4

Orbaitzetako

urtegitik Iparraldera

 

«1936-7-22a:

        Egun goibel eta lantsua izan zen atzokoa. Mikel semea Orbaraino etorri zen gurekin, handik Orotz-Betelutik berriz ere iraganik, Irurozkirantz abiatu baitzen, honantzakoan eginiko bide bera berriz egiteko. Honezkero Karmentxurekin egonen da. Karmentxu maitea, kemena beharko du datozen egunotan. Gaur ez bada, bihar edo etzi norbait etorriko baita gure bila. Miguel koinatuak eta Mikelek, espero dudanez, laguntza aski emanen diote. Garrantzizkoena, edonola ere, ez lurrik jotzea da, ez dadila suntsi, ez dezala desesperoz krak egin. Ez diot zorigaitzez katramila honi guztiari itxura onik hartzen, eta ez nintzateke harrituko bat ere burruka honek inork erran eta espero baino luzeago iraunen balu. Izan ere, jaiki omen diren militarrak piztia hutsak dira, Afrikako armada baita, dirudienez, erreboltatu dena lehendabizikoz, Franco jeneral monarkikoa buru duela. Izan ere, monarkikoek edozer erranagatik ere, Errepublika errespetatzen zutela adibidez, betidanik ibili dira azpilanean, bai orain, bai eta Sanjurjo-rekin batera duela urte pare bat ere. Hain ulergarria egiten ez zaidana Molarena da, beti izan omen baita errepublikazalea eta konstituzioaren aldeko. Horrek erakusten du ongixko nolakoak diren militarrak: kontrako frogak agertu ezean faltsu eta nobleziarik gabekoak, beraiek hainbeste preziatzen omen duten ohorerik bat ere gabeak. Hobe oker banengo, baina etorkizunak ez dakit zer ekarriko digun, ez diot nik bederen argitasunik sobera igartzen. Eta nolako izerdiak atzokoak, armaolarako bidea alde batera utzi eta gero lakuan hasi behar izan genuenean arraun egiten; Josuk bederen, sobera ongi ez egin arren, indarra bazeukan. Karmelok eta biok berriz, baldar hutsak, ez aitzina, ez gibelera. Baina ez da harritzekoa gero, bera Iruñako eta ni Zangotzako, bai bata eta bai bestea itsasalde lehorrekoak, norbaitek gure bizkar barre egitearren erran lezakeen bezala. Azkenean, urtegian bi ordu eta oinez beste bospasei egin eta gero, hainbat kilometro eginda, Esterenzubiko lurretan sartu ginen, ofizialki behinik behin Espainiako Estatuarenak ez ziren lurraldeetan. Gure zorionerako, bai Josuk eta bai Karmelok ongi ezagutzen dituzte Nafarroako itzulinguru hauek, zein baino gehiago mendizale porrokatuak baitira. Txalupa ertz batean utzi eta gero orduan, Orbaitzetako lagunak agindutako tokian guti goiti beheiti —berak berriz ere berreskuratzeko toki egoki eta errazean hain zuzen— Errozateko lepoaren azpitik igaroz, eta Agerreko oihanean zehar, Beherobiatik Esterenzubiri buruz abiatu ginen. Eskuinera baserri pare bat utzi genuen, Harizmendia eta Erramuntxoenea Karmeloren erranetara, azkenean Etxeparera heltzeko. Bertakoek, Karmeloren lagun aspaldikoek, zeredozer entzuna zeukaten jadanik herrian, Espainia aldean zerbait gertatzen ari zela. Ez zekiten ordea deus gehiago. Eta euskaldunak euskalduna hartzen ohi duen moduan egin ziguten abegi beren etxean arratsaldeko zazpietan, uztaila izanik, eta oraino zeruan eguzkia nagusi egon arren, guztira ia hamar ordu ibilian eman eta gero eta egoeraren etendurak sorturiko ezinegonaz, guztiz birrindurik geundela. Afaltzeko, eta guretzat propio, zopa eder bat prestatu zuen etxekoandreak, entsalada, arraultzak txistorrarekin, bildoski errea gero, eta errementatzeko puntuan geundenean azkenez, gazta, fruituak eta arrozesnea, hondarrean zerbait edan nahi ote genuen galdetzen zigula. Hamarrak irian sukaldearen ondoko gela batean jarri gintuzten lo egiteko, eta biharamunean trankil egon gintezen gaineratu, beraiek jaitsiko zirela eta Esterenzubiraino, berri zehatzagoak jasotzearren.

        Gaur goizean zazpietan jadanik jaikirik geunden guztiak, eta etxekoandreak kafesnea eta ogia gurinarekin zerbitzatu dizkigularik, zortziak inguru, heldu da Pierra, etxeko nagusia, Esterenzubiraino jaitsi dena zerbait jakitekotan. Gerratea dagoela berretsi digu, Euskal Herrian eta Espainian dabilena ez dela ondikotz estatukolpesaio hutsegina, Sanjurjoren azkena izan zen bezala, ezpada nik neuk hasieratik susmatzen nuenez, arras ongi antolatutako mugimendua. Dagoeneko Madril erasotzekotan omen daude, baina irratiak ez du, antza, berri zehatzagorik eman. Egoera ez da beraz bat ere xamurra. Iruñan, eta penintsulaldeko Euskal Herri osoan, jazo daitekeenaz beldurtuta —baina Iruñan eta Nafarroan bereziki, bertan militar matxinatuak baitira dagoeneko nagusi— isil eta mutu geratu garelarik, hamarrak inguruan Esterenzubiraino joateko erabakia hartu dugu, handik gero, oinez ere, Donibane Garaziraino segitzeko. Esterenzubin nik neuk arras ongi dazagudan aita Olhagarairekin egon gara, herriko erretorea bera baita. Mitin abertzaleetan ikusteagatik ezagutzen dut, batzuetan Hipolito Beaumontekin Nafarroako mendialdeko herri euskaldunetan eginiko festetan ikusi izan dudalako, Baztan eta Aezkoa inguru horietan batez ere, beti ere bere sotana beltz garbiarekin jantzita eta txapela buruan, inongo ahalkerik gabe bere abertzaletasuna erakutsiz. Olhagaraik erran digunez, jendea aldraka ari da iristen Garaziri buruz Luzaide eta Arnegitik, baina oraindino ez duela agintari abertzalerik ikusi, deus funtsezkorik guri erran ahal ukateko. Edonola ere, irratiko azken berriak hagitz direla txar, eta edozer gerta daitekeela. Hamabiak inguru Garaziri buruz abiatu gara eta ordu biak hogei gutiagotan heldu herriko plazara, segurutik Euskal Herri osoko herririk ederreneko plazara. Ez dira horiek baina buruan erabili ditugun gogoetok, ezpada lehen bait lehen Irurozkira telefonoa jotzea, edota horretan saiatzea behintzat. Esperantzarik gabe hasi bagara ere atzenean, sinestezina dirudien arren, lortu egin dugu. Ordu erdia gostatu zaigu, baina erdietsi dugu, zeren Molak eta karlistek oraindik antza ez baitituzte komunikabide guztiak moztu edo eta kontrolpean jarri. Minutu bat eman dugu hizketan bakarrik, aski ordea Karmentxuri oldarra emateko, eta Migueli, atzo erabaki bezala, diru-kontuak garbitzeko mandatua betetzeko aukerarik ukan duen galdetzeko. Baietz erran dit, atzo bertan joan zela Iruñaraino —telefonoz jakina ez dit egoeraz inolako zertzeladarik eman, telefonoperatzailea hor entzuten edukita— eta bankukoak konpondu zituela bat ere eragozpenik gabe nik neuk susmatu eta erran nion bezala. Izan ere, Banco de Bilbao-ko zuzendaria ezagun dut: halako gizon atsegin eta eguneroko politikatik aldendua, aski ondo nazaguena parrokia berekoak baikara. Eta Miguelek deusik erran ez badit ere, seguru nago galdera desegokirik egin ez diola, ni nor naizen eta nolakoak nire ideiak ongi asko ezagutzen dituen arren. Aurrezkikutxan, aldiz, dirua Karmenen izenean dagoen kontu berria ireki duela erran dit, Hipolito Beaumontek, oraindinoko etxean dagoenak, bere zuzendariordearen bidez hala egiteko aholkatu diolako. Erran didanez, egun jadanik, Mola jeneralak, matxinoen nagusigoaren aginduz, bankuak ixteko manua eman du. Ez dira halaz ere etxekoak behintzat gosez hilen. Horrelakoak esanda agur egin dit eta komunikazioa eten, ez baita, berak segurutik ondo susmatu duen bezala, honelako egoera latz baten telefonoz sobera mintzatzea komeni. Izan ere, telefonoa utzi eta gero, berandu izanagatik ere Frantziako ohituren eskupe bizi den iparralde honetan, eta bazkaltzeko esperantza onarekin, jatetxe batera joan gara, gu izan garelarik sartu garen azkenengo bezeroak. Ez da zorionez oztoporik egon eta bapo bazkaldu dugu, kezken aitzitiko sendabiderik onena ongi jatea izaten baita beti. Lau t'erdiak irian Baionarako trena hartu dugu. Seietan heldu gara Aturriko hiri eder eta txikira eta berehala Aitzinako jendearen bulegora hurbildu, ongi susmatu dugun bezala, bertan dauden hogeiren bat pertsona kezkaturen artean, gehientsuenak iparralde honetako lagun abertzaleak, Alderdiko agintari bat kausitu dugulako: Aurelio Jauregi, Euzkadi Buru Batzarreko ordezkari bat, zerbait apailatzen zegoena Bordelen ez dakit zein alderdi frantsesekin. Bulegoko eguratsa irenstezin zegoen hainbeste zigarroen keaz, eta aurpegi guztiak, berriz, betilunak. Halaz ere, biztuta zegoen irratiaren bidez jasotakoa baino anitzez gehiago ere inork ez zekien: muga itxita dagoela ja eguerdiko hamabietatik Nafarroan, ez ordea Irunen, eta atzodanik milaka jende egon dela alde honetara iristen. Denok gaude urduri eta den-dena laster bukatuko delako esperantza hutsalarekin; beldurretan bainago itxaropen horiek ez direla zorigaitzez beteko. Hondarrean, nik neuk Napar Buru Batzarreko idazkaria izateagatik, Jauregik berak eta iparraldeko hiru abertzale ezagunek datozen gertakariei aurre emateko batzordea osotzea erabaki dugu, alde batetik alderdiarekin komunikazioa lortzeko, eta bestetik dagoeneko iritsi diren aterbetu guztiei, ahal delarik, gutienezko laguntza bat ematearren. Josu eta Karmelo ere, behar direnak egitekotan eta gauden egoeran ez daitezen etsipenean amil, hortxe jarri ditut, komunikazioen arduradun iparraldetar batekin batera, Pantxoa Hariñordoki, gizon gazte bat, eta ematen duenez abertzale suharra. Karmelo, egia erran, oso indartsua da, eta Josuk, bai osaba eta bai ni, berton gauzka, hala ere Karmelok emaztea eta oso gazte diren seme biak utzi ditu Iruñan eta ez zaio bat ere komeni halako dinamikarik gabeko egoera batean sartzea, ezpabere arazotan eta jaitsialditan hasiko baita. Egia erran, ni neu ohar hauek zirriborratzen ari naizen uneon erabat jota nago. Ez dakit zer datorkigukeen, garai larri eta astunak espero behar ditugula ez dut haatik bat ere zalantzatan jartzen.

        Azkenengo hiru hilabeteko Alderdiaren batzarretan, Altubek izan ezik, inork ez dit jaramonik egin gura izan, Sanjurjo-ren porrotaren ostean militarrek ez zuketela amore emanen egin izan diedanean abisu. Beldurtiegia nintzela esaten zidaten, ez zegoela horretarako arrazoirik. Eta horra bada: zoritxarrez erdi-erdian hastatu dut».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus