2

Ihesa

 

«Hirurak ziren, anaia txikiekin batera, osaba Miguelek alde egiten zuenean aitaren Mercedes beltz zaharrean. Haiekin lagun, Miren, Elisa gure txikitandiko neskamea (ezagutu ez genuen amatxiren ordezko egiazkoa) eta ama zihoazen. Aita eta biok, aldiz, osaba Karmelorengana zihoan Josuri agur egin eta berehala, Iratiko trenaren geltoki-aldera abiatzen ginen, trenez joanez gero ez baikinatekeen bertze familiakoekin batera Irurozkin sartuko, eta beraz, badaezpada ere, egoeraren kontrol hobea izanen baikenuen. Trena lauretan ateratzekoa izanik, hiru t´erdiak edo ziratekeen San Frantzisko plazako gere etxetik poliki abiatu ginenean, kasu eginez egia erran, baina orobat zegoeneko agerikoa zen giroarekin jabetu nahiz. Ordurako argi baitzegoen hura ez zela militarren matxinada arrunta. Luze joko zuela. Eta goizaldean noizean behineko kanta eta oihu ikaragarri batzuk baizik ez zirenak, benetako manifestazioak ziren orain, nork baino nork astapitokeria handiagoa erranka: ez dakit nongo erregeren alde, eta foruak eta Jainkoa, eta Jesukristok dakike zer. Ikaratzekoa. Egiaz beldurra senditzekoa. Berriz jakineza eta mendeku-nahia karrikan alkate. Aita kezkaturik zegoen eta ni neroni bezala piska bat ikaraturik. Gibelera berriz ere Nafarroa, inoiz euskaldun guziok —guk gerok nafarrok ere barne— berkonkistatu beharko dugun herri hori berriz eskuindar eta purtzilen eskumakil. Laurak kuarto guti ziratekeen geltokian sartzen ginenean eta kanpoaldetik —etxetiko bidean guti goiti beheiti— tiroak aditzen hasten. Izan ere, oraino horretaraino ailegatuko zirenik asmatzeko gai ez baginen ere, hurrengo egunetan Iruñako afusilamenduak gertatuko ziren tokitik heldu ziren harako parada hartan tiroak, gaur egungo gobernu militarraren ondoan dagoen gotorlekuko lueban sakonen ondotik baitzetozen. Ariketa antzean desarratzen ari ziren nonbait.

        Aitak, trenean ohi zuenez, lehenbiziko klaseko txartelak erosi zituen. Trenean sarturik beraz, eta gelaune huts batean jarrita, gertaturikoek hartaraturik seguraski, trena abian hasi orduko lokarturik zegoen. Sobera gauza igaroak ziren haren burutik aitzineko hogeita lau orduotan —kezka gehiegi eta hainbat erabaki hartu beharra— eta berezko zuen ausardia guztiarekin ere, beldurrik ez guti. Nahiz eta heriotzaren ahalbidea bera segurutik —gertatu zirenak ezagutu eta gero egiazko aukera hain zuzen— ez zitzaiokeen burutik pasatu. Hala bada, tren haren barnean bi ordu edo egiteko genuela, bertan sartu eta gorputzak amore emanda, lo gelditu zen.

        Bidaia lasaia izan zen, eta hondarrekoz, Agoitz utzi eta gero, zazpirak hogeitabost gutiagotan ailegatu ginen Artiedara. Bertan jaitsi, eta oinez Irurozki aldera jo. Osaba Miguel ordea, familiako bertze guztiak Irurozkiko etxean utzi eta gero, piskat arrenkuraturik, gure eske atera zen berebilaz, eta kilometro bat ozta-ozta eginda geneukala, errepidean aurkitu gintuen, berak beti ere aitaren 'Mercedes'a gidatzen zuela, Mercedes beltz handikote haietako bat, beranduago, gu Txiletik itzuliko ginenean, oraino ere taxi gisa ibiltzen zirenetakoa. Orduan, gauzak ongi eta seguru egiteko, Irurozkiko bidea hartu beharrean, ondoxean dagoen Aizpurgira abiatu ginen, han ere etxetxo bat genuelako, bai eta etxe hori eta Irurozkikoa lotzen zituen telefono partikularra ere. Hara ailegaturik beraz, amari telefonoa jo, eta oztoporik bat ere ez zela segurtaturik, zortzi t´erdiak edo ziren Aizpurgitiko bidean oinez eta ezkutuka etorri eta gero etxean gibeleko atetik sartzen ginenean, herritarretan inork ere ikusi gabe, eta osaba Miguel bere aldetik automobilean —eta agerian beraz— ailegatzen zen bitartean.

        Gu ikustean, amak sakon egin zuen arnasa, eta agurturik, aitari eta bioi musu bana eman zigun. Orduan —osaba Miguel Aizpurgin aldez aurretik jakitun jarrita geneukala— zera erran genion ofizialki, hurrengo egunean Orotz-Betelura joanen ginela familiakoen batzarra egitera. Herri horretan, Irigoiendarrek zeukaten etxera, osaba Karmelo eta bertze ahaide guztiak bilduko baitziren behar ziren erabakiak hartzeko, Josu gure anaia nagusia ere han egonen zelarik. Egiazko helburua, ordea, aitak goizetik harturiko erabakia betetzea zen. Faxistei Irurozkin aurkituko zutela sinesterazi eta, Iruñako etxera lehenago eta Irurozkikora gero joateko beharko zuten tarte laburrean —egiaz gertatuko zen bezala— mendiz mendi osaba Karmelorekin eta Josu gure anaia nagusiarekin batera Iparraldera ihes egin. Ez oso denbora laburrerako, baina ezta gero luzeegirako ere, pentsatu genuen orduan. Aitak eta osabak alderdian zuten erantzukizunengatik, ezbairik gabe. Eta Josu, horretaz gain —Alderdiko gazteriaren arduradun bera baitzegoen— soldadutza bukatu berria izanik, gerrara joateko adinean zegoelakotz. Nirekin, aldiz, ez zen inongo prolemarik, hamazazpi urte betegabe bainengoen eta horrexegatik soldadutzako adinetik kanpo. Izan ere, txupetearen belaunaldian —hala emanen zieten izena hemezortzi urtekoei Francok gerrara joatekoz piskat beranduago deitu zituenean— ez nintzen ere sartuko. Nire gaztean, gainera, ez nengoen oraino hagitz sartua politika publikoan. Ni, hain zuzen ere, arreba, ama eta osaba Miguelekin batera familiaren ardura hartzekotz gibelera etorriko nintzen, bertze hirurak —osaba Karmelo, Josu, eta aita— ongi ezagutzen zuten Irati eta Bortuetako bide onean utzi eta gero.

        Gau horretan ez genuen hagitz gozo lo egin, kezka eta beldurra ez baitziren txikiak. Biharamunean, bazkaldu ondoan Orotz-Beteluraino egiteko genuen bideagatik zer esanik ez, baina ez gutiago egun goibel eta ilun hartan senditu, ikusi eta erabaki beharrekoengatik. Eta orobat hain segur gau hartan berean apika, haren eske edo etor zitezkeelakotz. Ez ziren, ordea, gau hartan etorri, Jainkoari eskerrak.

        Hurrengo eguneko goiza gauza guztiak antolatuz etxean egin genuen, aitak, ez erranagatik ere, luzarorako jotzen zuelako ihesaldia. Ama lasaiago zegoen, alde batetik osaba Miguel, anaia medikua, etxean zeukalako, eta bertzetik aitak segurtatzen ziolako laster bukatuko zela guzia, badaezpada, bolada batez desagertzea komeni bazen ere.

        Arratsaldeko hiruretan abiatu ginen oinez, aita eta biok. Eparotz eta Ongotzetik lehen, Elkoatz eta Aristu hurrengo eta hondarrean Azparren. Bertze herrietatik ez bezala, ordea, aitak luze pentsatu eta gero, Azparren herriaren erditik ez igarotzea erabaki zuen, hango elizan zegoen apez karlista gaizto-fama zuelakotz eta, nahiz eta hiru egun lehenago gure aita ikusteko parada eduki izan balu, seguraski, 'Egunon on Antonio, zer diozu'ka aritu zatekeen, orain —faxistak nagusi— beldur zen aita, ez ote zatekeen han eta hemen kondatzen hasiko on Antonio Ozkoidi ikusia zuela Azparren bere herrian halako egunean mendiko botekin jantzirik, mugaldera ibilki. Gainera, egun horretan jadanik, eta hurrengoetan are gehiago, herriko jendea ohartematen hasia zen inguruetatik lasterka igarotzen ziren ezezagunei, sobera gogoetarik egin behar ez zutelarik zendako gertatzen zen asmatzeko. Baina gure zorionerako, inguruko mendiak hain ongi ez ezagutuagatik ere —aingeru zaindaria agertu izan balitzaigu bezala— aitaren artzain ezagun bat eriden genuen. Berak gidaturik orduan, eta ingurutik hiru kilometro gehiago ibilarazirik, Azparrengo erditik pasatzeari ihes egin genion. Hondarrekoz, arratsaldeko zazpietan, lau ordu pauso azkarrez ibiltzen egin eta gero beraz, Orotz-Beteluko Osinbeltzeko bordan ginen, osaba Karmeloren etxe ederrean. Osaba hantxe zegoen gure zain ordurako, Josurekin batera. Eta trankil egonik ere, haiek Iruña eguerdian utzirik zeukatela (guk baino egunbete beranduago), berriak arras kezkagarriak ziren. Nafarroa osoa nonbait, jadanik erreboltatuen eskuetan zegoen, eskuindarren eskuetan, alegia. Madril bera ere erasotzen hastekotan omen zeuden, eta ordurako Espainia osoko hainbertze toki matxinatuen kontrolpean zegoen. Ez ziren, ez, gozo eta lasaigarriak albisteak. Euskal Herrian oraino ez zen burruka hasia, eta Alderdiak ez zuen erabakirik harturik, beraiek zekitenez behintzat. Hori bi egunen buruan gertatuko zen, Molak eta jeneral guztien buru eginen zuen Francok orobat, errendatze absolutua baizik ez zutela onartuko publikoki aditzera eman zutenean, gisa horretan gure aitaren arrazoi eta argudioak modurik latzenean agerian utziz. Aitak bertze alderdiburu batzuen iritziaren kontra behin eta berriz errana zuen bezala, gure prolema (Euskal Herriaren prolema, alegia) baitzen militarrak benetan kezkatzen zituena, eta Kataluniakoa ere bai, jakina. Baina katalanekin —ez dakit zergatik— ez dute sekula santan hainbertze beldurrik erakutsi, beharbada merkatari-herri guziek bezala tratu eta trukerako duten trebetasunagatik. Etxeko gainerakoak, nolanahi ere, ongi zeudela erran ziguten, inor ere ez zegoela arriskutan, baina haatik kasu handiz ibili behar zela, jendearen eske hasiak baitziren eta bospasei afusilamendu ere jadanik gertatuak zirela Gotorlekuko luebanean. Eta orobat —zurrumurruak kurritzen zuenez— Taxoareko bidean ere bai. Anarkista batzuen afusilamenduak, hain zuzen. Aitak Fermin Larraiozi buruz galdetu zien, baina deusik ez zekitela erantzun zuten osabak eta Josuk. Ordurako, baina, toki seguruan zegoen. Izan ere, egun gutiren buruan aurkituko zuen aitak iparraldean. Periko Aldazek, kontrara, bost hilabete eginen zituen Iruñan berean, bera ikasle ibiliriko jesuiten ikastetxean altxaturik, hirian zegoen tentsioaren apaldurak, hain zuzen, iparraldera itzurtzeko aukera eskaini zion arte. Eta eskerrak hasieratik ezkutatu zen, haren etxera ere, Iruñako eskuindar ustelen batek salatua edo, agertu baitziren faxistak. Geroago ere jakinen genuenez, Iruñako Alderdiko batzordea, Iruñako Uri-Buru-Batzarra alegia, kide ziren osaba Karmelo eta gure aita gabe, Javier Ziaurrizen etxean bilduta egona zen gau horretan, eta inoren alde ez agertzea erabaki omen zuen. Ez zuen hala ere bere erabakia publiko egiteko inongo aukerarik izan, pasadizuak eta afusilamenduak are bizkorrago gertatu baitziren eta alderdikideoi agerian utzi noren alde jarri behar zuten. Gauzak horrela, eta hurrengo egunerako aski kemen eta indar biltzearren, hamarrak oraino ez zirela, ohera joan ginen.

        Goizeko sei t'erdietan jeiki eta gero, ongi gosaldu eta Aezkoako bidea hartu genuen. Olaldean barrena Aribera orduko bederatziak ziratekeen, eta hamabortz minutuko atsedenaldi laburra eginik, Orbaran hamar t´erdietan geunden. Hain zuzen, aita, osaba eta anaia herri horrexetan utzi nituen, zeren nik neronek oraindik egun osoko bidea baineukan egiteko Irurozkiraino itzultzeko. Haiek ere —beranduago Josuk kondatuko zidanez— egun guztia egin behar izan zuten bidean. Horretara, Orbara utzita, Orbaitzetako abertzale ezagun bat lagun (osabak eta aitak politika-lanagatik ongi ezagutzen zutena eta herriaren sarreran bizi zena) Orbaitzetatik beretik kasu haundiz igaro eta gero, Iratiko oihanean sartu ziren. Lagun horrek Iratiko uharkaraino eraman zituen, laku horretako beso batean zeukan arraunbotin baten ondoan uzten zituela, zeren bera, hiru seme-alaba gazterekin eta beti ere hagitz isila, oraino ez baitzen beldur eta ihesik ez egitea erabakirik baitzuen. Hortik aurrera, aise izan omen zitzaien, nahiz eta arraun egiteko orduan gure artekoek, itsasaldekoak ez izanik, trebetasun berezirik ez zeukaten. Xalanta hartan bi ordu eginik beraz, Esterenzubiko lehen bordara, Iparraldeko segurtasunera, gaualdera ailegatu ziren izugarrizko bira luzea egin eta gero.

        Neroni ere bederatzi eta laurdenetan, eta Orbaratik, haiek utzi nituen toki beretik, herri aldera abiaturik, arratseko zazpi t'erdiak irian Irurozkin nintzen berriz ere. Lur urratua egon arren, osaba Miguelekin mintzatu nintzen eta gertaturiko dena kondatu. Amari gau hartan aitak Orotz-Betelun berean eginen zuela lo erran eta gero ere, biharamunean dena azaltzea erabaki genuen, alde batetik harengan arrenkura gehiegirik ez sortarazteko, baina bertzetik, espero izatekoak ziren egunetako pasadizuetan behar ziren erantzunak ematen jakin zezan, ongi somatzen genuen gisa, eta aitak berak aitzinetik igerri bezala, sarri hasiko baitziren faxistak etxekoen bila, aitaren beraren bila, eta orobat Josu eta osaba Karmeloren eske.

        Osaba Migueli, berriz, abertzale ezaguna zelarik ere, zaharra izanik —60 urte zeuzkan ordurako— ez zioten kasu handirik egin, bera bezala mediku, abertzale eta euskal idazle ezagun zen Fermin Irigarairi ere egin ez zioten bezala. Izan ere, egun biren buruan, Garazitik ongi zeudela erratekotz aurreko egunean aitak telefonoa minutu labur batez jo ahal izan eta gero, Iruñako txapeloker-sarjentu bat buru zekartela, aita eta Josu atzitzeko esperantzatan falangista batzuk Irurozkira etorri zirenean, ez bata ez bertzea ez aurkitzean, amorruz dudarik gabe, baina noski etxeko bertzeak bezala gorri-separatista ere zelakotz, osaba eraman zuten. Baina gobernu zibilean karlista nagusi ezagun batekin topo egin zutelarik behingoan askarazi zuen. Gizon puska ona izatearen sona behintzat bezeukalako osabak, eta batek jakin haietarikoren batek baino gehiagok fabore pertsonal bat ere ez ote ziokeen zor. Eta ez sona bakarrik, halakoa baitzen osaba Miguel, gizon on puska. Eta haren semea izan arren erranen dut, baita gure aita bera ere. Medikua izanik osaba Miguel, hainbat eta hainbatetan, segurtasun sozialik eta gisakorik ez zen garai haietan, egoera larrian zegoen aunitz jende lagundua zelako; eta abokatua zelarik gure aita, Erribera eta Erdialdeko herrietako nekazari xeheak hainbertze aldiz lagundu izanagatik. Hala ere, laguntzeko joera horrek ez zion osabari bezala fama onik ekartzen eskuindarren eta apez ziztrinen artean, haien interes eta munduikuskeraren kontra zuzen zuzenean baitzihoan gure aitaren jokamoldea: inolaz ere ezin uler zezaketen jokabidea. Nolabait, barkatzen ez bazioten ere, bakoitzak bizi duen bere erotzat jotzen zuten aitaren abertzaletasuna, osaba Miguelena bezala, baina inondik ere ezin onar ziezaioketena laborari sozialista pobreek haien jabetzaren kontra egindako erasoen abokatua izatea zen. Ezin uler zezaketelakoz herrilurrak ez zirela berenak; eta ebasleak, agian beraiek ez, baina aurreko gizaldietako beraien arbasoak bazirela ez zeuden ontzat jotzeko prest. Eta are gutiago abokatu famatua eta katoliko ezaguna zen batek, edo oraino gaizkiago, Diputazioaren idazkaria izandako norbaitek, ordenako izan behar zuen batek beraz, 'lapurreta' horren ordezkaritza legala eskuartean eramatea. Hori guzia kontutan harturik, arrontik amorratu ziren falangista haiek ez aita, ez Josu aurkitu ez zutenean, eta etxea zilipurdikatzen saiatzen zirelarik —ez zuten noski deusik ediren— amari galdetu zioten non ziren etxeko gizon nagusiak. Amak, orduan, egoera latzetan egiten ohi zuenez, kortesiaz baina era berean serios eta bere buruaren kontrolari eutsiz, aurreko egunean mendialdera joanak zirela erantzun zien. Aita oporrak hartu berria zela, eta urtero-urtero ohi zuenez, Bortu-aldera jo zuela bere seme nagusiarekin astebete mendiz mendi ibiltzeko. Berehala ohartu ziren zegoeneko ihes eginik zeudela, eta bertzerik ezean orduan, ordubetez mehatxu eta laidoka ibili eta gero, osaba Miguel eraman zuten. Osabak berak ez zuen inongo beldurrik erakutsi, eta amari erran zion ez axolarik izateko, agudo etorriko zela berriz, makurrik, agerian zegoenez, ez baitzeukan berak eginik. Eta bertze aunitzen kasuetan ez bezala, egia izan zen zorionez, dakikezun bezala lau bat mila jende afusilatu baitzuten hasieratik beretik beren azpian izan zuten eta gerrafronterik gertatu ez zen Nafarroa honetan. Atxiloketa arratsaldeko seietan gertatu zen, eta hamaikak ziren bakarrik oraino ere ibiltzen zen telefonoa osabak berak Iruñatik jotzen zigunean. Libre zegoela erran zigun, eta biharamunean trenez lehenago eta mediku lagun batek ekarririk gero Irurozkin berriz ere bazkaltzeko orduan egonen zela.

        Gerra oraindik etortzeko zen eta Euskal Herriak sufritu beharko zituenak ezin asmatuzkoak. Guk gerok hondarrekoz Txilen bilatu eta aurkituko genuen abaroa, gure aitamak hantxe hilko zirelarik. Jainkoak lagun, ordea, gu oraindik bizi gara, eta esperantza baino ez bada ere, ez digute bederen ohostu. Ezta euskaldun izateagatik ere ez ahalketzeko harrotasuna. Irakasle onak izan ziren aita eta ama. Ez gaitezke kexa benetan, zeren hil arte, Txilen bizi izanagatik, politikagatiko migrari guztiak bezala, beren herrian egon baitziren gogoz eta bihotzez. Hondarrean, ordea, ez zuten paradarik izan itzultzeko, ama Franco bera baino bi urte t´erdi lehenago hil zelakotz tupustean, eta aita luzeago bizi izanagatik ere, eta diktatura bitartean inoiz edo behin etortzeko baimenak erdiestera saiatu, demokrazia ailegatu arte ezin izan baitzuen honako bidaiarik egin, eta hura ailegatu orduko ez zuelakotz ukan bidaiarako aski osasun onik».

        Horrela kondatu zidan guti goiti beheiti Mikel Ozkoidik, on Antonioren semeak, Gaztelu Plazako Iruña kafetxean larunbat-arratsalde baten batu ginenean, Txilen, aitaren hiletetan, egin zidan eskaintzaz baliatuta. Izan ere, Santiagotik heldu eta bost hilabetetara, telefonoa jo eta gero elkar ikustekotan hitzordu bat erabakia geneukalako. Maiatzaren lehenengo astean edo zatekeen mahaitxo haren inguruan jezarrita geundenean eta hiru ordu luzez kafe bina edanda, hori guztia jaulki zidanean.

        59 urteko gizon atsegina zen orduan, ile urdineko eta dotoreziaz jantzita ibiltzen den horietakoa, ekonomikoki nasai bizi izan direnetan zenbaitek dakien dotoreziaz: praka itsasurdinak, alkandora sakeladun zuria, eta gainetik artilezko gerrestu berde ez lar iluna. Udaberriko arratsalde hartan geneuzkakeen 20-22 gradutarako arras egokia. Beraren aita izan zenaren hiletetan ezagutua nuen, urtatsean eginiko hiletetan: aita abenduaren 28an hil bazen ere, senide guztiak Euskal Herritik etor eta ehorzketan egon ahal zitezen eta, jakina, seme-alabei euren aita azkenez ikusteko abagunea emateagatik halaber, lau egun beranduago egin baitziren. Nik neuk hiruan egin nuen alde Santiagotik, baina hiletak gertatu ziren arte, Iturberen lagun, zoro moduan ibili nintzen honekin eta besterekin. Lehenengo eta behin, ehorzteko baimenak lortzeko, horretarako medikuaren bisita eta ziurtagiria erdietsi behar zirela. Euskal herkidegoko mediku batek egin zituen. Gorpua lau egun lurperatu gabe gordetzearren beharrezkoa zen izozkailudun hiletategia aurkitu eta alokatu (garai hartako Santiagon bi zirelarik bakarrik zerbitzu hori eskaintzen zutenak). Seme guztiekin telefonoz berba egin zer eginen ote zen jakiteko, zeren Miren, bertan zegoen alaba bakarra, guztiz birrinduta egonda, ez baitzen ezer egiteko gauza, ezta nebekin berba egiteko ere. Arazoa garrantzitsua zen, aita amaren ondoan Txilen lurperatu —eta era berean, azaldu zidatenez, familia osoarekin batera Txilera ihes egin eta gero 1954an laurogeita lau urterekin hil zen Elisa Sanzberro neskame zaharraren alboan— ala beraren gorpua erre eta hautsak Euskal Herrira ekarri. Azkenean, urte zaharreko arratsaldean denak bertan zeudela, Miren, Josu —seme nagusia—, Mikel bigarrena, eta gazte biak, Andoni eta Xabier, amarekin eta Elisarekin batera Txilen ehorztea erabaki zuten.

        Meza eskolapioen ikastetxean, on Antoniok gaztetan Tafallan ikasitako fraideen etxean, frantziskotar euskaldun batek eman zuen. Aita Fermin Sagastibeltzak, Urdiaingo semeak, azkenengo urteotan Santiagon lanean egoteagatik bertako euskaldun jendearekin harreman estutan zebilena, nonbait. Meza euskaraz egin zuen. Predikuan, baina, eliza mukurreraino betetzen laguntzen zegoen hainbat txiletarren amorez, gaztelaniaz ere errepikatu zuen on Antonioren aldeko goraipamena. Mundu bat batu zen. Bat ere zalantzarik gabe, Santiagoko euskaldun gehienak, eta halako gizon batekin bakarrik jazo zitekeen eran berarekin tratutan ibilitako hainbeste eta hainbeste ezagun, alegia, on Antonio zen gizon on eta artezari igartzeko aukera ukanikoak. Hilerrirantz abiatu baino lehen orduan —seme-alabak, Iturbe eta apeza joan zirelarik bakarrik— Mikel Ozkoidik, eskerrak eman zizkidan senitarteko guztien izenean, eta Euskal Herrian gura nukeenean bisita egiteko eskaintza egin. Izan ere, aitak ez bezala Iturberekin batera ezagutu nuenean, euskaraz egin zidan, nafarreraz, Elisaren eragina argi eta garbi soma zitekeela hartan, Ultzamako euskara zelarik andre hark, Eltzaburukoa izanda, egiten ei zuena. Eta Mikel Ozkoidik iradoki legez egin nuen, argi eduki eta gero on Antonioren bizitza ezagutu behar nuena.

        Ez zen hori, ordea, on Antonioren bigarren semearekin egonen nintzeneko abagune bakarra, nire interesa ezagututa laguntza osoa eskaini baitzidan, eta handik hiru hilabetegarrenean atzera ere deitu egin baitzidan deitu, zenbait paper ematekotan, telefonotik azaldu zidan legez, Santiagoko etxea garbikuztean idorotakoak. Tarteko paragrafo eta berbaren batzuk izan ezik, gaztelaniaz hirurogeita bederatzi bat orrialde idatzita zituen kaiera zela esan zidan. Egunkariko beste zati bat esan nion neure buruari hori entzutean. Eta hala zen. Mikel Ozkoidik berak, aitak idatzitako biografia moduko baten zatiak ematen zutela esan baitzidan, eta irakurrita zeukalarik nik ikusteko eragozpenik ez zuela ikusten, are gehiago eta horregatik deitzen zidala, seguru asko laguntzazkoak ere izanen zitzaizkidala harrezkero aipatuta neukatson neure projekturako. Hala eta guztiz ere, ahalbait arinen atzera emateko esan zidan, agiri polita zelako eta aitak eskuz egindakoen artean gordeta zeukaten bakarretarikoa. Eta era berean, kaiera hartan aipaturiko paragrafoetan ikusirik baitzeukan lehenengo eta azken biderrez bere aita zenaren euskara, hizkuntza horretan idazten saiatu izan balitz bezala, baina beste hainbestek legez orduan, eta geroago ere, beraren erdararen aberats eta adierazkorraren ondoan laster amore emandakoa.

        Eskuartean astebetez eduki eta gero hortaz, eta orriok irakurri eta fotokopiatuta, azkenean biografia antzeko hau egiaz idazteko erabakia hartu nuen, hau da, oraindik projektugaia baino ez zena benetako projektu bihurtzea erabaki, ezin izan bainuen ezelan ere amatatu neure barruan on Antoniok ostera ere sortu zidan mirespena. Eta bera eta beraren garaikoak benetan ezagutzeko gogoa. Hala ere, ez nion semeari Txilen harturiko hiruzpalau orriona aipatu: lotsa bainintzen. Lan hau burutzeko eragingarri garrantzitsua izanda ordea, ez nuen, egia esan, lar damurik ukan. Izan ere, orrialde haiek bezala, Mikel Ozkoidik emandako kaiera ere erabili dudalako. On Antonio zen gizon sistematiko eta maratza kontutan hartuta gainera, garai ezberdinetan idatziriko kaierako kapituluak —horretara eriztea zuzena baldin bada behintzat— denak datarekin kontsignatu zituelarik, arras iturri on gertatu zaizkit, eta benetan egin beharreko lan bakarra orrialdeotako erdal prosa ederra itzultzea izan da. Kaierako kondakizunek, antza, han hemenka orri solteetan jasoriko ohar, idatzi eta gorderiko oroimenetatik kopiatu eta landurikoak izan behar zuten. Beharbada heriotzako egunean aurkitu nizkion orrialdeen antzekoetatik —datak zeuzkaketen orriotatik— kopiatuak, baina inoiz garbian kopiatzean eta ordenaz berrezartzean, egun horretako datarekin emandakoak, eta egun horretan halandaze idatziak izan balira bezala jarritakoak. Ez baitziren horiek bat-batean idazten diren testuak, ezpada norberaren bizitzaz gogoeta luze egin eta gero bakarrik idatz daitezkeen zirriborro, edo zirriborro baino gehiago ohar autobiografikoak. Eta nire zorionerako, heriotzako egun hartan, halako zeredozer egitea erabakita edo zeukan on Antoniok, gerrako lehen egun horietan idatzitakoak lantzea edo eta ostera ere gomutatzea. Nik hartutako orriak, seguru asko, datak markaturiko gerrateko egunetan bertan idatziak ziren, edo eta ez askozaz beranduago, zahar eta hori baitzeuden, eta gainera labur eta artez moldatuak, kronika zuzenaren molde eta tankeran, pasadizuetatik urre idazten denean legez. Hain segur, kaiera horrekin segitu izan balu —osterantzeko kaierarik ez bada galdu behinik behin— halako beste kapitulu bat osotzeko material nahiko eta interesgarria.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus