5

Osaba Miguelen atxiloketa

 

«Sei t'erdiak ziratekeen guti goiti beheiti, Osinbeltzetik, Orotz-Beteluko etxetik, atera ginenean, goiztiria ia ordubete lehenago hasia zegoela. Osaba Karmelo eta Josu aitzinetik zihoazen, beraiek baitziren inguru hartako bideska eta era guztietako bidezidorrak oro zezaguzkitenak. Eta haiek bezain azkar joan gabe ere, abiada onean gindoazen aita eta biok gibeletik, osaba Karmelo eta Josu bezain mendizale porrokatu ez izanik, aita, nire gisara, franko ibiltzen baitzen mendian barna, igandeetan batez ere, mitinik edo betebehar politiko publikorik eduki ezean segurik. Hamar t'erdietan, lau ordu egin eta gero beraz, Orbaran utzi nituen, neronek oraindik —egun latz haietan ama eta osaba Miguel bakarrik luzeegi uztea komeni ez zelarik— Irurozkiraino itzuli behar bainuen. Orbaitzetan, gainera, aitaren eta osaba Karmeloren laguna zen Luis Ajestarekin, alderdikidea ez izan arren abertzalea ere bazena, egotea espero zuten, aski ongi ezagutzen zituzten bideetatik, orduko zirkunstantzietan are seguruago ibiltzeko.

        Etxe-alderako bidean bizkorrago nindoan. Lehendabizikoz, Osinbeltzen barna igaro behar nuelakotz eta osaba Karmelok emandako agindu guziak ongi bete eta gero, den-dena itxi, ate eta leiho bezala, hala armairu eta gainerakoak. Eta bigarrenekoz, arratsalde hagitz luzea bainuen Irurozkiraino ailegatzeko, ordukoan ere ez bainintzen herrietan barna pasatzekoa, ez Orotz-Betelutik, eta are gutiago Azparrendik, baina ezta Urraulgo bertze herrietan barna ere. Harako bidean jende aunitzek ikusiak ginen aita eta biok, eta orain ez nengoen gogotan inork galde ziezadan non zen aita, on Antonio edo eta Ozkoidi jauna. Hondarrekoz, guziz urratua, arratsaldeko zazpietan ailegatu nintzen Irurozkiko etxera, goizeko sei t'erdietan hasirik, hamabi ordu ibiltzen egin eta gero beraz, eta aldean hartuak nituen fruitu batzuk izan ezik, gosalduz geroztik deusik jan gabe nengoela. Gere aitaren Mercedes beltza urrutitik ikusirik, 'ez da deus gogorrik gertatu oraindik, ez dira nonbait hemendik agertu' erran nuen nire golkorako. Amak ikusi ninduenean nigarrez egin zidan musu, baina era berean baita pozaz kondatu ere, dena zegoela ongi, ez zela deusik gertatu. Hurrengo, osaba Miguel agurtu nuen, bankuko guztiak eginik zeudela erran zidana, goizean joana baitzen Iruñara aferak konpontzera. Banco de Bilbao-koak hantxe zituela, eta aurrezkikutxakoak, berriz, kontu seguruago batean amaren izenean paratuak. Eta arras ongi oroitzen naiz parada hartan senditu nuenarekin, nik haur mukizu galtza labur hutsak osaba mediku zaharrarengandik etxeko kontuez informazioa bilduz. Adin hartan soilik sendi daitekeen harrotasuna senditu nuen, baina ezta beldur guti ere, ohartu nintzenean, bera, osaba, ama eta hirurok izanen ginela hortik aitzina gere etxearen erantzule bakarrok. Hondarrean, bainu bat hartuta, afaltzen hasi ginen, oraino ere, hain bainengoen nekatuta, eta hain bainintzen gose, non atzo izan balitz bezala oroitzen bainaiz afari harekin, Ama, osaba Miguel eta Mirentxurekin batera, anaia ttipiak, Xabier eta Andoni, ordukoz hain segur, ohean zeudekeela. Kasik hiru egun segidan sinestezinezko etenduran eginik, afari hori izan zen, nik uste, lasai eta patxadaz egon nintzen eta irri egin nuen lehenengo unea. Ama ongi zegoen, oraindik ez aitak telefonoz —biharamunean deituko zuen Donibane Garazitik—, ez eta osaba Miguelek edo nik, ez geniolarik deusik erran benetako egoeraz eta bertzerik ezean genuen esperantza txarraz. Eta orobat aitaren joanaldia, aitak berak uste zuenez, aski luzea izan zitekeenaz. Aitarengan zuen fede ia itsua zela bide gainera, ez zitzaion ongi ohartzen gertatzen ari zen, edo gerta zitekeenaren desneurri gaitzari. Hondarrekoz, garai hartan ohikoa zen emakumeen hezkuntzak hala izatera behartzen zituelakotz: gizonaren menpeko, ezjakin eta batez ere munduarekiko inongo kezkarik gabeko. Ona zen gure ama, arras maitakorra, eta are gehiago, argitasun naturaleko andrea. Deus ikasigabekoa izanik —norbaitek erran zezakeen— arront, baina aitak bere eskua sartzen ez zuen aferetan beti zorrotz, gure hezkuntza moralaren zeretan bezala, ez noski hatsarreen maila abstraktuan, baina bai eguneroko bizitzaren beharkizunetan. Gere ama zen eta haatik —ez nintzateke hau inon aitortzeagatik ahalketuko— zinez emakume fina.

        Hamarretan joan nintzen ohera, ondoko egunean gerta lekizkigukenak asmatzeko ere betarik gabe.

        Goizeko zortzietan jaiki nintzen egun zeru argi eta eder bateko gardentasunarekin. Osaba Miguel lotan zegoen oraino. Ama eta Mirentxu, aldiz, altxata zeuden. Haiekin gosaldurik orduan, bainua hartu eta berehala, anaia gazteekin batera, zazpi eta sei urtekoak bertzerik ez ziren Andoni eta Xabierrekin, ibai-ingurura hurbildu nintzen. Aita eta Josu non ziren jakin izan ez bagenu, edo Amak beranduago erranen zuen bezala, Pirinioetan ibilka zeudela jakin izan bagenu, udaldeko egun ezinago galant eta polita, Irurozkin lehenago ere eginik genituen bertze hainbertze bezala, Nafarroako ekialdeko, eta orain zorigaitzez ia husturiko, Urraul Goitiren erditsuan. Hamabiak aldean, anaiak adin bereko lagun pare batekin herriko plazan utzirik, etxeratu eta gosaldu berria zen osabarekin —hondarrekoz hark ere egunetakoak ordaindu beharrean hamaikak arte edo lo egindakoa— bildu nintzen, eta aurreko egunetan aitarekin hitzartu bezala, amari dena behar zen bezala kondatzea erabaki genuen, beldur baikinen aitaren eske hasi orduko gauzak ez ote ziratekeen are gehiago nahasiko amak benetan gertatzen ari zena hobeki ezagutzen ez bazuen. Bertzetik, etortzea espero genitzakeenei aurre egiteko ama nolabait prestatzea garrantzitsua zen. Eta horrela egin genuen. Hamabi t'erdiak ziren eta amari deitu genion. Egongelan jarri ginen. Osaba Miguelek orduan horrela erran zion, egoera txarragora jotzen hasia zela, Nafarroako irratian jadanik astakeriak baizik ezin zitezkeela entzun eta beraz aitak eta Josuk seguraski luzaroan egon beharko zuketela iparraldean, edota kanpoan behinik behin. Hagitz garrantzitsua zela bera bere buruaren jabe egotea, eta aita non zen ez zekiela garbi uztea, jakin ere ez zekien moduan, eta guk geuk ere ez genekien bezala. Oraingoz, Irurozkin geratuko ginela hurrengo hilabeteetan, eta aita zein Josuren eske etortzen baziren, duintasunez ahal bazuen bederen, deusik ez erratekotz. Seguraski, hari ez ziotela deus eginen. Diruarenak ere azaldu genizkion, kutxan hurrengo bi urtetan lasaitasunez bizi izateko adina bazegoela, eta gainera osaba Miguelen aurrezkiak eta Irurozkiko etxeko soro eta pentzeak —auzoko batek maizter gisa gobernatuak— ere hor zeudela eskura. Iruñako etxea itxita egonik gainera, egoera txarragora joz gero eta luzatu, arrenkurak ez zirela hain haundiak izanen, eta jateko gehienak Irurozkiko baratzetik eta Aizpurgiko aziendategitik aterako genituela. Bertze dirua, aldiz, nola edo hala lehen bait lehen iparraldera aitaren eskuetara ailegaraztea beharrezkoa zela, ahalik eta lasterren frantses dirua erdiets ahal zezan, diru segurua alegia, zeren egoera hau luzatzen bazen, Frantziako banku zentralak hain segur Espainiako Errepublikako pezetarik ez onartzea aginduko baitzukeen lasten batean. Baina batez ere trankil eta kementsu egoteko, haurrok eta familia osoak aitzina segitu beharko baitzuen. Entzun gintuelarik ez zuen keinurik egin. Hondarrean, ordea, hirurak jaikirik geundela, osaba Miguel, bere neba, besarkatu zuen. Hiru negar-anpulo atera zitzaizkion, baina behingoan arnasa hartuta, 'bazkaria prestatzera noa' —erran zigun.

        Bazkaria isila baina trankila izan zen, alde batetik eguraldi ederra zelakotz, baina bertzetik noiz gertatuko ziren gertatzekoak esperoan ginelakotz. Irratiko berriak gainera gero eta ilunago bihurtzen ari ziren. Denak ziren mehatxu gogorrak, martxa militarrak eta, ikaragarriena, apez nazkante zenbaiten pitokeria latzak, Jainkoak salbatzailea bidaltzea erabaki zuela, errepublika deabruaren sistema zela, eta abar ezin errepikatzeko bat. Hondarrean, bortzak irian, ailegatu egin ziren.

        Lehenago ordea amari guztiari buru emateko aski kemen eman zion zerbait gertatu zen. Ordu biak eta hirurak bitartean gertatu zen eta minutu bakarra irauteagatik, zinez luze egin zitzaion aitaren telefono-deia iritsi zitzaigun. Oraino ere harritu egiten naiz nola ez zeuden telefono-komunikazioak moztuta, Nafarroako nagusi bihurtu eta hiru egunetara, botere absolutua hartu eta hiru egun oso iragan eta gero. Osabak ere hitz egin zuen aitarekin, bankukoak aipatzearren. Eta amak telefonoa berriz ere hartu eta gero, eta agur erran, eten egin zen deia. Nigar egin zuen orduan amak, baina pozez ere egin zuen, orain bazekielakotz jakin aita eta Josu bederen seguru bazeudena. Horretara, aitarekin elekatu eta gero ohegainean etzan zen larritasunak eta ezinegonak sorturikako etendura, piskat baino ez bazen ere, apaltzeko. Bortzak laurden gutiago arte egon zen ohean. Jaiki, bainugelara joan, eta sukaldera etorria zelarik nirekin batera kafea berotzera, ustekabean hiru kolpe beldurgarri jo zituzten atean aldabaz. Gurekin zegoen neskamea, Elisa, zabaltzera joan zen:

        —Antonio Ozkoidiren etxea? —entzun genuen galdetzen zutela.

        —Bai jauna, hau duzu bera —erantzun zuen neskameak kortesiaren erregelak eskatzen duen bezala.

        —Ateratzeko erraiozu! —izan zen ihardukitze zakarra.

        —Ez dago —neskameak orduan. Eta entzun genuen hurrengoa:

        —Ken zaitez hortik!

        Hiru falangista ziren eta kokoen sarjentu bat. Derrepentean sartu ziren gu ohartzeko ere betarik eman gabe. Egongelan sartu ziren osaba Miguel hantxe zegoela jarrita, justu ama eta biok hara ailegatzen ginen unean. Gure zorionerako haurrak herrian zeuden jolasean eta ez zuten egokierarik eduki hangoak ikusteko. Miren, aldiz, bere gelan irakurtzen ari zena, berehala ailegatu zen.

        —Nor zara zu? —galdetu zioten, falangista haietako batek pistola paratzen ziola bularrean ia.

        —Miguel Leranoz —erantzun zien osabak trankil eta geldiro.

        —Paperak —erran zuen orduan sarjentuak, profesionaltasun eta esperientziak nonbait sorturiko lasaitasunaz, falangistak baino hagitzez trankilago zegoenak. Osabak orduan karneta erakutsi zien. Jakin bazekiten ez zutela gure etxean inor aurkituko, baina hala ere ordurarte isilik egondako, eta nik uste bistaz edo ezagutzen nuen bertze falangista batek zerbait txarrik aurpegiratzen ari balitzaio bezala erran dio:

        —Medikua eta gorri separatista, putakume alua!

        Osabak ez zuen deusik ihardetsi, baina zibilen sarjentuak, beti ere zuzen eta profesionalago, isiltzera manatu zuen aginduzko eta mespretxuzko keinu bat-bateko batez, bere lanean oztopo eta traba baizik ez izateko eta bertzerik ezean halako jendailak lagundua etorri behar izan zukeen bezala.

        —Eta zuok nor zarete? —guri galdezka, amari eta bioi,

        —Karmen Leranoz ni, —erran die amak, eta hau nire semea, Mikel Ozkoidi.

        —Ze ostia da Mikel? Mi g u e l... —falangistetako batek, hogeita bortz bat urte zituzkeen bibote beltz eta ile gominaztatuak, amak deusik gehitzen ez zuela.

        —Non da zure senarra? —sarjentuak berriz ere,

        —Bortuan. Herenegun Iruñatik atera ginen honako aldera urtero bezala oporrak egitekotan. Etxe honexetan egin genuen lo eta orduz geroztik ez dut bera ikusi. Atzo goiz-goizetik egin baitzuen alde eta aste bete pasa arte ez dut uste etorriko denik. Horrela egin izan du bederen urte guzietan. Zein da afera, jakiten ahal bada? —erran die amak serios baina ahal zuen erarik atseginenaz. Falangistarik gazteenak orduan:

        —Ez duzula berarekin lorik egin... —eta sarjentuak orduan ahots goraz guziz gorriturik ahalkeren ahalkez:

        —Isil zaitez! —beldurrez segurutik errateko zuen kirtenkeriagatik. Orduan haietako bertze batek:

        —Egon zaitez, bai, kezkaturik —erraten dio hasmentan ere mintzatu den falangistak—, harrapatzen badugu ikusiko du zer den separatista izatea, eta lapurra, on Antonio Ozkoidi jauna, —azken hau emeki eta silabak argi eta garbi ebakirik.

        Denok egongelan zutik, ez genuen deusik erantsi. Sarjentuak orduan etxeari begiratu bat emateko agindu zien. Gure zorionerako, ez ziren ausartu deusik hartzera, oraindik ez genekien arren, Iruñako etxean egina zuten gisara, goiz hartan aitaren eske ere hara agertuak zirenean. Guk beranduago, hamar egun geroago soilik jakinen genuen dena, auzoko batek osaba Migueli kondatuko zionean, osaba Iruñaraino ausartu zen batean egoera nolakoa zen ikusteko. Irrati handi ederra eta baxera oso bat harrapatu baitzuten han, ofizialki —hori bai— gorri, lapur eta separatista zen norbaiten ondasunen bahitura erran bazioten ere. Oheko jantziak, hain zuzen, ez zituzten harrapatu ikusi ez zituztelako, atezainak ez baitzien erran goibururik genuenik, hantxe zeudelarik gaztainezko armairu handi batean maindire, ohazal eta abar luze osoa. Itxuraz, aitak erabili trikimailuak eragina ukan zuen, berak susmatu bezala, lehendabizikoz Iruñakora, eta gero Irurozkiko etxera joan baitziren haren eske, beti ere berari aski denbora emanik —egin zuen bezala— alde egin ahal izateko.

        Irurozkin, gela guztiak eman zituzten azpikoz goiti. Han ez zegoen ez lekukorik ez deusik behar. Azkenean, ordu erdi pasata amore eman zuten, baina zerbait eraman beharrean zeudela, hondarrekoz erran diote osaba Migueli:

        —Zu gurekin zatoz! —osabak orduan amari.

        —Trankil egon zaitez Karmen, dena konponduko da laster. Eta ailegatu ziren Renault beltz handi berean sartu zuten osaba berekin batera. Hitzez ez bazen, ongi erabili zuten, sarjentu haren aginduz batez ere, zeren gero jakinen genuen bezala Irurozkiko kokoa, bera ere nafarra eta aspaldiko urteetan hantxe egona, gure etxera etorri baino lehen haiekin, sarjentuarekin egona baitzen eleketan, eta hagitz jende ona ginela eta herriko jendeak maitatua, erran omen baitzion.

        Faxistak alde eginda, amak leher egin zuen. Nigarrez hasi zen, eta bertze inoiz entzun ez diodana, ahots gora, ero antzean halako garrasi gorrotozko bat bota zuen:

        —P U T A K U M E A K....

        Bai Elisa neskamea eta bai ni ikaraturik geratu ginen. Hamar minutuz egon zen isilik begien bista galduta bezala. Hondarrean arnasa sakon harturik:

        —Goazen gauzak ordenatzera —erran zigun.

        Ez dakit zer ordu zen osaba eraman zutenekoa, baina borzpasei ordukoa izan zen oinazea. Arratsalde hura ikaragarria izan zen, denok isil, eta hala ere haurrak ailegatu zirelarik deus gertatuko ez balitz bezala portatu behar. Hamaiketan, baina, ama, Mirentxu eta hirurok egongelan ginela, amak ez baitzezakeen begirik lot, telefonoaren txirrina entzun genuen. Arrunt ikaratuta geratu ginen eta guztioi asma zitezkeen gauzarik txarrenak igaro zitzaizkigun burutik. Neronek hartu nuen telefonoa, eta osaba Miguel:

        —Ongi nago, bihar hortxe egonen naiz, trankil egon zaitezte, agur.

        —Ez genuen sinesten ahal. Ama, orain neronekin eta Mirentxurekin batera, berriro ere nigarrez hasi zen. Ezin gera zitekeen isuri tzarra ematen zuen, hirurok batera nigarrez eta barre algarak egiten eroturik bagina bezala. Ez genezakeen sinets. Hondarrean, eta aurreko egunetan bezala, arras birrindurik joan ginen ohera.

        Osaba Miguel biharamuneko ordu batean agertu zen. Iratiko goizeko trenean etorria zen, Iruñatik zortzietan ateratzen zen trenean. Iruñan zeukan etxean lo egina zegoen eta guri erran bezala, liburu bete bidaizorro batekin Irurozkirantz abiatua zen berriz. Artiedan, aldiz, ikaskidea izateagatik ongi ezagutzen zuen herriko medikuari Irurozkiraino ailegatzeko eskatu zion laguntza. hark, karlista eta eskuindar adina osabaren ideien jakitun, hasieran uzkur edo egin zuen, baina azkenean, osaba Miguelekin betidanik edukitako lagun-harremana zela bide, deusik galdetu gabe, ezta zendako ez zuen hain eder eta garaiotan Nafarroan hain bakan zen koinatuaren Mercedesa erabiltzen —jakin baitzekien osabak gurekin ematen ohi zituela oporrak— bere automobilean eraman zuen Irurozkiraino kontsultaldia bukatu eta gero. Osaba Miguelek geroago kondatuko zigunez, gerra ez ezik, deus gertatzen ez balitz bezala etorri omen ziren eleketan, izan ere hilabete bi lehenago mediku hark edukitako kasu mediko berezi batez mintzo. Osabak edonola ere eskerrak eman zizkion, hala etxeraino ekartzeagatik, nola bere eta gu guztion ideien kontra deusik ez errateagatik.

        Gertatutakoak bainu bat hartu eta gero kondatu zizkigun bazkaldu bitartean, lehenagotik trankil egotea zela orduko lehen betebeharra behin eta berriz errepikaturik. Izan ere, ordurako osaba Miguel bazen oraingo mediku naturisten joerakoa. Iruñarakoan automobilean ordubete t'erdi egin zutela kondatu zigun, eta guziz desegina ailegatu zela. Hondarrean bera ere guztiz beldurturik zegoela, bidaian, eta sarjentuaren aginduz, denak isilik joan baziren ere. Gobernu Zibilera eraman zutela, baina hara sartzean aspalditik lagun zeukan Ramón Loperenak ikusi zuela, karlista jantziaz eta armadako kapitain batekin eleztatuz. Osabak keinu bat egin omen zion begiez, eta Loperenak orduan, benetako kuraiaz eta bihotz-handitasunaz:

        —Baina on Miguel, zer egiten duzu hemen?

        Osaba zeramaten sarjentua eta falangistak aho bete haginekin geratu omen ziren. Sarjentua, osabak zioskunez, baita gorriturik ere, azken batean bazekielako handik ez zela deus onik ateratzen ahal, Irurozkiko goardiak erran bezala. Osabak, orduan:

        —Ez dakit Ramón, Irurozkin nintzen arrebarekin eta Antonio koinatuaren eske etorri direla, hura etxean ez zelarik, neroni ekarri naute.

        Loperena arras haserraturik orduan sarjentuari eta falangistei:

        —Baina zer uste duzue zuek, badakizue nor den on Miguel Leranoz?

        Eta berak erantzun: —Hiri honek eduki duen medikurik onena eta eskuzabalena. Berak salbatu zuen nire seme nagusia gainera duela hamar urte. Utz ezazue libre oraintxe berean!

        Falangistetako bat zerbait erratera saiatu omen zen, baina Loperenak, berrogeita hamabortz urteko gizon mardulak aukerarik ere ez omen zion eman hitz egiteko:

        —Oraintxe berean askatzeko, erran dizuet! —errepikatu zuen agintekoi. Eta gero osabarengana:

        —Barka on Miguel, badakizu, une hauetan ez dago beti behar den kontrolik, joan zaitez etxera faborez, baina deus beharko bazenu badakizu hemen naukazula. Ez gero dudarik egin nigana etortzeko. Armadakapitainak ez zuen deusik erran.

        Eta osaba ateraino laguntzen zuelarik ahopeka zera gaineratu zion:

        —Ozkoidirentzat ez iezadazu deus eska! Hobe kasu ematen badu!

        —Mila esker aunitz —erran omen zion orduan osabak, Loperenarekin zegoen kapitainak sarjentuari eta falangistei alde egiteko agindua eman zien bitartean.

        Guk ezin genezakeen sinets. Gure aitzinean egon izan ez balitz ez genukeen sinetsi segurik. Baina gizon ona zen gure osaba. Izan ere, anai-arrebok Txiletik itzuli ginenean, gurasoak hantxe utzita, jadanik hilda zegoen, berrogeita zazpian hil baitzen hirurogeita hamazortzi urte betetzeko zegoela. Amaren neba nagusia zelarik, hari esker segitu ahal izan zuen familiak Iruñan eta Nafarroan, ez baitzioten deusik kendu eta ama, Mirentxu, Elisa, anaia txikiak eta seiok alde egin genuenean, berak hartu zuelakotz guztiaren ardura, politika publikoan sarturik egona ez zen aitaren anaia batekin batera eta beren izeba zaharrarekin, Zangotzako izeba Marirekin».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus