginen. Mugan emana zioten baimen haren bidez gainera itsasontzian ere sartu ahal izan zen osaba Miguel, eta guri gauzak antolatzen lagundu hartuak genituen bi ganbara handietan, batean neskak eta gizonak bertzean. Izan ere, gurekin bazkaldu zuen, ordu bata t'erdietan adarra jo eta itsasontzian jadanik zeuden bidaiarientzat jantokiak zabalik zeudela bozgorailuez iragarri baitzuten. Hiruretan, hondarrekoz, agur egin zigun, eta bertze guzien ondoren bere arrebari musu eman eta gero itsasontzia utzi zuen.

        Santurtzitik aterata, hurrengo portua Kanarietako Palmakoa izan zen. Gero zuzen-zuzenean Panamaraino joan ginen, hango kanaletik Ozeano Barera pasa eta hiru aste t'erdi behintzat inongo portutan sartu gabe eman eta gero —kanaletik igarotzean ez genuen lehorreratzeko paradarik izan— Guayaquil-en muilatu ginen. Han bi egun eman genituen bederen, eta hiria bisitatzeko egokiera ere ez genuen galdu, baina aberatsen auzotegia izan ezik eta hango herrialdeetan geratzen ohi diren eraikin kolonialak, ez zen bereziki polita. Eta ongi oroitzen naizenez, harako hura izan zen hainbertze jende beltz ikusi nuen lehen aldia. Hiri bizi eta zaratatsua, Karibekoa ere izan zitekeen portua, eta beranduago Quito ezagutzeko aukera izan nuenean, are biziago emamen zidana, Ande mendietako indiar ketxuen isiltasun eta adierazkortasun labur eta apurraren aldean. Handik atera eta El Callao-n sartu ginen, Limako portuan, eta hondarrean Valparaison lehorreratu, aita Josurekin kaian zegoela gure esperoan.

        Oroimen onak utzi zizkidan bidaia horrek: itsaso urdin bukaezina hodeiertzeko urruntasunean, Ozeano Bareko Hegoamerika-aldeko uretan hainbertze egunetan ikusi edo eta sendituriko lehorra, Karibean jauzika agertu era guztietako arrain eta izurdeak, maiz ikusiriko marrazo ikaragarriak ahantzi gabe, eta orobat gauetako dantzaldiak zein jateko gozoak, Irurozkin hagitz ongi janagatik ere, gehienetan, arrainetan batez ere, aspaldi dastatugabeak. Hastapenean beldur baginen ere —otsaila izanik espero izatekoa baitzen ekaitz bat baino gehiago aurkituko genuela Ozeano Atlantikoko iparraldean— arras lasaia izan zen ia bidaia osoa, eta Palma-tik atera eta astebetera bi eguneko uhin ikaragarriak izan ezik, zinez bidaia ederra izan zen. Hala dut nik bederen oroimenean. Izan ere, hogei bat urte beranduago Euskal Herrira berriz etortzeko eginen genuen bidaia ez bezalakoa, bene-benetan ikaragarria izan zena, kasik bidaiaren luze osoan ekaitz bat gere gainetik izan genuela, beti ere herrira bihurtzeko gogoa ezinegon fisikoari aitzi egiteko zelarik genuen sendagai bakarra.

        Irurozkin egondako denboran aunitz elekatuak ginen Osaba Miguelekin Miren, ama eta hirurok, bidaia hura ordea berezia izan zen. Beharbada urez inguratuta geundelakotz, edo eta agian hondar garaiotako lazturak nolabait bukatuko zirela senditzen genuelakotz, aunitz ere mintzatu ginen gere artean, ama eta biok batez ere, eta itsasuntziko gainaldeetan egoten diren hamaka atsegin horietan, Atlantikoko eta Ozeano Bareko haizeetara, luze behin baino gehiagotan. Behin batean, berak eta aitak nola ezagutu zuten elkar kondatu zidan. Iruñako Gaztelu plazan gertatu omen zen aita eta osaba Miguelekin topo egin zuen batean, haiek kafetxe batera hurbiltzen ari zirelarik. Izan ere, amak urrunetik ikusi omen zuen osaba Miguel, eta hasmentan, aski berandu zelarik eta etxera lehen bait lehen heldu beharrean baitzebilen, ez omen zuen deusik erratea pentsatzen. Tupustean, ordea, nebarekin zegoen gizon gazte eta lirain haren presentziarekin ohartu bide zen, eta jakinminez orduan nebarengana —osaba Miguelengana— hurbildu omen zen eta agurtu. Bere burua kontrolatuz, nonbait, ez omen zuen deus erakustera eman, baina jota gelditu bide zen, edo horrela kondatu zidan bederen, hain eder eta atsegin iruditu baitzitzaion delako Ozkoidi izeneko jaun abokatu gazte hura. Aita ere, bertzalde —horrekin bai ohartu bide zen gure ama ere— txismist batek jo izan balu bezala geratu omen zen. Halaz ere, interesgarriena, benetako ustekabea —Jainkoak baitu bakarrik benetan asturuaren giltza— biharamunekoa izan omen zen, Txapitela kalean, goizeko hamarrak inguruan elkarrekin egin zutenean topo. Aita dardaraka hasi omen zen eta arras gorriturik gelditu, haatik, berak kondatu zidanez, aski kemen bildu bide zuen mendearen hastapen hartan guziz desohikoa zen zerbait eskatzeko, alegia, kafe bat hartzera elkarrekin joatera gomitatzeko, eta ama, ez zegoelarik parada hari itzurtzen uztekotan, ez omen zion ezetzik erran. Ordubete egon omen ziren elkarrekin, eta ez bata ez bertzea deusik gaineratzera ausartu ez baziren ere ba omen zekiten biok, antza, elkarrentzat eginda zeudena. Zorionez, amak zioenez, osaba Miguel bera ere bazegoen egoerarekin jakitun, hastapenetik ohartu baitzen guztiarekin —hain izan baitzen nabaria dirudienez— eta izakeraz zen bihotz on eta liberalak ez zuen inongo zalantzarik ukan biok elkarrengana biltzen laguntzeko. Amak ez omen zuen, osaba Miguelen aholkuz, etxean deus erran, eta hurrengo asteburuan mendira joan zirelarik —osaba Miguelek berariaz antolatutako txango batez— egun osoa elkarrekin eleketan eman eta gero, aitak amaren baiezkoa jasorik, osaba Migueli 'ofizialki' zerbait erratea erabaki omen zuten. Osabak, orduan, bera zelarik semerik zaharrena, gure amaren aldetiko amatxiri behar zen guztia erranik, eta etxeko gizon nagusi gisa —aitatxi ordurako hilik baitzegoen— baimena eman bide zion amari aitarekin 'ateratzeko'. Horra hor nondik gatozen, handik eta hiru urtetara ezkondu eta geroztik. Neronek hagitz gutitan ikusi ditut haserre, eta behin bakarrik, nik uste, elkarri hitz egin gabe hiru egunez.

        Izan ere, duela sei urte, 1973an ama hil zenean, aita, ordurako laurogeita bi urterekin, bera ere joan zitzaigula erran daiteke. Ni neu eta Miren, bisita egitera joanak, hor geunden parada hartan zorionez, baina jadanik Nafarroan nagusiki. Zeren bera, Txileko atzerri hartan, hondarreko urteetan Iturbe bizkaitarraren laguntza kementsuaz bazen ere, buruan eta bihotzean beti eraman duen Euskal Herritik aparte, ama zen zeukan benetako aberri bakarra. Funtsean —horretaz seguru nago— erabat arrotz senditu baita beti Santiagon, inoiz deusik erran ez bazuen ere, eta are gutiago bere lagun txiletarrek, aunitz zirenak, inoiz deusik sumatu ez bazioten ere. Hori izaten ohi da, diotenez, herbesteratu politikoen halabeharra. Gu seme-alabok, espero izatekoa denez, ohitu egin ginen, eta egia bada ere nik neuk inoiz ez dudala maite izan hegoameriketarretan hain ohikoa den azalezkotasun famatu hori, kontinente horretako herrialde bat izan zen, Txile, beharrean geundenean onartu gintuena eta lagundu, eta orobat kontinente horretako jendea. Hain zuzen, inoiz ere gurasoek ahantzi ez zutena, eta guk gerok ahantziko ere ez duguna, eta are gehiago, neholaz ere ezin ahantz dezakeguna, hainbat lagun egin baitugu herrialde horretan. Gainera baditugu lagun eta adiskide euskaldunak ere han laketu direnak, Alexander Lakarra kasurako, Txileko nire lagun hurkoa, gurea bezalako familia batekoa, gerratean ere hara joana, eta haatik txiletarra arras. Horra ailegatzean zortzi urte zituen soilik eta guk guziok bezala Euskal Herria maitatu arren, han hazi eta hezi zen, hara ezkondu eta bere hartan familia sortu. Ez dago beraz zertan protesta eginik legezko eta naturala denaren kontra.

        Ia sei urte luzeago bizi izan da aita gure ama hilez geroztik, baina gu jadanik haziak eta nolabait inongo esperantza konkreturik gabe, berarekin guretako bat beti egon arren, arras gogogabeturik bizi izan da urte horietan. Aurten ere berriro hasia zen Euskal Herrira etortzeaz hitz egiten eta planak egiten, itxaropenak berriz bete izan balu bezala. Alde batetik demokrazia hasi berriak sorturiko gogoaren poderioz seguraski, eta astean bitan bederen Iturbek egin izan dion bisiten eraginez dudarik gabe bestetik, baina orobat, nik uste, jakin izan balu bezala bizitza funtsean den lurraren gaineko biraren hondarreko erretiragunera hurbiltzen hasia zelarik, gazte jendeari ez bezala tokirik ez zitzaiola geratzen, eta golkoan zuena denbora baizik ez zela, denbora iragana, maiz erreferentzia zehatzik gabea. Eta errematean joan egin zaigu. Gizalegezko eta justua baizik ez denez, bakez erretiratu zaigu hondarrean. Eta bere gogoz izan gabe ere, hainbertzetan aipatzen ohi zituen osaba Karmelo eta Periko Aldaz ez bezala, atzerrian hil behar izan du, esperantza on bat bihotzean bederen —abstraktua eta urruna nahi bada, baina benetakoa nolanahi ere— hil da, seme-alaba guziok Euskal Herrian bizi garela ikusiz, eta beraz, bera funtsean beti izan zen gizon baikor eta oldarkorra, euskaldun jendeak aitzina eginen duelako segurtasunarekin».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus