6

Alderdia

 

«Madrilen 1914an bukatu nituen zuzenbide-ikasketak. Azkenean betiko itzul nintekeen Euskal Herrira. Izan ere, Espainiako hiriburuan eginiko egotaldi luze horretan —bost urtekoa— unibertsitate-lanarekin axolatua bakarrik eta arras kezkaturik, ez nengoen anartean pentsatzen hasia adin horretan gazte guztiok pentsatzen ohi duten eta gogoetan erabili behar dutena, alegia, neskak, maitasunak, ezkontzak eta abar luze eta erakargarri hori, adin hori batez ere izaten baita era erromantiko eta itsuan horrelakoek sor ditzaketen istilu eta katramilei jaramon egiteko garaia. Bost urte horretan ikasi besterik ez nuen egin, eta ikasi etxerantz abiatzeko gogoarekin lehenik eta behin, anitzetan, etsaminen prestaketan batez ere, ezin betetzekoa ere ematen zidana, hain egiten baitzitzaidan larri eta jasangaitz liburukote eskerga haiek atergabe ikasi beharra. Ez, baina, legegintza bera eta enparauak maite ez nituelako, ezpada etxeratzeko grina hark arras beharrezkotzat ikustarazten zidan tresna horrekin jabetzeak ezinagoko luze ematen zidalako.

        Madrilgo beroak hasita jadanik, hondarrean, Iruñarako trena hartu nuen. Ekainaren 22a zen. Bi egun lehenago lorturik nengoen lizentziagoa, eta aurreko egunean zoro baten gisa zer guztiak paketatu eta bidaiarako prestaturik, azkenean arratseko zortzietan iritsi nintzen Castejonera, Gamazadaren garaian Sabino Aranaren eskuetan ikurrinaren aurrekoa ezagutu zuen Euskal Herriko lehendabiziko herrira hain zuzen ere. Eta hara iritsi, Espainiako iparraldean gaindi hamabi orduz ibili eta gero, Guadalajara eta Sorian zehar eraman ninduen postatrena hartua bainintzen. Aurreko egunean ere aitari telegrama igorririk neukan, Iruñara gaueko hamaiketan edo ailegatuko nintzela errateko, eta jakina, baita orduko abokatua, legegizona ere banintzena. Trenak orduan oso geldoak izaten ziren, eta hura postatrena izanik —geltoki guztietan gelditzen zen horietako bat— are gehiago. Oso tren luzea zen, hamalau bagoi handi zeuzkan eta ginderamatzan lurrunlokomotorea alimalekoa. Iparralderako tren guztien antzera, Atotxako geltokitik atera zen, espainiarren erranetara Euskal Herria delarik 'el norte' bakarra. Egun beroa zen Madrilen, goizeko zortzietan jadanik hogeita zazpi gradu edo ziratekeen, eta goizeko seietan jaikirik, taxi batez eroan nituen bidaizorro guziak geltokira; lehendabiziko klaseko trengelatxo dotore hartan, ni neu bakarrik guztiz eroso jarririk, izerditan nengoen, geltokiaren barruan geundelarik lokomotoretik heltzen zen ke eta lurrunagatik leihoa hertsirik uztea komenigarria zelako. Ez gutiago, ordea, ordurarteko urduritasunarengatik: tramankulu guztiak bizi izandako apopiletxetik taxira jaitsi, geltokiraino bidea egin, paketelari bat lortu, neuzkan lau bidaizorro eta kutxa biak fakturatu, eta azkenez neure jezarlekuan eseri. Zorionez, ni neu nintzen trengelatxo hartako bidaiari bakarra, berez lau bidaiarikoa zena, eta zinez, mendearen hasmentan ohi zenez, hagitz apain eta dotore dekoratuta zegoena: alfonbratua, jarlekuak feldro berde sotil batez tapizatuak eta gortinatxo gorraire eder bi. Erabat atsegina zen han egotea, nahiz eta negu betean izan balitz —orduko beroaren ordez, kanpoan hotz eta goibel— are gogokoagoa gertatu zatekeen.

        Ongi gogoratzen naiz, hagitz pozik nindoan bidaia hartan, Espainiatiko azkena —erraten nion neure buruari—, eta lizentziagokoak izanik —gaixoa ni— nire azken etsaminak izanen zirela sinetsirik nengoen. Errealitatea eta bizitza, ordea, norberaren irakaslerik zorrotz eta gupidagabeenak izaten dira, eta beraien irakasgaien aitzinean muin baino askozaz gehiago egitea zaila da arras. Diputazioaren idazkari izateko probak etorriko ziren lehendabizikoz —benetako ididema latzak—, eta etsamina horietan irabaziko nuen lanpostu horregatik batez ere, baina orobat politikagatik ere, etengabe egin beharko nituen Madrilerako bidaiak gero, urtean hiruzpalau gutienez. Azkena, hainbaten, 1936ko Sanferminetan, faxisten matxinadak leher egin baino astebete lehenago bakarrik. Eta hartan zurrumurru berririk jaso ez nuen arren —datu zehatzekin bederen ez naiz gogoratzen— giroan zegoen eskuindarrek ez zuketela berriz ere hain era errazean boterearen galera ontzat emanen, Nafarroan bertan izan ezik, ezkerraren garaipena hauteskundeetan erabatekoa izan bazen ere.

        Castejonera heltzean iluntzeko zortzi t'erdietan, pozez beterik nengoen. Hogei urte lehenago, Sabino Aranak eta Luis beraren anaia nagusiak hainbat nafarrekin batera, Nafarroako diputatuak atotsi zituztenean ere antzeko poza senditu zuketen, pentsatu nuen nik orduan. Bai, hagitz pozik nengoen, ororen buru herrira itzultzen nintzelako, baina baita uste nuelako azkenean neure burua gerturik neukala zeredozer interesgarri egiteko Nafarroaren eta Euskal Herriaren alde, aita Meltxorrek hainbatetan errandakoari zegokion bezala. Eta gainera etxean lasai bizi izateko gogotan nengoelako. Eta orobat —pentsatu nuen lehendabizikoz orduantxe— bazelako garaia neskatxa bat bilatzeko eta familia bat osotzeko, zeren hogeita lau urte bete berria, eta ordurarteko nahikunde guziak Madrilgo neure ikasteko mahaiaren ezkerreko tiradetan gorderik utziak, denbora heldua baitzen zeredozer egiten hasteko.

        Hamaika t'erdietan, azkenez, Castejonen 45 minutuz, eta ordu erdiz Tafallan geldirik egon eta gero, Iruñako geltokian sartu ginen. Ni neu erdi lo nengoen, neke-neke eginda, aurreko egunetako etsaminengatik bezala, hala bidaiakoengatik ere: kemen asko galdua bainintzen. Azkenean, baina, geure hiriburu ederrean sartu ginen. Aita hor zegoen zain, Zangotzatik bazkaltzeko orduan iritsirik. Amultsuki besarkatu ninduen, gizonen artekoak gora-behera, oso maitekorra zelako. Berarekin, guk geuk Pedrote deitzen genion etxeko morroi 'orokonpontzailea' zegoen: beharrezkoa zenean aitaren berebilaren gidari, etxazain gurasoak kanpora joanez gero, edozer hausten zelarik matxuren atontzaile, haurren arduradun, eta edozein gauza egiteko gertu. Baserrietako morroien antzekoa zen, beti den-dena egiteko prest, eta bihotz on hutsa. Ordurako ja nahikoa zaharra zen, aita baino hamar urte zaharragoa bai bederen, eta haatik oso indartsu zegoen, 1,90 metroko gizon zangarra, irribarrea beti ahoan. Horregatik deitzen genion Pedrote. Aitak, aitzitik, sekula ere ez, Pedro erraten baitzion beti. Amaren etxekoen zerbitzaria izanda zegoen gaztetatik. Antza, hamar bat urterekin heldua zen Burgitik. Bera zen etxean Tafallatik heltzen nintzenean, euskarazko hitz solte batzuk irakasten zizkidan bakarra. Jakin ez zekien euskaraz mintzatzen, berea izanik, nonbait, Burgiko lehen belaunaldi erdalduna. Hainbat gauza ezagutzen zuen baina, eta bere jatorri etnikoarekin harro hain segur, guztiz pozik irakasten zizkidan ezagutzen zituenak oro. Batzuek ziotenez, atzeratua zen, ez zen ordea egia: oso isila eta apala zen, eta lege zaharreko seme, alegia, agintea dutenen zeharo menpekoa, eta beraz nagusi zeuzkan jaun-andreekiko hagitz otzan eta xume, on nahiz txar izan berarengandik espero edo eskatzen zuketena. Nik neuk txikitandik ezaguturik arras maite nuen: Pedro Uztarroz Etxeberria. Berak orduan, besarkada izugarria emanik, eta 'aupa' labur bat gaineratuta, geltokiko paketelari batekin batera bidaifardel eta zorroak oro harturik eta aitaren berebilean ezarrita —ez zidan zeukan adinagatik ere deusik egiteko aukerarik eman— biharamunean Zangotzarantz abiatzeko esperantzarekin, hotelerantz abiatu ginen berehala.

        Lehen Mundugerra hasi zen urte hartako uda, etxean ohi zenez, atseden hartuz sartu nuen Zangotzan, eta jadanik non lan eginen nukeen pentsatuz. Aitak notaria izan nendin nahi zuen; nik ordea, hainbeste etsamina eta katramilarekin asperturik ez nengoen oso gertu horrelako gudu batean berriro ere hasteko. Horretaz gain —aitari aipatzen ez banion ere— horrelako oposaketa batzuk irabaztekotan Espainiako edozein tokitara bidal nintzaketen, eta horretarako bai ez nengoela prest. Euskal Herrian egon nahi bainuen, eta ahal bazen Iruñan. Eta ustekabean egokitu zitzaidan parada, aitaren laguna zen Fernando Imizkoz bere emaztearekin batera asteburu luze bat egiteko gure etxean agertu zenean agorrilaren erdian, Zangotzako etxean, aitak berak gomitatua.

        Abokatua zen Iruñan eta legebulego baten jabea, oso fama handikoa eta aitaren ezaguna Zangotzako ziren akusatu batzuen defentsan aritua izan zenetik Iruñako auzitegian. Abokatu kriminalista zen, eta hartan azaldu zidanez, hogei urtez berarekin lan egin eta gero erretiratu berria zen beraren lankide baten ordez abokatu gazte bi hartuak zituen aurreko urtean. Berarekin zigorzuzenbidean lan egiteko, Periko Aldaz hogeita hamar urteko irunseme gazte eta —haren hitzetan— zorrotza, eta merkataritza-zuzenbidean lankide zaharraren ordezkoa izateko, aldiz, Fermin Larraioz, urte bi lehenago Valladoliden lizentziatua. Aitari esplikatu zionez, bulegoa handitu eta indartu nahian zebilen gero eta garrantzitsu eta beharrezkoagoa bihurtuz zihoan administrazio-zuzenbidea ere erabiltzeko, eta gogotan egonez gero beraz, konfidantza osoa baitzeukan Fermin Ozkoidi bezalako epaile jaun baten semearengan, lanpostu bat baneukala berarekin neure oporrak bukatu eta berehala. Nik neuk eskerrak emanik, kortesiaren erregelek eskatzen zuten —eta duten— legez, ezin baitaiteke halako baietz garrantzitsurik bertantxe eman, laburrean ihardetsiko niola erran nion, alegia, hiru asteren buruan erantzunen niola. Baina neure artean zeruak igorri oparia zela sinetsirik geratu nintzen, baiezko borobila emanen niola minutu baten luzeran ere zalantzarik egin gabe. Hori zen, hain zuzen ere, behar nuena. Gurasoak ere pozik zeuden, azken batean Iruñan lan egitea, eurek ziotenez, gauza ederra zelako. Gurasoei, bestetik, abagunea eskaini behar nien beren iritzia eman ziezadaten. Horra, beraz, ni 1914ko urriaren lehenengoan Fernando Imizkoz jaun abokatuaren bulegoan bizitzaren beste aldi izugarri bat hastekotan. Eta zinez berria izan zen, eta ederra. Eskerrak eman diezazkioket Jainkoari zalantzarik gabe. Ez ninduen gero gaizki erabili.

        Lehenengo gauza etxebizitza bat alokatzea izan zen, amaren aholkuz aski zabal izan behar zena, inoiz ezkontzekotan arazorik ez edukitzeko. Irailean horretan ibili ginen. Azkenean, 36ko gerratearen hasieran Iruñatik alde egin arteko gurea izanen zen bizilekua alokatu genuen San Frantzisko plazan. Gerratean gero, Karmentxu eta lau seme-alaba txikiak Nafarroan egon arren —alde egitean Irurozkin utziko bainituen— konsfiskatu ziguten etxe-bizitza bera. Handia zen, egongela izugarri batekin hornitua, sukalde zabala eta komun bi, baina batek jadanik bainugela modernoen hornidurekin, Iruñan jarri ziren lehenengoetariko bat, hain zuzen. Horrez gain, bulego eta liburutegi bezala erabiliko nituen gela bi, eta azkenez, pasabide luze batekin batera sei logela. Hasieran, ni eta neskamea bakarrik, galduta senditzen nintzen etxebitzitza erraldoi hartan, gurasoak eta izeba Mari bisitari etortzen ez baziren behintzat. Anitzetan, ordea, hasmentan batez ere, gauzak erosten eta antolatzen laguntzeko, ama eta izeba aste osoan geratzen ziren bertan eta egokitzapena ez zen oso malkarra izan. Edonola ere, Azaroaren amaieran etxea prestaturik zegoen gurea bezalako izanen zen bost seme-alabeko familiari —neskame bat baino gehiagorekin— abaro emateko. Izan ere, hona, Txilera heltzean, berton Santiagon, hasmentan estuago bizi beharrean egon ginelarik —geneukan gehiena galdurik baikeunden— konturatu nintzen lehendabizikoz zein zen eder, hain aberats ez zen Nafarroa eder hartan, hain trankil eta nasai bizi izatea.

        Urriko hilabete hartan, lana eta etxea erdietsirik Alderdian sartzea erabaki nuen, ordua baitzen, hogeita lau urterekin behingoz herriaren alde benetan, ez abstraktuki, zeredozer egiten hasteko. Hori dela eta, behin baten Periko Aldazi mintzatu nintzaion, banekielako bera oso gertu zegoela, Fermin Larraioz ez bezala, nazionalismotik, euskal abertzaletasunetik. Izan, bera ez zen alderdikidea, ezta inoiz izanen, lantzean behin baina, nazionalisten batzokitik inguratzen zela mintzaldiak entzutera entzunda neukakion, eta arras jende interesgarriarekin egoten zela, hala nola Hipolito Beaumont, Iruñako Aurrezki-kutxaren zuzendaria izatera helduko zena, eta geroagoko nire adiskide mina, Lorda ingeniari famatua, Landa, Leranoz eta Irigarai medikuak e.a., baina orobat hainbat langile eta jende xehe, beste alderdietan, ezkerrekoetan ez bazen, inoiz ere ikusten ez zena. Eta hori zen berarentzat interesgarriena, azaldu zidan bezala, Euskal Herriaz arduratzen ziren jendeak zirela, baina Euskal Herri osoaz zentzu hertsian —aita Meltxorrek hainbestetan errepikaturiko bera— dela zentzu fisiko-geografikoan —Arturo Campionek hainbatetan aldarrikatu zazpiak bat hura—, zein gizaikuspegitik: euskararen arazoak, Erriberako laborari pobreen problemak, mendialdeko nafarren kezkak, edo euskaldun guztiekiko batasun beharra. Azken batean, gaineratu zidan halako baten ni neu entzule baino ez nengoela, 'Sabino Aranak zioen moduan Euzkadi euzkotarren aberria baita', 'guztiona', Z enfatikoki markatzen zuela garai hartan idazten genuen bezala. Ni, egia erran, hagitz harrituta geratu nintzen, ez bainekien hain sakon senditzen zuenik, hitz gutiko gizona zelarik, ezkonberria eta emaztea haur baten esperoan. Baina argia zen eta ideia argikoak, eta horrela segituko zuen beti, lan eta ekintza isilean, familia benetan abertzalea eraikiz. Horregatik ere, gerratean beste hainbatek bezala alde egin beharrean aurkitu zen, eta erran behar dut ere, beste batzuek ezbezala zorionez besteei, arerioei, bere burua saldu gabe. Inoiz ez zen alderdikide bihurtuko, baina beti egon zen prest niri laguntzeko, lana intelektuala bazen batez ere. Nik konfidantza osoa nion, eta alderdiaren barruko gauzetan ere sekula ez nuen inongo hesirik jarri, benetan gizon fina baitzen. Iaz hil omen zen bihotzeko batez, Iruñan jadanik, herbestetik orain dela zazpi urte itzuli eta gero. Izan ere, ofizialki alderdikide ez izateak irabazi zion abantaila bakarra hori izan baitzen, herrian hil ahal izatea: beraren emaztea eta seme-alaba biak Iruñan bertan geratu zirelarik, hamar bat urte igaro eta gero, eta beste hainbestek legez herbesteratzearekin batera Bigarren Mundugerrak sorturiko nekeak jasanik, ez baitzioten itzultzeko oztoporik jarri. Niri ez bezala. Aurtengo apirilean oraino ere, eta gure Mikel dagoeneko Iruñan dagoela atxakia eginda, Santiagoko espainiar anbaxadan lagun dudan txiletar abokatu batek Euskal Herrira bidaiatzeko niretzako baimena erdiesten saiatu denean, nahikoa ezagun duen kontsulak konfidantzaz erran dio hobe nuela ez itzultzea, gerrakrimenak baneuzkala neure gain eta oraindik orain berdindu gabeak izanik, arazoak eta oztopoak ediren nitzakeela. Nork eta nik: gerrakrimenak!!

        Elkarrizketa hartan, batzokian aste horrexetan bertan mintzaldi bat izanen zela esan zidan Perikok, ostegunean, arratsaldeko zazpi t'erdietan, eta nahi banuen berarekin joateko, Bilbotik heltzeko zen Eli Gallastegi izeneko bat Irlandako egoeraz mintzatuko zela.

        Ostegun hartan joan nintzenean ume bat bezala nindoan, hori zelako neure bizitza osoan egoten nintzen lehen ekintza abertzale publikoa. Aldazek Antonio Landa eta Miguel Leranozen ezagutza eman zidan, biak mediku. Eta asturuak gero —eta orduko hartan ez asturu gaitzak hain segur— aginduko zuen bezala, bigarrena hiru urteren buruan nire koinatu eta betiko adiskide. Oraindik ez dut ahantzi Gallastegiren hitzaldia, gogorra, eta gure artean betidanik ingelesek sortu duten mirespenari uko egin gabe, Irlandan, konkistatu zutenetik, erabili duten inperialismo zitala salatuz. Gallastegi gainera oso gizon sutsua zen, gero alderdiaren barruko arazoetan ikusiko nuenez izakeraz ere benetan ona, nahiz eta batzuetan Ameriketako hegoalde honetan erraten ohi dutenez, noizean behin sobera sakazale eta, gainera nezake, aski egonarririk gabea, politika egiteko guztiz bertute printzipala, gurea bezalako herri batean batez ere, non burugogorkeria —agian historian zehar bene-benetan salbatu gaituena— eta besteren kontra esaka eta zurrumurruka ibiltzeko joera guztiz nabariak diren. Mintzaldia bukaturik Miguel Leranozengana hurbildu nintzen eta zuzenean galdetu nion ea bera alderdikidea zen, nik neuk ere izan nahi bainuen. Baietz erantzun zidan irriño batez eta berarekin oso gertu zegoen bulegora joateko proposatu. Izen-deiturak eta beharrezkoak ziren datuak hartu zizkidan eta asteroko batzarra, nahiko banuen bederen, asteazkenero izaten zela arratsaldeko zortzietan esan zidan. Haatik onartua izateko konfidantzazko abertzale biren sinadurak beharko nituzkeela erran ere egin zidan. Berak berea prest zuela erantsi zuen —ongi ezagutzen baitzuen Periko Aldaz— eta Perikorena izan zitekeela bestea gaineratu. Horretara hasi zen beraz gure arteko harremana, bera hil arte iraunen zuena eta zinezko adiskidantza bihurtuko. Gizon ona baitzen Miguel. Are gehiago, bere arrebarik gazteenaren ezagutza emanen zidalarik, Karmentxu Leranoz neska eder eta panpoxarena, beti ere hemen —Txileko atzerri honetan— ondotxoan daukadana, harremana hil arteko ahaidetasuna ere bilakatuko zen. Duela zortzi urte hil zen. Iruñan bere zorionerako. Ez dakit ordea Karmentxuk eta biok horrenbeste zoririk ukanen dukegun.

        Hurrengo asteko asteazkenean, zazpi t'erdietan ja, batzokian nengoen Perikoren eskutitzarekin sakelean. Atean Patxi Latasa zegoen. Arratsaldeon batez agurturik, eta irripar ñimiño batez, antza aurreko asteko mintzalditik ezagun egiten zitzaion jadanik nire aurpegia, zer nahi nuen galdetu zidan. Kide berria nintzela esplikatu nion, aurreko astean on Miguel Leranozi emanda nengoela datu guztiak, eta haren erranetara, egun horretarako karneta eginik egotea espero nuela eta hartzera nentorrela, baina era berean asteko batzarran parte hartzeko esperantzarekin ere banentorrela. Ordutik aitzina, aurreko zogiera eta begiramendu hotza laguntasunezko jarrera bihurtu zen. Garai hartan ja Patxik 55 urte zeuzkan. Errokoa zen, eta erabat seriosa izanagatik ere, ezezagunekin batzuetan baita deskortesa ere, guztiz gizon onbera eta bihotz xamurrekoa, baina betiko legez euskaldun lotsatietan, azaletik otso. Garai hartan bera zen batzokiko langile bakarra, batzokia Zapateria kaleko etxebizitza batean zegoelarik. Oraino ez genuen Euskal Herri erdi alkoholiko eta lotsor horretan hain beharrezkoak diren taberna horietako bat. Batzokia erakutsi zidan, eta eseririk zegoen aulkitik jaikitzean herrena zela ohartu nintzen. Hagitz indartsua zen, baserritarra izana Erron bere herrian bertan, baina ikuiluko istripu batean, ez dakit zerekin estrapozu eginik, herren geratu zelarik, baserria alokatu eta Iruñaldera etorria zen emaztearekin alaba gazte eta alargun baten etxera. Ospitalera nahi eta ez egindako bisitetan, ordea, gure Miguel ezagutu omen zuen, bera zelarik egokitu zitzaion kontrola eroateko medikua, eta piskanaka medikua eta gaisoen arteko konfidantzak bakarrik eman dezakeen moduan, elkarren ideien berri edukirik, Miguelek berak lanpostu hori eskaini omen zion, batzokian halako atezain arduradun bat beharrezkoa izanen zela erabaki zutenean. Ordurako, alderdiak bazeuzkan berrehun kide baino gehiago Iruñan, eta ekintza sozialak gero eta maizago gertatzen ziren. Miguelek orduan, hagitz pertsona egokia izanen zelakoan, Patxiri erran zion, zeren betebehar nagusiak, garbitzeaz gain, arduradun eta atezain izatea baitzen, beraz Patxirentzat guztiz egokia. Horrez gain euskalduna ere bazen, ez garrantzi gutikoa batzokiko atezaina izan behar zuenarentzat. Izan ere, Miguelek kondatuko zidanez, behin Gaztelu plazako mitin batean ikusi zuelako jakin zuen bakarrik Patxik nola senditzen zuen zinez, eta parada erabilirik, ospitalera hurbildu zen hurrengoan mitinaz mintzatu omen zitzaion. Ordurako eta mediku gisa, ba omen zeukan Patxik konfidantza Miguelengan. Horregatio, horrelako gauza batez mintzaturik, hasieran harritu bazen ere, azkenean eta Miguelek berak alderdiko kidea zela esan eta gero, bera ere euskaldunok dauzkagun eskubideen alde zegoela aitortu omen zion. Eta ongi egin zuen Miguelek, bestela Patxi hain isila izanik, zaila izan baitzitzaiokeen ezer ere jakitea. Antza, Gazteluko plazako egokiera hartan, Beaumonti txaloka eta 'gora'ka guztiz bero ikusita, halako gizonkotea izanik —Miguel bera plazako beste ertz batetik entzuten zegoelarik— are nabariago egin omen zitzaion. Biharamunean, laugarren aldiz etorri zitzaion ospitalera, Erroko medikuaren aginduz noizean behin hanka eta gerria begiratzea komeni baitzen. Eta Miguelek orduan non ikusi zuen erran omen zion. Hortik aurrera oso lagun egin ziren, halakoa zen eta gure Miguel, eta urte baten buruan lanpostua eskaini zion. Nonbait, karlista izana zen, baina beste hainbeste bezala, beraren sendimendu etniko gogorrentzako erantzun moderno bat susmatu zuenean —hagitz argitasun naturaleko gizona izanik— behingoan oratu zion salbabide berriari.

        Zazpiak eta hamarretan beste pertsona batzuk hasi ziren heltzen, Patxik harro-harro halako abokatu gazte bat kide berri izateagatik, guztien ezagutza ematen zidala. Zazpiak eta hogeian, Miguel Leranoz agertu zen. Patxik, orduan, Miguelen protesta guztien kontra 'on Miguel' irizten ziolako adin beretsukoak izan arren, zera erran zion:

        —On Miguel, hona hemen zure kide berria.

        —Gabon Patxi, gabon, nola daukazu izena? Ai bai, Ozkoidi ezta?

        —Bai, jauna, Ozkoidi Garde.

        Beranduago Beaumont agertu zen, eta Lorda. Bion ezagutza eman zidan Miguelek. Orain hau guztiau gogoratzen dudanean halako malenkonia antzeko bat sortzen zait. Gure Nafarroa horretako lana beharbada zail eta gaitza, baina zein eder halako lagun onekin aritzea. Miguel, Hipolito, Patxi, gero lanean hasiko zen Donato, Tafallako garaitik ikusita ez neukan Anton Erro —eta hortik aurrera laster behin eta berriz Nafarroa eta Euskal Herri osoan zehar egindako itzulietan aurkituko nuena— Olhagarai apeza, Lorda, Landa, edo aita Meltxor, diputazioan idazkari nengoela jakin zuenean, hainbat urtez ikusi gabe egonik ere, bisitan etorri zitzaidana eta ia nigarrez besarkatu ninduena, eta euskaraz jakin ez arren, halako 'aurrera mutila' bota zidana. Garai ederrak benetan. Zer dago eta askatasunaren alde lan egitea bainoago?

        Lehen batzar hura ez dut sekulan ahantziko. Egia erranik, honezkero ez dakit zertzuk gaiak erabili genituen, orduko neure poza daukat gogoan bakarrik, hara bildu ziren 30 gizon haiekin egoteak sorrarazi zizkidan sentzazio ezin ezabatzekoak. Batzar haren ondoren, gainera, funtsatu zen Miguel eta bion arteko adiskidantza, Iruña kafetegira zerbait hartzera gomitatu ninduenean, eta harantz gindoazela beraren arreba txikiarekin egin genuenean topo, Karmetxu Leranozekin, hogeita bat urteko neska zinez polita. Etxerantz zihoalarik, berak ikusi eta agurtu gintuen:

        —Agur, Migueltxo, erran zion.

        —Agur Karmentxu. Baina zer egiten duzu hain berandu hemendik? Barka, hona hemen Antonio Ozkoidi jaun abokatua, eta niri begira: Karmentxu Leranoz, gure arreba txikia. Eskua luzatu zidan Karmenek orduan. Ikaraturik geratu nintzen, une hartan bertan somatu bainuen eta senditu ia ezinezkoa egia izan ez balitz, hura izateko zela nire amodioa betiko. Eta halako irkaitz labur batez erantzun zidan:

        —Anitz urtez.

        Agur egin eta gero, gu geu 'Iruña' kafetegira joan ginen pentsatu bezala. Saiatu nintzen arren, haatik, ezin ukan nuen Karmen Leranoz neska pinpirin hura burutik kendu, hainbeste ezen seguru nago Miguelek berak ere ohartu behar izan zuela. Edonola ere, lehenagotik generabilen gaiari lotu gintzaizkion berriz ere, alderdiaren antolamenduaz ari ginelako, eta orobat Nafarroaren egoeraz halako begirada orokor bat eginez. Non zer genuen eta zeintzuk izan zitezkeen gure esperantzak. Iparralde euskaldunean aski ondo sartuz hasiak ginela, eta orobat Iruñerrian. Problema gehixeago zeudela, aldiz, Agoitz ekialde horretan eta orobat Lizarrerrian, baina esperantzak, horratik, ez zirela txarrak. Erriberri eta Tuterako merinerrietan, ordea, deus guti geneukala, egon bateon batzuk bazeudela Tafallako alde horretan, hala nola Irigarai, Dosandabaratz eta pare bat apez, bata aita Meltxor Pascual, eskolapioa. Lana, beraz, handia zela eta zaila. Aita Meltxorren izena aipatu zidanean berari esker bihurtuta nengoela ni abertzale azaldu nion. Bost urte lehenagotik ezagutzen zuela erran zidan, oso gizon on eta langile fina zela gaineratuz. Tafallako eta inguruetako beste abertzaleekin biltzen zela astero, baina guztira hamalau izanda oraindik —eta horietako bi Erriberriko frantziskotarrak— ez zutela aski indar eta dirurik batzoki bat sortzeko. Horrela segitu genuen bi orduz, hondarrean, hamaika t'erdiak inguruan etxerantz joateko elkarri agur egin genion arte. Nik neuk biharamonean zazpietan jaiki behar nuen, lanera joan baino lehen mezatara joatea gustatzen zitzaidalako, egia erran orain bezala, eta orain antza, Txilen bederen, hainbeste gazteren harridurarako. Ni baina horrela hezi ninduten, eta egunaren hasmenta Jainkoari neureak gomendatuz eta eskainiz egitea oraindik ere gustatzen zait. Haatik, ez nintzen egun hartan begirik lotzeko gauza izan, Karmen neukan gogoan. Ni neu ere ikaraturik nengoen: nola izan zitekeen behin ikusitako neska eta minutu betez bakarrik berarekin mintzaturikoa ezin burutik kentzea?

Txileko Santiagon, 1953ko abenduaren 6an».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus