7

Karmentxu

 

«Gau osoa biraka eman nuen, ahaleginak egin arren ezin bainezakeen Karmentxu irudimenetik ken. Hurrengo eguneko goizean arras jota nengoen, eta ez nekien pozik ala erabat deseginda. Fisikoki zeharo unaturik nengoen; aurreko egunekoarengatik pozez, zalantzarik bat ere gabe, baina bestetik Karmen Leranoz ahanztea hobe ez ote zatekeen hasia nengoen pentsatzen, hark guztiak ez zeukala ez hankarik, ez buztanik. Nire irudimenaren muntaketa eta itsudura hutsa zela, arrazoirik ez baineukan halako pentsamenduei langa irekitzeko. Nolanahi ere, jaiki egin nintzen eta egunero egiten nuen bezala mezatara joan. Eta saiatu nintzen arren, ez nuen deusik entzun, nekadura zela eta. Hondarrekoz, kafesne bat edan eta gero bulegora hurbildu nintzen. Neukan buruko mina, ordea, ezin jasatekoa zen eta ez nintzen gauza ezer egiteko. Hamarrak inguruan orduan, gezur bat asmatuz, hagitz gaixo nengoela erran bainion Imizkoz jaunari, ezin nintekeela bulegoan egon gaineratu nuen. Eta hain itxura txarrarekin ikusi ninduelarik, etxera joateko baimena eman zidan. Hamarrak eta laurdenak ziren handik, Gaztelu plazan zegoen bulegotik ateratzean. Orduan, etxerantz joateko, Txapitela kaletik abiatzen ari nintzela hara nor dakusadan, Karmen Leranoz. Zoraturik nengoela uste nuen, eldarnio bat zela uste. Hala ere, elkarren kontra genbiltzala, plazarantz baitzihoan bera nonbaitera, agurtu egin ninduen:

        —Egunon Ozkoidi jauna, Ozkoidi zara ezta? Zer moduz?

        —Egunon Karmentxu, ongi eta zu?

        —Ongi, ongi. Hau ustekabea. Baina nekaturik ematen duzu.

        —Bai, gaizki egin dut lo, egin egin badut. Bai poza zu zeu orain ikustea! —eta garai haietan egiten ez zen gauza bat egiten ausartu nintzen, hain nengoen zoro, eta erantsi:

        —Nahiko zenuke kafe bat hartu nirekin 'Iruña' kafetegian? —eta orduan konturatu egin nintzen ez nintzela neu zerbait senditzen zuen bakarra, garai hartan halako egoeretan ohiko ziren kortesiaren erregela guztien kontra, nahiz eta apur bat gorriturik, baietz erantzun baitzidan.

        —Ondo, goazen!

        Loriatuta nengoen. Ezin sinets nezakeen. Ez naiz gogoratzen zertaz egin genuen hitz. Xoxokeriak seguru asko. Horrelako egoeretan elkar ezagutu gabe bakarrik esan daitezkeen bezalakoak. Baina hura poza! Azkenean, ausartu egin nintzen eta beste batean ere bera ikustea atsegina izanen zitzaidala erran nion. Orduan berak Miguel beraren nebari erranen ziola osteratu zidan. Eta elkarri agur eginda, nork bere bidetik alde egin zuen. Etxera iritsi orduko guztiz ondo nengoen, nahiz eta lo faltaz nekaturik. Ohera joan nintzen orduan eta neskameari ordu batean iratzartzeko agindu nion. Arratsaldean, hiruretan, berriro joan nintzen bulegora eta Imizkozi, espero zitekeenez guztiz harriturik geratu zena, egiaren erdia azaldu nion, alegia, hiru ordu lotan eman eta gero askozaz hobeki nengoela eta lanera etortzea erabaki nuela. Bera oso pertsona gogorra bere gorpuzkerarekin, ongi lehor batez erantzunda eta buruaz baietsirik bere bulegoan sartu zen.

        Hurrengo asteko asteazkenerarte, ez nuen Miguel ikusi, eta asteburua Zangotzan eman arren hiltzekoak bezain luze egin zitzaizkidan sei egun horiek. Etxeko egotaldi hori, haatik, ama, izeba Mari eta anai-arrebak inguru, aita eta Pedrote bezala, laburra izanagatik ere on egin zidan, apur batean bederen lasaitu egin nintzelako. Eta antzinako hartan Tafallatik heldu nintzenean bezala aita Meltxorrek irakatsitakoa errepikatuz, Alderdi Nazionalistan sartua nintzela kondatu nienean, ez zidaten deus berezirik osteratu. Ez onik, ez txarrik. Berriro ere, beraiek parte hartu ez, baina nire jarrera onartzen zutelako marka. Izan ere, Pedrotek bakarrik 'erran' zidan zerbait, sukaldera eramatekotan kafeontzia eta kikarak batuz egongelan bertan zegoelarik, irripar bat egin baitzidan.

        Hurrengo asteko lehen bi egunetan zoratu behar nuela uste nuen. Bulegoan oso zaila egiten zitzaidan neure baitaratzea behar den bezala lan egin ahal izateko. Azkenean, asteazkena heldu zelarik, arratsaldeko sei t'erdietan bulegoan bukatu eta gero, zoro baten antzera heldu nintzen zazpietan batzokira, nahiz eta batzarra, ohi zenez, zortzietan hasteko zen. Zortziak laurden gutiagotan ailegatu zen Miguel, eta berehala nigana zuzendu. Gero kondatuko zidanez, itsu ez zegoelarik, bat-batean ohartu zen beraren arrebarik gazteenak nigan eragindako inpresioaz, baina biharamunean Karmentxuk gertaturikoa kondatu zionean, ez zuela ja inongo dudarik egin. Arrebari, gainera, horrelako zerbait nolaz egin zuen galdetzean, alegia, gizon gazte ia ezezagun batekin 'Iruña' bezalako kafetegira joatea jende guztien aitzinean, eta arrebak hagitz atsegina nintzela erantzutean, orduan baietz, konturatu ere egin zela jaugina norabide bakarrekoa ez zena, ezpada Karmentxu bera ere interes handia zeukana gure artekoan. Hainbeste ezen bere benetako barnesendimenduei jaramon eginez, ez ziola hasieran pentsatu bezala agirakarik egin, orduko Iruña probintziano eta lerdo hartan beti bestek zer erranen egote nardagarri horrekin guztiz nazkaturik, eta neba nagusi gisa zegokion eran. Areago, bera zen bihotz onekoa zelarik —gainera dezaket nik bat ere zalantzarik gabe— laguntzea erabaki zuen:

        —Arratsaldeon —erran zidan.

        —Baita zuri ere. Zer dugu?

        —Hona bada, ea zeredozer konpontzen dugun. Bide batez, Antonio, izenaz deitzea ardura dizu?

        —Ez, noski!

        —Datorren igandean Basaburura goaz txango bat egitera, ni neu eta beste lagun mendizale bi, Karmentxu, ezagutzen duzun gure arreba ere etortzekoa da. Nahiko zenuke gurekin etorri?

        Eta zerua ireki zitzaidan. Eta erabat urduri, hitzekin estropozu egiten banengo bezala,

        —Bai, noski, eskerrik asko —erantzun nion. Berak orduan, igande goizeko zortzietan Gaztelu plazan egoteko esan zidan, eta janariaz ez arduratzeko, Orokietara jaitsiko baikinen bazkaltzera. Azaldu zidanez, automobil batez helduko ginen Orokietara bertara, eta goiz osoan ibili eta gero, piska bat berandu, lauretan edo bazkaria edukiko genuela prestaturik aldez aurretik abisu emandako eta beraiek ezagutzen zuten herriko taberna batean. Egun horretako batzarraz ondo gogoratzen naiz, ez nuelako deusik entzun. Nahikoa neukan eta Karmentxuz amets egitea. Ezin nezakeen uler, ezta piska bat arrazionalki pentsatzen hasten nintzenean ere, zer gertatzen zitzaidan. Izan ere, berataz gogoeta egiteko behar eta nahikundea beste edozein indarra baino handiagoa zen. Nola demontre egon nintekeen hain ero hirurogeita bi minutuz bakarrik egondako pertsona batekin? Baina ez ulertzeagatik ere, horretan segitu nuen igande hartararte.

        Eta Miguelek nolako trebetasun eta onginahia erakutsi zizkidan, lerro hauek idaztean konturatzen naiz. Berak nonbait ere, erabaki baitzuen ez nintzela ni gizon txarra arrebarentzat. Beranduago ere halako zerbait aitortuko zidan Irurozkin kafe edaten ari ginen uda-arratsalde batean, baina inongo garrantzi berezirik eman gabe, azken batean, ziostanez, edozein nebak egin beharrekoa baino ez baitzuen egin. Eta ni neu nengoen egoera absurduan hain segur —txiletarrek zuzen erraten ohi duten bezala, 'behi-aurpegia' baitu beti maitemindurik dagoenak— ez zitzaion ohartzea gehiegi gostatu.

        Aste hartan ez nuen beste pentsamendurik erabili, nahiz eta asteazkenetik igandera askozaz lasaiago ibili nintzen. Eta hainbeste igartzen zitzaidan, antza, non Imizkoz jaunak berak langelako liburutegitxoan halako baten ikusi ninduelarik, hobeto ematen nuela erran ere egin baitzidan, aurreko aste bete t'erdia nahiko galdua ikusita baininduen. Hori entzutean arras gorritu nintzen, eta are gehiago konturatzen hasia nintzenez gero berak agiraka egiteko zeukan tankera bereziarekin, ahotsa inoiz ere goratu gabe baina behar zituenak oro zehatz eta trankil formulatuz. Hala bada, besterik ezean eta tartean zebilena amodioa zela ezin aitortuz, 'barkatu' esanda neure mahaira itzuli nintzen. Saiatu ere ez nintzen egin inongo atxakiarik bilatzen, arrazoia zeukan eta. Izan, hura zen bestalde, berarekin lan egiten nuen bigarrengo hilabetea, eta ez zen egoki deusik eranstea, arrazoia zeukala kontutan harturik gainera. Ordurarte, ikasitako teoria juridikotik praktikara beharrezkoa den jauzia egiten ibilia, ez nengoen oraindik hasita benetako kasuekin. Laster, baina, eta ustekabean etorri zitzaizkigun hiru kasu aski konplexurekin —neure zorionerako ongi ebatzi nituen kasuak— aukera edukiko nuen lan egiteko gai banintzela erakustearren.

        Orain, neure oroimen antzeko hauek idazten dihardudala, hirurogeita bost urte betetzear nagoelarik, eta beraz bizitza hasi zaidanean dagoeneko joaten, argi eta garbi erran dezaket ez dudala nik halako bizipen iraultzailerik ukan. Ez behintzat inongo eleberri interesgarririk izkiriatzeko modukorik, amodioak eta desamodioak, menturak eta pasadizuak direla bide. Karmentxurekin maitemindu, berarekin ezkondu eta hor segi, beti ere bera nire ondoan, eta naturak zein Jainkoak indarrak kendu arte horrela jarraitzeko esperantzarekin. Agian horregatik eskaini ahal izan diot neure aberriari hari eta seme-alabei eman behar izan ez diedana. Jainkoari eskerrak eman behar baitizkiot nik neuk ere horrelako aberri bat opatzeagatik, inor zapaldu gabe maite daitekeena, agian sufrimendu-iturburu latza, halakoa izan baita gerra madarikatu hori dela bide, baina beti itxaropenez bete izan nauena, aita Meltxorrek zein zen erakutsi zidan aspaldiko parada hartatik aitzina.

        Ez dut damu eginikoak egin ditudalako, eta are gutiago fidel izan natzaiolako beti hainbeste maite dudan neure Karmentxuri. Ez dut uste ezer galdu dudanik. Ez naute segurutik gonazale ezagun gisa inongo kronikatan aipatuko. Eta horratik pozik nago. Halako familia handi eta ona eman baitit Jainkoak: Karmentxu, seme-alabak eta iaz hil zitzaigun Elisa bezalako zerbitzari leiala, gure seme-alaben benetako amatxia. Inork ez du inoiz protestarik egin, ezta Ameriketara etorri behar izan zutenean ere, eta Iruñako eta Irurozkiko erosotasunak abandonatu, Txileko hasierako urte zail horietan anitzez hertsiago bizi izateko. Ezin naiteke benetan kexa. Seme-alabak hazirik eta Euskal Herrira joaten hasiak. Mikel eta Miren hantxe daude dagoeneko, eta bereziki onik kondatzen ez badute ere aurrerantzeko itxaropena eurak dira. Zeren gu joan baikoaz. Egia da herrira itzultzea ororen gainetik nahiko nukeena, eta iparraldera bederen bisita egin nezakeena. Baina beldur naiz. Ikaragarri naiz beldur, espainiar gobernu faxista horren polizia jarraikiko ez ote zaidan eta han iparraldean bertan zeredozer egin. Halako kasuak gainera gertatu dira. Horra Zugazagoitia eta Companys-ekin egin zutena. Zaila da pentsatzea orain, gerratea amaitu eta hamasei urtetara, horrelako zerbait egiteko berriro ere prest leudekeenik —alemanen laguntza ez daukatelarik batez ere— baina batek jakin! Orain gainera aliatuak euren alde dauzkate. Horra hor Jose Antonio Agirreren betiko itxaropenak —nire ustez beti esperantza hutsalak izanikoak— non geratu diren, aspaldian igarri eta erran nion bezala. Anitzez harroago eta ausartago dabiltza beraz faxistak. Ni neu, egia erran, ez naiz inor horrelako zerbaiten helburu izateko, hain garrantzitsu frankisten ehiza izateko, baina beldur naiz, oraindik 'gerrakrimenak' ba omen ditut eta nitaz daukaten fitxan. Eta iparraldera joan ahal izan arren, nolako tristura Iruñaraino ezin joanez. Ez dut uste gauza naizenik horrelako zerbait egiteko.

        Munduko azkenengo mutur eder honetatik zinkurinatu baizik ezin naiteke egin neure Euskal Herriagatik, etorriko dira haatik berriak eta aitzina eginen. Ni neu ondikotz bertan hilen naiz eta segurutik ez dut herria berriz ere ikusiko, baina azkenengo hiru mila urte segitu badugu, zendako ez dugu hurrengoetan segituko. Ez gara gu jainko eta ez dugu eskuartean etorkizunaren giltza, ez baitagokigu guri horrelakorik erabakitzea, baina ezta amore ematea ere. Nik neuk behintzat esperantzaz eginen diot agur mundu honi. Jainkoari nahi dakiola!

Txileko Santiagon, 1955ko agorrileko 10an».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus