1

Kanpai-hotsa

 

«1936-7-18a:

        Arratsaldeko seiak dira. Uztailean gaude, hamazortzian izan ere. Iruña osoan zurrumurruak kurritzen du militarrak zerbait egiten ari direla. Oraindik ez dakigu deus segurutik, baina aroa ederra izanagatik, goibel dago giroa. Astebete ez da oraino Sanferminak bukatu direla, eta ohi denez, jendearen hazpegiak nekaturik ageri dira; baina baita apur bat beldurturik ere, eta beldurrez ez bada, kezkaz zamaturik bai behintzat. Nolanahi ere, emaztea eta seme-alabak etxean utzi ditut kalera ez ateratzeko agindu zorrotzarekin. Hobe kasu ematea, ezaguna baita espainiar militarrek nolako trebetasuna duten astakeriak egiteko.

        Nik —bulegotik Valentzia zumardiari so— ez dakit ongi zer egin, etxera joan edo Beaumontenean lo egin. Bera zaharragoa da, eta bitxia bada ere seme bat dauka Espainiako armadan, beraz zerbait gertatzen bada, berarekin bederen kontu gehiagoz ibiliko dira. Gainera, lauretan telefonoa jo didanean horixe bera erran dit, gaua beraren etxean emateko, egoera nondik eta nola askatzen den ikusten dugun arte behinik behin. Horregatik ere gaurkoz ez naiz Alderdiaren bulegoraino hurbilduko. Haatik, ez dut uste oraingoz sobera larritu behar dugunik, badakidalako Gaskue eta Erize bertan egon direla, eta Patxi eta Donatorekin —batzokiko zaindaria eta bulegaria— dokumentuen garbiketa behin-behineko bat egin dutela, Patxik berak telefonoz azaldu didanez.

        Nolanahi ere, hobe ezer txarrik gertatzen ez bada, bestela ederra daukagu geure bulego honetan. Merkatal-zuzenbidearen ardura non eta Fermin Larraiozen eskuetan, gizon on eta Iruña osoan anarkista ezaguna. Ni neu katolikoa —diotenez, jainkojale amorratua— nahiz eta Erriberako nekazarien defentsan ere aritu izan naizen. Oroz lehen baina, eta militarrok bezala segurik Iruñan aunitzek inolaz ere barkatuko ez didatena, separatista. Horixe baita, erranak erran, nire ustez axola dien arazo bakarra. Eta Periko Aldaz azkenik, hiriko abokatu penalistarik onena izanagatik ere, nire ingurukoa arazo politikoetan, nahiz eta Alderdiko partaidea ez den inoiz izan. Egia erran, makurrena espero daitekeela uste dut. Herenegun, haatik, Madrilen egon nintzenean ez zekiten deusik. Fortunato Agirrek, ordea, Lizarrako alkateak, atzo batzokian erran zutenez, Mola jenerala gradurik gorenekoa zelarik, militar piloa ikusi omen zuen Iratxen duela lau egun. Ez ziratekeen, ez gero, festaren bat ospatzekotan bakarrik elkarrekin bazkaltzen ari».

 

 

«1936-7-19a:

        Uztailaren hemeretzia da. Atzo susmoak eta zurrumurruak baizik ez zirenak erarik ikaragarrienean egiaztatu dira. Franco jenerala ororen buru dirudienez, armadaren erdia baino gehiago Errepublikaren gobernuaren kontra matxinatu bide da. Marokon hasi omen dira, Ifni aldean. Atzo jadanik Andaluzian zeuden, eta irratiak iragarri duenez, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, beste Euskal Herrietan, gure Nafarroan eta Araban, erreboltatuen alderdia hartu dute Molak eta beraren jarraitzaileek. Egia osoa erranik denek ez, zeren Iruñako txapelokerren kapitainak matxinoekin bat ez egiteagatik beraren azpikoek afusilatu omen baitute. Hori erran dio Hipolito Beaumonteri goizeko zortzietan, kasu egin behar lukeela erratera etorri zaion lagun min eskuindar batek. Beraz, mugimendua ez da nolanahikoa. Ni, zazpi t'erdietan jaikirik, ondoko gelan nengoen. Atzo Hipolitoren aholkuari kasu emanez, eta emazteari abisua igorri eta gero, beraren etxera joan bainintzen, bertan lo egitekotan. Bertan zegoen semeak ere —aita bera bezala abertzalea izanagatik Espainiako armadan komandantea denak— hori bera erran zigun, hobe zela horrela egitea. Berari oraino, dituen ideien jakitun daudelako edo, ez ziotela fitsik agindu edota mezurik bidali, baina maila pertsonalean konfidantza bazuela segurik, oldarturikoen artean akademia militarreko ikaskide eta lagun on mordoa omen daukalako. Hipolitok eta biok elkarrekin gosaldu dugu, eta bitartean gaur egitekoak erabaki ditut.

        Hipolitoren etxea utzita, beldurrez aitortu behar dut, baina erabaki sendoaz, Diputazioko jauregira joan naiz.

        Kaletik jada, Gaztelu plazaren inguruan batez ere, armen bila etorritako herrietako gazteak ikusten hasi naiz, hain segur gure Nafarroa honetan dauden hainbeste handiki, apez ahozabal eta jaunskila erreakzionariek igorriak. Ez dakite deus, ez zer jazotzen den, ez gerrarik dagoen, ez eta noren alde edo noren aitzi egin behar duten. Baina badoaz, ezjakinaren pozak eraginda, beren iskilu zahar jaso berriekin. Ihi eta aha, kantuz, eta, gure herrietan ohikoa denez, ikaratzeko astakeriak erranka, batzuk jadanik tiroka hasten direla noizean behin. Oraingoz gorantz, zerualderantz. Ikusiko dugu gero! Etxe guztietako leihoak itxirik daude. Errezelak orobat. Antza, denok gaude kezkati, alderdi batekoak bezala bestekoak, oraino ez baitakigu gauzak nola dauden. Argi dagoena zera da, beraiek direla Iruñaren, euskaldunen hiri buruzagi eder honen nagusi berriz ere. Eta berriro ere, seguru aski, burruka egin beharko dugula eta kukutu gero.

        Bederatziak dira Diputaziora iritsi naizenean, eta atariko betiko zaindariak ohikoa duen errespetuaz —ni neu idazkari nintzen garaitik bertan lan egin izan duena— 'Egun on, Ozkoidi jauna' erran didanean. Nik neuk 'Egun on, Alfonso' erantzun diot eta idazkaria ote zegoen galdetu, eta ezetz ihardestean, ahots goraz, ondotxoan solasean ari diren eta ni ongi ezagutzen nauten hiru militarrek eta karlista nagusi batek entzuteko maneran, zera bota diot 'Erraiozu, arren, gaur Irurozkira noala familiarekin oporretan, zerbait nahiko balu beraz hara deitzeko telefonoz, bertan emanen dudala hurrengo hil osoa'. Izan ere, ezikusiarena egiten saiatu dira, baina hain gertu egonda, karlistak lehendabizikoz —gure begiradak nahi gabe gurutzatu direnean— eta militarretan bik gero, ongi aski ezagutzen nautenek, buruaz agur egin didate.

        Ez zait erraza izan, baina uste izan dut hoberena zela. Ez dezatela pentsa ihesean nabilenik. Eta haatik, hara ailegatzean, eta bertan zeudela ohartzean, nolako zimikoak egin dizkidan bihotzak: zinezko ikara. Jainkoari esker beldurra estaltzeko gauza izan naiz eta, aldez aurretik pentsatu bezala, kortesiaz eta sendo hitz egin dut, ez beraiek, ezta Alfonsok ere deusik susmatzeko moduan. Hamarrak irian, bulegotik azkenez igaro eta Fermin eta Perikorekin oraingoz hoberena kukutzea dela erabaki eta gero etxera iritsi naiz. Emaztea hagitz urduri aurkitu dut. Seme-alabetan txikiak —bi mutiko— ezer gertatuko ez balitz bezala jolasean pasabideetan: zorionez ez dira gauza ezer ulertzeko. Josu eta Mikel seme nagusiak, aldiz, Mirenekin —hamasei urteko alabarekin— nire zain eta ama lasaitzen ari.

        Mireni amarekin egoteko agindu eta gero, Josu eta Mikelekin elkartu naiz. Emazteari etxea ixteko esan diot, Irurozkira goazela eguerdi honetan urteroko oporrak egitera. Horrek arras lasaitu du eta kemenez hasi da lanean etxeko hiru neskameekin batera. Ni neu adoretsuarena egiten ibili arren —etxeko jaun eta aita familiakoa den batek behar duen bezala— ez nago hagitz lasai barnetik. Beldur naiz. Aitortu behar dut. Neure buruari bederen aitortu behar diot beldur banaizena. Artaxonako Jacinto Gurpegi famatuaren beldur batez ere, Nafarroako Erdialde eta Erriberako lurjabeen fabore egindako astakeriengatik guztiz sonatua. Zeren, seguru aski, dagoeneko libre baitagoke. Nik neuk epaiketa famatu baten erdietsiriko hogei urteko kondena ari zen betetzen Iruñako espetxean, herri lurren arazoetan Milagro eta Alesbesko laborarien eskubideak defendatu nituenetik. Hain zuzen, laborari horietako batek lurjabeen lekaio eta morroi horrengandik harturiko tiroak zirela-eta lorturiko zigorra.

        Semeoi goizean egindakoa azaldu diet. Ikaraturik geratu dira. Baina bigarren partea aipatu diedanean zuhurragotzat jo dute, ezagutzen nautenek —ba omen dudan trankil famagatik— Irurozkin egonen naizela sinetsiko dutelako. Josu osaba Karmelo Irigoiengana bidali dut, bihar Orotz-Beteluko etxean egon daitezen arratsaldeko zazpietan mendietan zehar alde egiteko prest. Harentzat, arras sartua bera ere Alderdiko gauzetan, aldarteak ez baitaudeke aunitzez xamurrago. Mikeli, aitzitik, trenez nirekin etortzeko erran diot, Iratiko trenaz iritsiko baikara Irurozkira. Amarekin osaba Miguel, beraren neba, arduratuko da. Medikua denez gero, ospitalean aurkitu dugu deitu diogunean. Etxera behingoan etortzeko erran diogu eta gauzak nola dauden jakinik —bera ere alderdikidea baita— baiezko labur batez erantzun digu. Hogei minuturen buruan etxera ailegatu da. Automobila berak eramateko erran diot: emaztea, alaba, mutikoak eta gurekin beti bizi izan den neskamea —Elisa Sanzberro, Eltzaburuko andre ona— tramankuluekin batera hartzeko, beste neskame biak, gurean egunerdiz bakarrik lan egiten dutenak eta Iruñan bizi direnak, ez baitatoz gurekin. Gure berebilean, Mercedes beltz handian, ondo egokituko direla denak. Eta horretan geratu gara. Bitartean, emazteak eta neskameek aitzina segitu dute: gauzak ordenan jarri, gela guztiak garbitu eta gero itxi, eta labezomorroen kontrako hautsak botata, bidaiakoak gerturik daudela, bazkari erraz bat prestatu. Hiruretan puntuan abiatu da Miguel koinatua».

        Horiek izan ziren, hitzez hitz kopiatuta, On Antonio Ozkoidi Txilen hil zenean, beraren besaulkian, Santiagon, Eizagirre hiribidean zeukan etxeko egongelan aurkitu nituen orrien edukina, berak antza inoiz amaituko ez zuen egunkari baten moduan idatziak, edo beharbada, egunkari hori inoiz idatzi bazuen, hor nonedonon, beraren etxeko paper zaharren artean galduriko oroimenen azken aztarnetarikoak. Egia osoaren amorez, baina, orri horietatik kopiatuak eta erdaratik itzuliak, on Antoniok zeukan gaztelania dotoretik bihurtuak.

        Orriok lauskituta zeuden, hil baino apur bat lehenago ostera ere bere aspaldiko gomuta haiek irakurtzen egon izan balitz bezala, baina ziploko heriotzaren ondorioz, besaulkiaren eta beraren gorpuaren artean jausi izan bailiran eta bertan geratu, inork ere ikusi edo eta gorde gabe.

        Ni neu lehenengoz nengoen Txilen orduko hartan, neure aspaldiko lagun bati, nirekin batera Alemanian ikasia, bisita egitera joanda. hamar urte ziren zegoeneko Alejandro —Alejandro Berrioz Osorno baitauka berak izena— ikusten ez nuela, eta azkenean, 1978ko Gabon haietan, erabakia hartua nuen hainbestetan egindako eskaintzari muzin ez egiteko. Kolonian egondakoak ginen elkarrekin kazetaritza ikasten eta 1968ko Maiatza gogoangarri hura baino egun batzuk lehenago lortuta geunden geure tituluak. Gero, nor bere herrira abiaturik, ez geneukan lotura galduta, baina horrelakoetan ia beti bezala, lantzean behingo eskutitzen bat zen gure arteko harreman bakarra.

        Abenduaren hamalauan helduta nengoen Txilera, Bilbotik Parisera trenez joan eta gero, eta Parisetik Santiagora airekoz. Izan ere, on Antonio Ozkoidik Euskal Herritik ihesi, baina baldintza askoz larriagoetan noski, eginiko bidaiaren antzekoa; bera 1936an lehenengoz iparraldera joana baitzen —Ezterenzubi eta Donibane Garazin gaindi Baionaraino— eta hiru urte t´erdi beranduago, alemanak Frantzian sartzekotan zeudenean, Le Havre-tik itsasuntziz Valparaisora, Txileko gobernuak eta euskal jatorrizko familiek —asko eta aberatsak lurraren hegoaldeko herri urrun hartan— euskaldun aterbetuak atosteko antolaturiko programaren barruan.

        Nire harridura izugarria izan zen Hegoameriketako herririk urrunenera heltzean, ezjakintasunik handienaz espero nuenaren aitzi, guztiz eder eta atsegin iruditu baitzitzaidan Santiago. Hiri garbi, eroso, eta, diktatura gehienetan itxuraz betiko legez, guztiz lasai eta baketsua: pobrezia ondo ezkutatuta eta hiri osoa lan publikoez beterik. Ni iritsi nintzenean metroaren lehen lerroa amaitzen ari ziren eta uda betean izanda ere hankaz gora zeuden hainbeste kale eta hiribide. Oso egun politak izan ziren, nahiz eta —diktatura ostera ere— hamarretatik aurrera doi-doi ikus zitekeen inor kaleetan, lehenago goizago (estatukolpearen ondoko urteotan) eta orduan oraindik ere goizaldeko ordu batean hasten zen etxeraldi-egoera zela eta. Jendea, horregatik, etxeetan biltzen zen eta, ordu bata baino beranduago segitu gura bazuen, festa egindako tokian geratu behar zen lo egiten, militarrak hasieran bezain gogor izan ez arren, prest baitzeuden beti edozeinen kontra tiroka hasteko.

        Heldu eta egun bitara, eta bertan astebete emateko asmoz, Alejandroren senitartekoekin itsasaldeko Santo Domingoko bainutegirantz abiatu ginen, horrela irizten ohi baitiote txiletarrek hondartza-herriei. Gabon-gauerako baina —eguzkitan iragandako nire lehenengo gabonak— Santiagon geunden atzera berriz, familia osoarekin batera afaria egiteko. Eta orduantxe gertatu zitzaidan bidaia hori ahanztezin bihurtuko zidan pasadizu azaletik behintzat garrantzigabea.

        Alejandrok, ni neu euskalduna nintzenez noski, Santiagoko Euskal Etxea ikustera joan gura nuen itaundu zidan, oso polita ei zelako, baserri baten itxuraz egindako eraikin interesgarria, eta haatik horrelakoetan espero zitekeenaren kontra, bat ere 'kitsch' eta itsusia ez ei zena. Ondo eritzi nion, bistan dago, proposamenduari, eta hurrengo eguneko arratsaldean joatekotan geratu ginen. Abenduaren 25a zen. Biharamunean, ordea, Viña del Mar-etik deitu zioten Alejandrori, bertan bizi zen izeko zaharra nahikoa gaiso zegoela eta lehenbailehen mesedez bisita egitera joateko, bera baitzen izeko ezkonge haren semebitxia eta ilobarik maiteena. Eta horrela egin genuen; Alejandro itsasaldeko hiri horretara bakarrik abiatu (ez baitzeukan zentzurik ezagutzen ez nuen, eta ezagutu ere eginen ez nindukeen izeko zaharrarengana joateak), eta ni hiriburuan geratu nintzen, euskaldunen etxe hori nik neuk bakarrik bisitatuko nuela.

        Arratsaldeko zazpiak ziren, beraz, Santiagoko Euskal Etxera heldu nintzenean biharamunean, 1978ko abenduaren 26an. Alejandro bizi zen Ñuñoa auzunetik, Irarrazabal hiribidearen ondotxoan, eta Santiagoko erdialdetik nahikoa gertu kokaturik zegoen euskaldunen biltoki hartaraino, hogei bat minutu eman nituen oinez. Bertan sartuta, egoitzako tabernara hurreratu nintzen lehenengo eta behin: taberna-jatetxe dotorea, —Alejandrok aldez aurretik aipatutakoaren arabera, eta eraikin osoaren moduan kanpotik heltzean ikusita nengoenez— euskal tankera egokian apaindua. Barrualdeko egurrak, gainera —gaztainez egindako altzariekin batera— halako sotiltasun berezia ematen zion multzo osoari. Eta euskaraz eginda hango zerbitzari nafarrak euskaraz erantzunik, nongoa ote nintzen izan zen egin zidan bat-bateko galdera, lar denbora luzerik eman gabe, berak ere bere istorio laburra kondatzen zidala.

        Gerrosteko gosetearen ondorioz joana ei baitzen Ameriketara, Basaburu Nagusiko etxean zortzi neba-arreba izanda ez zegoelako nahikoa guztientzat. Hain segur, jateko beste bai, ez baina guztiek bizitza osoa aurrera ateratzeko lain. 45ean iritsia zela esan zidan, eta pozik zegoela, oso jende atseginak baitziren txiletarrak, nik neuk neure esperientzia apurraz ontzat jo behar izan niona, eta zeukan damu eta arrenkura bakarra, beraren seme-alabak, euskaldunak izan arren, emaztea ere nafarra baitzen, orduz geroztik txiletarrak zirela, eta seguru asko laster helduko ziratekeen ilobek ez zutela euskararik ikasiko, beraren hiru seme-alabek, mutil bi eta neska bakarra, espero izatekoa zen bezala noski, euskal jatorrizko bai, baina aspaldiko txiletar jendearekin ezkonduta baitzeuden. Beharbada, gaineratu nion nik, haietarikoren bat Euskal Herrira abiatuko da inoiz eta gurpila atzera berriz hasiko da higitzen. Irribarre apur bat hitsez orduan, neure kafesne arras beroari zurrutada bat ematen nion bitartean —atzerrian, beste euskaldun batek lehenengoz agurtua izatean gostarik gosta lortutako kafesnea— dzangada batez edan zuen bere buruari ateratako baso bete beltz Errioxako.

        Berrogei minutuz segitu genuen berbaz, bera abiada bizian Euskal Herriaz itaunka eta ni neu, ahal bezala erantzuten saiatzen, aukera gertatuz gero —bide batez bezala edo— beraren herri berriari buruz zeredozer iruzkinduz. Azkenez, zuzendaritza-batzordeko partaideak hileroko batzarra amaitu eta tabernara inguraturik, euren ezagutza eman zidan. Bost lagun ziren. Haietako lau Txilen bertan jaioak, baina bigarren belaunaldikoak guztiak, eta Bizkaiko Zeanurin bosgarrena, hirurogeita hamabost urteko gizon mardul kementsua, herrialde hartan ia berrogei urte egin eta gero ere, gaztelaniaz oraino euskal azentu nabaria ezin ezkuta zezakeena. Betiko agurren ondoren, erdaraz segitu behar izan genuen, 'txiletarren' artean bik ez baitzeukaten euskararen inongo arrastorik, eta nafarra eta zeanuristarra ez bezala beste biak, txikitan etxean euskaraz egin arren, askozaz hobeto senditzen zirelako aspalditik euren egiazko lehen hizkuntza bihurturiko Gaztelako erdaran.

        Katalina Erausokoak bere oroimenetan kondatzen duen legez, bere atzerriko ibilbideetan euskalduna zela aitatzean, sarritan eman zion beharrezko laguntza euskaldun jendeak, eta horrela senditu nintzen ni ere Txilen orduko hartan, ezeren bila etorri ez arren: norberaren etxean, senideon artean. Eta honetaz eta hartaz aritu ginen ordubete t´erdiz baino luzeago: Euskal Herriaren independentziaz, bakoitzaren familiaren jatorriaz, Txileko egoeraz eta herri hartako euskaldunon etorkizunaz. Oraindik erdi tabua zen Pinochet-en diktaturaz aldiz —euskaldunetan askotxo estatukolpearen aldekoak izanak baitziren— ez genuen noski txintik erabili. Edozelan ere, Errioxako beltz gozoaz lagunduta ez ziren barreak falta izan, eta Kubako euskaldun batek esaten ei zuenez —hala kondatu zuen behintzat Iturbe izena zeukan eta grazia eta umore gutxikoa ez zen arratiarrak— euskaldunen bertute printzipalez ere aritu ginen, alegia, euskaldunok nonbait bekaizti, gaitzesale eta oso gezurtero bagarelako irudi zorrotzaz. Hamarrak inguruan azkenez, agur egin genion elkarri, baina alde egiteko nengoela, biharamunean berarekin bazkaldu gurako ote nukeen itaundu zidan Iturbek, andrea seme baten etxean zegoela Viña-n, eta beraz hiru egungarrenean berarekin batu arte bazeukala nahikoa denbora nirekin egoteko, nahi izanez gero behintzat. Eta horretan geratu ginen, hurrengo egunean Euskal Etxean bertan ikusiko genuela elkar, eta handik gero jatetxe txiletar benetako batera eroanen ninduela.

        Ordu batak jota heldu nintzen biharamunean. Iturbe jadanik bertan zegoen, azaldu zidanez, arazotxo batzuk konpondu ahal izateko hamabietan heldua baitzen bulegora. Oso gizon atsegina zen, gerran gudari ibilia, eta Ameriketan bizi izanagatik, gaztetan bezain baikor eta itxaropentsu Euskal Herriarekikoetan. Gizon mardula zen, 1,85 m-koa, begi berde eta ile beltz beltzekoa, zeanuristarra izanda Arratiko euskaraz berba egiten zuena, eta harrezkero zahartzaroan sartzen egoteagatik ere, ez zen iraganean bizi zen norbait, ezpada aurrera begira zebilen gizona. Esaten ohi denez, azal zahar baina bihotz gazteko gizon interesgarria. Hiru seme-alaba zeuzkan, hirurak Txilen bertan jaioak, baina ordurako haietako bi, alaba eta seme nagusia, ikasketak amaituta, Euskal Herrian lanean. Franco bizi zelarik bera ezin izan zen inoiz Hegoaldean sartu (baimenik ez, heriotza-zigorra, beldurra... Den-dena nahas-mahas, berberak zioenez) baina seme biak eta alaba, ikasketak egitearren, bertara bidaliak zituen, mutil biak Bilboko eskolapioetara, eta Santurtziko 'La Cruz' ikastetxera, aldiz, alaba: euskaldunak gura zituelako seme-alabak, esan zidanez, ez abertzale atzerritarrak. Emaztearen aldetiko hainbat senidetatik aparte gainera, bera sortua zen Zeanuriko baserrian amama zeukaten, bai eta bertan mutil-zahar geraturiko osaba zaharra ere (beraren anaia nagusia), garai hartako ikaslebarnetegietako diziplina gogorra zela-eta —ikasleak oporretan bakarrik joaten zirelarik etxeetara— ia igandero bisita egiten ziena. Neskari goizean Santurtzin eta arratsaldetan Bilbon mutilei. Ez zirela horrexegatik urte garrantzitsu horietan hain bakarrik senditu. Gero, Txilen bertan, Mexikon eta Parisen egonda zeudela unibertsitatean. Eta azkenez, Txilera bertara ezkonduriko semea izan ezik, Viña del Mar-en bizi zen hura hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuliak zirela beste biak lan egitera.

        Zer gura zuen argi zeukan gizon horietariko bat zen, eta ageri zenez oso kristau fededuna izan arren ez zion beldur, berak esan bezala, zapalkuntzaren kontra oldartzeko inongo bide eta moduri. Eta honi eta besteri helduz erausten geundela, halako baten —ez ziratekeen hirurak baino beranduago— eta azkenburukoak jaten ari ginela, gaztanpastel gozoa, (Txilen alemanen eraginez eta Erteuropako erara ohikoa baita pastela jatea, kuchen bertako gaztelaniaz dioten bezala), zelan ez dakit, elkarrizketan Nafarroako gaia aterata, arratsaldean on Antonio Ozkoidiri egin behar ziola bisita esan zidan, gerraurreko politikari abertzale ezaguna eta garaiko Iruñan oso fama oneko abokatua. Izan ere, Errepublikak iraun zuen urteetan Erribera aldean gertatutako burruka gogor eta latzetan sarri askotan nekazari lurgabeen defentsari ibilitakoa. Iturberi esan nion bezala, inoiz edo behin beraren izena entzunda nengoen etxean, baina besterik gabe, Iruxo, Cunchillos edo Urmeneta entzunda neuzkan bezala. Laurogeita hamar bat urte zeuzkala esan zidan, eta ordurako osasunez hain ondo egon ez arren, burua guztiz ondo zeukala. Nire interesa edo batek jakin zer ikusirik, hura ezagutzeko gogotan baldin banengoen berarekin joateko esan zidan, oso gizon atsegina izanik abegi ona eginen zidala. Eta zer esanik ez, nire baietzaren begira ez zuen lar luze egon behar izan, derrepentean esan bainion baietz. Baina egia aitortu behar badut, orduko hartan ezin ere asma nezakeen zelako eragina eduki zezakeen on Antonio horrek nire bizitzako hurrengo bospasei urteotan, eta zenbat ardura eta jakinmin biztuko zizkidan irakurleak eskuartean daukan biografia moduko hau burutu dudan arte. Zeren eta aitortu beharreko egia ere baita, nafar horiek oro noredonor izan zirela, ezerezetik hasita, eta ez gutxitan beren interes hurbilenen eta ziztrinenen kontra, euskal kontzientzia berpizten ibiliak baitziren Hegoaldeko Nafarroan.

        Lau t´erdiak ziren on Antonioren etxera heldu ginenean, Santiagon hain ohikoa den modura, euskal izeneko kale batean —Eizagirre hiribidean— zegoen etxera. Aurrealdeko lorategi txikian albo bi eta hiru gaztain zeuzkan jauregitxoa zen, etxe osoari gerizpe ederra egiten ziotenak. Izan ere, Euskal Herriko jabetzarik gehienak, Orotz-Betelun eta Irurozkin zeuzkan etxeak izan ezik, gerrarekin galdu eta gero (eta horiek ez, beranduago jakin nuenez, emaztearen izenean jarrita baitzeuzkan), berrogei bat urtez lan eginda, halako ondare eder bat bilduta zegoen bigarren aberrian, hainbeste non bizitzaren azkeneko urteotarako eta harrezkero Iruñan bizi ziren seme-alabentzat halako lasaitasun ekonomikoa segurtaturik baitzeukan. Eta hori —egindako lan erraldoiaz gain— arras administrazio-abokatu ona zelako. Zeren Frantziatik heldu eta urtebetera etsamina berezi bat eginda (hango legeriarekin gutienezko ezagupen bat lortuta zeukala frogatzeko), baimena lortu baitzuen Txilen abokatu gisa lan egitearren.

        Oso gizon kortesa iruditu zitzaidan, eskola zaharreko kortesiaduna. Hala bada, besaulkitik ezin altxa bazitekeen ere, buruaren makurdura batez lehenago, eta berarengana hurreratuta eskua eman zidalarik gero, gustura eta eroso sendiarazi ninduen. Iturberekin, agerian zegoenez, konfidantza handia zeukan, eta nongoa nintzen eta Txilera zertara etorria nintzen galdetu eta gero, behingoan makurtu zen Iturberengana azkenengo berriak, Euskal Herrikoak jakina, entzuteko.

        Une bereziak ziren haiek gainera, Franco ordurako hila, baina on Antonio, adin hartan zeukan bihotzeko ahuleziagatik, Euskal Herrira itzultzen ausartzen ez zela, ez itsasuntziz, eta are gutiago hegazkinez. Gaztelaniaz aritu ginen, on Antoniok berak azaldu zidan legez gaztetan nahiko euskara ikasi bazuen ere, Txile aldera heldu zenetik, oraindik orain otoitzak egunero euskaraz irakurri arren, lasai berba egiteko inoiz benetan lortuta ez zeukan erraztasuna ez baitzen harrezkero larregi zorroztu. Eta are gutiago Elisa hil eta gero, berarekin etxean euskaraz egiten zuen bakarra, neskame hori izan zelarik, atzerrian ere, on Antonioren seme-alaben euskalduntasunaren erru eta oinarri sendoa, beranduago eurak ezagutzean somatzeko aukera edukiko nuen moduan. Orduan, jezarrita zegoen besaulkitik liburutegiko apal baten eskura zeukan otoitz-liburua erakutsi zidan eta guztiz harriturik utzi, zeren, Olabide edo horrelako zeredozer ikustea espero nuelarik, alegia, gerragaraiko garbizaleen testu ulerkaitz horietako bat, aurreko gizaldiaren hondarrean Baionan argitaratu irakurgai-liburua erakutsi baitzidan, azaldu zigunez, Beaumont beraren lagun minak, bibliofilo eta gauza berezien zaleak —hura ere euskara nagusitan ikasia— erregalatuta zeukalarik. XIX. mendean Baionako elizbarrutiak argitaratu otoitz-liburu bat zen, txikia, berrehun bat orrialdekoa eta, begien bistan zegoenez, askotxo erabilia.

        Hiru bat ordu eman genituen elkarrekin: berarekiko mirespena eta harridura sortu zizkidan hiruren bat orduko elkarrizketa luze eta atsegina. Gizon argia baitzen, zorrotz, apal, beti iruzkin aproposa behar zen unean, eta zahartzaroko minak eta guztiz ere (baina zahatzaroak berak bakarrik seguru asko eman dezakeen buru argiarekin) halako nobleziaz beteriko duintasuna gordetzen bazekiena, eta oroz lehen, eta Iturbe bera bezala, ezin sinesteko punturaino Euskal Herriaren maitale. Elkarrizketa hori gomutatzen dudan guztietan oraindik ere zirrara bat senditzen dut bizkarrean zehar. Halako sentzazio magikoen iturburua gertatu baitzitzaidan, eta non? Munduaren akabantzan dagoen herrialde berezi eta ederrean, Txilen. Izan ere, pasadizuak gertatuko ziren moduan gertatuta —biharamun goizean ustekabean hilen zelarik— huraxe izan baitzen on Antonio Ozkoidirekin eduki nuen elkarrizketa bakarra.

        Zazpi t´erdiak aldera agur egin genion. Alde batetik, agerian zegoenez, oso nekatuta zegoelako. Baina baita guk geuk joan behar genuelako ere. Iturbek Alejandroren etxeraino lagundu ninduen, eta nik Txiletik alde egin baino lehen —oraindik astebete egotekoa bainintzen— ostera ere deituko zidala esan zidan, Viña-tik atzera etorri eta gero. Baina eguerdiko hamabiak besterik ez ziren hurrengo eguneko goizean, dei egin zidanean.

        Ahots krakatua zeukan, eta totelka bezala egin zidan berba:

        «On Antonio hil da. Goizeko hamarretan, ohetik jaiki eta bibliotekan gosaria hartu eta gero, irakurtzen zegoela, lipar baten hil ei da». Eta gero isiltasuna. Hamar bat segundu luzeko isilunea, telefonoan are luzeago egiten diren horietarikoa. Zer esan ez nekiela, eta ordurarte ezagututa ez neuzkan sentzazioak sendituz —alde batetik hiru orduko elkarrizketa hura zelako on Antoniorekin neukan lotura bakarra, eta bestetik gure familiako zaharretan oraino ere herioak bisitarik egin gabekoa bainintzen— Santiagon bakarrik zegoenez gero, eta beraren andrea etorri bitartean, ea berarekin joan nintekeen lagun on Antonioren etxera itaundu egin nion. Espero zuen galdera nonbait, «hamabost minutu barru hartuko zaitut automobilaz zure lagunaren etxean» erantzun baitzidan eta telefonoa moztu.

        Hamabi t´erdiak inguru iritsi ginen. On Antonioren alaba zegoen bakarrik —Miren Ozkoidi— eta etxeko neskame biak. Izan ere, bost urte lehenagotik, on Antonioren emaztea, euren ama, hil zenez geroztik, horrela egiten baitzuten, ahal zen heinean seme-alabetan bat behintzat aitarekin bizi, bospasei hileko egotaldiak egiten zituztela Santiagon Euskal Herritik etorrita. Mirenek aurreko egunetik ezagutzen ninduen eta ez zen beraz inongo ezagutza-ematerik behar izan. Horretara, geure doluminak eman eta gero, Iturbe guztiz jota zeuden alaba eta neskameen laguntzaz gauzak antolatzen hasi zen, ordurarte —Iturberi berari telefonoa jotzeaz gain— egindako zer bakarrak Iruñarako deia eta gorpua on Antonioren ohearen gainean jartzea baitziren. Semeak hurrengo egunetan helduko zirela esan ziguten, airekoak aurkitu arau. Bazegoen halandaze zeri ekin eta zer begira. Hasiera hartan, baina, eta egiteko zirenak erabaki arte, etxe hartan arrotza izanik, Iturbek eragindako mugimenduaren erdian nik neuk zer egin argirik ez neukala, bibliotekara zuzendu nintzen, bertan itxaron bitartean isilik egotearren eta libururen bat hostokatu ahal izateko. Eta on Antonioren otoitz-liburua hartzera nindoala, haren besaulkian zeuden paper zimurtu batzuei erreparatu nien. Lehenengoz, lotsaz edo, norbaitek ikusiko nindukeen beldur beharbada, ez nituen ukitu. Azkenean ordea, zalantzaune labur baten ostean, eta larregi pentsatu gabe, oratu eta irakurtzen hasi nintzen. Ustekabea izugarria izan zen, baina behingoan ohartu nintzaion neure barruan gertaturikoari, handik aurrera argi baitzegoen, zelan edo halan, on Antonioren bizitza ezagutu behar nuena, hain izan zen boteretsua lehenago transkribaturiko orrialdeak irakurtzean senditu nuen zirrara, eleberri on baten sartzean bezala istorioa eta amaiera ezagutzeko sortu zitzaidan irrika. Eta erabakia hartuta, luzeago bat ere pentsatu gabe, paperak tolestu eta jakako patrikeran sartu nituen.

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.eus