3

Tafalla

 

«Hamar urte neuzkan Tafallako eskolapioen ikastetxera bidali nindutenean gurasoek. Hasieran, horrelako egoera batean dauden mutiko gazteak oro bezala, guztiz zoritxarreko senditzen nintzen, gurasoek abandonatua. Agian —erraten nion neure buruari— ez ninduten harrezkero maite. Gainera, hura bai desatsegina beste ehun ikaslerekin batera halako logela ikaragarri handi batean lo egin beharra, bainugela eskerga haietan beste guziekin batera ur arras hotzez garbitu beharra eta aita Santos, ikastetxeko aita prefektua, beti ere guri beha, eta belarriak, hortzak edo zer dakit nik hobeto garbitu behar genituela behin eta berriro mihiaren muturrean oihukatzeko prest. Eta kasu! Norbait ikusten bazuen behar bezala aritzen ez zena, alegia, goizeko logurak eta hotzak eraginda behar ez denez garbitzen saiatzen zena, berehala harrapatzen zuen, eta izugarrizko zaplada emanda —garaiko irakaspide bizkorrak— buruko azkenengo iletik eta oinzoletaraino garbiarazten zuen. Herrian —Zangotzan— gainera, jaiotzetik bizi izandako etxean, izeba Mari neukan aldean beti, denetan laguntzeko gertu, gure seme-alabek gero Elisa edukiko zuten legez, edozertarako prest egonen zen emakume ona, hala nola familia osoarekin batera atzerri aldera joateko eta bertan, Euskal Herritik kanpo, hiltzeko. Gaur egun oraino ere, hasierako egun haiek gogoratzen ditudanean hotzikarak sortzen zaizkit gorputz osoan. Handik eta hilabete pare baten buruan, ordea, ohituta nengoen, nahiz eta horrelako ikaslebarnetegi baten bizi izan den edonork ongixko dakien horrelako tokiak inoiz ez direla bat ere xamur, ez eta sobera atsegin.

        Gure aita Kadreitan sortua zen, eta nik neuk ezagutu ez nuen aitatxi, ostera, Tuteran. Alde horretatik gu beraz Euskal Herriko eremu lehorretik helduak segurik. Epailea zen aita, eta ni sortu orduko, joan den gizaldiko azkenaurreko hamarkadaren azkenean, bost urte emanda zeuzkan Zangotzan jadanik. Izan ere, bertara ere ezkondua zen, gure ama zena —emakume benetan ederra— Zangotzako lurjabe aberats bezain karlista baten alaba baitzen.

        Aitak Oñatin eta Valladoliden ikasia zuen zuzenbidea, eta bukatu eta berehala Zangotzako epaile-postua irabazi zuelarik —bera ere nahiko familia dirudunaren seme— bizitegi berrira heldu bezain laster, hango jende aberats antzekoekin hasia zen harremenetan, orduko epaikari bati edonola ere zegokion moduan. Amaren aldetik beraz karlistak izanagatik ere, aitarenetik liberalak ginen. Eta ama, haatik, guztiz emakume maitekorra izateaz gain, kontzientzia politikoaz ezpada —orduko emakumeek Euskal Herri erdaldunean ez zeukaten pentsatzeko ahalmenik— izakeraz bederen bazen benetan aita bezain liberal. Seguru asko hainbeste gauzatan hagitz erlijiosoa izateagatik ere, iparraldeko hargin beltz baten antzekoa: ongi ezagutuz gero, horrelakotzat jo zukeen bederen orduko apez erreakzionari eta ahobero haietako batek baino gehiagok.

        Ni izan nintzen seme gehiena; gero neska bi eta beste mutil bat helduko ziren, eta denok izeba Marik hazi gintuen, amaren ahizpa ezkongeak, amaren adiskide mina eta bera bezain oldarkor, erlijioso eta xamurra. Zangotzako etxe handian ia ehun urte betetzear zeuzkala hil zen 1950an, ni diktaturari esker atzera berriz ikusi ahal izan gabe. Jainkoari eskerrak, anai-arrebak bertan zeuden, beraiek, ni bezala abertzaleak izanagatik ere, alderdiko kideak ez zirelarik, ez baitzuten gerratean alde egin behar izan.

        Tafallara joatea zinezko aldaketa gaitza egin zitzaidan. Baina mundu berri bat ere aurkitzen hasi nintzen: haurtzaroaren unibertso eroso, seguru eta ederretik atera, hainbatetan goibeltasunez beterik baizik ikusten ez nuen mutiltzaroaren mundura sartzeko. Izan ere, lehen bi urteotan egokitzearen beharraren beharraz bizikera ohiko eta arrunteko gauza berriak ikasi besterik ez nituen egin; baina hamabi urte betetzean, aita Meltxor Pascual zela bide batetik, eta euskalduna zen Etxarri-Aranazko ikaskide bat bestetik, beste unibertso bat kausitzeko aurkientza eta abagunea. Egia erran, amaren aldetik, jatorri erronkariar eta zangoztarrekoa —Garde Rouzaut dira familiaren abizenak— nolabaiteko euskaltzaletasuna bazebilen etxekoen bihotzetatik. Hain segur, ilun eta kemenik gabea, baina zerbait bazegoen Garde aitatxiren buruan batez ere. Etxean, noski, ez zen euskaraz egiten, hori erran gabe doa, baina Euskal Herritartzat bazeukaten beren burua. Karlistadak, nonbait, hurbilegi zeuden oraino.

        Batxilergoaren hirugarren ikasturtean hasi nintzenean ordea, inoiz edo behin Etxarriko Antonek errandakoa, euskaldunak ginela alegia, entzun nion aho bete haginekin utzi ninduen aita Meltxorri historia-eskolan, hain zuzen ikasturtea hasi eta aste bitara: ez dut sekula ahantziko. Gauza garrantzitsua izan behar zukeen —erran bainion orduan neure buruari— gure historia-irakasleak horrelako zerbait eskolan esateko. Meltxor Pascual zeukan izena, Murtxantekoa zen, eta laster ikusiko eta sendituko nuen legez harrezkero abertzale amorratua (Bilbon bizi izandako hamarren bat urteren ondorioa). Izan ere, geroago neure gorputzean ikasiko nuenez, neure eta hainbesteren patu latza: Euskal Herriarekiko amodio gaitza, zinezko pozoin gozoa.

        Egia erran, aitonari entzunda nengoen horrelakoren bat, baina oraindik zortzi-bederatzi urterekin ez nekien benetan zer esan nahi zuen (eta orain gainera dezaket, segurutik ez zeuzkan ideiak hain garbi edonola ere). Eta Etxarriko Antoni, jakina, hirutan edo ere bai, Anton Erro izena zeukan lagun euskaldunari. Antoni ordea garrantzi berezirik eman gabe, nahiz eta beraren kasua arras bitxia egiten zitzaidan, lehen aldikoz somatzen bainuen gaztelania ez zen beste hizkuntza bat bazegoela hor gertu, etxetik arras hurbil, latina —ordurako ere ikasten hasia— liburuetako eta mezetako gauza besterik ez zela argi bainuen. Eta orobat, noski, baita konturatu ere nik neuk hizkuntza ezezagun horretan mintzatzen ez nekiena. Are gehiago, Antonek aipatu hitzei esker, laster ohartu nintzaion, izeba Marik betidanik ohean lo eragiteko guri kantatutakoa euskara zela; oraino ere ongi gogoratzen dudan lokanta eder hura, beranduago jakitera iritsiko nintzenez, gure auzokoa zen Erronkari haranekoa:

 

                Zaragozatik xin nintzen

                a caballo erbi batean.

                Guziuek erraiten zaitadein

                zer beorra daramaiadan!

 

                Tiendan saltan da orio,

                okinean saltan da ogi,

                tabernan saltan da ardau,

                arategian aragi.

 

                Etxe bat egin biar dud

                azukarrez eta kanelaz,

                pareteak turronez

                eta morteroa konserbaz.

 

        Eta hizkuntza hori Zangotza inguruko hainbeste izeni igartzeko hagitz tresna baliotsua izan zitekeela ere somatu nuen. Aita Meltxorri, historia-irakasleari entzun nionean ordea —halako adinean segurutik irakaslea zelako ere— beste gauza bat izan zen, hark esan bezala gu geu euskaldunok besterik ez ginelako, eta hori bakarrik. Tximist baten antzekoa gertatu zitzaidan: lehendabizikoz eta bapatean senditu bainuen familiatik aparte, etxekoengandik kanpo beste zerbaiten kidea ere banintzena, beste zerbaiten zati, zerbait hori zer zen argi ez banuen ere. Aita Meltxorrek berak azaldu bezala, katea luze baten katanbegi xume baina behar-beharrezkoa, katea bera hautsiko ez bazen behintzat. Ordutik aitzina —pentsatu nuen orduan— banekizkien jakin behar nituen guztiak, ez zegoen zertan zalantzarik egiterik, gezurra zelako, aita Meltxorrek bat ere beldurrik gabe behin eta berriro errepikatu zigun legez, testuliburu hark zioenez, espainiarrak ginela. Nafarrok ginen, Nafarroako Erresumako hiritarrok, euskaldunok, alegia. Eneko Aritza zaharrak sortu eta Fernando Aragoakoak —Katoliko ezizenaz ezagunagoak— ia osorik konkistatu zuen erresumako hiritar.

        Urte hartako Gabonetan, orduan, Zangotzara joan nintzenean eta gurasoei entzundako guztiak kondatu, are tinkoagotu egin zitzaidan sendimendu hori, ez aitak, ez amak ez baitzuten deusik gaineratu, ezta ordea ezer kontrakorik erran ere. Gure amak errandakoarekin oroitzen naiz oraindik arras ongi: 'Adi egon, zeren aita Meltxorrek ez dizuke, hain segur, gezurrik erranen'. Izan ere, ez hartan, ez inoiz ez zidaten gai horretaz deusik erran, baina errepublika iritsi zelarik beti eskatzen zidaten, oraino ere deusik gaineratu gabe, alderdiaren aldeko boza emateko txartela: beste hainbeste bezala, Euskal Herri osoan karlistaden ondoko larrimin eta estuasunean Sabino Aranak zabaldu zuen berri onaren begira egondako izpirituak, hain segur.

        Aita Meltxorrek berrogei urte zeuzkan orduan, eta Bilboko ikastetxean hamar urte egin eta gero Tafallara bidalia zuten. Bilboko urte horiek, baina, Sabino Aranak hain zuzen mugimendu abertzalea sortu zueneko urteak, nahiko izan ziren aita Meltxor —hasierako abertzale haietakoren bat lagun— bihotz eta errotik abertzaletzeko. Oraino ere gogoratzen naiz eskolan hori entzun eta gero nola berarengana hurbildu nintzen —hainbeste sendimendu berriren iturburuarekin seguru izan nahiko bainukeen— eta nola berriz ere galdetuta zer erran nahi zuen, zer izan zen ihardetsi zidana, beti haserre antzean ematen zuen ahots gogor hartaz: euskaldunok, gizona! Orduan ikasgelara berriro eramanda, Euskal Herriaren mapa egin zidan, 'Zazpiak bat' zer den azaldu, eta mingainean bat ere bilorik gabe, Nafarroako erresumaren independentzia zela euskaldunen salbabide bakarra erantsi. Afaltzeko orduan Antoni errepikatu nion guztia, bera Erro, eta ni Ozkoidi, biak hirugarren ikasturtean egon arren ikasgela desberdinetan baikeunden. Eta guztiz naturaltzat jo zuen guztia. Ondo oroitzen dut, 'jakina' osteratu zuen, 'gu bai ergelok orain arte ez konturatzeagatik'. Izan ere, ordurik aurrera, eta gerratean hil zen arte, adiskide hurko segituko genuen, nor bere lanbidetik aparte politikan ere sartuta: Alderdia Nafarroan zehar antolatuz eta euskal kontzientzia berpiztuz Beaumont, Landa, Lampreabe, Urabaien, Etxenike, Urmeneta, Iruxo, Arantzadi, eta beste horrelako anitzekin batera.

        Hagitz gizon gogorra zen aita Meltxor. Historia eta frantsesa irakasten zizkigun eta beldur ezin sinestekoa genion, eskolan bertan zerabilen diziplinagatik zalantzarik gabe, baina ez gutiago larunbateko arratsaldeetan berarekin frantsesezko eskola egiten genuenoi —batxilergoko hirugarren ikasturteko ikasle guztiok— bostetako eskolaren ondoren egiten ohi zigun etsaminagatik. Aste osoan ikasitako materialari buruz izaten ohi zen, eta gainditu ezean igande goizeko lau ordu libreak, meza entzun —bederatzi t' erdietan bukatzen zena— eta bazkaldu bitarteko orduak, berarekin frantsesa egiten eman behar ziren. Hain zuzen, aste osoan igandeko horiek ziren benetako gure oren libre bakarrak, apezen soen pean egoten ez gineneko bakarrak: asteko ordurik zoriontsuenak beraz, Tafallako karriketan gaindi ibiltzeko erabiltzen genituen ordu ederrak. Igandeko arratsaldean ere atera egiten baikinen, baina berriz ere apezekin batera, eta nahiko lasaitasunez ibili arren, ez zen gauza bera izaten.

        Ez zen aita Meltxor lar garai, ile kirrua zeukan eta halako irripar erdi ironiko, erdi bihotz oneko bat zerabilen beti, funtsean oso lotsati eta apal izaten denaren irripar defentsaria. Nonbait, gizon lotsorra izanda, oso zaila zitzaion bihotzean zeukan zabaltasuna adieraztea, eta halako egoera zail eta berezietan, mingotsa izateraino hel zitekeen irkaitz ironikoa zen erabiltzen zuen tresnarik ohikoena. Hori eta Judizio Jenerala etortzekotan zegokeela ematen zuen ahots ikaragarria. Ikastetxeko bailan Euskal Herriaz mintzatzen zitzaigunean, berriz, bihotzeko ontasun horrek guziak gorpuzkera osotik egiten zion gainez, hasmentako elkarrizketa hura eta gero, maiz egoten ginelako, ni eta Anton, berarekin mintzatzen Euskal Herria gora eta behera. Zeukan sua itzalezina zen. Eta horrelakoak izan ziren, agi denez, kutsatu zizkigun bortiztasun eta afana. Eta ez guri bakarrik, baita bere ordenakide anitzi ere, eta beranduago Tafallako ikastetxe berean ere ikasiko zuten hainbeste ikasleri.

        Oso erlijiosoa zen, eta hala ere, egungo hitzez errateko, oso aurrerazale. Gogor eta diziplinatua, bere buruarekin bezala, hala ikasleekin. Ez zeukan horratik beste apez batzuek edukitzen ohi dituzten itsumen eta burukeriak, beti ere sexuaz hitz egiten eta horrelako. Historia zein frantsesa irakasteko orduan —horiek zirelarik beraren ardurapeko gaiak— arras ona zen eta latza, hagitz azalpen zorrotzak ematen baitzizkigun, baina egiten zituen etsaminak ere halakoak izaten ziren. Eta beldurra eta guztiz ere, zein zoriontsu nintzen beraren eskoletan! Batetik, banekielako nirekin amankomunean zerbait bazeukana, eta horregatik halaber, berak inolako erakuspenik egin ez arren, senditu egiten bainuen beraren ikasleetan ni nintzela hobetsia.

        XIX. mendeko bigarren erdian Murtxanten jaioa, eta familia nahikoa aberats baten seme, txikitandik izan zen berezi. Gurasoak karlista amorratuak omen ziren, eta era berean oso harro zeukaten maila sozioekonomikoarekin, partaide zireneko klasearekin. Erriberako herri hartan, bestalde, hiruzpalau familia bakarrik ziren aberats, edo eta diru pitin zeukaten aberats antzekoak. Beste guztiak baserritar pobreak ziren, libre egia erran, baina jopuak balira bezalakoak. Eta aita Meltxorrek berak kondatzen zigunez, hasieratik senditu zuen injustizia horien kontrako amorru eta herra. Are gehiago, zeuzkan lagun gehienak familia pobre horietakoak zirelarik —herriko jende gaztea—, aski pairakaitza egiten omen zitzaion nahi eta ez ikusten zituen desberdintasunak onartzea. Eta haren ama zenak erranak erran —kondatzen zigunez— ez zuen berak inoiz sinetsi horrela izan beharko zukeenik betiko. Eta apez egin zen. Eta abertzale. Berak zioenez, besteren artean abertzaletasunean ikusi baitzuen lehendabizikoz Euskal Herriko herritar guztien berdintasun tradizionala sendo defendatzen zuen mugimendu bakarra, hainbat handikik eta handikiren ondorengok inoiz egon denik ere ontzat jo nahi ez arren. Gero errepublikan, inguru horretako nekazariak defendatu beharko nituenean, aita Meltxorrek erranak gordeko nituen beti gogoan, bai eta ardurenean halako kadentasun bat senditu ere, 1928an hil zelarik, ezin niezaiokeelako erakuts lortzen ari ginena: herrilurrak benetako jabeei itzuli eta Artaxonako Jacinto bezalako zikiro harroak, beti boteretsuen aldeko, behar zen bezala presondegian jarri. Eginen zukeen irribarrea irudikatzea, baina, aski zitzaidan pozteko eta are jaukimendu eta oldar gogorragoez aitzina egiteko. Beraren gurasoek eta tankera bereko jaunskilek, ordea, ez zidaten hori inoiz barkatuko. Separatista izatea, abertzale den edonork behar duen bezala, tira. Problema hor Espainiako armadarekin edukiko genuke. Baina herriarenak izan arren, herriagirietan zehatz markatzen den bezala, aspaldiko partez beraiek hustiaturiko lurren jabetza kentzea, hori ezin barkatzekoa zen: komunista iritzi zidaketen gustura. Ezina zitzaien ordea, ni beti izan naizen jainkotiar beroa izanda, eta neurri batez aski 'saindujalea' eta elizarekiko guztiak betetzea gustatzen zaien horietariko bat: sarritan pentsatzen dut, Nafarroako herri ttikietan orotan eliza zaintzen duten eta ponteigel hutsak diren atso zahar horietako bat bezalakoa. Eta oraino ere Txile arrotz honetan berdin antzean, hainbat pasadizu eta mentura jasan eta gero Elizaren beraren jarrerengatik, nazi ez bada faxista hutsa den aitasaindu horrekin buruan, Pacelli nazkagarriarekin. Baina izeba Marik erraten ohi zuenez, apezek, kardinalek eta aitasainduak nahi dituztenak erranagatik ere, denok gara elizaren kide, eta ez diot inori onartuko nire Jainkoarekikoetan atea itxi-zabalka ibiltzerik, eta are gutiago gure herri eta jendea maitatzeagatik baldin bada.

        Nolanahi ere, ez zen aita Meltxor Euskal Herriaren alde ibili zen eskolapio bakarra. Gerlan ere, Bilboko ikastetxeko apez batzuk, euskal gobernuaren peko lurraldean gertatu ziren bakarrak —gehienak ere nafarrak— gudarien kaperau ibili baitziren. Hain zuzen ere, haietako batzuek hemengo aldean segitzen dute, Hego Ameriketan, Txile honetan bertan batez ere, dauzkaten bospasei ikastetxeetan. Itzuli seguru aski, itzuli egin daitezke, baina ordenako nagusiek —hain segur garaioi egokitu beharrez, karlistak gehienak— nahiago dute atzerrian gorde eragozpenik ez ukateko gobernuarekin.

        Benetan ezin kexa naiteke apez haiek eman zidaten hezkuntzagatik, ez eta eman zidaten Euskal Herria eta justiziarekiko atxikimendu, grina eta maitasunagatik ere. Eta hasieran gogor egin bazitzaidan ere, pozik itzultzen nintzen azkenez Tafallako ikastetxera, oporrak Zangotza eta Irurozkiko etxeetan eman eta gero. Etxekoak gainera hilean behin etortzen zitzaizkidan bisita egitera, harrezkero gure aitak bezeukalako 30 urtez erabiliko zuen Ford zahar dotorea.

        Ohikoa zenez, gurasoak eta izeba Mari etortzen ziren, eta bisitaldiak igandeetan izanik, egun ederrak izaten ziren zinez. Larunbatetan ere eskolak geneuzkan, ostegun arratsaldeak zirelarik, igandez kanpo, aste osoko atsedenaldi bakarra. Lehendabizikoz apezekin egoten ziren, beste guraso guztiek bezala egiten nuenaren berri jasotzeko, eta gero nirekin. Arras pozgarriak izaten ziren bisita haiek, alde batetik senitartekoak ikusteko parada eskaintzen zidatelako, eta gero izugarrizko betekadak hartzen nituelako eurekin jatetxe batera joanda, Nafarroako plazan zegoen jatetxe dotore batera. Zeren bizitzan biziorik ukan badut —agian apezartean hezia izateagatik— apezen bizioa ukan baitut: sobera eta on jatearena. Jatetxea, beharbada, hor dagoke oraindik. Baina egia erran, ez dakit, hogeita hamabi urte baitira Tafallan egon ez naizena. 1935an egon nintzen hondarrekoz nik uste, mitin baten kariaz Tafallara itzulirik. Orduko hartan jatetxeak hor segitzen zuen, beti bezain apain, dotore eta garesti, eta hainbatetan bertan egon arren, ez naiz orain izenarekin gogoratzen. Zahartzeak ez dit ezta hori ere barkatzen neuri neroni, beti oroimen izugarria ukan dudan honi. Baina urte sobera iragan da, eta bihotza Euskal Herrian beti eduki arren, honezkero Txilen hogeita zazpi urte emanda, ahantzi egiten zaizkio norberari horrelako zertzeladak.

        Ikasle nintzen garaian, gizaldiaren hasiera hartan, oso baketsua zen Tafallako erdialde hori guztia, anartean ia trafikorik ez baitzegoen, eta errepidean ere kasik azantzik ez, gehien ikusten zirenak berebilak barik zalgurdiak zirelarik. Errepublika garaiko azken bisita hartan, haatik, bestela zeuden gauzak, Tafalla oraindik nagusiki nekazaritzaz bizi izanagatik ere, berebil eta kamioi mando batzuk ikus baitzitezkeen hiriaren erditik iraganez.

        Anton ere sarritan etortzen zen gurekin, beraren gurasoek, nekazariak izanik, askozaz zailagoa zutelako Tafallaraino joatea, harrezkero Etxarritik eta Tafallaraino trena egon bazegoen ere. Garai hartan, baina, bidaiak garesti eta luzeak izaten ziren eta Antonen gurasoak ezin zezaketen horrelakorik maiz egin. Gure familian, berriz, ez zen horrelako estuasunik, eta Anton laguna izanik, gehienetan gurekin ateratzen zuten gurasoek ikastetxetik. Gaztaro polita eta erraza izan nuen Jainkoari esker: den-dena, bat ere zalantzarik gabe erran dezaket orain urruntasunetik, izan baitzitzaidan atsegin eta gozo. Gero, aitaren modura abokatutza ikastean, desberdin izanen zen Madrilen emandako denbora. Hor, unibertsitatean jadanik -eta aitak berak bultzatuta notaria izateko erabakiarekin— lan latzak egin beharko nituen eta orduak eta orduak sartu neure mahaian liburukote izugarri haiek buruz ikasten, halakoak ere izaten baitziren garai hartan egiten ziren etsaminak, edozein gaiz ikasitakoa irakaslearen aitzinean ahoz errepikatuz. Abantaila bakarra, beranduago gertatuko zitzaidan, lan egiteko orduan hainbat errazago eginen baitzitzaidan iturriak bilatzea, hainbeste eta hainbeste baineukan oroimenean, eta halako bizkortasun berezia lortuko bainuen gauzarik bitxienei buruzko lege eta normak aurkitzeko orduan. Horrela lortu nuen hain zuzen 1915ean Primo de Ribera-ren diktaturararte ukan nuen diputazio-idazkariaren lanpostua, oso etsamina gogorretan erdietsirikoa beste hiru hautagairen kontra. Bai, Madrilgo garai hura, Euskal Herritik kanpo eta igandeetan bakarrik bilduta beste hiru ikasle abertzalerekin liburuak eta berriak elkarrekin trukatzeko, hagitz gogorra izanen zen, baina etxerantz etortzeko nahiak eta esperantzak den-dena gainditzen lagunduko zidaten. Orain berriz ere ia guztia galdu dugu euskaldunok, ni neu berton, Txile luze honetan, ongi egon arren. Baina aurrera egiteko esperantza onak ez dizkigute faxista horiek kenduko, ezta itoko ere. Nik, egia erranik, ez nuen Agirre lehendakariak bezala ezer iparrameriketarrengandik espero, baina txarragoak edo antzekoak bizi izan ditu Euskal Herriak lehenago ere. Jainkoak lagunduko al digu etsimenduaren bidetik ez lerratzen!

Txileko Santiagon, 1967ko urtarrilaren 10ean».

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus